Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

145. zk., 2021eko uztailaren 22a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4150

AGINDUA, 2021eko uztailaren 6koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baita Ikertzaile Doktoreentzako Hobekuntzarako doktoretza-ondoko programarako laguntzak berritzea eta laguntza berriak ematea, eta horietarako deialdia egiten baita 2021-2022ko ikasturterako.

Hezkuntza Sailak badaki aktiboki parte hartu behar duela Euskadin ikerkuntzan diharduten giza baliabideak ugaritzen eta haien kalitatea hobetzen lagunduko duten programen sustapenean. Horretarako, zenbait jarduera gauzatu ditu azken urteotan, eta horien artean daude ikertzaile doktoreen hobekuntzarako laguntzak.

Ikertzailearen Europako Gutunean (EEE/2005/251/EE), ikertzaileak definitzen dira jakintza, ezagutza, produktu, prozesu, metodo eta teknika berriak sortzen diharduten profesionalen multzo modura. Sailkapena gorabehera, definizio horretan biltzen dira karrerako edozein etapatan ikerkuntzan eta garapenean ari diren pertsona guztiak. Horrela, doktoretza-ondoko aldiaren aurreneko etapetan ikertzaile doktoreen prestakuntza eta espezializazio zientifikoa sustatu nahi hori Eusko Jaurlaritzak arlo horretan ematen duen bigarren urratsa da. Lehenengoa, ordea, doktoretzari lotutako konpetentziak eta trebetasunak eskuratzea da.

Ikerketako giza baliabideak sustatzeko politikan kokatzen da programa hau, 2019-2022 Unibertsitate Planaren eta Eusko Jaurlaritzaren Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren esparruan, eta horren helburua ikertzaile doktoreen prestakuntza eta espezializazio profesionala sustatzea da. Ekintza hori oso garrantzitsua da, Euskal Autonomia Erkidegoak ahalegin handiak egin behar baititu oraindik Europako beste herrialde batzuetan ikerketa zientifikoaren eta teknikoaren alorrean dituzten giza baliabideak berdintzeko, bai eta zientziaren eta teknologiaren alorrean belaunaldi berri bat sortzeko ere. Hori guztia Ikertzailearen Gutun Europarrari eta Ikertzaileak Kontratatzeko Jokabide Kodeari (EEE/2005/251/CE) buruzko Europako Erkidegoko Batzordearen Gomendioaren eta 2011ko ekainaren 1eko Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Legearen arabera (aurrerantzean, ZTBL).

Deialdi honetan, jarraipena ematen zaio neutronikan eta partikula-azelerazioan ikerketa indartzeko laguntza-lerro espezifikoari; izan ere, gaur egun, interes bereziko arloa da hori Europar Batasunean, eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoan. EAEren etorkizun zientifiko, teknologiko eta industrialerako balio estrategikoa du arlo horrek, euskal I+G+B etorkizunean garatzeko aukera bat izateaz gain. EAEn arlo horretako komunitate zientifikoa indartzea eta zabaltzea lehentasunezko xedea da Europako Batzordeak Europako ESS Lund neutroi bidezko espalazio-iturriaren eragiketari dagokionez ezarritako xede zientifikoak finkatzeko.

Deialdi honek badu berrikuntza bat: hezkuntzaren arloko ikerketa-lerro espezifiko bat, Hezkuntza Sailaren politika eta lehentasunekin bat datozen ildo estrategikotan ikerketa sustatzeko helburuarekin.

Deialdi honen bidez, ikertzaileen hobekuntza-programa eskaintzen da doktoretza-ondoko lehen fasean; hiru urteko iraupenekoa izango da gehienez, eta doktoreak lan-kontratu bat sinatu beharko du ikerkuntzan diharduen EAEko erakunderen batekin. Unibertsitatea, ikerketa-zentroa eta/edo ikerketa sanitarioko institutua izan beharko da erakunde hori, publikoa edo pribatua, baina irabazi-asmorik gabekoa, eta I+G+b-n egiaztatutako gaitasuna eta jarduna duena, sozietatearen egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan (aurrerantzean, EAE) eta kontratatzeko gaitasuna duena. Hala, lehen bi urteetan, atzerriko ikerketa-zentro batera lekualdatutzat hartuko da.

Programa horrekin, Hezkuntza Sailak eredu bat proposatzen du, ikertzaileen prestakuntzaren kalitatea eta eraginkortasuna zaindu eta onuradunak lan-mundura hurbilduko dituena, lan-kontratu bat izango dutelako, urtero ebaluagarria izango dena.

Eskabidea egiteko, sail honetako egoitza elektronikoaren bitartez eskura daitekeen inskripzio-inprimakia bete beharko da, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 28.1 artikulua aplikatuz; izan ere, dekretu horrek ezartzen duenez, interesdunak nahitaez elektronikoki komunikatu beharko dira, baldin eta pertsona juridikoak edo pertsona fisikoen kolektiboak badira, eta pertsona horien gaitasun ekonomikoa edo teknikoa, lanbide-jarduera edo egiaztatutako bestelako arrazoiak direla-eta, pertsona horiek bermatuta badaukate sarbidea eta beharrezko diren bitarteko teknologikoak badituztela.

Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak –EAEko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak– sail honi eskumenak eman dizkio zientzia-alorreko politikan eta ikerketa teorikoa eta aplikatua sustatu eta koordinatzeko arloan.

Deialdi hau ebazteko, kontuan izango dira administrazio publikoen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioak –publikotasuna, lehia, objektibotasuna, ezarritako helburuak lortzeko eraginkortasuna eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko efizientzia–, betiere EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginari jarraikiz (arazoaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartu zuena), eta kontuan hartuta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra (Dirulaguntzen lege orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatu zuen lege hori) eta dirulaguntzei aplikatzen zaizkien gainerako xedapenak; era berean, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz. Halaber, adierazi behar da Hezkuntza Sailaren 2021erako Dirulaguntzen Plan Estrategikoak deialdi hau jasotzen duela 1. helburu estrategikoa betetzeko dirulaguntza-lerroen barruan. Plan hori helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/dirulaguntzen-plan-estrategikoa/web01-s2hhome/eu/

Horrenbestez, eta 2021eko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legea onetsi denez, hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
PROGRAMAREN XEDEA ETA BALDINTZAK
1. atala
Xedea, zentroak eta finantzaketa

1. artikulua.– Xedea eta helburua.

1.– Agindu honen bidez, EAEko ezarpen-zentroetan hobekuntzarako programetan izango diren ikertzaile doktoreentzako eta 2021-2022ko ikasturtean atzerrira joango diren ikertzaile doktoreentzako laguntzen oinarri arautzaileak eta deialdia ezarri nahi dira. Deialdiak barne hartzen ditu bai laguntza berriak eta bai 2020-2021eko ikasturterako emandako laguntza-berritzeak.

2.– Programaren xedea ikertzaile doktoreen hobekuntza sustatzea da.

2. artikulua.– Ezarpen-zentroak eta atzerriko zentroak.

1.– Ezarpen-zentroak: laguntzak irauten duen artean, ikertzaile doktoreak kontratu bidez jardungo diren zentroak unibertsitateak, ikerketa-zentroak eta/edo ikerketa sanitarioko institutuak izan beharko dira, publikoak edo pribatuak, baina irabazi-asmorik gabekoak; era berean, egoitza soziala EAEn izanda, I+G+b-n egiaztatutako jarduna eta kontratatzeko gaitasuna izan beharko dute, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES) agente gisa akreditatuta egon beharko dute ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren arabera. Laguntza hau indarrean den bitartean akreditazio hori galtzen bada, ezarpen-zentroa ZTBESen beste agente akreditatu batek ordeztuko du, laguntzaren onuradunak proposatuta.

Ikerbasque Fundazioak agente kontratatzaile gisa parte hartuko du eskatzailearen eta ezarpen-zentroaren arteko kontratua zuzenean gauzatu ezin daitezkeen kasuetan. Horretarako, Ikerbasque fundazioak hitzarmenak sinatu beharko ditu EAEn egoitza duten unibertsitate publiko nahiz pribatuekin eta ikerketa-zentroekin eta/edo ikerketa sanitarioko zentroekin (publiko nahiz pribatuekin).

2.– Atzerriko zentroak: ikertzaile doktoreak bolada baterako ikerkuntzan jardutera doazen atzerriko zentroak irabazi-asmorik gabeko unibertsitateak edo ikerketa-zentro publiko eta pribatuak izango dira, eta ez dira izango doktoretza-ikasketak egin dituzten zentroak. Eskatzaileak atzerritarrak badira, atzerriko zentroa ez da egongo beren jaioterrian.

3. artikulua.– Jarduera-lerroak eta ezagutza-esparruak.

1.– Programan honako jarduteko ildo hauek biltzen dira:

a) Laguntza berrien lerroa, zeinaren bidez finantzatzen baitira ikertzaile doktoreen kontratu berriak ikerketa-arlo orokorretan.

b) Berritzeen lerroa, zeinaren bidez berritzen baitira 2020-2021eko deialdian emandako laguntza berriak eta lehenengo berritzeak.

c) Laguntza berrien lerroa, zeinaren bidez finantzatzen baitira ikertzaile doktoreen kontratu berriak ikerketa-arlo espezifikoetan.

d) Berritzeen lerroa, zeinaren bidez berritzen baitira 2020-2021eko deialdian egindako ikertzaile doktoreen kontratu berriak ikerketa-arlo espezifikoetan.

Lehiakide bakoitzak laguntza berrien lerro bakar batean –orokorrak ala espezifikoak– aurkeztu beharko du eskabidea.

2.– Agindu honetako I. eranskinean daude zerrendatuta laguntza berriak eskatzeko aukera ematen duten ezagutza orokorraren arloak.

Lehiakide bakoitzak arlo bakar batean aurkeztu beharko du eskabidea, eta arlo horretan aztertuko da eskabidea.

3.– Ikerketa-arlo espezifiko hauetarako eska daitezke laguntza berriak:

a) Neutronika:

– Polimeroen eta sistema makromolekularren ikerketari aplikatutako neutroien teknikak.

– Energiarako materialen ikerketari aplikatutako neutroien teknikak.

– Material funtzionalen ikerketari aplikatutako neutroien teknikak.

– Sistema biologikoen eta material bio-inspiratuen ikerketari aplikatutako neutroien teknikak.

b) Hezkuntza:

– Digitalizazioa: Metodologia eta gaitasun tekno-pedagogikoak eta berauek ingurune digitalean-ingurune presentzialean integratzea.

– Steam proiektuak: gaitasun zientifiko-teknologikoak eskuratzea eta ikasleen Steam arloekiko jarrera aldatzea.

– Kulturartekotasuna eta eskola-arrakasta: metodologiak eta hizkuntza-gaitasunak ingurune inklusiboetan.

4.– Ikerketa Zuzendaritzak, interesdunak hala onartu ondoren, hautatutako arloa eta ildoa aldatu ahal izango ditu, betiere, eskabidearen ezaugarriak direla-eta hala komeni bada, edo kasuan kasuko aholku-batzorde espezifikoak horrelakorik gomendatzen badu.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Programaren guztizko zenbatekoa, deialdi honi dagokionez, 2.824.460,00 eurokoa da, eta aurrekontu-ekitaldien eta jarduteko lerroen arabera banakatuta ageri da taula honetan:

(Ikus .PDF)

2.– Gehienez ere 25 laguntza berri emango dira ikerketa orokorraren lerroan.

3.– Gehienez ere 3 laguntza berri emango dira ikerketa espezifikoaren lerroan, zehazki: 2 neutronikaren arloan eta 1 hezkuntzaren arloan. Arlo espezifikoetara ez bada nahikoa eskabide hautagarri aurkezten, eman ez diren laguntzak ikerketa orokorreko arloetara bideratu eta 30.4 artikuluan ezarritakoari jarraikiz esleituko dira.

4.– Gehienez ere 44 berritze emango dira ikerketa orokorraren lerroan eta 1 ikerketa espezifikoaren lerroan.

2. atala
Onuradunak, ezaugarriak, zuzendaritza eta ikerketa-proiektuak

5. artikulua.– Onuradunak.

1.– Sozietatearen egoitza EAEn duen unibertsitate batekin, ikerketa-zentro batekin, ikerketa sanitarioko zentro batekin edo Ikerbasque fundazioarekin Espainiako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sisteman sartzeko kontratua sinatzen duen ikertzaile doktorea izango da laguntza hauen onuraduna.

2.– Azaroaren 17ko Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan xedatutako egoeraren batean dauden hautagaiek ezingo dute deialdian jasotako dirulaguntzaren onuradun izan. Arrazoi beragatik, erakunde kontratatzaileek ere ezingo dute erakunde kolaboratzaile izan. Besteak beste, honako hauek dira egoera horiek:

– Ordaindu gabe izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari lotutakoak.

– Ordaindu gabe izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

– Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zigor penal edo administratiboren bat izatea edo horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean egotea.

Betekizun horiek laguntza-eskabidea aurkeztu eta ematen den dirulaguntza likidatu arte bete beharko dira.

6. artikulua.– Ezaugarriak.

1.– Kontratua: diruz lagundutako ekintzek Espainiako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sisteman sartzeko kontratu baten ezaugarriak izango dituzte. Kontratu hori Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko Legearen 22. artikuluan eta indarreko lan-araudian ezarritakoaren babesean egingo dira.

Kontratatzailearen eta ikertzaile doktorearen arteko harremana Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko Legean eta Langileen Estatutuan ezarritakotik ondorioztatzen dena izango da.

Kontratu hori sinatuta, ikertzaile doktoreak konpromisoa hartzen du esklusiboki jarduteko Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen Ebazpenaren bidez laguntza eman zaion ikerketa-proiektuan.

Hala ere, ezarpen-zentroek edozein kontratu sinatu edo daudenak luzatu ahal izateko, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenetan ezarritakoari helduko zaio, horrek ebatziko dituelako laguntza berriak esleitzeko eta daudenak berritzeko prozedurak, 31. eta 35. artikuluetan ezarrita daudenak, hurrenez hurren.

2.– Iraupena: kontratuak urtebeteko iraupena izango du, laguntza hasten den egunetik zenbatzen hasita, agindu honetako 9.1 artikuluan ezarritakoaren arabera. Kontratu horri, gehienez ere, urtebeteko bi luzapen egin ahalko zaizkio, laguntza hurrengo deialdi-aginduetan ezartzen diren mekanismoen bidez berritu aurretik. Laguntza, gehienez ere, 36 hilabeterako eman ahal izango da.

36 hilabete horiek bi fasetan antolatuko dira: lehenengoa 24 hilabetekoa izango da, eta ikertzailea atzerriko ikerketa-zentro batera joango da, bere ezarpen-zentroa utzita, ikerketa-proiektu bat gauzatzeko. Bigarren fasea, berriz, 12 hilabetekoa izango da; fase horretan, ikertzailea EAEko ikerketa-talde batean sartuko da.

Ezinbestekoa delako (bisa garaiz lortzeko ezintasuna, lanerako ezgaituta egotea, haurdunaldiko arriskua, amatasuna, adopzioa edo harrera, edoskitzaroko arriskua, aitatasuna edo antzeko egoerak) eta Ikerketa Zuzendaritzak aurretiaz baimena emanda, atzerriko zentroan ezartzeko data geroratu ahalko da, agindu honen 9.3 artikuluan ezarritako hilabeteko epean baino luzeagoan. Kasu horretan, onuraduna kontratua sinatu ondoren joango da atzerriko ezarpen-zentrora. Ezarpen-zentroan igarotako denbora aurreko lerrokadan aipatu den bigarren faseko 12 hilabeteetatik kenduko da. Gehienez ere, 12 hilabete geroratu ahal izango da atzerriko zentroan lanean hasteko data.

Egoera hauetako bat jazoz gero, ikertzaileen kontratuaren iraupena eten egingo da: aldi baterako ezintasuna, haurdunaldiko arriskua, amatasuna, adopzioa edo harrera, edoskitzaroko arriskua, aitatasuna eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonen zaintza. Horrelakoetan, etendako denbora berreskuratu ahal izango du interesdunak, berak beren-beregi eskatzen baldin badu, aurretiaz laguntzari uko egin ez badio edo eskabidea errebokatu ez baldin bada, eta betiere Ikerketa Zuzendaritzak horretarako baimena ematen badu eta aurrekontu nahikoa badago.

3.– Zuzkidura: ezarpen-zentroak izenpetzen diren kontratu guztiei emandako laguntzak erabili beharko ditu ikertzaileen ordainsari gordinak eta Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko enpresa-kuotak ordaintzeko.

Kontratatzaileek eta enplegatuek honako zuzkidura hauek jasoko dituzte 2021-2022ko ikasturtean:

(Ikus .PDF)

(*) nominaren zenbateko gordina, langile bakoitzak jasan behar dituen atxikipenak eta kotizazioak kendu baino lehen.

Ezarpen-zentroarekin izenpetutako doktoretza-ondoko kontratuak jasoko ditu kopuru horiek gutxieneko ordainsari gisa, erakunde kontratatzailearen kontura osatu daitezkeela baztertu gabe; hala bada, gehikuntza horri dagokion enpresa-kuotaren zati proportzionala ordaindu beharko du erakunde kontratatzaileak.

4.– Asegurua: laguntzen onuradunek, dagokien Gizarte Segurantzako estalduraz gain, erantzukizun zibileko, istripuen eta bidaia-laguntzako aseguru bat izango dute, interesdunarekin batera egonaldi osorako edo aldi luzeetarako atzerrira joango diren ezkontideari eta 25 urte baino gutxiagoko seme-alabei ere luza dakiekeena interesdunak hala eskatzen badu. Luzapentzat hartuko da onuradunarekin bizitzen egindako aldiari, ez bada bisitaldi edo oporraldi batengatik. Aseguru hori, era berean, antolamendu juridikoak onartzen dituen edozein frogagiriren bitartez egiaztatutako izatezko bikoteentzat ere baliagarria izango da.

Aseguru horren estaldurak aldaezinak dira.

5.– Bidaia- eta bisa-gastuak: laguntza-aldiko lehen bi urteetan, osagarri bat ezarriko da lekualdatutako zentrora joan-etorriko bidaia bat finantzatzeko urtean. Bidaia horren zenbatekoa honako taula hau kontuan hartuko da ezarriko da:

(Ikus .PDF)

Agindu honen ondorioetarako, eskatzailea EAEn erroldatuta dagoen probintziako hiriburua hartuko da jatorri-hiritzat.

Halaber, laguntzaren lehenengo urtean, joan-etorriak egiteko bisa izapidetu behar izanez gero, 200 euroko diru-osagarri bat emango da.

6.– Ordaintzeko modua. Laguntza zatika ordainduko zaie erakunde kontratatzaileei: laguntzaren % 20 (lehenengo ordainketa) ebazpen bidez esleitutako laguntza onartzean ordainduko da, edo, hala badagokio, Aginduko 11.1 artikuluan adierazitako epea igaro eta gero, onuradunak laguntzari espresuki uko egin ez badio. Gainerakoa, hiru alditan ordainduko da: 2022ko martxoan % 27; 2022ko maiatzean, % 27; eta 2022ko irailean, % 26.

Bigarren ordainketa egiteko, kontratuaren kopia aurkeztu beharko dute onuradunek, edo, hala badagokio, haren luzapenak, aplikazio informatikoaren bidez, agindu honen 9.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Prestakuntza-aldian diren ikertzaileei egindako ordainketak direla eta, ezarpen-zentroek kasuan kasuko konturako atxikipenak eta diru-sarrerak aplikatuko dituzte.

Bigarren ordainketa-aldian ordainduko zaizkio erakunde kontratatzaileari bidaiari eta bisari dagozkion gastuak. Erakunde kontratatzaileak ordainketa bakar batean ordainduko dizkio onuradunari zenbateko horiek, bigarren hileko ordainsarian.

Edonola ere, dirulaguntzaren ordainketa ezingo da egin baldin eta onuradunak ez baditu ordaindu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, orobat, itzulketa-ebazpen bat dela medio, zorduna bada.

7. artikulua.– Zuzendaritza.

Harrera-taldean ikerketa-proiektuaren zuzendaritzaren ardura hartzen duena ezin izango da egon deialdi honen eskabide berri batean baino gehiagotan.

3. atala
Eskubideak eta betebeharrak

8. artikulua.– Ikertzaile onuradunen eskubideak.

1.– Lankidetza eta beharrezko den laguntza jasotzea ezarpen-zentrotik, horrek ahal duen neurrian, bere hobekuntza-programa gauzatu ahal izateko.

2.– Sailetan eta erakundeetan integratuta egotea eta horietan parte hartzea, bere ezarpen-zentroko estatutuak onartzen duen neurrian.

3.– Ikerketa-proiektua egiten ari den zentroko estatutuak laguntza-fase bakoitzerako zehazten dituen opor-erregimena, lizentziak eta baimenak hartzea.

4.– Dagokion laguntza ekonomikoa jasotzea deialdi honetan adierazitako moduan.

5.– Dirulaguntza honen onuradunak eskubidea izango du ostatu-gastuetarako finantzaketa jasotzeko, betiere atzerriko zentroetan egindako egonaldietan ostatu-gastuak finantzatzeko Hezkuntzako sailburuaren urteko aginduan ezarritakoari jarraikiz.

6.– Erakunde batzuentzat diharduela kontuan hartuta, zientzia-jarduera gauzatzeko orduan, erakunde horien izenak erabiltzea.

7.– Norberaren ekarpenarekin bat etorriz, ikerketako jardueratik eratorritako jabetza intelektualaren eskubideak baliatzea, Jabetza Intelektualaren Legearen testu bateginak –apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuak onartutakoak– ezarritakoari jarraikiz. Eskubide horiek ez dute mendekotasunik izango egindako ikerketak sorrarazi ditzakeen beste eskubide batzuekiko, eta horiekin osagarri eta metagarri izango dira. Horrek ez du eraginik izango lan kolektibotik eratorritako baldintzatzaileetan, ikertzaile doktorea ikerketa-proiektu kolektibo batean parte hartzen ari denean edo horri lotuta dagoenean.

8.– Industria-jabetzaren gaineko eskubideei dagokionez, patenteei buruzko martxoaren 20ko 11/1986 Legearen esparruan xedatutakoa hartuko da kontuan. Horrez gain, urtarrilaren 18ko 55/2002 Errege Dekretuak xedatutakoa ere hartuko da kontuan, hala dagokionean –ikerkuntza-erakunde publikoetan egindako asmaketak ustiatzeari eta lagatzeari buruzkoa da errege-dekretu hori–. Aipatutako eskubide horiek ez dute, inola ere, soldata-izaera izango.

9.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko Legeak bere 14. artikuluan aitortzen dizkien beste guztiak.

10.– Beren ezarpen-zentroak onartzen dizkien beste eskubide guztiak, betiere bateragarriak badira deialdi honetako xedapenekin.

9. artikulua.– Ikertzaile onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzen onuradunek beti bete beharko dituzte, batetik, azaroaren 17ko Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan xedatutako betebehar-erregimena eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuta– 50.2 artikuluan ezarritakoa; eta zehazki, honako hauek:

1.– Ezarpen-zentroarekin sinatu beharreko kontratu berriak 2022ko urtarrilean formalizatzea. Berritzeen kasuan, kontratuen luzapena indarreko kontratua bukatu eta gero egingo da. Kontratua ez bada egun horietan formalizatzen, errebokatu egin ahal izango da emandako dirulaguntza, Ikerketa Zuzendaritzak lanean hastea atzeratzeko baimen-eskabideari baietza ematen dion kasuetan izan ezik.

2.– Sinatutako kontratuen benetako kopia –berriena edo luzapenena– aplikazio informatikoaren bidez igortzea Ikerketa Zuzendaritzara, sinatzen den egunetik hasita 21 egun naturaleko gehieneko epean.

3.– Zentroan jarduten hasteko data hauek betetzea:

a) Laguntza berri baten onuraduna kontratua sinatu eta hurrengo hilabetearen barruan hasiko da lanean atzerriko zentroan.

Onuraduna lanean hasi dela egiaztatu beharko da atzerriko zuzendariak izenpetutako idazki bidez. Bertan, zein egunetan hasi den jaso beharko da.

b) Lehen laguntza-berritzeen onuradunek atzerriko zentroan jarraitzen dutela egiaztatu beharko dute atzerriko zuzendariak izenpetutako idazki baten bidez.

c) Bigarren laguntza-berritzeen onuradunek ezarpen-zentroan lanean hasi direla egiaztatu beharko dute ikerketa-proiektuaren zuzendariak eta onuradunari dagokion saileko zuzendariak izenpetutako idazki baten bidez. Bertan, zein egunetan hasi diren adierazi beharko da.

Atal honetan aipatutako agiriak Ikerketa Zuzendaritzara bidali beharko dira 2022ko lehen hiruhilekoan, onuradunak doktoretza-ondoko laguntza eskatzeko erabili duen aplikazio informatikoaren bidez.

4.– Bai laguntza berrien onuradunek bai lehenengo berritzeen onuradunek, aplikazio informatikoaren bidez, honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Onuraduna helmuga-herrialdean bizi dela egiaztatzen duen alokairu-kontratua. Laguntza berria bada, atzerriko zentroan lanean hasten den hilabetean aurkeztu beharko da, eta lehenengo berritzeen kasuan, atzerrian jarraituko duela berresten denean.

b) Garraio publikoan egindako bidaiaren jatorrizko fakturak eta txartelak, laguntza bukatzen den hilabetearen barruan.

5.– Ikerketa-beharrizanak direla bide, atzerriko zentrotik edo ezarpen-zentrotik aldi baterako irteerak egiteko baimena. Ikerketa Zuzendaritzak baimendu beharko ditu irteera horiek.

Baimena eskatzeko, azalpen-idazki bat aurkeztu beharko da, aplikazio informatikoaren bidez, gutxienez, aurreikusitako irteera-data baino hamar egun lehenago, eta ezarpen-zentroko ikerketa-proiektuko zuzendariak sinatu beharko dute. Irteera onuraduna atzerriko zentroan dagoen bitartean egiten bada, atzerriko ikerketa-proiektuaren zuzendariak ere sinatu beharko du eskabidea.

6.– Laguntza-aldia amaitu eta ondorengo hilabetean, aplikazio informatikoaren bidez, aurkeztu beharko dituzte curriculum vitae eguneratua eta amaierako txostena, 10 orrialdekoa gehienez, zeinak barnean hartuko baititu finantzatutako aldian egindako jarduera akademikoak eta lanak eta izandako lorpenak, ikerketa-proiektuaren zuzendariak sinatuta.

7.– Laguntzari uko eginez gero, aplikazio informatikoaren bidez, Ikerketa Zuzendaritzari jakinarazi beharko diote, 12. artikuluan zehaztutako baldintzen arabera. Ezarpen-zentroari ere egin beharko zaio jakinarazpena.

8.– Laguntza ematea ekarri zuten hasierako baldintzetan izandako edozein aldaketa (proiektua, proiektuaren zuzendaritza, hartzailea, etab.) jakinarazi beharko diete Ikerketa Zuzendaritzari eta ezarpen-zentroari.

Baldintzetan aldaketaren bat egiteko Ikerketa Zuzendaritzaren baimena beharko da. Eskabidea idazki arrazoitu bidez egingo da, aplikazio informatikoa erabilita; eskatzaileak sinatu beharko du eta ikerketa-proiektuaren zuzendariaren oniritzia izan beharko du.

Dena dela, baimentzen diren aldaketek bermatu beharko dute laguntza ematea eragin zuen eta orduko sasoiko kalifikazioak lortzea eragin zuen kalitatearen antzekoa izango dela kalitatea.

9.– Hobekuntza-programan aurreikusitako ekintzak aprobetxamenduz gauzatzea.

10.– Zientzia-alorreko prestakuntza eta esperientzia-trukea sustatzeko politikaren esparruan Ikerketa Zuzendaritzak antolatutako jardueretan parte hartzea.

11.– Zientzia hedatzeko kanpainetan parte hartzea, ezarpen-zentroko zein atzerriko zentroko komunikazio-politikaren esparruan.

12.– Erakunde batzuentzat diharduela kontuan hartuta, ikerketa-jarduera gauzatzeko orduan erakunde horien izenak erabiltzea, barne-araudien eta erakundeek sinatutako akordio eta hitzarmenen arabera.

13.– Laguntza-aldian argitaratutako lan guztietan adieraztea Eusko Jaurlaritzak doktoreei eskainitako doktoretza-ondoko hobekuntza-programari atxikitako ikertzailea dela. Betebehar hori laguntza eman eta gero argitaratutako lan guztiei aplikatuko zaie, betiere programa honetan finantzatutako ikerketaren ondorio zuzena badira.

14.– Diharduen diziplinako arau eta printzipio etikoak onartu, ezagutu eta betetzea, hala nola ezarpen-zentroetan eta atzerriko zentroetan aplikagarri zaizkion laneko osasun eta segurtasuneko arauak eta funtzionamendu-arauak.

15.– Laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten zereginak aurrera eramanez, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dieten informazio oro ematea.

16.– Ikerketa-jarduera dedikazio esklusiboko erregimenean gauzatu beharko dute, agindu honetako 13.4 eta 13.5 artikuluan ezarritakoa eragotzi gabe.

10. artikulua.– Ezarpen-zentroaren betebeharrak.

1.– Ezarpen-zentroak honako betebehar hauek izango ditu, kontratu-aldian ikertzailearekiko kontratu-harremanetik sortzen direnez gainera:

a) Ikertzaile onuradunari lan-kontratua egitea, indarreko laneko legediaren arabera, agindu honetan zehaztutako iraupenarekin, ordainsariekin eta gainerako betekizunekin.

b) Ikerketa Zuzendaritzari jakinaraztea, baldin eta laguntza emateko hasierako egoera aldatzen bada, egoera hori eten edo aldatzen bada, edo bateraezintasuna dakarren beste edozein kausa sortuz gero; gainerako gorabeheren berri ere eman beharko da, baldin eta laguntzaren xedea normaltasunez betetzea eragotz badezakete. Gehienez ere, egutegiko 21 eguneko epean eman beharko da gorabehera horien berri, gertatzen diren egunetik aurrera.

c) Onuradunei behar duten laguntza ematea, eta beren jarduera ongi gauzatzeko behar dituzten bitartekoak, tresnak edo ekipamenduak erabiltzeko aukera ematea.

d) Programa behar bezala garatzen dela zaintzea; onuradunari ezin zaio eskatu bere ikerketaren garapenarekin lotuta ez dagoen beste jarduerarik egitea.

e) Ikertzaileari aukera ematea, ikertzen ari den departamentuetan, institutuetan eta erakunde publiko edo pribatuetan integratzeko.

f) Laguntza-programa honen babesean ezarpen-zentroaren eta ikertzailearen artean egindako kontratuek adierazi beharko dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko finantza-laguntza dutela Ikertzaile Doktoreentzako Hobekuntzarako doktoretza-ondoko Programaren bitartez.

g) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betetze aldera.

h) Ezarpen-zentroak 2023ko lehen hiruhilekoan justifikatu beharko du zertan erabili dituen agindu honetan araututako laguntzengatik jasotako funtsak. Helburua da erregularizatzea zentro horiei ikertzaileen ordainsari gordinetarako ordaindutako zenbatekoen eta, agindu honetan jasotako egoera guztiak aplikatuta, azkenean ematen direnen arteko aldea.

Horretarako, ezarpen-zentroak ziurtagiri bat helarazi beharko du Ikerketa Zuzendaritzara, eta ziurtagiri horretan adieraziko da zeintzuk diren erakunde horrek laguntzaren onuradun bakoitzari emandako urteko soldata gordina eta Gizarte Segurantzari emandako zenbatekoak. Zenbateko horien artean alderik badago, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez ebatziko da.

Hala ere, onuradunak bere kontratua amaitu baino lehenago amaitzen badu laguntzaren aldia, aldi hori amaitzen duenean justifikatuko du ezarpen-zentroak, aurreko paragrafoan aipatzen den moduan.

i) Dirulaguntza jasotako egoeraren xedea edo izaera asko aldatzen duen edozein gorabeheraren berri ematea, baita Hezkuntza Sailari laguntzea ere, jarduera horien egiaztapen-, inspekzio-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.

2.– Erakunde kontratatzaileak nahitaez bete beharko du EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 52., 63. eta 65. artikuluetan (EAEko administrazio publikoen laguntzen eta dirulaguntzen araubideari buruzkoa) ezarritakoa, erakunde kolaboratzaile den aldetik, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan adierazitakoa eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak erakunde kolaboratzaileen betekizunei, erregimenari eta betebeharrei buruz xedatutakoa ere.

4. atala
Laguntza onartzea, hari uko egitea eta bateraezintasunak

11. artikulua.– Laguntza onartzea.

1.– Programa honetan araututako laguntzen onuradun den ikertzaile doktoreak 10 egun balioduneko epea izango du laguntzari berariaz eta idazki bidez uko egiteko, emakida-ebazpena egoitza elektronikoko iragarki-taulan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/) jakinarazten denetik aurrera; hala egin ezean, onartutzat joko da. Uko egiten bada, laguntzaz gozatzen hasi baino lehen izango ditu ondorioak uko-egite horrek. Uko-egitea aplikazio informatikoaren bidez egingo da. Uko-egitea puntu honetan adierazitako moduan eta epean aurkezten bada, eman gabe geratu den laguntza hori 31.7 artikuluan adierazitako prozedurari jarraikiz esleituko da berriro.

2.– Ikertzaile doktoreek dirulaguntza onartzen badute, 8. eta 9. artikuluetan jasotzen diren eskubideak onartzen dituztela eta betebeharrak betetzeko konpromisoa hartzen dutela ulertuko da, hurrenez hurren.

12. artikulua.– Laguntzari uko egitea.

1.– Kontratua formalizatuta, eta laguntza jasoko duen aldian, onuradunak laguntzari uko egin ahalko dio, horretarako arrazoiak adierazita. Uko-egitea aplikazio informatikoaren bidez jakinarazi beharko da, eta, horretarako, Ikerketako zuzendariari zuzendutako idatzi bat aurkeztu beharko da. Idatzi hori ikertzaileak berak eta ezarpen-zentroko legezko ordezkariak sinatu beharko dute, eta bertan adierazita egon beharko dira laguntzari uko egiteko arrazoiak eta uko-egite horrek zein egunetatik aurrera izango dituen ondorioak. Ondorioak hasteko eguntzat hartuko da ikertzaileak laguntza jasoko duen azken eguna. Uko-egitearen ondorioak hasteko eguna baino 10 egun baliodun lehenago egingo da jakinarazpen hori, beranduenez. Laguntzari uko egiten dion onuradunaren ezarpen-zentroa UPV/EHU bada, justifikazio-idatzia Ikerketako errektoreordeak sinatu beharko du.

2.– Onuradunak alegatutako arrazoiak justifikazio nahikotzat jotzen badira, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez onartuko da uko-egitea.

3.– Doktore ikertzaileak uko egiten badu, ezarpen-zentroak itzuli egin beharko ditu kontratua finantzatzeko erabili gabeko zenbatekoak. Uko egitearen ondorio ekonomikoak hasiko dira uko egitea gauzatzen den egun berean, bidegabeko ordainketak gauzatu badira egin beharko diren itzultzeak eragotzi gabe. Laguntza berrien kasuan, onuradunak uko egin arte jasotako zenbateko garbia itzuli beharko du, baldin eta laguntza erabiltzeko lehen hiruhilekoan uko egiten bada.

13. artikulua.– Bateraezintasun-araubidea.

1.– Agindu honetako laguntza jasoz gero, oro har, ezin izango da funts publikoekin edo pribatuekin finantzatutako beste laguntzarik jaso –xede bera baldin badu–, ez eta soldatarik ere.

2.– Aurreko apartatuan ezarritakoa gorabehera, agindu honetako laguntza bat jasotzea bateraezina da ZTBLren 22. artikuluan xedatutakoaren babesean eginiko Espainiako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistemara sartzeko kontratu bat edukitzearekin edo eduki izanarekin, zeinaren bidez doktoreen hobekuntzarako programa bat –atzerriko ikerketa-zentroetan bi urteko edo denbora gehiagoko egonaldiak aurreikusten dituena– baliatu bada edo baliatzen ari bada, agindu hau ebatzi baino lehen.

3.– Agindu honen babesean jasotako laguntzekin bateraezinak dira ikasketa arautuak, izan urrutiko modalitatean, izan aurrez aurrekoan.

4.– Ikerketa Zuzendaritzak baimena eman dezake ikasketak egiteko, baldin eta beren ezaugarri eta ordutegiengatik ezarpen-zentroko lanaldi normalizatutik kanpo egin ahal badira eta ez badiote inolako kalterik eragiten onuradunaren ikerketa-jardunari.

Ikasketak egiteko baimen-eskabidea aplikazio informatikoaren bidez egingo da, gutxienez, ikasketak hasteko aurreikusitako eguna baino hamabost egun lehenago, eta proiektuko zuzendariak eta ikertzaileak sinatu beharko dute.

5.– Salbuespen gisa, eta laguntzaren 12 hilabeteko hirugarren aldian bakarrik, Ikerketa Zuzendaritzak baimena eman ahal izango du irakasle-lanetan laguntzeko, prestakuntza-helburuei jarraikiz; urtean 30 orduz, gehienez ere, eta laguntzaren ikerketa-helburuari inolako kalterik eragin gabe.

Lankidetza hori Graduko edo Masterreko irakaskuntzan egingo da. Gainera, ez du inolaz ere ordezkapenik egingo irakasgaiaren ardura duen irakasleen irakaskuntzan, eta irakasgaiaren ardura duen irakasleekin batera egingo da, talde txikitan (mintegietan, laborategi edo ordenagailuko praktiketan, edo antzekoetan). Prestakuntzako ikertzailea ezin da inolaz ere aipatutako ikasgaiaren arduraduna edo koordinatzailea izan. Halaber, ez da lan-kontraturik sinatuko.

Lankidetzaren baimen-eskabidea egiteko erabili den aplikazio informatiko beraren bidez eskatuko da lankidetza-baimena. Horretarako, aplikazio horretan dagoen txantiloia bete beharko da; irakaskuntza-kolaborazioa hasteko aurreikusitako eguna baino hamabost egun lehenago, gutxienez, eskatu beharko da baimen hori, eta, ikerketa-arloan eskumena duen errektoreordearen onarpena izateaz gain, atxikitako departamentuko zuzendariak eta proiektuko zuzendariak sinatu beharko dute eskabidea.

6.– Ikerketa Zuzendaritzak baimena eman ahal izango du onuradunak ordainsariak jaso ditzan ikerketarekin zuzenean lotutako irakaskuntza-zereginengatik ere jasotzen baditu, baldin eta horiek guztiak (hitzaldietan parte hartzea, liburuak, artikuluak edo erakusketak) aldizkakoak eta ezohikoak badira. Ordainsari horiek ezin izango dute laguntzaren urteko zenbateko gordin osoaren % 30 gainditu.

Baimen-eskabidea aplikazio informatikoaren bidez egingo da, eta lana hasteko aurreikusitako eguna baino hamabost egun lehenago, gutxienez. Atxikitako departamentuko zuzendariak, proiektuaren zuzendariak eta onuradunak sinatu beharko dute baimen hori.

7.– Laguntza horiek ikertzaileak prestatzeko direnez, ezingo da ikertzaileen hobekuntzarako laguntza berririk jaso Eusko Jaurlaritzatik, baldin eta diruz lagundutako programa amaitzen bada –balizko berritzeak barnean hartuta– edo hari uko egiten bazaio.

14. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Laguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatu badira, edo, hala dagokionean, administrazio honek edo beste Administrazio Publiko batzuek emandako beste laguntza batzuk aldi berean lortzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere dirulaguntzari buruzko arauan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen baldin badira. Ondorio horietarako, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du, zeinetan emandako zenbatekoak berriz doituko baitira, eta laguntza horiek emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuko. Hartzaileek, beraz, sobera jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte. Baldintzak aldatzeak emandako dirulaguntza osoa edo haren zati bat itzuli beharra baldin badakar, 18. artikuluan aurreikusitako itzulketa-espedientea hasiko da.

15. artikulua.– Jarraipena.

Ikerketa Zuzendaritzak egin beharko du ikertzaile doktoreek egin duten lanaren jarraipen zientifiko eta teknologikoa. Horretarako, prozedura egokiak ezarriko ditu, eta egoki irizten dituen organo, batzorde edo adituak izendatu ahal izango ditu, laguntzaren aplikazioaren beharrezko diren jarraipen- eta egiaztapen-jarduerak gauzatzeko, eta beharrezkotzat jotzen duen informazio gehigarria aurkez dadila eskatzeko, agindu honetan kasu bakoitzerako berariaz ezartzen den informazioaz gainera.

16. artikulua.– Ikuskapena eta kontrola.

Hezkuntza Sailak beharrezko ikuskatze- eta kontrol-lanak egin ahal izango ditu agindu honen betekizunak eta baldintzak betetzen direla bermatzeko, hargatik eragotzi gabe Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari esleitutako egitekoak.

17. artikulua.– Ez-betetzea.

Jasotako zenbatekoak eta horiei dirulaguntzen arloan aplikagarriak zaizkien berandutze-interesak itzultzeko prozedurari ekingo zaio –prozedura hori Dirulaguntzen Lege Orokorraren 37.1 artikuluko oinarrizko araudiak ezartzen duena da– pertsona onuradunak eta/edo ezarpen-zentroak edo erakunde kontratatzaileak egoera hauetako batean egonez gero: EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53.1 artikuluan adierazitako kasuetako batean erortzea; agindu honetan eta bete beharreko gainerako arauetan aipatutako baldintzak edo betebeharrak ez betetzea; dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak ez betetzea –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan eta dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoaren arabera–, edo laguntzak emateko ebazpenean arautzen diren baldintza edo betebeharrak ez betetzea.

18. artikulua.– Laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela deklaratzeko eta, hala badagokio, laguntza itzultzeko prozedura.

Agindu honetan xedatutakoa betetzen ez den kasuetan, hau izango da prozedura:

a) Prozedura hasteko ebazpena egin eta jakinarazteko ardura Ikerketako zuzendariarena izango da.

b) Prozedura hasteko idatziak prozedura hasteko arrazoiak jasoko ditu eta 15 eguneko epea emango dio onuradunak egoki iritzitako alegazioak aurkezteko.

c) Alegazioak jaso ondoren, edo epea igaro bada alegaziorik jaso gabe, amaiera emango zaio prozedurari, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

Hamabi hilabetekoa izango da itzulketa-prozedura ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea.

Ebazpenak ulertzen badu arauak ez direla bete, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela aitortuko du, eta, hala badagokio, adieraziko du behar diren kopuruak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola, gehi laguntza ordaindu zenetik dirulaguntzen arloan aplikatu behar diren berandutze-interesak –Dirulaguntzen Lege Orokorraren 37.1 artikuluan jasotako oinarrizko araudiak ezartzen dituenak–; horretarako epea, gehienez ere, bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

d) Borondatezko epean laguntza itzuli ezean, Ekonomia eta Ogasun Saileko Ogasun Sailburuordetzari emango zaio horren berri, aplikatu beharreko legezko arauek xedatutakoa kontuan hartuta jarduteko.

19. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Eskatzaileen datu pertsonalak honako tratamendu-jarduera honetan tratatu eta sartuko dira: Laguntzak eta dirulaguntzak (ikerketarako). Informazio hau jasoko da:

Arduraduna: Ikerketa Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Helburua: ikerketarako finantzaketa eta bultzada.

Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.

– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

– 3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena.

Hartzaileak:

– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

– Ekonomia eta Ogasun Saila.

– Patente eta Marken Espainiako Bulegoa.

Eskubideak: laguntza-eskatzaileek eskubidea dute datuak irispidean izateko eta datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatz guztia: https://www.euskadi.eus/clausulas-informativas/web01-sedepd/es/transparencia/054300-capa2-es.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

II. KAPITULUA
LAGUNTZEN IZAPIDEAK ETA EBAZPENA ETA LAGUNTZAK ARGITARATZEA

20. artikulua.– Organo kudeatzailea.

Ikerketa Zuzendaritzari dagozkio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak.

21. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta aurkezteko epeak.

1.– Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/zerbitzu_elkartzea/2021/posdoc/web01-tramite/eu) telematikoki eskuragarri egongo den inprimakiaren bitartez baizik ezingo da egin eskabidea.

Helbide horretatik, izangaia aplikazio informatikoan sartuko da, eta bertan alta hartu beharko du erabiltzaile moduan, eta aplikazioan zehaztutako jarraibideak bete. Eskatzailearen identitatea egiaztatu egingo da, pertsona horren esanbidezko baimenarekin, datuak egiaztatzeko zerbitzuaren bitartez. Zerbitzu hori Administrazio Elektronikoari buruzko 21/2012 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian jasota dago.

Eskabidearekin batera aurkeztu beharko den dokumentazioa bide elektronikoa erabiliz soilik aurkeztuko da, eta, berrietarako, agindu honetako 26. artikuluan eta, berritzeetarako, 34. artikuluan azaltzen den dokumentazioa izango da laguntza.– Agiri horiek Elkarreragingarritasun-eskema nazionala onartzen duen 4/2010 Errege Dekretuan eta hura garatzen duen araudian arautzen diren formatuetara egokituko dira.

2.– Eskabidea telematikoa guztiz betetakoan, egoitza elektronikoak onartutako sinadura elektronikoaren edozein sistema erabiliz identifikatu beharko da eskatzailea, eta eskabidea erregistratzeko prozesu elektronikoa osatu beharko du; alegia, eskabide bat sinadura elektronikoaren bitartez baliozkoa izatekoa, erregistroan jasota geratu behar da. Hori ziurtatzeko, eskatzaileak agirien erregistro-elektronikoa/aurkezpen-erregistroa eskura dezake, «Ikusi egiaztagiria E/E» aukeran. Ez da onartuko erabat modu elektronikoan bete eta erregistratu gabeko eskabiderik.

3.– Helbide honetan ageri dira identifikazio-sistema elektroniko onartuak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

4.– Eskabideak –berriak zein berritzeenak– aurkezteko epea agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eta 2021eko irailaren 8an amaituko da.

5.– Hautagai bakoitzak eskabide bakar batekin parte hartu ahal izango du deialdi honetan. Aplikazio informatikoak ez die beste eskabiderik egiten utziko aurretik eskabide bat eginda duten hautagaiei.

6.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, ezingo da eskabiderik aldatu, Ikerketako Zuzendaritzak behar bezala baimendutako ezohiko kasuetan izan ezik.

7.– Agindu honetako II., III. eta IV. eranskinetan azaltzen dira eskabide-ereduak.

22. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Laguntzen eskabideak oso-osorik beteta etorri ezean, edo manuzko agiri guztiekin batera aurkezten ez badira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 68.1 artikuluaren arabera, interesdunari eskatuko zaio akats hori zuzentzeko edo nahitaezko agiriak telematikoki aurkezteko hamar laneguneko epe luzaezinean. Zuzenketa-prozesua burutzeko, 21. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako prozedurari jarraituko zaio. Hala egiten ez bada, eskatzaileak eskabidea egiteari uko egin diola ulertuko da; hala ere, Administrazioak uko edo atzera egite hori adierazten duen berariazko ebazpena eman beharko du. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan arautzen den moduan jakinarazi beharko da ebazpen hori.

Zuzenketa-errekerimenduaren jakinarazpena zuzendu beharreko eskabideak https://euskadi.eus/tablon-electronico-anuncios egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz gauzatuko da. Era berean, jakinarazpen elektroniko bat bidaliko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoaren bidez sartu beharko da bertara.

23. artikulua.– Laguntzak emateko prozedurak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntza berriak lehiaketa bidez emango dira, publikotasunari, gardentasunari, objektibotasunari, berdintasunari eta bereizkeriarik ezari buruzko printzipioen arabera eta ikerketa orokorrerako eta ikerketa espezifikorako laguntzak bereizita.

Horretarako, aurkeztutako eskabideak alderatuz emango dira laguntzak, laguntzen artean hautapen-irizpideen araberako hurrenkera bat ezartzeko. 75 puntu lortzen dutenei soilik emango zaie laguntza, hurrengo kapituluetan jasotzen diren baldintzetan.

2.– Laguntzak bereizita emango dira ikerketa orokorreko eta ikasketa espezifikoko modalitateetan, betiere, eskabidea garaiz eta forma egokian aurkezten bada, eta 32. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla agirien bidez egiaztatzen bada.

4.1 artikuluan aurreikusitako zenbatekoa kalkulatzeko, oinarritzat hartu da programa honetan legez jardunean diren gaitutako onuradun guztiek berritzea eskatuko dutela.

III. KAPITULUA
LAGUNTZA BERRIAK, IKERKETA OROKORREKOAK ETA IKERKETA ESPEZIFIKOKOAK.
1. atala
Eskakizunak eta dokumentazioa

24. artikulua.– Eskatzaileen betekizunak.

1.– a) Eskabidea aurkezterakoan EAEko udalerri batean erroldatuta egotea, gutxienez 2017ko urtarrilaren 1az geroztiko antzinatasunarekin.

b) Hala ere, onartu egingo dira, aurretik EAEn erroldatuta egonda, doktoretza-tesia doktoretza-programa batean EAEz kanpo egiteagatik baldintza hori betetzen ez duten eskatzaileak, bai eta, egoera horretan egonda, doktoretza-titulua eskuratu ostean beren ikerketa eten ez dutenak ere.

2.– Europar Batasunetik kanpoko atzerritarren kasuan, bizileku-baimena eduki behar dute.

3.– Doktoretza-titulua edukitzea, 2018ko urtarrilaren 1ean edo geroago lortutakoa, honako salbuespen hauekin:

a) Eskatzaileak beharrezko den titulua ez badauka baina titulu hori 2021eko urrirako lortzekotan badago, onartu egingo zaio eskabidea, eta behin-behinean ebaluatu ahal izango da, baldin eta gainerako nahitaezko agiriekin batera aurkezten badu tesia deposituan erregistratu delako ziurtagiria, edo proiektuaren zuzendariaren gutuna, eskatzailea 2021eko urrirako doktore-titulua ateratzeko moduan egongo dela ziurtatzen duena. Aipatu titulua lortu izanaren ziurtagiria aurkezteko epea 2021eko azaroaren 5ean amaituko da, egun hori barne. Laguntza jaso ahal izateko, eskatzaileak doktore-titulua lortu duelako egiaztagiria aurkeztu beharko du. Horretarako, doktoretza-tituluaren eskubideak ordaindu izanaren agiriaren kopia aurkeztu beharko du, aplikazio informatikoaren bidez.

b) Doktoretza eskuratu zeneko data 2017ko urtarrilaren 1a edo geroagokoa ere izan daiteke, betiere egiaztatzen bada honako arrazoi hauetako baten ondorioz etenaldi bat egon zela:

– Amatasun edo aitatasun-atsedenaldiagatik; Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean jasotako babespeko egoeren arabera.

– Eskatzailearen gaixotasun edota istripu larriagatik; hiru hilabete edo gehiagoko baja medikoarekin.

– Mendeko pertsonak 3 hilabete edo gehiago zaindu izanagatik, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean adierazitakoarekin bat etorriz.

Etenaldiak oso-osorik 2017ko urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra bitartean gertatutakoak izan beharko dira. Era horretako etenaldirik gertatu bada, eskabidea aurkezteko unean hura jakinarazi eta egiaztatu beharra dago. Eskatzaileak doktoretza eskuratu zuenetik igarotako epearen zenbaketa soilik behin eta urtebetez atzera daiteke hizpide dugun etenaldiagatik.

c) Doktoretza eskuratu zeneko data 2017ko urtarrilaren 1a edo geroagokoa ere izan daiteke, betiere eskatzaileak egiaztatzen badu % 33ko desgaitasuna duela gutxienez eta desgaitasun hori bateragarria dela proposatutako ikerketa-proiektua gauzatzearekin.

25. artikulua.– Betekizunak betetzea.

1.– Onuradunek laguntza-eskabidea aurkezten dutenean egiaztatu beharko dute betekizunak betetzen dituztela, berariaz aipatutako salbuespenetan izan ezik.

2.– Betekizun horiek betetzen ez dituztenak edo eskatutako epean eta moduan egiaztatzen ez dituztenak hautaketa-prozesutik kanpo geratuko dira; ildo horretan, 27.2 artikuluan ezarritakoa hartu beharko da aintzat.

26. artikulua.– Laguntza berrietarako nahitaezko den dokumentazioa.

Ondoren adieraziko den dokumentazioa aplikazio bidez aurkeztu beharko da eskabide-orriarekin batera, 21. artikuluaren 1., 2., eta 3. apartatuetan adierazitakoaren arabera.

1.– a) Eskatzailea gaur egun eta gutxienez 2017ko urtarrilaren 1etik EAEn erroldatuta dagoela egiaztatzen duen agiria.

b) Doktoretza lortzeagatik edo doktoretza-ondoko ikerketaren bat egiteagatik baldintza hori beteko ez balu, 24.1.b artikuluan xedatzen denarekin bat, ikasketa horien matrikula edo doktoretzako edo doktoretza-ondoko jardueren ikertzaile arduradunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko ditu, hala nola aurrez EAEn erroldatuta egon den agiria, eta, justifikatu beharreko denbora horretan guztian beste autonomia-erkidego batean erroldatuta egon den agiria, edo, atzerrian bizi bada, enbaxadako erregistroa.

2.– Bizileku-baimena. Europar Batasunetik kanpoko pertsonek bakarrik aurkeztu beharko dute agiri hau.

3.– Doktoretza-titulua edo horren eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria, doktoretza eskuratu zen data adierazita.

4.– 24.3 (b eta c) artikuluan zerrendatutako inguruabarrak direla bide, eskatzaileak doktoretza-titulua 2017an eskuratu izanaren egiaztagiriak.

5.– Ezarpen-zentroaren konpromisoa, bertako lege-ordezkariak sinatua (Ikerketako errektoreordeak, unibertsitateen kasuan), ikertzaile doktorearekin indarreko lan-kontratua luzatzeko.

Idatzi horretan espresuki adieraziko da bete egingo direla agindu honen 10. artikuluan xedatutako betebeharrak. Idatzi hori egiteko, aplikazio informatikoan eskuragarri dagoen txantiloia erabiliko da.

6.– Atzerrian garatutako proiektuaren zuzendariak emandako ziurtagiria, espresuki honako hauek jasoko dituena: a) atzerriko zentroak eskatzailea onartuko duela 2022. eta 2023. urteetan, agindu honen laguntza jasoz gero, eta b) aldi horri dagokion hobekuntza-programa baliozkotzen duela.

7.– Atzerriko ikerketa-proiektuaren zuzendariaren curriculum vitae laburtua. EAEko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahalko da CVa, baita ingelesez ere, eta azken 6 urteetako merezimendu zientifikoak bakarrik aipatuko dira. Edonola ere, sinatuta egon beharko da. 6 urteko muga horrek txantiloiko C atalari (merezimendu garrantzitsuenak) baino ez dio eragingo.

8.– Proposatutako hobekuntza-programaren memoria, eskatzailea hirugarren urtean sartuko den zentroko ikerketa-proiektuaren zuzendariak sinatua, eta, ikerketa-prestakuntza osatu eta espezializazioan sakontzeko, laguntza-aldiko 36 hilabeteetan egin beharreko jarduerak jasotzen dituena (6 orrialdekoa izango da gehienez). Honako hauek jaso beharko ditu proposamenak:

a) Titulua eta laguntza-aldian gauzatu beharreko ikerketa-proiektuaren memoria zientifiko-teknikoa (gehienez, 3 orrialdekoa). Bertan adierazi beharko ditu atzerriko egonaldian eta hiru urteren buruan ezarpen-zentrora itzultzen denean bete nahi dituen helburuak, gauzatuko dituen lanak eta espero dituen lorpenak, hala nola sortzea espero dituen ekarpen zientifikoak.

b) Lortu nahi diren helburuen eta garatu nahi diren konpetentzien zerrenda.

c) Hobekuntza-programaren interes zientifikoaren eta /edo sozialaren laburpena.

d) Hiru urte horietan aurreikusitako jardueren kronograma edo egutegia.

e) Ezarpen-zentroko eta EAEko beste ikerketa-zentro batzuetako eta atzerriko zentroetako ikertzaileen artean hasi eta/edo sendotu nahi diren lankidetzen proposamenak, hala nola laguntzaren eskatzaileak zein hirugarren urtean kidetuko den ikerketa-taldeak eskuratzea espero ditzaketen etekinak.

9.– Memoria (gehienez ere, 5 orrialdekoa), eskatzailea hirugarren urtean sartuko den ikerketa-taldeari buruzkoa, haren zientzia-kalitatea eta prestakuntza-ahalmena adierazita.

8. eta 9. puntuetan aipatutako memoriak EAEko hizkuntza ofizialetako edozeinetan edo ingelesez aurkeztu ahal izango dira.

10.– Harrerako ezarpen-zentroko proiektuaren zuzendariaren curriculum vitae laburtua. EAEko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahalko da CVa, baita ingelesez ere, eta azken 6 urteetako merezimendu zientifikoak bakarrik aipatuko dira. Edonola ere, sinatuta egon beharko da. 6 urteko muga horrek txantiloiko C atalari (merezimendu garrantzitsuenak) baino ez dio eragingo.

Ikerketa-lana egoera hauetako baten ondorioz eten bada: iraupen luzeko aldi baterako lanerako ezintasuna; amatasuna; aitatasuna; edoskitze-aldiko arriskua; adopzioa edo harrera, edo liberazioa, unibertsitateko pertsona bakarreko kudeaketa-karguak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko zuzendaritza-karguak eta administrazio publikoetako karguak betetzeko, ziurtatutako etenaldiarekiko proportzionalki luzatuko da aintzat hartzeko ikerketa-jardueraren aldia, salbu eta 10 astetik gorako amatasun edo aitatasunagatiko etenaldietan, horietan seme edo alaba bakoitzeko urtebete luzatuko baita ebaluatzeko aldia; edonola ere, gehienez 6 urte gehiagoz luzatuko da ikerketa-jarduera kasu guztietan.

11.– Eskatzailearen curriculum vitae normalizatua. EAEko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahalko da CVa, baita ingelesez ere.

12.– Ikertzaileen bi aipamen-gutun, eskatzailearen ibilbide zientifikoaren berme gisa.

13.– Agindu honetako laguntza jasoz gero, eskatzailea hirugarren urtean sartuko den ikerketa-proiektuaren zuzendariak sinatutako egiaztagiria, non espresuki adieraziko baita eskatzailea 2024. urtean onartuko dela.

14.– Eskabideari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenean jasotakoa egia dela egiaztatzen duten ziurtagiriak, hala badagokio. Erantzukizunpeko adierazpenean bertan dago adierazita zein kasutan egin behar den hori.

Aplikazioan horretarako dauden txantiloien bidez aurkeztu beharko da 5., 7., 8., 9., 10. eta 11. puntuetan eskatutako dokumentazioa. Ez badira txantiloi horiek erabiltzen, edo kasuan-kasuan aipatu den luzera gainditzen bada, edota hobekuntza-programaren memoria eta zuzendariaren CVa sinatu gabe badaude, eskabidea zuzendu egin beharko da.

Eskabideak zuzentzeko izapidea –bidezkoa bada– egin ostean, dokumentazioa sinatu gabe badago, epez kanpo entregatu bada edo ezarritakoaz bestelako formatu batean, interesdunak hautapen-prozesutik kanpo geratuko dira.

2. atala
Hautapen- eta esleipen-prozesua

27. artikulua.– Hautapen-prozesuko onarpen-prozedura.

1.– Eskabideak zuzentzeko epea igaro eta aurkeztutako dokumentazioa aztertu ostean, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak lehen ebazpena emango du, hautapen-prozesuan onartutako eta baztertutako pertsonen gainekoa. Era berean, ebazpen horretan adieraziko da noiz egingo dituzten elkarrizketa pertsonalak, arlo bakoitzeko aholku-batzorde espezifikoek balioetsi beharrekoak.

Egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da aipatutako ebazpena (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ Era berean, jakinarazpen elektroniko bat bidaliko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoaren bidez sartu beharko da bertara.

2.– Elkarrizketa pertsonaletara joan ahal izango dira, badaezpada, aurreko paragrafoan adierazitako ebazpenean baztertutako pertsonak, arlo bakoitzeko aholku-batzorde espezifikoek balioetsi ditzaten; horretarako, egiaztatu beharko dute errekurtsoa jarri dutela edo dagokion arloko elkarrizketak egin baino lehen baztertzearen aurkako errekurtsoa aurkezteko nahia dutela. Errekurtso hori ezesten bada edo azkenean aurkezten ez bada, elkarrizketa pertsonalak ez du baliorik izango, eta aholku-batzorde espezifikoak ematen duen balorazioak ere ez.

28. artikulua.– Aholku-batzorde espezifikoak, ebaluazio-irizpideak eta baremoa.

1.– Hautapen-prozesurako onartutako pertsonak I. eranskinean definitutako arlo bakoitzari dagokion aholku-batzorde espezifikoak balioetsiko ditu.

2.– Aholku-batzorde espezifikoetako kideak sona handiko pertsonak izango dira ikasketa eta ikerketa-eremuan, eta Hezkuntzako sailburuak izendatuko ditu.

3.– Aholku-batzorde espezifikoek ebaluatuko dituzte onartutako eskabideak, eta txosten zientifiko-tekniko bat emango dute, irizpide hauen arabera hautagai bakoitzari emandako puntuazioekin:

– Eskatzailearen curriculum vitaea. 25 puntu gehienez.

– Hobekuntza-programa.– Laguntza-aldiko 36 hilabeteetarako aurreikusitako hobekuntza-programaren kalitatea, interesa, koherentzia eta bideragarritasuna eta ikertzaile eskatzailearen hobekuntza, espezializazioan eta nazioartekotzean izango duen eragina, hala nola hirugarren urtean sartuko den ikerketa-taldean izango duena, eta EAEko ikerketa-sistemak horretaz guztiaz espero ditzakeen etekinak. 25 puntu gehienez.

– Atzerriko zentroa eta atzerrian gauzatzekoa den ikerketa-proiektuaren zuzendaria.– Zentro hartzaileak proiektuaren arloan duen prestigioa eta proiektuburuaren zientzia-historia. 20 puntu gehienez.

– Ezarpen-zentroa eta EAEko ikerketa-proiektuaren zuzendaria. Ezarpen-zentroak proiektuaren arloan duen prestigioa, eta ikerketa-proiektuaren eta taldearen zuzendariak duen historia zientifikoa. 10 puntu gehienez.

– Elkarrizketa pertsonala.– Aurrez aurrekoa izango da elkarrizketa, eta eskatzailearen prestakuntzari eta curriculumari, hobekuntza-programari eta ikerketa-proiektuari edo egoki irizten den beste edozein alderdiri buruz hitz egingo da bertan. 20 puntu gehienez.

4.– Laguntza ukatzeko arrazoi izango da eskatzailea elkarrizketara ez agertzea edo 75 puntu baino gutxiago erdiestea.

29. artikulua.– Nola jokatu elkarrizketetan.

1.– Aholku-batzorde espezifikoetako kideak ez badira ondo moldatzen ebaluatu behar duten pertsonak aukeratzen duen hizkuntza ofizialean –EAEko hizkuntza ofizialetako edozeinetan–, Ikerketa Zuzendaritzak bermatu beharko du, batetik, intereseko agiriak itzultzeko zerbitzua, eta, bestetik, aldibereko itzulpen-zerbitzua, interpretazio-zerbitzu baten bitartez, elkarrizketa pertsonalerako.

2.– Ikerketa Zuzendaritzak giza baliabide eta baliabide material osagarriak emango dizkie desgaitasuna duten pertsonei, egingo dituzten elkarrizketetan aukera berak izango dituztela bermatuko dizkieten baliabideak, hain zuzen ere.

3.– Ikerketa Zuzendaritzak, hautapen-probetan aukera- eta tratu-berdintasuna bermatzeko xedez, deialdiaren baldintzak egokitu ahal izango ditu, proba egingo den lekura iristeko ezintasuna duten pertsonak daudenean (osasun-eragozpen larriak dituztenean). Ikerketako Zuzendaritzari proba egin baino lehen eman beharko zaio egoera horren berri, eta mediku-ziurtagiri bidez egiaztatu beharko da. Elkarrizketara joan ezina dakarren eragozpena aurreikusteko modukoa denean, astebete lehenago jakinarazi eta egiaztatu beharko da.

30. artikulua.– Laguntza berriak esleitzeko prozedura.

1.– Agindu honen xede diren laguntza berriak emateko prozedura lehiaketa izango da.

2.– Ebaluazioaren emaitzak hautapen-batzordeari helaraziko zaizkio. Batzorde horrek kide hauek izango ditu: Ikerketako zuzendaria, zeina batzordeburu izango baita; batzordeburua), Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendaria, eta Ikerketa Zuzendaritzako teknikari bat, zeinak idazkari-lanak egingo baititu.

3.– Hautapen-batzordeak deialdiaren oinarriak zuzen aplikatzen direla gainbegiratuko du, baliabideak esleituko ditu eta dagokion ebazpen-proposamena emango dio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari.

4.– Hau izango da laguntzok esleitzeko prozedura:

1.– Laguntza berriak ikerketa orokorrean: arlo guztietan onuradunak izateko gisan eta, posible bada, arlo bakoitzean emandako laguntza kopurua portzentualki uniformea izateko gisan egingo da esleipena, arlo bakoitzean eskabide hautagarrien kopuruak hala ahalbidetzen badu, betiere. Honela egingo da esleipena:

a) Aholku-batzordeak egindako balorazioaren ordenari jarraituz ordenatuko dira arlo bakoitzeko eskabide hautagarriak, eta ehuneko hau emango zaie puntuazio handiena erdietsi duten baina gainditu ez duten eskabideei: laguntza berrien kopurua (25) / eskabide hautagarrien kopurua.

b) Aurreko prozedura egin eta gero, laguntza guztiak esleitu ez badira, emandako laguntzen azken ehunekoa a puntuan zehaztutako ehunekora gehien hurbiltzen diren arloetan emango dira laguntzak.

2.– Ikerketa espezifikorako laguntza berriak. Honela egingo da esleipena:

a) Eskabide hautagarriak puntuazio handienetik txikienera ordenatuko dira arlo bietan. Neutronikaren kasuan, puntuazio handiena eskuratu duten bi (2) eskabideei emango zaie laguntza, eta Hezkuntzaren kasuan, berriz, puntuazio handiena eskuratu duenari (1).

b) Arlo espezifikoren batean ezin badira aurreikusitako laguntzak eman, ez dagoelako eskabide hautagarri nahikorik, esleitu ez diren laguntzak beste arlo espezifikoan eskuragarri dauden laguntzei gehituko zaizkie.

c) Hori egin eta gero ez bada posible arlo espezifikoetarako aurreikusitako hiru laguntzak ematea, eman ez diren laguntzak ikerketa orokorrean eskuragarri dauden laguntzei gehituko zaizkie, aurreikusitako 28 laguntzak eman arte.

5.– Honako hauek jasoko ditu ebazpen-proposamenak: pertsona onuradunen zerrenda eta dagokien zenbateko ekonomiko xehatua, eskuragarri dagoen kreditu-mugara arte; ordezkoen zerrenda, arlokako puntuazio handienetik txikienera ordenatua, 75 puntu edo gehiago eta aholku-batzorde espezifikoaren balioespen positiboa jaso badute ere, laguntza-proposamenean sartu ez diren eskabideak; ukatutako eskabideen zerrenda, baztertzeko arrazoiak zehaztuta; eta, baztertutako eskabideen zerrenda, baztertzeko arrazoiak zehaztuta.

6.– Puntuazio-berdinketak ebazteko, oinarritzat hartuko da eskabideak betetzeko aplikazioak txikitik handira ematen duen ausazko zenbaki bat. Zenbaki hori aplikazio telematikoan sortzen den eskabide-inprimakian agertuko da.

31. artikulua.– Ebazpena, ebazteko epea, jakinarazpena, errekurtsoak eta uko-egiteengatik eman gabe geratu diren laguntzak esleitzeko prozedura.

1.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen esanbidezko ebazpen bakarraren bidez emango edo ukatuko dira laguntza berriak hizpide ditugun prozeduretan, betiere hautapen-batzordeak emandako ebazpen-proposamena aintzat hartuta.

2.– Ebazpen hori arrazoitu egin beharko da, eta hauek jasoko ditu: pertsona onuradunen zerrenda eta dagozkien zenbateko ekonomiko xehatuak; ordezkoen zerrenda, 75 puntu edo gehiago jasota ere, laguntzarik jaso ez duten eskabideak; ukatutako eskabideen zerrenda, ukatzeko arrazoiak adierazita; eta baztertutako eskabideen zerrenda, baztertzeko arrazoiak zehaztuta.

3.– Agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da ebazpena, beranduenez. Adierazitako epe horretan ebazpena jakinarazten ez bada, eskabideak ez direla onartu ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

4.– Egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko dira emandako laguntzak (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ Era berean, jakinarazpen elektroniko bat bidaliko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoaren bidez sartu beharko da bertara.

5.– Alde batera utzi gabe aurreko 4. zenbakian ezarritakoa, Ikerketa Zuzendaritzak argitalpenei buruzko abisuak bidali ahal izango dizkie interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen eginaren ondoriorik izango.

6.– Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoaren bidez. Horretarako, hilabeteko epea izango dute, ebazpena www.euskadi.eus egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

7.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez, laguntzak emango zaizkie ordezkoen zerrendetan azaltzen diren eskatzaileei, laguntzak emateko ebazpena argitaratu eta hurrengo 10 egunetan uko egiten den kasuetan.

Hutsik geratutako plazari dagokion arloan emandako azken laguntzaren ondorengo lekuan dauden pertsonei emango zaizkie laguntza horiek. Ikerketa orokorreko arloan ez badago zerrendarik, laguntza eman ahalko zaio baldintza hau betetzen duen eskatzaileari: lehenengoa izatea emandako laguntzen azken ehunekoa 30.4.1.a puntuan ezarritako ehunekoari gehien hurbiltzen zaion arloko ordezkoen zerrendan.

Ondorio horietarako, laguntzak emateko proposamena jakinaraziko die laguntzak emango dituen organoak interesdunei, 10 eguneko epe luzaezinean onar dezaten. Interesdunak laguntza onartzen ez badu, norbaitek laguntza hori onartu arte errepikatu ahal izango da prozesua. Proposamena onartu ondoren, emakida-ebazpena emango da, eta interesdunei jakinaraziko zaie.

Ez da laguntzarik emango baldin eta EAEko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan itzultze- edo zehatze-prozeduraren bat bukatu gabe eta izapidetzen ari bada.

IV. KAPITULUA
LAGUNTZAK BERRITZEA
1. atala
Eskakizunak eta dokumentazioa

32. artikulua.– Betekizunak.

1.– 2020-2021eko ikasturtean emandako doktoretza-ondoko laguntza baliatzen aritzea (laguntza berria edo lehenengo berritzea), Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenaren arabera, agindu honek ondorioak dituen egunean.

2.– Ikerketa-proiektuko lanerako planean aurreikusitako jardueren aprobetxamendua egiaztatzea, aldeko txosten baten bidez. Egiaztapen hori 34. artikuluan adierazitako agiriak aurkeztuz egingo da.

33. artikulua.– Betekizunak betetzea.

1.– Onuradunek eskabidea aurkezten dutenean egiaztatu beharko dute baldintzak betetzen dituztela, berariaz aipatutako salbuespenetan izan ezik.

2.– Hautapen-prozesutik kanpo geldituko dira eskatutako eskakizunak betetzen ez dituztenak edo betetzen dituztela garaiz eta forma egokian frogatzen ez dutenak.

34. artikulua.– Nahitaez aurkeztu beharreko agiriak.

Ondoren adieraziko den dokumentazioa aplikazio bidez aurkeztu beharko da eskabide-orriarekin batera, 21. artikuluaren 1., 2., eta 3. apartatuetan adierazitakoaren arabera.

Lehen edo bigarren aldiz berritzea eskatzen dutenak:

1.– Laguntza jaso zuenez geroztik ikerketa-hobekuntzaren alorrean gauzatutako jardueren txostena (hiru orrialde gehienez). Ingelesez idatzitako txostenak onartuko dira.

2.– Txostena, atzerriko proiektuaren zuzendariak izenpetuta, berritzea eskatu duenaren ikerketa- eta prestakuntza-jarduerei eta errendimenduari buruzkoa. (Lehen aldiz berritzea eskatzen dutenen kasuan, gainera, hurrengo urterako aurreikuspenak gehitu beharko dira).

3.– Ezarpen-zentroaren konpromisoa, bertako lege-ordezkariak sinatua (Ikerketako errektoreordeak, unibertsitateen kasuan), indarreko lan-kontratua beste urtebetez luzatzeko.

Bigarren aldiz luzatzea eskatzen dutenek, hauek aurkeztu beharko dituzte:

4.– Eguneratze-memoria (gehienez, orrialde 1ekoa), ikerkuntza-hobekuntzako programari buruz, eskatzaileak 2022an gauzatu beharreko jarduerak jasota dituena. Memorian adierazita egon behar da ezarpen-zentroarekin, eta hala badagokio, EAEko beste ikerketa-zentro batzuekin zein atzerriko zentroarekin izandako lankidetza-modalitatea.

5.– Unibertsitateen kasuan, 3. puntuan aipatzen den ezarpen-zentroaren kontratua luzatzeko konpromisoaz gain, eskatzaileak 2022an sail batek onartzen duela egiaztatu beharko du.

EAEko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu beharko dira agiriak, edo ingelesez.

1., 3. eta 4. zenbakietan aipatzen diren memoriak eta agiriak aplikazio informatikoko txantiloi eguneratuak erabiliz aurkeztu behar dira. Ez badira txantiloi horiek erabiltzen, edo kasuan-kasuan aipatu den luzera gainditzen bada, eskabidea zuzendu beharko da.

Eskabideak zuzentzeko izapidea –bidezkoa bada– egin ostean, aurkeztutako dokumentua sinatu gabe epez kanpo edo ezarritakoaz bestelako formatu batean badago, interesdunak hautapen-prozesutik kanpo geratuko dira.

2. atala
Ebazpena

35. artikulua.– Ebazpena, ebazteko epea, jakinarazpena, errekurtsoak eta publikotasun-prozedura.

1.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen esanbidezko ebazpen bakarraren bidez eman edo ukatuko dira berritze-eskabideak hizpide ditugun prozeduretan, betiere hautapen-batzordeak emandako ebazpen-proposamena aintzat hartuta.

2.– Ebazpen hori arrazoitu egin beharko da, eta onuradunen zerrenda eta dagozkien zenbateko ekonomiko xehatuak jasoko ditu, baita eskabide baztertuen zerrenda ere, baztertzeko arrazoiak azalduta.

3.– Ebazpena sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da beranduenez, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. 51. artikuluko 9. apartatu berriari jarraikiz (Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legearen –otsailaren 17ko 35. EHAAn argitaratua– azken xedapenetako hirugarrenaren bidez gehitu da), eskabideak ezetsitzat jo daitezke adierazitako epe horretan jakinarazpenik egiten ez bada.

4.– Egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko dira emandako laguntzak (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ Era berean, jakinarazpen elektroniko bat bidaliko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoaren bidez sartu beharko da bertara.

5.– Alde batera utzi gabe aurreko 4. zenbakian ezarritakoa, Ikerketa Zuzendaritzak argitalpenei buruzko abisuak bidali ahal izango dizkie interesdunei, SMS edo posta elektroniko baten bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen eginaren ondoriorik izango.

6.– Ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, Eusko Jaurlaritzako Egoitza Elektronikoaren bidez. Horretarako, hilabeteko epea izango dute, ebazpena www.euskadi.eus egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.

Agindu hau honako hauetan xedatutakoaren mende egongo da: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapitulua; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean adierazitako oinarrizko araudia, eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, horretarako agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta ondorengoetan. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, eta, horretarako, bi hilabete izango dira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hala xedatuta baitago Administrazioarekiko Auzitarako Jurisdikzioa arautu duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 6a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

I. ERANSKINA
EBALUAZIO-ARLOAK

Oinarrizko Zientziak.

1. arloa.– Lurraren zientziak. Lur-sistemari buruzko ikerketak dagozkio, Biosferaren, Litosferaren, Hidrosferaren eta Atmosferaren historia eta bilakaera, haien arteko elkarreraginak, egungo egoera eta etorkizunean izan dezaketen eboluzioa barne hartuta. Honako hauek hartzen ditu barne: Mineralogia, Petrologia, Paleobiologia, Tafonomia, Geomorfologia, Hidrologia, Barne Geodinamika, Geofisika, Estratigrafia, Sedimentologia, Meteorologia, Klimatologia eta Atmosfera, eta Ingurumenaren Geokimika.

2. arloa.– Fisika eta Espazioaren Zientziak. Fisika eta Espazioaren Zientziei buruzko ikerketak dagozkio, Fisika modernoaren berezko jakintza-alorrekin batera: Fisika Kuantikoa eta materiaren eta unibertsoaren egituran dauzkan aplikazioak. Alor hauek hartzen ditu barne: Biofisika, Optika, Sistema Konplexuak, Fenomeno ez-linealak, Nanoteknologia, Konputazio Kuantikoa, Energia Handiko Fisika Esperimentala, Materia Kondentsatuaren Fisika, Astrofisika eta Astronomia.

3. arloa.– Matematikak. Matematikaren ikerketa-esparrua dagokio, eta alor hauek hartzen ditu barne: Geometria, Topologia, Zenbakizko Analisia, Matematika Aplikatua, Aljebra, Analisi Matematikoa, Estatistika eta Ikerketa Operatiboa.

4. arloa.– Kimika. Honako alor hauek ikertzea du xede, molekula-mailatik maila makroskopikoraino: substantzia naturalen, sintetikoen eta haiek dauzkaten laginen konposizioa, egitura, prestaketa eta propietateak, esperimentatzen dituzten elkarreraginak eta transformazioak, haien mekanismoa, haiek aztertzeko beharrezko den tresneria eta ikertzeko beharrezko den metodologia esperimentala eta/edo teorikoa. Alor hauek hartzen ditu: Kimika Ez-organikoa, Kimika Organometalikoa, Katalisia, Kimika Supramolekularra, Material Molekularrak, Nanokimika, Kimika Biologikoa, Kimika Bioteknologikoa, Kimika Fisikoa, Kimika Analitikoa eta Kimika Organikoa.

Bizitza- eta osasun-zientziak.

5. arloa.– Funtsezko Biologia eta Sistemena. Oinarrizko zenbait ikerketa-esparru hartzen ditu: Biologia Molekularra eta Zelularra, Genetika, Neurobiologia eta Garapena, Mikrobiologia, Birologia, Landareak, Minbizia eta Desberdintzea, Fisiologia, Immunologia eta Biologia konputazionala, estrukturala eta sistemena, honako salbuespen hauek kontuan hartuta: xede nagusiak patologiekin lotura zuzena izatea eta/edo gizakien osasuna hobetu nahi izatea.

6. arloa.– Biomedikuntza. Eragin biomediko handiko oinarrizko azterketak eta ikerketak dagozkio: gaixotasunen oinarrizko ereduak eta mekanismoak, diagnostiko molekularra edo zelularra, estrategia terapeutikoak, farmakologia molekularra eta sistemena, eta molekula bioaktiboak identifikatzea eta aurkitzea. Arlo hauek barne hartzen ditu: Mikrobiologia, Immunologia, Birologia, Gizakiaren Fisiologia, Farmakologia, Nutrizioa eta beste hainbat gai, arazo medikoei gehienbat esparru klinikora hurbildu gabe heltzen badiete, hala nola Biologia Zelularra eta Molekularra, Kardiobaskularra, Neurozientziak, Anatomia, Hepatologia, Heriotza Zelularra, Genetika, Minbizia, Endokrinologia, Gaixotasun Metabolikoak, Farmakoak aurkitzea, Farmakologia Molekularra, Farmakologia Orokorra eta Sistemena, Fisiologia Zelularra eta Sistemena.

Batez ere giza jatorriko materiala barne hartzen duten edo gizakiengan esperimentatzea eskatzen duten ikerketak Medikuntza Kliniko eta Epidemiologiako arloari dagozkio.

7. arloa.– Medikuntza Klinikoa eta Epidemiologia. Helburutzat gaixotasuna, haren mekanismoak edo izan litzakeen tratamenduak hobeto ezagutzea duten ikerketa guztiak dagozkio, eta ikerketen zati handi bat gizakietan egiten bada, batez ere giza jatorriko materiala barneratzen du, edo beharrezkoa da proba klinikoak egitea. Honako hauek hartzen ditu barne: Kirurgia eta Aurpegi-masailetakoa, Epidemiologia, Osasun Zerbitzuak, Gaixotasun Metabolikoak, Gaixotasun Kardiobaskularrak, Minbizia, Gaixotasun Infekziosoak, Neurologia, Psikiatria, Miszelanea.

Kirolaz eta osasunaz egiten diren ikerketak zeharkakoak izaten dira, eta arlo hau gomendatutakoa izan arren, litekeena da proiektuari beste arlo batetik heltzea egokiago izatea, eta aukera hori kontuan hartu behar da.

8. arloa.– Landare eta Animalia Biologia, Ekologia, Ingurumena. Organismo bizidunen dibertsitateari buruzko ikerketa-esparrua dagokio, bai eta, biosferaren eremuan, haien bilakaera eta elkarreragina ere. Egitura-, funtzio– eta dinamika-alderdiak organismoen eta ekosistemen biologiaren zenbait espazio– eta denbora-eskalatan kontuan hartzen dira: Itsas Ekologia, Mikrobiologia, Eboluzio Sistematikoa, Genetika, Landareen Kontserbazioa, Lurreko Ekologia, Fisiologia, Landare Bioteknologia, Animalien Sistematika.

9. arloa.– Elikagaien Zientzia eta Teknologia. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Arrantza. Elikagaien Zientzia eta Teknologiari elikagaien kalitateak zer ezaugarri dituen jakiteko ikerketak dagozkio; besteak beste, hauek jakitekoak: oinarri fisikoak, kimikoak eta biokimikoak, elikagaien mikrobiologia eta bioteknologia, osagai funtzionalak nola lortu eta haien bioeskuragarritasuna eta ebaluazioa. Honako hauek hartzen ditu barne: Metabolismoa, Nutrizioa, Analisi Teknika Aurreratuak, Makromolekula Biologikoen Kimika, Elikagaien Segurtasuna, Elikagai Funtzionalak, Herdoilaren aurkako Ezaugarriak eta Osasunarentzako Ondorioak, Analisia Sistema Biologikoetan, Elikagaien Mikrobiologia, Prozesu Teknologikoak, Kontserbazio Teknologia Berriak, inplikatutako entzima-sistemen Ezaugarri Biokimikoak eta Molekularrak. Nekazaritzari landareen fitotekniarekin eta erabilerarekin eta nekazaritza- eta baso-sistemen kudeaketarekin zerikusia duten ikerketak dagozkio; besteak beste: erlazio hidrikoak eta lurraren eta landarearen arteko elkarreragina, landareen hobekuntza genetikoa, landaketen fisiologia eta produktibitatea, gaixotasunak, izurriteak eta belar txarren ikerketa, hala nola Nekazaritza Ekonomiaren eta Politikaren esparruko beste batzuk. Abeltzaintzari eta Arrantzari, berriz, xedetzat honako alor hauek dituzten ikerketak dagozkie: ekoizpena, gaixotasunak eta haiei aurrea hartzeko estrategiak, abeltzaintzarako interesekoak diren animalia-espezieen ugalketa eta genetika, akuikultura eta basa-fauna.

Ingeniaritzak, Teknologiak eta Arkitektura.

10. arloa.– Teknologia Mekanikoak eta Ekoizpenerakoak.

Ingeniaritza mekanikoen eta ekoizpen-ingeniaritzen alorreko ikerketa guztiek osatzen dute, bai funtsezkoek bai aplikatuek; ikerketa horien artean hauek aipa daitezke: Materialen Zientzia eta Teknologia, Materialen Modelaketa, Biomekanika, Aleazio Magnetikoak, Sentsore Magnetikoak, Termoenergetika, Termoteknia eta Energia Mekanikoa, Mekanika Estrukturala, Mekanika Konputazionala, Energia, Energia Termikoaren Biltegiratzea, Optimizazio Energetikoa, Fabrikazioa, Konformazio Plastikoa, Xafla Konformazioa, Haustura eta Nekea, Makinak eta mekanismoak, Haustura Konputazionalaren Mekanika, Elementu Finituen Metodoa. Arlo honetakoak dira industria- eta ingurumen-prozesuak osatzen dituzten operazio fisiko, kimiko edo biokimikoen sorrera eta funtzionamendua hobetzeko Ingeniaritza eta Teknologia Kimikoan egiten diren ikerketak, baina kontuan izan behar da proiektuak kokapen egokiagoa izan dezakeela beste arlo batean.

11. arloa.– Komunikazio, Konputazio eta Elektronikaren Ingeniaritzak.

Ingeniaritza Elektriko, Elektroniko eta Automatikoak Ingeniaritza Elektriko klasikoaren eta kontrolaz diharduenaren gaikako eduki osoak eta Ingeniaritza Elektronikoaren edukien zati bat barne hartzen dute. Ingeniaritza Elektriko klasikoaren barruan makina elektrikoen diseinu eta erabilerari, energia elektrikoa sortzeko, garraiatzeko eta banatzeko prozesuei eta haien kudeaketari lotutako ikergaiak daude. Kontrolaren ingeniaritzak sistemen modelaketari, kontrol-teoria sistemetan aplikatzeari eta industria- eta etxe-prozesuak automatikoki kontrolatzeko gailuen eta ekipamenduen garapen eta erabilerari lotutako gaiak hartzen ditu barnean. Ingeniaritza Elektronikoaren barruan honako alor hauek daude: Kontrolaren Ingeniaritza, Ingeniaritza Elektrikoa, Gailu Elektronikoak, Mikroelektronika. Konputazioaren eta Teknologia Informatikoaren Zientzietan egiten diren ikerketek alor hauekin dute zerikusia: Softwarearen Ingeniaritza; Datu Basea eta Segurtasuna; Konputagailuen eta Banatutako Sistemen Arkitektura; Sistema Adimendunak; Prestazio Handien Konputazioa eta Irudiaren Prozesaketa, Elektronika, Teknologia Fotonikoa, Komunikazio Optikoak, Telematika, Seinalearen Prozesaketa.

12. arloa.– Arkitektura, Ingeniaritza Zibila, Eraikuntza eta Hirigintza. Ingeniaritza Zibilak eta Arkitekturak barne hartzen dute azpiegitura zibilak hobeto planifikatu, diseinatu, eraiki, kontserbatu eta kontrolatzeko ikerketa guztia, bai eta arkitektura-eraikuntzei, hirigintzari eta lurraldearen antolaketari lotutakoa ere.

Gizarte Zientziak eta Giza Zientziak.

13. arloa.– Hezkuntza Zientziak. Psikologia. Psikologian egiten diren ikerketa guztiek osatzen dute, bai eta honako hauek ere: oro har, didaktikarekin zerikusia duten ikerketak; hezkuntza-gaietako didaktika espezifikoak; eta hezkuntzaren alderdi historikoak, psikologikoak eta metodologikoak. Alor hauek hartzen ditu barne: Pedagogia, Didaktika, Hezkuntzaren Psikologia, Nortasuna, Ebaluazio eta tratamendu psikologikoak, Psikobiologia, Oinarrizko Psikologia, Psikologia Ebolutiboa eta Hezkuntzarena, Gizarte Psikologia, Portaera Zientzien Metodologia.

14. arloa.– Gizarte Zientziak. Diziplina hauekin zerikusia duten zientzia-helburuak aztertzen ditu: Soziologia, Gizarte Ikerketarako Teknikak, Zientzia Politikoa eta Administrazioarena, Kazetaritza, Ikus-entzunezko Komunikazioa, Publizitatea, Giza Geografia.

15. arloa.– Zuzenbidea. Ordenamendu juridikoko sektore eta diziplina guztiak biltzen ditu, ikuspuntu nazionaletik bezala nazioarteko ikuspuntutik ere. Arloan gai hauek sartzen dira: Zuzenbide Konstituzionala, Zuzenbide Administratiboa, Zuzenbide Zibila, Zuzenbide Prozesal Zibila, Zigor Zuzenbidea, Zuzenbide Prozesal Penala, Nazioarteko Zuzenbide Publikoa, Nazioarteko Zuzenbide Pribatua, Europako Erkidego Zuzenbidea.

16. arloa.– Ekonomia. Ikerketa-esparrutzat honako hauek ditu: ekonomiaren oinarri teorikoak, metodo kuantitatiboen erabilera eta garapena eta haien aplikazio enpirikoa askotariko arazo ekonomikoetan. Diziplina ekonomikoek honako alor hauek hartzen dituzte: Ekonomia Aplikatua, Mikroekonometria, Lan Ekonomia, Familien Ekonomia, Enpresen Antolaketa, Gobernu Korporatiboa, Aplikazioak bankuetan eta zerbitzuetan, Erakundeen Ekonomia, Enpresen erregulazioa, konkurrentzia eta portaera, Gizarte Erantzukizun Korporatiboa, Analisi Ekonomikoaren Oinarriak, Teoria Ekonomikoa, Ekonomia Matematikoa, Informazioaren Ekonomia, Jokoen Teoria, Ekonomia Industriala, Makroekonomia, Nazioarteko Ekonomia, Finantza Enpirikoak.

17. arloa.– Filologia eta Filosofia. Filologia-esparruan Hizkuntza- eta Literatura-ikerketak sartzen dira, bai eta haiek kulturarekin eta gizartearekin dituzten harremanak ere. Diziplina horiei ikuspuntu teorikotik heltzen dieten lanak eta edozein historia-alditako hizkuntza edo literaturei buruzkoak biltzen dira arlo honetan. Bai eta Itzulpena eta Interpretazioa gaitzat dituzten ikerketak eta hizkuntzarekin eta literaturarekin zerikusia duten aplikazio eta baliabide teknologikoak garatzen dituztenak ere. Filosofiaren esparruari dagokionez, honako gai hauek ikertzen dira: errealitateari buruzko gai orokorragoak, haiek ezagutu ote ditzakegun, giza izaera eta gizakiak munduan betetzen duen lekua, bai eta zientzia partikularretan planteatzen diren eztabaida metodologiko eta kontzeptual orokor guztiak ere. Alor hauek hartzen ditu barne: Literatura, Espainiar Literatura, Filosofia, Logikaren eta Hizkuntzaren Filosofia, Literatura Konparatua, Hizkuntza, Hizkuntzalaritza Orokorra, Filologia Klasikoa, Greziar Hizkuntzalaritza, Euskal Filologia, Filologia Modernoak, Literatura Ingelesa, Genero Ikasketak, Logika, Zientziaren Filosofia.

18. arloa.– Historia eta Artea. Historia-diziplina guztiak sartzen dira, garaien eta espezialitateen arabera, hala nola Arkeologia, eta Zientzia eta Teknika Historiografikoak. Artearen esparruan gai hauek biltzen dira: Artearen Historia, Estetika eta Arteen Teoria, Musikaren Historia, Zinemarena eta Ikus-entzunezkoena, Konposizio Arkitektonikoa, Hirigintza eta Lurraldearen Antolaketa, Eskultura, Pintura eta Marrazketa, bai eta arte-ondarea zaharberritu eta kontserbatzearekin zerikusia duten zientziak eta teknikak ere.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala