Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

133. zk., 2021eko uztailaren 7a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3858

172/2021 DEKRETUA, uztailaren 6koa, zeinaren bidez onartzen baita Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoak hartu duen erabakia, Argitalpen Seriatuen Nazioarteko Zenbaki Normalizatua (ISSN International Standard Serial Number) esleitzeko egitekoak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoaren erabakiaren 2. artikuluan ezarritakoaren arabera –irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuak onartuta–, eta bertan eskatutako formalizazio-izapideak betetze aldera, dekretu honen xedea da: alde batetik, Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoaren osoko bilkurak 2021eko maiatzaren 10ean hartu duen erabakia onartzea –erabaki horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio Argitalpen Seriatuen Nazioarteko Zenbaki Normalizatua (ISSN) esleitzeko egitekoak eta zerbitzuak–, eta, beste alde batetik, eskualdatutako egiteko eta zerbitzu horiek adskribatu edo atxikitzea.

Horren ondorioz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2021eko uztailaren 6an egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Onartzea Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoak 2021eko maiatzaren 10ean hartu duen erabakia, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen baitzaizkio Argitalpen Seriatuen Nazioarteko Zenbaki Normalizatua (ISSN International Standard Serial Number) esleitzeko egitekoak eta zerbitzuak, ekainaren 29ko 475/2021 Errege Dekretuan ezarritako baldintzetan, eta agintzea errege-dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitara dadila, dekretu honen eranskin gisa.

2. artikulua.– Eskualdatutako egitekoak eta zerbitzuak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikita egongo dira aurrerantzean.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko uztailaren 6an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

ERANSKINA, UZTAILAREN 6KO 172/2021 DEKRETUARENA
Argitalpen Seriatuen Nazioarteko Zenbaki Normalizatua (ISSN) esleitzeko egitekoak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko, ekainaren 29KO, 475/2021 Errege Dekretua.

Konstituzioaren 149.2 artikuluaren arabera, autonomia-erkidegoek bereganatu ahal izango dituzten eskumenei kalterik egin gabe, Estatuak funtsezko eginbehar eta eskudantziatzat hartuko du kultura-zerbitzua, eta, autonomia-erkidegoekin ados jarrita, autonomia-erkidegoen arteko kultura-harremanak erraztuko ditu.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.17 artikuluan ezartzen denez –abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak onartuta–, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen esklusiboa da kulturaren alorreko eskumena, hargatik eragotzi gabe Espainiako Konstituzioaren 149.2 artikuluan xedatutakoa.

Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrak eta irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuak ezartzen dute nola eta zer prozeduraren bidez eskualdatu behar zaizkion Estatuko Administrazioaren zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari.

Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankor horretan jasota dagoen batzorde mistoak erabaki zuen, 2021eko maiatzaren 10eko bilkuran, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzea Estatuko Administrazioaren gai honi loturiko egiteko eta zerbitzuak: Argitalpen Seriatuen Nazioarteko Zenbaki Normalizatua (ISSN International Standard Serial Number) esleitzea. Beraz, erabaki hori Gobernuari bidali zaio, errege-dekretu baten bidez onetsi dezan.

Hori dela eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean xedatutakoa betetzeko xedez, eta Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministroak proposatuta eta Ministro Kontseiluak 2021eko ekainaren 29ko bilkuran gaia eztabaidatu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Batzorde mistoaren erabakia onartzea.

Onartzea Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean adierazitako batzorde mistoak 2021eko maiatzaren 10eko osoko bilkuran hartutako erabakia, Argitalpen Seriatuen Nazioarteko Zenbaki Normalizatua (ISSN) esleitzeko egitekoak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruzkoa. Erabaki hori errege-dekretu honen eranskinean dago.

2. artikulua.– Egitekoak eta zerbitzuak eskualdatzea.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio Estatuko Administrazioak Argitalpen Seriatuen Nazioarteko Zenbaki Normalizatua (ISSN) esleitzeko dauzkan eginkizunak eta zerbitzuak, batzorde mistoak hartu duen erabakian ezarri bezala eta erabakian bertan zehaztutako termino eta baldintzetan.

3. artikulua.– Eskualdatzearen eraginkortasuna.

Batzorde mistoaren erabakian adierazten den egunetik aurrera izango du eragina eskualdatzeak.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Errege-dekretu hau aldi berean argitaratuko da «Estatuko Aldizkari Ofizialean» eta «Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian», eta argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.

Madrilen, 2021eko ekainaren 29an.

Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministroa,

MIQUEL OCTAVI ICETA I LLORENS.

ERANSKINA, EKAINAREN 29KO, 475/2021 ERREGE DEKRETUARENA.
Jorge García Carreño jaunak eta Begoña Pérez de Eulate González andreak, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean adierazitako Batzorde Mistoko idazkariak diren aldetik, hau
ZIURTATZEN DUTE:

Batzorde mistoaren 2021eko maiatzaren 10eko bilkuran, erabaki zen Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzea Estatuko Administrazioak Argitalpen Seriatuen Nazioarteko Zenbaki Normalizatua (ISSN International Standard Serial Number) esleitzeko dauzkan eginkizunak eta zerbitzuak, hemen adierazitakoaren arabera:

A) Eskualdatzea babesten duten konstituzio- eta estatutu-arauei buruzko erreferentzia.

Konstituzioaren 149.2 artikuluaren arabera, autonomia-erkidegoek bereganatu ahal izango dituzten eskumenei kalterik egin gabe, Estatuak funtsezko eginbehar eta eskudantziatzat hartuko du kultura-zerbitzua, eta, autonomia-erkidegoekin ados jarrita, autonomia-erkidegoen arteko kultura-harremanak erraztuko ditu.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.17 artikuluan ezartzen denez –abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak onartuta–, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen esklusiboa da kulturaren alorreko eskumena, hargatik eragotzi gabe Espainiako Konstituzioaren 149.2 artikuluan xedatutakoa.

Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrak eta irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuak ezartzen dute nola eta zer prozeduraren bidez eskualdatu behar zaizkion Estatuko Administrazioaren zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari.

Arau-aurreikuspen horietan oinarrituta, eskualdatzea formalizatu behar da, hau da, Estatuko Administrazioak Argitalpen Seriatuen Nazioarteko Zenbaki Normalizatua (ISSN International Standard Serial Number) esleitzeko dauzkan eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzea.

B) Autonomia-erkidegoak bere gain hartzen dituen egitekoak eta zerbitzuak.

1.– Autonomia-erkidegoak beteko ditu, bere lurralde-eremuaren barruan, Estatuko Administrazio Orokorrak Argitalpen Seriatuen Nazioarteko Zenbaki Normalizatuko identifikazio-kodeak emateko orain arte zeuzkan egitekoak, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden enpresa eta erakundeei dagokienez:

a) Argitaldarien eskabideak jasotzea.

b) Lege-gordailuaren bidez sartu eta ISSNa (Argitalpen Seriatuen Nazioarteko Zenbaki Normalizatua) esleitzeko interesgarritzat jotzen diren tituluak hautatzea.

c) Tituluei buruzko informazioa jasotzea.

d) Dokumentazioa balidatu eta egiaztatzea.

e) C.a) apartatuan adierazitako aurresleipena jaso eta egiaztatzea, eta zenbakiak balidatu eta jakinaraztea.

f) ISSNa (Argitalpen Seriatuen Nazioarteko Zenbaki Normalizatua) esleitua duten aldizkako argitalpenak katalogatzea, argitalpen seriatuetarako Marc21 formatuan eta ISSN Espainiako Zentroaren zehaztapenen arabera.

2.– ISSN Espainiako Zentroak eta egitekook bereganatzen dituen EAEko organismoak adosten dituzten arauen arabera beteko dira egiteko horiek; edonola ere, beti errespetatu beharko dira ISSN Nazioarteko Zentroaren arauak, indarreko kontratua eta gidalerroak.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoak kudeatuko du ISSNaren nazioarteko datu-baserako irispidea; horretarako, harpidetza egingo du.

C) Estatuko Administrazio Orokorrak beretzat gordetzen dituen egitekoak eta zerbitzuak.

Estatuko Administrazio Orokorraren eremuan segituko dute ISSNari loturiko egiteko hauek:

a) EAEko argitalpen seriatuen nazioarteko zenbaki normalizatuak (ISSN) aurresleitzea.

b) ISSNa esleitu zaien argitalpen seriatuen erregistro bibliografikoak ISSN Nazioarteko Zentrora bidaltzea.

c) ISSN Espainiako Zentroaren ardurapeko eremuan ISSN sistema aplikatzeko gidalerroak eta erregelamenduak idaztea.

d) ISSN Nazioarteko Zentroarekiko koordinazio- eta solas-harremanak.

D) Estatuko Administrazio Orokorrak eta Euskal Autonomia Erkidegoak batera eta partekatuta dituzten egitekoak.

1.– Estatuko Administrazio Orokorrak eta Euskal Autonomia Erkidegoak koordinatuko dituzte, bakoitzak bere jardun-arloan, esleipenari, katalogazioari eta informazioari dagozkien egitekoak, laguntza teknikoa, aholkularitza eta lankidetza.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoak Estatuko Administrazio Orokorrari bidaliko dizkio honako hauek: eskabideen kopia digitala eta ISSNa esleitu zaion baliabide jarraituaren azalaren eta argitalpen-datuen orriaren kopia.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoak hiru hilean behin bidaliko ditu behar diren erregistroak ISSN Espainiako Zentrora.

4.– Estatuko Administrazio Orokorrak informazio-esteka bat emango die ISSNa eskatzen dutenei Euskal Autonomia Erkidegoak adierazitako eskaera-bulegorako.

E) Eskualdatutako egitekoak eta zerbitzuak finantzatzeko araubidea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoak finantzaketa-iturri hauek izango ditu eskualdatutako egiteko eta zerbitzuei lotutako kosturako:

a) Kupoa gutxitzea, eskualdatutako egiteko eta zerbitzuek estatu-mailan duten urteko kostu osoaren arabera, 1. zerrendan zehaztu bezala.

b) Erabaki honek eragina daukan egunetik aurrera, urterik urtera, Espainiako Liburutegi Nazionalak Euskal Autonomia Erkidegoaren esku jarriko duen transferentzia, 2. zerrendako zenbatekoaren arabera. Zenbateko hori urtero eguneratuko da, sektore publikoan lan egiten duten langileen ordainsariek duten aldaketaren araberako ehuneko bera aplikatuta.

2.– 2021. urtean, hainbanatu egingo da Espainiako Liburutegi Nazionalak Euskal Autonomia Erkidegoari emango dion zenbateko hori, erabaki honek eragina duen egunaren arabera.

F) Eskualdatutako egiteko eta zerbitzuen dokumentazioa eta espedienteak.

Eskualdatutako egiteko eta zerbitzuei lotutako dokumentazioa eta espedienteak hiru hileko epean entregatu behar dira, erabaki hau onesten duen errege-dekretua indarrean jartzen denetik aurrera; horretarako, entregatze- eta hartze-akta sinatuko da.

G) Eskualdatzearen eraginkortasun-eguna.

Egiteko- eta zerbitzu-eskualdatzeak eragina izango du erabaki hau onesten duen errege-dekretua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Eta hala jasota gera dadin, ziurtagiri hau egiten dugu Bilbon, 2021eko maiatzaren 10ean. Batzorde mistoaren idazkariak, Jorge García Carreño eta Begoña Pérez de Eulate González.

1. ZERRENDA
(Ikus .PDF)
2. ZERRENDA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana