Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

117. zk., 2021eko ekainaren 16a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3425

EBAZPENA, 2021eko apirilaren 29koa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena, Sutra Coating SLk metalezko piezak tratatzeko eta estaltzeko sustatutako instalazio-proiekturako ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten duena (Ibur erreka industrialdea 41, Zaldibar, Bizkaia).

AURREKARIAK

2020ko ekainaren 22an, Sutra Coating SLk ingurumen-baimen integratuaren eskabidea osatu zuen, Zaldibarko Ibur erreka industrialdeko 41. zenbakian (Bizkaia) pieza metalikoak tratatzeko eta estaltzeko instalazio-proiekturako, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin ostean, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginean xedatutakoaren arabera.

Eskaerarekin batera honako dokumentazio tekniko hau aurkeztu zuen:

– Proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterlana.

– Laburpen ez-teknikoa.

Aurkeztutako dokumentazioaren askitasuna egiaztatu ondoren, Sutra Coating SLk sustatutako proiektua jendaurrean jarri zen 30 egun balioduneko epean, egoki irizten ziren alegazioak aurkezteko. Iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2020ko urriaren 23an. Espedientea ikusgai jarri zen Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan, 2020ko urriaren 26tik abenduaren 4ra.

Jendaurreko informazioaren izapidea amaitu ondoren, alegaziorik ez dagoela egiaztatu da.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 17. eta 18. artikuluetan eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatuta, Eusko Jaurlaritzaren orduko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak 2020ko abenduaren 14an txostenak eskatu zizkien Zaldibarko eta Eibarko udalei; Gipuzkoako Ur Partzuergoari; Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari; Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari; Ekologistak Martxan Bizkaiari; eta Eguzkizaleak Aisialdi Elkarteari. Horrela, bada, espedientean agertzen dena izan da emaitza.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 38. artikuluan xedatuta dagoena aplikatzeko, 2021eko martxoaren 2an orduko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak sustatzaileari jendaurrean jartzeko izapidearen emaitza igorri zion, eta eragindako administrazioei eta interesdunei kontsulta egin zien.

2021eko martxoaren 3an, sustatzaileak, Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013) 38. artikuluan xedatutakoari erantzunez, hasieran aurkeztutako proiektua aldatu beharrik ez zegoela jakinarazi zuen, eta ingurumen-inpaktuko ebaluazioa eskatu zuen, Ingurumen Ebaluazioari Buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013) 39. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak (Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina onartzen duenak) 1. artikuluan ebazten duenaren arabera, lege horren xedea da atmosfera, ura eta lurzorua ez kutsatzea edo, hori ezinezkoa denean, gutxi eta kontrolpean kutsatzea. Horretarako, ingurumen osoak babes-maila handia izatea dela xede, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezarriko da.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak 9. artikuluan xedatzen duenaren arabera, ingurumen-baimen integratua behar da haren 1. eranskinean aipatzen diren jardueretako edozeinetan aritzen diren instalazioak ustiatzeko.

Ingurugiroa babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioak era egokian bermatuko dira. Helburua, besteak beste, ingurumenean dauzkan ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan sartzea da, aukerarik egokienak hautatzeko xedearekin, jarduerek eragindako metaketa- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoa aplikatuz, Sutra Coating SL enpresak sustatutako metalezko piezak tratatzeko eta estaltzeko instalazioak (Ibur erreka industrialdea 41, Zaldibar, Bizkaia) ingurumen-ebaluazio arruntaren prozedura bete behar du, I. eranskinean baitago jasota, 4.f) multzoan: metalen eta material plastikoen gainazala prozedura elektrolitikoz edo kimikoz tratatzeko instalazioak, tratamenduko kubeten edo lerroen bolumena 30 metro kubiko baino gehiagokoa baldin bada.

Halaber, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak (Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren uztailaren 1eko Legearen testu bategina onartzen duena) bere 11.4 artikuluan, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 14. artikuluak ebazten dutena aplikatzeko, autonomia-erkidegoek beharrezkoa dena xedatuko dute ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako jarduerak eta autonomia-erkidegoko araudian ingurumen-inpaktua ebaluatzeko ezarritako beste figura batzuk ingurumen-baimen bateratua emateko prozeduran txertatu ahal izateko, hala eska badaiteke eta autonomia-erkidegoak horretarako eskumena badu.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak, organo substantibo gisa, Sutra Coating SLk (Ibur erreka industrialdea 41, Zaldibar, Bizkaia) metalezko piezak tratatzeko eta estaltzeko sustatutako instalaziorako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterketa bat gehitu dio espedienteari, kontsulta publikoak egin ditu eta eragindako administrazio publikoek zein pertsona interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, irismen-dokumentuan jasotako baldintzak barne, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin da, eta proiektua aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jaso da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Ingurugiroa babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera ere.

Hauek ikusi dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa babesten duena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren uztailaren 1eko Legearen testu bategina onartzen duena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Sutra Coating SLk metalezko piezak tratatzeko eta estaltzeko sustatutako instalaziorako ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau egitea (Ibur erreka industrialdea 41, Zaldibar, Bizkaia).

Jarduera hori Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinean dago jasota, 4.f) multzoan: «Metalen eta plastikoen gainazala prozesu elektrolitikoz edo kimikoz tratatzeko instalazioak, tratamenduko kubeten edo lerroen bolumena 30 metro kubiko baino gehiago baldin bada».

Instalazioa Zaldibar udal-mugarteko (Bizkaia) Ibur erreka industrialdean dago, 41. zenbakian, eta 1.200 m2-ko azalera du guztira, elkarren ondoan dauden bi lokaletan banatuta; bi lokalak solairu bakarrekoak dira, 450 m2 eta 750 m2-koak, hurrenez hurren. Pabiloi nagusian daude zink-nikel lerroa eta araztegia. Bulegoak barne-modulu batean daude; moduluak beheko solairua eta lehen solairua ditu, eta 35 m2 inguruko azalera du oinplanoan. Pabiloi txikienean produktu kimikoak, hondakinak, lehengaiak eta amaitutako produktuak biltegiratzeko eremuak daude. Sutra Coating SLk ez du inolako jarduerarik egiten eraikitako pabiloitik kanpo.

Instalazioaren jarduera nagusia metalezko piezak tratatzea eta estaltzea da. Ekoizpen-lerro bat dago, egunean 24.000 pieza ekoizteko gaitasuna duena; ekoizpen-lerro horrek bi txandatan funtzionatzen du, eta txanda bakoitzean, urtean 1.688 lanordu egiten dira guztira.

Piezei Zn-Ni bainua ematen zaie kasu guztietan. Tratamendua hainbat motatakoa izan daiteke:

• A zigilatu gabeko pasibatze gardena.

• B zigilatu gabeko pasibatze gardena.

• Zigilatutako pasibatze beltza.

• Zigilatu gabeko pasibatze beltza.

Oro har, honako prozesu hau jarraitzen da:

Aurretratamendua.

Piezei garbitu eta aktibatzeko prozesu bat aplikatzen zaie, azken estaldura behar bezala atxiki dadin. Etapa horrek honako fase hauek hartzen ditu barne:

– Koipegabetze kimikoa: bi upel daude, bakoitza 1,56 m3-koa; gero, urarekin garbitzen da.

– Azidozko desugerketa: 3,0 m3-ko upel batean egiten da, bi posiziokoa. Desugerketaren ondoren, piezak garbitzen dira.

– Koipegabetze elektrolitikoa 1,92 m3-ko upel batean egiten da; gero, piezak garbitzen dira.

– Aktibatua: 1,2 m3-ko upel bat dago; gero, urberritzeak egiten dira.

Zn-Ni tratamendua.

Horren ondoren, piezak zink-nikeleko tratamenduan sartzen dira, eta 7,56 eta 5,4 m3-ko bi upeletan tratatzen dira, hurrenez hurren. Upel horiek 8 posizio dituzte, eta zink-nikeleko bainua prestatzeko soluzio-upel bat dute, 3,3 m3-koa.

Osteko tratamendua:

Gero, pasibatze- eta zigilatze-tratamenduak aplikatzen dira. Hainbat ezaugarritako hiru pasibatze-upel daude: 2,16 m3-ko etorkizuneko pasibatzea (gaur egun erabiltzen ez dena), 1,44 m3-ko pasibatze beltza eta 1,56 m3-ko pasibatze gardena. Zigilatzeko bi upel daude, bakoitza 1,92 m3-koa.

Upelak irekiak dira, lehortzekoak izan ezik, upel horiek irekiera pneumatikoko tapak baitituzte. Zn-Ni upelek eta zigilatze-upelek haizatzaile bidezko irabiatzea dute, eta gainerako upelek, berriz, likido beraren ponpaketa bidezko irabiatzea.

Bastidoreak (estatikoa) upel batetik bestera garraiatzeko, orga garraiatzaile bat erabiltzen da.

Jarduerak zink-bainuan sortutako karbonatoak ezabatzeko instalazio bat du. Instalazio horrek honako elementu hauek ditu: unitate mugikorra eta trinkoa, elikatze-ponpa automatikoarekin; hozte-depositua, irabiagailuarekin eta deskarga-balbularekin; hozte-unitatea; eta biltegi biltzailea, deskarga automatikoko ponparekin. Sortutako hondakina araztegiko hondakinarekin batera kudeatzen da.

Metalezko piezak tratatzeko eta estaltzeko jarduerarako Sutra Coating SLren energia- elektrikoko kontsumoa 337.063 kWh da.

Bainuak berotzeko, gasolio-galdara bat dago. Galdara horrek 500 kW-eko potentzia nominala du, eta 3.000 litroko gasolio-depositu batekin elikatzen da. Depositua 3.000 litroko ontzi mugikor bat da, 1.500 litroko bi konpartimentu dituena, horma bikoitzekoak. Urteko gasolio-kontsumoa 20.075 litro ingurukoa da.

Upel guztiek lurrunak xurgatzeko sistema bat dute, eta foku konfinatu baten bidez kanporatzen dira. Aireratutako kutsatzaile nagusiak Ni, Zn, FH, ClH, NOx, SO2 eta CO dira, gainazaleko tratamendu-prozesuetan eta gasolio-galdaran sortzen direnak.

Gainazal-tratamenduen prozesuko ur-kontsumoa 6.860 m3 da. Prozesuetan sortutako hondakin-urak araztegian tratatzen dira eta, ur sanitarioekin batera, Gipuzkoako Ur Kontsortzioko kolektorera isurtzen dira.

Hondakinak arazketa-prozesuan eta ekoizpen-lerroetan sortzen dira batik bat. Hondakin nagusiak araztegiko lohiak eta Zn-Ni bainu agortuak dira.

Uretara egiten diren isuriak murrizte aldera, Sutra Coating SLk araztegi bat dauka eta, araztegi horretan, garbiketetatik eta kontzentratuetatik datozen urak tratatzen dira. Etengabe tratatu beharreko urak dira instalazioetako urez garbitzeko upeletako gainezkabideetatik isuritakoak. Prentsa-iragazkian sortutako lohiak hondakin arriskutsu gisa kudeatzen dira.

Sutra Coating SLren jardueran, Metalen eta Plastikoen Gainazal Tratamenduetako Europako BREFean («Surface Treatment of Metals and Plastics», 2006ko abuztua) jasotzen diren teknika erabilgarri onenak erabiltzen dira.

Proiektuak teknika erabilgarri ontzat jo daitezkeen honako neurri hauek jasotzen ditu, besteak beste: lerroaren kontrola, zinkeztatze-upelean produktua automatikoki gehituta, eta upeletan aldian behin neurketak egitea, produktuaren kontzentrazioa kontrolatzeko; bastidoreen erabilera; hozte-sistema, bainuak gehiegi berotu ez daitezen; uren erabileraren kontrola eta ur jakin batzuen berrerabilera, kontsumoa murrizteko; kateko urberritzeak; hidroxidoen eta agente malutatzaileen prezipitazioa arazketan; isurketa-uren kontrol jarraitua (pH-a eta uhertasuna).

Bigarrena.– Sutra Coating SL enpresak Zaldibar udalerrian (Bizkaia) sustatutako metalen tratamendua eta estaldura egiteko jarduera ustiatzeko eta uzteko, honako baldintza eta eskakizun hauek ezartzea:

A) Administrazioarekiko harremanen arduraduna.

Administrazioarekiko harremanez arduratuko den goi-mailako tituludunaren gainean Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik balego, Sutra Coating SLk aldaketa horien berri emango du.

B) Neurri babesle eta zuzentzaileak.

Neurri babesle eta zuzentzaileak sustatzaileak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala ezarriko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera eta ondorengo apartatuetan ezarritakoari jarraituz:

B.1.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

B.1.1.– Baldintza orokorrak.

Sutra Coating SLren instalazioaren ustiapenean bete beharreko baldintzak dira emisio atmosferikoek ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako balioak, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako eskakizun teknikoak betetzea.

Prozesuan zehar aireratzen den gai kutsatzaile oro bildu eta bide egokienetatik kanporatuko da, behar denean, emisioen ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango emisio ez-zarratuak biltzea teknikoki eta/edo ekonomikoki bideragarria ez denean, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen denean.

Neurri egokiak hartuko dira istripuzko emisiorik ez egiteko, eta haien efluenteek giza osasunerako nahiz gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatuko eta mantenduko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko moduan. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren 5. artikuluan adierazitako betebeharrak bete beharko dituzte instalazioaren titularrek.

Fokuen sekzioak, neurketa-guneak, laginketa-puntuak, neurketa-portuak, irisgarritasuna, segurtasuna eta zerbitzuak, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak 2012ko uztailaren 11ko Aginduaren jarraibide teknikoetan ezarritakoa bete beharko dute. Agindu horretan Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaa garatzeko jarraibide teknikoak zehaztu ziren.

Organo horrek foku berri bat baimendu ondoren, hura abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako IKE txosten bat igorri beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahalko zaio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.

B.1.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

Metalen tratamendu eta estaldurarako Sutra Coating SLren instalazioak foku konfinatu hauek ditu, urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren katalogoan bildutako 04 03 08 08, 04 03 08 02 eta 03 01 03 04 jarduerari lotuak (dekretu horren bidez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duenaren eta bera ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dira):

(Ikus .PDF)

Sutra Coating SL enpresak araztegi bat du industria-urak tratatzeko. Araztegian, emisio lausoak sortzen dira, 09 10 01 02 jarduerari dagozkionak.

Urte jakin batean foku sistematiko batek foku ez-sistematiko batek bezala funtzionatzen badu, ez da foku horren gaineko kontrolik egin beharko urte horretan. Ondoko urtean egin beharko da, baldin eta kontrola salbuesteko baldintzek ez badute bere horretan jarraitzen. Ingurumena zaintzeko dagokion programan justifikatu beharko da inguruabar hori.

B.1.3.– Emisioen muga-balioak.

Instalazioa ustiatzean, atmosferara egiten diren emisioetan ez dira gaindituko emisioen muga-balio hauek:

(Ikus .PDF)

Balio horiek baldintza hauekin lotuta daude: 273 K-ko tenperatura, 101,3 kPa-ko presioa eta gas lehorra.

Emisio-balioak betetzen diren ebaluatzeko, abenduaren 28ko 278/2011 Dekretuaren 9. artikuluak ezartzen duena beteko da.

Ikusten bada emisioaren muga-balioren bat ez dela betetzen, behar diren neurri zuzentzaileak hartu beharko dira luzamendurik gabe, eta, berehala, ez-betetzearen, neurri zuzentzaileen eta haien epeen berri eman beharko zaio ingurumenaren arloko eskumenak dituen sailari.

B.1.4.– Gasak bildu eta kanporatzeko sistemak.

Fokuetako hondakin-gasak husteko tximinien altuerek, sekzioek eta lagin-puntuen kokapenak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduaren bidez argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritakoa bete beharko dute.

Zehazki, laginak hartzeko aurreikusita dauden zuloen kokapenari eta ezaugarriei dagokienez, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzaren jarraibide teknikoak bete beharko dira.

Emisio lausoak minimizatzeko xedez, ingurumenaren kudeaketa egokia egingo da, eta instalazioa modu egokian diseinatuko da.

B.2.– Saneamendu-sarera isuria egiteko baldintzak.

B.2.1.– Isurien sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokapena.

Isuria sortzen duen jarduera mota nagusia: Metalak tratatzea eta estaltzea.

(Ikus .PDF)

Ezingo dira saneamendu-sarera isuri bertan jasotako urak.

B.2.3.– Isurien muga-balioak.

Saneamendu-sarera egiten den isuriaren parametroak honako hauek izango dira, bakoitzerako zehazten diren gehieneko balioekin:

(Ikus .PDF)

Taula honetako mugak hartzen dira kontuan, egindako saiakuntzari lotutako ziurgabetasuna aintzat hartuz.

Ezingo dira diluzio-teknikak erabili isuriaren muga-balioak lortzeko.

Gainera, ingurune hartzaileari dagozkion arauak eta kalitate-helburuak bete behar dira. Bestela, titularrak tratamendu egokia egin beharko du, isuriaren ondorioz aipatutako arauak eta kalitate-helburuak urratzen ez direla ziurtatzeko.

Baimen horrek ez du baldintza honetan berariaz adierazitakoak ez diren beste substantzien isurketa onartzen, batez ere maiatzaren 23ko 606/2003 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian aipatzen diren substantzia arriskutsuak. Errege-dekretu horren bidez, apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretua aldatzen da (azken errege-dekretu horren bidez, Jabari Publikoko Urguneen Erregelamendua onartzen da, Urei buruzko abuztuaren 2ko 29/1985 Legearen atariko titulua eta I., IV., V., VI. eta VIII. tituluak garatzen dituena).

B.2.4.– Arazketa- eta hustuketa-instalazioak.

Uretara egiten diren isuriak murrizte aldera, Sutra Coating SLk araztegi bat dauka eta, araztegi horretan, garbiketetatik eta kontzentratuetatik datozen urak tratatzen dira. Bertan, zink-nikel bainuetatik eratorritako urak tratatzen dira.

Etengabe tratatu beharreko urak dira instalazioetako urez garbitzeko upeletako gainezkabideetatik isuritakoak.

Prentsa-iragazkian sortutako lohiak hondakin arriskutsu gisa kudeatzen dira.

Araztegia honako tratamendu-etapa hauetan oinarritzen da:

– Homogeneizazioa: garbiketa-urak homogeneizazio-uren biltegira joaten dira, eta bertan, kontzentratu azidoak eta alkalinoak dosifikatzen dira.

– Koagulazioa-erredukzioa-neutralizazioa: homogeneizazio-biltegitik datozen urak upel horretara igarotzen dira, eta han pH-a kontrolatzen da, azidoa eta karea dosifikatuz.

– Malutapena: etapa honetan, malutatzailea gehitzen da (polielektrolitoa).

– Dekantazioa: etapa honetara grabitatearen indarrez iristen dira malutapeneko urak. Hemen, ur argitua bereizten da lohietatik, ur argitua goitik irteten da eta lohiak behean geratzen dira. Dekantagailuak aire-sarrera bat du, eta sarrera hori ireki egingo litzateke lohiak pilatuta geratuko balira.

– Lohien lodigailua: dekantagailuko lohiak lohien lodigailura bideratzen dira eskuz. Lohien lodigailuak aireztapen bat du, eta aireztapen hori lohiak trinkotuta daudenean erabiliko da. Segurtasuneko gainezkabide bat ere badu, dekantagailura isurtzen dena.

– Prentsa-iragazki bidez lehortzea: lodigailutik, lohiak prentsa-iragazkira bideratzen dira. Tanta-erretiluko prentsa-iragazkiaren irteerako ura isurketara bideratzen den depositu batean jasotzen da. Lohietatik eratorritako masa edukiontzi batean biltzen da, eta, gero, beste ontzi handiago batera aldatzen da; horren ondoren, baimendutako hondakin-kudeatzailera eramaten da.

Kontrol-kutxatila bat jarriko da industria-uretarako, eta kutxeta horiek isurketen lagin esanguratsuak lortzeko beharrezkoak diren ezaugarri guztiak izango dituzte. Kutxatilak ikuskatu ahal izateko sarbide zuzena ahalbidetzen duten lekuan kokatuko dira, hala behar denean.

Hartutako neurri zuzentzaileak nahikoak ez direla egiaztatuz gero, Sutra Coating SLk beharrezkoak diren aldaketak egin beharko ditu arazteko instalazioetan, isurketak baimendutako ezaugarrietara egokitzeko, Administrazioari jakinarazi ondoren, eta, hala badagokio, baimena aldatzeko eskatuko du.

B.3.– Instalazioan ekoitzitako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortutako hondakin guztiak kudeatuko dira Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira euren izaera eta helburu egokiena zehazteko.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta, hartarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Birsortzea-berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimendurik badago hondakin zehatz batzuk tratatzeko, lehentasunez instalazio haietara bidaliko dira, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusten bada, orduan, hondakin horiek ezaugarrituko dira, 2003/33/EE Erabakiak, Kontseiluarenak, 2002ko abenduaren 19koak, Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituenak, xedatutakoari jarraikiz, eta 49/2009 Dekretuak, otsailaren 24koak, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak, ezarritako jarraibideen arabera; era berean, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuak ezarritako jarraibideak bete beharko dira.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitatea, Ebazpen honetan jasotakoa, orientagarria da soilik, kontuan hartuta jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 10. artikuluan (4.d apartatua) ezarritakoa eragotzi gabe, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan baimena egokitzea soilik eskatu beharko da, baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.

Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoa izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan edo oso bustita egoteagatik, hondakinok isuriak edo lixibatuak sor baditzakete, bada, orduan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gerta daitezkeen isuriak kanpora irten ez daitezen. Hauts-itxurako hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Hondakinak desagertu, galdu edo ihes eginez gero, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan eta Zaldibarko Udalean.

Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duen 553/2020 Errege Dekretua) eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluari jarraikiz.

Baldin eta hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, hondakinen lekualdaketak direla-eta, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko1013/2006 Erregelamenduan ezarrita dagoena bete beharko da.

B.3.1.– Hondakin arriskutsuak.

Honako hauek dira sustatzaileak aitortutako hondakin arriskutsuak:

(Ikus .PDF)

a) Hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarriak kontuan hartuta ezartzen da hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodifikazioa, eta baimena izapidetzean jasotzen da horiei buruzko informazioa. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, oinarrizko beste batzuk, euren izaera dela eta, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Horiek definitzen dute hondakina zer motatakoa den eta zer osagai arriskutsu dituen. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa egokia dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskal Autonomia Erkidegoko IV. Ingurumeneko Esparru Programan (2015-2020) ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren onarpen-agirietan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere berreskurapena edo balorizazioa kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onarpen-agirietan lagatze- edo ezabatze-kodeak balorizatzeko eskatzen bada.

b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isuriren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

c) Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta ontzikiek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

d) Hondakin arriskutsuak ezin izango dira 6 hilabetetik gora eduki biltegian. Salbuespen-egoeretan, ingurumen-organoak epe hori aldatu ahalko du, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio, baldin eta gizakion osasuna eta ingurumena babestuko dela bermatzen bada.

e) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartzea. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenbizikoz erretiratu aurretik, eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana bidali aurretik. Beharrezkoa bada, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzekotan. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

f) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikaziorako agiria bete beharko da. Agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko da jatorritik helmugaraino. Sutra Coating SLk enpresak artxiboan erregistratu eta gutxienez hiru urtez gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak eta identifikazio-agiriak edo agiri ofizial baliokideak.

g) Egiaztatu beharko da baimendutako kudeatzailearen instalazioetara hondakin arriskutsuak eramateko garraioak betetzen dituela halako gaiak garraiatzeari buruzko indarreko legerian eskatutako betebeharrak.

h) Sutra Coating SLk industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko du bere enpresan erabilitako olioa.

i) Gailu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira ekipamendu elektriko eta elektronikoen hondakinak –besteak beste, lanpara fluoreszenteenak–. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek bete beharko dute pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa. Kudeatzaile baimenduaren tratamendu-kontratua izateko, garraioaren aurretiko jakinarazpena egiteko eta identifikazio-agiria betetzeko betebeharretik salbu egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, baita toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudeatu ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei egindako entregak justifikatzeko agiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.

j) Sutra Coating SLk PCB eduki dezaketen gailuak dituenez, kudeaketa egokia izan dadin, nahitaez bete behar ditu abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuan zehaztutako baldintzak (errege-dekretu haren bidez, poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak ezartzen dira) eta errege-dekretu hori aldatzen duen otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretua.

k) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko irailaren 16ko 1005/2009/EE Erregelamenduak, ozono-geruza agortzen duten substantziei buruzkoak, adierazten dituen substantziak erabiltzen baditu, Sutra Coating SLk berreskuratu egingo ditu, aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarri den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz; bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko ditu aparatuak berrikusteko edo mantentzeko eragiketetan, edo desmuntatu edo deuseztatu aurretik.

l) Uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluarekin bat etorriz, artxibo kronologiko bat egingo da, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Artxibo hori 3 urtez gorde beharko du gutxienez eta urtero bidali beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, dagokion urteko ingurumen-zaintzako programaren barruan.

m) Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 41. artikuluari jarraikiz, Sutra Coating SLk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria eta kantitatea, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen laburpen-memoria. Datu horiekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du.

n) Hondakin arriskutsuen kudeaketaren oinarrizko printzipioetako bat betetzeko –hau da, hondakin horiek ahalik eta gutxien sortzea–, urtean 10 tona hondakin arriskutsu baino gehiago sortuz gero, Sutra Coating SLk hondakin arriskutsu gutxiago sortzeko plan bat aurkeztu beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honi, lau urtetik behin, Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 17.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, baldin eta Lege horren garapenerako araubideak ez badu hondakin arriskutsuen ekoizle txiki gisa katalogatzen Sutra Coating SL.

o) Baldin eta Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada Sutra Coating SL, bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

p) Apartatu honetako e) eta f) apartatuetan (kudeatzaileak EAEn daudenean) eta l), m) eta n) apartatuetan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektroniko bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

q) Amiantoa duten hondakinak daudela hautemanez gero, Sutra Coating SLk 108/1991 Errege Dekretuaren (amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeari buruzkoa) 3. artikuluan ezarrita dauden eskakizunak bete beharko ditu. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira; errege-dekretu horrek ezartzen ditu amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplika dakizkiekeen segurtasun eta osasuneko gutxieneko xedapenak.

B.3.2.– Hondakin ez-arriskutsuak.

Sustatzaileak hondakin ez-arriskutsu hauek aitortu ditu:

(Ikus .PDF)

a) Bigarren apartatuan, B.3 azpiapartatuan xedatzen diren hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu beharko da, balorizatzaile baimendu bati emanda. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Justifikazio tekniko hori lortzeko, hondakin hori onartzeko baimenduta dauden hiru kudeatzailek ezetza eman behar diote kasuan kasuko hondakina baloratzeari.

b) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu batera.

c) Hondakin horiek ezabatzeko direnean, ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki; hondakinen azken helburua balorizatzea denean, berriz, 2 urtez gorde ahal izango dira.

d) Oro har, ebakuatu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Sutra Coating SL enpresak tratamendu-kontratuak edo agiri ofizial baliokideak erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu, nahitaezkoak badira, hiru urtez gutxienez.

e) Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, hondakin arriskugabea eraman aurretik identifikazio-agiria bete beharko da, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa (dekretu haren bidez arautu zen hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea).

f) Balorizatzeko edo ezabatzeko helburuarekin, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluaren arabera.

g) Baldin eta Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada Sutra Coating SL, bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

h) Uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluarekin bat etorriz, artxibo kronologiko bat egingo da, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Artxibo hori 3 urtez gorde beharko du gutxienez eta urtero bidali beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, dagokion urteko ingurumen-zaintzako programaren barruan.

i) Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 41. artikuluari jarraikiz, Sutra Coating SLk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin ez-arriskutsu guztien jatorria eta kantitatea, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen laburpen-memoria. Datu horiekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du.

j) Apartatu honetako d), e) (kudeatzaileak EAEn daudenean), f), h) eta i) apartatuetan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira transakzio elektroniko bidez, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskainitako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

B.4.– Ontziak merkaturatzea.

Sutra Coating SL enpresak, bere produktuak merkaturatzeko ontziak eta enbalajeak erabiltzen dituen enpresa den aldetik, ontzi horien gaineko informazioa eman beharko du urtero, martxoaren 31 baino lehen; horretarako, ontzien gaineko urteko adierazpena egin beharko du. Datu horiekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du.

Era berean, Sutra Coating SL enpresak ontzi erabiliak eta ontzi-hondakinak kudeatzeko biltegiratze- eta itzultze-sistema bat ezarri beharko du nahitaez (zuzenean edo kudeaketa-sistema integratu bati atxikita). Sutra Coating SL enpresak, bere produktuak merkaturatzeko industria- edota merkataritza-ontziak erabiltzen baditu, aipatutako betebehar horretatik salbuesteko eskatu ahalko du, Ontzien eta Ontzien Hondakinei buruzko Legearen (apirilaren 24ko 11/1997 Legea) lehen xedapen gehigarriari atxikitzen bazaio; atxikimendu horren bidez, ontzi horiek kudeatzeko eta ingurumen-organoari informazioa emateko betebeharra produktuaren kontsumitzaileari transferitzen zaio.

Baldin eta Sutra Coating SL enpresak, urte natural batean zehar, merkaturatzen baditu ontziratutako produktuak edo, kasua bada, hondakinak sor ditzaketen industria- edo merkataritza-ontziak, hain justu ere jarraian zehaztutako kantitateetan baino handiagoetan:

– 250 tona, beira bada bakarrik.

– 50 tona, altzairua bada bakarrik.

– 30 tona, aluminioa bada bakarrik.

– 21 tona, plastikoa bada bakarrik.

– 16 tona, egurra bada bakarrik.

– 14 tona, kartoia edo material konposatuak soil-soilik badira.

– 350 tona, hainbat material badira eta, banaka, bakoitzak aurreko kopuruak gainditzen ez baditu,

Enpresaren Prebentzio Plan bat egin beharko du. Plan horrek hiru urteko indarraldia izango du, eta onartutako Enpresaren Prebentzio Planaren kontrol- eta jarraipen-txostena egin beharko zaio urtero, martxoaren 31 baino lehen. Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko dira bi agiriok.

B.5.– Lurzorua eta lurpeko urak babesteko baldintzak.

Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako aginduak betetzeko aurkeztutako lurzoruaren egoerari buruzko aurretiazko txostenaren gomendioekin bat etorriz, Sutra Coating SLk lurzorua babesteko behar diren neurriak hartu beharko ditu.

Hondakin arriskutsuen biltegian:

• Edukiontzia baldintza meteorologikoetatik babesteko neurriak hartu beharko dira, hortik kanpoko pertsonak sar ez daitezen.

• Edukiontzia hormigoizko zolataren gainean jartzea babes-neurri gehigarriekin, hala nola tratamendu iragazgaitzarekin edo euste-egiturekin.

Ebazpen hau jaso eta sei hileko epean, oinarri-txostena edo lurzoruaren hasierako egoeraren txostena aurkeztu beharko du Sutra Coating SLk. Egoeraren aurreko txostena, aurreko lerrokadan aipatua, oinarri-txostenaren parte izan ahal izango da, baldin eta «Lurzoruaren egoeraren aurreko txostena egiteko prozedura operatiboa» agiriaren zuzentarauei edo haren ondorengo eguneratzeei jarraituz egiten bada, betiere. Agiri hori hemen dago eskuragarri:

http://www.euskadi.eus/lurzoruaren-egoerari-buruzko-aurretiazko-txostena-egiteko-prozedura/web01-s2ing/eu/

Bost urtez behin, ebazpen hau jasotzen denetik hasita, eguneratu egin beharko da lurzoruaren egoerari buruz aurkeztutako aurretiazko txostena, eta instalazio guztiei dagokien kutsadura-arriskuaren ebaluazio bat erantsiko zaio. Txosten hori Ingurumena Zaintzeko Programarekin –dagokion urtekoarekin– batera bidaliko da.

Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan, ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan lurzorua babesteari buruz ezartzen diren betekizunak betetzearren, sustatzaileak Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko urtarrilaren 23ko Aginduan aipatzen diren instalazioei buruzko dokumentazioa entregatu beharko du. Agindu horren bidez onartu zen Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatzen dena interpretatu eta aplikatzeari buruzko jarraibide teknikoa, lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko oinarrizko txosten bat egin beharrari dagokionez.

Nolanahi ere, sustatzaileak lurzoruen dokumentu bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea leheneratzen diharduen erakunde ezagun batek egina. Dokumentu horretan jasoko dira: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta kontroleko eta lurzoruen eta lurpeko uren jarraipeneko dokumentuak. Aurrerantzean ere, emandako agiriak aldatu edo agiri berriak eman behar badira, lurzoruen agiri bakar berri bat bidaliko da.

Instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez, sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu:

1.– Instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan lurrak mugitzea dakarren aldaketa bat aurreikusiz gero:

a) Ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 25. artikuluaren 1.c) apartatuan ebazten denari jarraikiz, induskatu beharreko materialak (lurra, obra-hondakinak, eta abar) ezaugarritu egin beharko ditu jardueraren sustatzaileak, jardun kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa modu egokiena zehaztearren.

b) Indusketa horrek induskatutako materialen 500 m3 gainditzen dituenean, sustatzaileak gaikako indusketa-plan bat aurkeztu beharko du. Planak 13. artikuluan adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu behar du plana, betetzen hasi aurretik.

c) Induskatu beharrekoa 500 m3 baino gutxiago bada, aldaketa-eskaerak informazio hau eman beharko du: non dagoen kokatuta, zenbat induskatu behar den, aurreikusitako hasiera-eguna, kontratista, jarraipenaren eta kudeaketaren ardura izango duen erakundea.

d) Aurreko kasu horietan guztietan, indusketa amaitutakoan, induskatutako materialak zuzen berrerabili edo kudeatu direla ziurtatzen duen txosten bat aurkeztu beharko da ingurumen-organoan, behar bezala karakterizatu aurretik.

e) Arau orokor gisa, Kutsatutako lurzoruetan indusketa selektiboak egiteko gidan jasotzen diren eta jarraian adierazten diren irizpideak beteko dira. Esteka honetan eskura daiteke gida: https://www.ihobe.eus/publicaciones/guia-excavaciones-selectivas-en-ambito-suelos-contaminados

• Soberakinak hondakindegian biltegiratuz hustu nahi izanez gero, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak (hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena) ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen ezaugarritzea. Oro har, laginketa gauzatzeko, gidaren 10.2.6 apartatuan (Induskatu behar diren lurzoruetan «in situ» egindako laginketa) biltzen diren induskatu beharreko materialen karakterizazio-kanpaina diseinatzerakoan kontuan hartu behar diren oinarrizko irizpideei jarraituko zaie.

• Soberako materialak instalazioan bertan berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak ezarritako VIE-B (industria-erabilera) balioaren azpikoa; horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde egiaztatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, honen arabera: 199/2006 Dekretua, urriaren 10ekoa, Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena.

• Ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutako VIE-A ebaluazioko balio-adierazleak eta TPH-etarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur garbitzat hartuko dira, eta beraz, onartu egingo dira baimendutako edozein betelanetarako.

• Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahalko da. Lurzoru naturalaren parekoa den harrizko substratu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

2.– Aurreikusten bada lur-mugimendua dakarren aldaketa egitea instalazioa baimenduta dagoen lurzatitik kanpo (lurzoru berria okupatuz) eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinean aipatutako jardueraren bat, sustatzaileak lurzoru-gaiei buruzko adierazpen bat lortu beharko du, egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.

Horrez gainera, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 22. artikuluaren 2. apartatuan dioenaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek ezar ditzan hartu beharreko neurriak, aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluaren 1.e apartatuari jarraikiz betiere.

B.6.– Zaratari buruzko baldintzak.

a) Ondorengo indize akustikoak gaindi ez daitezen, behar diren neurri guztiak ezarriko dira:

a.1.– Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB(A) gainditu, 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB(A) ere.

a.2.– Maila hauei egokitu behar zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB(A) gainditu, 23:00ak eta 07:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB(A) ere.

a.3.– Jarduerak ez du 1. taulan adierazitakoa baino zarata handiagoa egingo, 4 m-ko garaieran neurtuta (egoera berezietan izan ezik; horietan, apantailamenduak saihesteko behar den garaiera hartuko da), industria-esparruaren kanpoaldeko itxituraren perimetro osoan,

(Ikus .PDF)

1. taula. Industria-esparruaren kanpoaldeko itxituran eskatutako zarata-mailak.

Abian den instalazioak, 1. taulan finkatutako mugak betetzeaz gain, ez du eguneko inolako baliotan (LAeq,d, LAeq,e eta LAeq,n) 1. taulan adierazitako balioak baino 3 dB-etik gorako gehikuntzarik gaindituko.

Gainera, jardueraren gainerakotik bereizitako prozesuaren jardun modu bat baldin badago, jardun modu horri lotutako zarata-maila bat zehaztu beharko da (LAeq,Ti). Ti jardun modu horren iraupen-denbora izango da. Maila horrek ez ditu 1. taulan finkatutako balioak 5 dB-etan gaindituko.

b) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentiberatasun akustiko handiagoko guneetako zarata-maila.

c) Adierazitako muga-balioak betetzen direla egiaztatzeko, neurketa erreal batzuk aurkeztu beharko dira jarduera garatzen den lurzatiaren kanpoaldean, zarata kanporatzearen ikuspegitik kaltegarriena den gunean; neurketa horiek Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari eman beharko zaizkio, Ebazpena argitaratzen denetik gehienez ere sei hilabeteko epean.

d) Sustatzaileak ezarritako muga-balioak gainditzen badira, hilabeteko epean aurkeztu beharko da ekintza-plan bat, balizko balio-gainditzeak zuzentzera bideratutako zuzenketa-neurriak jasotzen dituena. Neurri horietako bakoitzaren jarduketa-egutegia proposatu beharko du, betearaztearen arduraduna izendatuta.

C) Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta apartatu hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:

C.1.– Emisio atmosferikoak kontrolatzea.

C.1.1.– Kanpoko kontrolak.

a) Sutra Coating SLk emisioak kontrolatu beharko ditu informazio honen arabera:

(Ikus .PDF)

(1) IT-02: Emisioen kontrola. Dagokion metodoa, 2012ko uztailaren 11ko Aginduko IT-02 jarraibide teknikoak barne hartzen dituen irizpideak kontuan hartuta (2012ko irailaren 14ko EHAAn argitaratua).

b) Puntu honetako a) apartatuan aipatutako neurketa guztiak Administrazioaren II. mailako Ingurumen Lankidetzako Erakunde (ILE) batek egin beharko ditu, 212/2012 Dekretuan, urriaren 16koan, ezarritakoari jarraituz, eta aldizkako neurketa horiei buruzko txostenek Ingurumeneko sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduan eskatzen diren baldintza guztiak bete beharko dituzte, bereziki honako gai hauei dagokienez: helburua eta neurketa-plana, neurketen adierazgarritasuna, neurketa kopurua eta banakako neurketa bakoitzaren iraupena, eta erreferentzia-metodoak hautatzeko irizpidea.

c) Halaber, a) apartatuan azaldutako emisio-foku baten kontrola egin behar den urtean, foku horrek urtean hamabi aldiz baino gutxiagoko batez besteko maiztasunarekin funtzionatzen badu, emisio bakoitzak ordubete baino gehiago irauten duela, edo, bestela, edozelako maiztasunarekin, emisioaren iraupen globala instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren kontrolik egitea, eta hurrengo urtean egin beharko da, betiere kontroletik salbuesteko baldintzek irauten ez badute. Inguruabar hori urteko ingurumena zaintzeko programan, dagokion urtekoan, justifikatu beharko da.

C.1.2.– Lortutako emaitzen erregistroa.

Erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, honako hauetan ezarritakoari jarraikiz, betiere: 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikuluan (100/2011 Errege Dekretua, urtarrilaren 28koa, Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituena) eta 278/2011 Dekretuaren III. eranskinean (278/2011 Dekretua, abenduaren 27koa, Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzen dituena).

Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.

C.2.– Saneamendu-sarera isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

a) Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, ondorengo analisiak egingo dira:

(Ikus .PDF)

b) Kanpoko kontrol bakoitza, bai laginak hartzea, bai ondorengo analisia, «erakunde laguntzaile» batek egin eta egiaztatuko du, eta goian aipatutako parametroak hartuko dira kontuan. Sustatzaileak lagin hartu berri baten analisia aurkeztu beharko du gutxienez; lagina 24 orduko ur-emariarekiko proportzionala izango da, edo bestela, lagin puntual esanguratsua.

c) Isurketen kontrolen emaitzak hauei bidaliko zaizkie:

– Gipuzkoako Ur Kontsortzioari, laginak hartzen dituztenetik hilabete bateko (1) epearen barruan.

– Ingurumen Jasangarriko Sailburuordetzari, ebazpen honetako bigarren apartatuko C.5 azpiapartatuan ezarritako epeak eta baldintzak betez.

d) Kutsatzaile gehien sortzen den aldietan egingo dira beti laginketak.

e) Puntu honetako a) apartatuan aipatutako neurketa guztiak Administrazioaren II. mailako Ingurumen Lankidetzako Erakunde (ILE) batek egin beharko ditu, urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

f) Isuriak baimenaren baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da, puntu honetako a) apartatuan ezarritako kontrol-parametro guztiek ebazpen honen bigarren apartatuko B.2.3 azpiapartatuan ezarritako mugak betetzen dituztenean.

C.3.– Lurzoruaren eta lurpeko uren kontrola.

a) Ebazpen honen bigarren apartatuko B.5 puntuan eskatutako dokumentazioaren kaltetan izan gabe, hurrengo datu hauek aurkeztuko dira lurzoruarekiko afekzio berri baten aukera hauteman den kasuan:

– Aintzat hartutako aldian izan diren intzidentziak, substantzia arriskutsuak direla-eta lurraren eta lurpeko uren kutsadura sortu ahal izan dutenak.

– Instalazioan hartutako neurrien egoera –zolak iragazgaiztea, drainatzeak, kubetak eta kutxatilak–, baita larrialdi-egoeran jarduteko bitarteko egokiak eta nahikoak erabilgarri daudela egiaztatzen duen adierazpena ere, teknikari eskudunak sinatua. Tresneria eta gainazalak egoera onean daudela egiaztatzen, edo, hala badagokio, horietan antzemandako hutsuneak jasotzen dituen berariazko adierazpena jaso beharko du.

– Lurzorua edo lurpeko urak kutsatuta egon daitezkeela dioen adierazpena, halakorik balego, edo, bestela, horrelako aztarnarik ez dagoela egiaztatzen duen adierazpena.

b) Halaber, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko urtarrilaren 23ko Aginduari dagokionez jakinarazitako baldintzen analisian zehazten diren kontrolei kalterik egin gabe –Agindu horrek Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoa interpretatzeari eta aplikatzeari buruzko Jarraibide Teknikoa onartzen du–, eta lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko oinarrizko txosten bat eskatzeari lotuta, Sutra Coating SLk lurzoruaren eta lurpeko ur silikatoen egoera zehazteko oinarrizko txosten bat egin beharko du. Horretarako, gutxienez bi zundaketa egin beharko ditu uren karakterizaziorako, ateratako lurzoru-zutabearen karakterizaziorako eta piezometro bana gaitzeko, eta horiek erabiliko dira lurpeko uren kalitatearen jarraipena egiteko. Zundaketak kokatzean, kontuan hartuko dira egon daitezkeen arrisku-iturriak eta lurpeko uren jarioa; hala, instalaziotik gorako eta beherako uren jarioa alderatu ahal izango da.

Apartatu honetan jasotakoa betetzeko aurkeztu beharreko informazioa lehen aipatutako urriaren 10eko 199/2006 Dekretuan xedatuaren arabera egiaztatutako erakunde batek egin beharko du, hala nola organo honek horretarako onar ditzakeen jarraibideetan adierazitakoaren arabera.

C.4.– Zarataren kontrola.

a) Indize akustikoen ebaluazioak egin beharko dira bost urterik behin: Ld, Le, Ln ,LAeq,Ti eta LAeq,60 segundo.

b) Neurketa bidezko ebaluazio guztiak II. mailako administrazioko lankidetza-erakunde batek egin beharko ditu urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz. Erakunde horrek UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako egiaztagiria eduki beharko du akustikaren arloan espazio- eta denbora-laginketa egiteko. Nolanahi ere, ingurumen-organoak zainduko du ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela.

c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan eta abenduaren 16ko 1513/2005 Errege Dekretuaren (Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena, Ingurumen-hotsa aztertzeari eta kudeatzeari dagokionez) II. eranskinean ezarritakora egokituko dira.

d) Sustatzaileak proposamen zehatz bat landu beharko du, ebaluazio-puntu zehatzak jasoko dituena.

C.5.– Jardueraren adierazleak kontrolatzea.

Sustatzaileak ondorengo taulan agertzen diren jardueraren gaineko parametro-adierazleen segimendua egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko, eta urtean urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera aurkeztuko du.

(Ikus .PDF)

C.6.– Emaitzak kontrolatu eta bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu behar dira, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webguneko bidalketa-prozedura telematikoari jarraikiz:

https://www.euskadi.eus/autorizacion/aai-ippc/web01-tramite/es/

Hala, aipatutako programan zehaztutako aldian egindako kontrol guztiak, ingurumena zaintzeko programarekin batera aurkeztuko dira bakarrik, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren. Horrez gain, urtean behin baino gehiagotan egiten badira kontrolak, kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan baino ez da igorriko.

Emaitza horiek urtero igorriko dira, betiere martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintzeko programaren emaitzekin batera. Txosten horretan, babes- eta zuzenketa-neurrien eta prozeduren kontrolerako eta ingurumenaren kalitaterako sistemen funtzionamendua eta emaitzen analisia jasoko dira, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien kausa eta konponbideak azalduz; halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aurrez aldetik egin ez bada.

C.7.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina landu beharko du, aurkeztu dituen agirietan eta ebazpen honetan proposatutako betebeharrak bilduz. Honako alderdi hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua ere barnean hartu beharko du.

Era berean, Ingurumena Zaintzeko Programak jaso beharko du jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika, adierazle horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).

D) Ezohiko egoeretarako prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak.

D.1.– Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, emisioen eta sortuko diren hondakinen zenbatespena egin beharko du sustatzaileak, eta dagokionean, haiek kudeatzeko eta tratatzekoa ere bai.

Instalazioa geldiaraztean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak kudeatu beharko dira, bigarren apartatuko B.3. azpiapartatuan ezarritakoarekin bat etorriz. «Instalazioan ekoitzitako hondakinen kudeaketa zuzena bermatzeko baldintzak» jarraitu beharko dira, baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

D.2.– Jarduera etetea.

Jarduera lege hauen aplikazio-esparrukoa da: Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 4/2015 Legea (28.5 epigrafea: «Metalen tratamendua eta estaldura»), eta Lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen deklaraziorako estandarrak eta irizpideak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua. Horrenbestez, Sutra Coating SL enpresak lurzoruaren kalitatearen adierazpenerako prozedura hasi beharko du, bi hilabeteko epea agortu baino lehen, jarduera behin betiko uzten duenetik hasita, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Jarduera bertan behera utzi baino lehen, Sutra Coating SLk instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu, ebazpen honen bigarren apartatuaren B.3 azpiapartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.

D.3.– Jarduera aldi baterako etetea.

Jarduera aldi baterako uztea eskatuz gero, 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan arautu bezala, Sutra Coating SLk, aldi baterako uztearen eskabidearekin batera, agiri bat bidali beharko du lantegia jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen bateratuko kontrolak eta baldintzak nola beteko dituen adierazteko.

Era berean, instalazioa berriz abiarazi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen isuri edo emisio oro saihesteko.

D.4.– Jarduera anomaloa izanez gero aplikatu beharreko neurriak eta jarduketak.

Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean zehaztuta dauden ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentzio-neurriez eta jardunerako baldintzez gain, ondorengo apartatuetan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Instalazioen prebentzioko mantentze-lanak.

Prebentzioko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere ustekabeko jario edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta ezarritako segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesik izanez gero, lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztasuna), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), gerta litezkeen ihesei antzemateko neurriak edo gehiegizko betetzeaz ohartarazteko alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa mota) eta lurzoru gaineko isuriak biltzeko sistemak.

Aurreko lerrokadan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen ikusizko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.

Era berean, atmosferara eta uretara egindako emisioak eta isuriak prebenitzeko eta zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa eta abar) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipamenduen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

Urak arazteko prozesuan sortutako soberako hondakin solidoak eta lohiak behar den maiztasunez aterako dira, instalazioak behar bezala funtziona dezan. Hondakin horiek ez dira ibai-ibilgura hustuko aldizkako garbiketa egiten denean; bildu egin beharko dira, kudeatzeko edo zabortegi baimendu batera eramateko. Gorde egingo dira hondoan hustubiderik ez duten biltegi iragazgaitzetan. Ez dira inoiz pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoa kutsatzeko arriskua egon daitekeen guneetan.

Baldin eta instalazioetan lokatzen tratamendua badago, horietatik jaregindako ura berriro bideratuko da arazte-instalazioko sarrerara, tratamendua jaso dezan.

Pabiloien barruan zolak garbitzean sortutako urak tratamendu-lineara bidaliko dira edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.

Hondakin-ura ezingo da «bypass» bidez isuri arazketa-instalazioetan.

Programatutako mantentze-lanetan nahitaez «bypass» bidez isurketak egin behar badira, titularrak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinaraziko dio aurretiaz, segurtasun-neurrien eta isurketak ingurune hartzailearen kalitatearen gainean duen eragina ahal den neurrian gutxitzeko neurrien funtzionamendua zehaztuz. «Bypass» horretan aurreikusi gabeko isurketa bat egongo balitz, titularrak segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko luke, dagokion txostena Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidalita (apartatu honetako j) letran adierazitakoari jarraituz).

Debekatutako substantzia isurtzeko berehalako arriskua balego, horren berri urgentziaz emango dio erabiltzaileak Gipuzkoako Ur Kontsortzioari, hark instalazioak babesteko neurri egokiak har ditzan.

b) Halaber, erregistro bat eduki behar da, aldizka egindako mantentze-lanak eta hautemandako gorabeherak jasota uzteko.

c) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu eskura, arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak eraginkor mantentzeko.

d) Erabilitako olioak, efluenteen arazketako hondakinak, besteak beste, eta, orokorrean, instalazioan sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isurketak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lurzatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

e) Hautsezko produktuak biltegiratzeko, zulo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabiloi estali eta itxiak izan beharko dira.

f) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak ingurunean ez sakabanatzeko moduan gordeko dira.

g) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratze-instalazioek baldintza batzuk bete beharko dituzte; zehazki, produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritakoak.

h) Larrialdi-egoeran berehala eta eraginkortasunez jarduteko behar diren material guztien behar besteko kantitatea eduki beharko da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, behar izanez gero; gerta daitezkeen jarioei aurre egiteko produktu xurgatzaile selektiboak; segurtasuneko edukiontziak, kaltetutako ingurunea isolatzeko hesiak eta seinaleztapen-elementuak, eta norbera babesteko ekipamendu egokiak.

i) Kubeten hustuketa kontrolatzeko balio duen protokolo edo prozedura dokumentatu bat edukiko da. Horri jarraituz, tratamendu-instalazioaren eraginkortasunari eragin diezaioketen produktu-isuriak instalaziora joatea saihestu beharko da.

j) Gorabeheraren bat izanez gero, agintariei jakinaraztea.

Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, sustatzaileak, berehala, gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari (zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren, betiere). Jakinarazpenean alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Jatorriak eta kausak (unean zehaztu daitezkeenak).

– Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.

– Sortutako ondorioak.

– Halakorik badago, epe laburrera aurreikusitako jarduketak.

Gertakari edo arazo larriren bat edo ustekabeko isuriren bat egonez gero, SOS DEIAK eta Zaldibarko eta Eibarko Udalak jakinaren gainean jarri behar dira. Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuari buruzko txosten xehatua bidali beharko zaio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Gorabehera non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

– Gorabeheraren iraupena.

– Istripuzko isuria izanez gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barnean hartuta.

– Mugak gaindituz gero, emisioei buruzko datuak.

– Eragindako kalteen zenbatespena.

Hartutako neurri zuzentzaileak.

– Anomalia berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

Baimenaren baldintzak urratzen dituen isuria gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen oreka modu larrian kaltetu badezake, titularrak berehala etengo du isuri hori eta, horrez gain, gertaeraren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta Babes Zibilean zein ingurumenaren arloan ardurak dituzten erakundeei, baita SOS Deiak (112) Larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.

k) Aurreko apartatuan ezarritakoaz gain, gerta daitezkeen gorabehera edo arazoei aurre egiteko, jardueraren titularrak lehenbailehen jakinarazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari instalazioan aurrez programatuta egingo diren geldialdiak, etengabeko prozesu bati dagozkionak, aurreikusitako prebentzioko mantentze-lanak barne hartuta.

l) Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeria aplikatuko da eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.

E) Instalazioa aldatzea.

Babes-neurriak eta neurri zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, baita neurtu behar diren parametroak, neurketen maiztasuna eta parametroen mugak ere, araudi berriak indarrean jartzeak edo inplikatutako sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharrak hala gomendatzen duenean.

Era berean, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu egin daitezke jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

Instalazioetan aldaketak egin ahal izateko, aldez aurretik honako helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da.

http://www.euskadi.eus/contenidos/serv_proc_autorizacion/p_autho_20183895085814/procedures/proc_20183895329689/eu_def/adjuntos/Formulario_modificaciones.doc

Erakunde honen onespena ere beharko da, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 10. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

Industriako Emisioen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.1 artikuluak aldaketa funtsezkotzat jotzeko irizpideak ezartzen ditu.

Nolanahi ere, aipatutako 815/2013 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan zehaztutakoari jarraikiz, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 10. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz.

Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko da, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoari jarraikiz.

F) EPTR jakinarazpena.

Urtean behin, martxoaren 31 baino lehen, Sutra Coating SL enpresak aurreko urtean atmosferara eta uretara egindako emisioei eta isuriei, eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko 508/2007 Errege Dekretuarekin eta Ingurumena Zaintzeko Programarekin bat etorriz.

Informazio horren bidalketa Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak horretarako prestatutako informazio-sistemaren bidez egingo da.

Datu horietako batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumenean Eragina duten Jardueren Erregistroa osatuko dute, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, informazioa Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko (E-PRTR-Europa erregistroa).

Ingurumen-adierazpena agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, une oro bermatu beharko da Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.

Hirugarrena.– Ingurumenaren finantza-bermea.

a) Ingurumenaren finantza-bermea.

Sutra Coating SLk bere jarduera profesionalaren ingurumen-arriskuen azterketa egin beharko du, abenduaren 22ko 2090/2008 Errege Dekretuaren 34. artikuluan ezarritakoaren arabera (26/2007 Legea zati batean garatzen duen Erregelamendua onartzen duena), finantza-bermea eratu behar duen ebaluatzeko, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen 24. artikuluaren arabera. Obligazioa izanez gero, 1. eta 2. lehentasun-mailako operadoreek, ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren arabera, finantza-bermea izan beharko dute. Bestalde, 3. lehentasun-mailako operadoreek, ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren arabera, finantza-bermea eduki beharko dute urriaren 10eko TEC/1023/2019 Aginduaren 2. artikuluan ezarritako epeetan. Hala badagokio, finantza-bermea eratu ondoren, eta betiere adierazitako data baino lehen, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dio agintaritza eskudunari, eta adierazpen horrek 2090/2008 Errege Dekretuaren IV.1. eranskinean adierazitako informazioa jaso beharko du gutxienez. 26/2007 Legearen 28. artikuluko a) eta b) apartatuetan aurreikusitako salbuespenei jarraikiz, jarduera finantza-bermea eratzetik salbuetsita geratzen bada, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dio agintaritza eskudunari, eta hark IV.2 eranskinean jasotako informazioa jaso beharko du gutxienez. Erantzukizunpeko adierazpen hori Eusko Jaurlaritzak emandako prozedura telematikoaren bidez bakarrik aurkeztu behar da.

Operadoreak ingurumen-arriskuen azterketa eguneratuko du egokitzat jotzen duen guztietan eta, aldiro, jardueran, instalazioan edo funtsezko baimenean funtsezko aldaketak gertatzen direnean. Finantza-bermearen zenbatekoa urtero eguneratuko da, KPIaren arabera.

Urteko ingurumena zaintzeko planarekin batera finantza-bermea eratu behar izanez gero, indarrean dagoen aseguru-polizaren kopia edo eratutako finantza-bermearen motaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

b) Ingurumen-erantzukizuna.

Jardueraren operadoreak ingurumen-kalteak prebenitzeko, saihesteko eta konpontzeko neurriak hartu eta betearazi behar ditu, eta horien kostuak ordaindu behar ditu, zenbatekoa dena dela, baita dolorik, errurik edo zabarkeriarik egon gabe ere, Ingurumen Erantzukizunari buruzko Legearen 19.1 artikuluan adierazten den bezala.

Laugarrena.– Lau urteko epea jartzen da proiektua egikaritzen hasteko; ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasiko da kontatzen epea. Hori igaro, eta artean ez bada hasi proiektua egikaritzen, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio iraunaldia, eta utzi egingo dio dagozkion ondorioak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren izapidea, non eta ez den erabakitzen ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren indarraldia luzatzea. Hori guztia, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.8 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Bosgarrena.– Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 29a.

(Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzaren titularra ordezkatzeko, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuko lehen xedapen gehigarrian xedatutakoa hartuko da kontuan).

Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordea,

BITTOR OROZ IZAGIRRE.


Azterketa dokumentala