Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

153. zk., 2021eko abuztuaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4253

42/2021 EBAZPENA, uztailaren 9koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara dadila Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsaren erakunde autonomoak eta Euskal Autonomiak sinatutako hitzarmena, 2021eko eta 2022ko kanpainetan monitorizazio bidezko kontrol-lanak egiteko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatutako hitzarmena sinatu du, eta publikotasun egokia emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsaren erakunde autonomoak eta Euskal Autonomia Erkidegoak sinatutako hitzarmenaren testua, 2021eko eta 2022ko kanpainetan monitorizazio bidezko kontrol-lanak egiteko.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 9a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, UZTAILAREN 9KO 42/2021 EBAZPENARENA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIARENA
NEKAZARITZA BERMATZEKO ESPAINIAKO FUNTSA ERAKUNDE AUTONOMOAK ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAK SINATUTAKO HITZARMENA, 2021EKO ETA 2022KO KANPAINETAN MONITORIZAZIO BIDEZKO KONTROL-LANAK EGITEKO

Madril,

HAUEK BILDU DIRA

Batetik, Miguel Ángel Riesgo Pablo jauna, Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsa erakunde autonomoaren ordezkari gisa, zeina Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari atxikita baitago. Haren presidente gisa dihardu, kargu horretarako izendatu baitzuen ekainaren 29ko 767/2018 Errege Dekretuak (2018ko ekainaren 30eko BOE, 158. zk.), Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48.2 artikuluak eta abenduaren 21eko 1441/2001 Errege Dekretuak onartutako NBEFren Estatutuaren 4.2.f artikuluak hitzarmenak adosteko ematen dioten eskumena baliatuta.

Eta, bestetik, María Aranzazu Tapia Otaegui andrea, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko (aurrerantzean, Autonomia Erkidegoa) ordezkari gisa, kargu horretarako izendatu baitzuten 2020ko irailaren 7ko 23/2020 Dekretuaren bidez (EHAA, 177. zk., 2020ko irailaren 8koa). Honako dekretu hauek emandako eskumenetan oinarrituta esku hartu du: irailaren 6ko Lehendakariaren 18/2020 Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) 8.1.h) artikulua eta otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena) 3. artikulua. Eta Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoaren apirilaren 25eko 144/2017 Dekretuaren 55. eta 62. artikuluek hitzarmenak egiteko ematen dizkioten eskumenak baliatuz esku hartu du, Gobernu Kontseiluak horretarako 2021eko ekainaren 29an emandako baimenaren bidez.

Bi alderdiek hitzarmen hau sinatzeko behar adina gaitasun juridiko aitortu diote elkarri, eta, horretarako, hau

AZALTZEN DUTE

Lehenengoa.– Nekazaritza Politika Bateratuaren finantzaketa, kudeaketa eta jarraipenari buruzko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarenaren, abenduaren 17koaren, 58.2 artikuluak estatu kideetako organismo ordaintzaileei honako betekizun hau ezartzen die: «Kudeaketa- eta kontrol-sistema efikazak ezartzea, Batasunaren laguntza-araubideen gaineko legea betetzen dela bermatzeko, Batasunarentzako finantza-kaltearen arriskua ahalik eta gehien murriztea xede».

Bigarrena.– 809/2014 (EB) Betearazpen Erregelamenduak, Batzordearenak, 2014ko uztailaren 17koak, 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarenaren, aplikazio-xedapenak ezarri zituen, landa-garapeneko neurri eta baldintzei, eta kontroleko eta kudeaketako sistema integratuari dagokienez, eta 40.bis artikuluan xedatzen du lursailak monitorizatu ahalko direla nekazaritzako lurzatien gaineko kontrolak ordezkatzeko.

Hirugarrena.– NBEF da kontrolen koordinazioaren ardura duen agintaritza, abenduaren 21eko 1441/2001 Errege Dekretuak onartutako Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsaren Estatutuaren 3.artikuluan xedatutakoaren arabera.

Laugarrena.– Abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren (2015etik aurrera nekazaritzan eta abeltzaintzan ordainketa zuzenak eta bestelako laguntza-araubideak aplikatzeari eta ordainketa zuzenen eta landa-garapenerako ordainketen kudeaketa eta kontrolari buruzkoa) 99.5 artikulua betetzeko, NBEFk koordinatuko du kontrol-sistemen funtzionamendu zuzena, eta, horretarako, behar den laguntza teknikoa emango du. Eta haren eskumenen eremuan, hala badagokio, hitzarmenak egingo ditu autonomia-erkidegoekin, ziurtatzeko modu egokian egiten direla Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren (1306/2013 (EB) Erregelamenduaren aplikazio-xedapenak ezarri zituena) 40. eta 40.bis artikuluetan ezarritako teledetekzio eta monitorizazio bidezko kontrolak.

Bosgarrena.– Aipatutako 1075/2014 Errege Dekretuaren 99.4 artikulua betetzeko, autonomia-erkidegoei dagokie, agintari eskudunak diren aldetik, laguntzak kontrolatzeko erantzukizuna.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak hitzarmenaren xede den arloan eskumena du honako hauen bidez: irailaren 6ko lehendakariaren 18/2020 Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) 8.1.h) artikulua eta otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena) 3. artikulua; bai eta Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoaren apirilaren 25eko 144/2017 Dekretuaren 55. eta 62. artikuluak ere, Gobernu Kontseiluak baimena emanda. 275/2020 Dekretuak Nekazaritzako Europako Berme Funtsak (NEBF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuen erakunde ordaintzailearen antolakuntza eta funtzionamendu-araubidea ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoan.

Seigarrena.– NBEFk, interes orokorrei objektibotasunez zerbitzu emateko eta lurralde osoan eraginkortasun- eta koordinazio-printzipioei jarraikiz jarduteko, komenigarritzat jotzen du 2021eko eta 2022ko kanpainen Eskabide Bakarrean jasotako laguntza zuzeneko araubideko lursailen monitorizazio-eginkizunak betetzea.

Zazpigarrena.– Alderdien arteko lankidetza hitzarmen baten bidez egituratuko da, eta hitzarmena Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen Atariko Tituluaren VI. kapituluan ezarritako araubide juridikora egokituko da.

Azaldutakoa kontuan hartuta, alderdiek adostu dute hitzarmen hau sinatzea, monitorizazio bidezko kontrol-lanak egiteko, honako hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da alderdien lankidetza-baldintzak zehaztea onargarritasunari, konpromisoei eta kontrolaren mende geratu daitezkeen beste zeinahi betekizuni dagokienez, 2021 eta 2022 kanpainetako eskabide bakarrean adierazitako nekazaritzako lurzatien monitorizazio-kontrolak egiteko.

Aipatu kontrolak Copernicusen Sentinel sateliteen datuekin edo gutxienez datu baliokideekin egingo dira, kudeaketa- eta kontrol-sistema integratuaren esparruan ezarritako zuzeneko laguntzen eta landa-garapeneko neurrien onargarritasunari buruzko ondorioak ateratzeko.

Bigarrena.– NBEFren betebeharrak.

Hitzarmenaren xedea betetzeko, honako konpromiso hauek hartu ditu NBEFk:

1.– Autonomia-erkidegoek eskatutako lurralde-unitate guztietan monitorizazio bidezko kontrol-lanak egitea, hitzarmenaren xedean zehaztutako laguntza-araubideetan:

a) Proiektuko jardueren koordinazio orokorra, autonomia-erkidegoak garatu beharrekoena barne, hirugarren klausulari jarraikiz.

b) Plataformako garapenak eta tresnak hobetu eta egokitzea, eta behar diren informatika-aplikazioak mantendu eta egokitzea.

c) Satelite-irudiak eskuratzea, haiek prestatu eta automatikoki tratatzea, aurretiko landa-datuak hartzea barne.

d) Inpaktu ekonomikoaren analisia.

e) Datuak prestatzea, kabinete- eta landa-lanean berrikusteko.

f) Adituaren epaia kabinetean, nekazariek emandako ebidentzia gehigarrien analisia barne.

g) Adituaren epaia landan, beharrezkoa bada, onargarritasun-irizpideak, konpromisoak eta kontrolaren mende dauden beste betebehar batzuk betetzen ez dituzten azalerak neurtzea barne.

h) Azaleraren araberako zuzeneko laguntzen araubideen eskakizun ez-monitorizagarrien kontrola, dokumentu motakoak izan ezik.

i) Nekazaritzako lurzatien informazio geografikoaren sisteman (SIGPAC) erregistratutako informazioa (monitorizazio bidezko kontrolaren ondoriozkoa) ez badator bat, egoera horren berri ematea.

Horretarako, NBEFk proiektuaren finantzaketa aurreratuko du, eta autonomia-erkidegoko lanen finantzaketan lagunduko du, I. eranskinean zehazten den moduan.

2.– Autonomia-erkidegoari behin-behineko emaitzak ematea, autonomia-erkidegoak 3.3 klausula bete ahal izateko, baita NBEFk III. eranskinean aipatzen diren lurralde-unitateetan eginiko lanen azken emaitzak ere.

3.– Autonomia-erkidegoari likidazio-dokumentuak ematea, ordainketaren aurretikoak; haietan, autonomia-erkidegoaren barruan eginiko lanak banakatu eta deskribatuko dira.

4.– Beharrezkoak diren Kalitate Kontroleko lanak egitea, Europako Batzordeak ezartzen dituen jarraibideekin bat etorriz.

5.– NBEFk hitzarmen honen babesean izapidetu behar dituen kontratuak edo bitarteko propioei eginiko enkarguak 21.103.412M.640 aurrekontu-aplikazioari egotziko zaizkio. Kontratu edo bitarteko propioei egindako enkargu horien kostua ezingo da izan I. eranskinean adierazitako kostu osoa baino handiagoa.

Hirugarrena.– Autonomia-erkidegoaren betebeharrak.

Hitzarmenaren xedea betetzeko, honako konpromiso hauek hartu ditu autonomia-erkidegoak:

1.– Lurralde-eremuan monitorizatutako zuzeneko laguntzen araubideei dagozkien dokumentu-izaerako eskakizun ez-monitorizagarrien kontrola egitea.

2.– Lurralde-eremuan monitorizatutako landa-garapeneko neurrien eskakizun ez-monitorizagarri guztien kontrola egitea.

3.– 809/2014 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren 40.bis artikuluko d letrako 1. puntuan ezarritako onuradunekiko komunikazio-betebeharrak betetzen direla bermatzea eta, hala, monitorizazio bidezko kontrolak egiteko erabakiaren berri ematea eta onuradunei behintzat lurzatiari buruzko behin-behineko emaitzak eta ebidentzia gehigarrien alertak eta eskaerak jakinarazi ahal izateko komunikazio-sistema ezartzea.

4.– 3. puntuan ageri diren komunikazioak garaiz egiten direla ziurtatzea eta, hala, onuradunei egoera kudeatzeko aukera ematea, kontroleko amaierako txosten batean ondorioak jaso aurretik.

5.– Kontrolak egitearen ondoriozko entzunaldi-izapideen kudeaketa bermatzea.

6.– NBEFrekin elkarlanean jardutea, eta, hala, dagokion lurralde-eremuan, kalitatea kontrolatzeko behar diren bitartekoak eta laguntza teknikoa ematea.

7.– III. eranskinean zehazten diren autonomia-erkidegoko lurralde-unitateetan monitorizazio-lanak egitearen kostuak ordaintzen laguntzea, eta, hala, NBEFri, urteroko bakoitzean, kopuruak ordaintzea, honako aurrekontu-aplikazioen kargura:

2021: [21.0.1.05.32.0200.1.238.99.71110.002.J]: 122.839,16 euro.

2022: [21.0.1.05.32.0200.1.238.99.71110.002.J]: 122.839,16 euro.

Kopuru horiek honela lortu dira: biderkatu egin dira II. eranskinean islatutako lurralde-unitateko kostu unitarioak eta autonomia-erkidegoak hautatutako lurralde-unitateen kopurua. Lurralde-unitate gisa ulertzen da probintzia baten mugen barruan monitorizazio bidezko kontrolen eraginpean jarriko den eremu jarraitua.

Hitzarmena epemuga baino lehen azkentzen bada, autonomia-erkidegoarentzako kostutik kenduko da NBEFk III. eranskinean jasotzen diren lanetatik egin ez dituenei dagokiena.

8.– Autonomia-erkidegoak, dagokion kanpainaren likidazio-dokumentua eta monitorizazioaren bidez eginiko kontrolen amaierako emaitzak jaso ondoren, egiaztatu eta ordaindu egingo ditu lanak egin diren urteko abenduaren 31 baino lehen aipatutako betearazpen-kostu guztiak.

9.– NBEFren ordainketak banku-transferentziaren bidez egingo dira, 9000-0001-20-0200001478 kontura; Espainiako Bankuan dago kontu hori zabalik, Fondo Español de Garantía Agraria delakoaren izenean. Dirección General.

10.– Bere lurralde-eremuan monitorizazio bidez kontrol-lanak behar bezala egiteko, behar diren koordinazio bilerak edukitzea.

Laugarrena.– Jarraipen-, zaintza- eta kontrol-mekanismoak.

1.– Hitzarmenaren eta alderdiek beren gain hartutako konpromisoen betearazpenaren segimendua, zaintza eta kontrola Kudeaketako eta Kontroleko Sistema Integratuaren Koordinazio Taldeari esleitzen zaio; taldeak, gainera, egon daitezkeen interpretazio- eta betearazpen-arazoak ebatziko ditu, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.f) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

2.– Kudeaketako eta Kontroleko Sistema Integratuaren Koordinazio Taldeak NBEFko bi ordezkari eta autonomia-erkidegoaren beste bi izango ditu, eta NBEFko Laguntza Zuzenen Zuzendariordetza Nagusiaren titularra izango du buru. Talde hori urtean bi aldiz batuko da, gutxienez, eta, horretarako, sei hilean behin egutegia adostu eta NBEFren web-orrian argitaratuko da.

Bosgarrena.– Ondorioak, hitzarmena bete ezean.

Alderdi sinatzaileek bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak betetzen ez badituzte, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51.2.c) artikuluan ezarritakoarekin bat eginez, alderdi bietako edozeinek aukera izango du hitzarmena bete ez duen alderdiari errekerimendu bat egiteko, epe jakin batean ustez bete ez dituen betebeharrak edo konpromisoak bete ditzan. Errekerimenduaren berri eman beharko dio beste alderdiari.

Eskakizun hori, era berean, Kudeaketako eta Kontroleko Sistema Integratuaren Koordinazio Taldeari jakinaraziko zaio, laugarren klausulan ezarritakoari jarraikiz.

Errekerimenduan adierazitako epea igaro ondoren ez-betetzeak bere horretan jarraitzen badu, hura bideratu zuen alderdiak beste alderdi sinatzaileari jakinaraziko dio hitzarmena baliorik gabe uzteko arrazoi bat dagoela, eta hitzarmena indargabetutzat joko da.

Nolanahi ere, alderdiek, Kudeaketako eta Kontroleko Sistema Integratuaren Koordinazio Taldeak proposatuta, adostu ahal izango dute jarduera horietatik egoki iritzitakoei jarraipena eta amaiera ematea. Horretarako, luzatu ezin den epea ezarriko dute amaierarako, eta, hori igarotakoan, jarduerei dagokien likidazioa egin beharko da.

Seigarrena.– Hitzarmenaren iraupena.

Hitzarmenak alderdien adostasun bidez izango du indarra, eta, horretarako, sinatu egingo dute. Indarrean jarriko da Estatuko sektore publikoko organoen eta lankidetza-tresnen Erregistro Elektronikoan inskribatzen denean. Orobat, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Hitzarmen honen indarraldia 2022ko abenduaren 31n amaituko da.

Zazpigarrena.– Hitzarmena aldatzea.

Hitzarmen hau aldatzeko, bi alderdiek ados egon beharko dute, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.g) artikuluarekin bat etorriz.

Zortzigarrena.– Hitzarmena azkentzea eta indargabetzea.

1.– Hitzarmen hau bere xedeko jarduerak betetzeagatik azkenduko da.

2.– Era berean, azkendu ahalko da Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51.2 artikuluan ezarritako edozein indargabetze-kausa dela medio.

3.– Era berean, azkendu egingo da, baldin eta autonomia-erkidegoak monitorizazio-kontrolak egiteko erabakiari uko egiten badio.

4.– Hitzarmen hau azkentzean, likidazioa egingo da, alderdi bakoitzaren betebeharrak eta konpromisoak zehazteko, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 52. artikuluan aurreikusten diren ondorioekin.

Bederatzigarrena.– Informazioaren babesa eta segurtasuna.

1.– Hitzarmen honen garapenean, alderdiek honako arau hauetan jasotako segurtasun-neurriak aplikatuko dituzte: 2016/679 Erregelamendua (EB), Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duena; abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuaren bidez ezarritako Segurtasun Eskema Nazionalean eta haren aldaketetan ezarritakoa, eta hitzarmen honen indarraldian aplikatu beharreko datu pertsonalak babesteko beste edozein arau.

2.– Alderdiek konpromisoa hartzen dute informazioaren segurtasun- eta konfidentzialtasun-politika betetzeko eta administrazioek ezarritako egiaztapen-sistemei men egiteko, kasu bakoitzean aplikatu beharreko estatuko edo autonomia-erkidegoko legeriaren arabera.

Hamargarrena.– Hitzarmenaren publikotasuna.

1.– Hitzarmen hau, Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan eta, erkidegoko legeriarekin bat etorriz, dagokion hitzarmenen erregistroan inskribatuko da, formalizatu ondorengo 5 egun balioduneko epean.

2.– Era berean, Estatuko Aldizkari Ofizialean eta autonomia-erkidegoaren aldizkari ofizialean argitaratuko da formalizatu ondorengo 10 egun balioduneko epean, erkidegoko legeriarekin bat etorriz.

3.– Alderdien datu pertsonalak eta hitzarmen honetan ageri diren zehaztapenak kasuan kasuko administrazioen hitzarmenen erregistroan eta gardentasun eta gobernu onaren atarietan edo antzekoetan argitaratuko dira, kasuan-kasuan aplikatu behar den legediarekin bat (estatukoa edo erkidegokoa).

Hamaikagarrena.– Gatazkak ebaztea.

1.– Arau berezirik ezean, egon daitezkeen zalantzak edo hutsak zuzentzeko, urriaren 1eko 40/2015 Legearen printzipioak aplikatuko dira.

2.– Haren interpretazioaren, aldaketaren, efektuen edo azkentzearen ondorioz egon daitezkeen auzigaiak eta Kudeaketa eta Kontrol Sistema Integratuaren Koordinazio Taldearen bidez konpondu ezin izan direnak Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeari jarraikiz bideratuko dira.

Adostasuna adierazteko eta hitzartutakoa behar bezala jasota gera dadin, alderdiek hitzarmen hau sinatu dute, eranskinak barne, goiburuan adierazten den lekuan eta sinadura elektronikoan agertzen den egunean.

Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsa erakunde autonomoaren aldetik.

Presidentea,

MIGUEL ÁNGEL RIESGO PABLO.

Elektronikoki sinatua, 2021eko uztailaren 2a.
Euskal Autonomia Erkidegoaren aldetik.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Elektronikoki sinatua, 2021eko uztailaren 1a.
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala