Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

121. zk., 2021eko ekainaren 21a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
3520

EBAZPENA, 2021eko ekainaren 1ekoa, Segurtasuneko sailburuordearena, Euskadiko segurtasun pribatuaren arloan 2020. urteari dagozkion ohorezko aipamenak emateko prozesuaren deialdi berriari buruzkoa.

Euskal Autonomia Erkidegoak segurtasun pribatuaren arloan dituen eskumenak arautzen dituen urriaren 21eko 207/2014 Dekretuaren 11. artikuluan jasota dagoenez, beren betebeharrak betetzean nabarmentzen diren segurtasun pribatuko langileei Segurtasun Saileko ohorezko aipamenak eman ahal izango zaizkie; ohorezko aipamen horiek merituzko ekintzen arrisku-ezaugarri bereziak, nekagarritasuna, ekimen profesionala eta gizarte-garrantzia kontuan hartuta emango dira, ofizioz edo, bestela, partikularren, langileak kide diren enpresen edo segurtasun pribatuarekin zerikusia duten beste erakunde batzuen ekimenez.

Segurtasuneko sailburuordeari dagokio ohorezko aipamen horiek ematea, Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 6/2021 Dekretuaren 14.3.h) artikuluan ezarritakoaren arabera.

Segurtasuneko sailburuaren 2016ko martxoaren 1eko Aginduak, Euskadiko segurtasun pribatuaren esparruan ohorezko aipamenak emateari buruzkoak, ohorezko aipamenak emateko prozedura onartzen du. Hala, segurtasun pribatuko langileei, ohorezko kondekorazioak eta ohorezko sariak jasotzeko eskubidea aintzatesten die; segurtasun pribatuko enpresei, diplomak jasotzekoa; eta pertsona fisikoei, instituzioei, korporazioei, erakundeei eta establezimendu publikoei nahiz pribatuei, ohorezko plakak jasotzekoa.

Segurtasuneko sailburuaren 2016ko martxoaren 1eko Aginduaren 8.2 artikuluan xedatutakoa betez, Segurtasuneko sailburuordearen 2021eko urtarrilaren 15eko Ebazpenaren bidez, Euskadiko segurtasun pribatuaren esparruan 2020. urteko ohorezko aipamenak emateko prozesurako deialdia egin zen.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez, SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko alarma-egoera deklaratu zen –ondoren, alarma-egoera hori luzatu egin zuen azaroaren 3ko 956/2020 Errege Dekretuak–; hala, alarma-egoera 2020ko azaroaren 9ko 00:00etatik 2021eko maiatzaren 9ko 00:00etara luzatu zen. Data hori aurreko deialdiaren amaiera-data baino geroagokoa da.

Alarma-egoeraren luzapena amaitu ondoren, beharrezkoa da beste deialdi bat egitea. Izan ere, aldi horretan bizi izandako egoera dela eta, Segurtasuneko sailburuordearen 2021eko urtarrilaren 15eko Ebazpenaren bidez egindako deialdiaren xede ziren pertsonek edo erakundeek ezin izan dute ohiko jarduera egin, eta deialdi horretan ezin izan dute normaltasunez parte hartu.

Gainera, kontuan izan behar da ohorezko aipamenak emateko ez dagoela inolako muga kuantitatiborik, ez eta numerus claususik ere, ezein modalitatetan, eta ez dela norgehiagokaren bidez ematen. Hori dela eta, deialdi berri honek ez die inolako eskubide edo betebeharrik murrizten aurreko deialdian eskabideak aurkeztu dituzten erakundeei, egungo baldintzetan mantentzen baitira, eta berriro aurkez daitezkeenei gehituko zaizkie.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskadiko segurtasun pribatuaren esparruan ohorezko aipamenak emateko prozesu berri baterako deialdia egitea, 2020rako, honako lau modalitate hauetan:

a) Ohorezko kondekorazioa.

b) Ohorezko saria.

c) Diploma.

d) Ohorezko plaka.

Bigarrena.– Aipamenak emateko prozedura, horien xedea eta helburua, horiek emateko balorazio-irizpideak, eta halakoak jasotzeko pertsonek eta erakundeek egiaztatu beharreko betekizunak eta aurkeztu beharreko agiriak Segurtasuneko sailburuaren 2016ko martxoaren 1eko Aginduan finkatuta daude, Euskadiko segurtasun pribatuaren esparruan ohorezko aipamenak emateari buruzkoan.

Hirugarrena.– Nolanahi ere, proposamena egiten duenak bere burua identifikatu behar du; proposatutako pertsona edo entitatea zehaztu eta, segurtasun pribatuko langilea bada, lan egiten duen segurtasun-enpresa identifikatu; proposatzen den aipamenaren kategoria (ohorezko kondekorazioa, ohorezko saria, diploma edo ohorezko plaka); proposamena zer ekintzatan oinarritzen den azaltzeko memoria eta, halakorik balego, horren frogagarri den dokumentazioa.

Laugarrena.– Aipamenen modalitate guztietarako proposamenak aurkezteko epea 2021eko uztailaren 30ean amaituko da.

Bosgarrena.– Eskabideak honako leku eta era hauetan aurkeztu behar dira:

a) Pertsona fisikoek bai aurrez aurre bai modu elektronikoan aurkez ditzakete eskabideak:

– Aurrez aurre: Eusko Jaurlaritzako Herritarren Arretarako bulegoetan (Zuzenean zerbitzuan) aurkeztuko dira: Bizkaian (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbo); Gipuzkoa (Andia 13, 20003 Donostia), eta Araba (Ramiro Maeztu 10 beh., 01008 Vitoria-Gasteiz).

– Modu elektronikoa: eskaerak modu elektronikoan aurkeztu beharko dira egoitza elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1042606

Bide elektronikoa erabiliz gero, gune honen bitartez egin beharko dira eskaeraren ondorengo izapideak: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

Eskaera izapidetzeko edota dokumentazioa aurkezteko aukeratutako bideak (aurrez aurrekoa edo elektronikoa) ez dakar prozedurako hurrengo izapideetan ere nahitaez bide hori bera erabili behar izatea. Edozein momentutan alda daiteke bidea.

b) Pertsona juridikoek bide elektronikoa baino ez dute erabiliko eskabideak aurkezteko, eta lehen aipatu dugun egoitza elektronikoaren bidez egingo dute.

Seigarrena.– Aipamen horiek ekitaldi batean emango dira. Ekitaldi hori organo eskudunaren ebazpen bidez finkatuko da, eta bertan ezarriko da deialdi honetako Euskadiko segurtasun pribatuaren arloko ohorezko aipamenak emateko ekitaldia noiz egingo den.

Zazpigarrena.– Aipamen-proposamenen epea bukatu ondoren, Segurtasuneko sailburuaren 2016ko martxoaren 1eko Aginduaren 8.4 artikuluan jasotako ebaluazio-batzordea deituko da, ohorezko aipamen-eskaerak baloratzeko eta horiei buruzko ebazpen-proposamena egiteko.

Zortzigarrena.– Deialdi honetan jasotako eskaerei Segurtasuneko sailburuordearen 2021eko urtarrilaren 15eko deialdiaren bidez egindakoak gehituko zaizkie (Euskadiko segurtasun pribatuaren arloan ohorezko aipamenak emateko prozesua, 2020. urtea).

Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 1a.

Segurtasuneko sailburuordea,

JESÚS MARÍA ZUBIAGA NIEVA.


Azterketa dokumentala