Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

127. zk., 2021eko ekainaren 29a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
3697

EBAZPENA, 2021eko ekainaren 16koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita toki-erakundeek gazteak kontratatzeko laguntzen 2021eko ekitaldiko deialdia Gazte Enplegurako 2014-2020 Programa Operatiboaren esparruan.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2021eko ekainaren 15ean egin zuen bileran hartutako Erabakiaren bidez, toki-erakundeek gazteak kontratatzeko laguntzen 2021eko ekitaldiko deialdia onartu du, Gazte Enplegurako 2014-2020 Programa Operatiboaren esparruan. Lanbideren Estatutuen 10.2.p) artikuluan xedatutakoaren arabera (maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartua), erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio deialdia argitaratzea.

Azaldutakoa dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea toki-erakundeek Gazte Enplegurako 2014-2020 Programa Operatiboaren esparruan gazteak kontratatzeko laguntzen 2021eko ekitaldiko deialdia. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak 2021eko ekainaren 15eko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez onartu du deialdia, eta ebazpen honen eranskinean jasotzen da.

Bigarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntza-deialdia onartzeko hartu duen erabakiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hirugarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak deialdia onartzeko hartu duen erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 16a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

ERANSKINA
TOKI-ERAKUNDEEK, GAZTE ENPLEGURAKO 2014-2020 PROGRAMA OPERATIBOAREN ESPARRUAN, GAZTEAK KONTRATATZEKO 2021EKO LAGUNTZEN DEIALDIA

Euskadin, Europar Batasun osoan bezala, beharbada gazteak izan dira krisiaren ondorio zuzenak gehien pairatu dutenak, lan-aukerak murriztu baitzaizkie, eta, batik bat, aukera erakargarri eta kalitatezkoak. Ondorioak, ordea, ez dira enpleguaren esparrukoak soilik, gazteen gizarteratzea eta bizi-proiektuen garapena ere baldintzatzen baititu egoera horrek.

Langabezian bizi duten egoera ez da homogeneoa gazte guztientzat; izan ere, askotarikoak dira gazteen egoerak. Gazte batzuek kualifikazio apala dute; beste batzuek, berriz, kualifikazio handia, baina lan-eskarmentu urria, eta, ondorioz, lan-aukera gutxi izaten dute lan-merkatuan. Horrenbestez, dagokion irtenbidea eman behar zaio egoera bakoitzari.

Eurostat erakundeak 2020ko hirugarren hiruhilekoari buruz emandako datuen arabera (argitaratutako azkenak), 30 urtetik beherako pertsonen langabezia-tasa % 14,40koa da Europar Batasunean. Gure lurraldean, Eustatek 2020ko hirugarren hiruhilekoari buruz emandako datuen arabera, kolektibo horrek % 23,90eko langabezia-tasa du, eta haren enplegu-tasa % 34,70ekoa da; EAEko enplegu-tasa orokorra, berriz, % 66,90ekoa da.

Gazteen Enpleguaren Ekimena lanik ez duten eta hezkuntza- edo prestakuntza-sistemetan inolako jarduerarik egiten ez duten gazte guztientzat zuzenduta dago; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko EB 1304/2013 Erregelamenduan araututa dago, eta kolektibo horren langabeziaren arazo estrukturalari aurre egiteko Europar Batasunaren ekimen enblematikoetako bat da. Ekimen horretan, jarduketa-ekimenak eta -gomendioak babesten dira, eta, horregatik, Gazteen Bermeari buruzko Kontseiluaren Gomendioa betetzeko tresna finantzarioetako bat da.

Gazte Enplegurako 2014-2020 Programa Operatiboa tresna nagusia da Gazte Enpleguaren Ekimena ezartzeko eta gazteentzako berme-sistemak abian jartzeko. Programaren xedea gazteen langabezia-tasa murriztea da, kualifikazioak hobetuz eta kontratazioa eta autoenplegua sustatuz lanik ez duten eta hezkuntza- edo prestakuntza-sistemetan integratuta ez dauden 16 urtetik gorako eta 30etik beherako gazteen artean, zeinahi dela ere haien prestakuntza-maila. Programa 2014-2023 aldirako da.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bat egiten du Europako Enplegu Estrategiarekin. Eta, hain zuzen ere estrategia hori erreferentziatzat hartuta, Eusko Jaurlaritzaren Enpleguaren Euskal Estrategiak (2030) aukera-berdintasuna du enplegurako euskal politikaren funtsezko ardatza, era zabalean ulertuta: lan-arloan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna abiapuntutzat hartu, eta beste dimentsio batzuk barnean biltzen ditu, hala nola belaunaldien arteko berdintasuna, aniztasun funtzionala eta kultura-aniztasuna. Enpleguaren Euskal Estrategia 2030ek estrategia-gakoen artean ezarria du gazteei laguntza ematea kalitatezko enpleguak lor ditzaten, eta, horretarako, laneratzea erraztuko dien programak sustatuko dira, hainbat dimentsiotan zeharkako ekintzak eginez; hartara, arlo profesionalean eta pertsonalean garatzeko behar dituzten kualifikazio, konpetentzia eta esperientziak eskuratuko dituzte. Alde horretatik, deialdi honen helburua da ikasketak amaitu ondoren edo langabezian geratu ostean lanik gabe dauden gazteen enplegagarritasuna hobetzea eta, horretarako, haien prestakuntzaren araberako enpleguak ematea.

Deialdi honetako laguntzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2021eko ekitaldiko Dirulaguntza Plan Estrategikoan aurreikusita daude. Organismo autonomo horren Administrazio Kontseiluak onartu zuen plan hori, 2020ko abenduaren 15eko bileran hartutako erabakiaren bidez (www.lanbide.euskadi.eus web-orrian argitaratua), eta, hartara, bete egin zuen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa. Hain justu ere, 1. ardatz estrategikoan txertatuta dago deialdia. Biztanle aktiboei zerbitzu integralak eta pertsonalizatuak eskaintzea, lan-merkatuan sartzeko, mantentzeko eta gora egiteko aukera izan dezaten. Gidalerroa/Helburua D1.3. Lan-merkatu inklusiboa lortzea, hura osatzen duten kolektibo eta talde guztientzat bidezko aukerak sortu eta eskaintzeko.

Toki-erakundeek beren eskumenak eta aukerak baliatu behar dituzte produkzio-sistemaren, enpresen eta langileen, premiei erantzuteko; beraz, arreta berezia jarri behar dute enplegurik ez dutenengan eta, batez ere, laneratzeko zailtasun handiak dituzten pertsonengan.

Europar Batasuneko Lurralde Agentziak adierazten duen moduan, lurralde-kohesioa indartzea da Europar Batasunaren helburuetako bat, eta, xede hori lortuko baldin bada, berariaz lagundu behar dira langabezia-tasa handiak dituzten eremuetan edo zailtasunak dituzten sektoreekiko mendekotasun handia duten eremuetan enplegua sustatzeko tokiko proiektuak, lurralde-desorekarik izan ez dadin enpleguaren alorrean.

Horrenbestez, langabezia-tasa handiak dituzten udalerriei zuzendutako deialdia da hau; zehazki, 2021eko martxoan langabezia-tasa hau duten udalerriei: 30 urtetik beherako gazteen artean langabezia-tasa % 22,30ekoa edo handiagoa, eta adin-tarte horretako 10 pertsona edo gehiago langabezian egotea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren enplegu-eskatzaileen estatistika fitxategiaren datuen arabera. Udalerri horiez gainera, onuradun dira hiru lurralde historikoetako hiriburuak.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2021eko ekainaren 15ean egindako bilkuran, toki-erakundeek, Gazte Enplegurako 2014-2020 Programa Operatiboaren esparruan, gazteak kontratatzeko laguntzen 2021eko ekitaldiko deialdia onartzen du. Hona deialdiaren ezaugarriak:

1. artikulua.– Laguntza-deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeei Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan eta Gazte Bermea Sisteman izena emanda dauden gazte langabeak kontratatzeagatik emango zaizkien laguntzen oinarriak ezartzea eta laguntza horiek arautzea, lanbide-eskarmentua eskuratu eta gazte horien enplegagarritasuna sustatzeko neurriak baitira kontratazioak.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa.

1.– Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko, 6.500.000 euro erabiliko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2021eko aurrekontuaren ordainketa-kredituaren kontura, 32110-Enplegua programan.

Laguntzen bolumen osoak ez du gainditu behar zenbateko hori edo, indarreko legeriaren arabera aurrekontu-aldaketaren bat onartzen baldin bada, aldaketak dakarren igoera egin ondorengo emaitza. Eguneratzerik izango balitz, horren berri argitaratu beharko litzateke, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

2.– Deialdi honen babespean diruz lagundutako lan-kontratuak Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatu ahal izango dira, Gazte Enplegurako 2014-2020ko Programa Operatiboaren esparruan edo EAEko 2021-2027 EGIF Programa Operatiboaren esparruan.

3. artikulua.– Laguntzen gehieneko zenbatekoen banaketa.

1.– Deialdi honetako I. eranskinean ezarrita dago nola banatuko den gehieneko aurrekontua toki-erakundeen artean.

2.– Betetzekoa izango da aurreko paragrafoan arautzen dena, baina udalerriren batek egiten dituen kontratazioak ez baldin badira iristen esleitutako gehieneko aurrekontura, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak beste toki-erakunde batzuek egindako kontratazioak finantzatzeko erabili ahal izango ditu sobera dauden funtsak, baldin eta toki-erakunde horiek eman zaiena baino aurrekontu handiagoa eskatu baldin bazuten eta ezin izan badira kontratazio horiek finantzatu. Soberako funtsak 10.2 artikuluak xedatutakoaren arabera banatuko dira.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Deialdi honetan, gazteekin egindako lan-kontratuak lagunduko dira diruz, baldin eta 6. artikuluan arautzen diren baldintzak betetzen badituzte.

Toki-eremuak sustatutako kontratuak izan behar dute, eta zuzenean egingo dituzte dirulaguntzen onuradun diren udalek edo toki-garapeneko agentziek.

Kontratuak 2021eko azaroaren 30a baino lehen hasi beharko dira.

Betiere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo jarduera horretan organismo autonomoaren kolaboratzaile gisa diharduen erakundeak kudeatuko ditu enplegu-eskaintzak. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko web-orriak (www.lanbide.euskadi.eus) eguneratua izango du erakunde laguntzaileen zerrenda, kontsultatu ahal izateko.

2.– Baldintza hauek bete behar dituzte kontratazioek:

a) Onura publikoko edo interes sozialeko jardueren alorrean egin behar dira, toki-eremuan.

b) Kontratazio horien bidez ez dira ordeztu behar erakunderen baten egiturazko lana egiten duten langileak.

c) Toki-erakundeek ezingo dituzte kontratatu erakunde horiek berek honako deialdi hauetan kontratatu zituzten pertsonak: Gazte Enplegurako 2014-2020 Programa Operatiboaren esparruan gazteak kontratatzeko 2019ko edo 2020ko deialdiak; enplegua sustatzeko toki-ekintzak egiteko 2019ko edo 2020ko deialdiak, edo bereziki egoera ahulean dauden eremu eta udalerrietan enplegua sustatzeko toki-ekintzak egiteko 2019ko deialdia.

d) Kontratu horiek 8 eta 12 hilen bitarteko iraupena izan behar dute, eta edozein kontratazio-modalitatetakoak izan daitezke, prestakuntza eta ikaskuntzakoak eta praktika-kontratuak izan ezik.

e) Kontratuak lanaldi osorako izango dira.

f) Kontratatutako pertsonak bere kualifikazio-mailari dagokion lanpostu bat bete behar du.

3.– Kontratazioek barnean hartuko dituzte kontratatutako langilearen ordainsari gordina, Gizarte Segurantzaren kotizazioa, enpresaren kargura izango dena, eta kontratu-amaierako kalte-ordainak. Horrenbestez, kontratazioek soldata-kostu hauek izango dituzte, gutxienez, kontratatutako langilearen kualifikazio-mailaren arabera:

(Ikus .PDF)

Aldi baterako ezintasunak edo amatasun- edo aitatasun-baimenak eragindako bajen ordezkapenen kasuan, ordezkatuaren soldata-kostua ere konputatuko da kontratazioaren soldata-kostua zehazteko, betiere deialdi honetan kontratatua izateko baldintzak betetzen baditu.

4.– Ez zaie dirulaguntzarik emango Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren deialdietan diruz lagundutako jarduerei lotuta formalizatutako lan-kontratuei.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Deialdi honetako laguntzen onuradun izan daitezke, aldez aurretik berariazko eskaera egin ondoren, I. eranskinean zerrendatzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriak edo horien mendeko toki-garapeneko agentziak, baldin eta nortasun juridikoa badute.

Langabeziaren eragina bereziki nozitu duten udalerriak dira; haietan, 2021eko martxoko datuen arabera, 30 urtetik beherako gazteen langabezia-tasa % 22,30ekoa edo handiagoa zen, eta adin-tarte horretako 10 pertsona edo gehiago zeuden langabezian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa erregistratutako langabeen estatistika-fitxategiaren datuen arabera. Udalerri horiez gainera, onuradun dira hiru lurralde historikoetako hiriburuak.

Erakunde bakar bat izan daiteke onuradun udalerri bakoitzean, hau da, udala lehentasunez, edo toki-garapeneko agentzia. Toki-garapeneko agentziaren baten jarduera-eremua udalerri bat baino gehiagokoa baldin bada, dirulaguntzen onuradun izan daiteke udalerri horietan erroldatutako pertsonei egindako kontratuengatik eta udalerri bakoitzari esleitu zaion aurrekontuaren mugaraino, baldin eta udal horiek ez badute dirulaguntzarik eskatu.

2.– Entitate onuradunek eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dituzte.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

b) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

c) Dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor- edo administrazio-arloko zehapenik jaso ez izana, eta horretarako gaitasuna kentzen duen legezko debekurik jaso ez izana, barnean hartuta sexu-diskriminazioarekin loturikoak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat.

d) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta zehazki 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.

6. artikulua.– Deialdi honen babesean kontratatuko gazteei buruzko eskakizunak.

Baldintza hauek bete behar dituzte dirulaguntzen azken hartzaile izango diren gazteek:

a) 16 urte baino gehiago eta 30 baino gutxiago izatea.

b) Enplegu-eskatzaile izan behar dute, alta egoeran, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, eta bete behar duten lanpostuari dagokion hezkuntza-maila izan behar dute.

c) Gazte Bermea Sisteman inskribatuta egon behar dute.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean bizi behar dute, zehazki dirulaguntzaren eskabidean adierazitakoan.

Kontratazio-unean bete behar dira a) eta d) letretan arautzen diren baldintzak, eta kontratua abiatu aurreko egunean bete behar da b) eta c) letretan arautzen dena.

7. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Hauek izango dira dirulaguntzen zenbatekoak, kontratatutako pertsonen kualifikazio-mailaren eta kontratuen iraupenaren arabera:

(Ikus .PDF)

8. artikulua.– Programan parte hartuko duten gazteak hautatzeko prozedura.

1.– Erakunde onuradunek, dirulaguntza ematen duen ebazpena jaso ostean, enplegu-eskaintzak kudeatzeko eskabide bat aurkeztu beharko dute, bete behar den lanpostu-profil bakoitzeko.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo erakunde autonomoari jarduera hau egiten laguntzen dioten erakundeek erregistratu behar dituzte enplegu-eskaintzak kudeatzeko eskabideak, eta, hartara, identifikatuta geratuko dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartekaritza-sisteman.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako prozeduren arabera kudeatuko dira eskaintzak.

3.– Hautaketa-prozesuan, lehentasun-ordena hau beteko du toki-erakundeak:

a) DSBE prestazioaren titularrak edo onuradunak.

b) 30 urteko adinetik gertuen dauden pertsonak.

c) 6. artikuluko baldintzak betetzen dituzten gainerako gazteak.

4.– Hautaketa-prozesuaren akta egingo du erakunde onuradunak, eta prozesuan emakume baten parte-hartzea bermatzen ahaleginduko da; hala lortu ezean, zergatia azaldu beharko du.

9. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta aurkezteko epea.

1.– Dirulaguntza-eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza; horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian.

Erantzukizunpeko adierazpenak, eskabide-ereduak eta eskabidea izapidetzeko jarraibideak eta eskabide-inprimakia biltzen dituen administrazio-prozedurari buruzko informazio-fitxa helbide honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1073704

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak eta jakinarazpenak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Era berean, eskabidea ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaritzak Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistro Elektronikoan eman beharko du izena, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Honako helbide honetan daude eskuragarri Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

2.– Eskabideak hilabeteko epean aurkeztu behar dira, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) Toki-eremuko kontratazio-plana. Deialdiaren betekizunak betetzen direla egiaztatzeko aski informazio eskaini behar du kontratazio-planak, eskabide-ereduan zehaztutako moduan. Kontratu baterako baino gehiagotarako eskatzen baldin bada dirulaguntza, haien arteko lehentasun-hurrenkera bat ezarriko da.

Era berean, memoria labur bat aurkeztuko da, kontratazio-planak genero-ikuspegia nola barneratu duen azaltzeko.

b) Memoria ekonomikoa, kontratazio-plana gauzatzeko gastuei buruzko datuak jasoko dituena.

4.– Eskabideak ez badaude behar bezala beteta, edo, haiekin batera ez bada aurkezten aurreko apartatuan adierazitako dokumentazio guztia, erakundeari hamar eguneko epea emango zaio akatsa zuzen dezan edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan. Gainera, jakinaraziko zaio hori egiten ez badu haren eskabideari uko egin diola joko dela, eta Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpena eman beharko du espresuki, bai eta jakinarazi ere.

10. artikulua.– Ebazpena emateko, prozedura izapidetzeko, instrukzioa egiteko eta dirulaguntzak emateko proposamena egiteko organo eskuduna.

1.– Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak du prozedura izapidetzeko eskumena, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak, berriz, hori ebaztekoa.

2.– Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, eta aurkeztutako kontratazio-planak eta memoria ekonomikoak deialdi honetako ezaugarriak eta eskakizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, udalerri bakoitzari esleitutako aurrekontuak banatuko dira, eta kontratazio bakoitzerako laguntzak emango dira, eskabidean ezarritako kontratazioen lehentasun-hurrenkera aintzat hartuta, esleitutako gehieneko aurrekontua agortu arte.

Udalerriren batentzat erreserbatutako aurrekontuan soberako funtsik izanez gero, beste toki-erakunde batzuetako kontratuak finantzatzeko erabili ahal izango ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, baldin eta toki-erakunde horiek eman zaien baino aurrekontu handiagoa eskatu bazuten, hala xedatuta baitago deialdi honetako 3. artikuluaren 2. apartatuan.

Soberako funtsak nola erabili zehazteko, I. eranskinean ezarritako udalerrien lehentasun-hurrenkerari jarraituko zaio, hau da, kontuan hartuko da zein den gazteen langabezia-indizea 2021eko martxoan.

3.– Prozedura ebazteko eta ebazpen hori jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdia EHAAn argitaratzen denetik hasita. Epe hori igaro ondoren ebazpen espresurik jakinarazten ez bada, eskabidea ezetsitzat jo ahal izango da.

4.– Erakunde onuradunek jaso badituzte ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntza batzuk Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomoen eskutik, eta laguntza horien inguruko itzulketa- edo zehapen-prozesuren bat izapidetzen ari bada, prozesu horrek amaituta egon behar du erakunde horiei dirulaguntza esleitzeko edo esleituta dutenei dagokiena ordaintzeko.

5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenek amaiera emango diote administrazio-bideari, eta, haien aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpenak jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpenak jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

6.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta emakida-ebazpenak espresuki eta banaka jakinarazteaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, arau honen babesean emandako dirulaguntzen onuradun diren erakundeen zerrenda, eta zer zenbateko jasoko dituzten ere adieraziko da. Halaber, erakunde bati emandako dirulaguntza aldatzea erabaki bada, hori ere adieraziko da, eta berariaz aipatuko da Europako Gizarte Funtsaren kofinantzazioa izan dela, Gazte Enpleguko 2014-2020 Programa Operatiboaren esparruan.

Halaber, erakunde onuradunen zerrenda jasoko da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 115. artikuluaren 2. apartatuak arautzen duen zerrenda publikoan.

11. artikulua.– Lan-kontratua azkentzea.

1.– Diruz lagundutako lan-kontratuak dirulaguntzaren epealdia amaitu aurretik azkentzen badira, horren berri eman beharko zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, 7 eguneko epean, kontratua azkentzen denetik hasita, eta azkendutako kontratuaren kontura jasotako dirulaguntza itzuli beharko da, osorik. Halaber, dagokion prozedura izapidetuko da, 17. eta 18. artikuluek arautzen dituzten jarraibideak beteta. Nolanahi ere, kontratua azkentzeko arrazoia probaldia ez gainditzea, langileak lana bere borondatez uztea, bidezkotzat jotako kaleratzea edo kontratatutako pertsonaren heriotza edo baliaezintasuna izan baldin bada, lan-kontratuak iraun duenaren proportzioan murriztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.

2.– Aukera egongo da kontratua azkendu zaion pertsona ordezteko, arrazoia izan bada probaldia ez gainditzea, langileak lana bere borondatez uztea, bidezkotzat jotako kaleratzea edo kontratatutako pertsonaren heriotza edo baliaezintasuna. Kontratatutakoa ordezteko gehieneko epea 15 egunekoa izango da, eta, haren ordez, deialdi honetan kontratazioa egiteko ezarritako eskakizunak betetzen dituen beste bat hartu ahal izango da. Halakoetan, kontratazio-aldien batura, gutxienez, hasierako kontratuarena izango da, eta kontratu berria 6 hilabetekoa izango da gutxienez. Kontratatutako gazteak ordezteagatik ez da, inolaz ere, emandako dirulaguntza handituko.

12. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa, ordainketa eta likidazioa.

1.– Emandako dirulaguntza ordainketa bakar batean ordainduko da, diruz lagundutako azken kontratazioa hasi aurreko 7 egun balioduneko epean, eta honako dokumentazio hau aurkeztu ondoren:

a) Kontratatutako langileen zerrenda, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak dirulaguntza emateko ebazpenarekin batera eskuragarri jarritako eredu normalizatuan emana.

b) Lan-kontratuen kopia eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari egindako komunikazioa.

c) Kontratatutako pertsonen hautaketari dagokion akta eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo bere erakunde laguntzaileak igorritako pertsona langabeen zerrenda. Aktak egiaztatu behar du hautaketa-prozesuan gutxienez emakume batek parte hartu duela. Emakumerik parte hartzen ez baldin badu, ezinezkoa zela justifikatzeko arrazoiak azaldu behar dira.

d) Europako Gizarte Funtsaren eta Gazte Enpleguko Ekimenaren baterako finantzazioaren berri eman izana kontratatutako langileari.

e) Erakundearen ordezkariaren adierazpena, kontratazioek 4.4 artikuluan araututako baztertze-kausarik ez dutela azaltzen duena.

f) Kotizaziorako Datuen Txostena, kontratatutako pertsona bakoitzarena.

2.– Ordainketa egin baino lehen, Lanbidek egiaztatuko du kontratatutako langileak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean alta emanda daudela eta beren kualifikazioari dagozkion lanpostuak betetzen dituztela. Kontratatutako pertsonen kualifikazio-maila bat etorriko da erakundeak aurkeztutako eta dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako kontratazio-planean zehaztutakoarekin.

3.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, erakunde eskatzaileak Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean agertu beharko du.

Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren hirugarrenen erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, https://www.euskadi.eus/hirugarrenak webgunearen bidez egin beharko du.

4.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta amaierako likidazioa egiteko, toki-erakunde onuradunek dokumentu hauek aurkeztu behar dituzte, egindako kontratu guztiak amaitu ondorengo hilabetean eta, betiere, 2022ko abenduaren 16a baino lehen:

a) Jardueraren amaierako memoria, gutxienez alderdi hauek jasoko dituena:

– Kontratatu diren pertsonek egindako jardueren deskribapena.

– Kontratatutako pertsonen xehetasunak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak dirulaguntza emateko ebazpenarekin batera eskura jarritako eredu normalizatuan.

b) Toki-erakunde onuradunaren idazkariaren edo kontu-hartzailearen egiaztagiria, aipatutako jarduketek eragindako gastuak eta egiaz ordaindutakoak justifikatuta.

5.– Ez baldin bada dokumentazio hori aurkezten araututako epean, edo aurkezturiko dokumentaziotik ondorioztatzen bada diruz lagundutako kontratuen soldata-kostua txikiagoa dela 4.3 artikuluan ezarritako gutxienekoa baino, itzulketa-prozedura abiaraziko da, 18. artikuluan arautzen den prozedurari jarraituz.

6.– Baldin eta, aldi baterako ezintasunak eragindako bajengatik, amatasun- edo aitatasun-baimenengatik, ordaindu gabeko baimenengatik edo grebengatik, kontratazioaren amaierako kostua txikiagoa bada 4.3 artikuluan ezarritakoa baino, justifikatutako soldata-kostuaren % 75 izango da dirulaguntzaren zenbatekoa.

13. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunen betebeharrak izango dira, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritakoak, bai eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotakoak ere, eta, bereziki, honako hauek:

a) Enplegu-eskaintzak kudeatzeko eskabideak aurkeztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari edo haren erakunde laguntzaileren bati.

b) 12. artikuluko 1. apartatuan adierazten den dokumentazioa aurkeztea, diruz lagundutako azken kontratua abiatu ondorengo 7 eguneko epean.

c) Egiaztatzea laguntza emateko eta hura baliatzeko bide eman duten betebeharrak eta baldintzak betetzen dituztela eta jarduera gauzatu dutela.

d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea kontratuen azkentzeak, 11. artikuluko 1. apartatuak arautzen duen moduan.

e) Beste administrazio edo erakunde publiko edo pribaturen batek xede bererako emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat jasoz gero, horren berri jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

f) Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa edo subjektiboa, aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

g) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura jakinaraztea.

h) Honako hauen egiaztatze-jarduketei baiezkoa ematea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Lan eta Enplegu Saila, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, eta Europako funtsen kontrol-instantziak.

i) Gastuaren kontularitza-erregistro bat izan behar dute erakunde onuradunek, eta kontularitza-kode espezifiko baten bidez kontabilizatu behar dute dirulaguntza eman zaiela eta kobratu dutela, hain zuzen ere diruz lagundutako gastuek Europako Gizarte Funtsaren hautagarritasun-eskakizunak bete ditzaten.

j) Laguntza hauek Europako Gizarte Funtsaren eta Gazte Enpleguko Ekimenaren kofinantzazioa duten aldetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 140.1 artikuluak araututako epean gorde behar dira egiaztagiriak (eta dokumentu elektronikoak), hau da, 2025. urtera arte.

k) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorreko betebeharrak:

– Emakumeen eta gizonen arteko tratu- edo aukera-berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioa aplikatzea bermatuko da lanpostuei loturiko hauta-probetan, elkarrizketetan eta pertsonak hautatzean.

– Zer hautagai aukeratu erabaki behar denean, gutxienez emakume batek parte hartu behar du erabakia hartzeko prozesuan. Ezinezkoa bada, justifikatu egin behar da.

– Dokumentu, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabili behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rol eta genero-identitate pluraltasuna sustatzen dutenak.

14. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateraezinak dira kontzeptu eta helburu berberetarako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo beste administrazio edo erakunde pribatu edo publiko batzuek emandako dirulaguntza edo laguntzekin; ez, ordea, Gizarte Segurantzako kotizazioetan legez ezarritako hobariekin edo murrizketekin.

15. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

1.– Dirulaguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako dirulaguntza aldatu ahal izango da, betiere deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eusten bazaie, eta horiek emateko ezarritako irizpideak eta mugak betetzen badira.

2.– Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedura hasiko da.

16. artikulua.– Babesletza.

Erakunde onuradunek berariaz adierazi behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Europako Gizarte Funtsaren babesa jaso dutela deialdi honen esparruan finantzatutako jarduera guztietan, horiek hedatzerakoan, edo, hala badagokio, argitaratzerakoan. Zehazki, Gazte Enpleguko 2014-2020 Programa Operatiboaren esparruan Gazte Enpleguko Ekimenaren kofinantzazioa aipatu beharko da, esaldi honen bidez: «Europako Gizarte Funtsak zure etorkizunean inbertitzen du».

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ikuskatu egingo ditu ekintza horiek guztiak, eta dibulgazio publikoko ekitaldi guztien berri eman beharko zaio, eta horietara gonbidatu, ekitaldi horiek egin aurretik. Erakunde onuradunak ekintza horien berri ematen ez badu, 15 eguneko epea emango zaio betebehar hori betetzeko neurriak har ditzan. Baldintza hori ez betetzeak berekin ekar dezake emandako laguntzaren % 10 itzuli beharra, edo laguntza osoa, jokabide hori errepikatu bada.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Europako Gizarte Funtsaren identifikazio grafikoa erantsi behar da komunikazio-ekintza eta jakinarazpen guztietan.

Erakunde onuradunek berariazko ekintzak gauzatu behar dituzte pertsona onuradunak eta, oro har, herritarrak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Europako Gizarte Funtsaren Gazte Enpleguko Ekimenaren ekarpenaz ohar daitezen.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

Deialdi honetako dirulaguntzen erakunde onuradunek ez badituzte betetzen oro har ezarri zaizkien betebeharrak (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikulua), edo deialdi honetan berariaz ezarri zaizkienak, edo azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan adierazitako itzultze-kasuren batean sartzen badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak, dagokion ebazpenaren bidez, erabakiko du ordaintzeke dagoen dirua jasotzeko eskubidea galdu dela, eta jasotako zenbatekoak eta dirulaguntza ordaintzen den unetik sortutako berandutze-interesak Euskadiko Ogasun Nagusiari ordaindu behar zaizkiola, bestelako ekintzak eragotzi gabe abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz (698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren).

Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira dagozkien lege-ondorioetarako, eta erantzukizun-araubidea Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 64. artikuluan aurreikusitakoa izango da.

18. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

1.– Aurreko artikuluan aipatutako ez-betetzeren bat gertatzen baldin bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak erakunde interesdunari jakinaraziko dio itzultzeko prozedura hasi dela, eta zergatik hasi den, eta 15 eguneko epea emango dio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkezteko.

2.– Alegazioak jasotakoan, edo, horrelakorik aurkeztu ez bada ere, epea igarotakoan, prozedura amaituko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

3.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenak ez-betetzeren bat izan dela adierazten baldin badu, bertan deklaratuko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela, eta ezarriko da, hala badagokio, dagozkion zenbatekoak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra; itzultzeko epea bi hilekoa izango da ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Borondatezko alditzat joko da epe hori.

4.– Borondatezko aldi horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.

19. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bi xedapen hauen arabera jokatuko du: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortutako datu pertsonalak «Enplegurako eta enplegu-prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide da, eta haren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra pertsegitzea eta datuak estatistiketarako erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek eskubidea dute beren datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta tratamenduaren aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko ere. Horretarako, idatzizko jakinarazpen bat bidali behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).

Datuen babesari buruzko informazio gehiago dago hemen: https://www.euskadi.eus/clausulas-informativas/web01-sedepd/es/transparencia/ 074300-capa2-es.shtml

20. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.

Laguntzen programa honi dirulaguntzen arloko arau hauetan bildutako oinarrizko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua). Era berean, arau hauetan xedatutakoa ere aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategina–, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (dekretu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren).

Europako Gizarte Funtsak eta Gazte Enpleguko Ekimenak kofinantzatuak direnez, dirulaguntza hauei xedapen hauetan ezarritakoa aplikatuko zaie: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 Erregelamendua (EB); Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1304/2013 Erregelamendua (EB), Europako Gizarte Funtsari buruzkoa eta Kontseiluaren 1083/2006 Erregelamendua (EE) indargabetzekoa, eta ESS/1924/2016 Agindua, abenduaren 13koa, Europako Gizarte Funtsak 2014-2020 programazio-aldian diruz lagundu ditzakeen gastuak zehazten dituena. Europako Plus Gizarte Funtsak kofinantzatzen baditu, 2021-2027 Europako programazio-aldirako aplikatu beharreko erregelamenduei eta gainerako arauei atxikiko zaizkie.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala