Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

123. zk., 2021eko ekainaren 23a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3579

AGINDUA, 2021eko ekainaren 16koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez malgutze-neurri hauek hartzen baitira Gauzatu-Industria, Gauzatu-Kanpoko ezarpenak, Indartu, Bideratu, Bideratu Berria eta Bideratu COVID-19 programen esparruan: itzulketak geroratzea eta inbertsioak egiteko eta enplegua sortzeko epeak luzatzea.

Sail honen hainbat aginduren bidez, aurrerakin itzulgarrien deialdia egin da, hala nola laguntza-programa hauek: Gauzatu-Industria, oinarri teknologikoa duten edota berritzaileak diren ETEen sorrera eta garapena bultzatzeko; Gauzatu-Kanpoko ezarpenak programa, EAEko enpresak atzerrian sortzeko eta garatzeko laguntza itzulgarriak ezartzen dituena; Bideratu, Bideratu Berria eta Bideratu COVID-19, krisialdian –azkena, COVID-19ren eragin ekonomikoaren ondoriozkoa– dauden enpresak berregituratzeko eta bultzatzeko laguntzak ematen dituena.

Gainera, Indartu Programa ere aipatu behar da. Horren bidez, Nerbioi itsasadarraren ezkerraldea eta Oiartzualdea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batezbestekoaren % 20tik gorako langabezia-tasa duten beste udalerri batzuk ere bultzatzeko, itzuli beharrik gabeko laguntzak ezartzen dira lehiakortasuna hobetzera eta garapen ekonomikora bideratutako ekoizpen-inbertsioak egiten dituzten enpresentzat.

Euskadik pandemiaren ondorioak pairatzen jarraitzen du. Izan ere, 2020ko martxoan COVID-19ak eragindako pandemia hain bortizki lehertu zenetik, azkar hedatu da, eta aurrekaririk gabeko krisi-egoera bat sortu da. Krisi horrek atzera egin ezinean jarraitzen du, kutsatze-boladetan ezarritako murrizketak lagun: horiek eragin nabarmena izan dute ekonomiaren jardueran, eta ekonomiaren susperraldia motela izan dadin faktore esanguratsua dira.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2020ko martxoaren 24ko Aginduak arautzen zituen bai dirulaguntza itzulgarriak itzultzeko egutegiaren eta inbertitzeko eta enplegua sortzeko aldiaren aparteko geroratze-eskaera, Gauzatu-Industria, Bideratu/Kanpo-ezarpenak, Bideratu eta Bideratu Berria programen onuradunei zegokienez, bai eta Indartu programako ordainketa aurreratzeko neurriak ere, COVID-19aren inpaktu ekonomikoari aurre egiteko.

Beste krisi batzuetan ez bezala, enpresak ahalegin handiak egiten ari dira egungo krisi honetatik eratorritako zailtasunak ahalik eta hobekien gainditzeko, batzuk irauteko eta beste batzuk negozio-aukera berriak bilatzen hasteko, bai produktuaren bidetik, bai merkatuaren bidetik, etab.; hala, beren lehiakortasuna hobetzeko lanean ari dira, eta, aldi berean, testuinguru ekonomikoa pairatzen ari den krisiaren oldarrari eusten. Gauzak horrela, bideragarritasunari eusteko asmoz, enpresek inbertsioak egiten jarraitzen dute, proiektu berritzaileak eta eraldatzaileak egiten, zailtasunak gainditzen, betiere iraupenean eta lehiakortasunean sakontzeko helburuarekin.

Eusko Jaurlaritzak, enpresak beren kabuz egiten ari diren ahaleginetan laguntzeko asmoz, lehiakorrak izateko gaitasuna duten enpresak eta jarduera-sektoreak sendotu nahi ditu, bideragarriak izaten jarrai dezaten, lehenbailehen suspertu ahal izan daitezen eta posizionamenduari eta lehiakortasunari euts diezaieten.

Ildo horretan, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, inbertsiora eta enpresak berregituratzera bideratutako zenbait laguntza-programaren kudeatzaile eta sustatzaile den aldetik, beharrezkotzat jotzen du programen eskakizunak malgutzeko neurriak ezartzea, likidezia- eta kaudimen-tentsioak saihesteko eta haien iraupena eta jarraipena errazteko.

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

1 artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da malgutze-neurriak hartzea itzulketak geroratzeko datei eta inbertsioak eta egiteko eta enplegua sortzeko egikaritze-epeak luzatzeari dagokionez, Gauzatu-Industria, Gauzatu-Kanpoko ezarpenak, Indartu, Bideratu, Bideratu Berria eta Bideratu COVID-19 programen enpresa onuradunek likidezia- eta kaudimen-tentsiorik ez izateko.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Neurri hauen enpresa hartzaileak izango dira, soilik, honako programa hauen indarreko edozein deialdiren babesean jada onuradun direnak:

a) Gauzatu-Industria, oinarri teknologikoa duten edota berritzaileak diren ETEak sortzeko eta garatzeko laguntza itzulgarriak ematen dituena.

b) Bideratu eta Bideratu Berria, krisian dauden enpresak berregituratzeko eta bultzatzeko laguntzak ezartzen dituena.

c) Bideratu COVID, COVID-19aren inpaktu ekonomikoaren eraginez krisian dauden enpresak berregituratzeko eta bultzatzeko laguntzak ezartzen dituena.

d) Indartu, Nerbioi itsasadarraren ezkerraldea eta Oiartzualdea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batezbestekoaren % 20tik gorako langabezia-tasa duten beste udalerri batzuk ere bultzatzeko laguntzak ezartzen dituena, lehiakortasuna hobetzera eta garapen ekonomikora bideratutako ekoizpen-inbertsioak egiten dituzten enpresentzat.

Era berean, EAEko enpresak atzerrian ezartzea sortzeko eta garatzeko laguntza itzulgarrien Gauzatu-Kanpoko ezarpenak programaren esparruan, agindu honen 3. artikuluko neurriak hartuko dira kontuan 2019ko eta aurreko ekitaldietako deialdien enpresa onuradunen kasuan.

2.– Gauzatu-Industria, Gauzatu-Kanpoko ezarpenak, Indartu, Bideratu, Bideratu Berria eta Bideratu COVID-19 programei atxikitako erakundeek malgutze-neurrien onuradun izateko, egunean izan beharko dituzte Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, bai eta dirulaguntzak itzultzeari dagozkion betebeharren ordainketak ere.

Betebehar horiek betetzen direla automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, programa horiek kudeatzen dituen organoak, salbu eta onuraduna modu arrazoituan aurka agertzen bada, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legean ezarritakoarekin bat etorriz, eta, orduan, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko du.

3.– Onuradun izateko, behar bezala egiaztatu beharko dute krisiaren eragina, hau da, itzulketa-betebeharrei aurre egitea eragozten edo zailtzen dieten jarduerarik gabeko aldiak, fakturazioa galtzea, eskaerak murriztea, hornidura-katean etenaldiak egitea eta abar jasan izana edo jasaten ari izatea. Enplegu-murrizketaren kasuan, aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente baten bidez justifikatuta egon beharko du.

4.– Gauzatu-Industria, Gauzatu-Kanpoko ezarpenak, Indartu, Bideratu, Bideratu Berria eta Bideratu COVID-19 programen erakunde onuradunek, agindu honek eragiten dienean izan ezik, jasotako laguntzak ematea arautu zuten xedapenetako bakoitzean xedatutakoari jarraituko diote.

3. artikulua.– Malgutze-neurrien tipologia.

1.– Laguntza itzulgarrien itzulketa-kuotak geroratzeko jarduketak.

Laguntza itzulgarrien itzulketen egutegiari dagozkion epeak aldatu ahal izango dira, laguntza-programa hauetako bakoitza emateko ezarritako borondatezko epeari dagokionez, itzultzeko beharra honela aldatuta:

a) Gauzatu-Industria programa.

Itzulketa horiek borondatezko epean sorrarazten dituzten deialdi guztietarako, 2021eko uztaileko eta 2022ko otsaileko kuotak itzultzeko betebeharra, dirulaguntza ematerakoan ezarritako egutegiko azken kuotara arte edo, halakorik badago azken luzapenera arte atzeratu ahal izango da.

b) Gauzatu-Kanpoko ezarpenak programa.

Itzulketa horiek borondatezko epean sorrarazten dituzten deialdi guztietarako 2022ko otsaileko kuota itzultzeko betebeharra, dirulaguntza ematerakoan ezarritako egutegiko azken kuotara arte edo, halakorik badago azken luzapenera arte atzeratu ahal izango da.

c) Bideratu eta Bideratu Berria programa.

Itzulketa horiek borondatezko epean sorrarazten dituzten deialdi guztietarako, 2021eko uztaileko eta 2022ko otsaileko kuotak itzultzeko betebeharra, dirulaguntza ematerakoan ezarritako egutegiko azken kuotara arte edo, halakorik badago azken luzapenera arte atzeratu ahal izango da.

d) Bideratu COVID-19 programa.

Urtebete arteko gabealdi gehigarria eman ahal izango da, programa hau arautzen duen aginduan ezarritakoaren aldean, kuotak borondatezko aldian itzultzen hasten direnetik hasita. Itzulketak 2023an hasiko dira eta 2027an amaituko.

Hala ere, Ekonomia eta Ogasun Sailak emandako zatikatze-ebazpen baten mende dauden itzulketak agindu honetatik kanpo geratzen dira.

2.– Inbertsioa egiteko eta enplegua sortzeko aldiaren luzapen-jarduketak.

Inbertsioak egiteko eta enplegua sortzeko edo mantentzeko aldia luzatu ahal izango da, betiere emakidari lotutako exekuzio-fasea amaituta ez badago, ohiko luzapena barne (halakorik balego).

a) Gauzatu-Kanpoko ezarpenak programa.

2022ko abenduaren 31ra arteko geroratzea eman ahal izango da, hargatik eragotzi gabe geroago luzapenak onartzea, kasuan kasuko laguntzak ematea arautzen duten xedapenen arabera eman litezkeenak.

b) Gauzatu-Industria programa eta Indartu programa.

Inbertsioak egiteko eta enplegua sortzeko edo mantentzeko aldian 6 hilabetera arteko geroratze gehigarri bat eman ahal izango da, hura amaitzen den egunetik aurrera, ohiko luzapena barne, halakorik balego.

c) Bideratu COVID-19 programa.

Hasieran ezarritako epea, 2020ko abenduaren 31 artekoa, gehienez ere 24 hilabetez geroratu ahal izango da, enplegu-sorreraren helburua betetzeko, bai eta arauan eskatzen diren eta planean jasota dauden neurriak betetzeko ere. Exekuzio-epe berria, gehienez ere, 2022ko abenduaren 31ra arte luzatuko da.

Programa honen ondorioetarako, enplegu-suntsiketatzat hartuko da % 25eko desbideratzea dagoenean, ekitaldi bakoitzeko batez besteko plantillaren kalkulua erreferentziatzat hartuta.

4. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Laguntza itzulgarriei dagozkien itzulketa-kuotak geroratzeko edo inbertsioak egiteko eta enplegua sortzeko aldia luzatzeko, enpresa eskatzaileek, betiere laguntza emateko ebazpenean eta luzapenetan (kasua bada) hasieran aurreikusitako epeak amaitu baino lehen, kuotak itzultzeko epeak eta inbertsioak egiteko eta enplegua sortzeko epeak aldatzeko eskaera aurkeztu ahal izango dute, deialdia edozein dela ere, eta dirulaguntza eman zuen organoak berariaz onetsi beharko du eskaera hori.

2.– Bete behar den eskabidean, pertsona edo erakunde eskatzailearen sinadura aitortuaz gain, dokumentazio gehigarri hau aurkeztu beharko da:

a) Laguntza itzulgarrien itzulketa-kuotak geroratzeko:

– COVID-19k eragindako krisiaren ondorioz hurrengo mugaegunean laguntza itzulgarria itzultzeko zailtasunak dituela justifikan duen memoria.

– Egoera-balantzea eta ustiapen-kontua, eskaeraren aurreko hilaren amaierakoa.

– Azalpen-memoria kualitatiboa eta kuantitatiboa, 19-COVID-eko krisiak eragindako afekzioari buruzkoa, balorazio ekonomikoa eta finantzarioa barne.

– Datozen hilabeteetarako aurreikusitako jarduera-plana, ondorio horiek arintzeko.

– 2020ko ekitaldiko urteko kontu ikuskatuak edo sozietateen gaineko zerga.

b) Inbertsioa egiteko eta enplegua sortzeko aldia luzatzeko:

– Egindako inbertsioen justifikazio-memoria. Bertan, gutxienez, egindako inbertsioak eta gastuak eta egiteko daudenak jasotzen dituen taula bat jasoko da. Era berean, eskaera egin arte enpleguak izan duen bilakaera jasoko da (ABEEE bat aplikatu bada, erantsi dokumentazioa), eta sexuaren arabera banakatu beharko da.

– Laguntza emateko ebazpenean ezarritako aldian inbertsioaren eta enpleguaren baldintzak betetzeko dituzten zailtasunen memoria xehatua.

3.– Eskabideak eta gainerako dokumentuak aurkezteko eta eskabidearen osteko izapideak egiteko –jakinarazpenak barne– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» erabiliko da (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).

4.– Eskabidea, eskatzen den dokumentazioarekin batera, aukeratzen den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskabidea aurkeztu ondoko jardueretan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearekin bat etorriz.

5.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasi, eta 2021eko abenduaren 30ean amaituko da, 12:00etan.

5. artikulua.– Ebazteko epea.

1.– Prozedura ebazteko eta ebazpena erakunde eskatzaileei jakinarazteko gehieneko epea hilabete batekoa izango da, eskaera aurkeztu denetik aurrera; epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, laguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutako ondoreetarako.

2.– Eskabidean jarri beharreko daturen bat edo aurreko artikuluan zerrendatutako agiriren bat falta dela edo akatsen bat dagoela hautemanez gero, erakunde interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzendu edo beharrezkoak diren agiriak aurkez ditzala 10 eguneko epean. Halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, dagokion organoak aurretiaz ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz.

3.– Eskabideak baiesten dituzten ebazpenek itzulketa-kuoten egutegia edota inbertsioa eta enplegua sortzeko egutegia berregokituko dute.

Ebazpena banaka jakinaraziko zaio enpresa interesdun bakoitzari; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»ren bidez egingo da hori (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta), edo deialdi bakoitzerako ezartzen diren baliabide elektronikoen bidez.

4.– Inbertsioak eta enplegua egikaritzeko aldiak aldatzeko ebazpenak Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzak jakinaraziko dizkie horien kudeaketa teknikoan eta finantzarioan laguntzen duten erakundeei, hau da, Basque Trade & Investment, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia, IVF-Finantzen Euskal Institutua eta SOCADE-Garapenerako Kapital Sozietatea, egoki diren neurriak har ditzaten.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 16a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana