Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

124. zk., 2021eko ekainaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3620

AGINDUA, 2021eko maiatzaren 27koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita Fundación Cidetec izeneko fundazioaren estatutuetan egindako aldaketa.

2021eko martxoaren 12an, eskabide bat sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean, Fundación Cidetec izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Aldaketa hori estatutuen 3. artikulua aldatzeko egin zen, fundazioaren helburuak zabaltzeko, hain zuzen ere. Fundazioaren patronatuak 2020ko azaroaren 26an erabaki zuen gehikuntza hori, eta eskritura publikoa egin zen 2021eko otsailaren 9an, Donostian, Enrique García-Jalón de la Lama notario jaunaren aurrean (protokolo-zenbakia: 186). Eskabideari espedienteko dokumentazioa erantsi zitzaion.

Erabakitako aldaketaren ondoren, estatutuen 3. artikulua honela idatzita geratuko da:

1.– Fundazioaren interes orokorreko helburuak honako hauek dira: gizartearen onura orokorra lortzea eta enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzea, ezagutza teknologikoa sortuz, I+G+b jarduerak eginez eta haren aplikazioa garatuz, bai eta kualifikazio handiko ikertzaile eta teknologoak industria-ehunean sustatzea eta sartzea ere.

2.– Hori lortzeko, fundazioak jarduera hauek egin ahal izango ditu:

a) Ikerketa eta garapen teknologikoko proiektuak eta programak jaso, diseinatu, kudeatu, garatu eta gauzatzea, batez ere elektrokimikaren arloetan, besteak beste:

● Energia biltegiratzea.

● Azaleren ingeniaritza.

● Nanomedikuntza.

● Elektrizitatearen material erdieroaleak eta eroaleak.

b) Enpresei eta gainerako gizarte-eragileei teknologia erabil dezaten laguntzea, bultzatzea eta erraztea, lehiakortasuna hobetzeko eta aberastasuna sortzeko tresna gisa.

c) Berrikuntzaren hedapena eta teknologiaren transferentzia.

d) Helburu jakin batzuetarako komeni diren jarduera-unitateak sortzea, garatzea eta kudeatzea, hala nola analisi-, kalibrazio- eta saiakuntza-laborategiak, ziurtapen- eta homologazio-laborategiak, industria-segurtasuna, berrikuntza eta prospektiba-laborategiak edo sendagai berriak garatzeko eta fabrikatzeko farmazia-laborategiak.

e) Prestakuntza eta informazio teknikoko jarduerak sustatzea eta egitea.

f) Ikertzaileak eta teknologoak sustatzea, enpresetan inplikatzeko eta sartzeko, industria-sarea hobetzeko eta modernizazio tresna gisa.

g) Eta, oro har, fundazioaren zuzendaritza-organoek agintzen dizkioten jarduera guztiak egitea, fundazioaren xede eta helburu orokorraren barruan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak erabakitako xedeen aldaketari berariazko onarpena emateko txostena egin du.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau agindu bidez ebaztea, hauekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien eginkizunak eta jardun-arloak zehazten dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Espedienteari funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 42. artikuluan aurreikusitako baldintzak. Horrenbestez, estatutuen aldaketa bat dator aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin.

Hori guztia kontuan hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Fundación Cidetec izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, agindu honen datarekin, Enrique García-Jalón de la Lama notario jaunaren aurrean, 2021eko otsailaren 9an egiletsitako eskritura publikoan aurreikusitako baldintzetan (protokolo-zenbakia: 186).

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, ondorioz, honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 27a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.


Azterketa dokumentala