Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

124. zk., 2021eko ekainaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3623

EBAZPENA, 2021eko maiatzaren 19koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita ingurumen-inpaktuaren txostena Arabako Foru Aldundiak sustatutako proiektu aldatu honetarako: Gorbeiako harguneen eta Askargan gaineko kutxatilaren artean Amurrioko hoditeria berritzea.

AURREKARIAK

2021eko apirilaren 21ean, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak eskaera bat osatu zuen Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Gorbeiako harguneen eta Askargan gaineko kutxatilaren artean Amurrioko hoditeria berritzeko proiektu aldatuari buruzkoa, ingurumen-inpaktuaren txostena lortzeko xedearekin, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura sinplifikatuaren esparruan, eta betiere bat etorriz Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluarekin eta hurrengoekin, arau horren 7.2.b artikuluan xedatutako prozeduraren gainean oinarritzen baita proiektua.

21/2013 Legearen 46. artikulua aplikatuta, 2020ko azaroaren 4an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei, eta pertsona interesdunei; jasotako erantzunak espedientean bildu dira. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, hainbat erakundek bidalitako txostenak jaso dira, eta haien emaitza espedientean jasota dago.

Jasotako dokumentazioa eta txostenak aztertu ondoren, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko baita, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.b artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren xede izango dira, besteak beste, aipatutako legearen I. eta II. eranskinean sartuta egon ez arren, Natura 2000 Sareko eremu babestuei nabarmen eragin diezaieketen proiektuak. Hain zuzen, Gorbeiako harguneen eta Askargan gaineko kutxatilaren artean Amurrioko hoditeria berritzeko proiektu aldatua kasu horretan dago. Horrenbestez, ingurumen-ebaluazioen arloan indarrean den legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua aplikatu behar zaio proiektu horri. Bertan zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak dituen ala ez, eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-inpaktuari buruzko txosten hau jaulkitzen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren proiektua garatu, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzea Arabako Foru Aldundiak sustatu duen proiektu aldatu honetarako: Gorbeiako harguneen eta Askargan gaineko kutxatilaren artean Amurrioko hoditeria berritzea, honako baldintza hauetan:

A) Proiektu honen xedea da Amurrio udalerriko ur-horniduraren sistema berritzea, kontserbazio-egoera txarrean dagoelako. Hoditeriak zein ponpatze-estazioak hainbat matxura eta haustura izan dituzte azken urteetan, eta, beraz, berritu egin behar dira.

B) Ebazpen honetan, zeinaren bidez ematen baita Gorbeiako harguneen eta Askargan gaineko kutxatilaren artean Amurrioko hoditeria berritzeko proiektu aldaturako ingurumen-inpaktuaren txostena, proiektuaren ingurumen-agiriaren edukia aztertzen da, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideen arabera:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Proiektua Gorbeia mendiaren magalean, Orozko udal-mugartean (Bizkaia), Arbaitzako eta Lekideko ur-harguneen eta Amurrioko (Araba) Askargan gaineko kutxatilaren artean garatuko da. Halaber, Baranbioko ponpatze-estazioa berrituko da, Altube ibaian dagoena, eta Izoriako edateko uraren araztegitik (EUTE) ateratzen diren eta, hurrenez hurren, Bergantza-Bergantzagoitiko biltegira eta Lezamako uren hoditeriara doazen bi ur-adar ere luzatuko dira.

Hau da onartutako soluzioaren eskema:

• Lekideko hargunetik ur gordina bideratzea Askargan gaineko kutxatilatik 100 bat metrora dagoen hodi-zatiraino. Hodi hori 9.928 metro luze da, eta horietatik 630 metroko zati bat berrituta dago jada.

• Ur gordina bideratzea Arbaitzako hargunetik, aurreko hodiarekin (Lekide-Askargan) duen loturaraino. Tartea 560 m luze da, zeharkako malda handi bateko lursail batetik igarotzen dena; hortaz, hodia «doitu gabeko hodien edo relining» sistemaren bidez berrituko da, zangarik ireki gabe.

• Altube ibaian dagoen hargunetik Lekide-Askargan hodiarekin lotu arte bultzatzea. 440 metro luzeko hoditeria (Altube ibaiko hargunetik ponpatze-etxolaraino 40 m, eta ponpatze-etxolatik loturaraino 400 m).

• Askargan eta Bergantza-Bergantzagoitiko egungo biltegiaren artean tratatutako ura bideratzea. Zati hori 2.286 metro luze da eta zanga Lekide-Askargan hodiarekin partekatzen du.

• Askarganetik Lezamako biltegira ura bideratzea. 279 metro luzeko zatia da, eta, aurreko zatian bezala, zanga Lekide-Askargan hodiarekin partekatzen du.

• Altube ibaiaren ezkerraldean dagoen ponpatze-estazioa berritzea, Baranbiotik hurbil. Presaren eskuineko muturrera eramatea proiektatzen da, presatik goragoko uren paramentuari atxikitako ibilgua gurutzatuko duen hodi baten bidez. Halaber, presa egokitzea planteatzen da, huste-uhatea konponduz edo ordezkatuz eta errota zaharraren kanalerako sarreran hormigoia botaz (egungo emari-galerak saihesteko).

Hodiak jartzeko, oro har, 8 metro zabaleko kale bat behar da (baina tarte jakin batzuetan lan-kalea 4 m-ko galtzada-zabalera duten pistetara egokitu behar da, eta beste batzuetan, pistak irekitzeko beharragatik, unean-unean lan-kale handiagoa beharko da). Halaber, 6 metroko zortasun-zerrenda bat ezartzen da, hodiaren ardatzean zentratua.

Proiektatutako hoditeriek hainbatetan gurutzatzen dituzte azpiegiturak, ibaiak eta errekak; hain zuzen, horiek honela ebatziko dira:

– A-2522 eta A-3616 errepideen azpiko gurutzatzeak: A-2522 errepidea egungo zuntz-zementuzko hodia igarotzen den egitura erabiliz gurutzatuko da, eta A-3613 errepidea, berriz, zulaketa horizontalaren bidez.

– Altube ibaiaren gaineko gurutzatzea: zuntz-zementuzko egungo hodia igarotzen den aireko akueduktua erabiliz egingo da; hain zuzen, azken hori kendu egin behar da (eskuz) eta barneko hodi berri batekin ordezkatu.

– Bergantza ibaiaren gaineko gurutzatzea: zulaketa horizontalaren bidez gurutzatuko da.

– Erreken gaineko gurutzatzeak: zangetan egingo dira, eta hormigoiz beteko dira, goialdeko 50 cm-ak izan ezik, horiek ibilguetako garraiaketekin beteko baitira. Salbuespen gisa, Arbaitza errekaren gaineko lehen gurutzatzean (izen bereko hargunetik 60 metrora dago), hoditeria doitu gabeko hodiaren teknikarekin jarriko da, hormigoi armatuzko akueduktuaren barruan dagoen hodiaren barrutik.

Proiektuak ez dakar arroko erakundeak baimendutako aprobetxamendu-bolumenak handitzea. Gaur egun, Arbaitza eta Lekide errekatan 10 l/s-ko bolumena dago finkatuta, eta Altube ibaiko hargune bakarrean 20 l/s-ko bolumena. Aurkeztutako dokumentazioan aipatutakoaren arabera, administrazio hidraulikoak ezarritako emari ekologikoak nahikoak dira Arbaitza eta Lekide errekekin lotutako espezieen habitatak mantentzeko.

Sustatzaileak baztertu egin du 0. aukera, edo esku-hartzerik ez egiteko aukera, hoditeria berritzeko ingurumen-arrazoiak eta arrazoi teknikoak tarteko. Aurkeztutako dokumentazioan azaltzen denez, hoditeria zaharra da, zuntz-zementuzkoa, egoera txarrean dago eta, zati handi batean, iristeko zailak diren eremuetatik igarotzen da. Horien mantentze-lanak egiteko, sarri-sarri konponketak egin beharko lirateke, obrak egin beharko lirateke babestutako eremuan, Gorbeia Parke Naturalean eta KBEn (ES2110009); orografia konplexua dauka, eta, ondorioz, sarbide berriak ireki ahal izango lirateke. Bestalde, baliabide hidrikoa galtzen jarraituko luke, hoditeriako ihesegatik.

2.– Proiektuaren kokapena.

Proiektua Amurrioko udal-mugartearen, Askargan gaineko kutxatila dagoen lekuan, eta Orozko udalerriaren, Arbaitza eta Lekideko hargunean dauden lekuan, Gorbeia mendiaren magalean, artean garatuko da.

Hodien trazadura landa-ingurunetik igarotzen da gehienbat, eta lurzoru urbanizaezinak zeharkatzen ditu une oro. Ia-ia proiektu osoak baso-eremuak zeharkatzen ditu (konifero-landaketak zein baso autoktonoko formazio desberdinak), eta hainbat puntutan gurutzatzen dituen ur-ibilguekiko paraleloan igarotzen da. Jarduketa-guneko ingurumen-alderdi nabarmenenak honako hauek dira:

– Lekide eta Arbaitza erreken harguneen eta hodien lehenengo metroen inguruan aurreikusitako jarduketak Gorbeia Parke Naturala eta KBE (ES2110009) babestutako eremutik igarotzen dira. Lekide hargunetik Arbaitza hargunetik datorren hodiarekin bat egiten duen lekuraino doan hodi-tartea Lekide errekaren ertzeko basotik igarotzen da, eta hori 91EO* (haltzadiak eta lizardiak) lehentasunezko intereseko habitata da. Tarte horretan hoditeria lehendik badagoen bide batetik joango da, lehenik ezkerraldetik eta gero eskuinaldetik, erreka gurutzatu ondoren. Horrenbestez, haltzadiaren gaineko erasana Lekide erreka gurutzatzeko eremura mugatzen da; hain justu, 132 m2 izango dituela kalkulatzen da (6 m-ko lan-kale bat kontuan hartuta, 4 m-ra murriztu daitekeena). Bestalde, Arbaitza errekaren hargunetik doan hodi-tarteak Batasunaren intereseko 91EO* eta 9230 habitatak zeharkatzen ditu (harizti galaiko-portugesak, Quercus robur eta Quercus pyrenaica espezieekin); hala ere, baztertu egiten da harizti mesotrofoari eta haltzadi kantauriarrari eragitea, izan ere «relining» metodoak saihestu egiten ditu gainazaleko erasanak. Ibai-sistemak nahiz baso naturalak Gorbeia KBEren funtsezko elementuak dira.

– Hoditerien trazadurak ibai-ibilgu garrantzitsuak zeharkatzen ditu (Altube ibaia eta erreka horren Bergantza eta Arbaitza ibaiadarrak), baita tamaina txikiagoko beste erreka batzuk ere. Gainera, hornidura-hodien trazadurak, batzuetan, Altube, Berauzieta eta Arbaitza ibaiekiko trazadura paraleloa du zenbait tartetan. Ur-ibilgu horien ertzetan ibaiertzeko landaredi autoktonoa dago (haltzadiak eta sahastiak).

– Trazadurak landaredi autoktonoko hainbat eremu zeharkatuko ditu (harizti azidofiloak, haritzekin, gorostiekin eta hurritzekin birsortzen ari diren espezie autoktonoen baso gazteak...), nahiz eta «relining» kalea lehendik bazeuden bide eta pistetara egokitzen den. Erasanik handienak haltzadi kantauriarrean izango direla aurreikusten da, Arbaitza errekaren gurutzatzeetan eta Altube errekaren gurutzatzerako sarbidean, baita birsortzen ari den landaredi autoktonoan ere, eremu horretan pista handitu behar baita.

– Oro har, fauna-interes handiko eremuak zeharkatzen ditu trazadurak. Bereziki nabarmentzekoak dira Gorbeia mendigunetik hurbilen dauden tarteak, ibai-sistemekin lotutako espezieekin (iktiofauna, Martin arrantzalea...), espezie nemoralak (basoko hegaztiak, hala nola arrano txikia edo zapelatz liztorjalea; basoko ugaztunak, hala nola muxar grisa edo basakatua; eta basoko kiropteroak) eta Altube, Arbaitza eta Bergantza ibaien ibai-ingurunea. Hain zuzen, horien Bizkaiko zatian bisoi europarrarentzako interes bereziko eremuak daude, espezie horren Kudeaketa Planaren arabera. Halaber, Gorbeia KBE eta Parke Naturala (han daude harguneak eta berritutako hoditerien lehenengo zatia) EAEko Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak kudeatzeko baterako planaren aplikazio-eremuaren barruan daude.

– Altube eta Bergantza ibaiak Arabako korridoreen sarean sartu dira, korridore ekologiko gisa duten interes handiagatik. Bestalde, Gorbeia KBEa EAEko Korridore Ekologikoen Sarearen espazio-nukleo bat da (lotu beharreko guneak).

– Arbaitzako arroa bisuala, Gorbeia mendigunea barne, EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoaren aurreproiektuan nabarmendu da, eta paisaia-balio handia duela uste da. Bestalde, Arabako Lurralde Historikoko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan Bergantzako haranaren goialdea sartu da Gorbeia mendiguneko paisaia apartekoen artean.

– Ingurumen-arriskuei dagokienez, trazadura lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten kokaguneen inbentarioan jasotako lurzati baten ondotik igarotzen da (kodea: 48075-00005).

– Halaber, EAEko uholde-arriskuaren kartografiaren arabera, Altube ibaiko ponpatze-etxola eta lotura-hoditeriaren zati bat 10 urteko errepikatze-denborarako uholdeak izan ditzakeen eremuan dago.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpaktu esanguratsuenak proiektua gauzatzeko fasean gertatuko dira; zehazki, lan-kaleak egokitzean eta hodiak jartzeko zangak irekitzean, bereziki ur-ibilguen gurutzatzeetan eta trazadurak landaredia natural autoktonoa zeharkatzen duen eremuetan.

Esanguratsuak izan daitezkeen beste erasan batzuk izan daitezke sedimentuak ibilguetara arrastatu eta erortzeagatik eta istripuzko isurketengatik sortutakoak, hodiaren trazadura Altube, Bergantza eta Arbaitza ibaiekiko paraleloa den tarteetan.

Ur-ibilguetan eta lotutako landaredian ahalik eta eragin txikiena izate aldera, proiektuak zulaketa horizontalean gurutzatzeko soluzio bat aukeratu du nolabaiteko garrantzia duten ibaietarako, hala nola Bergantza ibairako; horrela, ez da inpakturik izango ibaiaren ohean eta ibaiertzeko landaredian. Gainera, egun badauden egiturak aprobetxatuko dira Altube ibaia eta Arbaitza erreka gurutzatzeko.

Sustatzaileak erreken gaineko gurutzatzeak egiteko hainbat aukera aztertu ditu, horien ezaugarriak eta lanek erreketan izan dezaketen inpaktua kontuan hartuta. Hori horrela, garrantzi txikiagoko errekak gurutzatzeko, baztertu egin da zulaketa horizontal zuzenduaren edo tinkatzearen aukera, eta zangan gurutzatzea erabaki da, kontuan hartuta eraso- eta irteera-putzuak goialdeko eremuetan egiteak erasan handiagoa dakarrela gainazalean, baita alboko lur-erauzketak egitea eta lur-mugimendu handiagoa izatea ere. Bestalde, dokumentazioan azaltzen da gurutzatzeak zangan egiteak ez duela zailtasun teknikorik, eta horiek zulaketa zuzenduak baino azkarrago egin daitezkeela; hortaz, faunaren zarata eta bibrazioekiko esposizio-denbora murrizten da.

Arbaitza hargunetik Lekide-Askargan hodiarekin duen loturarainoko tartearen hoditeria jartzeko soluzioari dagokionez (zeharkako malda handi bateko lursail batetik igarotzen da, Gorbeia Parke Naturalaren eta KBEn barruan), «doitu gabeko hodi edo relining» bidez zanga ireki gabe birgaitzeko sistema aukeratu da, hodi berria lehendik badagoenaren barrutik sartzen duena. Horretarako, tarteko bi laginketa soilik beharko dira, eta tartearen gainazaleko erasan bakarra izango da.

Gorbeia Parke Naturalaren eta KBEren gaineko erasanari dagokionez, proiektuak Gorbeia KBEn izango dituen ondorioak aztertzeko eta ebaluatzeko atal zehatz bat jasotzen du ingurumen-agiriak, kontuan hartuta eremua kontserbatzeko helburuak eta proiektuko ekintzak bateragarriak direla eremu babestu horri aplikatu beharreko araudiarekin. Ondorioztatzen du proiektuak ez diola negatiboki erasango lekuaren osotasunari, eta ez dela erasan orokorrik izango, eremu hori Natura 2000 Sarearen barruan sartzea eragin zuten balioen kontserbazio-egoera arriskuan jartzea ekarriko duenik. Ondorio horren oinarria da Batasunaren intereseko habitaten gaineko erasan osoa haltzadi kantauriarraren 132 m2-koa dela kalkulatzen dela (HIC 91EO*), hau da, habitat horrek KBEn duen azaleraren % 0,009 dela. Baztertu egiten da harizti mesotrofoari (HIC 9230) eta haltzadi kantauriarreko beste eremu batzuei eragitea Arbaitza hoditeriaren trazaduran; izan ere, «relining» metodologiak ez du eraginik ekartzen gainazalean.

Gorbeia KBEtik kanpoko landarediaren eta habitaten gaineko inpaktuari dagokionez, kalkulatu da 91EO* habitataren gaineko eragina 240 m2-koa izango dela Arbaitza errekaren gurutzatze-eremuan, 216 m2-koa Altube errekaren gurutzatzean (badagoen pasabideraino materialekin sartu behar delako, hoditeria kentzeko eta berria jartzeko), eta 3.910 m2-koa birsortzen ari den landaredi autoktonoan, 8237 KP eta 8727 KP artean.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta Gorbeiako harguneen eta Askargan gaineko kutxatilaren artean Amurrioko hoditeria berritzeko berrikusitako proiektuan ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honek finkatzen dituenak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obretan.

Honako atal hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira:

Natura-ondarea babestera bideratutako neurriak.

Foru Aldundiaren ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuaren 9. artikuluaren arabera, Bisoi Europarraren –Mustela lutreola (Linnaeus, 1761)– Kudeaketa Plana onetsi zen, Bizkaiko Lurralde Historikoan, galzoriko espeziea baita eta babesteko neurri bereziak behar baititu. Bada, Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailaren aurretiazko baimena beharko du interes bereziko guneetako jarduera orok, baldin eta jarduera horrek espezieak ugaltzeko edo babes gisa erabilitako habitataren ezaugarriak aldatzea badakar. Gainera, foru-erakunde horrek mugak ezarri ahal izango dizkio lanak gauzatzeko moduari eta lanak garatzeko uneari.

Horrez gainera, eta hargatik eragotzi gabe Arabako Lurralde Historikoko mendiei buruzko martxoaren 26ko 11/2007 Foru Arauan eta Bizkaiko bertako hainbat baso-espezieren araubide bereziari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Aginduan xedatzen dena eta, hala badagokio, mendien kudeaketaren eta espazio babestuaren kudeaketaren gainean eskumena duen Arabako Foru Aldundiko eta Bizkaiko Foru Aldundiko organoak ezartzen duena, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek hartuko dira:

– Laneko azalera obrak egiteko ezinbestekoa dena bakarrik izango da. Obrako materialek ahalik eta espazio txikiena hartu beharko dute, eta makineria eta ibilgailuak ezingo dira horretarako prestatutako eremuetatik kanpo ibili.

– Ur-ibilguen gurutzatzeetan, lanak hasi aurretik, zehatz-mehatz mugatu eta «in situ» balizatuko dira lanak egiteko nahitaez moztu beharrekoak ez diren zuhaitz eta zuhaitz unada autoktonoak. Gainera, kontserbatu beharreko zuhaitzak behar bezala babestuko dira, sustrai-sistemak kolperik eta kalterik ez izateko.

– Eremuak kalteberak izanez gero (Batasunaren intereseko habitatak eta tokiko baso-masak), zuinketa-fasean eta zuhaitzak botatzen direnean, botanikan aditua den batek egon beharko du mozketan/inausketan bertan, obra-zuzendaritzari edo obra-arduradunari ingurumen-arloko aholkuak emateko. Gorbeia Parke Naturalaren eta KBEren eremuko lanak espazio natural babestua kudeatzen duen organoko zerbitzu teknikoen ikuskapenarekin egingo dira.

– Obrak egin behar diren lekuetan sartzeko, ahal den neurrian, lehendik dauden bideak erabiliko dira, ingurumen-agirian proposatutakoarekin bat etorriaz. Trazadura berriko sarbideak eta lehendik zeuden sarbideak egokitzeko lanak, hala dagokionean, lur-mugimendua eta lehen aipatutako eremu kalteberen gaineko eragina murriztuz egingo dira.

– Lan-kalea lanak egiteko gutxienekoa izango da eta, ahal izanez gero, ez ditu 4 metro baino gehiago izango Gorbeia Parke Naturalean eta KBEn (ES2110009) dauden guneetan.

– Eremuren bat egokitu behar bada bertan makinak uzteko, materialak bolada batean biltzeko edo pilatzeko, sortutako hondakin-tipologia ezberdinak kudeatzeko edo proiektuarekin zerikusia duen beste edozein jardun gauzatzeko, ingurumen-eragin txikieneko irizpideei jarraikiz hautatuko dira gune horiek. Eremu horiek inola ere ezin dira egon intereseko landaretza duten espazioetan (zuhaizti autoktonoak, ibaiertzeko landaredia, lehentasunezko intereseko habitatak), ezta ibilguetatik hurbil dauden lursailetan, hezeguneetan eta urak har ditzakeen eremuetan ere.

– Eremu horien kokapenaren zehatza lanak hasi aurretik onartu beharko du lanen zuzendaritzak, ingurumen-arloko aholkularitzak txostena egin ondoren, eta ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideak hartuko dira kontuan.

Ura babesteko neurriak.

Ur-gaietan eskumena duen organoak ezarriko duena errespetatuta, jabari hidrauliko publikoan eta horren zortasun- eta polizia-guneetan eragina duten obretarako, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartu beharko dira:

– Jarduketak lanetan erriberako eta ibaiertzetako landarediari ahalik eta gutxien eragiteko moduan gauzatuko dira.

– Lanak egin bitartean, jabari hidrauliko publikoaren zortasun-eremuak (5 metro) egoera naturalean eta libre mantendu beharko dira, eta seinaleztatzeko zintarekin balizatuko dira, ibilgailuak ez igarotzeko, materialak edo betegarriak ez pilatzeko eta behin-behineko zein behin betiko etxolak edo ontziak eta abar ez ezartzeko. Lanetarako instalazio osagarriak jabari hidrauliko publikoaren zortasun-eremutik kanpo kokatu beharko dira, uholdeen eraginik izango ez duten eremuetan, eta dagoen erriberako landaredia errespetatuko da.

– Altube ibaian dagoen hargunearen lekualdaketan, uholdeetan izan daitezkeen erasanak ahalik eta txikienak izan daitezen, hodi berria, paramentuari atxikita joango dena, ibaian beherako paramentuan jarri beharko litzateke.

– Materialak ibilguetara arrastan joan daitezkeela edo isurketa zehaztugabeak gerta daitezkeela aurreikusten den eremuetan, jalkinei eusteko hesiak jarriko dira, ingurumen-agirian aurreikusiak. Lan-kalea malda handiko eremuetatik igarotzen den tarteetan, hesi horiek nahikoa gogorrak izango dira materialak hegaletik erori ez daitezen.

Obrak hasi aurretik, obra-zuzendaritzak euste-hesi horien luzera, tipologia eta kokapen zehatza zehaztuko ditu, ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

– Makinak mantentzeko eta garbitzeko eragiketak, hormigoi-makinak garbitzekoak eta isuri kutsagarriak eragin ditzaketen gainerako ekintzak makinen parkearen barruan horretarako gaitutako eremuan egingo dira. Eremu hori egokitu egingo da, istripuz isuri edo botatako likidoak edo solidoak bildu ahal izateko moduan, horiek lurzoruan iragazi edo ibilguren batera iritsi aurretik.

– Ibilgu barruko lanak egiteko, kontuan hartuko da aurkeztutako dokumentazioa, berezko ibilgua ahalik eta gutxien okupatzeko eta ura ahalik eta gutxien uhertzeko okupazioa dela eta. Hondeatze-lanak egin bitartean uraren mailatik behera hondeatzen diren materialak ibilguaren zati lehorrean edo berariaz diseinatutako instalazioetan utziko dira aldi baterako, zanga betetzeko berrerabiltzeko edo, hala badagokio, helmugara garraiatzeko eta han onartzeko hezetasun-mailara iritsi arte.

– Makinak ezingo dira ibilguan ibili, proiektuan eta ingurumen-agirian adierazitako gurutzatzeetan izan ezik. Puntu horiek behar bezala seinaleztatu eta balizatu beharko dira, ibaiertzetan eta erriberako landaredian eraginik izan ez dezaten.

– Erabileratik kanpo geratzen diren eta erreketako uren zirkulazio askerako oztopoa diren hodi zaharreko elementuak kendu egingo dira.

– Uholde-arriskuari dagokionez, Plan Hidrologikoaren 40. artikuluan ezarritakoa bete beharko da.

– Istripuzko isuriren bat gertatuz gero, zuzenekoa zein zeharkakoa, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoari jakinarazi beharko zaio, baita lurrazaleko eta lurpeko urei ahalik eta gutxien eragiteko hartutako neurrien berri eman ere.

– Ibilguetan erabiltzen diren makinek eta elementu osagarriek, langileen janzkerak eta oinetakoak barne, URA-Uraren Euskal Agentziak ezarritako desinfekzio-protokoloak bete beharko dituzte, zebra-muskuilua (Dreissena polymorpha) ez hedatzeko, ingurumen-agirian azaltzen den moduan.

Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak leheneratzeko neurriak.

– Proiektua gauzatzean kaltetutako gune guztiak (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak eta abar) lehengoratuko dira. Landareztatzea, espezie autoktonoak sartuta, ahalik eta lasterren egingo da erosio-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak ekiditeko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horiek inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotzen. Ibaiertzak leheneratzeari esker, landaredia-zerrenda jarraitua egoki ezarri ahal izango da, zuhaixka-erakoa zein zuhaitz-erakoa.

– Lur-mugimenduek iraun bitartean, landare-lurra kendu, metatu eta bereizita zabalduko da, ukitutako eremuen leheneratzea eta landareztatzea errazte aldera.

– Landare-espezie exotiko inbaditzaileak sartu eta hedatzea hauteman eta saihesteko kontrol-neurriak hartuko dira. Jarduketa-eremuan halako landareak badaude, desagerrarazteko ahaleginak egingo dira. Bereziki kontrolatuko da landare-estalkia leheneratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko aipatu diren espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik.

– Erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak hedatzeko arriskurik ez izateko.

– Era berean, ahal den guztietan, aurkitzen diren espezie inbaditzaileak errotik kenduko dira jarduera-eremutik.

Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

Uraren hodien trazadura lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten kokaguneen inbentarioan jasotako lurzati baten ondotik igarotzen da (kodea: 48075-00005). Obrak egin bitartean lurzati horri eragiten bazaio, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa beteko da.

Zarataren eta bibrazioen ondorioak minimizatzeko neurriak.

– Lanek irauten duten artean, beharrezko gisa aurreikusten diren jardunbide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

Hondakinen kudeaketara bideratutako neurriak:

– Sortutako hondakin guztiak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira, hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira ezabatu: behar bezala frogatzen bada hondakinak balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik.

– Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak bi xedapen hauen arabera kudeatuko dira: Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretua eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretua.

– Amiantoa duten hondakinak kentzen badira, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak, amiantoak ingurumena ez kutsatzeko eta amiantoaren ondoriozko kutsadura txikitzekoak, ezartzen dituen eskakizunak beteko ditu sustatzaileak. Halaber, amiantoa daukaten hondakinak kudeatzeko manipulazio-eragiketak, amiantoaren eraginpean jartzeko arriskua dakarten lanei aplikagarri zaizkien gutxieneko segurtasun- eta osasun-xedapenak ezartzen dituen martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako betekizunen arabera egingo dira.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Lege Orokorra betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

– Eremu jakin bat egokituko da, aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

Airearen kutsadura murrizteko neurriak.

– Airearen kutsadurari dagokionez, ahalegin handia egingo da ahalik eta hauts gutxien sor dadin. Airearen kalitatean ez eragiteko, honako neurri hauek hartuko dira materialak garraiatzean eta zamalanak egitean, atmosferara partikularik ez isurtzeko:

– Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, bai eta atzemandako hauts-emisioen arabera ureztatuko ere. Sarbideak baldintza onenetan mantenduko dira une oro.

– Ez da hondarrik erreko, ez eta beste inolako materialik ere.

Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Hoditeriaren trazadurak Bergantzako burdinola eta errota mugatzen dituen eremua zeharkatzen du, eta gune hori balizko arkeologia-gunea dela aitortu da. Beraz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 65. artikulua betez, aldez aurretik azterketa arkeologiko bat egin beharko da, eta Arabako Foru Aldundiak erabaki beharko du proiektu arkeologiko bat egin behar den ala ez.

Jardunbide egokien sistema bat hartzea.

Langileek jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek ahalik eta gehien bermatzeko:

– Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.

– Natura-interes handiko landaretza-eremuen gaineko eragina kontrolatzea.

– Ibilguen gaineko eta beren bazterretako landarediaren gaineko eragina kontrolatzea, eta, ondorioz, bisoi europarren habitataren gainekoa ere bai.

– Hondakin-isurketak ez egitea, eta olio-isurketekin edo lurra leku batetik bestera eramanez lurzorua eta ura ez kutsatzea.

– Proiektuaren eraginpeko herrigunean bizi direnei zarata eta hautsarekin enbarazurik ez eragitea.

Garbiketa eta lanen akabera.

Obra bukatu ondoren, garbiketa zorrotz bat egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegingo dira.

Ingurumen-aholkularitza.

Obrak amaitu arte eta obra horren bermeak dirauen arte, ingurumen gaietan eta babes- eta zuzenketa-neurrietan aholkularitza gaitua eduki beharko du obraren zuzendaritzak, ingurumen-dokumentuko zehaztapenen arabera. Obraren zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz, aholkulariek txosten bat egingo dute aurrez. Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsa eta zarata sortzea, makinak direla-eta zarata sortzea, hondakin-kudeaketa, natura- eta kultura-ondarea babestea.

Hirugarrena.– Ingurumena Zaintzeko Programa egiterakoan, sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa bete beharko da, eta ondoren zehaztuko diren beste kontrol hauek ere erantsi beharko zaizkio.

Aipatutako programa hori obraren kontrataziorako baldintzen agirietan txertatuta geratu beharko da, eta dagokion –eta bete ahal izatea bermatuko duen– aurrekontua izango du.

Organo substantiboak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako Ingurumena Zaintzeko Programa alde batera utzi gabe, honako baldintza hauek hartu beharko dira kontuan:

1.– Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileak zenbateraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Erregistro hori eskuragarri egon beharko da Ingurumen Administrazioko Zuzendaritzak gainbegira dezan.

Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak. Horri dagokionez, obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta indarrean dagoen legediak hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako jasotzen dituen agiriak erantsi beharko dira txosten horretan.

2.– Obrak okupatzen dituen mugak kontrolatzea.

Egiaztatu egingo da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela; obrek ez dute hartuko aurrez ikusitako azalera baino eremu handiagoa.

3.– Leheneratzearen arrakastaren kontrola.

Obra amaitu ondoko bi urteetan, aldizkako jarraipena egingo zaio proiektuaren eraginpeko eremuen lehengoratzeak izan duen arrakasta mailari.

Laugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo adierazgarririk sortuko denik proiektua gauzatzearen ondorioz. Horrenbestez, uste da ez dela beharrezkoa ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea Arabako Foru Aldundiak sustatu duen Gorbeiako harguneen eta Askargan gaineko kutxatilaren artean Amurrioko hoditeria berritzeko proiektu aldaturako.

Bosgarrena.– Ebazpen honen edukia Arabako Foru Aldundiari jakinaraztea.

Seigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Zazpigarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten hau indargabetu egingo da, eta utzi egingo dio ondorioak izateari, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren gehienez ere lau urteko epean ez bada proiektua baimendu. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 19a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala