Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

142. zk., 2021eko uztailaren 19a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
4060

EBAZPENA, 2021eko uztailaren 1ekoa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, zeinaren bitartez SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Administrazio Kontseiluaren 2021eko ekainaren 30eko erabakia argitaratzen den, 2021eko «Basque Digital Innovation Hub (BDIH) – Konexio» laguntzen programaren oinarri arautzaileak onetsi eta argitaratzekoa.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluak 2021eko ekainaren 30eko bilkuran hartutako erabakiaren arabera, 2021eko «Basque Digital Innovation Hub (BDIH) – Konexio» laguntzen programaren oinarri arautzaileak onetsi eta argitaratu ziren, zegokien publizitatea emateko ondoreekin.

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea 2021eko «Basque Digital Innovation Hub (BDIH) – Konexio» laguntzen programaren oinarri arautzaileen onespenari eta deialdiari buruzko erabakia, idatzi honetan eranskin gisa atxiki dena.

Bilbao, 2021eko uztailaren 1a.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

AITOR URZELAI INZA.

SPRI-ENPRESA GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIAREN ZUZENDARI NAGUSIAREN 2021eko UZTAILAREN 1EKO EBAZPENAREN ERANSKINA
SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIAREN ADMINISTRAZIO KONTSEILUAK 2021EKO EKAINAREN 30EAN ADOSTUTAKO AKORDIOA, «BASQUE DIGITAL INNOVATION HUB (BDIH) – KONEXIO» 2021 LAGUNTZA PROGRAMA ARAUTZEN DUTEN OINARRIEN ONARPENA ETA DEIALDIA ADOSTU ETA ARGITARATZEA AGINTZEN DUENA

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, Euskal Autonomia Erkidegoan industria eta enpresa arloko jarduera bultzatzera bideratutako jardunbideak bideratzeko eta lehiakortasuneko bektore gisa honako hauen arteko trantsizioak Euskadiko enpresetan txertatzen laguntzeko ardura du: teknologia-digitala, energia-ingurumena eta demografia-gizartea. Horretarako, enpresen jarduera ekintzailean inbertsioa, berrikuntza, nazioartekotzea eta jarduera sustatzea bultzatzen ditu.

Hori horrela, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia Industria Adimendunerako Estrategia sustatzera zuzendutako askotariko ekintzak garatzen ari da, enpresen artean digitalizaziorako eta jasangarritasunerako teknologia aurreratuen erabilera sustatzeko. Enpresak teknologia horiek erabiltzen hasi berriak dira, eta bide hori sustatzeko eta ildo horretan sentsibilizatzeko ekintzen beharra dago.

Horren ondorioz, Laguntza Programa hau diseinatzean, lehentasunezko helburu gisa ezarri da industria-enpresen artean digitalizazioari eta jasangarritasunari lotutako teknologien erabilera sustatzea.

Bestalde, 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, 48.5 artikuluak, Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrek finantzatutako erakunde guztiei agintzen die haien dirulaguntzako jarduera, besteak beste, publizitate-printzipioaren arabera moldatzea.

Hori guztia dela eta,

ERABAKI DUT:

Lehenengoa.– «Basque Digital Innovation Hub (BDIH) – Konexio» 2021 Laguntza Programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea. Horren edukia eranskin gisa gehitu da Akordio honetan.

Bigarrena.– Akordio hau argitaratzeko eta indarrean sartzeko egin beharreko izapide guztiak egiteko ahalmena ematea SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Orokorrari.

Hirugarrena.– Akordio honen kontra berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluaren aurrean, hilabeteko epean, Akordio hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Administrazioarekiko Epaitegietan, bi hilabeteko epean, Akordio hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Akordio honek eragina izango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

ERANSKINA
BASQUE DIGITAL INNOVATION HUB (BDIH) – KONEXIO 2021 LAGUNTZA PROGRAMA ARAUTZEKO OINARRIAK

Eusko Jaurlaritzak Fabrikazio aurreratuaren estrategia (Basque Industry 4.0) berrikusi zuen 2021ean, eta hortik etorri zen Industria Adimendunaren 2021-2025 aldirako estrategia berria. Industria Adimenduna kontzeptua berrikuntza eta fabrikazio jasangarriko teknologiak eta abangoardiako teknologia digitalak sortzean eta aplikatzean datza; berrikuntza eta teknologia horiek balio erantsi handiko produktu eta zerbitzuak sortzeko eta aberastasunari, enpleguari eta ingurumen-inpaktua minimizatzeari dagokionez potentzial handia duten negozio-eredu berriak garatzeko sortzean eta aplikatzean, hain zuzen. Hor sartzen da produktuak eta prozesuak bizi-zikloaren ikuspegitik diseinatzea, material eta prozesu jasangarriak erabiltzea eta funtzionalitatea, eraginkortasuna eta/edo erabilera-esperientzia hobetzen duten eta/edo datua ustiatzearen bidez balioa ematen duten irtenbide digitalak aplikatzea.

Industria Adimendunaren estrategiaren xedea berrikuntza, garapen teknologikoa, jasangarritasuna eta talentua sustatzea da, euskal industriaren lehiakortasuna lortzeko eta gero eta globalagoa den ekonomian negozio-nitxo batzuetan lider-posizioa hartzeko palanka gisa.

Basque Digital Innovation Hub-a (BDIH) irabazi-asmorik gabeko ekimen bat da, eta RIS3 Euskadi Espezializazio Adimenduneko Euskal Estrategiarekin loturik dago (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Plana 2030-RIS3 Euskadi eta Industrializazio Planean definitua eta ezarria), enpresa-ehunari teknologia digital eta jasangarriak esperimentatzen laguntzeko.

BDIHren helburua Europako industria-ehunari eta, bereziki, euskal ETE-ei industria adimenduaren ingurunean industria digitalaren eta jasangarriaren erronkei aurre egiteko beharrezkoak diren gaitasun zientifiko eta teknologiko berritzaile eta bikainak eskuratzeko bide erraz eta errentagarri bat eskaintzea da, hala, ETE-ei eboluzionatzen eta lehiakorrago izaten laguntzeko.

Sare bat da, eta hor daude sartuta digitalki konektatutako I+G azpiegiturak, planta pilotuak eta industria adimendunaren askotariko alderdietan espezializatutako know-how delakoa, 6 nodotan antolatuta: Fabrikazio Gehigarria, Robotika Malgua eta Kolaboratiboa, Zibersegurtasuna, Makina Adimendun eta Konektatuak, Material aurreratuak eta Data Driven Solutions, denak ere digitalizaziorako funtsezko teknologiak. Gaur egun diseinu-fasean dago ekimena beste arlo batzuetara zabaltzea; adibidez, energia eta osasun arlora, beste bi nodo txertatuta: Sare Elektriko Digitalak, eta Gailu Medikoak eta Osasun Digitala.

BDIHen jabetza partekatzen dute I+G zentroek, lanbide heziketako zentroek, unibertsitateek eta enpresa arloko I+G unitateek, eta horiek guztiak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) kideak dira eta eskualdeko erakunde publikoen babesa dute. Zerbitzuak eskaintzen ditu I+G arloko proiektuak garatzeko, industria-proiektuak eskalatzeko, abangoardiako teknologiak erakusteko, baliozkotzeko eta azaltzeko, eta prestakuntzarako eta oinarri teknologikoko enpresa berriak azeleratzeko baliabide gisa, leihatila bakarraren ikuspegiarekin.

Era berean, Europako Batzordeak, Komunikazio Sareen, Edukien eta Teknologiaren Zuzendaritza Nagusiaren (DG Connect) bidez, eta «Digital Single Market» Estrategiaren esparruan, hainbat ekimen sustatu ditu azken urteotan; besteak beste, Digital Innovation Hubs izenekoa; horren helburua da Europaren lehiakortasuna hobetzea teknologia digitaletan, baita ETE guztiek, tamaina, herrialdea eta sektorea edozein dutelarik ere, berrikuntza digitalen onurak eskuratu ditzaketela bermatzea ere. Digital Innovation Hubs horiek leihatila bakar gisa funtzionatzen dute; horietan, enpresek eta, bereziki, ETE-ek, startupek eta enpresa ertainek negozioak, ekoizpen-prozesuak, produktuak eta zerbitzuak hobetzeko laguntza jaso dezakete teknologia digitala txertatzearen bidez.

Europako «Digital Single Market» estrategiaren lehentasunetako bat da DIH sare indartsu bat sustatzea, Europa mailan, Europako enpresa guztiek aukera digitalak aprobetxa ditzaketela bermatzeko. Helburu horrekin, DG Connect zuzendaritzak 500 ekimen baino gehiago biltzen zituen hasierako katalogo bat egin zuen, eta Europa mailako lantalde bat abian jarri ere bai; lantalde horretan, Europako Digital Innovation Hubs horiek esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzen dituzte; baita gomendioak proposatu ere.

Testuinguru horretan, BDIH EAEko DIHa da, Europako katalogo horren barruan, Europako Batzordearen berrikuspena gainditu ondoren.

Aurreko hori kontuan hartuta, BDIHra eta Europako zenbait DIHtara atxikitako aktiboen erabilera sustatzeko beharra ikusi da, programa honen bitartez industriaren arloko euskal enpresek dituzten beharrizanei erantzuteko duten gaitasuna dela-eta.

Adierazi beharra dago Basque Digital Innovation Hub (BDIH) – Konexio 2021 programak behar besteko aurrekontu-kreditua duela eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Dirulaguntzen 2021erako Plan Estrategikoaren barnean kokatzen dela (2020ko abenduaren 15ean onetsi zen).

1. artikulua.– Xedea.

Programa honen helburua da euskal industriari Basque Digital Innovation Hub (BDIH) eta Europako zenbait Digital Innovation Hubs (DIHs) esperimentazio- eta testatze-azpiegituren erabilerarako sarbidea, konexioa eta laguntza teknikoa emango dion zubi-plan bat aurrera eramateko diseinatutako laguntzak arautzea.

Prozesu hau BDIHko edo aukeratutako nazioarteko DIHko eragileek eskainitako laguntza tekniko baten bidez gauzatuko da, zenbait nodok eskaintzen dituzten teknologia digitalak eta jasangarriak xurgatzeko gaitasuna areagotzeko aukera emango duen ekintza-plan bat edo kontzeptu proba bat egiteko. Hauek dira aipatutako nodo horiek: Robotika malgu eta kolaboratiboa, Fabrikazio gehigarria, Material aurreratuak, Zibersegurtasuna, Makina adimendun eta konektatuak, Sare elektriko digitalak eta Gailu medikoak eta osasun digitala, lehen aipatu ditugun azpiegituretan gauzatzekoak.

Ekintza horiek emaitzara irekitako metodologia bati jarraituz gauzatuko dira, enpresek aukera izan dezaten zentroek zer-nolako laguntza ematen dieten erabakitzeko; era horretan, eskaintzen diren aktibo eta zerbitzuen nahiz enpresen eta haien beharrizanen arteko egokitzapena hobea izango da.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

1.– Dirulaguntzen Programa hau 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Legeko, Dirulaguntzen Lege Orokorreko, 8.3 artikuluak xedatutako printzipioen mende dago.

2.– Laguntza horiek behar bezala jasotako laguntzen ondoz ondoko lehia-prozeduraren arabera emango dira. Ondorioz, banaka eta modu ordenatuan ebatziko dira oinarri hauetan zehaztutako dokumentazio guztiarekin eskaera osatu den unea kontuan hartuta.

3.– Programa hau aplikatzearen ondorioz emandako laguntzek garrantzi txikiagoko edo de minimis laguntza izaera dute. Ondorioz, 2013ko abenduaren 18an Batzordeak onartutako (EB) 1407/2013 Erregelamenduak xedatutakoaren mende egongo dira.

4.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.

3. artikulua.– Baldintzak eta definizioa.

Programa honen helburuetarako definizio hauek ezarri dira:

1.– Laguntzaren intentsitatea. Laguntzaren zenbatekoa, aukera daitezkeen gastuen eta/edo inbertsioen onartutako gehieneko aurrekontuen ehuneko gisa adierazita.

2.– BDIH – Basque Digital Innovation Hub. Enpresei eskuragarri jarritako teknologiei lotuta prestakuntzarako, ikerketarako, testatze eta balioztatzeetarako aktibo eta zerbitzuen sare konektatua. Guztiak 1. eranskinean daude jasota.

3.– BDIHko eragilea. Basque Digital Innovation Hub osatzen duten eragile zientifiko-teknologikoen multzoa. Guztiak 1. eranskinean daude jasota.

4.– DIH – Digital Innovation Hub. «Berrikuntza digitaleko zentroak» dira eta ez dute irabazi-asmorik. Enpresei, bereziki ETE-ei, eta sektore publikoari laguntzen diete eraldaketa digitala gauzatzen. DIHaren nukleoan ikerketaren eta teknologiaren arloko erakunde bat (RTO) edo unibertsitate-laborategi bat egon ohi da; horrek, zenbait bazkiderekin batera, honako zerbitzu hauek eskaintzen ditu, besteak beste: teknologia digital, software eta hardware berriekin esperimentazioa, berrikuntza digitalei etekinik handiena ateratzeko gaitasunak eta entrenamenduak. Hautatutako DIHen zerrenda 2. eranskinean ageri da.

5.– Europako DIHetako gastuak. Aurkeztutako proiektuaren alorrean adituak diren eta proiektu horren exekuzioan parte hartu duten DIHak azpikontratatzeko gastuak.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Dirulaguntza-programa honen helburura bideratutako 2021eko baliabide ekonomikoak 570.000 eurokoak dira, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.

2.– Laguntzak modu ordenatuan esleituko dira, espedientea noiz osatu den aintzat hartuta.

3.– Programarako funtsak agortzen badira, gelditu egingo da laguntzak emateko prozesua, eta horren berri emango du SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiak sozietatearen web orrian (https://www.spri.eus/es/ahudas/bdih-konexio/) eta EHAAn argitaratuko den ebazpen baten bidez.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak eta izaera hori lortzeko eskakizunak.

1.– Programa honen xede diren dirulaguntzak eskuratu ahal izango dituzte industria arloko enpresek eta produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzuak eskaintzen dituztenek, 6. artikuluan deskribatutako diruz lagun daitezkeen jarduerak egiteko proiektuak aurkezten badituzte, baldin eta:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat badute. Hain zuzen ere, aurkeztutako proiektuak zentro horretan izan beharko du inpaktua eta bertan egin beharko da diruz laguntzekoa den jarduera.

b) Euskadiko Ekonomia Jardueren Gaineko Zergaren dagokion epigrafean alta emanda badaude.

c) BDIHko eragile bat edo gehiagoren edo DIHko eragile baten laguntza badute proiektua gauzatzeko.

2.– Ezingo dituzte deialdi honetan aurkezten diren dirulaguntzak jaso:

a) Administrazio publikoa badira edo administrazio publikoren baten sektore publikoaren parte badira.

b) 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean badaude; horien artean daude:

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez izatea.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrarekin lotutako ordainketak egunean ez izatea.

– Zigor penalak edo administratiboak izatea, eta ondorioz dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik ez izatea; edo laguntzak jasotzeko desgaitzen dituen legezko debekua izatea.

c) Jarduera armen ekoizpen, merkaturatze eta finantzaketaren arloan egiten badute, 14/2007 Legeak, 2007ko abenduaren 28koak, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunarenak, xedatutakoaren arabera.

d) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten menpe badaude.

e) Krisian dauden enpresa edo entitateak badira, horretarako krisian dauden eta enpresa arlokoak ez diren enpresen berregituraketako eta salbamenduko Estatuko laguntzei buruzko arauen definizioa aintzat hartuta (2014/C 249/01). Horren salbuespena izango da COVID-19aren egungo agerraldiaren baitan ekonomia babestera zuzendutako Estatuko laguntzen neurriak jasotzen dituen 2020ko martxoaren 19ko Aldi baterako Laguntza Esparruko [C (2020) 1863] 3.1.22.c bis atalean jasotakoa.

f) Sexuagatik diskriminatu badute, 2005eko otsailaren 18ko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen seigarren Amaierako Xedapenean ezarritakoaren arabera.

3.– Laguntza-eskaera aurkezten den unetik hasi eta emandako dirulaguntza likidatu arte bete beharko dira aurreko ataletan laguntzen onuradun izateko aipatutako eskakizunak.

4.– Aurreko paragrafoetan aurreikusitako alderdiak modu honetan egiaztatuko dira:

a) SPRIk ofizioz egiaztatuko du honako eskakizunak betetzen direla:

– Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat dutela; horietan proiektuak eragina izango du.

– Euskadiko Ekonomia Jardueren Gaineko Zergaren epigrafe industrialean alta emanda daudela.

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituztela.

Dena den, eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimena emateari. Hala bada, kasu bakoitzean eskumena duen organoaren administrazio-ziurtagiri positiboak eman beharko ditu.

b) Gainerako eskakizunak erantzukizunpeko aitorpenaren bidez egiaztatuko dira; eskaera egiteko inprimaki elektronikoan txertatuta dago erantzukizunpeko aitorpena.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gauzatzeko epea.

Diruz lagundu daitezkeen jardueratzat hartuko dira industria arloko enpresek eta produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresek gidatutako laguntza teknikoa emateko proiektuak, honako hauetarako aukera ematen badute:

– Teknologia digitalak eta jasangarriak xurgatzeko gaitasuna areagotzen duen ekintza-plan bat egitea, eta/edo

– Horien kontzeptu-proba bat egitea.

Proiektu horiek gehienez ere 2 hilabeteko epean gauzatu beharko dira, ebazpenaren berri ematen denetik aurrera zenbatzen hasita, eta honako teknologia hauek txertatzeko kontzeptu-proba bat diseinatzea izango dute xede:

– Robotika malgua.

– Fabrikazio gehigarria.

– Zibersegurtasuna.

– Makina adimendunak eta konektatuak.

– Material aurreratuak.

– Sare elektriko digitalak.

– Gailu medikoak eta osasun digitala.

Ez dira diruz lagunduko artikulu honetan deskribatzen diren eta erakunde onuradunaren beraren katalogoaren barruan dauden produktuak/zerbitzuak.

Inola ere ez da diruz lagunduko Europar Batasuneko kide diren beste herrialde batzuetara edo hirugarren herrialdeetara esportatzea; eta, ondorioz, Programa honen testuinguruan diruz lagundutako dirulaguntzek ezingo dute zuzenean lotuta egon esportatutako kantitateekin, banaketa-sare bat martxan jarri eta ustiatzearekin, edo esportazio-jarduerarekin lotutako beste ohiko gastu batzuekin.

7. artikulua.– Gastu hautagarriak eta gastu hautagarriei aplikatzeko baldintzak.

1.– Gastu hautagarritzat hartuko dira ondorengo kontzeptu hauek, aurreko puntu batean deskribatutako diruz lagundu daitezkeen jardueretatik etorritakoak:

– Aurkeztutako proiektuaren alorrean aditua den eta proiektu horren exekuzioan parte hartu duen BDIHaren kontratazio-gastuak (erakunde onuradunak hautatuko du).

– Aurkeztutako proiektuaren alorrean aditua den eta proiektu horren exekuzioan parte hartu duen Europako DIHaren kontratazio-gastuak (erakunde onuradunak hautatuko du).

– Erakunde eskatzaileko langileen bidaia-gastuak (Europako DHI baten aktiboak erabiltzen direnean soilik).

2.– Gastu hautagarriek ez dituzte gaindituko 8. artikuluan adierazitako gehieneko ehuneko eta zenbatekoak.

3.– Gastu hautagarriek Laguntza Eskaera SPRIn aurkezten denetik aurrera eta proiektua gauzatzeko epean sortuak edo fakturatuak izan behar dute. Halaber, laguntza-eskaera aurkeztu aurretik sortu edo fakturatutako gastuak ere onartuko dira, proiektua 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera hasi bada.

4.– Ez dira gastu hautagarritzat joko, inola ere, laguntzaren eskatzaileak berak edo eskatzailearen taldeko enpresek egindako lanak, material didaktikoak prestatzea, aretoen alokairua, dietak eta antzeko gastuak. Gastu horiek fakturen kontzeptutik bereizita aurkeztu beharko dira.

5.– Gastu hautagarriak baloratzeko, irizpide hauek izango dira kontuan:

a) Oinarri hauen 6. artikuluan deskribatutako diruz lagundu daitezkeen jardueretatik etorritako gastuak izan behar dute.

b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, gastua gutxitu egingo da.

c) Gastu hautagarriaren balioespena kutxako irizpidearen araberakoa izango da.

d) Antzeko proiektuen batez besteko gastuekin alderatuta, proiektuaren gastu-aurrekontua handiegia dela irizten bada, gastu hautagarrien oinarria murriztuko da, gastu egokitzat eta proportzionatutzat jotzen den zenbatekoaren arabera.

6.– Fakturan aplikatutako Balio Erantsiaren gaineko Zerga ez da gastu hautagarria izango.

7.– Dirulaguntzen Lege Orokorreko 31.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagun daitekeen zenbatekoak gainditu egiten baditu kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako kopuruak, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak izateagatik, merkatuan ez badago lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko behar beste erakunde, edo gastua dirulaguntza eman baino lehen egin bada. Aurkeztutako eskaintzen arteko hautaketa egiteko, eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideak hartuko dira aintzat, eta berariaz justifikatu beharko da hautaketa, baldin eta ez bada ekonomikoki onuragarriena dena hautatzen.

8. artikulua.– Laguntzen modalitatea eta zenbatekoa.

1.– Deialdi honen xede diren laguntzak dirulaguntza gisa emango dira, honako ehuneko hauetan, onartutako gastu hautagarriak aintzat hartuta:

– Gastu hautagarrien % 80 diruz laguntzea, gehieneko zenbateko hauekin:

– 12.000 euro proiektua BDIHko eragile batekin lankidetzan gauzatuz gero.

– 20.000 euro proiektua BDIHko eragile batekin baino gehiagorekin lankidetzan gauzatuz gero.

– 15.000 euro proiektua Europako DIH batekin eginez gero, proiektuko 12.000 euroko eta bidaietarako 3.000 euroko muga partzialekin.

2.– Enpresa onuradunak proiektuari loturiko diruz lagun daitezkeen gastuetarako urtean eskura dezakeen gehieneko dirulaguntza diruz lagun daitekeen jarduketa bakarrera bideratuko da eta, ondorioz, erakundeko eskaera bakarra onartuko da.

9. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.

1.– Programa honetan jasotako laguntzak eskuratzen dituzten erakundeek beste laguntza bateragarri batzuk edo Europako Erkidegoko beste finantzabide batzuk eskura ditzakete, betiere gastu hautagarrietarako gehieneko laguntzaren intentsitatea errespetatzen badute.

2.– Laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izango erakunde onuradunak garatzeko asmoa duen jardueraren kostua baino handiagoa, soilik laguntza hori aintzat hartuta edo edozein administraziok edo horien sektore publikoek xede bererako emandako beste laguntza batzuk gehituta. Baldin eta beste laguntza publiko batzuk eta programa honen bidez emandakoa metaturik lortzen den zenbatekoak gainditu egiten badu kostu hori, murriztu egingo da programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko behar den neurrian.

3.– Programa hau aplikatuz emandako laguntzek garrantzi gutxiagoko laguntzen edo de minimis izaera dute.

4.– Erakunde onuradun batek jaso dezakeen de minimis guztizko laguntzak ezingo du 200.000 euro baino handiagoa izan, abian den ekitaldi ekonomikoak (2021) eta aurreko bi ekitaldiek (2019 eta 2020) osatzen duten aldi osoaren arabera zenbatuta. Onuraduna errepidez merkantzien garraioko lanak besteen kontura egiten dituen enpresa bat bada, gehieneko zenbateko hori 100.000 eurora gutxituko da (gainera, laguntza ezingo da erabili errepide bidezko merkantziak garraiatzeko ibilgailuak erosteko). Hori dela eta, ez da Programan aurrez ikusitako laguntzarik emango emandako laguntzak, onuradunak jaso izan ditzakeen beste de minimis laguntza batzuei gehituta, muga hori gainditzen duenean, laguntza horiek emandako administrazioa edo administrazioak edozein izanda ere.

5.– Minimis laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo dirulaguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez, baldin eta metatze horrek gaindituko balu laguntzaren intentsitatea edo dagokion gehieneko laguntzaren kopurua. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.

6.– Aurrez aipatutako muga horiek edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako kantitatea murriztu egingo da programaren arabera emandako zenbatekotik.

7.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari aitortzen zaionean baduela legezko eskubidea laguntza jasotzeko.

10. artikulua.– Laguntza Eskaera.

1.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta oinarri hauen ondoriozko gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoak soilik erabiliz egingo dira SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak emandako helbide elektronikoaren bidez.

2.– Aurrez ikusitako laguntzetarako sarbidea izateko baldintzak betetzen dituzten erakundeek SPRIk emandako helbide elektronikoan bete beharko dituzte Laguntza Eskaera egiteko inprimakiak.

3.– Eskaera hori izenpe elektroniko aurreratuaren bidez (ziurtagiri elektroniko kalifikatu batekin) sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko nahikoa ahalorde duen pertsona batek. SPRIk emandako helbide elektronikoan eskaeran eginiko sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.

4.– Eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteak ote dituzten automatikoki ziurtatuko da, behar beste aldiz, ez badiote, behintzat, horri, arrazoia emanda, aurka egiten, eta horrela bada, aipatutako betebehar horiek betetzen dituztela adierazten duten egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.

Era berean, eskaera eginda, SPRIri baimena ematen zaio, Jarduera Ekonomikoen Zergan enpresa zer epigrafetan alta emanda dagoen kontsultatzeko. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio uko baimen horri, eta hori eginez gero, dagokion ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du.

5.– Erakunde eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira Laguntza Eskaeran.

6.– Laguntza Eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Entitatearen ordezkari legalaren erantzukizunpeko adierazpena. Erakundearen lege-ordezkariak egindako erantzukizunpeko aitorpena, eskaerari atxikitako ereduaren arabera egina, hauek egiaztatzen dituena:

– Erakundeko lege-ordezkariaren izen-abizenak eta Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia (NAN) edo Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia (AIZ).

– Erakundearen izena, Identifikazio Fiskaleko Zenbakia edo kodea (IFZ/IFK) eta helbide-soziala.

– Erakunde eskatzailearen jarduera ekonomikoaren zentroetako baten egoitza, gutxienez, Euskal Autonomia Erkidegoan egotea eta proiektuak zentro horretan eragina izatea.

– Euskadiko Jarduera Ekonomikoen Zergaren kasuan kasuko epigrafean alta emanda egotea.

– Zerga arloko betebeharrak, Gizarte Segurantzarekin lotutakoak eta/edo bere erakunde laguntzaileekin adostutakoak egunean izatea.

– Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta laguntza eskatzen den ekitaldi fiskalean jasotako de minimis laguntzen zerrenda, bertan adierazi beharko da laguntza hori noiz eman zen, zer erakundek eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

– Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

– Dirulaguntzen Lege Orokorreko 31.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagun daitekeen zenbatekoak gainditu egiten baditu kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako kopuruak, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak izateagatik, merkatuan ez badago lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko behar beste erakunde edo gastua dirulaguntza eman baino lehen egin bada.

– Oinarri hauetako 5. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea eta batez ere:

– Enpresa eskatzaileak ez duela administrazio-zehapenik edo zehapen penalik eta, beraz, ez duela galdu dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko gaitasunik. Halaber, adierazi beharko du ez daukala aipatutakoak eskuratzeko ezgaitzen duen legezko galarazpenik, ezta sexu-bazterkeriaren bat gertatu delako ezarritako debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenetatik Seigarrenean xedaturikoari jarraikiz.

– Enpresa eskatzailea ez dagoela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zigor-prozeduraren eraginpean.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrarekin lotutako ordainketak egunean dituela.

– Burutu gabeko dirua errekuperatzeko agindurik ez duela, batzordeak hala erabaki duelako laguntzaren bat barne-merkatuarekiko bateragarri ez eta ilegal jo duenez; eta enpresa ez dagoela krisian, krisian dauden finantza-arloaz besteko enpresak Salbatzeko eta Berregituratzeko Estatuko Laguntzen inguruko Jarraibide Komunitarioen arabera (EBAO 2014/C 249/01).

– Enpresa eskatzaileak ez duela ezarrita Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13.2 artikuluan jasotako debekurik.

– Armarik ez produzitzea, merkaturatzea edo finantzatzea, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legeak ezarritakoarekin bat etorriz.

– Konpromisoa hartzea jasotako laguntzaren aurrerakina enpresaren kontabilitatean pasibo gisa azaltzeko, eta zenbateko hori SPRI – Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari itzultzeko konpromisoa, baldin eta ebazpen batek hori itzuli egin behar dela ezartzen badu.

b) Legezko ordezkariaren notario-ahalordea. Onuraduna langile autonomoa baldin bada, dagokion Foru Aldundiaren edo Udaleko Ogasun Sailaren ziurtagiri eguneratua, jarduera ekonomikoa egiaztatuko duena.

c) Erakunde onuradunaren IFZ.

d) Proiektuaren memoria, erakunde eskatzaileak aurkeztua. Bertan, honako hauei buruzko informazio xehatua agertu beharko da:

– Proiektuaren laburpena.

– Proiektua abiarazteko motibazioa, hautemandako arazoa/beharra.

– Faseak eta zereginak.

– Espero den emaitza eta eragina.

– Proiektua gauzatzen parte hartuko du(t)en BDIHaren nodoa(k) (nodoko eragilea edo eragileak adierazi beharko da/dira).

– Erakunde onuraduneko taldea (profila eta proiektuko rola).

– Erakunde kontratatuaren taldea (profila eta proiektuko rola).

– Proiektuaren aurrekontua (barruko eta kanpoko dedikazioaren banakapena eta bidaia-gastuak, Europako DIH batekin lankidetzan arituz gero).

– Proiektuaren eskaintza tekniko eta ekonomikoa, parte hartuko duten BDIHko eragileek eta/edo hautatu den Europako DIHkoek aurkeztua. Bertan, honako hauei buruzko informazio xehatua agertu beharko da:

– Proiektua zein BDIH nodotan edo Europako DIHtan kokatzen den.

– Proiektu mota (diagnostikoa eta ekintza-plana, kontzeptu-proba).

– Proiektua zein aktiborekin gauzatuko den.

– Egingo diren jardueren, eta esperotako emaitzaren edo emaitzen azterketa xehea.

– Aurrekontuaren banakapena, langileen eta bidaien gastuak barne (DHIen kasuan, hala dagokionean).

– BDIH/DIHko taldea (CVen laburpena).

– Proiektua gauzatzeko egutegia.

7.– Enpresa onuradunak eta SPRIk baliozkotzat joko dituzte Laguntza Eskaeran adierazitako harremanetarako pertsonaren helbide elektronikora bidaltzen diren jakinarazpen guztiak. Laguntzaren onuradun gisa agertzen den enpresaren posta elektronikoa bakarrik onartuko da harremanetarako helbide gisa.

8.– Laguntza-eskaera, aurkeztu beharreko dokumentazioarekin batera, hautatutako hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Era berean, dirulaguntzak eskatzetik etorritako jardueretan, eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko 10/1982 Legearen, azaroaren 24koan, ezarritakoaren arabera.

11. artikulua.– Laguntza Eskaerak aurkezteko epea.

1.– Programa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da laguntza-eskaerak aurkezteko epea, eta 2021eko urriaren 15ean bukatuko da. Eskatzaileentzako arreta egun horretako arratsaldeko 15:00etan (penintsulako ordua) amaituko da.

2.– Laguntza-eskaera ez badago guztiz beteta edo dokumentu osagarri guztiak aurkezten ez badira, enpresari eskatuko zaio 10 eguneko epean falta den informazioa edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko. Hala egiten ez badu, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko da, eta horri dagokion ebazpena emango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoarekin bat.

12. artikulua.– Ebaluazio- eta ebazpen-prozedura.

1.– Laguntza-eskaerak ebazteko, ondoz ondoko lehia-prozedura erabiliko da. Aurkeztu diren ordenaren arabera aztertu eta izapidetuko dira eskaerak, eta behar bezala formalizatuta eta osatuta gelditzen diren neurrian eta hurrenkeran ebatziko dira. Eskaerak akatsen bat badu, eta akats hori zuzendu egin behar bada, zuzenketa egin deneko data hartuko da eskaera aurkeztearen datatzat.

2.– Hauek dira aurkeztutako laguntza-eskaerak onesteko ebaluazio-irizpideak:

1. irizpidea: Proiektuaren egikaritzeak duen balioa erakunde onuradunarentzat (30 puntu).

2. irizpidea: Proiektua aurkezteko dokumentazioaren kalitatea. Helburu, eginkizun eta kostuen zehaztapen eta egokitzapen maila (30 puntu).

3. irizpidea: Erakunde onuradunek eta agente teknologikoek proposatutako lantaldearen kalitatea (20 puntu).

4. irizpidea: Proiektua egikaritzeko eskaeraren motibazioa teknologia egokia gehitzeko, estrategiarako egokitua (20 puntu).

Zehaztutako irizpideak zenbateraino betetzen diren aztertuko da guztizko puntuazioa emateko. Irizpide bakoitzari emandako puntuazioaren % 50eko gutxienekoa lortzen ez duten laguntza-eskaerak ukatu egingo dira.

3.– Proiektuak eta haiei emandako puntuazioa, aipatutako irizpideen arabera, baloratzeko xedearekin, Hautaketa Batzorde bat osatuko da, eta osaera eta funtzio hauek izango ditu:

Cristina Oyón (presidentea), Alberto Fernández, Amaia Martínez, Iñaki Suarez eta Susana Larrea (idazkaria).

Hautaketa Batzordearen zeregina da eskaerak aztertzea, hautagaien meritu eta gaitasunak baloratzea eta, ondorioz, organo eskudunari helaraztea proiektu bakoitzari emandako puntuazioa, Batzordeak horretarako prestatuko duen txosten teknikoan oinarrituta.

4.– Ebazpena SPRIko Zuzendaritza Nagusiak egingo du, segidako egilespenaren erregimenean, eta erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio gehienez ere 15 egun balioduneko epean, igortzen denetik zenbatzen hasita. Baiespen- edo ezespen-ebazpen hori SPRIko zuzendari nagusiak emango du, eta eskatzaileari jakinaraziko zaio; halaber, haren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan.

5.– Ebazteko gehieneko epea 6 hilabetekoa izango da agiri guztiak aurkezten diren egunetik kontatzen hasita. Aipatutako epean ebazpenik ematen ez bada, ezetsi egin dela ulertuko da.

6.– Ebazpenetan esleitzen den dirulaguntzaren zenbatekoa eta gainerako baldintzak adieraziko dira, eta hala badagokio, baita ukatzeko arrazoiak ere.

7.– Entitate eskatzaileak baliozkotzat joko ditu laguntza-eskaeran harremanetarako identifikatutako pertsonaren posta elektronikoko kontura SPRIk igorritako jakinarazpen guztiak. Proiektuaren eskatzaile eta/edo lider gisa azaltzen den enpresari dagokiona bakarrik onartuko da harremanetarako posta elektronikoko kontu moduan.

8.– Ebazpena SPRIren web-gunean eta EHAAn argitaratuko da, denek izan dezaten emandako laguntzen berri.

13. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Diruz lagundu daitekeen jarduera amaitu eta 10 egun balioduneko epearen barnean, erakunde onuradunek proiektua gauzatu izana justifikatu beharko dute, SPRIren web-guneko likidazio-eskaeraren inprimakiak betez.

2.– Eskaera hori sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. SPRIk emandako helbide elektronikoan eginiko sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.

3.– Erakunde eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira likidazio-eskaeran.

4.– Likidazio-eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira.

a) Gehienez bi orrialdeko memoria, honako alderdi hauek adierazita:

– proiektuaren balioa erakunde onuradunarentzat, 6 hilabeteko epean.

– proiektutik eratorritako ekintza-planaren laburpena, hala badagokio.

– aurreikusitako jarraipena.

b) Egikaritutako gastuen justifikazio-memoria eta gastu eta inbertsio hautagarrien fakturak, kostuen desglosearekin.

c) Finantza-erakundearen ordainketako banku-egiaztagiriak, proiektuan diruz lagun daitezkeen gastuena.

d) Finantza-erakundearen ziurtagiria, onuradunaren titulartasuna eta kontu korrontearen zenbakia (IBAN) egiaztatzen duena, baldin eta aurretik adierazitakoa aldatu egin bada.

6.– Ebazpena Zuzendaritza Nagusiak emango du eta haren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan.

14. artikulua.– Laguntza- edota Likidazio Eskaerak zuzentzea.

1.– Laguntza- edota Likidazio Eskaerak ez badaude behar bezala beteta puntu guztietan edo ez bada eskatutako dokumentazio osoa ekartzen, SPRIk 10 egun balioduneko epea emango dio erakundearen legezko ordezkariari akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko.

2.– Epe hori igaro eta erakunde onuradunak ez badu zuzenketarik egin, SPRIk bertan behera utzi ahal izango du espedientea eta erakunde eskatzaileari jakinaraziko dio.

15. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Esleitutako dirulaguntzaren ordainketa aldi bakar batean egingo zaio laguntzaren erakunde onuradunari, 13. artikuluan eskatutako likidazio-eskaera eta justifikazio-dokumentazioa aurkeztu ondoren.

Ez da ordainketarik egingo onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekin lotutakoak betetzen ez baditu edo itzultze-bidezkotasunaren ebazpenagatik zorduna bada.

2.– Baldin eta gastu hautagarria dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuan adierazitakoa baino txikiagoa bada, dirulaguntza proportzionalki egokituko zaio gastuari, 8. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.

16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Oinarri hauen testuinguruan esleituko diren dirulaguntzen erakunde onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrei daude lotuta, eta, zehazki honako hauei:

a) Emandako laguntza onartzea. Hartara, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen denetik hamar baliodun eguneko epean eta SPRIren aurrean espresuki horri uko egin ezean, ulertuko da erakunde onuradunak laguntza onartu duela.

b) Emandako laguntza jarduketa-plana aurrera eramateko erabiltzea, baita esleipenaren xede izan ziren gastuak finantzatzeko ere.

c) SPRIk beharrezkotzat jotako dokumentazio osagarria eska dezakeela eta SPRIk izendatutako langileek, bere edozein instalaziotan, beharrezkotzat eta egokitzat jotako egiaztapen guztiak egin ditzaketela onartzea. Horien guztien helburua izango da emandako laguntzaren xede den proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzea.

d) Faktura osoak gordetzea eta SPRIren, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea lau urtez, gastu hautagarriak gauzatzen direnetik aurrera.

e) Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo eskumena duten beste kontrol-organo batzuei (Estatu zein komunitate mailakoak) laguntzen helburuaren fiskalizazio-funtzioak betetzeko garaian eska dezaketen edozein informazio ematea.

f) SPRIri berehala jakinaraztea dirulaguntza edo laguntzak eskatu edo jaso izana, baita diru-sarrera edo baliabideak ere, baldin eta hemen araututako laguntzei dagozkien diruz lagundu daitezkeen jarduera berdinetarako badira, edozein Administrazio edo erakunde publiko edo pribaturen eskutik jasotakoak izanik ere.

g) Dirulaguntza esleitzeko aintzat hartu den arrazoiren bat aldatu bada, horren berri ematea SPRIri.

h) Programa honetan onartutako dirulaguntzaren jatorriari buruzko publizitate egokia egitea, diruz lagundutako proiektuaren emaitzak SPRIk eskatutako moduan edo foroetan zabalduta.

i) Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista egitea, diruz lagundutako proiektua gauzatu bitartean sortzen diren dokumentu eta euskarri guztietan.

17. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Laguntza emateko baldintzetan edozein aldaketa gertatzen bada eta, edozein kasutan, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso badira xede berbererako, laguntza esleitzeko Ebazpena aldatu ahal izango da, betiere Programa honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen jarraitzen badira.

2.– Halaber, programaren kudeatzaileak jarduerak gauzatzeko luzapen bat eman dezake, baldin eta erakunde eskatzaileek hala eskatu eta behar bezala justifikatzen badute; luzapen horren ondorioz, gehienez, 2 hilabetez atzeratu ahal izango da proiektuak gauzatzeko epea (2 hilabetekoa da epe hori).

3.– Jarduketak Laguntza Eskaeran eta aurkeztutako dokumentazio osagarrian jasotakoak izango dira, eta SPRIk aldaketak baimendu ahalko ditu, betiere aldaketa horiek aldez aurretik justifikatu baditu erakunde onuradunak, amaitu aurretik, eta ez bada hutsaltzen programa honek hasiera batean jarraitutako jarduketa eta helburuen izaera.

18. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketak.

1.– Ikusiko balitz erakunde onuradunak ez duela bete Programa honetan, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta laguntzaren ebazpenean ezarritako baldintzetakoren bat, laguntza eskuratzeko eskubidea galduko du eta SPRIri itzuli beharko dizkio ordura arte kobratu duen laguntzaren zenbatekoa gehi dagozkien legezko berandutze-interesak, eta behar balitz, legezko jarduketak abiaraziko dira diru kopuru horiek itzul ditzan.

2.– Edonola ere, artikulu honetan aurrez ikusitako eraginetarako ez-betetzea izango da honako hau:

a) Laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotako ekintzak aldatzea SPRIren baimenik gabe. Halaber, ez betetzea izango da SPRIri ez jakinaraztea proiektuaren exekuzioan gertatutako aldaketak, baldin eta aldatu egiten badituzte laguntza emateko aztertu ziren baldintzak. Posible da aldaketak baimentzea, betiere erakunde onuradunak baimena eskatu badio SPRIri, eta justifikatu baditu aldaketa horiek, ahal dela, proiektuan aplikatu baino lehen, eta betiere, Programa honek lagundutako jardueren eta lortu nahi dituen helburuen izaera aldatzen ez badute.

b) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo Programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.

c) Diruz lagundutako proiektua betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.

d) Laguntza eskuratzea Programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.

e) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.

f) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

g) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2013 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako beste edozein kasu.

3.– SPRIko Zuzendaritza Nagusiari dagokio dirua itzultzeko prozedura abiaraztea, izapidetzea eta ebaztea.

4.– Ez badira betetzen deialdi honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan jasotako betekizunak edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen direnak, dirulaguntza ezeztatuko da ez-betetze espedientea ireki ondoren, eta, dirulaguntza eta berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari, 1/1997 Dekretu Legegilean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko II. tituluan (zeinaren bidez arautzen baitira EAEko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen araubide orokorra, bermeak eta itzulerak eta zeinaren bidez ezartzen baitira dirulaguntza horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak) ezarritakoari jarraiki, nahiz eta horrek ez duen eragotziko kasuan kasuko ekintza legalak abiaraztea eta dagozkion zigorrak jartzea. SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Zuzendaritza Nagusiari dagokio dirulaguntza ezeztatzeko –eta, hala badagokio, partzialki edo guztiz itzularazteko– espedienteak abiarazi eta ebaztea.

5.– Halaber, gainfinantzazioa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia itzuli beharko da, 9. artikuluan araututakoari jarraiki. Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulera erabakitzeko emango den ebazpenean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatzekoa den araudia.

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Lege hori garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.

2.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra, eta zeinetan finkatzen diren berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.

4.– Europako Batzordearen EB 1407/2013 Erregelamendua, abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa. (EBAO 2013 L 352/1).

5.– Europako Batzordearen EB 651/2014 Erregelamendua, 2014ko ekainaren 17koa, zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena Itunaren 107 eta 108. artikuluak aplikatuz, I. eranskinean ezarritakoari dagokionez.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta izaera pertsonaleko datuen esparruan aplika daitezkeen gainontzeko araudietan ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak dirulaguntzaren espedientea kudeatzeko tratatuko direla. Hala, datu pertsonalen tratamenduaren oinarri juridikoa SPRIren funtzio publikoa da, haren eraketa-estatutuetan ezarritakoari jarraiki, Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia gisa.

Informazio hori enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei (ikus http://www.spri.eus/es/quienes-somos/sociedades-del-grupo-spri) transmititu ahal izango zaie.

Interesa duen pertsona orok erabil ditzake bere datu pertsonalak babesten dituen araudiak ezarritako eskubideak SPRIren aurrean. Horretarako, idatzi helbide honetara: lopd@spri.eus. Bestela, jarri harremanetan SPRIko Datuak Babesteko Ordezkariarekin, helbide honetara idatzita: dpd@spri.eus.

SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo www.spri.eus/privacidad web-orrialdeko Pribatutasun-politikara.

Jakinarazten da datuak zaindu behar badira, Datuen Babeserako Euskal Agentzia izango dela horren arduraduna (www.avpd.euskadi.eus).

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.

1. eranskina
BDIH AKTIBOEN ZERRENDA

Oharra: honako esteka honetan dago ikusgai nodo bakoitzari lotutako aktiboen zerrenda:

https://www.spri.eus/laguntzak/bdih-konexio/

Erabilgarri dauden nodoak:

Nodoa: Robotika malgua eta kolaboratiboa.

Nodoa: Fabrikazio gehigarria.

Nodoa: Material aurreratuak.

Nodoa: Makina adimendunak eta konektatuak).

Nodoa: Zibersegurtasuna.

Nodoa: Sare elektriko digitalak.

Nodoa: Gailu medikoak eta osasun digitala.

2. eranskina
ONARTUTAKO DIGITAL INNOVATION HUBS-EN ZERRENDA

1.– Flanders Make (BE).

2.– Digital Innovation Hub Lombardia (IT).

3.– Artes 4.0 Toscana (IT).

4.– Dihnamic Nouvelle-Aquitane (FR).

5.– Advanced Manufacturing Research Centre of Wales (UK).

6.– VTT Smart Manufacturing, Tampere (FI).


Azterketa dokumentala