Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

124. zk., 2021eko ekainaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
3619

EBAZPENA, 2021eko ekainaren 2koa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena; honen bidez arautzen da dirulaguntzak ematea, langile autonomoen artean laneko arriskuen prebentzioaren arloko prestakuntza sustatzeko, 2021. urtean.

Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak badaki langile autonomoen kolektiboan laneko arriskuen prebentzioaren gaineko prestakuntza eta kualifikazioa beharrezkoak direla.

Bestalde, Langile Autonomoaren Estatutuaren 20/2007 Legearen 8. artikuluko 2. puntuan ezartzen duenez: «Administrazio publiko eskudunek langile autonomoen berezitasunetara egokitutako prebentzio espezifikoko prestakuntza sustatuko dute».

Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen 2021. urteko Kudeaketa Planean ezarritako helburuen barruan, kolektibo horretan laneko arriskuen prebentzioa sustatzea sartzen da. Horretarako, langile autonomoen sektorean prestakuntza sustatu nahi da, helburu honetan inplikatuz kolektibo profesional honekin lan egiten duten ahalik eta elkarte profesional eta irabazi-asmorik gabeko erakunde gehien.

Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak hainbat eginkizun ditu, behar-beharrezkoak direnak laneko osasuna, higienea eta segurtasuna sustatzeko eta prebenitzeko bere helburuak betetzeko orduan. Horretarako, langile autonomoen prestakuntza sustatu eta indartzen du, deialdi honetan islatutako eta Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen 2021. urterako Plan Estrategikoan jasotako dirulaguntzaren bidez.

Dirulaguntzen plan estrategikoa Osalanen zuzendari nagusiaren 2021eko otsailaren 23ko ebazpenaren bidez onartu zen. Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen web-orrian argitaratuta dago, eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 8.1 artikuluko baldintzak betetzen ditu.

Printzipio horien ildotik, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legean jasotakoarekin, eta onetsitako gastu-kredituaz baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak langile autonomoen elkarte profesionalei eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei emango dizkien dirulaguntzak iragarri eta arautzea. Dirulaguntza horiek 2021eko ekitaldian zehar langile autonomoen artean laneko arriskuen prebentzioaren gaineko prestakuntza sustatzeko jardueretarako izango dira, jarraian azalduko diren baldintzetan xedatutakoari jarraikiz.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Aurreko artikuluko xedera bideratutako baliabide ekonomikoak Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen 2021. urterako aurrekontuen IV. kapituluan ezarritako aurrekontu-kreditutik etorriko dira, eta berrogei mila (40.000) euro izango dira, 3113 programako IV. kapituluaren bitartez bideratuta.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Ebazpen honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan ahalko dira langile autonomoen elkarte profesionalak eta irabazi-asmorik gabeko erakundeak.

4. artikulua.– Erakunde onuradunen baldintzak.

1.– Ezingo dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan xedatutako debeku-egoeraren batean dauden erakundeak.

2.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak 50. artikuluko 4., 5. eta 6. zenbakietan zehaztutakoa bete beharko dute erakunde eskatzaileek.

3.– Prebentzio Zerbitzuen Araudia onesten duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak 10. artikuluan xedatutakoa bete behar dute erakunde eskatzaileek.

4.– Laguntza-eskabidea aurkezten duelarik, eskatzaileak berariazko baimena emango du Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak zuzenean eskura dezan, ziurtagiri telematikoen bidez, azaroaren 17ko 38/2003 Legea arautzen duen Erregelamenduaren 18. eta 19. artikuluetan jasotako inguruabarren egiaztapena (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erregelamendu hori). Kasu horretan, eskatzaileak ez ditu ziurtagiri horiek aurkeztu beharko. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, hala eginez gero, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, aipatutako erregelamenduaren artikulu jakin horietan aurreikusitako baldintzetan.

5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen honek eragina duenetik aurrera, hau da, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik.

6. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta aurkeztea.

1.– Honako helbide honetan daude eskuragai izapideak egiteko jarraibideei buruzko administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, bai eta eskabidearen formularioa ere: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0048102

2.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak (sarbidea, izapidea eta jarraipena) «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Eskabidea elektronikoki izapidetu ahalko da, ordezkariaren bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

4.– Izapidetze elektronikoa hemen dago araututa: 21/2012 Dekretua, otsailaren 21ekoa, Administrazio Elektronikoarena; eta 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariarena, Informatika eta e-administraziorako plataforma teknologikoa –Platea– onartzen duena. Eskabidea, eransten zaion dokumentazioarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza koofizialetako edozeinetan aurkez daiteke. Halaber, prozedura guztian zehar, erakunde eskatzaileak aukeratu duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutako moduan.

5.– Formulario elektroniko normalizatuko eskabideak aukera hau ematen du: laguntza eskatzen duten erakundeek berariaz baimena ematea organo kudeatzaileari nortasun-agiri nazionalaren datuak edo identifikazio fiskaleko zenbakiari buruzkoak eta erregistro ofizialetako datuak eskura edo egiazta ditzan, laguntzak kudeatzeko ondorioetarako bakarrik, hargatik eragotzi gabe administrazio publikoak datuok egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko duen ahalmena. Hala ere, erakunde eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Baimena isilbidez emantzat joko da, baimen hori berariaz ukatzen ez bada.

6.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak 50.6 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, betebehar hauek egiaztatuko dira, eskabideari erantsitako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:

a) Lortu duela helburu bererako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo bestelako baliabiderik beste administrazio edo erakunde publiko edo pribaturen batetik.

b) Erakunde eskatzaileak ez duela administrazio- edo zigor-arloko zehapenik, laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzeko aukera galarazten dionik, edo ez dagoela sartuta legezko debekuren batean, dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera galarazita, sexu-arrazoiaren ziozko diskriminazioagatik sortu diren horiek barne, eta ez dagoela dirua itzultzeko prozeduraren batean edo prozedura zehatzaileren batean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan, prozedura hori oraindik ere izapidetze-fasean edo amaitu gabe egonik.

c) Erakunde eskatzaileak egunean duela dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa, eta ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 13.2 artikuluan ezartzen duen onuradun izateko galarazpenen batean sartuta.

d) Erakunde eskatzaileak prebentzio-modalitate bat eskatu duela, Prebentzio Zerbitzuen Araudia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak jasotakoaren arabera, eta arriskuen ebaluazioa egin duela edo egiten ari dela.

7.– Eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau erantsi beharko da:

a) Erakunde eskatzaileak legez eratuta egon beharko du, eta erakundearen legezko ordezkariak ordezkaritza-ahal nahikoa justifikatu beharko du, agiri hauek erantsita:

– Erakundearen fundazio-eskrituren eta estatutuen kopia eskaneatua edo, bestela, erregistro-ziurtagiri ofiziala, legez eratuta edo dagokion erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzeko.

– Ordezkaritza-ahal nahikoa egiaztatzeko notario bidez legitimatutako izenpea duen dokumentu publiko edo pribatuaren kopia eskaneatua. Erakundearen ziurtagiri elektroniko batekin identifikatzen bada, ez da beharrezkoa egiaztatzea ordezkaritza-ahal nahikoa duela izapideak ziurtagiriaren titular den erakundearen izenean egiteko.

b) Eskatutako prestakuntza-jardueren deskribapena eta aurrekontu ekonomikoa, I. eranskineko ereduaren arabera.

8.– IV. eranskinean, eskabideko prozeduretan dauden datuei buruzko informazioa ematen da.

7. artikulua.– Eskabideak zuzentzea.

1.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan ezarritakoari jarraituz, aurkeztu beharreko eskabideek eta dokumentuek ez badituzte betetzen deialdi honetan ezarritako baldintzak, edo haien edukia ez bada nahikoa, 10 eguneko epean gabezia hori zuzentzeko edo eskatutako dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio erakunde eskatzaileari, eta horrela egin ezean eskabideari uko egin diola ulertuko dela adieraziko zaio, betiere Administrazioak berariazko ebazpena eman eta jakinarazi ondoren.

2.– Akatsak zuzentzeko jakinarazpena elektronikoki egingo da. Jakinarazpenak «Nire karpeta» atalean kontsultatu daitezke (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/egoitza). Jakinarazpen hori egindakotzat joko da, interesdunak jaso izana elektronikoki izenpetzen duenean. Jakinarazpena bidali eta hamar eguneko epean interesdunak ez badu edukia eskuratu, ukatu egin duela ulertuko da, eta izapidea egindakotzat joko da prozeduraren arabera, non eta ez den egiaztatzen, ofizioz edo erakunde hartzaileak eskatuta, teknikoki edo materialki ezin izan dela jakinarazpen horren edukira sartu.

8. artikulua.– Jarduera diruz lagungarriak.

1.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunaren eta 2021eko azaroaren 30aren artean garatu diren prestakuntza-jarduera guztiak kontuan hartuko dira, eta nahitaez bideratu beharko dira Autonomoen Araubide Berezian alta emanda dauden langile autonomoen artean laneko arriskuen prebentzioaren gaineko prestakuntza sustatzera, betiere langile horien jarduera profesionalaren helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan badago.

2.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak aurrez aurre edo online saioetan eman ahalko dira. Online saioak «zuzeneko» saioak izan beharko dira. Horretarako, diruz lagunduko den jardueran aurreikusitako saio guztietan ikasleak eta profesionalak bertan direla bermatzeko sistema telematikoak edo aplikazioak erabiliko dira (online saio sinkronikoak). Jarduera horiek guztira gutxienez 30 ikastorduko prestakuntza-jardueretan gauzatu beharko dira.

3.– Prestakuntza-jardueretan, gutxienez honako eduki hauek jaso beharko dira:

I.– Laneko segurtasunari eta osasunari buruzko oinarrizko kontzeptuak.

a) Lana eta osasuna: arrisku profesionalak. Arrisku-faktoreak.

b) Lanak eragindako kalteak. Laneko istripuak eta gaixotasun profesionalak. Lanak eragindako beste patologia batzuk.

c) Oinarrizko arau-esparrua lan-arriskuen prebentzioaren arloan. Arlo horretako eskubideak eta betebeharrak.

II.– Arrisku orokorrak eta horien prebentzioa.

a) Segurtasun-baldintzei loturiko arriskuak.

b) Laneko ingurumenarekin lotutako arriskuak.

c) Lan-karga, nekea eta laneko atsekabea.

d) Arriskuen kontrolerako oinarrizko sistemak. Taldeko eta banakako babesa.

e) Larrialdi-eta ebakuazio-planak.

f) Langileen osasunaren kontrola.

III.– Arrisku espezifiko sektorialak eta horien prebentzioa.

IV.– Prebentzioaren kudeaketako oinarrizko elementuak.

a) Laneko segurtasunarekin eta osasunarekin lotutako erakunde publiko eta pribatuak.

b) Prebentzio-lana antolatzea: oinarrizko errutinak.

c) Dokumentazioa: jaso, landu eta artxibatzea.

V.– Lehen sorospenak.

4.– Laneko arriskuen prebentzioaren gainean goi-mailako prestakuntza duten langileek eman beharko dituzte prestakuntza-ekintzak, Prebentzio Zerbitzuen Araudia onartzen duen 39/1997 Errege Dekretuak VI. kapituluan ezarritakoaren arabera.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan eskaini beharko dira prestakuntza-ekintzak, eta horien edukian eta sortutako dokumentazioan genero-ikuspegia txertatu beharko da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.4 eta 18.4 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

6.– Prestakuntza-ekintzen garapenarekin lotutako jarduerak partzialki edo osorik azpikontratatu ahal izango dira, artikulu honetan ezarritako baldintzak betez, betiere hertsiki beharrezkoak baldin badira prestakuntza-jarduera egiteko.

7.– Ezingo dira diruz lagundu laneko arriskuen prebentzioaren gaineko araudiak eskatzen dituen prestakuntza-ekintzak eta jarduera profesional bat egiteko legez eskatutako ziurtagiria edo titulua igortzea eragiten duten edo beste titulazio batzuen (ofizialak edo ez ofizialak) parte diren ekintzak, besteak beste gradu-titulua, graduondoa, masterra edo antzeko beste tituluren bat tartean denean.

9. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Prestakuntza-jarduera bakoitzerako diruz lagunduko diren gehieneko zenbatekoak honela kalkulatuko dira:

Aurrez aurreko prestakuntza-jardueretarako:

Zenbatekoa (euro) = 200 x ikasleen kopurua

Online saio sinkronikoetan garatutako prestakuntza-jardueretarako:

Zenbatekoa (euro) = 150 x ikasleen kopurua

Kopuru horiek ezin izango dira izan 10.000 eurotik gorakoak aurrez aurreko jardueretarako eta 7.500 eurotik gorakoak online saio sinkronikoetan egindako horietarako. Horien barruan sartzen dira, edonola ere, prestakuntza-jarduera egiteko behar diren gastu guztiak.

2.– Aurrez aurreko saioetako ikasleen gehieneko kopurua une oro egokitu beharko da osasun-agintariek ezarritako araudira, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko neurrien arloan, kasuan kasuko prestakuntza-jarduera egiterako unean indarrean dauden horiek kontuan hartuta.

3.– Erakunde eskatzaile bakoitzak prestakuntza-jarduera bat baino gehiago aurkeztu ahal izango du; hala ere, dirulaguntza ahalik eta erakunde eskatzaile gehienengana iristea baloratuko da, 10. artikuluko 4. zenbakian ezarritakoaren arabera.

10. artikulua.– Laguntzen izaera, balorazioa eta adjudikazio-proposamena.

1.– Ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bidez gauzatuko dira, eta lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira.

2.– Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko Zuzendariordetza Teknikoari egokituko zaio, organo instrukzio-egilea den aldetik, aurkeztu diren eskabideak aztertzea eta deialdi honetako eskakizun espezifikoak betetzen direnetz egiaztatzea.

3.– Ebazpen honetan ezarritako aldez aurreko administrazio-baldintzak betetzen dituzten eskabide guztiak baloratuko ditu 12. artikuluan zehaztutako balorazio-batzordeak, 11. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.

4.– Dirulaguntza ahalik eta erakunde eskatzaile gehienengana iristen dela bermatzeko, eta prestakuntza-jarduera bat baino gehiago duten eskabiderik badago, balorazioaren lehen txanda bat egingo da. Bertan, eskabideetako bakoitzeko lehen prestakuntza-jarduera baloratuko da, I. eranskinean ezarritako hurrenkera-zenbakiaren arabera. Lehen balorazio horren emaitzari jarraikiz eskabideen zerrenda ezarriko da, lortutako puntuazioaren arabera, eta puntuazio gehien lortu diren horiek baietsiko dira. Eskatutako kopuruak puntuazio-hurrenkeraren arabera onartuko dira, harik eta aurrekontu-kreditua agortzen den arte edo, harik eta aurrekontu-kreditu soberakina, aurreko eskabideen gastuak onartu ondoren, ezarritako puntuazio-ordenaren arabera, aski ez den arte hurrengo eskabidearen aurrekontuetan ezarritako gastuak onartzeko. Lehen balorazio-txanda horren ostean aurrekontu-kreditua agortuko ez balitz, bigarren txanda bat egingo litzateke, eta era berean baloratuko lirateke eskatutako bigarren jarduerak, I. eranskinean ezarritako hurrenkera-zenbakiaren arabera. Halaber, puntuazio gehien lortu duten horietan eskatutako kopuruak onartuko dira, lehen balorazio-txandan bezala, eta, halaxe egingo da, hurrenez hurren, eskatutako gainerako jarduerekin.

5.– Eskabideak baloratzeko prozesuan zehar, balorazio-batzordeak, egoki baderitzo, erakunde eskatzaileei eskatu ahal izango die egoki deritzon dokumentazio osagarria aurkez dezatela.

6.– Balorazio-batzordeak dagokion adjudikazio-proposamen arrazoitua igorriko dio Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari.

11. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Prestakuntza-jarduerei gehienez 70 puntu emango zaizkie, honako irizpide hauen arabera:

a) Material eta baliabide didaktikoak:

– Baliabide didaktikoak: Ordenagailuak, proiektoreak, pantailak, softwareak eta abar, material didaktikoaren aurkezpen eta garapenerako: gehienez 10 puntu.

– Material didaktikoak: Ikastaroko gai bakoitzean erabilitako material didaktikoen deskribapen xehatua baloratuko da, bai eta material horiek garatzen diren edukietara egokitzen diren ere:

– Ikus-entzunezkoak (bideoak eta aurkezpen animatuak): gehienez 5 puntu.

– Beste baliabide didaktiko batzuk: testu infografikoak, foroak, ohiko galderak, ikasleei entregatutako dokumentazioa, kasu praktikoak: gehienez ere 5 puntu.

b) Prestakuntza-jarduerako ikasleen kopurua baloratuko da, honako irizpide hauen arabera:

– 10 arte: puntu 1.

– 11 eta 30 bitartean: 2 puntu.

– 31 eta 40 bitartean: 3 puntu.

– 41 eta 50 bitartean: 4 puntu.

– 50 baino gehiago: 5 puntu.

c) 30 ikastordutik gora dituzten ikastaroetan emandako ikastorduak honako formula honen arabera baloratuko dira, gehienez 5 puntu emanda:

(Ikus .PDF)

d) Memoria ekonomikoa:

– Finantza-baliabideak aurreikusitako produktura eta aurreikusitako bitartekoetara egokitzen diren: gehienez 10 puntu.

– Kontzeptu desberdinen zehaztasunak eta horiei egotzitako gastuen banaketaren koherentzia eta errealismoa: gehienez 10 puntu.

e) Irakasleak:

– Irakasleen esperientzia profesionala laneko arriskuen prebentzioaren arloan prestakuntza ematen. Irakasleen esperientziari gehienez 10 puntu emango zaizkio, honako formula honen arabera:

(Ikus .PDF)

– Irakasleek emakumeen eta gizonen berdintasunaren gainean duten prestakuntza: gehienez 10 puntu.

Formula honekin baloratuko da:

(Ikus .PDF)

Irakasleen prestakuntza eta esperientzia egiaztatzeko, kasuan kasuko ziurtagiriak edo/eta titulazioak aurkeztuko dira. Agiri horiek eskaneatuta sartu ahalko dira eskabide elektronikoko «Eskatutako agiri-motak» ataleko «beste dokumentu batzuk» arloan.

12. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Balorazio-batzorde bat eratu da, eta hura izango da emakida-proposamena egiteko ardura duen kide anitzeko organoa. Proposamen hori Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari igorriko zaio.

2.– Honako hauek izango dira balorazio-batzordeko kide:

Batzordeburua:

Francisco Javier Inda Ortiz de Zárate, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendariorde teknikoa.

Kideak:

Raquel Raposo Acevedo, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko berdintasuneko teknikaria.

Jose Luis González Iglesias, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko laneko arriskuen prebentzioko teknikaria.

Arantza Lijó Bilbao, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko laneko osasunaren unitateko medikua.

Carlos Fernández Diez, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko laneko arriskuen prebentziorako teknikaria.

3.– Batzordebururik ez badago, hura kanpoan edo gaixorik baldin badago, edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, maila, antzinatasun eta adin handieneko batzordekideak ordeztuko du batzordeburua, betiere, hurrenkera horretan, bat etorriz Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 19. artikuluan xedatutakoarekin.

4.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 16. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, kideen arteko bat izango da balorazio-batzordeko idazkaria. Idazkaria ez badago, kanpoan bada edo gaixorik baldin badago, beste batzordekide batek hartuko du haren lekua aldi baterako.

13. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Ebazpen honetan araututako laguntzak bateragarriak dira administrazio honek, beste administrazio batzuek edo beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek helburu bererako eman ditzaketenekin. Edonola ere, erakunde onuradunek Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari jakinarazi beharko diote dirulaguntza horiek eskuratu izana.

2.– Emandako laguntza eta dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu egindako jardueraren kostu osoaren % 100, jarduera horrexetarako diren beste dirulaguntzak edo finantzatutako ekintza horretan bertan lortutako diru-sarrerak ere kontuan hartuta.

14. artikulua.– Esleipenaren ebazpena.

1.– Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak adjudikatu edo ukatuko du eskatutako laguntza, ebazpen bidez. Ebazpenak arrazoitua izan beharko du, eta dirulaguntzen onuradunen eta ez-onuradunen zerrenda jaso beharko du, baita dirulaguntzen zenbatekoa eta haiei loturiko baldintzak ere.

2.– Ebazpen hori eta bere aldaketak alderdi interesdunei jakinaraziko zaizkie, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira gero. Era berean, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen web-orrian iragarriko dira. Jakinarazpenak bide elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Elektronikoari buruzko Dekretuak (otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak) 30. artikuluan xedatutakoaren arabera.

3.– Ebazpen honen babespean aurkeztutako eskabideei buruzko ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, ebazpenak indarra hartzen duenetik aurrera. Epe horretan ez bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi, ezetsitzat har daitezke eskabideak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe administrazioak berariazko ebazpena eman beharra.

4.– Adjudikazio-ebazpenaren jakinarazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, ebazpen horren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu dakioke Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3 eta 46.1 artikuluetan ezarritakoari jarraikiz. Berariazko ebazpenik ez badago, errekurtsoa jartzeko epea sei hilabetekoa izango da, ustezko egintza gertatu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera.

5.– Dirulaguntzak eman eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko, amaituta eduki behar dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntza publikoak itzultzeko prozedura nahiz zigor-prozedura guztiak, prozedura horiek oraindik izapide-aldian badaude behintzat.

6.– Jakinarazpen elektronikoak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

15. artikulua.– Adjudikazio-ebazpena aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak baimenik gabe aldatuz gero, litekeena da laguntza emateko ebazpen hori aldatzea edo bertan behera uztea. Erakunde onuradunak Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren V. Tituluan aurreikusitako arau-hauste eta zehapenen araubidea bete beharko du.

2.– Adjudikazio-ebazpenean zehaztutako epean eta moduan egin beharko dira jarduerak. Alabaina, dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintza teknikoak edo ekonomikoak aldarazteko moduko gorabeherarik gertatuz gero, betiere aldaketak dirulaguntzaren helburuei eragiten ez badie, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak behar den aldatze-ebazpena emango du eta emandako dirulaguntzen zenbatekoak birdoitu. Erakunde edo pertsona onuradunek soberan jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozeduraren arabera (dekretu horrek ezarri zuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra; halaber, horiek kudeatzen parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak finkatu zituen).

3.– Finantzatutako jardueraren balantze ekonomikoa –gastu eta diru-sarrera guztiak kontuan hartuta– aurrekontuan jasotakoa baino txikiagoa denean, sortutako gastu errealari egokituko zaio dirulaguntza, era proportzionalean.

16. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea eta justifikazio-prozedura.

1.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean jasota egon beharko du. Alta eman edo hirugarren interesduneko datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrengoentzako erregistro telematikora jo beharko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/

2.– Dirulaguntza onartzeko izapideak bete ostean, hautatutako prestakuntza-jardueraren kostuaren % 50aren ordainketa aurreratu bat egingo da, prestakuntza-ekintza burutzeko jarduerak egiten hasteko beharrezko finantzazio gisa. Ordainketa aurreratu hori 2021eko ekitaldian gauzatuko da.

3.– Prestakuntza-jarduera egiteko epea amaitutakoan, eta 2021eko abenduaren 9a baino lehen, eta onartutako prestakuntza-jardueraren kostuaren gainerako % 50a ordaindu aurretik, erakunde onuradunek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Onartutako aurrekontua justifikatzeko fakturak eta memoria ekonomikoa.

b) Prestakuntza-jardueraren aprobetxamendu-ziurtagiria, II. eranskineko ereduaren arabera.

c) Inkestak, III. eranskineko ereduaren arabera, prestakuntza-jarduerako ikasleek beteta.

4.– Prestakuntza-jarduerarako onartutako aurrekontuan aurreikusitako gastuak justifikatzeko, fakturak eta froga-balioa duten bestelako agiriak aurkeztuko dira, merkataritza-trafiko juridikoan baliozkotasuna dutenak edo eraginkortasun administratiboa dutenak, aurrekontuan islatutako gastua benetan egin dela egiaztatzeko. Fakturek harreman zuzena eduki beharko dute diruz lagundutako jarduerekin, eta, horietan, finantzatu daitezkeen kontzeptuak agertu beharko dira, bereizita eta banakatuta.

5.– Fakturetako edo agirietako gastuaren data ezin da izan 2021eko azaroaren 30a baino geroagokoa.

6.– Ez da ordainketarik egingo onuraduna egunean ez badago zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari dagokionez, edo zorduna bada itzulketa bidezkoa dela adierazteko ebazpen bidez.

17. artikulua.– Jardueren jarraipena eta kontrola.

Ebazpen honetan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko eta egiten ari diren eta egin diren jarduerak egiaztatzeko, beharrezkoak diren jarraipen-jarduerak gauzatuko dituzte aldian-aldian Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko langileek. Ildo horretan, erakunde onuradunak behartuta egongo dira Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazioa ematera.

18. artikulua.– Ez-betetzeak, erantzukizunak eta dirua itzultzeko prozedura.

Dirulaguntzaren erakunde onuraduna Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 37. artikuluan ezarritako egoeraren batean egonez gero, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak 53.1 artikuluan ezarritako kasuetako batean, edo Dirulaguntzei buruzko Araudi Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak 91., 92. eta 93. artikuluetan ezarritako kasuren batean, edo ebazpen honetan eta aplika daitezkeen gainerako arauetan nahiz dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako arauak bete ezean, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak ebazpen bat emango du, eta, horren bidez, honako hau adierazi: ordaintzeko dauden kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela erakunde onuradunak, eta, hala badagokio, ordura arte jasotako zenbatekoak eta dirulaguntza ordaintzen denetik aurrera sortutako legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkiola, hargatik eragotzi gabe bidezko beste akzio batzuk, betiere abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa betez (dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzen du eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta obligazioak ezartzen ditu). Diru-kopuru horiek sarrera publikotzat hartuko dira, dagozkien legezko ondorioetarako, eta erantzukizun-araubide hau aplikatuko zaie: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 64. artikuluan ezarritakoa eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 52. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoa.

19. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan jasotako eginbeharrak eta deialdi honetan zehaztutakoak bete beharko dituzte erakunde onuradunek. Erakunde onuradunek egunean eduki beharko dituzte zerga-betebeharrak eta gizarte-segurantzarekikoak, eta azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2.g) artikuluan ezarritakoaren arabera, erakunde eskatzaileak egunean eduki beharko du dirulaguntza itzultzearen ziozko betebeharren ordainketa, bai onuradun izaera eskuratzeko, bai onuradun izaerari eusteko, harik eta emandako dirulaguntza likidatzen den arte.

2.– Erakunde onuradunek bete egin beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 14. eta 16. artikuluetan ezarritako betebeharrak, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51. artikuluko 1. atalean jasotakoak.

3.– Prestakuntza-jardueren testuinguruan sortutako argitalpen, liburuxka, agiri eta euskarri informatiko guztietan, oro har, berariaz aipatu beharko da Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak diruz lagundu izana, hauetan xedatutakoa betez: abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan jasotako Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Araudia (dekretu horren bidez arautzen da Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua) eta Lehendakaritzako idazkari nagusiaren 2013ko uztailaren 2ko Ebazpena, zeinen bidez sartzen baitira azken aldaketak Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan (2013ko uztailaren 31ko EHAA, 145. zk.).

4.– Erakunde onuradunek, hala badagokio, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari erraztasunak emango dizkiote, egindako jarduerak ikuskatzeko.

5.– Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari aldez aurretik jakinarazi beharko zaio diruz lagundutako prestakuntza-jardueretan aurreikusitako baldintzetan egon den aldaketa oro.

20. artikulua.– Datuen tratamendua.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta honako izen hau duen tratamendu-jardueran sartuko dira: Prestakuntza.

Arduraduna: Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea.

Xedea: Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak antolatutako edo/eta diruz lagundutako ikastaro eta jardunaldien kudeaketa eta ziurtapena.

Legitimazioa: Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean burututako eginkizun bat betetzeko.

Hartzaileak:

– Ogasun publikoa eta zerga-administrazioa.

– Legezko interesdunak.

– Ikastaroak egin dituzten langileak dituzten enpresak.

Eskubideak: Eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk baliatzeko ere.

Informazio gehigarria: Gure webgune honetan kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/063000-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra:

https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa:

https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honetan berariaz ezarrita ez dagoen guztian, arau hauetako xedapenak aplikatuko dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beraz, beronen aurka hautazko berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean; bi kasuetan, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da epea kontatzen. Administrazio Publikoen Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3 eta 46. artikuluetan ezarritakoaren arabera egingo da hori.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Barakaldo, 2021eko ekainaren 2a.

OSALANeko zuzendari nagusia,

MARÍA LOURDES ISCAR REINA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala