Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

149. zk., 2021eko uztailaren 27a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
4194

AGINDUA, 2021eko uztailaren 20koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-ekonomiako enpresetan laguntza teknikoa emateko dirulaguntzak arautzen dituena eta laguntzetarako deialdia egiten duena.

Gizarte-ekonomiako enpresen administrazio eta gobernantzarako, oro har, ez da behar gainerako enpresei aplikatutako berezitasunetik bereiztea. Beraz, kudeaketa modu eraginkorrean eginez gero, onurak izango dira bai emaitza propioen kontuan bai bazkideengan; izan ere, gizarte-ekonomiaren kasuan, bazkideak gizarte-ekonomiako langileak ere badira. Agindu honen bidez, gobernantza ekonomiko-finantzariorako dauden erabilgarritasun onenen erabilera sustatzen da.

Agindu honek azken 10 urteetan eman dituen laguntzez gainera, hiru ildo berri daude, aurreko ekitaldian munduko pandemiari eta haren ondorioei aurre egiteko hasitakoaren ildo beretik.

Deialdi hau Lan eta Enplegu Sailaren 2021eko ekitaldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dago aurreikusita (hemen argitaratu da: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/lan-enplegu-saila), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa betez.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legea onartu ostean, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin bat etorriz, eta Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuak ematen dizkidan eskumenen arabera, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Eusko Jaurlaritzak, Lan eta Enplegu Sailaren bitartez, kooperatiba eta lan-sozietateen kudeaketa hobetzeko laguntza teknikorako 2021. urtean emango dituen laguntzak arautzea eta laguntza horietarako deialdia egitea.

2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Agindu honen ondorioetarako, honako hauek jotzen dira laguntza teknikoko ekintzatzat:

a) Urteko kudeaketa-plana edo Aginte Taula Integrala egitea eta ezartzea.

b) Plan estrategikoa egitea eta ezartzea.

c) Ordezkaritza handiena duten gizarte-ekonomiako erakundeek aldez aurretik behar den azterlan ekonomiko eta finantzarioa egitea, beren erakunde elkartuei bermeak emateko.

d) Kooperatiben eta lan-sozietateen merkataritza-kudeaketako aholkularitza espezifikoa jasotzea.

e) Kudeatzailetzari laguntzeko zerbitzu espezializatuak kontratatzea, kudeatzaileen edo zuzendarien egitekoetan laguntzeko, edo kooperatiba eta lan-sozietateetako jardun-arloekin zerikusia duten zerbitzuak, profesionalizazioa areagotzen laguntzeko xedez, merkatuan lehiakortasunari eusteko eta lehiakorragoak izateko giltzarrietako bat delako.

f) Zailtasunak dituzten enpresak suspertzeko plantzat hartzen diren ekintzak egitea, gomendio zehatzak barnean hartuta enpresaren lehiakortasuna hobetzeko eta, hala badagokio, finantzaketa lortzeko.

g) Erakundeak eraldatzeko tresna berriak ezartzea.

h) Gizarte-ekonomiako enpresek digitalizazio eta ingurumen esparruetan dituzten beharren gaineko diagnostiko bat egitea.

i) Enpresak digitalizatzeko tresnak ezartzea.

j) Gizarte-ekonomiako enpresen kudeaketa planifikatuan ingurumenari lotutako sentsibilizazio-ekintzak ezartzea, prestakuntza-ekintzak barne, ingurumenaren jasangarritasuna hobetzeko.

2.– Ekintzek 2021. urtean izan beharko dute hasiera. Aurreko apartatuko c) letrako ekintzei dagokienez, honako hau hartuko da ekintzaren hasiera-datatzat: ordezkaritza handiena duten gizarte-ekonomiako erakundeek euren erakunde elkartuei bermeen prestazioa egingo dien erakundearekin hitzarmena sinatzen duten eguna.

3.– Gehien jota, ekintzak 2022ko lehen seihilekoan bukatu behar dira.

4.– Dirulaguntza bakarra eman ahal izango zaio erakunde eskatzaile bakoitzari, eta dirulaguntzari loturiko jarduera bakarra egiteko. Salbuespena 5.1.b) artikuluan ezartzen da.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta emakidaren muga.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, berrehun eta berrogeita hamar mila (250.000) euroko gehieneko kopurua erabiliko da guztira, honela banatuta: ehun eta berrogeita hamar mila (150.000) euroko ordainketa-kreditua 2021eko ekitaldirako, eta ehun mila (100.000) euroko konpromiso-kreditua 2022ko ekitaldirako.

2.– Laguntzak finantzatzeko bideratutako baliabide ekonomikoak honela banatuko dira:

a) 2.1.c) artikuluko laguntzetarako: 50.000 euro.

b) 2.1.a), b), d), e), f), g), h), i) eta j) artikuluko laguntzetarako: 200.000 euro.

3.– Dirulaguntzak adjudikatzeko prozedura honako hau izango da:

a) Deialdi honetako baliabide ekonomikoak nahikoa badira baietsi behar diren eskabideei aurre egiteko, laguntza jasotzeko eskubidea aitortuko zaie deialdian onuradun izateko ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten erakunde guztiei.

b) 3.2 artikuluko bi apartatuetako batean erakunde onuradunei erantzuteko soberako saldoa badago, baina bestean ez badago baietsitako ebazpen guztiak betetzeko baliabiderik, soberako saldoa beste taldearen beharrak estaltzeko erabiliko da.

c) artikulu honetako 2.a) apartatuko baliabide ekonomikoak nahikoak ez badira baietsi beharreko eskabideei gehieneko zenbatekoan erantzuteko, murrizketa proportzionala aplikatuko da eskabide guztietan.

d) artikulu honetako 2.b) apartatuko baliabide ekonomikoak nahikoak ez badira baietsi beharreko eskabideei erantzuteko, dirua banatzean lehentasuna izango dute 2.1.a), b), d), e) eta f) artikuluko jarduerei lotuta dauden eskabideek; gainerako zenbatekoa, baldin badago, baiesteko dauden ebazpenetarako utziko da, eta horien guztien artean murrizketa proportzionala aplikatuko da.

4. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzetarako eskabideak bitarteko elektronikoak erabiliz izapidetuko dira.

2.– Agindu honen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri, helbide honetan: http://www.euskadi.eus/zerbitzuak/36519. Helbide telematiko horretan ere eskuratu ahal izango da eskabidearen formularioa.

3.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak honako helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

5.– Prozedura osoa ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango da; horretarako, ordezkaritza inskribatu beharko da Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

5. artikulua.– Erakunde onuradunak eta horiek bete beharreko berariazko baldintzak.

1.– Jarduera nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen duten erakundeek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak, zehaztapen hauei jarraikiz:

a) 2.1.a), d), e), f), g) eta i) artikuluan jasotzen diren jarduerak gauzatzeko: kooperatibak eta lan-sozietateak.

b) 2.1.a), b), c), d), h), i) eta j) artikuluan jasotzen diren jarduerak gauzatzeko: gizarte-ekonomiako enpresen erakunde elkartuak.

2.– 2.1.a), d), i) eta j) artikuluan jasotzen diren kasuetan onuradunak izateko: gizarte-ekonomiako enpresak ordezkatzen dituzten erakunde elkartuek eskaera bateratua aurkeztu beharko dute beren enpresentzat, aipatutako kudeaketa-tresnetako bat egiteko. Kasu horretan, diruz lagundutako jarduera egiteak doakoa izan beharko du diruz lagundutako jarduerak jasotzen dituzten erakunde elkartu edo federatuentzat, eta elkarte eskatzaileak berak ordainduko du Administrazioak bere gain hartu ez duen kostua. Eman beharreko zenbatekoa kalkulatzeko, baldintza guztiak –orokorrak edo zehatzak– betetzen dituzten enpresak edo erakundeak bakarrik hartuko dira kontuan, laguntza eskatzen duten lerro partikularraren arabera.

3.– 2.1.a), d), g) i) eta j) artikuluan jasotzen diren kasuetan: kooperatiba edo lan-sozietate onuradunak azken bost urteetan eratu edo eraldatu behar izan dira; baina epe hori 15 urtekoa izango da 2.1.e) eta f) artikuluan jasotzen diren kasuetan.

4.– 2.1.a), d), f), eta g) artikuluan jasotzen diren kasuetan: enpresek 100 langile baino gutxiago izan beharko dituzte. 2.1.i) eta j) artikuluan jasotzen diren kasuetan: enpresek 10 langile baino gutxiago izan beharko dituzte.

5.– 2.1.a), b), d), e), f), g) i) eta j) artikuluan jasotzen diren kasuetan, kanpoko aholkularitza-erakunde baten edo gizarte-ekonomia ordezkatzen duen erakunde baten aholkularitza izan beharko dute.

6.– 2.1.a), b), d), e), f), g) i) eta j) artikuluan jasotzen diren kasuetan, ezingo dute aurretik laguntza publikorik jaso antzeko kudeaketa-tresnak ezartzeko.

7.– 2.1.f) artikuluan jasotakoaren ondorioetarako, honako egoera hauetako batean daudela egiaztatzen duten enpresak hartuko dira zailtasunak dituzten enpresatzat: gero eta galera-maila handiagoa izatea, negozio-bolumena murriztea, izakinak gehitzea, gehiegizko gaitasuna izatea, autofinantzaketarako marjina gordina gutxitzea, gero eta zorpetze handiagoa izatea, finantza-gastuak handitzea, eta aktibo garbia ahuldu edo desagertzea.

8.– 2.1.g) artikuluan jasotakoaren ondorioetarako, erakundeak eraldatzeko tresna berritzat hartuko dira, pertsonak enpresen funtsezko ardatz egituratzaileak direla ulertu eta eredu hauetakoren bat ezartzen dutenak:

– Antolamendu-eredu malguak eta sarekoak: enpresa-eredu tradizionala, piramidala, taylorista, erakunde malguago bilakatzea, inguruneko aldaketetara egokitzeko.

– Kontziliazioa kudeatzeko sistemak: interes sozialak, enpresarialak eta pertsonalak uztartzen dituzten tresnak.

– Pertsonen garapen-eredua: pertsonen gaitasunak ezagutzea, haien hobekuntza-arloak hautematea eta hazkunde-aukerak identifikatzea ahalbidetzen duten tresnak, gaur egun eta etorkizunean enpresan duten eginkizunaren barruan.

– Gatazkak kudeatzeko tresna aurreratuak.

6. artikulua.– Aholkularitza-erakundeak.

Baldintza hauek bete behar dituzte aurreko artikuluan adierazi diren kaudimen aitortuko aholkularitza-erakundeek –pertsona fisikoak nahiz juridikoak izan daitezke–:

a) Batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan jardutea.

b) Jardueraren ardatza enpresa-aholkularitza izatea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko lan-zentroetan, goi-mailako tituludunak izatea, batez ere gizarte-ekonomiako enpresetan egiaztatutako esperientzia dutenak. 2.1.f) artikuluaren ondorioetarako, zailtasunak dituzten eta desagertzeko arriskua duten gizarte-ekonomiako enpresen azterketan izandako esperientzia egiaztatu beharko da.

d) Lanaren gaineko ardura duen aholkulariak aholkularitzako enpresan gutxienez hiru urteko esperientzia edukitzea egiaztatu beharko du.

e) Aholkulariek edo haiek partaide diren aholkularitza-enpresek ezin izango dute inolako loturarik izan, ez zuzenean ez zeharka, laguntzak eskatzen dituzten erakundeekin, ez akzioen ez partaidetzen bidez. Betekizun hori ezin izango zaie ezarri 5.1.b) artikuluko erakundeei.

7. artikulua.– Onuradun-izaera lortzeko betekizun orokorrak.

1.– Agindu honetako laguntzak lortu ahal izateko, eskatzaileek honako betekizun hauek bete behar dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea, Ekonomia eta Ogasun Sailak horretarako ezartzen duenari jarraikiz.

b) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean ez egotea.

c) Hala badagokio, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean izatea, bai eskabidea egiteko unean, bai ordainketen unean.

d) Erakunde eskatzaileak erantzukizunez deklaratzea zer egoeratan dagoen administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza (eskatuta, izapideak egiten nahiz emanda).

e) Laneko segurtasunari eta osasunari buruzko arauek ezarritako betekizunak betetzea, Prebentzio Zerbitzuen Arautegia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak xedatutakoaren arabera.

2.– Era berean, ezingo dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatutako egoeretakoren batean dauden erakundeak.

8. artikulua.– Erakunde onuradunek baldintzak egiaztatzea.

1.– Eskabidearekin batera aurkeztuko duten erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, erakunde onuradunek deklaratu behar dute bete egiten dituztela aurreko artikuluan zehazten diren betekizunak, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan adierazitako gainerako betekizunak ere. Kasu horretan, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena baino lehen, adierazpen horretan jasotako datuak egiazkoak direla egiaztatzeko agiriak aurkeztu daitezela eskatu behar da, gehienez ere 15 eguneko epean.

2.– Eskabidea aurkeztearekin batera, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari baimena ematen zaio zuzenean eskuratu ditzan Administrazioaren esku dauden edo administrazioren batek egin dituen dokumentuak, eta erakunde eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituen ala ez jakiteko azterketak egin ditzan. Hala ere, baimena berariaz ukatu ahal izango da, eta, kasu horretan, erakunde eskatzaileak ogasun-agintaritzaren eta Gizarte Segurantzaren administrazio-instantziek eginiko ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko, bai eta onuradun gisa jarraitzeko ere, onartutako dirulaguntza likidatu arte; hortaz, betebehar horiek betetzen direla egiaztatuko da dirulaguntza emateko unean eta ordainketak egiteko unean.

3.– Administrazio publikoen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideek aukera emango dute laguntza jasotzen duten erakunde onuradunek idatziz uka dezaten organo kudeatzaileak datuak lortu edo egiaztatu ahal izango dituela. Kasu horretan, erakunde eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu eskatutako nahitaezko agiriak.

9. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Eskabidea egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0036519

2.– Eskabideak aurkezteko azken eguna 2021eko irailaren 17a izango da, azken hori barne.

3.– Erakunde eskatzaileek eskabideak eta dokumentuak euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten hizkuntza hautatuta. Orobat, prozeduran zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Eskabidearekin batera, hurrengo artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu behar dira.

10. artikulua.– Nahitaezko dokumentazioa.

1.– Dirulaguntza jasotzeko eskabidearekin batera, justifikazio-memoria aurkeztu behar da, bai eta dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak gauzatzeko aurreikusitako lan-plana ere. Plan horretan, iraupena, metodologia eta kalkulatutako aurrekontu zehatza adierazi behar dira.

2.– Horretaz gain, 2.1.a), b), d), e), f), g) i) eta j) artikuluko jarduerei buruzko eskabideekin batera, beste dokumentu hauek ere aurkeztu behar dira:

a) Agindu honen 6. artikuluan adierazitako aholkularitza-erakunde baten laguntza eta lankidetzako konpromisoa dagoela agertzen duen agiria, hau da, harekin egindako kontratua edo eskaera irmoaren agiria, erakunde horrek aipatu artikuluko baldintzak betetzen dituela agertzen duten frogagiriekin batera.

b) 2020ko ekitaldiaren balantze ekonomikoa eta emaitzen kontua.

c) Aholkulariaren edo aholkularitza-lanaren arduradunaren curriculuma.

d) Erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baitu ez duela aholkularitza-enpresarekin edo pertsona fisiko aholkulariarekin inolako loturarik, ez zuzenean ez zeharka, ez akzioen ez partaidetzen bidez. Salbuespena 5.1.b) artikuluko erakundeak izango dira.

3.– 2.1.c) artikuluaren kasuan, elkarteak emandako ziurtagiria, xedapen horrek arautzen duen zerbitzuaren antolaketa egiaztatzen duena.

4.– Eskatzaileari dirulaguntza jasotzeko eskubidea onartzen bazaio, dirulaguntzaren abonua jasotzeko Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena. Erregistratu gabe egonez gero edota jasota dauden datuak aldatu nahi izanez gero, alta edo aldaketa egin daiteke, hemen: http://www.euskadi.net/hirugarrenak

11. artikulua.– Eskabidean egindako hutsak zuzentzea.

Dirulaguntzen eskaeren termino guztiak beteta ez badaude edo beharrezko dokumentazioarekin batera ez badatoz, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo beharrezko dokumentuak gainera ditzala, betiere hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu atzera botako zaiola eskaera. Administrazioak eskaera horri buruzko ebazpen espresua eman beharko du, eta ebazpen hori jakinarazi, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 eta 68.1 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

12. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak, dirulaguntzen zenbatekoa eta zenbateko hori zehazteko irizpideak.

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, 2.1 artikuluaren a), b), e), f), g), i) eta j) letretako kasuei dagokienez, diruz lagundu daitezkeen gastuak dirulaguntzako proiektua egiteko behar den aholkularitzaren gastuak izango dira. artikulu horren c) kasuari dagokionez, bermeak eratu aurretiko azterketa ekonomiko eta finantzarioa egiteko behar diren gastuak. d) apartatuari dagokionez, aipatutako zerbitzuak kontratatzeko gastuak.

2.– Zenbateko hauek egokituko zaizkie betekizunak betetzen dituzten eskabideei:

a) Agindu honen 2.1 artikuluko a), d), f, g), i) eta j) apartatuetan arautzen diren ekintzetarako: aholkularitza-jardueraren % 75; baina gehienez sei mila (6.000) euro eman dakioke zuzeneko erakunde onuradun bakoitzari baldin eta hamar bazkide baino gehiago baditu, agindu honen 5.4 artikuluan ezarritakoa betez, eta hiru mila (3.000) euro eman dakioke gehienez, erakunde onuradun horrek hamar bazkide edo gutxiago baditu.

Ekintza horietarako erakunde onuraduna 5.1.b) artikuluan jasotakoren bat bada, zenbatekoa zehazteko kalkulua banan-banan egingo du baterako eskabidean jasotako erakunde bakoitzak, apartatu honetako baldintza berberetan. Kontzeptu honegatik, erakunde onuradunak ezin izango du 30.000 eurotik gorako dirulaguntzarik jaso. Agindu honen 2.1 artikuluko h) apartatuan adierazitako jardueretarako: aholkularitza-jardueraren kostuaren % 75, baina gehienez ere hogeita hamar mila (30.000) euro erakunde onuradunarentzat.

b) Agindu honen 2.1 artikuluko b) apartatuan adierazitako jardueretarako: aholkularitza-jardueraren kostuaren % 75, baina gehienez ere hogei mila (20.000) euro erakunde onuradunarentzat.

c) Agindu honen 2.1 artikuluko c) apartatuan adierazitako jardueretarako: erakunde elkartu bakoitzari egiten zaion azterlanaren kostuaren % 75, baina gehienez ere hogeita bost mila (25.000) euro zuzeneko erakunde onuradunarentzat.

d) Agindu honen 2.1 artikuluko e) apartatuan adierazten diren jardueretarako: kontratatzen den pertsona edo erakundearen jardueraren kostuaren % 50, baina gehienez ere hamar mila (10.000) euro zuzeneko erakunde onuradunarentzat.

13. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak dira arrazoi eta xede beragatik administrazio honek edo beste administrazio publiko edo ente publiko batzuek ematen dituzten bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren kostu osoa gainditu, ezta agindu honen 12. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa ere.

2.– Erakunde onuradunak administrazio honetatik edo beste administrazio publiko edo ente publiko batzuetatik arrazoi eta xede beragatik jasotzen dituen laguntzak eta agindu honetako laguntzak pilatzen badira, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jardueraren kostua edo agindu honen 12. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta, hala badagokio, murriztu egingo da Lan eta Enplegu Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

3.– Bateraezinak izango dira agindu honetako laguntzak eta Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak gizarte-ekonomian ekiteko 2021eko deialdiari buruzko aginduaren barruan kudeatzen dituen laguntzak.

14. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publikotasun-prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza izango da agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariak emandako ebazpen bakar baten bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak. Ebazpen bakar hori eskatzaileei banaka jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoa betez.

Ebazpen horrek ez du administrazioa-bidea agortuko; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

3.– Agindu honen babesean egindako eskabideak esanbidez ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilekoa izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik zenbatzen hasita. Epe horretan ez bada ebazpen espresurik ez eman ez jakinarazi, eskabideak ezetsi direla ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe Administrazioak espresuki ebazteko duen obligazioa.

4.– Orobat, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak amaituta eduki beharko du itzulketa- nahiz zehapen-prozedura oro, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek eman dituzten –eta izaera berekoak diren– laguntza eta dirulaguntzei loturikoa; hau da, prozedura horiek ezin dira oraindik izapide-aldian egon.

5.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpenaren bidez honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, agindu honen babesean dirulaguntza zein erakundek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zeini emandako dirulaguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinarazi ahal izango da.

15. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Deialdi honen babesean emandako dirulaguntzak honela ordainduko dira:

a) 2.1.e) artikuluan jasotzen diren jardueretan, lehendabiziko ordainketa (dirulaguntza osoaren % 75) ematea jakinarazi eta hamabost egun igaro ondoren egingo da, espresuki uko egin ez bazaio. Gainerako % 25a diruz lagundutako ekintzak amaitu eta behar bezala justifikatzen direnean ordainduko da.

b) Gainerako jardueretan, lehendabiziko ordainketa (dirulaguntza osoaren % 60) ematea jakinarazi eta hamabost egun igaro ondoren egingo da, espresuki uko egin ez bazaio. Gainerako % 40a diruz lagundutako ekintzak amaitu eta behar bezala justifikatzen direnean ordainduko da.

2.– Dirulaguntzaren bigarren ordainketa egiteko, erakunde onuradunak memoria eta egindako gastuaren egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu. Horretarako, diruz lagundutako jarduerari egotzitako ordainagirien kopia elektronikoak aurkeztuko ditu. Egindako lanen kopia ere aurkeztu beharko du.

3.– Aurreko puntuan adierazitako agiriak aurkezteko epea 3 hilekoa izango da, diruz lagundutako ekintzak amaitzen direnetik kontatzen hasita, eta betiere 2022ko ekainaren 30a baino lehen aurkeztu beharko da dokumentazio hori.

4.– Dirulaguntza jaso dezaketen eta egiaztatzen diren gastuak bat etorriko dira onuradunek egiaz ordaindutako kostu errealekin, eta ordaindutako jatorrizko faktura edo froga-balio bera duten kontularitza-agirien bidez egiaztatu beharko dira.

16. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzen aldaketa.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketa izanez gero, betiere haren helburua betetzat jotzen bada, eta nolanahi ere, aldi berean beste administrazio batzuen edo erakunde publiko zein pribatuen laguntzak nahiz dirulaguntzak lortuz gero, eta, kasua bada, helburu bera duten bestelako diru-sarrerak edo baliabideak lortuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke. Ondorio horietarako, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak aldaketa egiteko ebazpena emango du, zeinaren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokitu egingo baitira, eta pertsona onuradunek itzuli egin beharko dituzte neurriz gain jasotako zenbatekoak.

17. artikulua.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.

1.– Erakunde onuradunak hauetan xedatutakoak bete behar ditu: dirulaguntzak emateko ebazpenean ezarritako arauak; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikulua, eta erabilgarri diren gainerako xedapenak. Horiek betetzen ez baditu, edo aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira, edo emandako dirua beste zerbaitetarako erabili bada, helbururako erabili beharrean; horren ondorioz, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espedientea izapidetuko du, eta interesdunari hamabost eguneko epea emango dio esan behar duena entzuteko, eta, ondoren, hala badagokio, onuradunak dirulaguntza galduko du, eta, bi hileko epean, ordura arte jasotako dirulaguntzak (osorik edo partez) eta legez dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari. Horretaz gainera, legez egin daitezkeen gainerako egintzak ere egingo dira. Hori guztia halaxe izango da honako hauek oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa, horren bidez onartu baitzen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina.

2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.2 artikulua aintzat hartuta, ez-betetzeak mailakatzeko eta beti proportzionaltasun-printzipioari jarraiki, honako hau ezartzen da: erakunde onuradunak hasieran aurkeztutako aurrekontuaren gutxienez % 60 erabiltzen duenean, itzuli beharko da, edo, hala badagokio, erabili ez den zatiaren ordainketa partziala egin beharko da eta zati horren kobrantza proportzionala jasotzeko eskubidea galduko da, betiere proiektuaren helburuen betekizuna guztizko betekizunen antzekoa bada, eta erakunde onuradunak zalantzarik gabe egiaztatzen badu konpromisoak betetzeko jarduketa berri bat.

3.– Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak dira honako hauek: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan tipifikatutako ekintzak eta ez-egiteak; eta zehagarriak dira, zabarkeria arin gisa bada ere. Dirulaguntzen gaineko arau-hauste horiek zehatzeko, diru-zehapenak jarriko dira baita, hala badagokio, diruzkoak ez diren zehapenak ere.

18. artikulua.– Itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuetan, hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpen bidez jakinaraziko dio erakunde onuradunari dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta zergatik hasi den prozedura hori; horretaz gainera, 15 eguneko epea emango dio, egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jasota edo batere aurkeztu gabe igaro bada epea, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpen baten bidez xedatuko du dagozkion kopuruak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, bi hileko gehienezko epea emanez horretarako, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko epea izango da.

Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

c) Borondatezko epean itzuli ezean, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari, premiamendu-bideari ekin diezaion, indarrean dauden xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

19. artikulua.– Datuen babesa.

Agindu hau aplikatuta biltzen diren izaera pertsonaleko datuak Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

Datuen babesari buruzko informazio gehiago jaso ahal izateko, helbide honetara jo: https://www.euskadi.eus/rgpd/0036519

XEDAPEN GEHIGARRIA

De minimis araua.

2.1.a), d), e), f), g), i) eta j) artikuluan jasotako laguntzek edo dirulaguntzek honako hau bete beharko dute: Batzordearen 1407/2013 Erregelamendua (EB), 2013ko abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 352, 2013-12-24koa). Laguntza hauek de minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko 200.000 euroko kopurua, hiru ekitaldi fiskaleko edozein eperen barruan. Muga horretatik beherako dirulaguntzek merkataritzari eragiten ez diotela edota lehiakortasuna faltsutzen ez duela ulertzen da; horren ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

Dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bietan jasotako beste minimis laguntza batzuk deklaratu egin beharko ditu laguntza-eskaera egiten duenak, modu horretara, de minimis laguntza berriak erregelamenduan ezarritako gehieneko muga gainditzen ez duela egiaztatzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.

Agindu honetan adierazitako dirulaguntzetarako, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua); Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko oinarrizko arauak (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan garatutako lege organikoa).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Lan eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 20a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala