Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

151. zk., 2021eko uztailaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
4226

AGINDUA, 2021eko uztailaren 21ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, 2021eko ekainaren 29ko Agindua aldatzen duena, zeinaren bidez onartzen baitira sektore pribatuaren kaudimenari eta zorpetzearen murrizketari laguntzeko autonomoei (enpresaburuak eta profesionalak) eta enpresei zuzeneko laguntzak emateko oinarriak, eta dagokion deialdia egiten baita.

COVID-19aren pandemiari aurre egite aldera enpresen kaudimena bultzatzeko aparteko neurrien martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege Dekretuaren arabera, autonomoentzako eta enpresentzako zuzeneko laguntzen COVID lerroa sortu zen, Espainiako Gobernuaren finantzaketari esker, 7.000 milioi euroko zuzkidura globalarekin. Lerroaren helburua da sektore pribatuaren kaudimena bultzatzea, enpresei eta autonomoei izaera finalistako zuzeneko laguntzak emanez. Geroago, COVID-19aren pandemiak eragindako enpresei eta autonomoei laguntzeko neurri osagarriak onartzen dituen apirilaren 20ko 6/2021 Errege Lege Dekretuaren bidez arau hori berrikusi da, autonomia-erkidegoak gaitzeko, betiere horietako bakoitzarentzat ezarritako guztizko esleipenaren barruan, euren lurralde-esparruan kalte handia jasan duten beste sektore gehigarri batzuk gehitu ditzaten laguntzak jasotzeko sektore hautagarrien zerrendan, hain zuzen ere arestian aipaturiko errege lege dekretuaren I. eranskinean ezarritako COVID Lerroaren kargurako laguntzak jaso ditzaten sektore gehigarri horiek.

Erregulazio hori honako hauen bidez osatu zen: HAC/283/2021 Agindua, martxoaren 25ekoa, martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege Dekretuaren I. tituluan aurreikusten den autonomo eta enpresentzako zuzeneko laguntzen COVID Lerroko baliabideak autonomia-erkidegoen eta Ceuta eta Melilla hirien artean behin betiko banatzeko beharrezkoak diren alderdiak zehazten dituena (5/2021 Errege Lege Dekretua, martxoaren 12koa, COVID-19aren pandemiari aurre egite aldera enpresen kaudimena bultzatzeko aparteko neurriena). Xedapen horren arabera, 217.997.300 euro esleitu zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoari.

Martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege Dekretuaren 2.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio bere lurraldean kokatuta dauden hartzaileentzako zuzeneko laguntzak iragartzea, eskabideak izapidetzea, kudeatzea eta ebaztea, laguntzak ordaintzea, ordaindu aurretik eta ondoren egin beharreko kontrolak egitea eta, oro har, baliabideak ongi erabiltzen direla bermatzeko beharrezkoak diren jarduketak gauzatzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta hura garatzeko araudian aurreikusitakoaren arabera.

Horretarako, ekainaren 22ko 155/2021 Dekretuaren bidez, ezohiko neurri batzuk onartu dira martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege Dekretuaren I. tituluan aurreikusitako autonomoentzako eta enpresentzako zuzeneko laguntzen kudeaketari, izapidetzeari eta kontrol ekonomikoari dagokienez, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuari honako eskumen hauek emate aldera: zuzeneko laguntza horiek emateko oinarri arautzaileak onartzea eta deialdia egitea, Euskal Autonomia Erkidegoren lurralde-esparruan; eta neurri espezifikoak abian jartzea, bai administrazioa sinplifikatzeko, bai aurrekontuak kudeatzeko eta kontrol ekonomikoa gauzatzeko, laguntza-eskabideen izapidetzea eta ebaztea erraztu eta bizkortze aldera, betiere bermatuz kudeaketa horrek aplikatu beharreko lege-xedapenei jarraikitzen diela.

Gaitze horren esparruan, eta oinarri hartuta aurreko paragrafoetan aipatutako arauetan aurreikusitakoa eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapituluan aurreikusitakoa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak 2021eko ekainaren 29ko Agindua eman zuen, autonomoei (enpresaburuak eta profesionalak) eta enpresei sektore pribatuaren kaudimenari laguntzeko eta zorpetzea murrizteko zuzeneko laguntzak emateko oinarriak onartzen dituena eta dagokion deialdia egiten duena.

2021eko ekainaren 29ko Aginduan eskabideak aurkezteko ezarritako epearen zati handiena igaro ondoren, eskabideak nolako erritmoan ari diren aurkezten ikusita, egiaztatu da aukera eman behar dela horiek polikiago aurkezteko. Hori dela eta, betekizunak betetzen dituzten autonomo eta enpresei epe zabalagoa emateko eta, horrela, dirulaguntza-lerro honen bidez ahal den inpaktu handiena lortzeko, egoki ikusten da deialdian eskabideak aurkezteko ezarritako epea handitzea.

Azaldutakoaren arabera, eta ekainaren 22ko 155/2021 Dekretuaren 1. artikuluak Ekonomia eta Ogasuneko sailburuari emandako eskumena baliatuta (155/2021 Dekretua, COVID-19aren pandemiari aurre egite aldera enpresen kaudimena bultzatzeko aparteko neurrien martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege Dekretuaren I. tituluan aurreikusitako autonomoentzako eta enpresentzako zuzeneko laguntzen kudeaketa, izapidetze eta kontrol ekonomikoari buruzko ezohiko neurriak onartzen dituena), honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2021eko ekainaren 29ko Agindua aldatzea, zeinaren bidez, autonomoei (enpresaburuak eta profesionalak) eta enpresei sektore pribatuaren kaudimenari laguntzeko eta zorpetzea murrizteko zuzeneko laguntzak emateko oinarriak onartzen baitira eta dagokion deialdia egiten baita.

Zehazki, 2021eko ekainaren 29ko Aginduaren 9. artikuluko 2. apartatua aldatzen da, eta honela idatzita geratuko da:

«2.– Eskabideak aurkezteko epea 2021eko uztailaren 5eko 09:00etan hasi eta 2021eko irailaren 30eko 12:00etan amaituko da. Hala ere, 2.1 eta 19. artikuluetan aurreikusitako zuzkidura ekonomikoak lehenago agortzen badira, eskabideak jasotzeko prozesua amaituko da. Hori gertatuz gero, horren berri emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Ekonomia eta Ogasun Saileko Zerbitzu zuzendariaren ebazpen baten bidez, ez da eskabide berririk onartuko argitaratzen denetik aurrera, eta ez dira onartuko, ezta ere, erantzuteko baliabide ekonomikorik ez izateagatik bete gabe geratzen diren eskabideak».

AZKEN XEDAPENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 21a.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala