Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

143. zk., 2021eko uztailaren 20a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4087

AGINDUA, 2021eko uztailaren 6koa, Hezkuntzako sailburuarena. Honen bidez, oinarri arautzaileak ezartzen dira Oinarrizko Ikerketa eta Bikaintasun Zentroen kategorian egiaztatuta dauden Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileei laguntzak emateko (BERC Programa).

Nazioarteko lehiakortasun gero eta handiagoak eta ikerketa zientifikoko dinamikak ekarri dute lidergoa apurka-apurka galtzea; are gehiago, erakunde finkatuek ere lidergoa galtzea ekarri dute. Ondorioz, ikerketa-gaietan aitzindari diren herrialdeek laguntza-programak diseinatu dituzte, munduan lehiatzeko gai izango diren bikaintasun-guneak garatzeko. EAErako interes zientifikoa duten eremuetan ezagutza sortzeko egiturak dira Oinarrizko Ikerketarako eta Bikaintasun-ikerketarako Euskal Zentroak (Basque Excellence Research Centres, BERC), eta ikerketaren bikaintasuna da haien ezaugarri nagusia. Erakunde horiek sortzen dira puntakoak izateko euskal unibertsitate-sisteman eta EAEn egiten diren ikerketa zientifiko guztietan, bai eta Europako jakintzagune izan daitezen ere, munduan zehar dauden beste zentro batzuekin batera.

Agindu honen bidez, EAE talentugune aurreratu bilaka dadila bultzatu nahi da, betiere egin beharreko jarduerak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza 2030 planean azaltzen diren estrategiekin uztartuz; izan ere, plan horrek, ildo estrategikoen artean, BERCak sortu eta garatzen laguntzea ezartzen du, bikaintasun zientifikoaren babesean. Hain zuzen, jarduketa horrek elikatu eta indartu egiten ditu, era berean, Horizon Europe ikerketa-programan ezarritako ildo estrategikoak. Laguntza-agindu honekin, azken finean, lortu nahi da lehen mailako ikerketa zientifikoa bultzatzea, EAEko ikerketa zientifiko eta teknikoaren kalitatea areagotzeko eta erakartzeko estrategikotzat jotzen diren espezializazio zientifikoko ikertzaileak, nazioartekoak eta bizkortu egingo dutenak hala bikaintasuna, nola egiten den ikerketaren nazioarteko eragina. Hori dela-eta, ekimen hau oso lotuta dago Ikerbasque Fundazioak egiten duen lanarekin, hain zuzen ere Zientziaren Euskal Sistematik kanpoko ikertzaileak erakarri eta bereganatzeko lanarekin. Era berean, ikerketa-zentro horiek eratu eta abian jarri eta gero, mekanismoak ezarri beharko dituzte, lankidetzan jarduteko EAEko unibertsitateetako eta beste I+G+B zentro batzuetako ikertzaileekin, eta, horrela, ikertu eta lehiatzeko duten ahalmena bultzatzeko.

Halaber, bikaintasun zientifikoaren ingurunean zientzia eta teknologia alorrean ikerketa berritzailea sustatzeko helburuari dagokionez, agindu honetan finantzaketaren zati espezifiko bat mundu-mailan kokatuta dauden oinarrizko ikerketako eta bikaintasuneko zentroetan garatzeko proiektu singularretarako izango da, zentro horien nazioarteko erreferentzia-zentro izateko eraketa- eta finkatze-prozesua babesteko. Horrela, bikaintasunera bideratutako finantzaketa gutxienez aurrekontuaren % 50ekoa izango da, eta, beraz, deialdi honetako aurrekontu erabilgarriaren % 50 gehienez BERC horien egiturazko finantzaketarako erabiliko da. Era berean, zentro horiek, herri-, estatu- zein nazioarte-mailan duten kokapena aintzat hartuz, erreferentziazko eragile izan behar dute EAEko dibulgazio zientifikoko politikan. Alde horretatik, agindu honetan sartuta dago dibulgazio zientifikoko plan espezifiko bat izateko betebeharra, gizartearen ezagutza zientifikoa hobetzen laguntzeko eta ikerkuntzarako erabiltzen diren baliabide publikoen norakoa herritarrei jakinarazteko.

Deialdi hau IKUR 2030 Estrategiaren osagarria da. Estrategia hori Hezkuntza Sailak jarri zuen abian, EAEn egiturazko aldaketa bat bultzatzeko, inpaktu zientifikoa, teknologikoa, enpresariala eta soziala izango duena ibilbide luzeko ikerketa-ekimen esanguratsuak bultzatzean oinarrituta. Helburua da EAE nazioartean erreferentzia izango den gune zientifiko gisa kokatzea, zeinak aukerak emango dituen bultzatu beharreko arlo zientifiko-teknologikoetako industria- eta gizarte-garapenerako. Halaber, eta IKUR 2030 Estrategiaren osagarri, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila epe luzerako azpiegitura estrategiko handiak garatzeko programa bat bultzatzen ari da, bikaintasuneko ikerketa zientifikoarekin lotuta. Programa hori LINKER (Large Infrastructures for Key Excellence Research) da, eta horren bidez, azpiegitura zientifiko estrategiko handiak jarriko dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen esku, epe luzera begirako ikuspegi estrategikoarekin. IKUR ekimenen xedea da osagarri izatea bikaintasun-ezagutza eskualdatzea sustatzen duten eta gizarte- eta enpresa-arloetan balioa ematen dioten beste programa estrategiko batzuentzat.

Bestalde, agindu honek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuak xedatutakoa gauzatzen laguntzen du. Dekretu horrek ezartzen du aldian-aldian egiaztatutako eragileen jarraipena egingo dela, eta ebaluazio horren ondorioz, egiaztapen horri eutsiko zaio edo baliogabetu egingo da.

Beraz, laguntza hauen xedea da BERC zentroei garatzen laguntzea, finantzaketa esleituz proposamen eta emaitzen ebaluazioaren eta jarduera ez-ekonomikoaren eta horri lotutako xedeen azterketaren bitartez.

Administrazio publikoen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioen arabera ebatziko da deialdi hau, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako eran, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudiarekin eta laguntzei eta dirulaguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin bat.

Adierazitako horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da 2022-2025 aldirako dirulaguntzen oinarriak ezartzea eta deialdia egitea, Oinarrizko Ikerketa eta Bikaintasun Zentroen kategorian egiaztatuta dauden Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileen jarduera ez-ekonomikoa finantzatzeko (BERC Programa).

2. artikulua.– Laguntzen finantzaketa.

Deialdi honetako dirulaguntzen programaren guztizko zenbatekoa, 2022. urteko aurrekontu-ekitaldia eta 2023, 2024, 2025 eta 2026rako konpromiso-kredituak kontuan hartuta, 50.400.000 euro da, EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partidaren kontura.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jaso ahal izango dituzte izaera juridiko propioa izan eta oinarrizko ikerketako eta bikaintasunezko zentro modura egiaztatuta dauden erakundeek, betiere Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean –ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuak arautuan– integratuta badaude. Laguntza gauzatzeko aldi osoan zehar bete beharko dute baldintza hori.

2.– Erakunde onuradunek, laguntza jasotzen duten aldian, baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Oinarrizko ikerketa- eta bikaintasun-zentro moduan onartuta egon behar dute Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean.

b) Erakundeak ezin izango dira onuradun izan baldin eta dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko zehapenen bat badute bide penaletik edo administratibotik, edo horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuren baten eraginpean badaude, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne direla, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

c) Euskal Autonomia Erkidegoaren arlo publikokoak ez diren erakunde onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, hala xedatzen baitu Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduak (urriaren 15eko EHAA, 208. zk.). Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela; horretarako, ez du haien baimenik behar izango, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren arabera.

Baldintza hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

d) Ezin izango dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan honako xedapen hauetan jasotako egoeraren batean daudenak: Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan.

e) Zuzendari zientifikoa izan beharko dute, erakunde onuradunarekin lan- edo estatutu-arloko loturaz edo hari atxikita; pertsona hori arduratuko da laguntza jasotzen duten jardueren betearazpenaren zuzendaritzaz.

f) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.

4. artikulua.– Dirulaguntzaren helburuko jarduerak.

1.– Erakunde onuradunen ikerketa-programek jasoko dute laguntza; erakunde horiek ikerketa zientifikoa egiteko dauzkaten estrategien ahalmena eta nazioarteko proiekzioa indartzen laguntzen duten ikerketa-programek, hain zuzen ere.

2.– Diruz laguntzeko moduko gastutzat joko dira: diruz lagundutako jardueraren izaerari zalantzarik gabe erantzuten diotenak eta 5. artikuluan ezarritako epean egiten direnak. Diruz lagundutako gastuen eskuratze-kostuak ez du, inolaz ere, merkatuko balioa gaindituko.

3.– Laguntza hauei dagokienez, egindako gastutzat hartuko da betearazpen-aldian egin eta agindu honetan ezarritako gastuak egiaztatzeko aldia amaitu baino lehen ordaindu dena.

4.– Laguntzari honako hauek egotzi ahal izango zaizkio: langile-kostuak; ondasun inbentariagarriak lortu, eraiki, berregokitu, eta hobetzea –betiere ondasun horiek erakunde onuradunaren ibilgetu izatera pasatzen badira–; alokairuak; material suntsigarria hornitzea; aholkularitza eta laguntza teknikoko lanak edo bestelako zerbitzuak kontratatzea; zientzia-jarduerak antolatzea; zientzialarien eta teknikarien dieta eta bidaiak, betiere otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuak ezarritako mugen barruan (16/199 Dekretua, Zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzkoa), eta proposatutako jarduerak gauzatzearekin zuzenean lotuta dauden beste batzuk.

5.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, onuradunak hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan ez badago halako zerbitzurik eskaintzen duen nahikoa erakunde, edo salbu eta gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada.

Aurkeztutako eskaintzen artetik aukeraketa egiteko, efizientzia-eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta txosten baten bidez berariaz justifikatu beharko da proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean. Aukeratutako eskaintza justifikatzean, eskaintzok aurkeztu beharko dira.

6.– Ondasun inbentariagarriak lortu, eraiki, berregokitu, eta hobetzeko, honako arau hauek beteko dira:

a) Onuradunak dirulaguntza eman den xede jakinera bideratuko ditu ondasunak, gutxienez bost urtez erregistro publikoetan inskriba daitezkeen ondasunak badira, eta gutxienez lau urtez gainerako ondasunak direnean.

Erregistro publikoetan inskriba daitezkeen ondasunen kasuan, eskrituran jaso beharko da zirkunstantzia hori, baita emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ere, eta bi baldintzok dagokion erregistro publikoan inskribatu beharko dira.

b) Ondasuna besterentzeak edo kargatzeak dirulaguntza eman den xedera bideratzeko betebeharra ez betetzea ekarriko du, eta ez-betetze hori itzulketarako arrazoi izango da, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen II. Tituluko II. Kapituluan ezarritako baldintzetan; kasu horretan, itzulketa ordaintzera atxikita geratuko da ondasuna, edozein delarik ere haren jabea, salbu eta erregistroko fede publikoak babestutako hirugarren bat bada edo justifikatzen bada ondasunak fede onez eta bidezko tituluz edo merkataritza- edo industria-establezimenduetan erosi izana, inskriba ezin daitezkeen ondasun higigarrien kasuan.

7.– Laguntzaren xede diren ekintzak azpikontratatu ahalko dira, diruz lagundutako zenbatekoaren % 20ko portzentajean gehienez ere, betiere azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 29. artikuluan eta hura garatzeko uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartutako erregelamenduaren 68. artikuluan xedatutako betekizunak eta debekuak betez.

8.– Ez dira diruz laguntzekoak izango enpresa hornitzailea eta erakunde onuraduna lotzen dituzten gastuak, ez badira berariaz justifikatzen; justifikazio hori Ikerketa Zuzendaritzak baloratu eta baimendu beharko du. Oinarri hauen ondorioetarako, ulertuko da bi erakunde edo enpresa lotuta daudela, baldin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68. artikuluko 2. apartatuan adierazitako egoeraren batean badaude.

9.– Artikulu honetan diruz lagun daitezkeen gastuei buruz arautu ez denerako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoa beteko da.

5. artikulua.– Laguntzen ezaugarriak eta mugak.

1.– Eman beharreko laguntzak dirulaguntza ez itzulgarriak eta urte anitzekoak izango dira, eta ikerketa-erakunde onuradunarekin sinatu beharreko hitzarmen baten bidez bideratuko dira.

2.– Laguntza-deialdi honek diruz lagunduko du erakunde onuradunek 2022, 2023, 2024 eta 2025eko ekitaldietan egiten dituzten jarduera ez-ekonomikoen kostu osoaren portzentaje bat, betiere hari lotutako xedeen arabera; jarduera ez-ekonomikotzat ulertuko da Europako Batzordeak Ikerketako eta Garapen eta Berrikuntzako estatu-laguntzei buruzko Esparruan ezarritakoa (2014/C 198/01).

Diruz laguntzeko gehiengo portzentajea % 70ekoa izango da, egiaztatutako BERCentzako.

3.– Dirulaguntzaren helburutik kanpo gelditzen da jarduera ekonomikoa. Jarduera ekonomikotzat jotzen dira hala industriarekin kontratupean burututako ikerketa, nola ikerketa-azpiegituren alokairua eta Europako Batzordearen arauetan –aurreko paragrafoetan jasotakoetan– exijitu eta jasotako baldintzei erantzuten ez dieten beste jarduera ekonomiko batzuk.

6. artikulua.– Bestelako laguntzekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan ezarritako laguntzak eskuratzen dituzten erakunde onuradunek beste laguntza batzuk ere jaso ahal izango dituzte, edozein delarik ere ematen dituen administrazioa edo erakunde publikoa zein pribatua. Dena den, erakunde onuradunak jasotzen dituen laguntza guztiak bilduta, ezin izango dute gainditu erakundearen jarduera ez-ekonomikoaren kostu osoaren % 100a portzentaje horren barruan sartuta onuradunak hirugarrenetatik jaso ditzakeen bestelako laguntza edo diru-sarrerak.

2.– Onuradunak jasoko dituen laguntzen guztizkoa zenbat den jakin ondoren, agindu honetan ezarritakoaren ondorioz onuradun horrek jaso ahal izango dituen laguntzak zehazteko, kontuan hartuko dira Europar Batasunean horretarako indarrean dauden arauak, eta, zehazkiago, zer ezarri den Erkidegoaren esparruan Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzarako estatuko laguntzetarako.

3.– Eskuratutako dirulaguntzek aurreko paragrafoan ezarritako muga gainditzen badute, muga hori erdiesteko, murriztu egingo da agindu honetan oinarrituta emandako laguntzen zenbatekoa.

7. artikulua.– Eskabideak eta dokumentazioa.

1.– Eskabideak egiteko, inprimaki bat bete beharko da, bide telematikoz Hezkuntza Sailaren egoitza elektronikoaren bidez eskuratu ahal izango dena, web-orrian https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0174903

Eskabidea elektronikoki sinatzeko, erakunde eskatzaileak erakunde-txartela izan beharko du, eta, halakorik izan ezean, legezko ordezkariak alta hartu beharko du Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan (Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2012ko abenduaren 14ko Agindua-https://www.euskadi.eus/ordezkariak).

Aplikaziora ziurtagiri elektronikoaren bidez sartuko da (NAN elektronikoa, ONA txartela, FNMTren pertsona fisikoen ziurtagiria, BAK-q). Aplikaziora sartzen diren pertsonek baimena ematen diote Ikerketa Zuzendaritzari (deialdia kudeatzen duen organoari) nortasun-datuak administrazio eskudunean egiazta ditzan bitarteko elektronikoen bitartez edo eskuragarri dituen bestelako baliabideen bitartez.

Dirulaguntzaren eskabidea aurkeztearekin batera, erakunde eskatzaileak baimena emango dio organo kudeatzaileari, zuzenean egiazta dezan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 18. eta 19. artikuluetan aurreikusitako betebeharrak betetzen dituen.

Dena dela, eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du baimena. Hala eginez gero, beharrezko egiaztagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskaerarekin batera.

2.– Eskabidearen alderdi guztiak bete ondoren, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluaren 6. apartatuan aipatutako erantzukizunpeko adierazpena barne –Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartu zen testu bategin hura–, eta artikulu honetako 4. apartatuan zehaztutako dokumentu erantsiak aplikazioan jaso ondoren, erakundeak edo haren legezko ordezkariak elektronikoki sinatu beharko du eskaera, 1. apartatuan adierazitakoaren arabera; orduan bakarrik geratuko da erregistratuta eskabidea.

3.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasiko da 2021eko irailaren 8ra arte.

4.– Eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Garatu beharreko ekintza-plana edo plan estrategikoa (EP). 2018-2021 aldian egindako jardueren memoria eta zentroak egingo duen ikerketaren plangintza jaso beharko ditu, baita haren ildo guztiak eta honako hauek ere: ikerketa-taldeak, lortu beharreko xede eta adierazleak, emaitzen estimazioa, finantza-plana, azpiegituren eta ekipamenduaren deskribapena, hautaketa-politika, ikertzaileen prestakuntza eta berdintasun-plana, nazioartekotzeko estrategia eta eskualdatze eta dibulgazio zientifikoko estrategia, eta plana osorik deskribatzeko behar diren kontzeptu guztiak. Ekintza-plana agindu honen II. eranskinaren arabera garatuko da. Agiria ingelesez idatzia izan beharko da.

Finantzaketa-planean (FP) jasoko dira 2018-2021 eta 2022-2025 aldietarako sartutako urteko pertsonal-gastuak, bestelako gastu arruntak eta inbertsioak, agindu honen IV. eranskinaren arabera. Halaber, aldi horietarako sarrera-iturriak zehaztuko dira, honela sailkatuta: iturri publikoak eta pribatuak, eremu geografikoa eta erakunde finantzatzailea. Gainera, modu esplizituan zehaztuko dira lokalak errentatzeko gastuak eta instalazioetarako, laborategietarako, tresneria espezifikoetara eta abarretarako bideratutako zenbatekoak, laborategian zein laborategitik kanpo esperimentu bidez egindako ikerketekin zerikusia dutenak. Alderdi biak aztertu beharko dira finantzaketa-planean.

2022-2025 aldirako aurreikusitako gastuak justifikatu behar dira; horretarako, izango duten xede zehatzaren deskribapena eta gastu horiek finantzatzeko lortu ahalko diren finantzaketa-iturrien azterketa egingo da.

Azkenik, ekintza-planak (EP) aipatutako 2018-2021 eta 2022-2025 aldietarako adierazleen atal bat izango du. 2022-2025 aldirako ezarritako adierazleek koherenteak izan beharko dute aurreko fasean zentroek erakutsitako ahalarekin; bestela, desadostasuna justifikatu egin beharko da. Agindu honen III. eranskinean sartuta dago sartu beharreko adierazleen zerrenda.

b) Diruz lagundu beharreko jarduera gauzatzeko epean beste erakunde publiko edo pribatu batzuei jarduera ez-ekonomikorako eskatutako edo haiek horretarako emandako laguntzen adierazpena.

c) Organo eskudunaren egiaztapena, 3.2 artikuluan ezarritakoa betetzeari buruzkoa.

8. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

1.– Baldin eta agindu honen 7.4 artikuluan eskatutako zerbait betetzen ez duen eskabideren bat edo agiriren bat aurkezten bada, Ikerketa Zuzendaritzak 10 eguneko epea emango die eskabide-sinatzaileei hutsak zuzen ditzaten edo arauzko agiriak aurkez ditzaten, eta ohartaraziko die ezen, agindutakoa bete ezean, eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela. Hala agintzen da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan.

Zuzenketa-errekerimenduaren jakinarazpena, zuzendu beharreko eskabideak www.euskadi.eus egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz gauzatuko da.

2.– Nolanahi ere, Hezkuntza Sailak, edo, behar izanez gero, Ikerbasque Fundazioak, –agindu honetan jasotako dirulaguntzak kudeatzeko entitate laguntzaile modura jardungo baitu– aurkeztutako eskabidea egokiro ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen dituen dokumentazio edota argibide osagarriak eska diezazkiekete eskatzaileei, aditzera emanez ezen, agindu honetan propio adierazi gabekoetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko dela.

9. artikulua.– Ebaluazioa.

1.– Eskabideen ebaluazioa batik bat honako hauei buruzkoa izango da: zentroen bikaintasun zientifikoa, bikaintasunerako gobernua eta kudeaketa, 2020-2025 aldirako proposatutako ekintza-plana, Zientziaren Euskal Sistemaren laguntza, Euskadi 2030 ZTBP, Euskadiko RIS3, Ikerketaren Europako Espazioa (ERA) eta H2030. Ebaluazioa Leidengo Manifestuan ezarritako printzipioek arautuko dute (The Leiden Manifesto for research metrics, Nature 2015).

2.– Erakunde laguntzaile den aldetik, Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioak egingo ditu eskabideen ebaluazioaren kudeaketako lan materialak. Ikerbasque Fundazioaren Aholku Batzorde Zientifikoak balorazio zientifiko-teknikoari buruzko txosten bat egingo du eskabide bakoitzarentzat, artikulu honetan adierazitako irizpideei jarraituz. Batzorde horrek Zientziaren Euskal Sistematik kanpo dauden eta BERC bakoitzaren zientzia-arloan nazioarteko ospea duten zientzialarien aholkularitza izan ahalko du txosten hori egiteko. Prozeduran zehar, informazio osagarria eskatu ahalko zaie erakunde eskatzaileei, balioztatzeko aurkeztutako agirien inguruko zalantzak argitzeko. Aurrez aurreko elkarrizketa eskatu ahal izango zaie, informazioa jasotzeko. Elkarrizketa hori aurkeztutako dokumentazioa argitzeko soilik egitea aurreikusten da.

3.– Zehazki, ondoko irizpide-bloke hauek balioztatuko dira:

a) Gobernantza, bikaintasunerako kudeaketa eta Zientziaren Euskal Sistemari ekarpena: zentroaren antolaketa, Euskadi 2030 ZTBPrekin eta RIS3 estrategiarekin bat egitea, kudeaketa ekonomikoa, zentroaren Nazioarteko Aholku Batzorde Zientifikoaren osaera (ISAC, International Scientific Advisory Committee).

b) Bikaintasun zientifikoa eta ikerketa-kalitate frogatua: ikerketa-programaren eta argitalpen zientifikoen kalitatea, ikertzaileak prestatzeko eta erakartzeko programa, zentroaren nazioarteko lidergoa, ezagutzaren eskualdatzea eta hedapena eta ikerketaren gizarte-eragina.

c) 2022-2025 aldirako ekintza-plana: antolaketa, helburu estrategikoak, garapen-programa, eragina EAEn eta nazioartean, talentua erakartzeko eta trebatzeko programa, finantzaketa-plana, eskualdatze eta dibulgazio zientifikorako estrategia, berdintasun-plana.

4.– Puntuazioak.

(Ikus .PDF)

5.– Ebaluazio-prozesuaren ondorioz, honako kategoria hauen arabera sailkatuko dira zentroak:

(A+) Aparta, zentroa mundu osoan erreferentziazko erakundea da bere ikerketa-alorrean. Talde horretan sartzen dira ebaluazio-prozesuaren ondoren 95 puntu edo gehiago lortu dituztenak eta adierazle horietarako ezarritako helburu hauek lortu dituztenak:

(Ikus .PDF)

(A) Bikaina, emaitza bikainak ditu estatu-mailan, baina zentroaren nazioarteko bikaintasunari begira alderdi batzuk aintzat hartu behar dira. Erakunde horiek 90 puntu edo gehiago eta 100 puntu baino gutxiago dituzte.

(B) Ona, emaitza onak ditu estatu-mailan, baina hobetu egin behar du datozen urteetan nazioarteko erreferentzia-zentrotzat hartu ahal izateko. Erakunde horiek 77 puntu edo gehiago eta 90 puntu baino gutxiago dituzte.

(C) Hobe daitekeena, zentroaren egungo azpiegiturak edo duen garapenak ez dute bermatzen etorkizunean zentro bikaintzat hartu ahal izatea. Erakunde horiek 65 puntu edo gehiago eta 77 puntu baino gutxiago dituzte.

(D) Ez nahikoa, zentroa deialditik kanpo geratzen da. 65 puntu baino gutxiago lortzen dituzten erakundeak.

(Ikus .PDF)

6.– Aholku Batzorde Zientifikoak, eskabidearekin batera bidalitako agiriak ikusi ondoren, zentroaren esperimentaltasun-maila zehaztuko du; 0 eta 10 artekoa izango da maila. Ohiko jarduera zientifikoa garatzeko behar diren instalazio, laborategi eta tresneria espezifikoak izateko egiaztatutako beharren arabera zehaztuko da maila hori.

7.– Aholku Batzordeak, gainera, kalitate-adierazleen proposamen bat eta emaitzen ebaluazioa egingo ditu laguntza gauzatzeko aldian, ekoizpen zientifikoari, prestakuntza-gaitasunari, langileak erakartzeari eta funtsak lortzeari dagokionez. Gainera, bikaintasunari, laguntzei, sareei, jakintza transferitzeari eta zabaltzeari eta abar dagokionez beste kalitate-adierazle mota batzuk sartu ahalko ditu.

Hori zenbakiz zehazteko, datozen lau urteetarako erakundeak diseinatutako jarduera-planean sartutako adierazleetatik eta aurreko urteetan erakutsitako ahaletik abiatuko da Aholku Batzordea. Erakunde onuradunak proposatutako adierazleak dagoeneko erakutsitako ahal eta bilakaerarekin bat ez badatoz edo horien azpitik badaude, Aholku Batzordeak, hori finkatzeko, proposatutako adierazleen gaineko programa estrategikoetan erakundeek egindako justifikazioa hartuko du aintzat. Gainera, horretarako, erakunde bakoitzaren espezializazio-alorrean entzute handia eta ebaluazioak egiten eskarmentua duten ikertzaileei txostenak eskatu ahalko dizkie.

10. artikulua.– Esleitzeko prozedura.

Dirulaguntzen esleipena bi fasetan egingo da:

1.– Zentro bakoitzaren egiturazko finantzaketa zehaztea. Erakunde onuradunen egiturazko finantzaketa honako hiru osagai hauen arabera zehaztuko da: errentamendu-gastuetarako modulua, esperimentaltasun-modulua eta oinarrizko gastuen modulua. Lehenengo biak eskabidean egiaztatutako finantzaketa-beharren arabera zehaztuko dira. Hirugarrena, berriz, zenbateko finkoa da erakunde onuradun guztientzat.

Errentamendu-gastuen moduluari emateko zenbatekoa eraikinak eta lokalak errentan hartzeko egiaztatutako gastuen arabera zehaztuko da, eta 2022-2025 aldirako errentamendu-gastu horien bilakaeraren justifikazioaren arabera. Justifikatutako errentamendu-gastuen % 80 finantzatuko da gehienez, eta urteko 200.000 € arte.

Esperimentaltasun-moduluari emateko zenbatekoa Aholku Batzorde Zientifikoak erakunde bakoitzari esleitutako esperimentaltasun-mailaren arabera zehaztuko da, eta urteko 200.000 € arte.

Laburbilduz, laguntzaren zenbatekoak kontzeptu horietarako honako hauek izango dira:

(Ikus .PDF)

C kategorian ebaluatutako zentroen kasuan, oinarrizko gastuen modulua bakarrik aplikatuko da, eta, beraz, zentro horiek urtean 350.000 euroko egiturazko finantzazioa bakarrik izango dute.

2.– Finantzaketa nagusia zehaztea.

Lehenik eta behin, A+ gisa ebaluatutako erakundeek gehienez 625.000 euro jasoko dituzte urtean finantzaketa nagusi bezala. Modulu horren guztizko zuzkidura 5 milioi eurokoa izango da, kategoria horretan sartutako erakundeen artean hainbanatua, aipatu urteko muga dutela.

Esleitzeke dauden zenbatekoak ebaluazioan 77 puntu gainditzen dituzten erakundeetako bakoitzak lortutako bikaintasun-puntuen arabera esleituko dira. Lortutako notari 77 puntu kenduta lortzen dira bikaintasun-puntuak.

C kategorian ebaluatutako zentroek ez dute jasoko finantzaketa nagusirik.

3.– Onuradun bakoitzari eman beharreko dirulaguntzak ezingo du gainditu 5. artikuluko 2. paragrafoan adierazitako jarduera ez-ekonomikoaren kostuaren portzentajea, ez eta eskatutako zenbatekoa ere. Horietako kasuren bat ematen bada, 77 puntu baino gehiagoko puntuazioa duten gainerako erakundeen artean banatuko da zenbateko soberakina.

11. artikulua.– Hautaketa Batzordea.

1.– Ebaluazioaren emaitzak Hautaketa Batzordera bidaliko dira, hari baitagokio agindu honetan aurreikusitako laguntzak emateko proposamena egitea.

2.– Hautaketa Batzordea honako hauek osatuko dute: Unibertsitate eta Ikerketako sailburuorde Adolfo Morais Ezquerro jaunak –batzordeburua–, Ikerketaren zuzendari Amaia Esquisabel Alegría andreak eta Ikerketa Zuzendaritzako teknikari Maialen Agirre Pinedo andreak; azken horrek idazkariaren lana egingo du.

3.– Hautaketa Batzordeak deialdiaren oinarriak zuzen aplikatzen direla gainbegiratuko du, eta agindu honen 10. artikuluan ezarritakoaren arabera esleituko ditu baliabideak.

4.– Hautaketa Batzordeak, gainera, Ikerbasque Fundazioaren Aholku Batzordeak laguntza gauzatzeko aldian proposatutako kalitate-adierazleak eta emaitzen ebaluazioa baieztatuko ditu.

Adierazle horiek administrazio honek eta 13.10 artikuluan aipatzen diren erakunde onuradunek izenpetzekoa den hitzarmenean sartuko dira, eta lorpen hori laguntzen justifikazioaren parte izango da, xedapen honen 15. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

12. artikulua.– Ebazpen-proposamena.

1.– Hautaketa Batzordeak deialdiaren ebazpen-proposamena prestatuko du.

2.– Proposamena dirulaguntza ematearen aldekoa bada, hau dena adierazi beharko da bertan: nor den erakunde onuraduna, zein den betearazpen-epea, guztira zenbat esleitu zaion eta dirulaguntzaren urtekoak, eta kalitate-adierazleak eta emaitzen ebaluazioa zein diren; baita onuradunarekin sinatu beharreko hitzarmena definitzeko beharrezkotzat jotzen den beste edozein baldintza ere.

3.– Proposamena kontrakoa bada, identifikatu behar da zein erakundek eskatzen duen dirulaguntza eta zergatik ukatzen zaion laguntza.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari dagokio dirulaguntzak esleitzeko ebazpena ematea.

2.– Ebazpen-proposamena jaso ondoren, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak ebazpena emango du, eta horri jarraikiz, laguntza berriak hautatzeko prozesuan onartutako eta baztertutako erakundeen behin-behineko zerrenda onartuko da. Gainera, hala badagokio, baztertzeko arrazoiak ere adieraziko dira. Halaber, ebazpenean honako hauek zehaztuko dira: erakundearen nortasuna, gauzatzeko epea, esleitutako guztizko zenbatekoa, dirulaguntzaren urterokoak, ordainketa egiteko eskatzen diren justifikazio-agiriak eta kalitate-adierazleak eta emaitzen ebaluazioa. Ebazpena Hezkuntza Saileko Egoitza Elektronikoko taula elektronikoan argitaratuko da, helbide elektroniko honetan: www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus (www.euskadi.eus/servicios/0174903).

3.– Baztertutako erakundeek edo argitaratutako datuetan akatsen bat antzeman dutenek edo horiekin ados ez daudenek erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute zazpi egun naturaleko epean, aipatutako behin-behineko ebazpena Hezkuntza Saileko Egoitza Elektronikoan (www.hezkuntza ejgv.euskadi.eus – www.euskadi.eus/servicios/0174903) argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

4.– Erreklamazioak egiteko epea igaro eta erreklamaziook ebatzi ostean, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak behin betiko ebazpena emango du.

5.– Laguntzak ezingo dira eman 2022ko aurrekontuetan kreditu nahikoa eta egokia izatearen baldintza bete arte, Ogasun eta Administrazio Publikoko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoan oinarrituta (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egindako gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea arautu zuen agindu horrek).

6.– Behin betiko ebazpenean honako hauek zehaztuko dira: erakunde onuradunaren nortasuna, gauzatzeko epea, esleitutako guztizko zenbatekoa, dirulaguntzaren urtero zenbatekoak, ordainketa egiteko eskatzen diren justifikazio-agiriak eta kalitate-adierazleak eta emaitzen ebaluazioa.

7.– Ebazpen horren aurka egiteko, zentro interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoari jarraikiz.

8.– Eskabidea aurkeztu, eta sei hilabete igaro ostean, ebazpenik jakinarazten ez bada, eskabidea ezetsitzat jo beharko du interesatuak.

9.– Egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da aipatutako ebazpena (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ Era berean, jakinarazpen elektroniko bat bidaliko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoaren bidez sartu beharko da bertara.

Argitalpen-ondorioetarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian zerrenda bat argitaratuko da, adierazteko nortzuk diren 2022ko lehenengo seihilekoko onuradunak eta zenbateko dirulaguntza ematen zaien.

Abisu bat bidaliko da interesdunak eman duen gailu elektronikora edo helbide elektronikora, non adieraziko baitzaio jakinarazpena egoitza elektronikoan eskuragarri duela.

10.– Ebazpena jakinarazten denetik gehienez ere hilabete batera, hitzarmen bat formalizatu beharko da erakunde onuradunarekin, ebazpeneko baldintzen arabera. Hitzarmenak alderdi hauek jaso beharko ditu gutxienez:

a) Kalitate-adierazleak eta emaitzen ebaluazioa.

b) Indarraldia.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako laguntzak, laguntzak ordaintzeko epeak eta moduak eta zer dokumentu aurkeztu behar den laguntzak justifikatzeko.

d) Hitzarmena indarrean den bitartean hura aldatzeko aukerari buruzko zehaztapenak, xedapenen aldaketei edo aurreikus daitezkeen antzeko inguruabarrak egokitzeko.

e) Indarraldia bukatu gabe hitzarmena bestelako arrazoiagatik iraungitzea, eta, kasu horretan, nola bukatu behar diren aurrera eramaten ari diren jarduerak.

f) Hitzarmena suntsitzeko arrazoiak eta ondorioak.

g) Kontrol-neurriak, eta, behar izanez gero, Jarraipen Batzorde Mistoa ezartzea.

11.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak sinatuko ditu hitzarmenak.

14. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Laguntzak urtero zatika ordainduko dira, urteroko bakoitzaren % 80ko aurrerakina ordainduz eta gainerako % 20a hurrengo urtean likidatuz.

2.– 16. artikuluan ezarritako kontrolen mende egongo dira ordainketak.

3.– Dirulaguntzak ez dira ordainduko erakunde onuradunak ez badu egiaztatzen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela; ez da ordainduko, halaber, dirulaguntza edo laguntzaren bat itzultzeko badu.

4.– Dirulaguntzaren zenbatekoa abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako berme-erregimenaren arabera bermatuko da; dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura emango diren dirulaguntzen berme eta itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen da, eta dirulaguntzen kudeaketan parte hartuko duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak aipatzen dira, baita horien erregimena eta obligazioak ere.

15. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.

1.– Erakunde onuradunak urtero aurkeztuko ditu laguntza gauzatu izanaren jarraipena egiteko agiri hauek:

a) 13.10.a) artikuluan ezarritako xedeen betetze-mailaren txostena.

b) Urteko jarduera-txostena.

c) Auditoretza-txosten bat, erakunde onuradunaren egoera finantzarioari buruzkoa. Auditoreak alta emanda egon behar du Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean; Kontabilitate eta Kontu Ikuskaritzako Institutuaren mende dago erregistro hori. Txosten hori egiteak sortutako gastua diruz lagundu daitekeen gastutzat hartuko da.

d) Txosten ekonomiko laburtua, erakunde onuradunaren jarduera ez-ekonomikoaren zenbatekoari buruzko kontu-auditorearen ziurtagiria jasotzen duena. Gainera, fitxategi bat erantsiko da aplikazioaren bidez, dirulaguntzari egotzitako gastuen inguruan honako informazio hau jasoko duena:

– Gastua. Kontabilitate-sailkapena.

– Faktura: erreferentzia.

– Faktura: jaulkipen-data.

– Faktura: ordainketa-data.

– Faktura: deskribapena.

– Faktura: hirugarrena (IFK/NAN).

– Faktura: hirugarrena (Izena / Enpresa-izena).

– Faktura: guztizko zenbatekoa.

– Faktura: zerga-oinarria.

– Faktura: BEZa.

– Dirulaguntzari egotzitako zenbatekoa.

e) Ziurtagiri bat, erakunde onuradunaren legezko ordezkariak egina, erakundeak ekitaldi horretan beste erakunde publiko edo pribatuetatik deialdiaren helburu bererako jasotako laguntza guztiei buruzkoa.

2.– Justifikazio-agiriak 2023, 2024, 2025 eta 2026ko ekitaldietako lehenengo seihilekoan aurkeztu beharko dira. Salbuespen gisa, 13.10.a) artikuluan aipatzen den xedeen betetze-mailaren gaineko txostena, 2023ko eta 2025eko ekitaldietarako, hurrenez hurren 2024ko eta 2026ko urtarrilaren 31 baino lehen aurkeztuko da.

3.– Artikulu honetan aipatzen diren agiriak bide telematikoz aurkeztuko dira, agindu honen 7.1 artikuluan zehazten den helbide elektronikoan.

4.– Erakunde onuradunek Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa bete beharko dute, eta fakturak eta laguntzaren xede izan diren gastuak egiaztatzeko gainerako agiriak gorde beharko dituzte gutxienez bost urtez, justifikazio-epea amaitzen denetik aurrera.

5.– Justifikazioa.

16. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.

1.– Urtero.

Erakunde onuradunek agindutako epean aurkeztu beharko dituzte 15. artikuluan zehazten diren laguntza gauzatzearen jarraipeneko agiriak.

2.– 2022-2023 biurtekoaren amaiera.

15.1.a) artikuluan 2022 eta 2023 urteetarako zehaztutako agiriak 2024ko lehen hiruhilekoan ebaluatuko dira. Ebaluazio horretan, 13.10.a) artikuluan ezarritakoaren arabera lehen biurtekoan bere gain hartutako konpromisoei dagokienez erdietsitako zientzia-, kudeaketa- eta lankidetza-lorpenak aztertuko dira.

Ikerbasque Fundazioko Aholku Batzorde Zientifikoak ebaluazioa egin eta jarraipen zientifiko eta teknikoko txosten indibiduala egingo du. Ebaluazioaren emaitza 2024ko martxoaren 31 baino lehen jakinarazi beharko da. Emaitza ezezkoa bada, ekintza-plan zuzentzaile espezifiko bat eskatuko zaio erakundeari, txostena jakinarazi eta hamabost eguneko epean, eta aholku-batzordeak ez badio oniritzia ematen, 2024-2025 biurtekorako emandako laguntza galduko du.

3.– Laguntza gauzatzeko aldiaren amaiera.

Laguntza gauzatzeko bigarren biurtekoa amaitu ondoren, lehen zehaztu den ebaluazio-prozedura errepikatuko da laguntza gauzatzeko aldi osoari dagokionez (2022-2025). Emaitza ezezkoa bada, ulertuko da ez-betetzea egon dela, eta agindu honen 20. artikuluan xedatutakoaren arabera jokatuko da.

Tarteko ebaluazioan zein amaierakoan, kontuan izango dira zentroaren ikerketa-jardunean egon ahal izan diren etenak, COVID-19aren edo osasun-larrialdiko beste egoera batzuen ondorioz gertatutakoak.

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek honako betebehar hauek bete beharko dituzte: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan xedatutakoak eta azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. eta 46. artikuluetan adierazitakoak; zehatzago esanda, honako hauek:

a) Dirulaguntza zertarako eman den, horretarako erabiltzea, nahiz eta Ikerketa Zuzendaritzak onartu ahal izango dituen jarduera horiek burutzerakoan sor litezkeen aldaketak, betiere aldaketa horiek guztiz justifikatzen badira, eta Ikerketa Zuzendaritzaren berariazko baimena lortu bada, agindu honetan ezarritakoaren arabera.

b) Kostu-kontrolari eustea. Horren bidez, erakundeak burutzen duen jarduera ekonomikoa eta ez-ekonomikoa bereiziko dira.

c) Ikerketa Zuzendaritzari laguntzea, esleitutako dirulaguntzen inguruan hark egokitzat jotzen duen guztia egiaztatzeko. Halaber, eskatzen zaien informazio guztia eman beharko dute erakunde onuradunek.

d) Behin betiko fakturak artxibatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea, hamar urtez gutxienez.

e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak –dirulaguntzen gaineko fiskalizazio-egitekoak dituztenez– eskatzen duten informazio guztia ematea.

f) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako edo antzekorako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu edo eskuratuz gero, horren berri ematea Ikerketa Zuzendaritzari.

g) Publizitate egokia ematea agindu honetan aurreikusitako laguntzen xedeko jardueren finantzaketaren izaera publikoari.

h) Zuzendaritza zientifikoko titularrak kargua utziz gero, Ikerketa Zuzendaritzari jakinaraztea kargu hori betetzeko prozedura.

18. artikulua.– Organo kudeatzailea.

Ikerketa Zuzendaritza da laguntza horien organo arduraduna.

19. artikulua.– Erakunde laguntzailea.

1.– Agindu honetan jasotako xedapenekin bat esleitutako dirulaguntzak kudeatzeko, Ikerbasque Fundazioa izendatu da entitate laguntzaile, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 52. artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoaren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra ezartzen duena eta haien kudeaketan parte hartzen duen entitate laguntzaileen betebeharrak, erregimena eta obligazioak zehazten dituena) ezarritako zehaztapenekin bat.

Era berean, erakunde laguntzaile izan ahalko dira baldin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

2.– Lankidetza-esparrua dagokion lankidetza-hitzarmenean formalizatuko da, betiere aipatutako legearen 16. artikuluaren arabera.

3.– Ikerbasque Fundazioak, erakunde laguntzaile gisa, honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Proposamenak aztertu eta ebaluatzeko kudeaketa-lanak.

b) Erakunde onuradunarekin sinatu beharreko hitzarmena proposatzea.

c) Jarraipen-prozesuak definitu eta ezartzeko proposatzea.

d) Lortutako emaitzen amaierako ebaluazioa kudeatzea.

4.– Ikerketa Zuzendaritzak eskatuta, Ikerbasque Fundazioak programa ondo kudeatzeko beharrezko den beste edozein jarduketetan lagunduko du, eta hori dela-eta zuzendaritza horrek egin ditzakeen egiaztapen-jarduketak onartuko ditu.

20 artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa.

1.– Ezingo da eskatu laguntza ordaintzea, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira eta dagokien berandutze-interesak eskatu ahalko dira, baldin eta onuradunak erabateko ez-betetze egoera hauetakoren batean badaude:

a) Eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo laguntza lortzea eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz lortu badute dirulaguntza.

b) Dirulaguntza emateko oinarrizkoak diren xedeak, jarduera edo proiektua ez betetzea edo eskatzen den portaera ez izatea. Horri dagokionez, ez-betetzea emango da aginduaren 16.3 artikuluak xedatutako azken ebaluazio-prozedura gauzatu eta gero.

c) Gastuak justifikatzeko eginbeharra ez betetzea. Finantza daitekeen inbertsioa egin dela justifikatzeko behar diren agiriak ez badira aurkezten, organo emaileak eskaera egin eta 15 egun balioduneko epean, jasotako zenbateko ez justifikatuak itzuli egin beharko dira.

d) Emandako zenbatekoaren % 25 baino gutxiago erabili bada.

2.– Ez-betetze partzialtzat hartuko da emandako laguntzaren erabilpen osoa ez egitea, % 25 baino gehiagokoa bada. Kasu horretan, laguntza emateko ebazpena aldatuko da, betiere laguntzen onuradun izateko agindu honen 3. artikuluan ezarritako gutxieneko baldintzak eta laguntzen xedeari dagokionez 4. artikuluan ezarritakoa betetzen badira.

3.– Halaber, aplikatzekoak dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako testu bategina, 1998ko urtarrilaren 19ko EHAA) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa.

4.– 698/1991 Dekretuaren bigarren tituluan ezarritakoarekin bat etorriz, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak ebazpen bidez jakinaraziko du laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela eta, hala behar denean, zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli behar direla (698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Dirulaguntzak itzultzeko prozedura orokorra arautu zuena; 1992ko otsailaren 7ko EHAA). Dena den, hori egin baino lehen, prozedurari dagozkion izapideak egin beharko dira, eta behar izanez gero, beste ekintza batzuk ere gauzatuko dira.

21. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira edota beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik dirulaguntza gehiago lortzen bada edota bestelako diru-sarrerarik balego helburu bera lortzeko, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke; betiere, onuradun izateko agindu honen 3. artikuluan ezarritako gutxieneko baldintzak eta laguntzen xedeari dagokionez 4. artikuluan ezarritakoa betetzen badira.

2.– Salbuespen gisa, aurrera eraman beharreko jarduketak egiteko epea luzatu ahal izango du laguntzak onartu zituen administrazio-organoak; horretarako, beharrezkoa da aurretik erakunde onuradunak eskabidea egin eta justifikatzea, eta alegatzen diren arrazoiek luzapen hori justifikatzea.

3.– Ikerketa Zuzendaritzak aldaketak onar ditzake jardueretan, betiere aldez aurretik aldaketak egitea eskatzen badu erakunde onuradunak eta amaitu aurretik guztiz justifikatzen baditu, eta ez baditu desitxuratzen lortu nahi diren izaera eta xedeak.

22. artikulua.– Datuak babestea.

Eskatzaileen datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: Laguntzak eta dirulaguntzak (ikerketarako). Informazio hau emango da:

Arduraduna: Ikerketa Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Helburua: Ikerketarako finantzaketa eta bultzada.

Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.

– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

– 3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena.

Hartzaileak:

– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

– Ekonomia eta Ogasun Saila.

– Patente eta Marken Espainiako Bulegoa.

Eskubideak: Eskatzaileak eskubidea du datuak irispidean izateko eta datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: Gure web-orrian kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatz guztia: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/054300-capa2-eu.shtml

Araudia:

– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, honako agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 6a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala