Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

149. zk., 2021eko uztailaren 27a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
4193

AGINDUA, 2021eko uztailaren 20koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena, gizarte-ekonomian ekiteko laguntzak iragarri eta arautzen dituena.

Gizarte-ekonomian ekiteko laguntzen araudi honek aurreko ekitaldietan araututako irizpideei eusten die, eta, horrez gain, jardueraren lehen etapen berezko beharrizanen aurrean, sortu berri diren enpresak finkatzeko lerro bat sartzen du, etorkizuneko deialdietan jarraitutasuna izan dezan.

Gizarte-ekonomiako enpresen sorrera babesteko sare guztiaren oinarrian sektoretik bertatik datorren sustapen-laguntza profesionala dago, enpresa horien jaiotze-fasean gutxieneko bideragarritasuna bermatu nahi baita bai ekonomia-mailan bai sozietate-mailan. Ondoren, enpresa sortu berriek aholkularitza eta laguntza tekniko aurreratua jasotzen dute gizarte-ekonomiako erakundeen eskutik. Halaber, beren lana garatzeko prestakuntza teknikoa eta enpresa-kudeaketako oinarrizko kontzeptuen ezagutza jasotzen dituztenez, enpresa horiek indartu egiten dira. Hau da, azken finean, ahaleginak biderkatu egiten dira, gizarte-ekonomiako enpresa bideragarri gisa jarraitutasuna izateko.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legea onartu ostean, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin bat etorriz, eta Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuak ematen dizkidan eskumenen arabera, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Eusko Jaurlaritzak, Lan eta Enplegu Sailaren bidez, 2020ko ekitaldirako gizarte-ekintzailetzan ekiteko eman ahal izango dituen laguntzak iragartzea eta arautzea.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, guztira, bi milioi zazpiehun eta laurogeita hamabost mila euro (2.795.000) erabiliko dira, gehienez, honela banatuta:

a) II. kapituluari dagokionez, bi milioi eta berrehun mila (2.200.000) euro, gehienez, honela banatuta: milioi bat zazpiehun eta hirurogei mila (1.760.000) euroko ordainketa-kreditua 2021eko ekitaldirako eta laurehun eta berrogei mila (440.000) euroko konpromiso-kreditua 2022ko ekitaldirako.

b) III. kapituluari dagokionez, hau da, gizarte-ekonomiako enpresen lurralde-sustapen planifikatua garatzeko, berrehun eta laurogei mila (280.000) euro, gehienez, honela banatuta: ehun eta berrogei mila (140.000) euroko ordainketa-kreditua 2021eko ekitaldirako eta ehun eta berrogei mila (140.000) euroko konpromiso-kreditua 2022ko ekitaldirako.

c) IV. kapituluari dagokionez, hau da, eratu berri diren gizarte-ekonomiako enpresak indartzeko, hirurehun eta hamabost mila (315.000) euro, gehienez, 2021eko ekitaldirako oso-osorik.

3. artikulua.– Onuradun izateko betekizun orokorrak:

1.– Batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten duten erakundeek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetako laguntzak, betekizun orokor hauek betez gero:

a) Aurkeztutako eskabidearen gaineko ebazpena eman aurretik, ekonomia-jardueren gaineko zergan alta hartuta egotea, eta, hala badagokio, Gizarte Segurantzan inskribatuta.

b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzea.

c) Zigor- edo administrazio-arloko zigor baten ondorioz, laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzeko aukera galduta ez egotea, edo horretarako ezgaitzen duen lege-debeku baten eraginpean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioan erori izanagatiko lege-debekuak barne.

d) Hala badagokio, dirua itzultzeko betebeharra egunean izatea, bai eskabidea egiteko unean, bai ordainketen unean.

e) Laneko segurtasunari eta osasunari buruzko arauek ezarritako betekizunak betetzea, Prebentzio Zerbitzuen Arautegia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak xedatutakoaren arabera.

f) Erakunde eskatzaileak erantzukizunez deklaratzea zer egoeratan dagoen Administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza (eskatuta, izapideak egiten nahiz emanda).

2.– Ezin izango dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunak izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aipatutako egoeretako batean dauden pertsonak.

4. artikulua.– Erakunde eskatzaileen betekizunak egiaztatzea.

1.– Eskabidearekin batera aurkeztuko duten erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, erakunde onuradunek deklaratu behar dute bete egiten dituztela aurreko artikuluan zehazten diren betekizunak, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan adierazitako gainerako betekizunak ere. Kasu honetan, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena baino lehen, adierazpen horretan jasotako datuak egiazkoak direla egiaztatzeko agiriak aurkeztu daitezela eskatu behar da, gehienez ere 15 eguneko epean.

2.– Eskabidea aurkeztean, baimena ematen da Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak zuzenean eskura ditzan interesdunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betekizunak bete dituen egiaztatzeko agiriak, salbu eta baimenik ematen ez badio, arrazoituta. Azken kasu horretan, eskumena duen ogasun-agintaritzako eta Gizarte Segurantzako administrazio-instantziek emandako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu erakunde eskatzaile horrek. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko, bai eta onuradun gisa jarraitzeko ere, onartutako dirulaguntza likidatu arte; hortaz, betebehar horiek betetzen direla egiaztatuko da dirulaguntza emateko unean eta ordainketak egiteko unean.

3.– Administrazio publikoen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideek aukera emango dute laguntza jasotzen duten erakundeek idatziz uka dezaten organo kudeatzaileak datuak lortu edo egiaztatu ahal izango dituela. Kasu horretan, erakunde eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu eskatutako nahitaezko agiriak.

5. artikulua.– Bide elektronikoak erabiltzea.

1.– Agindu honetan jasotzen diren laguntzen eskabideak izapidetzeko, bitarteko elektronikoak erabiliko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoarekin bat eginez.

2.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa honako helbide hauetan dago eta, bertan, eskuragarri daude izapide-jarraibideak, erantzukizuneko adierazpenak eta ereduak, bai eta eskabideak egiteko formularioetarako lotura ere:

– Enpresen eraketa: https://www.euskadi.eus/servicios/0098118

– Enpresak eratzeko sustapena: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0098818

– Bideragarritasun-azterlanak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0056018

– Gizarte-ekonomian enpresa-espiritua eta ekintzaile-kultura sustatzeko laguntzak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0055218

– Lurralde-sustapen planifikatua: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0056018

– Gizarte-ekonomiako enpresak finkatzeko laguntzak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0098919

3.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak honako helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

5.– Prozedura guztia ordezkari baten bidez izapidetu ahalko da, eta, horretarako, ordezkaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko Ahalordeen Erregistroen izena eman beharko du, honako helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

6. artikulua.– Eskabideen aurkezpena: modua eta epea.

1.– Eskabideak 5.2 artikuluan aipatzen den egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eskabide normalizatu baten bidez egingo dira.

2.– Eskabideak aurkezteko azken eguna 2021eko irailaren 30a izango da, egun hori barne.

3.– Erakunde eskatzaileek eskabideak eta dokumentuak euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten hizkuntza hautatuta. Orobat, prozeduran zehar, pertsonak edo erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

7. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Dirulaguntza-eskabideen alderdi guztiak beteta ez badaude, edo beharrezko dokumentazioarekin batera ez badatoz, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo beharrezko dokumentuak gainera ditzala, hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu atzera botako zaiola eskaria. Administrazioak eskari horri buruzko berariazko ebazpena eman beharko du, eta ebazpen hori jakinarazi, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

8. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko prozedura.

1.– Banan-banan aztertuko dira, 2. artikuluan adierazitako hiru kapituluen arabera, agindu honetan xedatutako baldintza guztiak betetzen dituzten laguntza-eskabideak. Atal bakoitzera bideratutako baliabide ekonomikoa nahikoa bada erakunde onuradunen eskabideei erantzuteko, agindu honetan zehaztutako parametroen araberako zenbatekoa emango da.

2.– Deialdiari esleitutako baliabide ekonomikoen hornidura nahikoa izango ez balitz 2. artikuluko kapituluetan zerrendatutako nahitaezko baldintza guztiak betetzen dituzten eskabide guztiei erantzuteko, honela jokatuko da:

a) Lehenbizi, gainerako kapituluetan soberako saldorik ote dagoen egiaztatuko da eta, halakorik badago, saldo horiek funtsik gabeko kapituluetara bideratuko dira, hasiera batean kapitulu bakoitzera bideratutako guztizkoekiko proportzioan banatuta.

b) Hala eta guztiz ere, dauden baliabide ekonomikoak hasiera batean aipatutako parametroen arabera kalkulatutako zenbatekoak emateko adinakoak ez badira, zenbateko horiek murriztuko dira, eskabideen artean hainbanaketa bakar bat aplikatuz, banan-banan, kapitulu bakoitzerako.

9. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak bateragarriak dira xede eta helburu bera duten eta beste edozein administrazio edo erakunde publikok ematen dituzten laguntzekin.

Laguntza honen ondorioetarako, langabeziagatiko prestazioak, ordainketa bakarreko modalitatean (langabezia-kapitalizazioa), ez dauka agindu honen xede eta helburu bera.

2.– Dirulaguntza hau beste lurralde-administrazioetatik edo haien mendeko erakunde publikoetatik datozen dirulaguntzekin uztartzen bada, honela jokatuko da:

– Dirulaguntzak batuta, 19., 26. eta 33. artikuluetan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen bada, soberako kopurua bateraezintzat joko da, eta Lan eta Enplegu Sailak eman beharreko laguntza murriztuko da.

– 16.1 artikuluko jardueraren dirulaguntza beste lurralde-administrazioetatik edo haien mendeko erakunde publikoetatik datozen helburu eta xede bereko laguntzekin uztartzen bada, eta horien baturak bazkide langileek edo lan-bazkideek harpidetutako kapitalaren guztizkoa gainditzen badu, agindu honen 19.1.c) artikuluak aipatutakoaren arabera, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta Lan eta Enplegu Sailak eman beharreko laguntza murriztuko da. Administrazio honek gehienez ematen duen dirulaguntzak ez du inoiz 30.000 euroko muga gaindituko eratutako erakunde bakoitzeko.

3.– 29. artikuluan jasotako jarduerak elkarren artean bateragarriak izango dira, eta metatu egin ahal izango dira. 28.b) artikuluko jarduera bateragarria izango da ekitaldi honetarako Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak kudeatutako gizarte-ekonomiako enpresei laguntza teknikoa emateko aginduan arautzen diren laguntzekin.

10. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak eta publikotasun-prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza izango da agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariak emandako ebazpen bakar baten bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak. Ebazpen bakar hori eskatzaileei banaka jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoa betez.

Ebazpen horrek ez du administrazioarekiko bidea agortuko; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

3.– Agindu honen babesean egindako eskabideak esanbidez ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik aurrera. Epe horretan ez bada ebazpen adierazirik ez eman ez jakinarazi, eskabideak ezetsi direla ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe Administrazioak modu adierazian ebazteko duen obligazioa.

4.– Orobat, agindu honetan aurreikusitako laguntzak emateko, eta ordaintzeko, hala behar denean, baldintza izango da erakunde onuradunak amaituta edukitzea itzulketa- nahiz zehapen-prozedura oro, prozedura horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek eman dituzten -eta izaera berekoak diren- laguntza eta dirulaguntza publikoei loturikoak badira eta tramitazioan badaude.

5.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpenaren bidez honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, agindu honen babesean dirulaguntza zein erakundek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zeini emandako dirulaguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinarazi ahal izango da.

11. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketa izanez gero, betiere haren helburua betetzat jotzen bada, eta nolanahi ere, aldi berean beste administrazio batzuen edo erakunde publiko zein pribatuen laguntzak nahiz dirulaguntzak lortuz gero, eta, kasua bada, helburu bera duten bestelako diru-sarrerak edo baliabideak lortuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke. Ondorio horietarako, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak aldaketa egiteko ebazpena emango du, zeinaren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokitu egingo baitira, eta pertsona onuradunek itzuli egin beharko dituzte neurriz gain jasotako zenbatekoak.

12. artikulua.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.

1.– Erakunde onuradunak hauetan xedatutakoak bete behar ditu: dirulaguntzak emateko ebazpenean ezarritako arauak; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikulua, eta erabilgarri diren gainerako xedapenak. Horiek betetzen ez baditu, edo aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira, edo emandako dirua beste zerbaitetarako erabili bada, helbururako erabili beharrean; horren ondorioz, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espedientea izapidetuko du, eta interesdunari hamabost eguneko epea emango dio esan behar duena entzuteko, eta, ondoren, hala badagokio, onuradunak dirulaguntza galduko du, eta, bi hileko epean, ordura arte jasotako dirulaguntzak (osorik edo partez) eta legez dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari. Horretaz gainera, legez egin daitezkeen gainerako egintzak ere egingo dira. Hori guztia halaxe izango da honako hauek oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa, horren bidez onartu baitzen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina.

2.– Erakunde onuradunarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik lan elkartuko kooperatibak edo eratutako lan-sozietateak 22.1.b) artikuluan adierazitako denboraz ez badio eusten elkarte-egitura baten barruko gizarte-ekonomiako enpresa izateari, jarduerak diruz laguntzeko modukoa izaten jarraituko du gauzatutako epea gutxienez hemezortzi (18) hilabetekoa izan bada. Kasu horretan, enpresa eratzeko edo eraldatzeko emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da, eta murriztu ere aipatutako denbora-epea amaitzeko falta den denboraren proportzioan; onuradunak, berriz, jasotako gehiegizko kopurua itzuli beharko du.

3.– Erakunde onuradunak justifikatzen badu sozietatea galerengatik azkendu edo likidatu dela, sozietateak 21.1 artikuluko b) eta c) ataletan adierazitako betebeharrak bete dituela ulertuko da, emandako dirulaguntzari dagokionez behintzat.

4.– Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak dira honako hauek: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan tipifikatutako ekintzak eta ez-egiteak; eta zehagarriak dira, zabarkeria arin gisa bada ere. Dirulaguntzen gaineko arau-hauste horiek zehatzeko, diru-zehapenak jarriko dira eta, hala badagokio, diruzkoak ez diren zehapenak ere.

13. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Arau aplikagarriak betetzen ez diren kasuetan, emandako dirulaguntza itzultzeko prozedura honako hau izango da:

a) Gizarte Ekonomiaren zuzendariak laguntza jaso duen erakunde onuradunari jakinaraziko dio prozedura hasi dela eta zein izan diren horretarako arrazoiak, eta 15 egun balioduneko epea emango dio, egoki jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan.

b) Alegazioak jasota edo batere aurkeztu gabe igaro bada epea, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpen baten bidez xedatuko du dagozkion kopuruak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, bi hileko gehieneko epea emanez horretarako, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori izango da borondatezko aldiaren epea.

Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

c) Borondatezko aldian ez itzultzea Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari jakinaraziko zaio, legezko araudi aplikagarrian xedatutakoari jarraikiz ekin diezaion premiamendu-bidetik.

14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Oro har, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan, eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak 14. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzeaz gain, erakunde onuradunek dirulaguntzen zertarakoa eta aplikazioa ziurtatu beharko dute zerrenda bidezko bermeen bitartez, hala aurreikusten baitu abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak; dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta dirulaguntza horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra arautu zen, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, araubidea eta betebeharrak ezarri ziren.

15. artikulua.– Datuen babesa.

Agindu hau aplikatuta biltzen diren izaera pertsonaleko datuak Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

II. KAPITULUA
GIZARTE EKONOMIAKO ENPRESAK ERATU ETA SUSTATZEKO LAGUNTZAK

16. artikulua.– Dirulaguntza izan dezaketen jarduerak.

1.– Gizarte-ekonomiako enpresak eratzea, izaera hori ez duten enpresak gizarte-ekonomiako enpresa bihurtzeko kasuak barnean hartuta. Agindu honen ondorioetarako, gizarte-ekonomiako enpresatzat joko dira lan elkartuko kooperatibak, lurraren ustiapen komunitarioko kooperatibak, nekazaritza- eta elikagaigintza-kooperatibak eta gainerako kooperatiba-motak, baldin eta lan-bazkideekiko izaera integrala badute (lan-bazkideek beste mota bateko bazkideekin modu orekatuan parte hartuko dute sozietate-organoetan); horiez gain, beste hauek ere gizarte-ekonomiako enpresatzat hartuko dira: lan-sozietateak, eta beren prestakuntza akademikoaren zati gisa eta dagokion instituzio akademikoaren tutoretzapean enpresa bat garatzen duten ikasleez osatutako kooperatiba-sozietateak.

2.– Gizarte-ekonomiako enpresa bat eratzearekin zuzenean lotuta dauden sustapen-ekintzak egitea, osteko jarraipena eta enpresa-kudeaketarako doako aholkularitza barne direla, enpresaren jarraipena sustatzeko eta horri eusteko helburuarekin, enpresa inskribatu eta urtebeteko epean.

3.– 2021ean, honako ikasketa hauek egitea, gizarte-ekonomiako enpresa bat sustatzeko helburuarekin:

a) Honako ezaugarri hauek dituzten sozietate anonimoen edo mugatuen ekonomiaren eta finantzen bideragarritasunaren azterlana egitea: gero eta galera-maila handiagoa izatea, negozio-bolumena murriztea, izakinak gehitzea, gehiegizko gaitasuna izatea, autofinantzaketarako marjina gordina gutxitzea, gero eta zor gehiago izatea, finantza-gastuak handitzea, eta aktibo garbia ahultzea edo desagertzea.

b) Ikerketa juridiko eta ekonomiko-finantzario baten bidez aztertu behar da ea bideragarria den langileek beren gain hartzea lanean ari diren enpresaren jabetza, belaunaldi-aldaketarik gabe.

4.– Ideien lehiaketak diseinatzea eta egitea, gizarte-ekonomian espiritu ekintzailea sustatzeko eta enpresaren kultura zabaltzeko.

5.– Ekintzailetza gizarte-ekonomian sustatzeko berariazko foro bat diseinatzea, antolatzea eta gauzatzea.

17. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Honako hauek jaso ditzakete artikulu honetan jasotako laguntzak:

1.– 16.1 artikuluko jardueretarako: 2020ko uztailaren 10etik 2021eko abuztuaren 31ra bitartean (biak barne) Kooperatiben Erregistroan edo Merkataritza Erregistroan erregistraturiko kooperatibak eta lan-sozietateak, hurrenez hurren. Horretarako, erregistroan aurkeztu den data hartuko da erregistroan erregistratu izanaren datatzat.

2.– 16.2 artikuluko jardueretarako: helburu soziala kooperatiba edo lan-sozietateen erakuntza sustatzea duten pertsona juridikoak, irabazi-asmorik gabekoak badira, edo haien jabetza batik bat irabazi-asmorik gabeko erakundeen esku bada (hemendik aurrera, erakunde sustatzaileak). 16.1 artikuluan «in fine» aipatzen diren kooperatibetarako, hezkuntza-proiektuen tutoretza duten instituzio akademikoak.

3.– 16.3 artikuluko jardueretarako: enpresa-bideragarritasuneko azterlanak legez egin ditzaketen kanpoko aholkularitza-enpresak. Aholkularitza-enpresa horien partaidetzan gehiengoa izan behar dute gizarte-ekonomia ordezkatzen duten erakundeek, edo kooperatibaren edo lan-sozietatearen forma juridikoa duten aholkularitza-enpresek, gizarte-ekonomia ordezkatzen duen erakunderen batekiko lotura badute.

4.– 16.4 artikuluko jardueretarako: beren helburu sozialen artean gizarte-ekonomiako enpresak sustatzea eta eratzea duten gizarte-ekonomiako enpresen elkarte-erakundeak, beren jardueren esparruan, gutxienez, bi urteko eskarmentua dutenak.

5.– 16.5 artikuluaren jardueretarako: kooperatiben federazioak edo konfederazioak, lan-sozietateen elkarteak, eta elkarte-egiturak, haien kideak direnean Gizarte Ekonomiari buruzko 5/2011 Legearen 5. artikuluan arautzen diren multzoetako elkarte-erakundeak.

18. artikulua.– Erakunde onuradunek bete beharreko baldintza espezifikoak.

1.– 16.1 artikuluko erakunde onuradunentzat:

a) Kooperatibako edo lan-sozietateko bazkideen gizarte-ekonomiaren alorreko prestakuntza egiaztatzea, edo prestakuntza hori egiteko konpromisoa adieraztea.

b) Lankidetza-akordio bat izenpetzea, enpresaren laguntza edo aholkularitza gauzatzeko, hala badagokio.

c) Dirulaguntza eman aurretik legez eratutako gizarte-ekonomiako elkarte-egituraren batean integratuta egotea.

d) Bazkide langilearen sarrera mugagabea izango da eskabidea egiten den unean.

e) Gizarte-ekonomiako enplegu berria sortzea.

f) Laneko segurtasunari eta laneko osasunari buruzko arauek ezarritako baldintzak betetzea, Prebentzio Zerbitzuen Arautegia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.

2.– 16.2 artikuluko erakunde onuradunentzat: artikulu horretan ezartzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzea, eta dagokion erregistroan inskribatuta egotea agindu hau argitaratu baino lehenago.

3.– 16.3 artikuluko erakunde onuradunentzat: bideragarritasun-azterketa egiten den enpresako langileen edo gutxienez haren plantillaren heren baten lege-ordezkariek sinatutako konpromiso idatzi bat aurkeztu beharko da, hartan adieraziz gizarte-ekonomiako erakunde bat eratuko dela, enpresa bideragarria baldin bada.

4.– 16.4 artikuluko erakunde onuradunentzat: Euskal Autonomia Erkidegoko eremukoak direnak, eta gizarte-ekonomiako forma juridikoa duen enpresa bat sortzeko ideiak sustatzen dituztenak; unibertsitateko eta unibertsitate aurreko hezkuntza-zentroetan matrikulatutako gazteei zuzendua.

5.– 16.5 artikuluko erakunde onuradunentzat: bertan parte hartzen badute erakunde publikoek (lurralde-mailan eta sektoreartean: Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak, Udalak) eta pribatuek (elkarteak, sustatzaileak, garapen-agentziak).

19. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Baremo hauen arabera kalkulatuko da zenbateko dirulaguntza eman behar zaion gizarte-ekonomiako enpresa sortu berri bakoitzari:

a) 4.000 euro, lan-kontratu mugagabearekin sartzen den bazkide langile bakoitzeko. Halakotzat joko dira gizarte-ekonomiako enpresa eratzen denetik 2020ko uztailaren 10a eta 2021eko abuztuaren 31 bitartean (egun biak barnean direla) sartzen diren bazkide langile guztiak.

Aurreko paragrafoan bazkide langileak aipatzen direnean, nekazaritza-kooperatiben kasuan, ulertu behar da eskubide osoko bazkideak aipatzen ari direla.

b) Aurreko atalean zehaztutako kopuruari 1.000 euro gehitu beharko zaizkio kasu hauetako bakoitzarengatik:

– Emakumeak izatea, erakundeko bazkide langile edo lan-bazkideen gehiengoa emakumeak badira.

– Desgaitasunen bat izatea, hau da, desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsoriala izatea, eta, gutxienez, % 45eko desgaitasuna onartua izatea.

– Eusko Jaurlaritzak eta Enplegu Ministerioak espetxeei buruz izenpetutako hitzarmena aintzat hartuta, sozietate kooperatibo edo lan-sozietateetan bazkide langile edo lan-bazkide gisa sartutako hirugarren graduko presoak eta baldintzapean aske utzitakoak izatea.

– Guraso bakarreko familiako aita edo ama izatea, hau da, ordaindutako jarduerarik egiten ez duten ondorengo bat edo batzuk mendeko izatea.

– Etxeko indarkeriaren biktimak izatea; alegia, egoera horretan daudela ulertuko da, pertsona bera edo seme-alabak ezkontidearen edo antzeko harremanen baten bidez lotura egonkorra izan duen pertsonaren indarkeria fisiko edo psikikoaren biktimak izan direnean, betiere gertakari horiek salatu izan direnean, dagokien auzialdi polizial edo judizialetan.

– Araututako laneratze-enpresa batean gizarteratze- eta laneratze-prozesua bukatu duten pertsonak izatea, baldin eta pertsona horien kontratazioa aipatutako prozesua amaitu ondorengo lehen hamabi hilabeteetan gertatzen bada. Laneratze-enpresa horien kalifikazioa azaroaren 11ko 182/2008 Dekretuan arautzen da, eta horietara sartzeko prozedura eta horien erregistroa ezartzen dira. Kontratazioa gizarteratze- eta laneratze-prozesua amaitu eta berehala egiten bada, ez da eskatuko langabe gisa erregistratuta egotea.

– Terrorismo-ekintzen biktimak izan diren pertsonak izatea, Terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema garatzen duen azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuaren III. kapituluan horien kontratazioa sustatzeko ezarritakoaren arabera, eta terrorismo-ekintzen biktimen seme-alabak eta ezkontideak izatea, biktima hori hil egin bada edo ordaindutako jarduera egitea galarazten dion ezintasun-egoeran geratu bada.

– Toxikomano ohiak izatea (alkoholiko eta drogazale ohiak). Agindu honetan aurreikusitako laguntzen ondorioetarako, halakotzat hartuko dira lantalde terapeutikoaren iritziz desintoxikazio- eta desohitze-faseak gaindituta etengabeko tratamenduan sei hilabete baino gehiago daramaten pertsonak, lanaren bitartez gizarteratzeko programa batean sartzea interesgarritzat jotzen bada.

Pertsona bera bada aurreko egoera batean baino gehiagotan dagoena, hasiera batean zehaztutako zenbatekoari 1.000 euro gehituko zaio egoera bakoitzeko, baina dirulaguntza gehienez ere 6.000 eurokoa izango da sartzen den bazkide langile bakoitzeko edo laneko bazkide bakoitzeko.

c) Dirulaguntzak, a) eta b) letren arabera kalkulatuta, ezin izango du inola ere gainditu sozietateko bazkide-langileek harpidetutako kapitalaren kopurua, eta 30.000 eurotik gorakoa ere ez da izango.

2.– 16.1 artikuluko jardueretarako: aurreko atala aplikatzearen ondorioz ateratzen den kopuruaren % 100.

3.– 16.2 artikuluko jardueretarako: artikulu honen 1. atala aplikatzearen ondorioz ateratzen den kopuruaren % 30.

4.– 16.3 artikuluko jardueretarako: bideragarritasun-azterlanaren kostu garbiaren % 70, eginiko azterlan bakoitzeko 3.000 euroko mugarekin.

5.– 16.4 artikuluko jardueretarako: erakunde onuradunak aurrera eraman dituen jardueren kostuen % 75, 30.000 euroko mugarekin.

6.– 16.5 artikuluko jardueretarako: diruz lagundutako jarduerak aurrera eramateko erakunde onuradunak erabili dituen baliabide materialen eta giza baliabideen kostuen % 85, 10.000 euroko mugarekin.

20. artikulua.– Ordaintzeko era.

Kapitulu honetan adierazitako dirulaguntzak ordaintzeko, honako formula hau aplikatuko da:

a) Lehenengo ordainketa batean, dirulaguntza osoaren % 80 ordainduko da, dirulaguntza esleitu ostean, dirulaguntza emango dela jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera hamabost egun igarotakoan, betiere esanbidez uko egin ez bazaio.

b) Bigarren ordainketan, % 20 ordainduko da; aurretik aurkeztu behar dira, 21. artikuluan ezarritako epeetan, agindu honek ezartzen dituen betebeharrak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak, eta, zehazkiago, honako hauek:

– 16.1 artikuluko jardueretarako:

– Agindu honen 21.1 artikuluan aipatzen den Bazkideen Liburuaren kopia konpultsatua edo erakundearen ziurtagiria.

– Legez eratutako gizarte-ekonomiako elkarte-egitura batekoa dela egiaztatzen duen ziurtagiria.

– 16.2 artikuluko jardueretarako: 21.2 artikuluak aipatzen duen memoria aurkeztu beharko da, artikulu horretan nahitaezkotzat jotzen diren agiriekin batera.

– 16.3 artikuluko jardueretarako: Egindako azterlanaren kopia eta hura gauzatzeko guztira izandako kostua justifikatzen duten agiriak.

– 16.4 eta 16.5 artikuluko jardueretarako: Egindako jardueren memoria eta haiek gauzatzeko guztira izandako kostua justifikatzen duten agiriak.

21. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentuak.

Agindu honetan jasotako onurak eskuratu nahi dituzten erakundeek, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera:

1.– 16.1 artikuluko jardueretarako:

a) Enpresa-proiektuaren plana edo planak, lehenengo ekitaldi osoan aurrera eraman beharreko jarduerak azalduz, betiere kontuan hartuta COVID-19aren eragina.

b) Kooperatibako edo lan-sozietateko langile bazkideen gizarte-ekonomiaren arloko prestakuntza, edo prestakuntza hori jasotzeko hartutako akordioa egiaztatzen duten agiriak, prestakuntza hori irakatsiko duen erakundearen izena adieraziz.

c) Lan-segurtasun eta -osasunari buruzko arauek ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak, Prebentzio Zerbitzuen Arautegia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz.

d) Bazkide-liburuaren kopia, baita enpresan sartutako pertsonekin egindako sozietate-kontratuen edo lan-kontratuen kopia ere.

e) Sustatutako erakundearen erregistro-inskripzioaren edo inskripzioaren aurkezpenaren kopia, eta sozietatean sartutako bazkide bakoitzaren kapitalerako ekarpenaren banku-frogagiria.

f) Ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda dagoela egiaztatzen duen agiriaren kopia, edo horretarako eskabidea aurkeztu izana ziurtatzen duen agiriaren kopia.

g) Legez eratutako gizarte-ekonomiako elkarte-egitura batekoa dela egiaztatzen duen dokumentazioa.

h) Hala badagokio, minusbaliotasunaren ziurtagiri ofiziala, dagokion foru-aldundiak emana, minusbaliotasun-maila adieraziz.

i) Hala badagokio, Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpena, Espetxeratuen Zaintzarako Epaitegiaren autoa, edo espetxeak emandako ziurtagiria.

j) Hala badagokio, bizikidetza-egiaztagiria, familia-liburuaren kopia eta erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baitu bere kargura duela ordaindutako jarduerarik ez duen ondorengo bat edo gehiago, baldin eta kontratatutakoek euren kargura badute ordaindutako jarduerarik ez duen ondorengo bat edo gehiago.

k) Etxeko indarkeriaren biktima izan direnen kasuan, egoera hori etxeko indarkeriaren biktimak babesteko aginduaren bidez egiaztatzen duen agiria.

l) Gizarteratze- eta laneratze-prozesua laneratze-enpresa batean amaitu duten pertsonen kasuan, prozesua zein datatan amaitu zen egiaztatzen duen agiria, laneratze-enpresak emana.

m) Terrorismoaren biktimak izan direnen kasuan, aurreko lanpostuko lanak normaltasunez egitea zaildu edo galarazi duten gorabeherak terrorismo-ekintzaren ondorio izan direla egiaztatzen duten agiriak. Kontratatutako pertsona terrorismoaren biktimaren ezkontidea edo seme-alaba bada, familia-liburuaren fotokopia eta biktimaren heriotza edo ezintasuna terrorismo-ekintza baten ondorio izan zela egiaztatzen duen dokumentazioa.

n) Toxikomano ohien kasuan, kontratatutako pertsona errehabilitazio-programara sartzea onartzen duen jakinarazpenaren kopia, Enplegu eta Prestakuntzako zuzendariak emana.

2.– 16.2 artikuluko jardueretarako:

a) Erakunde sustatzailearen eta sustaturiko erakundearen arteko lankidetza-akordioa egiaztatzen duen agiria.

b) Aurreikusitako jarduerei, gastu-aurrekontuari eta finantzazio-planari buruzko memoria zehatza.

c) Enpresa-jarraipen eta -aholkularitzarako plana, non aurreikusitako metodologia adieraziko baita.

3.– 16.3 artikuluko jardueretarako:

a) Bideragarritasun-azterlaneko proiektuaren memoria.

b) Enpresa 16.3 artikuluan jasotzen diren egoeretako batean dagoela azaltzen duen justifikazioa.

Erakunde interesdunek ez dute eskatutako agiririk aurkeztu beharrik izango, baldin eta aurretiaz aurkeztu badituzte eta baldintza beretan indarrean badaude, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.d) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

4.– 16.4 eta 16.5 artikuluko jardueretarako: Aurrera eraman beharreko jardueraren plan zehatza, honako hauek jasoko dituena: helburuak, baliabide materialak eta giza baliabideak, diru-sarrera eta gastuen aurrekontua, jarduketen kronograma eta aurreikusitako jardueren ebaluaziorako tresnak.

5.– Eskatzaileari dirulaguntza jasotzeko eskubidea onartzen bazaio, dirulaguntzaren ordainketa jasotzeko Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena. Erregistratu gabe egonez gero edota jasota dauden datuak aldatu nahi izanez gero, alta edo aldaketa egin daiteke hemen: https://www.euskadi.net/hirugarrenak

22. artikulua.– Erakunde onuradunen betebehar espezifikoak.

1.– 16.1 artikuluko jardueretarako:

a) Dagokion erregistroan inskribatu ondorengo urtean, sustatutako enpresek hau egin beharko dute:

1) Enpresa eratzen denean sortzen diren lanpostuen mailari eustea, horren arabera zehaztu baita dirulaguntzaren zenbatekoa; hala ez bada, laguntzak osorik edo partzialki itzuli beharko dira bere horretan gordetako lanpostu-kopuruaren arabera.

Aldi horretan, bazkideen artean baja edo sarrera berririk izan bada, sarrera horiek hasierako sarreren baldintza soziolaboral berberetan egin behar dira.

Betebehar hori betetzen dela egiaztatzeko, erakunde onuradunak bazkideen liburuaren kopia konpultsatua igorri beharko dio Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari, hamabi hileko aldia amaitu eta hilabeteko epean. Aipatutako kopia konpultsatuaren ordez, sozietateak emandako ziurtagiri bat igorri ahal izango da, non zehaztuko baita ziurtagiria ematen den unean jardunean dauden bazkide langileen edo bazkide langile gisa gizarte-segurantzan alta emanda dauden pertsonen zerrenda, baita erakundea eratu zenetik emandako bajen zerrenda ere. Aurkeztu beharreko dokumentazioa epe horretan aurkeztu ezean, errekerimendua egin eta 10 eguneko epea jarriko zaio erakundeari, horiek aurkezteko, ondorio horietarako. Epe hori igaro, eta eskatutako dokumentazioa aurkezten ez badute, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzeko deklarazio-espedientea irekiko da, eta justifikatu gabeko aldiari proportzionalki dagokiona itzuli beharko dute, hala badagokio, haren erdia baino handiagoa bada.

2) Elkarte-egitura batean integratuta jarraitu beharko dute.

Artikulu honen 2. atalean aipatzen den memoriaren bidez egiaztatu beharko dira aurreko paragrafoetan ezarritako baldintzak; horretarako, memoriari ziurtagiriak erantsiko zaizkio.

b) Erakundea behar den erregistroan inskribatu denetik hiru urte betetzen direnean, sustatutako enpresek:

1) Gizarte-ekonomiako enpresa izaten jarraitu beharko dute.

Dirulaguntza ematen duen administrazioak ofizioz egiaztatuko du egoera hori; horretarako, kooperatibek Kooperatiben Erregistroan aurkeztu behar dituzten urteko kontuak aztertuko ditu. Aurkeztu ezean, errekerimendua egin eta 10 eguneko epea jarriko zaie horiek aurkezteko, ondorio horietarako. Epe hori igaro eta konturik aurkezten ez badute, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzeko deklarazio-espedientea irekiko da, eta ordaindutakotik justifikatu gabe dagoen aldiaren zati proportzionala itzuli beharko dute.

Onuradunak lan-sozietateak direnean, dirulaguntza ematen dien administrazioari aurkeztu beharko dizkiote kontuak, Merkataritza Erregistroan gordailua egiteko legezko epean. Bestela, lehen deskribatutako prozedurari jarraituko zaio.

2) Elkarte-egitura batean integratuta jarraitu beharko dute.

Dirulaguntza ematen duen administrazioak ofizioz egiaztatuko du ea betetzen den 3 urtez elkarte-egitura batean integratuta jarraitzeko betebeharra; horretarako, elkarte-erakundeei ziurtagiria eskatuko die.

c) Nolanahi ere, agindu honen ondorioz jasotako zenbatekoak Erreserba Berezi batera zuzendu beharko dituzte diruz lagundutako kooperatiba eta lan-sozietateek, eta erreserba hori banatu ezinekoa izango da, harik eta sozietatea bera azkentzen edo eraldatzen den arte; ukatu gabe, dirulaguntza jasotzen duen enpresan galerarik badago, galera horiek zenbateko horrekin konpentsatzeko aukera.

Baldintza hori betetzen dela egiaztatzeko modua aurreko 21.1. b).1 letran ezarritako bera izango da; baldintza ez betetzeak, berriz, letra horretan adierazitako ondorio berberak izango ditu.

2.– 16.2 artikuluko jardueretarako: Erakunde sustatzaileek enpresa-planaren bilakaera azaltzen duen memoria aurkeztu beharko dute, hilabeteko epean, dirulaguntza eman zen egunetik urtebete igarotzen dentik aurrera.

Era berean, diruz lagundutako jarduera amaitu eta hilabeteko epean, memoria bat aurkeztu beharko dute kooperatibaren edo lan-sozietatearen enpresa-bilakaera eta lortutako emaitzak azaltzeko, aurreko artikuluko a) letran aipatutakoarekin batera.

3.– 16.3 artikuluko jardueretarako: arau honetako 16.3 artikuluan aipatzen den aholkulari adituak sinatu beharreko bideragarritasun-azterlana egitea, hura amaitu eta hilabeteko epean, eta aurkeztutako proiektuaren arabera.

Epe horretan aurkeztu ezean, artikulu honetako 1 zenbakiko b) letran ezartzen den prozedurari jarraituko zaio.

4.– 16.4 eta 16.5 artikuluko jardueretarako: Esanbidez adieraztea Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailaren babesa.

III. KAPITULUA
LURRALDE-SUSTAPEN PLANIFIKATURAKO LAGUNTZAK

23. artikulua.– Dirulaguntza izan dezaketen jarduerak.

1.– Gizarte-ekonomiako enpresen lurralde-sustapen planifikaturako ekintza-plan bat landu, garatu eta gauzatzea, agindu honen 25. artikuluko eskakizunei jarraikiz. Gizarte-ekonomiako enpresen oinarriak laneko parte hartzea, aberastasuna sortu eta orekaz banatzea, eta enplegua sortzea izango dira. Ekintza-planen erakunde egileek, berriz, eskualde-oinarriko lurralde-eremu jakin batean finkaturiko hezkuntza-erakundeen eta gizarte-ekonomiako enpresen parte hartzea izan beharko dute, alde batetik, eta, bestetik, erakunde horiek enpresa-mintegi bat bermatzeko adinako egitura izan beharko dute eskura, 25. artikuluan araututako ekintza-plana aplikatzeko.

2.– Agindu honen ondorioetarako, gizarte-ekonomiako enpresen eskualde-oinarriko lurralde-eremua mugatzeko, Eustatek ezarritako eskualde naturalen araberako lurralde-banaketa erabiliko da, baita eskualde horien eragin-eremua ere.

24. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Dirulaguntza honen onuradun izan ahalko dira berezko nortasun juridikoa duten erakundeak, eskakizun hauek betetzen badituzte:

a) Helburuen artean enpresa-sustapena izatea.

b) Ekintza-plan bat aurkeztea hurrengo artikuluan zehaztutako edukiarekin.

c) Gutxienez hiru urteko eskarmentua erakutsi beharko dute, lurralde-sustapen planifikatuko mota horretan, erakunde eskatzaileak, edo 25. artikuluan arautzen den jarduketa-planean parte hartzen duten gizarte-ekonomiako erakundeek.

d) Erakunde eskatzailearen konpromiso idatzia aurkeztea, non adieraziko baita enpresak sortzeko jarduera garatzeko borondatea duela, batez ere gizarte-ekonomiako enpresak sustatzeko, eta, modu subsidiario batean soilik, enpresak sortzea ezinezkoa bada, gizarte-ekonomiako sozietate-enplegua sortzeko borondatea duela.

25. artikulua.– Jarduketa-planaren baldintza zehatzak.

a) Jarduketa-planak eduki hauek izan beharko ditu:

1) Helburu kuantitatibo eta kualitatiboak, gizarte-ekonomiako enpresak eratzeko sustapenari buruzkoak, eta, hala badagokio, gizarte-ekonomiako enplegu asoziatiboa sortzekoak.

2) Gizarte-ekonomiako enpresak sortzeko eredua.

3) Ekintzailetza-prozesuaren faseak.

4) Sortuko diren gizarte-ekonomiako enpresen sustapen-prozesuari lotutako baliabide materialen eta giza baliabideen beharrezko oinarrizko egitura.

5) Gizarte-ekonomiako enpresak sustatzeko plangintzan jasotakoa gauzatzeko behar diren gastuak, finantzaketa zehaztuta, eta barne direla xedea lortzeko atzerriko erakundeekiko lotu behar izan diren harremanetatik eratorritako gastuak.

b) Jarduketa-planaren barruan, egiaztatuta egon beharko du enpresa-jardueran arituko diren pertsonei etorkizuneko proiektuekin lotutako prestakuntza teknikoa emango dieten hezkuntza-erakundeak badirela lurraldean.

c) Jarduketa-planaren barruan, egiaztatuta egon beharko du plan horretan parte hartuko dutela etorkizuneko proiektuei babesa eskainiko dieten gizarte-ekonomiako enpresek edo erakundeek. Proiektu bakoitzerako, jarduketa-planean zehaztu behar da laguntzaren nondik norakoa eta parte-hartze horren finantza-arloko edo beste edozein arlotako inplikazio-maila.

26. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Lan eta Enplegu Sailak hauei emango die dirulaguntza:

1.– Gizarte-ekonomiako enpresak sustatzeko gastu orokorren % 75, gizarte-ekonomiako ekintzailetzari ekiteko erakunde onuradunak jarduna egiten duen lurraldean, gehienez ere 30.000 eurorekin.

2.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartzen duen jarduketa-planean sortuko den gizarte-ekonomiako enpresa-proiektu bakoitzerako, edo horren faltan, gizarte-ekonomiako enpresa batean sortutako sozietate-lanpostu bakoitzerako, aurreikusitako gastuaren % 75; sortutako proiektu bakoitzeko, gehienez 9.000 euro izango dira, eta, sortutako sozietate-lanpostu bakoitzeko, gehienez 3.000 euro.

Enpresa horiek eratzeko 18 hileko epea dago, gehienez, dirulaguntza emateko ebazpenetik aurrera.

3.– Nolanahi ere, onuradun bakoitzak 70.000 euro jaso ditzake gehienez.

27. artikulua.– Ordaintzeko era.

a) Lehen ordainketan dirulaguntza osoaren % 50 ordainduko da, emakida jakinarazi eta hurrengo egunetik hamabost egun igaro ondoren, esanbidezko ukorik izan ez bada.

b) Bigarren ordainketan, dirulaguntza osoaren beste % 50a emango da, 25. artikuluan zehaztutako baldintzak betetzen direla egiaztatzen denean. Horretarako, sustapen-jardueraren urteko aldiaren memoria xehakatua aurkeztu beharko dute aurretiaz erakunde eskatzaileek, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzan, memoria horretan esanbidez jasoz egindako jarduera osoa: gizarte-ekonomiaren arloko enpresen sustapena eta halakoak ez diren erakundeen sustapena ere bai, halakorik bada, zabalkunde-jardueraren ondorioz; eta egindako gastua justifikatzeko dokumentazioa ere bai, jatorrizko fakturak edo fotokopia konpultsatuak erakutsiz. Egiaztagiri horiek guztiak 18 hilabeteko epean aurkeztu beharko dira, gehienez, dirulaguntza emateko ebazpenaren egunetik aurrera.

28. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentuak.

a) Jarduketa-plana, agindu honen 25. artikuluan ezarritako baldintza eta eskakizunekin.

b) 25.b) artikuluan aipatzen diren lurraldeko hezkuntza-erakundeen egiaztagiriak, eta erakunde horiek proiektuan duten inplikazioaren frogagiria.

c) Etorkizuneko proiektuei babesa emateko gai diren gizarte-ekonomiako enpresa edo erakundeek proiektuan duten parte-hartzeari buruzko egiaztagiria, 25.c) artikuluan ezarritakoaren arabera.

IV. KAPITULUA
GIZARTE-EKONOMIAKO ENPRESAK FINKATZEKO LAGUNTZAK

29. artikulua.– Dirulaguntza izan dezaketen jarduerak.

1.– Kapitulu honen ondoreetarako, diruz lagun daitezkeen jarduerak honako hauek direla ulertuko da:

a) Lanbide-heziketa enpresaren xedea osatzen duten zereginetan edo lan-trebakuntza hobetzeko zereginetan.

b) Enpresa-kudeaketako tresnen ezarpena, era honetako tresnetan langileei eman beharreko prestakuntza barne.

2.– Kapitulu honen babespean dirulaguntza jaso ahal izateko, jarduera horiek ekintzailetzarako 2020ko eta 2021eko deialdietan enpresa onuradunei zuzendutakoak edo enpresa onuradunek jasotakoak izan behar dute, enpresa eratzeko atalean.

30. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Dirulaguntza-lerro honen onuradun izan ahalko dira gizarte-ekonomiako enpresen elkarte-erakundeak.

31. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentuak.

Artikulu honetan aipatzen diren elkarte-erakundeek, eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak gauzatzeko aurreikusitako memoria eta lan-plana. Bertan, iraupena, metodologia eta kalkulatutako aurrekontu zehaztua adierazi behar dira.

b) 29.1.a) artikuluko jarduerei buruzko eskarietan:

• Ikastaroaren ezaugarrien deskribapena, salbu eta erakunde onuraduna bera bada ikastaroa ematen duena. Kasu horretan, prestakuntza emango duen erakunde onuraduneko pertsonaren edo pertsonen curriculuma aurkeztu beharko da.

c) 29.1.b) artikuluko kudeaketa aurreratuko jarduerei buruzko eskarietan:

• Aholkulariaren edo aholkularitza-lanaren arduradunaren curriculuma.

• Erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, ez zuzenean ez zeharka aholkularitzarekin edo pertsona fisiko aholkulariarekin ez akzioen ez partizipazioen bidez inolako loturarik ez duela adieraztekoa.

32. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eta mugak.

a) 29.a) artikuluan jasotako prestakuntzaren kasuan: ikastaroaren kostuaren % 85 emango da, eskabidean aurkeztutako eta Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak baliozkotu eta onartutako aurrekontu-planifikazioaren arabera.

b) 29.b) artikuluko kudeaketa-tresnen kasuan: aholkularitza-enpresaren jardueraren kostuaren % 75 emango da, ezarritako tresna bakoitzeko gehienez ere hiru mila (3.000) euroko mugarekin.

Agindu honi egotzitako baliabide ekonomikoak baldintzak betetzen dituzten eskari guztiei erantzuteko beharrezko diren horiek baino gutxiago badira, honela jokatuko da:

– Diruz lagun daitezkeen bi jardueretako bakoitzera 157.500 euro bideratu ondoren zenbatekoa ez bada aski atalen batean emandako dirulaguntzak ordaintzeko, horren arabera jokatuko da, hau da, egon daitezkeen soberakinak gehituko dira aski ez den partidara.

– Dauden baliabide ekonomikoekin ez bada aski, onuradun guztien artean hainbanatuko da.

33. artikulua.– Ordaintzeko modua.

Ordainketa bakarrean ordainduko da, dirulaguntza ebatzi ostean.

34. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

Dirulaguntzaren azken justifikazioa 2021eko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da. Erakunde onuradunak memoria eta egindako gastuaren egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu. Horretarako, diruz lagundutako jarduerari egotzitako ordainagirien kopia elektronikoak aurkeztuko ditu. Egindako lanen kopia ere aurkeztu beharko du.

XEDAPEN GEHIGARRIA

De minimis araua.

Dirulaguntzen araubide hau, 16.1, 16.3, 16.4 eta 16.5 artikuluei dagokienez, Europako Batzordeak ezarritako de minimis arauari lotzen zaio (Batzordearen 1407/2013 (EE) Erregelamendua, 2013ko abenduaren 18koa). Hortaz, Lan eta Enplegu Sailak behar diren neurriak hartu beharko ditu, agindu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun diren erakundeek zuzenean enplegua sortzeko jasotako de minimis laguntzekin hiru urteko epean 200.000 euro baino gehiago jaso ez dezaten, abian den ekitaldi fiskala eta aurreko bi ekitaldi fiskalak aintzat hartuta. Dirulaguntza emateko ebazpenean, erakunde onuradunari jakinaraziko zaio emandako laguntza de minimis izaerakoa dela eta Administrazioak eskubidea duela erakunde onuradunaren aldetiko informazio guztia lortzeko, de minimis laguntza orori buruzkoa, uneko ekitaldi fiskalean eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.

Agindu honetan adierazitako dirulaguntzetarako, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua); Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko oinarrizko arauak (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan garatutako lege organikoa).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio; beraz, honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke EAEko Enplegu Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46. artikuluetan ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 20a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala