Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

127. zk., 2021eko ekainaren 29a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3699

28/2021 EBAZPENA, ekainaren 2koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Ogasun Ministerioaren, Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren arteko lankidetza-hitzarmena, COVID-19aren pandemiari aurre egite aldera enpresen kaudimena bultzatzeko aparteko neurrien martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege dekretuaren 4.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz egina.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du, eta beharrezko publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Ogasun Ministerioaren, Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren arteko lankidetza-hitzarmenaren testua, COVID-19aren pandemiari aurre egite aldera enpresen kaudimena bultzatzeko aparteko neurrien martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege Dekretuaren 4.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz egina. Testu hori ebazpen honen eranskinean dago.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 2a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 2KO 28/2021, EBAZPENARENA.
HITZARMENA, OGASUN MINISTERIOAREN, ZERGA ADMINISTRAZIOKO ESTATU AGENTZIAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ARTEKOA, COVID-19AREN PANDEMIARI AURRE EGITE ALDERA ENPRESEN KAUDIMENA BULTZATZEKO APARTEKO NEURRIEN MARTXOAREN 12KO 5/2021 ERREGE-LEGE DEKRETUAREN 4.4 ARTIKULUAN XEDATUTAKOA APLIKATUZ EGINA
PARTE HARTU DUTEN ALDERDIAK

Lehenik, María Jesús Montero Cuadrado andrea, Ogasuneko ministroa, Gobernuko ministroak izendatzen dituen urtarrilaren 12ko 8/2020 Errege Dekretuaren arabera, aipatutako saila ordezkatuz, eta 2021eko apirilaren 13ko Aginduak (hitzarmenak sinatzeko eskumenak bereganatzeari buruzkoa) martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege Dekretuaren 4.4 artikuluan adierazitako hitzarmenak sinatzeko ematen dizkion eskumenak baliatuz (5/2021 Errege Lege Dekretua, martxoaren 12koa, COVID-19aren pandemiari aurre egite aldera enpresen kaudimena bultzatzeko aparteko neurriena).

Bigarrenik, Inés María Bardón Rafael andrea, Zerga Administrazioko Estatu Agentziako presidentea (ekainaren 8ko 380/2018 Errege Dekretuaren bidez izendatua), 1991ko Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 27ko 31/1990 Legearen 103.3.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Eta, hirugarrenik, Pedro María Azpiazu Uriarte jauna, Ekonomia eta Ogasuneko sailburua, Ekonomia eta Ogasuneko sailburua izendatzen duen lehendakariaren irailaren 7ko 24/2020 Dekretuaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren izenean eta hura ordezkatuz, Gobernu Kontseiluak 2021eko maiatzaren 18ko bilkuran emandako baimenari jarraikiz.

Hiru alderdiek elkarri aitortzen diote hitzarmen hau sinatzeko legezko gaitasuna.

AZALPENA

COVID-19aren pandemiari aurre egite aldera enpresen kaudimena bultzatzeko aparteko neurrien martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege Dekretuaren 4.4 artikuluan aurreikusitakoa betez (aurrerantzean, 5/2021 Errege Lege Dekretua), Ogasuneko ministroak, Estatuaren Administrazio Orokorra ordezkatuz, eta Zerga Administrazioko Estatu Agentziako (aurrerantzean, Zerga Agentzia) presidenteak, agentzia ordezkatuz, hitzarmen hau sinatu dute, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak ematen dizkien eskumenak baliatuz.

Euskal Autonomia Erkidegoak berezko eskumenak ditu bere interesak kudeatzeko, eta ahalmena du Estatuko Administrazioarekin informazioa trukatzeko jarduketak gauzatzera bideratutako hitzarmenak sinatzeko.

5/2021 Errege Lege Dekretuaren 4.4 artikuluan aurreikusitakoa betez, eta kontuan hartuta administrazio publikoen arteko harremanetan elkarri laguntzeak nagusi izan behar duela, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen (aurrerantzean, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legea) 3.1.k), 140. eta 141. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, alderdi sinatzaileek uste dute oso onuragarria izango litzatekeela hitzarmen hau izenpetzea, beren helburuak betetzeko.

Zehazki, 5/2021 Errege Lege Dekretuaren 4.4 artikuluak hitzarmen hau izenpetzea aurreikusten du, bi administrazio publikoen artean behar den lankidetza artikulatu ahal izateko, errege lege-dekretu horren I. tituluan aurreikusitakoa gauzatze aldera, eta honako alderdi hauek jasotzen ditu, besteak beste: zerga-administrazioen arteko informazio-trukea; laguntza horiek finantzatzen dituzten funtsen jatorrian erabiltzen diren jarduketa eta euskarri guztien aipamena, Espainiako Gobernuak finantzatzen dituela adierazita, eta egindako deialdiei eta deialdi horien emaitzei buruzko informazio xehea emateko betebeharra.

III

Administrazio publikoek, haien organismo publikoek eta haiei lotutako edo haien mendeko zuzenbide publikoko entitateek, beren eskumenen eremuan, hitzarmenak sinatu ahal izango dituzte zuzenbide publikoko beste subjektu batzuekin –ez du esan nahi haien eskumenen titulartasuna lagatzen dutenik–, kudeaketa publikoaren eraginkortasuna hobetzeko eta bitarteko eta zerbitzu publikoak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legean ezarritako edukiarekin eta izapideekin batera erabiltzea errazteko.

Hori horrela, alderdi sinatzaileei esleitutako eskumenak eraginkortasunez baliatzeko arrazoiak direla medio, hitzarmen hau sinatu da, 5/2021 Errege Lege Dekretuaren 4.4 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da Ogasun Ministerioak, Zerga Agentziak eta Autonomia Erkidegoak egin beharreko zenbait jarduketa ezartzea, 5/2021 Errege Lege Dekretuaren I. tituluan aurreikusitakoa behar bezala betetzeko behar den lankidetza gauzatzeko.

Bigarrena.– Alderdien betebeharrak.

5/2021 Errege Lege Dekretuaren 4.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, alderdi sinatzaileek konpromiso hauek hartzen dituzte:

A) Autonomia Erkidegoa:

1.– Autonomia Erkidegoak egiten dituen deialdietan eta zuzeneko laguntzen onuradunei zuzendutako ebazpenen, harreren edo bestelakoen jakinarazpenetan, Espainiako Gobernuak finantzatu dituela adierazi beharko da, argi eta garbi.

Halaber, Autonomia Erkidegoak argitalpen, hedabide edo webguneetan zuzeneko laguntzak zabaltzeko egiten dituen jarduera guztietan, aurreko paragrafoan ezarritakoa adierazi beharko da.

2.– Egindako deialdiei eta horien emaitzei buruzko informazio zehatza ematea Ogasun Ministerioari, baldintza hauetan:

a) Autonomia Erkidegoak 5/2021 Errege Lege Dekretuaren I. titulua aplikatuz emandako laguntzei buruzko ebazpenen eta xedapen hori garatzeko egiten diren laguntza-deialdien zerrenda bidaliko dio Ogasun Ministerioari. Horrez gain, onuradunei egindako ordainketen edo transferentzien inguruko informazioa igorriko dio, bai eta itzulketen ingurukoa ere.

Zerrenda horietan honako hauek jasoko dira, gutxienez: laguntza bakoitzaren oinarri den deialdiari buruzko informazioa, onuradunaren identifikazioa eta haren izaera, 5/2021 Errege Lege Dekretuaren 3.5 artikuluaren arabera egiaztatutako EJSN kodea edo laguntzen emakida erregulatzen duen araudian zehaztutako EJSN kode nagusia, laguntzak ordaintzeko erabiltzen den aurrekontu autonomikoen aurrekontu-aplikazioa, emandako laguntzaren zenbatekoa eta ebazpenaren data, onuradunari egindako ordainketaren zenbatekoa eta data, eta, hala badagokio, itzulketaren ebazpenaren data eta zenbatekoa, eta onuradunak benetan itzultzen dituen zenbatekoak eta data, bai eta Estatuaren Administrazio Orokorrari egindako itzulketen zenbatekoak eta datak ere.

b) Autonomia Erkidegoak Ogasun Ministerioari igorriko dio bai puntu honetan bai hurrengoan aurreikusitako informazioa, eta hark Zerga Agentziarekin elkarlanean kudeatuko du informazio hori, bereziki, bidalitako datuen kudeaketari dagokionez. Datu horiek, Ministerioaren zerbitzarietan ez ezik, beren zerbitzarietan ere ostatatu ahal izango dira.

c) Ogasun Ministerioak laguntza-deialdien kudeaketari eta deialdi horien emaitzei buruz beharrezkotzat jotako informazio gehigarria eskatu ahal izango dio Autonomia Erkidegoari.

3.– Ogasun Ministerioari honako informazio hau ematea, hautagarritasun-baldintzen eta laguntzaren zenbatekoa finkatzeko irizpideen oinarrizko esparruari dagokionez, 5/2021 Errege Lege Dekretuaren 3. artikuluari eta apirilaren 12ko HAC/348/2021 Aginduari jarraikiz –agindu horrek autonomoei eta enpresei zuzeneko laguntzak esleitzeko irizpideak zehazten ditu, 5/2021 Errege Lege Dekretuaren I. tituluan xedatutakoa aplikatuz–:

a) Jasotako eskabideen zerrenda, honako informazio honekin:

● Eskatzailearen IFZ.

● Izen-abizenak (pertsona fisikoen kasuan) edo izen soziala (pertsona juridikoen kasuan).

● IFZ horiek zerga-egoitza duten lurraldeaz bestelako lurraldeetan laguntzak eskatuko dituzten adieraztea.

● Eskabidea aurkeztu deneko eguna.

● Eskabidea egin den autonomia-erkidegoaren DIR3 kodea.

● Izapidetze-unitatearen DIR3 kodea, eskuragarri badago.

b) Laguntza eskatzen duten enpresaburuei edo profesionalei eta laguntzak emateko araudian zehaztutako sektoreei atxikitako entitateei dagokienez:

I.– Zerga-egoitzari buruzko datuak.

II.– Ekonomia-jardueren gaineko zergaren (EJZ) epigrafeak eta Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren kodeak (EJSN-09), eskatzaileak 2019an, 2020an eta 2021ean egindako jarduerari dagokion sailkapenaren baliokideak.

III.– 2019ko eta 2020ko urteko eragiketen bolumenari buruzko informazioa, eskabideak baloratzeko kontuan hartu dena, bai eta beherakadaren ehunekoa ere. Sozietateen gaineko zerga zerga-baterakuntzaren araubidean ordaintzen duten talde bateratuek taldea osatzen duten entitateen eragiketa guztien baturaren berri eman beharko dute.

IV.– Eskatzaileak 10 langile baino gehiago ote dituen adieraztea.

V.– Eskatzailea talde bateko kide bada, taldearen 2019ko eta 2020ko osaerari buruzko informazioa.

c) Eskatzailea enpresaburu, profesional eta atxikitzaileen erroldan alta emanda dagoen ala ez adieraztea, eta alta edo baja 2019an edo 2020an eman bada, adieraztea noiz eman duen alta eta noiz baja, bai eta bajaren arrazoia ere.

d) Eskatzaileak 2021ean edo 2022an banatutako dibidenduei buruz eskuragarri dagoen informazioa.

e) Eskatzailearen ekonomia-jarduera mantentzeari buruzko informazioa (2022ko ekainaren 30era arte), ekonomia-jardueren gaineko zergaren (EJZ) epigrafeak eta Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren kodeak (EJSN-09) –eskatzaileak egindako jarduerari dagokion sailkapenaren baliokidetzat jotakoak– adierazita.

f) Ogasun Ministerioak hautagarritasun-baldintzei eta laguntzaren zenbatekoa finkatzeko irizpideei buruzko informazio gehigarria eskatu ahal izango dio Autonomia Erkidegoari.

g) Apartatu honetan aipatzen den informazioa Autonomia Erkidegoak duen informaziotik edo beste administrazio publiko batzuek emandako informaziotik eratorri ahal izango da.

4.– 5/2021 Errege Lege Dekretuaren 4.6 artikuluan aurreikusitakoa aplikagarritzat joko da Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren azken xedapenetako hirugarrenean ezarritakoaren arabera, bai eta lege organiko horretan jasotako gardentasun-printzipioa garatzeko eta aplikatzeko eman beharreko informazio ekonomiko-finantzarioaren arloan Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak hartutako erabakien arabera ere.

B) Ogasun Ministerioa:

1.– Klausula honen A.2 eta A.3 apartatuetan aipatzen diren deialdiei eta deialdi horien emaitzei buruzko informazioa igortzeari dagokionez, sortzen diren gorabeherak Autonomia Erkidegoak konponduko ditu, Ogasun Ministerioaren laguntzarekin.

2.– Klausula honen A.2. eta A.3. apartatuetan aurreikusitako informazioa trukatzea ahalbidetuko duen euskarri teknikoa ematea.

C) Zerga Agentzia:

1.– Zerga Agentziak konpromisoa hartzen du Autonomia Erkidegoari honako informazio hau emateko, hautagarritasun-baldintzen eta laguntzaren zenbatekoa finkatzeko irizpideen oinarrizko esparruari dagokionez, 5/2021 Errege Lege Dekretuaren 3. artikuluari eta apirilaren 12ko HAC/348/2021 Aginduari bat jarraikiz, eta Autonomia Erkidegoko laguntza-eskabideei dagokienez:

a) 2020an 10 milioi eurotik gorako eragiketa-bolumena izan duten talde eta entitateen kasuan, baldin eta lurralde erkidean bakarrik tributatzen badute, sozietateen gaineko zergaren ondorioetarako, eta Autonomia Erkidegoan badihardute:

– Ekonomia-jardueren gaineko zergaren (EJZ) epigrafeak eta Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren kodeak (EJSN-09) adieraztea, pertsona edo entitate eskatzaileek 2019an, 2020an eta 2021ean egindako jarduerari dagokion sailkapenaren baliokideak, eta, hala badagokio, jarduera nagusia zehaztea.

– Entitateak talde bateko kide badira, taldearen 2019ko eta 2020ko osaerari buruzko informazioa.

b) 2020an 10 milioi eurotik gorako eragiketa-bolumena izan duten entitateen kasuan, edo zerga-baterakuntzako talde bateko kide diren entitateen kasuan, baldin eta lurralde erkidean bakarrik tributatzen badute, BEZaren ondorioetarako, eta Autonomia Erkidegoan jarduten badute, eta entitate horiek beren eragiketa-bolumenari buruzko informazioa eman ez badiote Autonomia Erkidegoari, balio erantsiaren gaineko zergan emango da eragiketen bolumen hori, eta, hala badagokio, Kanarietako Zeharkako Zerga Orokorrean, 2019an eta 2020an.

c) 2020an 10 milioi eurotik gorako eragiketa-bolumena izan duten zerga-baterakuntzako taldeen eta entitateen kasuan, baldin eta lurralde erkidean bakarrik tributatzen badute, sozietateen gaineko zergaren ondorioetarako, eta Autonomia Erkidegoan jarduten badute, informazioa eman beharko dute, jakiteko ea sozietateen gaineko zergaren edo establezimendu iraunkorra duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zerga-oinarria negatiboa den 2019ko ekitaldiari dagokion aitorpenean, kapitalizazio-erreserba eta zerga-oinarri negatiboen konpentsazioa aplikatu aurretik.

d) 2020an 10 milioi eurotik gorako eragiketa-bolumena izan duten taldeen, enpresaburuen, profesionalen edo entitateen kasuan, autonomia-erkidego batean baino gehiagotan edo Ceuta edo Melilla autonomia-hirietan jarduten badute, langileei euren bizilekuaren arabera emandako ordainsarien pisuaren berri eman beharko dute, konturako atxikipen eta sarreren urteko laburpenaren informazio-aitorpenaren arabera betiere. Aitorpen hori lurralde bakoitzeko administrazioan aurkeztu behar da, Zerga Agentziak datu horiek dituenean edo, hala badagokio, Zerga Agentzian aitortutako ordainsari horien zenbatekoa duenean.

e) 5/2021 Errege Lege Dekretuaren 3.2.b) artikuluak barne hartzen dituen enpresaburuen, profesionalen, entitateen edo establezimendu iraunkorren kasuan, Zerga Agentzian aurkeztutako hileroko eta hiru hileroko konturako atxikipen eta sarreren aitorpenetan kontsignatutako diruzko lan-etekinen jasotzaileen 2020ko batez besteko kopuruaren berri eman beharko dute (111. eredua).

2.– Zerga Agentziak konpromisoa hartzen du Autonomia Erkidegoari honako informazio hau emateko, baldin eta Autonomia Erkidegoak ezin izan badu egiaztatu 5/2021 Errege Lege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriaren 2. apartatuko a) eta b) letretan xedatutakoa, Autonomia Erkidegoan laguntza eman zaien eskatzaileei dagokienez:

a) Pertsona edo entitate eskatzaileak 2021ean edo 2022an banatutako dibidenduei buruz eskuragarri dagoen informazioa.

b) Pertsona edo entitate eskatzaileak ekonomia-jarduera mantentzeari buruzko informazioa (2022ko ekainaren 30era arte), ekonomia-jardueren gaineko zergaren (EJZ) epigrafeak eta Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren kodeak (EJSN-09) –eskatzaileak egindako jarduerari dagokion sailkapenaren baliokidetzat jotakoak– adierazita.

3.– Aurreko apartatuetan xedatutakoak ez du eragotziko Autonomia Erkidegoak Zerga Agentziari beste informazio-eskabide batzuk egitea, 5/2021 Errege Lege Dekretuan xedatutakoari dagokionez, baldin eta interesdun askori buruzkoak ez badira.

Hirugarrena.– Informazioa lagatzearen helburua.

Zerga Agentziak Autonomia Erkidegoari informazioa lagatzearen helburu bakarra izango da 5/2021 Errege Lege Dekretuak onartutako hautagarritasun-baldintzak eta -eskakizunak elkarlanean egiaztatzea, bai eta autonomoentzako edo enpresentzako COVIDaren lerroko zuzeneko laguntzen zenbatekoa finkatzeko irizpideak egiaztatzea ere.

Bigarren klausularen A.2 eta A.3 apartatuetan aurreikusitako eta Autonomia Erkidegoak igorritako informazioa estatistika- eta hedapen-ondorioetarako erabiliko da, hargatik eragotzi gabe 5/2021 Errege Lege Dekretuaren esparruan Estatuaren Administrazio Orokorrari esleitutako ahalmen eta eskumenen barruan erabiltzea, eta ezin izango zaie hirugarrenei laga –beste ministerio-sail batzuei eta mendeko zuzenbide publikoko organismo edo entitate batzuei izan ezik–, bosgarren klausulan aurreikusitako ondorioetarako.

Laugarrena.– Emandako informazioan interesa dutenen baimena.

Tributuen Lege Orokorraren 95. artikuluak izaera erreserbatua ematen die, oro har, Zerga Administrazioak bere eginkizunak betetzean lortutako zerga-arloko datu garrantzitsuei, eta datu horiek ezin zaizkie hirugarrenei laga edo jakinarazi, salbu eta lagapenaren xedea bada, besteak beste, «administrazio publikoekin elkarlanean aritzea beren eginkizunak garatzeko, emandako datuak dagozkien zergapekoen aldez aurreko baimenarekin» (95.1 artikulua, k letra). Horren ondorioz, Zerga Agentziak eman beharreko datuak dagozkien zergapekoen edo interesdunen aurretiko baimena lortu behar da, baldin eta «administrazio publikoekin euren eginkizunak betetzeko elkarlanean aritzeko» baimentzen bada lagapena.

Bigarren klausularen A.2 eta A.3 apartatuetan aurreikusitako informazioari dagokionez, Autonomia Erkidegoak onuradunen aldez aurreko baimena izan beharko du, hitzarmen honen esparruan 5/2021 Errege Lege Dekretua aplikatuz eta xedapen hori garatzeko egiten diren laguntza-deialdietan lortutako datuak Ogasun Ministeriora bidaltzeko. Ogasun Ministerioak aurreko klausulan deskribatutako helburuetarako bakarrik erabiliko ditu datu horiek.

Bosgarrena.– Informazioa jasoko dutenak.

Zerga Agentziak lagatzen duen informazioa autonomia-erkidegoko administrazio-organoek eta haren mendeko zuzenbide publikoko organismoek edo entitateek bakarrik erabili ahal izango dute, baldin eta hitzarmen honetan aipatzen diren eginkizunak bete edo prozedurak bideratzen badituzte. Era berean, autonomia-erkidegoetako fiskalizazio-organoak ere hitzarmenaren xede den informazioaren hartzaileak izango dira, baldin eta, beren araudia aplikatuta, prozedura horietan parte hartzen badute. Informazio horri dagokionez, inola ere ezin dute jaso informazioa hitzarmen honetako bigarren klausulan adierazitakoez beste egiteko batzuk dituzten organoek, organismoek eta enteek.

Gainera, Zerga Agentziak lagatzen duen informazioa lagapena justifikatzen duten xedeetarako erabili behar da; hau da, eskabidean aipatzen dena egiteko. Edonola ere, Zerga Agentziaren lagapena hartzen dutenek inola ere ezin laga izango die informazioa hirugarrenei.

Bigarren klausularen A.2 eta A.3 apartatuetan aurreikusitako eta Autonomia Erkidegoak lagatako informazioa Ogasun Ministerioak erabili ahal izango du, eta, ministerio horren aldez aurreko baimenarekin, gainerako ministerio-sailek eta hitzarmen honen xedearekin lotutako eginkizunak betetzen dituzten zuzenbide publikoko organismo edo entitateek ere. Nolanahi ere, datu pertsonalak babesteari buruzko araudi aplikagarriaren arabera, hartzaileak Autonomia Erkidegoak igorritako datu pertsonalak soilik laga ahal izango dizkie aurrekoak ez diren subjektuei.

Seigarrena.– Emandako datuen izaera.

Zerga-izaera duten datuak zergadunek eta informazioa helarazi behar duten gainerakoek aitortutakoak izango dira. Oro har, datuok ez dira egiaztatzen automatizatu baino lehen. Hala ere, datu horiek egiaztatu badira, egiaztatutako datuak emango dira.

Autonomia Erkidegoak kasuan kasuko erregistroetan edo informazio-sistemetan eskuragarri dauden datuak emango ditu, eta, bestela, laguntzen eskatzaileek edo administrazio publikoek emandakoak. Azken kasu horretan, aldez aurretik egiaztatu ez badira ere bidaliko dira datuak; hala ere, administrazio eskudunak datuok egiaztatu edo eguneratu ondoren, egiaztatutako edo eguneratutako datuak emango dira.

Bigarren klausularen A.2 eta A.3 apartatuak aplikatuz igorritako informazioari dagokionez, Autonomia Erkidegoak informazioa ematean ikusitako gorabeherak konponduko ditu, eta Ogasun Ministerioak informazio horri buruz eska ditzakeen argibideak emango ditu.

Zazpigarrena.– Solaskide bakarra.

Ogasun Ministerioak, Zerga Agentziak eta Autonomia Erkidegoak solaskide bakar bana eduki behar dute, hitzarmena aplikatzean sortutako gorabeherak edo gatazkak konpontzeko; izan ere, halako kasuetan, hitzarmeneko alderdiek solaskide horrengana jo ahalko dute.

Zehazki, Ogasun Ministerioan, Autonomia Erkidegoen eta Toki Erakundeen Finantzaketarako Idazkaritza Nagusiaren titularrak izendatuko du solaskidea; Zerga Agentzian, Euskal Autonomia Erkidegoko Ordezkaritza Bereziak; eta, Autonomia Erkidegoan, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko titularrak izendatutako pertsonak beteko ditu eginkizun horiek.

Zortzigarrena.– Informazioa trukatzeko prozedura.

A) Autonomia Erkidegoaren eta Zerga Agentziaren arteko informazio-trukea.

1.– Bigarren klausularen C.1 apartatua aplikatuz igorri beharreko informazioari dagokionez, Autonomia Erkidegoak astero emango dio Zerga Agentziari CSV formatuko fitxategi bat, aurrerago zehaztuko den informazioa jasotzen duena. Horretarako, izapide bat gaituko da Zerga Agentziaren egoitzan. Izapide horren bidez, Autonomia Erkidegoak astelehenero bidaliko du informazio-eskabidea, eta fitxategi bat erantsiko du, aurreko astean jasotako laguntza-eskabideen zerrendarekin.

2.– Ez da eskatuko aurretik bidalitako eskabideei buruzko informaziorik, salbu eta akatsen bat zuzendu behar bada.

3.– Informazioa eskatzeko fitxategian agertzen diren eskabide guztiek datu hauek izango dituzte:

● Eskatzailearen IFZ.

● Izen soziala.

● IFZ horiek zerga-egoitza duten lurraldeaz bestelako lurraldeetan laguntzak eskatuko ote dituzten adieraztea.

● Eskatzaileak (bakarka edo taldean) Autonomia Erkidegoan jarduten duen adieraztea.

● Eskabidea aurkeztu deneko eguna.

● Eskabidea egin den autonomia-erkidegoaren DIR3 kodea.

● Izapidetze-unitatearen DIR3 kodea, eskuragarri badago.

4.– Zerga Agentziak bigarren klausularen C.1 apartatuan aipatutako informazioa duen artxibo bat jarriko du Autonomia Erkidegoaren eskura, aurreko paragrafoan aipatutako fitxategia jaso eta hurrengo 7 eguneko epean.

5.– Bigarren klausularen C.2 apartatua aplikatuz igorri beharreko informazioari dagokionez, Autonomia Erkidegoak hala dagokionean emango dio Zerga Agentziari informazio-eskabide bat, zehaztutako eduki eta formatuarekin. Zerga Agentziak artxibo bat jarriko du Autonomia Erkidegoaren eskura, apartatu horretan eskuragarri dagoen informazioarekin.

B) Autonomia Erkidegoaren eta Ogasun Ministerioaren arteko informazio-trukea.

Bigarren klausularen A.2 eta A.3 apartatuak aplikatuz igorri beharreko informazioa hilero emango da, hilabete bakoitzeko lehen bost egunetan (datuek aurreko hilaren azken egunera arte eguneratuta egon behar dute), prozedura telematikoaren bidez eta Ogasun Ministerioak horretarako ezartzen dituen zehaztapen teknikoekin.

Ogasun Ministerioak hala ezartzen duen hileko bidalketetan, zerrenda horiekin batera, Autonomia Erkidegoko kontu-hartzaile nagusiak edo kontabilitatearen arloan eskumenak dituen unitate baliokideak elektronikoki sinatutako ziurtagiri bat bidaliko da, bide telematikoz, Ogasun Ministerioak ezarritako eredu normalizatuaren arabera, igorritako datuak ziurtatzeko.

Bederatzigarrena.– Emandako datuen kontrola eta segurtasuna.

Emandako datuen kontrola eta segurtasuna informazioaren segurtasunaren arloan une bakoitzean indarrean dagoen araudiak xedatutakoaren arabera arautuko da, eta, bereziki, urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak –Administrazio Elektronikoaren esparruko Segurtasunaren Eskema Nazionala arautzen duena (urriaren 23ko 951/2015 Errege Dekretuak aldatua)– eta Ogasun Ministerioaren, Zerga Agentziaren eta Autonomia Erkidegoaren Informazioaren Segurtasun Politikak xedatutakoaren arabera.

Kontrol hauek ezarri dira hitzarmen hau dela bide Zerga Agentziak ematen duen zerga-arloko informazioa zaintzeko eta erabiltzeko:

a) Informazioa eskuratzen duen entearen barne-kontrola.

Autonomia Erkidegoak interesdunen aurretiazko baimenaren egiaztapenari eta baliozkotasunari buruzko kontrolak egingo ditu, bai eta agintariek, funtzionarioek eta haren mendeko gainerako langileek jasotzen dituzten datuen zaintzari eta erabilerari buruzkoak ere. Horrez gain, jarraipena egitean lortutako emaitzen berri emango dio Koordinazio eta Jarraipen Batzorde Mistoari.

Bereziki, informazioa beste helburu batzuetarako erabiltzeko arriskua saihesteko neurriak hartuko dira, bai eta lagapen bakoitzaren oinarri diren baldintzak betetzen direla ziurtatzeko ere.

Informazioaren segurtasunari buruzko dokumentu bat, arriskuen azterketa eta kudeaketa bat eta segurtasunaren arloko erantzukizunen esleipen esplizitu bat izango ditu, eta segurtasun-mekanismo horiek aplikatu beharko dituzte trukatutako informazioan.

Baimenik ez duten langileek ezin izango dute trukatutako informazioa eskuratu, eta trukatutako informaziorako sarbideen trazabilitatea ezarriko du.

b) Informazioa ematen duen entearen kontrola.

Autonomia Erkidegoak onartzen du Zerga Agentziak erabakitzen dituen egiaztapen-jarduketak egitea.

Zerga Agentziak informazioaren segurtasuna kudeatzeko sistematik eratorritako ohiko kontrolak aplikatuko ditu. Bereziki, egindako informazio-lagapenak sarbideak kontrolatzeko sisteman erregistratuta geratuko dira.

Zerga Agentziako Barne Ikuskaritza Zerbitzuak beste jarduketa batzuk egin ahal izango ditu, lagatako informazioa behar bezala lortzen eta erabiltzen den eta aplikatu beharreko baldintzak (arauzkoak eta konbentzionalak) betetzen diren egiaztatzeko.

Hamargarrena.– Datu pertsonalen tratamendua.

Informazioak interesdunen datu pertsonalak baditu, nola lagatzaileak hala lagapen-hartzaileak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren (datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesten dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua –Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra– indargabetzen duena) eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren (datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa) arabera tratatuko dituzte datuok.

Hitzarmen honetan tratatutako datuek zerga-informazioaren kategorizazioa dute, hitzarmen honetako bigarren klausularen A.3 eta C apartatuei dagokienez.

Lagapena baino lehenagoko datuen tratamenduak informazioaren lagatzailearen erantzukizuna dira; geroko tratamenduak, berriz, informazioaren lagapen-hartzailearen erantzukizuna dira.

Ogasun Ministerioaren kasuan, Autonomia Erkidegoen eta Toki Erakundeen Finantzaketarako Idazkaritza Nagusiaren titularra da tratamenduaren arduraduna, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren ondorioetarako.

Zerga Agentziaren kasuan, Zuzendaritza Nagusiaren titularra da tratamenduaren arduraduna, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren ondorioetarako.

Autonomia Erkidegoaren kasuan, informazioa jasotzeko baimena duen organo, organismo edo entitate bakoitzak tratamenduaren arduradun bat izendatuko du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren ondorioetarako.

Hamaikagarrena.– Isilpean gordetzeko betebeharra.

Agintariek, funtzionarioek eta gainerako langileek erabat isilpean gorde behar dituzte hitzarmen hau dela bide eskuratzen dituzten datu eta informazio guztiak. Betebehar hori urratuz gero, dagozkion erantzukizun penalak, administratiboak eta zibilak izango ditu.

Agintari, funtzionario edo bestelako langile batek hitzarmen hau dela bide ematen den informazioa gaizki erabiltzen badu, atxikita dagoen administrazioak erabilera txarraren ondoriozko erantzukizunak argitzeko espedientea ireki eta amaitu beharko du, bai eta erantzukizuna eskatu ere, halakorik izanez gero.

Hamabigarrena.– Jarduketak artxibatzea.

Administrazioek lagatako datuen zaintzaren eta erabileraren kontrolen inguruan bildu duten dokumentazioa hiru urtez gorde beharko da, gutxienez. Bereziki, Autonomia Erkidegoak interesdunen berariazko baimena gorde beharko du.

Hamahirugarrena.– Koordinazio eta Jarraipen Batzorde Mistoa. Gatazkak konpontzea.

Hitzarmen hau betearazteko beharrezkoak diren jarduerak koordinatzeko eta horiek gainbegiratzeko, jarraipena egiteko eta kontrolatzeko, Koordinazio eta Jarraipen Batzorde Mistoa sortuko da. Batzorde hori honako hauek osatuko dute: Autonomia Erkidegoen eta Toki Erakundeen Finantzaketarako Idazkaritza Nagusiaren titularrak Ogasun Ministerioaren ordezkari gisa izendatutako pertsonak, Zerga Agentziaren Zuzendaritza Nagusiaren titularrak ordezkari gisa izendatutako pertsonak eta Autonomia Erkidegoak izendatutako beste bi kidek.

Horrez gain, beharrezkotzat jotako beste edozein pertsonak aholkulari gisa parte hartu ahalko du, eta hitz egiteko eskubidea izango du.

Ordezkatutako alderdi guztiak ados jarrita hartuko dira erabakiak.

Batzordea alderdietako edozeinek eskatuta bilduko da.

Batzordeak eskumen hauek izango ditu, gutxienez:

a) Hitzarmena betearazteko beharrezkoak diren jarduerak koordinatzea, bai eta hitzarmena gainbegiratzea, jarraipena egitea eta kontrolatzea ere.

b) Hitzarmena interpretatu eta betetzean sortutako desadostasunak konpontzea.

c) Hitzarmen honetan ezarritako informazioa ematearekin zerikusia duen eta garatu behar den edozein alderdi zehaztea, eta eman beharreko informazio gehigarria onartzea, bai laguntzen deialdien eta horien emaitzen kudeaketari dagokionez bai hautagarritasun-baldintzei eta laguntzaren zenbatekoa finkatzeko irizpideei dagokienez ere.

Klausula honetan berariaz ezarri ez denarekin lotuta, Batzordearen funtzionamendua eta araubide juridikoa Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen atariko tituluko II. kapituluko 3. atalean xedatutakoaren arabera arautuko dira.

Hamalaugarrena.– Indarraldia.

Hitzarmen honek lau urteko indarraldia izango du, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen zazpigarren xedapen gehigarrian aipatzen den Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatzen den egunetik hasita. Era berean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, sinatzen denetik 10 egun balioduneko epean. Dena den, horrek guztiak ez du eragotziko dagokion autonomia-erkidegoko erregistroan inskribatzea eta, beharrezkoa balitz, autonomia-erkidegoko aldizkari ofizialean argitaratzea, aplikatu beharreko araudi autonomikoaren arabera. Hitzarmen hau amaitzean oraindik informazio gehigarria trukatu beharra badago, dagozkion luzapenak sinatuko dira.

Hala ere, alderdi sinatzaileek informazio-hornidura alde bakarrez etetea edo mugatzea erabaki ahalko dute, baldin eta ikusten badute agintariek, funtzionarioek edo ente lagapen-hartzaileko gainerako langileek ez dutela bete isilpekotasun-betebeharra, kontrol-araubidean irregulartasunak edo anomaliak daudela edo ez dituztela betetzen informazioa emateko printzipio eta arauak, hitzarmen honetan aurreikusitakoari jarraikiz. Hornidura eteteko edo mugatzeko erabakia hartu eta berehala, horren berri emango zaio Koordinazio eta Jarraipen Batzorde Mistoari, eta batzorde horri entzungo zaio, hitzarmena suntsiarazteko edo mantentzeko.

Hamabosgarrena.– Finantzaketa.

Hitzarmen honek ez die proiektua garatzeko berariazko obligazio ekonomiko arruntik nahiz apartekorik ekarriko alderdiei.

Hamaseigarrena.– Hitzarmena azkentzea eta suntsiaraztea.

Hitzarmen hau azkendu egingo da hitzarmenaren xede diren jarduketak betetzen direnean edo suntsiarazteko arrazoiren bat dagoenean, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen 51.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Lege horren 51.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, honako arrazoi hauen ondorioz suntsiarazi ahalko da hitzarmena:

a) Hitzarmenaren indarraldia amaitzea, hura luzatzeko erabakirik hartu gabe.

b) Alderdi sinatzaile guztiek aho batez hala erabakitzea.

c) Sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebehar edo konpromisoak ez betetzea.

Halakoetan, alderdietako edozeinek errekerimendu bat jakinarazi ahalko dio bereak bete ez dituen alderdiari, epe jakin baten barruan bete ditzan betegabetzat jotako betebehar edo konpromisoak. Errekerimendu hori Koordinazio eta Jarraipen Batzorde Mistoari jakinaraziko zaio.

Errekerimenduan adierazitako epea igarotakoan ez-betetzeak bere horretan jarraitzen badu, zuzendu zuen alderdiak beste alderdi sinatzaileari jakinaraziko dio hitzarmena suntsiarazteko arrazoiak daudela, eta, beraz, hitzarmena suntsiarazita geratuko da.

d) Hitzarmenaren deuseztasuna deklaratzen duen erabaki judiziala.

e) Hitzarmenean edo gainerako legeetan aurreikusi gabeko beste edozein arrazoi.

Hamabigarrena.– Ondorio aplikagarriak hitzarmena bete ezean.

Hitzarmena bete ez duen alderdiak ez die kalte-ordainik eman beharko beste alderdiei, izan betebeharrak ez betetzeagatik, izan hitzarmena azkentzeagatik. Sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak betetzen ez baditu, hitzarmen hau suntsiarazi ahal izango da, eta, martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege Dekretuaren 4.6 artikuluan xedatutakoari dagokionez, aurrekontu-egonkortasunari buruzko araudiko ondorioak ekarri ahalko ditu, bigarren klausularen A.4 apartatuan aurreikusitakoari jarraikiz.

Hemezortzigarrena.– Aldatzeko araubidea.

Hitzarmen hau aldatzeko, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen 49.g) artikuluan xedatutakoa beteko da, eta eranskinaren bidez formalizatuko da, legez aurreikusitako izapideen arabera, beharrezkoa den kasuetan, eta, bereziki, premia hori Legebiltzarrean 5/2021 Errege Lege Dekretuaren lege-proiektu gisa izapidetzearen ondorio bada.

Hemeretzigarrena.– Izaera administratiboa eta jurisdikzio eskuduna.

Hitzarmen honek izaera administratiboa du, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legean xedatutakoak arautzen du, bai eta, hala badagokio, aplikagarria den araudi autonomikoak ere. Alderdiek konpromisoa hartzen dute hitzarmena lege horretan aurreikusitako izapideetara behar bezala egokitzeari begira egin daitekeen guztian laguntzeko, bereziki, 50. artikuluari dagokionez (hitzarmenak izenpetzeko nahitaezko izapideei eta horien ondoreei buruzkoa).

Bestalde, hitzarmena indarrean dagoen bitartean Koordinazio eta Jarraipen Batzorde Mistoak konpondu ez dituen desadostasunak administrazioarekiko auzien jurisdikziora eramango dira, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeari jarraikiz.

Ados daudela adierazteko, hitzarmen hau sinatu dute alderdiek.

Ogasuneko ministroa,

MARÍA JESÚS MONTERO CUADRADO.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

Zerga Administrazioko Estatu Agentziako presidentea,

INÉS MARÍA BARDÓN RAFAEL.


Azterketa dokumentala