Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

153. zk., 2021eko abuztuaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4254

EBAZPENA, 2021eko ekainaren 17koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita Beasaingo Gudugarreta auzoan hondakin arriskugabeen kudeaketa-jarduerako proiekturako. Desguaces Jesús María Etxebarria SL da proiektuaren sustatzailea.

AURREKARIAK

2021eko martxoaren 9an, Desguaces Jesús María Etxeberria SLk Beasaingo Gudugarreta auzoan hondakin arriskugabeen kudeaketarako instalazioaren proiektuari buruzko eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, ingurumen-inpaktuari buruzko txostena lortzeko, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren barnean, bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013) 45. artikuluarekin eta hurrengoekin.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikulua aplikatuz, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2021eko martxoaren 17an, eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egiteko. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zion hasiera eman zitzaiola izapideari. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, bi txosten jaso dira, eta haien emaitzak espedientean daude jasota.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak behar beste judizio-elementu duela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013) 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko baita, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.a) artikuluan xedatutakoa betez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin beharko zaie arau horren II. eranskinean jasotako proiektuei; eta, haien zuen ere, ebazpen honen xede den jarduera lege horren II. eranskineko 9. taldeko d) epigrafean dago jasota. Horrenbestez, ingurumen-ebaluazioen arloan indarrean dagoen legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura aplikatu behar zaio Desguaces Jesús María Etxeberria SLren hondakin arriskugabeak balorizatzeko Beasaingo instalazioaren proiektuari. Prozedura horretan zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio adierazgarriak dituen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egiten du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena) xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egitea Beasaingo Gudugarreta auzoan hondakin arriskugabeen kudeaketa-instalazioaren proiekturako, honako hauen arabera:

A) Jarduera honako honetan datza: hondakin arriskugabeak biltzea, sailkatzea, zizailaz ebakitzea, biltegiratzea eta igortzea; nagusiki, ibilgailu ez erabilgarriak, aurrez deskontaminatutakoak. Instalazioaren tratamendu-ahalmena urteko 1.350 t-koa da, eta Beasain udalerriko Gudugarreta auzoko lurzati industrial batean dago.

B) Aipatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena ematea xede duen ebazpen honetan, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat aztertzen da proiektuaren ingurumen-dokumentua:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Honako prozesu hauek gauzatzen dira: erabiltzen ez diren ibilgailuak eta haien atalak desmuntatzea, hondeamakina baten muntatutako zizaila batez ebakitzea eta hondakinak biltegiratzea, beste norabait igorri arte. Normalean, aurrez Desguaces Jesús María Etxeberria SLren instalazioetan deskontaminatu diren kamioiak eta antzekoak tratatzen dira. Hain zuzen ere, instalazio horietan, ibilgailuak tratatzen dira bizitza erabilgarria amaitutakoan. Enpresa Beasaingo Gudugarreta industrialdeko pabiloi batean dago, eta dagokion baimena dauka (EU-2/179/09).

Horrez gain, beste hondakin metaliko batzuk ere kudeatuko dira, batez ere inguruko mekanizazio-tailerretatik datozenak; sailkatu, eta igorri arte biltegiratuko dira.

Instalazioaren tratamendu-ahalmena urteko 1.350 t hondakinekoa da, honela banatuta:

(Ikus .PDF)

Jarduera gauzatzeko, honako gai arriskutsu hauek kontsumituko dira: olio hidraulikoa eta gasolioa, zentroko ibilgailu eta makinetarako.

Hondakin arriskutsuak zizaila-makinaren mantentze-lanetatik eta hidrokarburoen bereizgailuaren mantentze- eta garbiketa-lanetatik sortutakoak izango dira, eta kudeatzaile baimendu bati emango zaizkio.

Lurzatiak itxitura perimetrala du, eta zolatuta dago, polietilenozko xaflaz iragazgaiztutako hormigoizko zolaz. Aire zabaleko pilatzeekin kontaktuan dauden euri-urak bildu egiten dira, eta hidrokarburoen dekantagailu-bereizgailu batera bideratzen, eta, gero, Estanda ibaiaren adarra den Saltsamendi errekara isurtzen dira. Jarduerak badu dagokion baimena euri-urak ibilgura isurtzeko.

2.– Proiektuaren kokalekua.

Jarduera dagoen lurzatia jarduera ekonomikoetarako hiri-lurzoru finkatugabean dago, Beasaingo Gudugarreta auzoan. Guztira, 4.698 m2-ko azalera du; horietatik, berdinduta eta zolatuta daude 1.985 m2 (hondakinak pilatzeko eta kudeatzeko prozesuak egiten diren eremua).

Lurzatia ingurune antropizatuan dago, azpiegituraz inguratuta, baina hiri-lurzoruaren amaieran dago. Iparraldean, AHTren trenbideekin mugan dago; hegoaldean, GI-2632 errepidearekin eta Estanda ibaiarekin; mendebaldean, lurzoru industrialarekin; eta ekialdean, lurzoru urbanizaezinarekin.

Proiektuaren eragin-eremuan, ez dago eremu babesturik edo interes naturala edo geologikoa duenik, eta eremua ez dago sartuta EAEko Korridore Ekologikoen Sarean. Ez da aurkitu, ezta ere, mehatxatutako edo interes bereziko flora- eta fauna-espezierik. Estanda ibaia instalaziotik 30 metrora dago, eta GI-2632 errepidea dago bien artean. Esparruaren mendebaldean, erreka txiki bat dago, Saltsamendi, Estanda ibaiaren adarra.

Ez da identifikatu jardueraren eraginpean egon litekeen interes arkeologikoko edo arkitektonikoko elementurik.

Lurpeko urak kutsatzeko oso arrisku txikia du eremuak, eta ez du uholderik izateko arriskurik. Potentzialki kutsatutako lurzoruen inbentarioan (20019-00002 kodea) sartutako lekua da.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektua bera eta bere ezaugarriak kontuan hartuta, proiektuak izan ditzakeen inpaktuak honako hauekin lotuta daude: txatarra pilatuko den eremuan sortzen dituen lixibiatuak, materialaren zamalanen eta zizaila bidezko ebaketa-lanen ondoriozko emisio akustikoak eta txatarra kargatzean, deskargatzean, mugitzean, sailkatzean, ebakitzean eta pilatzean sor daitezkeen hauts-emisio lausoak.

Halaber, hondakin arriskutsuak eta arriskugabeak sortuko dira, makinen mantentze-lanetatik eta hidrokarburoen bereizgailuko lohietatik.

Esparruaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak aintzat hartuta, bai eta ingurumen-inpaktuko txostenean xedatuko direnak ere, ez da ikusten aipatutako ingurune-alderdietan inolako eragin negatiborik izango duenik proiektuak.

Jarduera lurzorua kutsa dezakeen jardueratzat jotzen denez, aplikagarriak izango dira urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua (lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatu gisa deklaratzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen dituena) eta lurzoru kutsatua prebenitzeari eta zuzentzeari buruzko Legea (ekainaren 25eko 4/2015).

Bigarrena.– Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta Beasaingo Gudugarreta auzoan hondakin arriskugabeak kudeatzeko instalazioaren proiektuan ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak betetzeko, honako hauetan ezarritakoa hartuko da kontuan: indarreko araudian xedatutakoa, hurrengo apartatuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritza honen aurrean aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa.

Neurrien norainokoa eta kontrolerako langile kopurua egokiak izan beharko dira ingurumen-agirian eta ingurumen-txosten honetan ezarritako kalitate-helburuak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obran.

Hurrengo apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira.

Ura eta lurzorua babesteko neurriak:

Organo eskudunak ezartzen dituen baldintzak betetzeaz gainera, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartuko dira isurketa baimentzearen esparruan:

– Instalazioan egiten diren jarduera guztiak gauzatzeko orduan, beharrezkoak diren segurtasun-baldintzak bete beharko dira, lurzorua, lurpeko urak eta lurrazaleko urak ez kutsatzeko.

– Instalazioko hormigoizko zoladura baldintza optimoetan eduki beharko da, hausturarik edo lurzorua eta urak kutsatzeko arriskua duen eremurik gabe.

– Aire zabaleko pilatze-eremutik datozen euri-urak drainatze-azpiegituren bitartez bildu beharko dira. Azpiegitura horiek isurkiaren izaerara egokitutako arazgailuak eta beharrezkoak diren kalkulu hidraulikoen araberako tamaina izango dute, solidoak ahalik eta hobekien atxiki ahal izateko, isuria lokalizatua izateko eta ibilgura isurtzeko baimenean ezartzen diren parametro fisiko-kimikoak betetzeko.

– Uren arazketa-sistemaren mantentze-lanak behar bestetan egingo dira, sistemak ondo funtzionatuko duela bermatzeko. Lan horietan sartzen dira, halaber, lohia kentzea eta, gero, kudeatzaile baimenduari entregatzea.

– Produktu eta hondakin arriskutsuen biltegia zein makinak biltegiratzeko, konpontzeko, zaintzeko eta haietan olio-aldaketak egiteko eremua, baita erregaia hornitzeko gunea ere, toki iragazgaiztu estankoetan egon beharko dira, izan litezkeen isurietatik babestuta; eta indarrean dagoen araudiaren araberako edukiera nahikoa eta baldintza egokiak edukiko dituzte. Berariaz debekatuta egongo da mantentze-lanak eginkizun horietarako ez den beste kokapen batean egitea.

– Hidrokarburoak xurgatzeko gai den material espezifikoa eduki beharko da eskura, istripuzko isuri edo jarioren bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

– Lurzatian indusketak egitea edo lurrak mugitzea dakarren edozein esku-hartze egin behar bada, ekainaren 25eko 4/2015 Legean (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa) eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (horren bidez garatzen da Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea) xedatutakoa bete beharko da.

Airearen kutsadura ahalik eta txikiena izateko neurriak:

Atmosfera babesteko neurrien kasuan, beste baimen batzuek ezarritakoa alde batera utzi gabe, ahal beste gutxitu beharko dira hondakinak kargatzean, deskargatzean, mugitzean, moztean eta sailkatzeko lanetan sortutako emisio lausoak. Horretarako, honako neurri hauek hartuko dira kontuan:

– Hondakinen zamalanak egiteko orduan, ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira; besteak beste, materiala deskargatzean, hura erortzen den altuera gutxituz.

– Pilatzeen baldintzei dagokienez, pilaketak haizetik hobekien babestuta dauden tokietan kokatuko dira, haizeak hondakinak eraman ez ditzan. Era berean, pilaketen altuera kontrolatuko da, lurzatia inguratzen duen hesiaren altuerarekin alderatuta, eta batere urik gabeko denboraldi luzeetan ureztatzeko/lainoztatzeko/langarreztatzeko sistemak erabiliko dira txatarra pilatutako gainazala modu zabalagoan hezetzeko.

– Bideak garbitu beharko dira, aldian behin.

– Ebaketa-eragiketak ahal den neurrian partikulen emisio atmosferikoak gutxituz egingo dira.

Zarataren eta dardaren ondorioak murriztera bideratutako neurriak:

– Urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren (Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena) 22. artikuluan zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez aurreikusitakoaren arabera, aire zabaleko jarduera orokorretan erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuak (kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituena) eta arau osagarriek ezarritakora. Hala, makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, makineriak baldintza onenetan funtzionatzen duela bermatzeko, bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez.

– Jarduerak, betiere, zarata-foku berriei aplikatu beharreko muga-balioak bete beharko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko Dekretuaren (urriaren 16ko 213/2012) 51. artikuluari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

– Beste alde batetik, jarduera egin beharko da jarduerak, orotara, bere eragin-eremuan Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita dauden kalitate akustikoaren helburuak ez gainditzeko moduan.

Hondakinen kudeaketara bideratutako neurriak:

– Sortutako hondakin guztiak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, prebentzioa sustatu behar da hondakinak sortzean, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu beharko dira hondakinak, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: aldez aurretik behar bezala justifikatzen denean ezinezkoa dela hondakinak teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea.

– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak sortuz gero, hauen arabera kudeatuko dira: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Lege Orokorra betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira, behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

Jarduera bertan behera uztea:

– Instalazioaren bizitza baliagarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.

– Jarduera eten ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako gai arriskutsu esanguratsuek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta, halaber, organo honi emango dio ebaluazio horren emaitzen berri. Ebaluazioak erakusten badu instalazioak lurzoruaren edo lurpeko uren kutsadura nabarmena eragin duela, betiere lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidean lurzoruaren kalitatea ikertzeko idatzi diren txostenetan ezarritako egoerarekin alderatuta, titularrak neurri egokiak hartuko ditu kutsadura horri aurre egiteko eta instalazioa lehengo egoerara ekartzeko, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen II. eranskineko arauei jarraikiz.

Hirugarrena.– Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Horrenbestez, ez da beharrezkoa ikusten ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea Beasaingo Gudugarreta auzoan hondakin arriskugabeen kudeaketa-jarduerako proiekturako. Desguaces Jesús María Etxebarria SL da proiektuaren sustatzailea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txostena indargabetu egingo da, eta utzi egingo dio ondorioak izateari, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren gehienez ere lau urteko epean ez bada proiektu hori baimendu. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 17a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala