Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

131. zk., 2021eko uztailaren 5a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3817

EBAZPENA, 2021eko ekainaren 4koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Ortuellako «Nocedal» R7-PU plangintza-unitateari dagokion Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren antolamendu xehatua puntualki aldatzeko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2021eko apirilaren 12an, Ortuellako Udalak eskabidea osatu zuen ingurumen-organoaren aurrean, Ortuellako «Nocedal» R7-PU plangintza-unitateari dagokion Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren antolamendu xehatua (aurrerantzean, Plana) puntualki aldatzeko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa egiteko, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2021eko apirilaren 23an Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien administrazio publiko ukituei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Ortuellako «Nocedal» R7-PU plangintza-unitateari dagokion Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren antolamendu xehatua puntualki aldatzeko Plan Berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planaren edo programaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar ditzakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago araututa, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatzeko eta ingurumena behar bezala babesteko.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ortuellako «Nocedal» R7-PU plangintza-unitateari dagokion Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren antolamendu xehatua puntualki aldatzeko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa egitea, ondoren zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

«Nocedal» R7-PU plangintza-unitateak 54.000 m2-ko azalera dauka eta Nocedal auzoan dago, Ortuellako hirigunearen ipar-mendebaldean.

Indarrean dagoen Ortuellako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (aurrerantzean, HAPO) 1985eko irailaren 13ko Foru Agindu bidez onartu zen behin betiko, eta bizitegi-lurzoru gisa konfiguratzen du «Nocedal» R7-PU eremua; bertan, familia-etxebizitza isolatuak eta bi bizitzako etxebizitzak bakarrik baimentzen dira. 1990ean «Nocedal» R7-PU plangintza-unitatearen Urbanizazio Proiektua onartu ondoren, oraindik ez da osatu HAPOk unitate horretarako aurreikusita zuen garapena. R7-PU unitateak hutsik dauden zazpi lurzati ditu (gutxi gorabehera), eta 9.000 m2-ko azalera du guztira. Eraikita dauden gainerako lurzatiak finkatuta geratu dira haien gaur egungo eraikigarritasunarekin.

Planaren helburua da HAPOk «Nocedal» R7-PU plangintza-unitaterako onartu duen antolamendu xehatuaren hirigintza-parametroak egokitzea, Nocedal auzoa urbanistikoki sustatzeko eta plangintza orokorrean aurreikusitako eremua garatzeko.

Planaren bidez, azalera txikiagoko bizitegirako eraikuntza-eredua ezar daiteke, hala familia bakarreko nahiz bi familiako etxebizitzena, nola elkarri atxikitako edo ilarako etxebizitzena, betiere eremuaren hirigintza-eraikigarritasun osoari eutsiz. Zehazki, HAPOk zehaztutako familia bakarreko etxebizitza isolaturako lurzatiaren gutxieneko azalera mantentzen du (500 m2), bi familiako etxebizitza isolaturako esleitutako azalera 1.000 m2-tik 600 m2-ra murrizten du, eta 300 m2-ko gutxieneko azalerako lurzatia ezartzen du ilaran edo atxikita dauden etxebizitzetarako. Horri guztiari esker, hutsik dauden eremuko lurzatietan handitu egin daiteke etxebizitza berrien gehieneko kopurua: gaur egungo 18 unitateetatik 30era.

Ingurumen Dokumentu Estrategikoaren arabera, Planak R7-PU unitatearen erdigunean kokatuta dagoen lurzati batentzat bakarrik proposatzen du antolamendu xehatua, eta horretarako, zortzi etxebizitza proposatu dira, bi familiako etxebizitzen lau bloketan banatuta.

Planak bi aukera aztertzen ditu eremuaren garapenerako: 0 aukera edo ez jardutearen aukera; eta 1 aukera, hartu dena. 1 aukera hautatzea justifikatu da, ondo egokitzen baita udalerriaren gaur egungo eskarira; gainera, eremuaren urbanizazio-karga eta zuzkidura-estandarrei eutsi ahal zaie, Nocedal auzoa erabat urbanizatzea bermatuz.

Plana dagozkion hirigintzako jarduketa-programaren, birpartzelatze-proiektuaren, urbanizazio-proiektuaren eta eraikuntza-proiektuen bidez garatuko da.

B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, hain zuzen ere zehazteko ea Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: Plana bizitegirako hiri-lurzoru bati dagokio, eta hirigintzako kasuan kasuko jarduketa-programaren, eta birpartzelatze-, urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuen bidez garatuko da. Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu plangintza nagusiarekiko bateraezintasunik.

c) Plana egokia den ingurumen-arloko alderdiak barne hartzeko, bereziki, garapen jasangarriaren sustapena: Planaren Aldaketa egokia da garapen jasangarria sustatzera bideratutako ingurumen-alderdiak barnean hartzeko; izan ere, hiri-lurzorua areago dentsifikatzen du, landa-lurzoru berria okupatu beharrean. Eraikin berriek nabarmen lagunduko dute energia aurreztera eta energia-efizientzia lortzera bideratutako jardunbideak erabiltzen.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari eta, bereziki, kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira eraginpeko eremuarekin lotura duten esku-hartzeak eta jarduerak.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta ondoriook nozitu ditzakeen eremuaren ezaugarriak:

«Nocedal» R7-PU plangintza-unitateak 54.000 m2-ko azalera dauka eta Nocedal auzoan dago, Ortuellako hirigunearen ipar-mendebaldean. Indarrean dagoen Ortuellako HAPOk bizitegi-lurzoru gisa sailkatzen ditu lursail horiek.

R7-PU unitateak ez du natura elementu garrantzitsurik. Azterketaren xede den eremuan ez da ibilgu iraunkorrik identifikatu, ezta haren gertuko ingurunean ere; gertuen dagoen ibilgua 100 metrora baino gehiagora dago.

Bertan nagusi diren landareak landare erruderalak eta nitrofiloak dira, eta zuhaitz-hesi batzuk ere badaude; horrez gain, inguruan Cortaderia selloana espezie aloktono inbaditzailea hauteman da. Natura-elementu horietan inpaktu esanguratsurik ez izatea aurreikusten da.

R7-PU unitatearen barruan, Madalena ermita dago, kultura-ondasun gisa deklaratutako ondare-intereseko elementua. Ez da aurreikusten elementu horri kalte egitea.

Ez da aurkitu bestelako baldintzatzaile aipagarririk: R7-PU unitatean ez dago naturagune babesturik edo hezegunerik. Era berean, ez da identifikatu interes geologikoko lekurik, Batasunaren intereseko habitatik edo mehatxatutako flora- edo fauna-espezierik.

Ez dago jasota lurzorua potentzialki kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten lurzoru inbentariatuen presentziarik, ezta 500, 100 edo 10 urteko errepikatze-denborako uholdeengatik urpetu daitekeen lursailena ere. Gainera, ez du kontuan hartzeko zaurgarritasunik akuiferoen kutsadurari dagokionez ere.

Testuinguru horretan, honako hauek izango dira, a priori, inpakturik esanguratsuenak: lehendik dauden eraikinen eraispena, urbanizazio-lanen fasea eta etxebizitza-eraikin berrien eraikuntza. Izan ere, horien ondorioz lur-mugimenduak eta hondakinak sortuko dira, baita lehenik dauden eraikinak eraistean ere, eta murriztu egingo da giza habitataren kalitatea (zarata, hauts eta dardara gehiago, besteak beste).

Antolamendu xehatuan zehaztu den lurzatirako aurkeztutako inpaktu akustikoaren azterketaren arabera –20 urtera begira–, gauez eta puntualki bakarrik, 5 dB(A) baino gutxiagoan gainditzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuak ezarritako bizitegi-garapen berrietarako kalitate akustikoaren helburuak, kanpoaldean nahiz fatxadako hartzaileetan, lurzatiaren ipar-mendebaldeko muturrean. Bizkaiko Foru Aldundiaren Zarataren Mapa Estrategikoen arabera, eremua N-634 errepidearen zortasun akustikoko eremuaren barnean dago. Ingurumen-dokumentuarekin bat etorriz, aztergai den lurzatian Kalitate Akustikoaren Helburuak zertxobait gainditzen dira kanpoaldean; horregatik, barnealdean aplikatzekoak diren helburu horiek betetzeko neurriak garatzea erabaki da, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren arabera.

Ondorioz, ingurumen-agiri estrategikoak planteatzen dituen zuzenketa- eta jasangarritasun-neurriak eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak aplikatuta, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean ondorio esanguratsurik izango dutenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan, eta Ortuellako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren antolamendu xehatua, «Nocedal» R7-PU plangintza-unitateari dagokiona, puntualki aldatzeko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan ezarritakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, Ingurumen Agiri Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera.

– Intereseko balio naturalak babesteko neurriak:

• Intereseko landarediaren babesa: bertako zuhaitz-masak errespetatu egingo dira eta kontserbatu beharreko aleak edo kimatze selektiboak behar dituztenak identifikatuko dira. Ez dira landareak moztuko eta belar-sastrakak garbituko zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan.

• Obrek erasandako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzeagatik erasandako eremu guztiak leheneratuko dira, kendu diren landare-zuhaitzak birjarrita, hala behar bada. Landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesuak eta solidoak ibilguetara herrestatzea ekiditeko. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua gutxitzearren. Sortutako ezpondak bertako zuhaitz eta zuhaixken bidez landareztatuko dira, harizti/baso misto atlantikoko espezie bereizgarriak lehenetsiz. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

• Landaretza aloktono inbaditzailea kentzea: identifikatutako flora aloktono inbaditzaileak kenduko dira (Cordaderia selloana), eta eremuan eta inguruan ez hedatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira.

– Ustiategiko zaratari buruzko neurriak:

Planean aurreikusi den hirigintza-garapenari dagokionez, eremu akustiko horretan aplikatu behar diren kalitate akustikoaren helburuak bete beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Halaber, 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan ezarritakoaren arabera, ezingo da baimenik eman etxebizitzak eta ospitale-, hezkuntza- edo kultura-erabilerako eraikinak eraikitzeko, baldin eta, baimena emateko unean, kanpoan ez badira betetzen kalitate akustikoko helburu horiek, non eta ez dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan salbuetsitako kasuren batean.

Nolanahi ere, eraikinen barnealdean kalitate akustikoaren helburuak betetzera bideratutako neurriak hartu beharko dira, eraikineko gelaren arabera (egongelak edo logelak) eta eguneko orduaren arabera (goizez, arratsaldez eta gauez). Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dira eraikuntza-proiektuan.

Aztertutako lurzatia N-634 errepidearen zortasun akustikoko eremuan dagoenez, azaroaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 30.3 artikuluarekin bat etorriz, «Zortasun akustikoko eremuan hiri-garapen bat egiten baldin bada, artikulu honetako 2. paragrafoan aipatutako ikerketa akustikoari buruzko agiriak bidali beharko dizkio toki administrazioak hiri-garapenaren titular den pertsonari edo erakundeari, betiere, dagokion hirigintza-tresna hasiera batez onartu aurretik. Aipatu agiri horiek jaso ondoren, dekretu honetan aurreikusitako hots-kutsaduraren erregulazioari buruzko nahitaezko txostena egingo du hiri-garapenaren titularrak».

– Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:

Bestalde, eraikuntza-proiektuetan eta urbanizazio-obra osagarrietan aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta ura, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, Planaren Aldaketatik eratorritako obrak gauzatzeko babes- eta zuzenketa-neurri hauek bete beharko dira:

• Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira beharrezkoak diren mozte- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxolak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne–.

• Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Hondakinei eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak barnean direla.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Obretan hondeaketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legediaren arabera kudeatuko.

Ortuellako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

• Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriak kaltetutako lurrak kentzea eta kudeatzea, etab.).

• Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

• Obrako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Obrak egunez egingo dira.

• Hargatik eragotzi gabe Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa, obrak egin bitartean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.

• Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta eraikuntza berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak, etab.), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.

• Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, honako alderdi hauetan eragin beharko dute:

* Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

* Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia-kantitatea eta/edo energia-kontsumoa murriztea.

* Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

* Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

* Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

* Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Ortuellako «Nocedal» R7-PU plangintza-unitateari dagokion Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren antolamendu xehatua puntualki aldatzeko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Ortuellako Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, Ortuellako «Nocedal» R7-PU plangintza-unitateari dagokion Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren antolamendu xehatua puntualki aldatzeko Plan Berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 4a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala