Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

137. zk., 2021eko uztailaren 13a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
3973

AGINDUA, 2021eko ekainaren 23koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez laguntzetarako deialdi bat egiten eta arautzen baita EAEko gaixoen eta haien familien kolektiboen bizi-kalitatea hobetzen diharduten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko elkarteei zuzenduta.

Gaixoek eratutako irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko elkarteak patologia bera dutelako elkartu diren pertsona fisikoez osatutako taldeak dira. Elkartzeko, komunikatzeko eta laguntza emateko guneak dira, gaixoentzat nahiz haien familientzat.

Osasun Sailak bereziki nabarmentzen du elkarte horiek pertsona gaixoen eta haien senideen osasun fisikoaren, psikologikoaren eta sozialaren alde egiten duten ekarpena, hainbat alorretan islatzen dena, hala nola: gaixotasunen errealitate sozial eta afektiboarekiko zuzeneko kontaktua, eta zerbitzu eta autolaguntza-programen bidezko zuzeneko asistentzia eta laguntza enpatikoa.

Osasun Sailaren 2021eko ekitaldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa, Osasuneko sailburuaren 2021eko martxoaren 8ko Aginduaz onetsia, «Osasuna sustatzea eta gaixotasunak prebenitzea» arloaren barruan «pertsona gaixoen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko laguntzak» jasotzen ditu.

Otsailaren 11ko 1/2021 Legean (Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legea) laguntza horietarako aurrekontu-kreditua jasotzen da.

Deialdi honek, bai eta berau izapidetzeko eta ebazteko jarduerek ere, honako esparru juridikoa betetzen dute:

– 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak emandako oinarrizko arauak.

– 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena.

– 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

Agindu honetako laguntzek ez dituzte betetzen EBren funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluko 1. apartatuan jasotako betekizun guztiak, eta, beraz, ez dira estatu-laguntzak. Ondorioz, ez da beharrezkoa inongo izapiderik egitea Europako Batzordearen aurrean.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren eremua eta xedea.

1.– Agindu honen helburua da laguntzetarako deialdia egitea EAEko gaixoek eta haien familien kolektiboek osatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko elkarteentzat.

2.– Laguntza hauen helburua da kolektibo horiei laguntzea jarduera batez edo batzuez osatutako proiektuak, 2021eko urtarriletik abendura bitartean egindakoak, finantzatuz. Proiektuek honako xede hauek izan behar dituzte, orobat:

a) Gaitasunak eta baliabideak garatzen laguntzea, beren burua zaintzeko gaitasuna ahalik eta handiena izateko eta haien autonomia areagotzeko.

b) Haien behar soziosanitarioak lagundu eta bideratzea osasun-sustapenaren ikuspegitik.

c) Gaixotasunari buruz, haren arrisku-faktoreei buruz eta bizi-ohitura egokienei buruz duten ezagutza eta informazioa sakontzea.

d) Eragindako pertsonen osasun-desberdintasunak gutxitzea eta genero-ikuspegia txertatzea.

3.– Deialdi honen bidez finantzatzeko moduko ekintzetatik kanpo gelditzen dira:

a) Osakidetzak edo Osasun Sailarekin hitzartutako zentroek jada egiten dituztenen pareko jarduerak.

b) Hiesaren eta adikzioen arloko jarduerak, baita ikerketa-lanak eta Osasun Sailean horretarako berariazko laguntza-deialdiak dituzten guztiak ere.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Betekizun hauek betetzen dituzten erakundeek eskuratu ahal izango dituzte laguntzak:

a) EAEko gaixoen kolektiboek eta haien familiek osatuta egotea.

b) Erakundeek legez eratuta egon behar dute, eta erregistro administratibo ofizialean behar bezala izena emanda, egoitza sozialaren lurraldearen arabera, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta urtebete lehenagotik gutxienez.

c) Irabazi asmorik ez izatea.

d) Gaixoen edo haien familien bizi-kalitatea hobetzeko asmoz jardun behar dute, elkartzeko, hitz egiteko eta laguntzeko guneak eratuz.

e) Zergen arloko betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzen itzulketak egunean izatea.

f) 38/2003 Legearen 13.2 artikuluan adierazitako egoeraren batean ez egotea.

2.– Deialdietara ezin izango dira aurkeztu sexu-bereizkeria egiteagatik zigor administratibo edo penala jasotako erakundeak, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea dela bide debeku horrekin zigortutakoak ere, dagokion zehapenak ezarritako aldian.

3.– Erakundeek prozesu osoan zehar bete beharko dituzte betekizunak, emandako dirulaguntza likidatu arte.

3. artikulua.– Dirulaguntzaren aurrekontu-hornidura eta deialdiaren organo kudeatzailea.

1.– Deialdiaren diru-zenbatekoa hirurehun mila (300.000) euro.

2.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza da deialdiaren organo kudeatzailea.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Laguntzak jarduera batez edo batzuez osatutako proiektuak diruz laguntzeko izango dira, eta ez, ordea, elkarteetako langileen egitura egonkorrei eusteko edo azpiegitura fisikoetan inbertitzeko.

2.– Gastu hauek lagunduko dira diruz:

a) Diruz lagundutako jarduerari lotutako langileen gastuak.

b) Zeharkako kostuen kontzeptuan eskatutako zenbateko osoaren % 15 gehienez, halakotzat honako hauek hartuta:

1) Erakundearen egiturazko gastuak, azpiegitura fisikoei buruzkoak barne.

2) Dieten eta joan-etorrien gastuak.

3) Kudeaketa-gastuak, jarduera zehatz bati zuzenean lotuta ez badaude ere, diruz lagundutako jarduera egiteko beharrezkoak badira.

3.– Honako gastu hauek ez dute dirulaguntzarik jasoko:

a) Gastu finantzarioek.

b) Inbertsio-gastuek.

c) Administrazio-lizentziek.

d) Berandutze-errekarguek eta zehapen administratiboek eta penalek; horien artean daude zergak, tributuak, tasak, gizarte-segurantzako kuotak, prozedura judizialen gastuak edo gatazkak borondatez ebazteko bestelako prozedurak berandu ordaintzeak edo ez ordaintzeak ekarritakoak.

4.– Horretarako, egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak.

5.– Diruz laguntzen diren jarduerak ezin ezingo dira azpikontratatu.

6.– Artikulu honetan zehaztuta ez dauden gaiei dagokienez, 38/2003 Legearen 31. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da, oinarrizko legeri gisa.

5. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Laguntza hauek bateragarriak izanen dira helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, horiek beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek –estatukoek, Europar Batasunekoek edo nazioarteko erakundeetakoek– emanik ere.

2.– Lortutako laguntza eta dirulaguntza guztien batuketa jardueraren aurrekontu osoa baino handiagoa baldin bada, dirulaguntza txikiagoa emango da, gehiegizko zenbatekoa kenduta.

3.– Laguntza hauek ez dira bateragarriak Osasun Sailak, osasuna sustatzea, gaixotasunak prebenitzea edo gaixoen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzea xede duten proiektuak garatzeko, emandako dirulaguntza izendunekin.

6. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoaren mugak.

Dirulaguntzaren zenbatekoak ez du inola ere gaindituko:

a) Eskatutako zenbatekoa.

b) Diruz lagun daitekeen gastuaren aurrekontu osoaren % 100.

c) 10.000 euro elkarte bakoitzeko.

d) 15.000 euro elkarteen federazio bakoitzeko.

7. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabideak telematikoki aurkeztuko dituzte, 20.4 artikuluan adierazitakoaren arabera.

2.– Erakunde bakoitzak proiektu bakarra eskatu ahal izango du.

3.– I. eranskinean, eskabideek zer datu jaso behar dituzten zehaztuta daude. Egoitza elektronikoaren inprimaki normalizatuan emango dituzte datu horiek, agindu honen 20.4 artikuluaren arabera sartu ondoren.

4.– Eskabidearekin batera, hala badagokio, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Baldin eta eskabidean egiaztapena administrazio publiko eskudunen aurrean zuzenean eskuratzeko oposizioa jasota badago bakarrik:

– Dagokion administrazio-erregistroan eratu eta inskribatu izana egiaztatzen duen ziurtagiriaren kopia.

– Zerga-betebeharrak egunean duela dioen ziurtagiriaren kopia.

– Gizarte-segurantzarekin dituen betebeharrak egunean daudela dioen ziurtagiriaren kopia.

b) Erakundearen iritziz proiektua hobeto ezagutzeko garrantzitsua den beste edozein dokumentazio.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoa erabiliz (20. artikuluan aipatuta).

3.– Eskabidea aurkezten duen pertsonak ziurtagiri elektroniko baten bidez identifikatu behar du bere burua:

a) Erakundearen ziurtagiri elektronikoa erabiltzen badu, ez du bestelako egiaztagiririk behar.

b) Pertsona fisikoaren ziurtagiri elektronikoa erabiltzen badu, 20.2 artikuluan aipatutako ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu izana egiaztatu beharko du.

4.– Erakunde eskatzaileak eskabidea eta gainerako dokumentazioa zer hizkuntza ofizialetan aurkeztuko duen hautatu behar du. Hizkuntza horri eutsiko zaio prozedura osoan, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legearen (azaroaren 24ko 10/1982 Legea) 6.1 artikuluak xedatzen duen bezala.

9. artikulua.– Eskabidearen akatsak zuzentzea.

Baldin eta aurkeztutako eskabidean daturik edo beharrezko den beste edozein dokumentazio falta bada, Administrazioak erakunde eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango dio, falta hori zuzentzeko edo nahitaezko dokumentazioa aurkezteko. Halaber, horrela egin ezean, eskabidean atzera egin duela pentsatuko duela ere jakinaraziko dio. Administrazioak eskabide horiei buruzko berariazko ebazpen bat eman eta jakinarazi beharko du, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 68.1 eta 21. artikuluetan.

10. artikulua.– Datuak eta eskakizunak egiaztatzea.

Organo kudeatzaileak, dagokion administrazio publikoaren aurrean, erakundearen nortasun-datuak kontsultatu edo eskatu ditzan eta, halaber, betekizunak betetzen direla egiazta dezan ez duela baimentzen adierazi ahal izango du erakundeak eskabidearen bidez. Horrela eginez gero, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu nahitaez. Eskabideak gutxienez honako hauei buruzko erantzukizunpeko adierazpenak jasoko ditu:

1.– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean izatea.

2.– 38/2003 Legearen 13.2 artikuluan adierazitako egoeraren batean ez egotea.

3.– Helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk eskatuta edo emanda izatea edo ez, ?beste administrazio publiko edo erakunde batzuei dagokienez, horiek publikoak edo pribatuak, estatukoak zein Europar Batasunekoak edo nazioartekoak izan?. Eta baiezkoa bada, kopurua adieraztea.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzei lotuta oraindik ere tramitatzen ari den itzulketa- edo zehapen prozeduraren batean sartuta egotea edo ez. Baiezkoa bada, prozedura edo prozedurak zehaztea.

Organo kudeatzaileak beharrezko iritzitako egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu prozedura legezkoa dela bermatzeko. Nolanahi ere, beharrezko den egiaztapena egingo da laguntza eman eta haren ordainketa bakoitza egin aurretik.

Erantzukizunpeko adierazpen batekin aurkeztutako edo hari erantsitako datu, adierazpen edo dokumenturen batean funtsezko zehaztasunik ezak, faltsutasunak edo omisioak antzemanez gero, erakunde eskatzaileak ezin izango du prozeduran jarraitu halako egitateen berririk jasotzen denetik aurrera. Gainera, bestelako erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatzeko aukera ere izango da.

Halaber, egoera horren berri ematen duen Administrazio Publikoaren ebazpenak ezar dezake entitate interesdunak dirulaguntza itzuli behar izatea –hala balegokio– eta helburu bereko beste prozedura bat abian jarri ezin ahal izatea denbora-tarte jakin batez; hori guztia, aplikatu beharreko arauetan ezarritakoaren arabera.

11. artikulua.– Eskabideak balioesteko irizpideak.

1.– Jarraian, balioespen-irizpideak zehaztuko ditugu, eta irizpide bakoitzari zenbat puntu dagokion. Irizpide hauek erabiliko dira, hain zuzen, eskabideen lehentasun-ordena ezartzeko:

a) Proiektuaren justifikazioa, zer egoerari erantzun nahi zaion (deskribapena): 14 puntu, gehienez.

b) Proiektuaren bidez zer helburu zehatz lortu nahi diren: 14 puntu, gehienez.

1) Helburu egingarriak: 7 puntu, gehienez.

2) Erabiliko dituzten bitarteko egokiak: 7 puntu, gehienez.

c) Proiektuaren aurreikusitako garapenaren deskribapena: 20 puntu, gehienez.

1) Jardueren eremua: 7 puntu, gehienez.

a) EAE: 7 puntu.

b) Lurralde historikoa: 5 puntu.

c) Eskualdea: 4 puntu.

d) Udalerria/auzoa: 3 puntu.

2) Faseen, lan-egutegiaren eta zereginen deskribapena: 8 puntu, gehienez.

a) Proiektuaren faseen deskribapena: 2 puntu, gehienez.

b) Proiektuaren lan-egutegiaren deskribapena: 4 puntu, gehienez.

c) Proiektuaren zereginen deskribapena: 2 puntu, gehienez.

3) Giza baliabideak eta bitarteko materialak: 5 puntu, gehienez.

d) Proiektuaren ebaluazio aurreikusia: 7 puntu, gehienez.

1) Jardueraren onuradunak adinaren eta sexuaren arabera zehazten ditu: 3 puntu, gehienez.

2) Proiektuaren jarraipen- eta inpaktu-adierazleak zehazten ditu: 2 puntu, gehienez.

3) Onuradunen poztasun-adierazleak zehazten ditu: 2 puntu, gehienez.

e) Proiektuan ekitate-ikuspegia kontuan hartzea: 25 puntu, gehienez.

1) Gaixotasunaren prozesuan genero-desberdintasunak kontuan hartzea: 8 puntu, gehienez.

2) Proiektuari onura ateratzeko aukerak handitzeko estrategiak; bizilekua, adina, dibertsitate funtzionala, hizkuntza edo kalteberatasun sozialeko egoera gorabehera: 8 puntu, gehienez.

3) Xede-populazioak proiektua diseinatzen, abian jartzen eta ebaluatzen parte hartzea: 9 puntu, gehienez.

f) Proiektuaren jarduerak beste eremu batzuetako beste elkarte edo erakunde batzuekin elkarlanean egitea, elkarri laguntzea eta boluntariotza sustatzeko: 15 puntu, gehienez.

1) Gaixoen beste elkarte batzuekin koordinatzea: 8 puntu, gehienez.

2) Eremu komunitarioko beste erakunde batzuekin koordinatzea: 7 puntu, gehienez.

g) Proiektua bat etortzea eremu sanitario eta/edo soziosanitarioan abian diren beste jarduera eta politika publikoekin: 5 puntu, gehienez.

2.– Gehienez 100 puntu eskuratu ahal izango dira, eta, gutxienez, 50 puntu. 50 puntu baino gutxiago lortzen duten proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko. Halaber, a), b) eta c) ataletan adierazitako puntuazioaren erdia gutxienez lortzen duten proiektuek bakarrik jaso ahal izango dituzte dirulaguntzak.

12. artikulua.– Eskabideen balorazioa eta dirulaguntzak emateko prozedura.

1.– Honako hauek osatuko dute eskabideak balioetsiko dituen balioespen-batzordea:

– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak (Itziar Larizgoitia Jauregui), batzordeko buru gisa.

– Osasun Saileko lurralde-ordezkaritzetan Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariorde direnek (Joseba Bidaurrazaga Van-Dierdonck, Elena Albisua Cortazar, Juan Carlos Fernández Crespo).

2.– Kide anitzeko organoko idazkaria batzordeburuak batzordekideen artean izendatutako pertsona izango da.

3.– Epearen barruan eta modu egokian aurkeztutako dokumentazioan oinarrituta balioetsiko ditu eskabideak balioespen-batzordeak.

4.– Balioespen-batzordeak zehaztuko du proiektu bakoitzak zer puntuazio lortu duen eta horri zenbateko dirulaguntza dagokion.

5.– Osasun Publikoko eta Adikzioen Zuzendaritzak, laguntzak kudeatzen dituen organoa den aldetik, edo balioespen-batzordeak behar beste informazio eta dokumentazio osagarri eskatu ahal izango die elkarte eskatzaileei, aurkeztutako proiektua hobeto ulertzeko.

6.– Dirulaguntzak emateko prozedura lehiaketa bidez izango da. Diruz lagundutako proiektu bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa proportzionaleko sistema bat aplikatuko da, eta horri jarraikiz, balioespen-fasean lortzen den puntuazioaren arabera banatuko da 3. artikuluan zehaztutako dotazio ekonomiko osoa. Horretarako, lortutako puntu bakoitzari balio ekonomiko bat emango zaio, formula honen arabera kalkulaturik:

PB = AZ/GP.

PB = Puntu bakoitzari emandako balio ekonomikoa.

AZ = Deialdiaren aurrekontu-zuzkidura.

GP = Dirulaguntza merezi duten proiektu guztiei emandako puntuen batura.

Hasierako banaketa egiteko, bi hauen arteko biderketa egingo da: balioespen-fasean lortutako puntuak eta puntu bakoitzari emandako balio ekonomikoa (PB).

Hasierako banaketan esleitzen den zenbatekoak 6. artikuluan ezarritako mugaren bat gainditzen badu, muga hori aplikatuko da, eta soberakina balioespen-fasean lortutako puntuazioarekiko modu proportzionalean banatuko da, muga horiek gainditzen ez dituzten proiektuen artean. Birbanaketa hori egingo da banaketa baten ondoren mugaren bat gainditzen bada edo diruz lagundutako eskabide guztien gehieneko zenbatekora iritsi arte.

Banaketan, gainditu egiten bada elkarte batentzat ezarritako muga, zenbatekoa proportzionalki murriztuko da, diruz lagundutako proiektu bakoitzean lortutako puntuazioarekiko.

7.– Proiektuen ebaluazio konparatua egin eta dagozkien zenbatekoak zehaztu ondoren, balioespen-batzordeak ebazpen bat proposatuko dio Osasuneko sailburuordeari. Ebazpen horretan erakunde onuradunak eta proposatutako zenbatekoak adieraziko dira, finantzatu beharreko proiektuen arabera banakatuta, bai eta, hala badagokio, dirulaguntza zer erakunderi ukatzen zaien eta zergatik.

13. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.

1.– Osasuneko sailburuordeari dagokio laguntzen deialdiaren ebazpena ematea, balioespen-batzordeak proposatuta.

2.– Ebazpen horrek eskatutako dirulaguntzak ematea eta, hala badagokio, ukatzea erabakiko du. Emakidei dagokienez, elkarteen nortasuna eta bakoitzari esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko ditu. Dirulaguntza ukatzen bada, ordea, zergatia azaldu beharko da.

3.– Prozedura ebatzi eta erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea lau hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Epea igarota, ebazpenik jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsi zaiela ulertu beharko dute erakundeek, 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera.

4.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta jakinaraziko zaie erakunde interesdunei.

5.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari; horrenbestez, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluen arabera.

6.– Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak elkarte onuradunei esleitu, eta, hala badagokio, ordaindu aurretik, amaituta egon behar dute Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek eta administrazio horren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoek emandako antzeko dirulaguntzen esparruan hasita dauden eta oraindik izapidetzen ari diren itzultze- edo zehatze-prozedurek.

14. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Erakunde onuradunek beren proiektuak egitea justifikatu beharko dute.

2.– Justifikazioek zer datu eduki beharko dituzten zehaztuta dago II. eranskinean.

3.– Justifikazioarekin batera, honako hau erantsiko da:

a) Fakturen edo bestelako ordainketa-egiaztagirien kopia sinplea, dirulaguntza gisa eskatutako zenbateko osoa gastatu dela justifikatzeko. Erakundearen ordezkariak sinatuta egongo dira egiaztagiri horiek, eta benetakoak direla adierazten duen erantzukizunpeko adierazpenarekin batera aurkeztuko dituzte.

b) Langile boluntarioek proiektua garatzen eginiko lana justifikatzeko, ziurtagiriaren kopia bat aurkeztu beharko dute boluntario bakoitzeko. Erakundearen legezko ordezkariak izenpetuko du ziurtagiriaren kopia hori, honako hauek jasota: boluntarioaren datuak (izena, abizenak eta NANa), ordu kopurua, orduko kostua, guztizko zenbatekoa, eta boluntarioaren sinadura.

Boluntarioak balioztatzeko, elkartearen inguruko pertsonek ordainsaririk jaso gabe egindako lanaren kuantifikatze ekonomikoa egingo da. Zenbateko hori elkartearen berezko ekarpena justifikatzeko baino ez da kontuan hartuko, eta orduko 20 euroko muga ezarriko da gehienez.

c) Jarduerarekin zerikusia duten agiri publikoak, hala nola egunkari-zatiak edo proiektuko funtsekin ordainduta egin eta zabaldutako materiala. Dokumentazio hori dagozkien esteka elektronikoen bidez ere egiazta daiteke.

d) Osasun Sailaren babesa jaso dela adierazi izana egiaztatzen duen dokumentazioa (17.10 artikuluaren arabera).

e) Hala badagokio, proiektuaren funtsekin antolatutako lantegi eta ikastaroetan parte hartutakoen laburpena: partaide kopurua adierazi behar dute eta, egokia bada, adinaren eta sexuaren arabera bereizita emango dituzte datuak.

4.– Emandako laguntzarekin ordaindutako gastuak dirulaguntza jaso duen proiektua gauzatzean sortutakoak izan behar dira. Honako gastu hauek dirulaguntzaren kargura behar bezala justifikatutzat joko dira:

a) Erakunde onuradunaren izenean igorritako fakturaren bidez justifikatutakoak. Faktura guztiak 2021ean egindakoak izango dira.

b) Banku-zordunketako ordainketa-agirien bidez justifikatutakoak (finantza-entitateek egiten dituzte, eta faktura bati dagozkion datuak izaten dituzte, zenbakia eta seriea izan ezik).

c) Lan-kontratudun langileei dagozkien gastuetan, soldaten ordainagirien bidez justifikatutakoak (ordainagiriak eredu ofizialen eta Gizarte Segurantzako kotizazioko aldizkari ofizialen araberakoak izan behar dira).

d) Balio Erantsiaren gaineko Zergatik salbuetsita dauden noizbehinkako lanetan, enpresaburuak edo profesionalak ez diren pertsona fisikoek egiten dituztenean, gastua justifikatzeko, erakunde onuradunak idatzi bat egingo du, eta haren ordezkariak sinatuko du. Idatzi horrek, gutxienez, honako hauek jaso behar ditu: ordezkariaren, elkartearen eta hartzailearen izen-abizenak edo izen soziala, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea; eragiketaren deskribapena eta guztizko zenbatekoa; idatziaren jaulkipen-data; «jasotze-agiria» eta hartzailearen sinadura, eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipena.

e) Boluntarioen kasuan, haien aseguruaren bidez justifikatutako gastuak. Boluntarioen aseguruak bi kontingentzia hauek hartuko ditu barnean: istripuak eta erantzukizun zibila. Azken horrek gutxienez 300.506,05 euroko kapital aseguratua izan behar du, istripu eta aseguru-urte bakoitzeko, polizari atxikitako pertsona bakoitzarentzat.

Boluntarioen asegurua diruz lagundu ahal izateko, aseguratzaileak egindako egiaztagiri bat adierazi behar da justifikazioan. Egiaztagiri horretan, datu hauek agertu behar dira, gutxienez: erakundeak bere boluntarioentzat kontratatutako aseguru-polizen estaldurak, aseguruan sartzen den pertsona kopurua eta polizaren guztizko zenbatekoa.

5.– Dirulaguntza jaso aurretik eginiko gastuak ordaindu ahal izango jasotako dirulaguntzarekin, baldin eta gastu horiek dirulaguntza jaso duten jardueretan sartzen diren ekintza eta kontzeptuen kostu errealak badira eta 2021. urtean sortutakoak badira.

6.– Dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko da, 20. artikuluan azaltzen den moduan.

7.– Dokumentazioa aurkezteko azken eguna 2022ko martxoaren 1a da.

15. artikulua.– Justifikazio-akatsak zuzentzea.

Justifikatzeko aurkeztutako dokumentazioan akatsik edo omisiorik ikusiz gero, falta hori zuzentzeko edo behar den dokumentazioa aurkezteko eskatuko zaio erakundeari, eta hamar egun balioduneko epea izango du horretarako, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta.

Eskatutakoa adierazitako epean zuzendu ezean, agindu honen 21. artikuluan aurreikusitako ondorioak aplikatuko dira.

16. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Laguntzak honela ordainduko dira:

a) % 70, laguntza ematen den unean, ebazpena argitaratu eta laguntza espresuki edo isilbidez onartu ondoren, 17.1 artikuluan ezarritako epean.

b) Gainerako % 30a, proiektua egin izana eta haren gastu osoa justifikatu ondoren, 14. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Edozein ordainketa egin baino lehen, erakundeak zerga-betebeharrak eta gizarte-segurantzari lotutakoak beteta dituela egiaztatuko da, bai eta dirulaguntzak itzultzeko prozeduretatik eratorritako zor guztiak ordaindu dituela ere.

17. artikulua.– Elkarte onuradunen betebeharrak.

Indarrean den araudiak adierazitako beste batzuk alde batera utzi gabe, elkarte onuradunek eginbehar hauek izango dituzte:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Erakunde onuradunek ez badiote dirulaguntzari espresuki uko egiten hamar egun balioduneko epean, esleitzeko ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, onartutzat hartuko da dirulaguntza.

2.– «Hirugarren interesdunaren datuei alta» emateko Eusko Jaurlaritzaren inprimakia betetzea, edo, hala dagokionean, «Hirugarrenaren datuak aldatzea» eskatzekoa, salbu eta aurretik inprimakiak Eusko Jaurlaritzan aurkeztu badira. Dagokion inprimakia Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dago: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/

3.– Jasotako laguntza guztia dirulaguntza eman den proiektua gauzatzera bideratzea.

4.– Aldaketaren bat izan bada dirulaguntza emateko eskatu eta kontuan hartu den betekizunen batean, horren berri idatziz ematea organo kudeatzaileari, aldaketa gertatu eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.

5.– Helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat lortu bada beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen baten aldetik, horren berri ematea organo kudeatzaileari, hori gertatu eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.

6.– Eskakizunak eta baldintzak bete dituztela justifikatzea, bai eta dirulaguntza jaso duen proiektua gauzatu dutela ere.

7.– Osasun Sailarekin elkarlanean aritzea jarduera horiek egiaztatu, ikuskatu, jarraitu, ebaluatu eta kontrolatzeko prozeduretan, eta men egitea Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion kontrol-jarduketei.

8.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedea kontrolatze aldera, eskatutako informazio guztia ematea.

9.– Jasotako funtsak zertan erabili diren frogatzen duten agiriak 5 urtez gordetzea, agiri elektronikoak barne, horiek egiaztatu eta kontrolatu beharra egon daiteke eta.

10.– Osasun Sailaren babesa aipatzea egiten dituzten publizitatean edo agirietan. Aipamen hori Sailak gainbegiratu ondoren sartuko dute, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburuan xedatutakoaren arabera. Hemen eskuragarri: https://www.euskadi.eus/nortasun-gidaliburua

11.– Euskadi Aktiboa plataforman elkartea ikusaraztea baliabide komunitario gisa, bai eta urtebetetik gorako jarraitutasuna duten haren ondoriozko jarduerak ere. Honako egoitza elektroniko honetan dago plataformarako sarbidea: https://www.euskadi.eus/informacion/euskadi-aktiboa-/web01-a2osabiz/eu/

18. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Erakunde bati laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da hura emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira. Horretarako, Osasuneko sailburuordeak hura aldatzeko ebazpena emango du; emandako dirulaguntzen zenbatekoak doituko ditu horren bidez, eta honako irizpide eta muga hauek aplikatuko ditu:

a) Gastuen justifikazioan aurkeztutako aurrekontu osoarekiko, gehienez, % 25eko aldea badago, dirulaguntzaren zenbatekoa neurri berean gutxituko da (betiere hasieran aurreikusitako helburu guztiak bete badira).

b) Aurkeztutako proiektuaren aurrekontu osoarekiko % 25 baino gehiagoko aldea baldin badago, dirulaguntzarako eskubidea galduko da.

Bi kasuetan, soberan jaso dituzten zenbatekoak itzultzera behartuta egongo dira elkarte onuradunak, 21. artikuluan xedatutakoaren arabera.

19. artikulua.– Dirulaguntza jaso duen jardueraren jarraipena.

Osasun Sailak beharrezko ikusten dituen alderdi guztiak gainbegiratuko, ikuskatuko eta egiaztatuko ditu, xedapen honetan ezarritako arau guztiak betetzen direla bermatzeko. Era berean, edonoiz eman ahal izango die erabilera publikoa laguntza hauen bidez finantzatutako programa eta jardueren edukiari eta emaitzei.

20. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte erakunde interesdunek prozedura horren izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta gauzatzeko.

2.– Ahalordeen erregistro elektronikoari buruzko informazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

3.– Erakundeak sinadura elektroniko aitortuko sistemen bidez identifikatuko dira. Identifikazio elektronikoa egiteko onartutako baliabideak eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

4.– Laguntzak izapidetzeari buruzko zehaztasunak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak, eskabide-inprimakia eta izapidetze elektronikorako zuzeneko sarbidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0088708

5.– Eskabidearen ondorengo izapideak eta izapideen jarraipena bide elektronikoen bidez egin beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalaren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

21. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Betebeharrak betetzen ez dituen erakunde onuradunak, eman dioten laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubide hori galdu dela deklaratzeak berekin dakar jasotako zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, eta, horrekin batera, dirulaguntzei aplikatzen zaizkien berandutze-interesak itzuli beharko dira, hau da, ordainketa egin zen unetik itzultzeko ebazpena ematen den egunera arte sortutakoak.

2.– Agindu honen 17. artikuluan adierazten den edozein betebehar bete ezean, jasotako laguntza itzuli egin beharko da. artikulu horretan aurreikusi gabeko gaietan, aplikatzekoak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 eta 53.2 artikuluetan xedatzen diren itzulketa-arrazoiak, bai eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 37.1 artikuluan jasotakoak ere. Azken lege hori Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91., 92. eta 93. artikuluen bidez garatzen da.

3.– Agindu honen 5. artikuluan xedatzen denaren arabera, halaber, jasotako zenbatekoak itzuli egin beharko dira emandako laguntzaren zenbatekoak –bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera– proiektuaren kostua gainditzen duenean. Kasu horretan, aipatutako kostuari dagokionez soberan jasotako zenbatekora eta dagozkion berandutze-interesetara mugatuko da itzulketa.

4.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak (18. artikuluan aipatuta) aldatuz gero, laguntzaren parte bat itzuli egin beharko du erakunde onuradunak; betiere, jarduera osorik gauzatu ez arren, nabarmen hurbildu bada helburu horretara, eta egiaztatzen badu bere konpromisoak betetzen irmo ahalegindu dela. Baldintzetan egindako aldaketak ez dira inola ere onartuko, egindako jarduera bat ez badator deialdiaren 1. artikuluan adierazitako xedearekin, ez eta proiektuaren beraren xedea betetzen ez badu ere.

Halakorik gertatuz gero, laguntzaren zenbatekoari dagokionez soberan jasotako zenbatekoa itzuli egin beharko da, laguntzaren aldaketa-ebazpenaren arabera. Eskabideak balioesteko deialdiko 11. artikuluan jasotzen diren irizpideei jarraituz bideratuko da ebazpen hori.

5.– Osasuneko sailburuordearen bitartez hasi eta burutuko da itzulketa-prozedura, beharrezko prozesuko izapideak egin eta gero. Prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera izapidetuko da. Horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermea eta itzulketak arautzen dira eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen dira.

6.– Itzultzen diren diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen bidez iragarritako deialdiari eta berau garatzeko jarduketei honako xedapen hauek aplikatuko zaizkie: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean oinarrizko araudi gisa ezarritakoa eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua. Aplikatzekoa zaie, era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapituluan ezarritakoa.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean (urriaren 1eko 39/2015 Legea) ezarritakoaren arabera izapidetuko da prozedura.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du eta beraren aurka elkarte interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean; edo zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasiko dira bi epeak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 23a.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.

I. ERANSKINA
ESKABIDE TELEMATIKOAN AURKEZTU BEHARREKO DATUAK

1) Erakundearen eta, hala badagokio, hura ordezkatzen duen pertsonaren identifikazio-datuak:

– Izena eta identifikazio-dokumentua.

– Abisuak jasotzeko telefono mugikorra edo helbide elektronikoa.

– Jakinarazpenak zer hizkuntzatan nahi duen.

– Zerga-betebeharrak zer lurralde/probintziatan ordaintzen dituen.

– Erantzukizunpeko adierazpenak eta baimenak.

2) Erakundearen datu osagarriak:

– Dagokion erregistroan inskribatuta dagoela erakusten duen ziurtagiria.

– Lan egiten duen eremu geografikoa.

– Zer zerbitzu ematen dituen.

– Elkarteko pertsona kopurua, erakundearen aurrekontua eta zuzendaritza-batzordearen osaera.

3) Proiektuaren izena.

4) Proiektuaren arduradun baten harremanetarako datuak.

5) Proiektuaren justifikazioa, zer egoerari erantzun nahi dioten azalduta.

6) Proiektuarekin lortu nahi diren helburu zehatzak.

7) Proiektuaren aurreikusitako garapena (faseak, zereginak, lan-egutegia, jardueren kokalekua eta lurralde-eremua, aurrekontua, giza baliabideak eta bitarteko materialak).

8) Proiektuaren aurreikusitako ebaluazioa, honako hauek jasota:

– Jardueraren jarraipen- eta inpaktu-adierazleak.

– Onuradunen adina eta sexua.

– Onuradunen poztasun-maila.

9) Proiektuko ekitatearen arloko alderdiak:

– Gaixotasunaren prozesuan berean genero-desberdintasunak kontuan hartzea.

– Proiektuari onura ateratzeko aukerak handitzeko estrategiak; bizilekua, adina, dibertsitate funtzionala, hizkuntza edo kalteberatasun sozialeko egoera gorabehera.

– Xede-populazioak proiektua diseinatzen, abian jartzen eta ebaluatzen parte hartzea.

10) Jarduerak beste jardun-eremu batzuetako beste elkarte edo erakunde batzuekin elkarlanean egitea.

11) Proiektua bat etortzea eremu sanitario eta/edo soziosanitarioan abian diren beste jarduera eta politika publikoekin.

12) Aurrekontu osoa kontzeptuen arabera banakatuta, finantzaketa-iturriak eta proiekturako eskatutako bestelako laguntzak.

13) Deialdian eskatutako zenbatekoa.

14) Agindu honetako 10. artikuluan adierazitako baimenak eta erantzukizunpeko adierazpenak.

II. ERASKINA
JUSTIFIKAZIOAN AURKEZTU BEHARREKO DATUAK

1) Erakundea identifikatzeko datuak.

2) Proiektuaren izenburua eta espediente-zenbakia.

3) Proiektuaren iraupena: noiz hasi eta amaitu den.

4) Proiektuaren jarduerak zehatz-mehatz non izan diren (lurraldea, udalerria, auzoa...).

5) Proiektua diseinatzen, gauzatzen eta ebaluatzen esku hartu duten langileak:

– Langile kontratatuak eta boluntarioak.

– Gauzatutako eginkizunak.

– Dedikazio-denbora.

6) Egindako jarduerak. Aurreikusitakoaren aldaketak. Garapenean izandako laguntzak eta zailtasunak.

7) Jarduera-kronograma. Jardueren kopurua eta bakoitzaren iraupena.

8) Onuradunen kopurua, sexuaren eta adinaren arabera bereizia.

9) Proiektuaren jarraipena eta ebaluazioa. Helburuen irismen-maila:

– Proiektuari azkenean onura atera dioten pertsonen kopurua, adina eta sexua zehaztuta. Bai eta onurarik atera ez dioten pertsonen kopurua, eta hori zergatik izan den.

– Aurreikusitako jardueretatik zenbat egin diren. Era berean, egin ez dituzten jardueren kopurua eta horren arrazoia.

– Onuradunen poztasun-maila.

10) Komunitatearen edo boluntarioen eremuko beste elkarte, federazio edo erakunde batzuekiko koordinazioa:

– Koordinatzea gaixoen beste elkarte batzuekin.

– Koordinatzea komunitatearen edo boluntarioen eremuko beste elkarte, federazio edo erakunde batzuekin.

11) Gastuen memoria diru-sarreren eta gastuen zerrendarekin banakatuta. Hala badagokio, xede bererako beste dirulaguntzarik, laguntzarik edo diru-sarrerarik eskuratu bada, hala adieraziko da.

12) Aurkeztutako proiektuaren aurrekontuaren gastu osoa egiaztatzen duten dokumentuen zerrenda. Honako alderdi hauek zehaztu beharko dira:

– Kontzeptua.

– Jaulkitzailea.

– Data.

– Zenbatekoa.

– Jarduerari egotzitako zenbatekoa.

13) Gastu-dokumentu horiek aurkeztutako aurrekontuaren kontzeptuekin bat etorriko dira. Kontzeptu bakoitzak aurrekontu osoari dagokionez duen proportzioaren araberakoak ere izango dira.

14) Jarduerari lotutako dokumentazio publikoa.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana