Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

143. zk., 2021eko uztailaren 20a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
4082

AGINDUA, 2021eko uztailaren 13koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena, enpresetan langileen parte-hartzea bultzatzeko laguntzen deialdia egiten duena eta laguntza horiek arautzen dituena.

Lan eta Enplegu Sailaren helburu estrategikoa da, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren bitartez, langileek lan egiten duten enpresetan partaidetza handiagoa izan dezaten bultzatzea, gizarte-ekonomiakoak diren enpresetan, eta ez direnetan. Azken hiru urteetan, dirulaguntzen programa berraktibatu egin da, eta, horri esker, EAEko 30 enpresatan baino gehiagotan eraginkortasunez parte hartzeko bideak ezarri dira.

Gizarte-ekonomiako enpresetan, 2020ko eskaintzari eutsi zaio. Gizarte-ekonomiakoak ez diren enpresetan, aldiz, arauketa honen bidez, gizarte-ekonomiaren berezko balioak azaltzen eta hedatzen saiatzeko behar diren hasierako urratsak ezarri nahi dira (adibidez, enpresako demokrazia parte-hartzailea) gaur egun gizarte-ekonomiakoak ez diren enpresetan, eta horietako bat bihurtu nahi izanez gero egin beharreko ibilbidea erakutsi nahi zaie.

Agindu honetan, partaidetzapeko enpresan egin dira berrikuntzak. Enpresa-mota horretan, lan-indarraren jabetzako kapitala ez da iristen enpresaren kapital sozialaren % 50era, eta ez dira gizarte-ekonomiako enpresatzat hartzen. Hala ere, hasierako urratsak eginda daude, eta, beraz, bidezkotzat jo da, batetik, errealitate hori EAEko gizartean zabal dadin bultzatzea, eta, bestetik, gizarte-ekonomiako enpresa behin betiko bilakatzeko bideak diseinatzea.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legea onartu ostean, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin bat etorriz, eta Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuak ematen dizkidan eskumenen arabera, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen helburua da Eusko Jaurlaritzak, Lan eta Enplegu Sailaren bitartez, 2021eko ekitaldian enpresetan langileen parte-hartzea sustatzeko eman ahal izango dituen laguntzak arautzea. Laguntza horiek bi kapitulutan banatzen dira: I. kapitulua langileek gizarte-ekonomiako enpresetan parte hartzeari buruzkoa da; II. kapitulua, langileek gizarte-ekonomiakoak ez diren enpresetan parte hartzeari buruzkoa.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta emakidaren muga.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, guztira, ehun eta berrogei mila (140.000) euroko gehieneko zenbateko globala erabiliko da 2021. ekitaldirako.

2.– Zenbateko hori lehen aipatutako bi kapituluen artean berdinbanatuko da; hortaz, hirurogeita hamar mila (70.000) euroko gehieneko zenbateko osoa I. kapitulurako, eta beste hirurogeita hamar mila (70.000) euroko gehieneko zenbateko osoa II. kapitulurako.

3.– Kapituluren batean, esleitutako zenbatekoa ez bada nahikoa kapitulu horretako onuradun guztiak finantzatzeko, eta beste kapituluan soberakina badago, saldo soberakin hori defizita duen kapitulura esleituko da.

4.– Azkenean ez badago behar beste baliabide ekonomiko kapitulu bakoitzean kalkulatutako guztia diruz lagundu ahal izateko, kalkulatutako zenbatekoak murriztuko dira proportzionalki, kapitulu bakoitza bere aldetik kontuan hartuta.

I. KAPITULUA
LANGILEEN PARTE-HARTZEA GIZARTE-EKONOMIAKO ENPRESETAN

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Agindu honetan xedatutako laguntzak dirulaguntzatzat joko dira, eta horien gastuak langileek gizarte-ekonomiako enpresen kudeaketan eta organoetan parte hartzeko bideak errazten eta hobetzen dituzten metodoak eta tresnak sortzeko eta ezartzeko erabiliko dira.

2.– Diruz lagun daitezkeen ekintzak abian den urtean jarri beharko dira martxan, eta 2021eko abenduaren 1a baino lehen amaitu.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Agindu honetan xedatzen diren dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte jarduera nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen duten eta jarduera hori Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako lantokietarako egiten duten gizarte-ekonomiako enpresek.

Agindu honen ondorioetarako, gizarte-ekonomiako enpresatzat joko dira Gizarte Ekonomiari buruzko Legearen (martxoaren 29ko 5/2011 Legea) 5. artikuluko 1. eta 2. apartatuetan jasotakoak.

5. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta zenbateko hori zehazteko irizpideak.

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoaren arabera, diruz lagundutako proiektua egiteko beharrezkoak diren gastuak izango dira diruz laguntzeko moduko gastuak. Eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontu-plangintzan oinarrituko dira gastu horiek, eta Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak baliozkotuko eta onartuko du plangintza.

2.– Dirulaguntzaren zenbatekoa diruz lagundutako jardueraren kostuaren % 75ekoa izango da, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartutako aurrekontuaren arabera, hamar mila (10.000) euroko mugarekin.

II. KAPITULUA
LANGILEEN PARTE-HARTZEA GIZARTE-EKONOMIAKOAK EZ DIREN ENPRESETAN

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak dirulaguntzatzat hartuko dira, eta gastuak honako jarduketa hauek finantzatzeko izango dira:

a) Langileen parte-hartzea bideratzeko plan bat prestatzea eta ezartzea. Erakunde aholkulariaren laguntzarekin eta aholkuarekin egingo da plan hori.

b) Langileek enpresetan parte hartzeko ereduak definitzeko tresnak diseinatzea.

c) Partaidetzapeko enpresaren eredua hedatzeko jarduerak.

2.– Diruz lagun daitezkeen ekintzak abian den urtean jarri beharko dira martxan, eta 2021eko abenduaren 1a baino lehen amaitu.

7. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Kapitulu honen 6.1.a) artikuluan xedatzen diren laguntzak jaso ahal izango dituzte jarduera nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen duten eta jarduera hori Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako lantokietarako egiten duten eta gizarte-ekonomiakoak ez diren enpresek.

Kapitulu honetan 6.1.b) eta 6.1.c) artikuluetan xedatzen diren laguntzak jaso ahal izango dituzte gizarte-ekonomiako enpresen elkarte-egiturek.

8. artikulua.– Parte Hartzeko Planaren edukia.

Plana sozietatearen edo enpresaren gobernuko, kudeaketako eta administrazioko organoen eta horien maila guztien parte-hartzearekin egingo da, eta honako datu hauek jasoko ditu:

a) Enpresaren edo lantokiaren ezaugarriak: jarduera, tamaina, kapital-egitura, langileen profila, enpresaburuaren edo kapital sozialaren zati bat daukatenen arteko familia-loturak, eta bereziki haren egoera eta bideragarritasun ekonomikoa.

b) Parte-hartzearen aurrekariak: zer giro dagoen enpresan parte-hartzearen inguruan eta zer lotura duen horrek aurrez izandako esperientziekin.

c) Parte hartzeko proposamena: egin beharreko jarduerak eta ezarri beharreko mekanismoak, eta bereziki parte hartzeko ibilbidea. Langileek, hasteko eta behin, kudeaketan parte hartuko dute, eta, ondoren, erabakietan eta emaitzetan; eta, ibilbide horren buruan, enpresan ekonomikoki parte hartzeko aukera izango dute.

9. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta zenbateko hori zehazteko irizpideak.

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoaren arabera, diruz lagundutako proiektua egiteko beharrezkoak diren gastuak izango dira diruz laguntzeko moduko gastuak. Eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontu-plangintzan oinarrituko dira gastu horiek, eta Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak baliozkotuko eta onartuko du plangintza.

2.– Kapitulu honetan jasotzen diren kasu guztietan, zenbatetsitako kostuaren % 75ekoa izango da dirulaguntzaren zenbatekoa, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartutako aurrekontuaren arabera, hamar mila (10.000) euroko mugarekin.

III. KAPITULUA
XEDAPEN ERKIDEAK

10. artikulua.– Aholkularitza-erakundeak.

Aholkularitza-erakundeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden lantokietan gutxienez goi-mailako tituludun bat edukitzea; langileek enpresetan duten parte-hartzearekin edo bazkideek kooperatiba edo lan-sozietateetan dutenarekin zerikusia duten gaiei buruzko esperientzia duela egiaztatu behar du.

b) Lanaren gaineko ardura duen aholkulariak aholkularitzako enpresan gutxienez hiru urteko esperientzia edukitzea ziurtatu beharko du.

11. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzetarako eskabideak bitarteko elektronikoak erabiliz izapidetuko dira.

2.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxan jasotzen dira izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, baita eskabide-inprimakia ere. Bada, informazio-fitxa hori hemen eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1076704

3.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak eta jakinarazpenak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Helbide honetan daude eskuragai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

5.– Prozedura osoa ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango da; horretarako, ordezkaritza inskribatu behar da Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

12. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Eskabidea egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1076704

2.– Eskabideak aurkezteko epea 2021eko irailaren 17an amaituko da, egun hori barnean dela.

3.– Eskaeraren osteko izapideak helbide honen bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

13. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– Agindu honetako laguntzak lortu ahal izateko, erakunde eskatzaileek honako betekizun hauek bete behar dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

b) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean ez egotea.

c) Dirua itzultzeko betebeharra egunean izatea, bai eskabidea egiteko unean, bai ordainketen unean.

d) Erakunde eskatzaileak erantzukizunez deklaratzea zer egoeratan dagoen administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza (eskatuta, izapideak egiten nahiz emanda).

e) Laneko segurtasunari eta osasunari buruzko arauek ezarritako betekizunak betetzea, Prebentzio Zerbitzuen Arautegia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak xedatutakoaren arabera.

2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta, hala behar badu, ordainketa jaso ahal izateko, erakunde onuradunak amaituta eduki beharko ditu itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek eman dituzten –eta izaera berekoak diren– laguntza eta dirulaguntza publikoekin lotutakoak; hau da, prozedura horiek ezin dira oraindik izapide-aldian egon.

3.– Era berean, ezingo dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatutako egoeretako batean dauden erakundeak.

14. artikulua.– Pertsona eta erakunde eskatzaileen betekizunak egiaztatzea.

1.– Eskabidearekin batera aurkeztuko duten erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, onuradunek deklaratu behar dute bete egiten dituztela aurreko artikuluan zehazten diren betekizunak, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan adierazitako gainerako betekizunak ere. Kasu horretan, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik, eskatu beharko da aipatutako adierazpenean jasotako datuak egiazkoak direla egiaztatzen duen dokumentazioa aurkezteko, gehienez ere 15 eguneko epean.

2.– Eskabidea aurkezten bada, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari baimena ematen zaio zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrei eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrei lotutako baldintzak betetzen diren, baldin eta berariaz horren aurka agertzen ez bada. Izan ere, egiaztapen horren aurka agertuz gero, erakunde eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu frogagiriak, bai Ogasuneko bai Gizarte Segurantzako administrazio-agintaritza eskudunek egindakoak. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko, bai eta onuradun izaten jarraitzeko ere, onartutako dirulaguntza likidatu arte; hortaz, betebehar horiek betetzen direla egiaztatuko da dirulaguntza emateko unean eta ordainketak egiteko unean.

3.– Administrazio publikoen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideetan erakunde onuradunei aukera emango zaie berariaz uka dezaten organo kudeatzaileak haien datuak edo agiriak lortu edo egiaztatu ahal izango dituela. Horretarako, erakunde eskatzaileak eskatutako nahitaezko dokumentuak aurkeztu beharko ditu.

15. artikulua.– Nahitaezko dokumentazioa.

1.– Dirulaguntza jasotzeko eskariarekin batera memoria bat aurkeztu behar da, dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak gauzatzeko. Memoria horretan, iraupena, metodologia eta gastuei eta diru-sarrerei lotuta kalkulatutako aurrekontu zehaztua adierazi behar dira.

2.– Erakunde eskatzaileari dirulaguntza jasotzeko eskubidea onartzen bazaio, dirulaguntzaren ordainketa jasotzeko, Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena. Erregistratu gabe egonez gero edota jasota dauden datuak aldatu nahi izanez gero, alta edo aldaketa egin daiteke hemen: https://www.euskadi.net/hirugarrenak

16. artikulua.– Eskabidean egindako hutsak zuzentzea.

Dirulaguntzen eskaeren termino guztiak beteta ez badaude edo nahitaezko dokumentazioarekin batera ez badatoz, pertsona edo erakunde eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo nahitaezko dokumentuak gainera ditzala, betiere hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu atzera botako zaiola eskaera. Administrazioak eskaera horri buruzko ebazpen espresua eman beharko du, eta ebazpen hori jakinarazi, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 eta 68.1 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

17. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publikotasun-prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza izango da agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariak emandako ebazpen bakar baten bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak. Ebazpen bakar hori eskatzaileei banaka jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoa betez.

Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea agortuko; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

3.– Agindu hau indarrean jartzen den unetik zenbatzen hasi eta sei hilabete igaro ondoren ebazpen espresurik ematen eta jakinarazten ez bada, eskabideak ezetsi egin direla ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe Administrazioak espresuki ebazteko duen betebeharra.

4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, honako hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpen baten bidez: alde batetik, zer pertsona edo erakundek jaso duten dirulaguntza agindu honen babesean, eta zenbateko laguntza jaso duten; bestetik, zer pertsona edo erakunderi aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinaraziko da.

18. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Deialdi honen babesean emandako dirulaguntzak honela ordainduko dira:

a) Lehenengo, dirulaguntzaren guztizkoaren % 40, dirulaguntza emango dela jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hamabost egun igarotakoan, betiere esanbidez uko egin ez bazaio.

b) Bigarren zatia, gainerako % 60a, diruz lagundutako jarduerak amaitzen direnean. Bigarren ordainketa egiteko, pertsona edo erakunde onuradunak honako dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Egindako jardueren eta lortutako emaitzen justifikazio-memoria.

b) Jarduerako gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera eman baldin bada, harekiko zer alde izan diren azalduko da.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera eta dirulaguntza batzuen zerrenda, zenbatekoa eta jatorria adierazita.

d) Hala badagokio, itzulketaren ordainketa-gutuna, baldin eta aplikatu gabeko soberakinik badago edo soberakin horietatik eratorritako interesik badago.

Horrelakoetan, dirulaguntza ematen duen organoak, erakunde onuradun bakoitzari egotzitako eta behar bezala justifikatutako zenbateko nagusien laginketa baten bidez, egokitzat jotzen dituen frogagiriak egiaztatuko ditu, dirulaguntzaren aplikazio egokiari buruzko arrazoizko ebidentzia lortu ahal izateko; horretarako, erakunde onuradunei eskatuko die hautatutako gastu-egiaztagiriak bidaltzeko.

2.– Aurreko puntuan aipatutako dokumentazioa aurkezteko epea 2021eko abenduaren 31n amaituko da.

3.– Dirulaguntza jaso dezaketen eta egiaztatzen diren gastuak bat etorriko dira pertsona eta erakunde onuradunek egiaz ordaindutako gastu errealekin, eta ordaindutako faktura originalen edo konpultsatuen edo froga-balio bera duten kontabilitateko agirien bidez egiaztatu beharko dira.

19. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan araututako dirulaguntzak bateratu daitezke arrazoi eta xede beragatik beste edozein administraziok edo ente publikok ematen dituen bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren kostu osoa gainditu, ezta agindu honen 5.2 eta 9.2 artikuluetan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa ere.

2.– Pertsona edo erakunde onuradunak beste administrazio publiko edo ente publiko batzuetatik arrazoi eta xede beragatik jasotzen dituen laguntzak eta agindu honetako laguntzak pilatzen badira, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jardueraren kostua edo agindu honetako 7. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta, hala badagokio, murriztu egingo da Lan eta Enplegu Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

20. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Xedea bete denean, dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketa izanez gero, aldi berean beste administrazio batzuen edo ente publiko zein pribatuen laguntzak nahiz dirulaguntzak lortuz gero, eta, kasua bada, helburu bera duten bestelako diru-sarrerak edo baliabideak lortuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke. Ondorio horietarako, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak aldaketa egiteko ebazpena emango du, zeinaren bidez emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko baitira, eta, hortaz, erakunde onuradunek itzuli egin beharko dituzte neurriz gain jasotako zenbatekoak.

21. artikulua.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.

1.– Erakunde onuradunak ez baditu betetzen dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako arauak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarriko arauak eta aplikatu behar diren gainerako xedapenak; edo aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira; edo emandako dirua, dagokion helbururako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabili bada; orduan, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espedientea izapidetuko du, eta erakunde interesdunari hamabost eguneko epea emango dio esan behar duena entzuteko, eta, ondoren, hala badagokio, onuradunak dirulaguntza galduko du, eta, bi hileko epean, ordura arte jasotako zenbatekoak (osorik edo partez) eta berandutze-interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari; horretaz gainera, legez egin daitezkeen gainerako egintzak ere egingo dira. Hori guztia hala izango da, honako hauek oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa, zeinaren bidez onartu baitzen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina.

2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.2 artikulua aintzat hartuta, ez-betetzeak mailakatzeko eta beti proportzionaltasun-printzipioari jarraikiz, honako hau ezartzen da: erakunde onuradunak hasieran aurkeztutako aurrekontuaren gutxienez % 60 erabili duenean, itzulketa egin beharko da, edo, hala badagokio, erabili ez den zatiaren ordainketa partziala egin beharko da, eta zati horren kobrantza proportzionala jasotzeko eskubidea galduko da, betiere proiektuaren helburuen edo fasearen betetze-maila ia erabatekoa bada, eta erakunde onuradunak zalantzarik gabe egiaztatzen badu konpromisoak betetzeko lan egiten duela.

3.– Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak dira honako hauek: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan tipifikatutako ekintzak eta ez-egiteak; eta zehagarriak dira, zabarkeria arin gisa bada ere. Dirulaguntzen arloko arau-hausteak diruzko zehapenen bidez zigortuko dira eta, hala dagokionean, zehapen ez-diruzkoen bidez.

22. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, honako hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpen bidez jakinaraziko dio erakunde onuradunari dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta zergatik hasi den prozedura hori; horretaz gainera, 15 eguneko epea emango dio, egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jasota edo batere aurkeztu gabe igaro bada epea, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpena emango du, zeinean ezarriko baita, hala badagokio, zenbat diru itzuli behar zaion EAEko Diruzaintza Nagusiari; horretarako, bi hilabeteko epea emango da, ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita. Epe hori borondatezko epea izango da.

Itzultzeko prozedura ebazteko gehieneko epea hamabi hilabetekoa izango da.

c) Borondatezko epean itzulketarik egin ezean, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari, premiamendu-bideari ekin diezaion, indarrean dauden xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

23. artikulua.– Datuen babesa.

Agindu hau aplikatuz jasotzen diren datu pertsonalak Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

Datuen babesari buruzko informazio zehatzagoa jasotzeko, helbide honetara jo daiteke: https://www.euskadi.eus/rgpd/1076704

XEDAPEN GEHIGARRIA.– De minimis araua.

Agindu honen 3.1, 6.1.a) eta 6.1.c) artikuluetan jasotzen diren laguntzek edo dirulaguntzek honako arau hau errespetatu beharko dute: 1407/2013 (EB) Erregelamendua, Batzordearena, 2013ko abenduaren 18koa, de minimis laguntzen Tratatuaren 87. eta 88. artikuluak aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 352, 2013-12-24). Laguntza hauek de minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko 200.000 euroko kopurua, hiru ekitaldi fiskaleko edozein eperen barruan. Muga horretatik beherako dirulaguntzek merkataritzari eragiten ez diotela edota lehiakortasuna faltsutzen ez dutela ulertzen da; horren ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

Dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bietan jasotako beste de minimis laguntza batzuk deklaratu egin beharko ditu laguntza-eskaera egiten duenak, modu horretara, de minimis laguntza berriak erregelamenduan ezarritako gehieneko muga gainditzen ez duela egiaztatzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.

Agindu honetan adierazitako dirulaguntzetarako, honako hauetan ezarritakoa aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua (testu bategin hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen); Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak (lege orokor hori Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez garatu zen).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 13a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala