Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

117. zk., 2021eko ekainaren 16a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
3419

EBAZPENA, 2021eko maiatzaren 26koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita ekintzaileei laguntzeko 2021eko dirulaguntza-deialdia.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2021eko maiatzaren 25eko bileran hartutako erabakiaren bidez, ekintzaileei laguntzeko 2021eko ekitaldiko dirulaguntza-deialdia onartu du. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluko p) apartatuan xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Azaldutakoa dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea ekintzaileei laguntzeko 2021eko dirulaguntza-deialdia. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren bidez onartu zen, 2021eko maiatzaren 25eko bileran, eta ebazpen honi erantsi zaio.

Bigarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntza-deialdia onartzeko hartu duen erabakiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzeko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 26a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

ERANSKINA
EKINTZAILEEI LAGUNTZEKO 2021EKO DIRULAGUNTZA-DEIALDIA

Dinamismo ekintzailea ezinbesteko faktorea da hazkunde ekonomikoa eta aurrerapena bultzatzeko, era horretan enplegu- eta aberastasun-aukera berriak sor daitezen. Horregatik, guztiz beharrezkoa da beren proiektuarekin banaka eta sozialki konprometituta dauden ekintzaileei modu integral batez laguntzea ekintzailetza prozesuaren fase guztietan.

Euskal gizarteak badaki ekintzaileak zer garrantzitsuak diren, haien laneko etorkizun propioa diseinatu eta sortzearen aldeko apustua egiten baitute, eta, aldi berean, beste pertsona batzuentzako lan-aukerak sortzen baitituzte.

Horrelako proiektuek enplegua sortzeko duten ahalmena dela eta, guztiz beharrezkoa da haiei laguntza integrala ematea.

Ideia sortzeaz bat hasten da ekintzailetzaren bidea; ideia hori egoki balioetsi eta ondu ondoren, eta sustatzaileak behar duen prestakuntza eta laguntza jasota, negozio edo enpresa bat abiaraztea ekar dezake, zeinak sendotzeko aldi bat beharko baitu ondoren, harik eta enpresa-ehunean sartzen den arte.

Negozio-ideia sistematikoki sortu, aztertu eta egituratzeko lehenengo fasean, funtsezkoa da sustatzaileari laguntzea ibilbide horretan, haren ideia baliozkotzeko edo birmoldatzeko. Aldi berean, sustatzaileak ekintzailetzarekin lotutako gaitasunak eta trebetasunak bereganatuko ditu, aholkularitza- eta laguntza-jardueren bitartez.

Bestalde, negozio-ideia zehatz bat duten sustatzaileei laguntza ematea, hain zuzen, enpresa-jarduera hasteko beharrezko jarduerak bultzatzeko laguntze- eta tutoretza-jardueren bidez, funtsezko puntu kritiko bat da ibilbide horretan, eta horrek lagundu egiten du, halaber, ekintzailetzarekin lotutako hainbat gaitasun eta trebetasun beregana ditzaten sustatzaileek.

Gainera, jarraipena ematen zaio jarduera norberaren konturako langile gisa hasteko aktibo finkoetan inbertsioak egiten dituzten pertsonak sostengatzeko laguntza-lerroari, enpresa-proiektua finantzatzeko laguntza bat bermatuz ezarpenaren lehen faseetan.

Azkenik, laguntza eman nahi zaie, orobat, enpresa-jarduerari berriki ekinik, gutxieneko errentagarritasun bat bermatzeko bultzada ekonomiko bat behar duten pertsonei, proiektua finkatze aldera.

Europa 2030 Estrategiaren lehentasunetako bat da Europa adimentsuago batean oinarritutako kohesio-politika eta eskualde-garapena, berrikuntzaren, digitalizazioaren, eraldaketa ekonomikoaren eta enpresa txiki eta ertainentzako laguntzaren bidez.

Eurostat erakundeak 2020ko hirugarren hiruhilekoari buruz emandako datuen arabera (argitaratutako azkenak), 30 urtetik beherako pertsonen langabezia-tasa % 14,40koa da Europar Batasunean. Gure lurraldeari dagokionez, Eustatek 2020ko hirugarren hiruhilekoari buruz emandako datuen arabera, % 23,90ekoa da kolektibo horren langabezia-tasa, eta haren enplegu-tasa % 34,70ekoa; EAEko enplegu-tasa orokorra, berriz, % 66,90ekoa da.

Bestalde, deialdi honek ezin ditu alde batera utzi lan-merkatuan emakumeen eta gizonen artean dauden aldeak eta horien arteko desberdinkeria. Horrela, Eustaten 2020ko hirugarren hiruhilekoko datuek erakusten duten bezala, emakumeen enplegu-tasa ia 5 puntu txikiagoa da gizonena baino (emakumezkoen enplegu-tasa % 64,50ekoa da, eta, gizonezkoena, berriz, % 69,30ekoa). Horrek erakusten du desagerrarazi beharreko arrakala dagoela lan-esparrura sartzeko eta bertan irauteko aukeretan.

Kontuan hartu behar da, EAEko estatistika-datuen arabera, emakumeek gizonek baino enpresa gutxiago sortzen dituztela; izan ere, ekintzaile finkatuen artean, 2017an, % 54,5 gizonak izan ziren, eta % 45,5 emakumeak.

Deialdi honetako laguntzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2021eko ekitaldiko Dirulaguntza Plan Estrategikoan aurreikusita daude. Organismo autonomo horren Administrazio Kontseiluak onartu zuen plan hori, 2020ko abenduaren 15eko bileran hartutako erabakiaren bidez (www.lanbide.euskadi.eus web-orrian argitaratua), eta, hartara, bete egin zuen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak egindako proposamena kontuan hartuta, erakunde autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2021eko maiatzaren 25eko bileran, ekintzaileei laguntzeko dirulaguntza-deialdia onartu du, baldintza hauetan.

I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

1.– Deialdi honen xedea da enpresa-proiektuen sustatzaileei 2021eko ekitaldian eman beharreko dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezartzea, lau dirulaguntza-lerroren bitartez:

a) Ekintzailetzako toki-proiektuen esparruan ekintzaile izan daitezkeen pertsonei zuzendutako laguntzak, enpresa-ideiak sortu, aztertu eta egituratzen esklusiboki ardura daitezen (Enpresa-ideia bat garatzeko Laguntzak).

b) Ekintzailetzako toki-proiektuen esparruan, negozio-ideia zehaztua duten ekintzaileek enpresa-proiektu berriak abian jar ditzaten bultzatzeko laguntzak (Enpresa-proiektu Berriak Abian jartzeko Laguntzak).

c) Enpresa-jarduera bat hasi duten eta hura ezartzeko laguntza ekonomikoa behar duten pertsonentzako laguntzak (Proiektua ezartzeko Laguntzak).

d) Enpresa-jarduera bat abiatu duten pertsonentzako laguntzak, jarduera hori sendotzeko (Enpresa-jarduera bat sendotzeko Laguntzak).

2.– Era berean, deialdi honen xede dira aurreko paragrafoko a) eta b) apartatuetan aipatzen diren laguntzen onuradun diren ekintzaileak hautatu eta horien laguntze- eta/edo tutoretza emateko laguntzak; 3. artikuluan aurreikusitako toki-erakunde laguntzaileek egin beharrekoa da lan hori.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honek arautzen dituen laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 3.705.000 eurokoa da, eta, horietatik, 2.305.000 euro 2021. urteko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 1.400.000 euro 2022rako konpromiso-kredituan sartuko dira, 32110–Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren aurrekontuaren erabilera izeneko programan aurreikusitakoaren arabera.

2.– Aurreko zenbakian aurreikusitako baliabide ekonomikoen zenbateko osoa aipatu diren dirulaguntza-lerroen artean banatzekoa da, honela:

a) Enpresa-ideia bat garatzeko laguntzak finantzatzeko, II. kapituluan arautuak: 425.000 euro, 2021eko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkionak.

Honela banatuko da zenbateko hori:

– 233.750 euro bideratuko dira 18 urte baino gehiago eta 30 urte baino gutxiago dituzten gazte ekintzaileentzako laguntzetarako.

– 191.250 euro bideratuko dira 30 urte edo gehiago dituzten ekintzaileentzako laguntzetarako.

b) Negozio-ideia zehaztu bat duten ekintzaileek enpresa-proiektu berriak abian jartzeko laguntzak finantzatzeko, III. kapituluan arautuak: 400.000 euro; horietatik, 200.000 euro 2021eko ordainketa-kredituari dagozkio, eta, 200.000 euro 2022ko konpromiso-kredituari.

Honela banatuko da zenbateko hori:

– 220.000 euro bideratuko dira 18 urte baino gehiago eta 30 urte baino gutxiago dituzten gazte ekintzaileentzako laguntzetarako; 110.000 euro 2021eko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 110.000 euro, 2022ko konpromiso-aurrekontuari.

– 180.000 euro bideratuko dira 30 urte edo gehiago dituzten ekintzaileentzako laguntzetarako; 90.000 euro 2021eko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 90.000 euro, 2022ko konpromiso-aurrekontuari.

c) Enpresa-proiektu bat ezartzeko laguntzak finantzatzeko, IV. kapituluan arautuak: 700.000 euro, 2021eko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkionak.

d) Enpresa-jarduera bat finkatzeko bideratutako laguntzak finantzatzeko, V. kapituluan arautuak, 1.800.000 euro; horietatik, 720.000 euro 2021eko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 1.080.000 euro, 2022ko konpromiso-kredituari.

e) Erakunde laguntzaileek onuradunak hautatze- eta laguntze-jarduerak finantzatzeko (deialdi honetako 3. artikuluan aipatua), 380.000 euro; horietatik, 260.000 euro 2021eko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 120.000 euro, 2022ko konpromiso-kredituari.

Honela banatuko da zenbateko hori:

– 140.000 euro bideratuko dira (2021eko ordainketa-kredituari dagozkionak) II. kapituluan (Enpresa-ideia bat garatzea) jasotako laguntzen onuradun diren sustatzaileak hautatu eta laguntzeko dirulaguntzetarako.

– 240.000 euro bideratuko dira (120.000 euro, 2021eko ordainketa-kredituari dagozkionak, eta 120.000 euro, 2022ko konpromiso-aurrekontuari) III. kapituluan (Enpresa-proiektu berriak abian jartzea) jasotako laguntzen onuradun diren sustatzaileak hautatu eta laguntzeko dirulaguntzetarako.

3.– Dirulaguntza-lerroak finantzatzeko bideratutako baliabide ekonomikoei dagokienez, baldin eta aurreikusitako bi kolektiboetako batean agortzen ez bada, ekintzaileentzako laguntzetarako kreditua, beste kolektiborako aurreikusitako laguntzak ordaintzeko erabiliko da soberakina. Era berean, baldin a), b), d) eta e) lerroengatik emango diren dirulaguntzen zenbatekoa ez bada iristen izendatutako gehieneko aurrekontura, osorik finantzatu ezin izan diren beste lerro batzuk finantzatzeko erabili ahal izango da funtsen soberakina.

3. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.

1.– Deialdi honen II. eta III. kapituluetan (negozio-ideia bat aztertu eta garatzea, eta enpresa-proiektu berriak abian jartzea) araututako laguntzen onuradunen hautaketa, laguntza eta/edo tutoretza Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek, udalerri-elkarteek, mankomunitateek edo kuadrillek –eta horien mendeko erakundeek– gauzatu beharko dituzte, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren baimena jaso badute erakunde laguntzaile gisa jarduteko.

2.– Nolanahi ere, hartarako gaitasun tekniko nahikoa dutela egiaztatzea baldintza izango da sustatzaileei laguntza edota tutoretza emateko erakunde laguntzaile gisa jardun ahal izateko. Horretarako, ondoren adierazten diren baldintzak bete beharko dira:

– Gutxienez, 2 urteko esperientzia izatea ekintzaileei laguntzeko lanetan.

– Sustatzaileei laguntzeko langile egokiak eta nahikoak izatea. Betekizun hori betetzen dutela ulertuko da, laguntzaren hasieran honako hauek badituzte: gutxienez kontratupeko teknikari bat, unibertsitate-ikasketak amaituta dituena; giza baliabide horiek urtebetetik gorako esperientzia izan behar dute, eta curriculum egiaztatua autoenplegurako laguntza- eta tutoretza-lanen arloan. Gainera, diruz laguntzen diren ekintzak egiteko langile propio nahikoa izateko konpromisoa hartuko dute, eta langile horiek gai izan behar dute erabiltzaileei behar bezalako arreta emateko.

3.– Sustatzaileak hautatu eta haiei laguntza eta tutoretza emateko jarduerez gain, deialdi honen II. eta III. kapituluetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatu eta ordainduko dituzte erakunde horiek.

4.– Erakunde laguntzaileek dirulaguntza jaso ahalko dute ekintzaileak hautatu eta haiei tutoretza emateagatik, baldin eta ekintzaile horiek deialdi honetan ezarritako eskakizunak betetzen badituzte eta dirulaguntza esleitu bazaie. Dirulaguntza horiek 300 eurokoak (pertsonako) izango dira enpresa-ideia bat garatzeko proiektuetan, eta 1.000 eurokoak (pertsonako) enpresa-jarduera berriak abian jartzeko proiektuen kasuan.

Laguntza horiei deialdi honen VI. kapituluan jasotako aurreikuspenak aplikatuko zaizkie, salbu prozeduraren instrukzioa eta ebazpenari buruzko 25. artikuluan xedatutakoa –artikulu honetan berariaz arautzen da– eta 26. artikuluan xedatutakoa.

5.– Programa honetan parte hartzeko eta erakunde kolaboratzaile izateko zein dagokion dirulaguntza eskuratu ahal izateko eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://euskadi.eus/egoitza, eta hara iristeko esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian.

Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, izapidetzeko jarraibideak adierazita, eta eskabide-inprimakia hemen daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1102102

Eskabidearen ondorengo izapideak egiteko (jakinarazpenak barne), Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Era berean, eskabidea elektronikoki izapidetu ahal izango da, ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritzak Eusko Jaurlaritzako Ahalordeen Erregistro elektonikoan eman ahalko du izena, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

6.– Eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:

– Ekintzailetza-proiektua, hauek jasoko dituena: aholkularitza- eta laguntza-prozesuan sustatzaileekin garatuko diren jarduerak; artatzea aurreikusten den pertsona-kopurua; desberdindu egingo dira aholkularitza- eta tutoretza-jarduerak, enpresa-ideia bat garatzeko badira edota enpresa-proiektu berri bat abian jartzeko badira; halaber, jarduera bakoitzeko, zehaztu egingo da 30 urtetik beherako zenbat pertsonari erantzungo zaion eta 30 urteko edo hortik gorako zenbati, datuak sexuaren arabera bereizita. Nolanahi ere, proiektuan aurreikusi behar da emakume ekintzaileen % 40ri arreta ematea.

– Erakunde eskatzailearen ziurtagiria, laguntza-zereginak gauzatzeko gaitasun teknikoei eta materialari buruzkoa, esperientzia egiaztatuko duena eta jarduera gauzatuko duten pertsonak zehazten dituena.

– Proiektuan parte hartuko duten sustatzaileak hautatzeko prozesuaren deskribapena; publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioak errespetatu beharko ditu prozesuak, genero-aldagaia barne, hautatutako pertsonen % 40 gutxienez emakumeak izan daitezen ahalegintzeko.

7.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

8.– Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak hartuko du bere gain eskabideak kudeatu eta izapidetzeko ardura, eta Lanbideko zuzendari nagusiak izango du ebazteko eskumena.

9.– Eskabideak aurkezteko epea amaituta, denak aztertuko dira, eta erakunde laguntzaile gisa jarduteko baimena emango zaie deialdi honetan aurreikusitako eskakizunak betetzen dituztenei –horietako bakoitzak artatu beharreko pertsona-kopurua eta -mota zehaztuta–, eta dagokien dirulaguntza emango zaie.

Erakunde laguntzaileek artatuko dituzten pertsona-kopurua eskabidean proposatutakoaren arabera zehaztuko da, betiere deialdi honen II. kapituluan (Enpresa-ideiak garatzea) eta III. kapituluan (Enpresa-proiektu berriak abian jartzea) sustatzaileei emateko laguntzak estaltzeko aurreikusitako baliabide ekonomikoak ahalbidetzen duten mugaraino, 2. artikuluan araututako baldintzetan.

Baldin eta baliabide ekonomiko horiek ez badira aski erakunde laguntzaileek artatu nahi dituzten pertsona guztientzako laguntzak estaltzeko, erakunde laguntzaile bakoitzak artatu beharreko pertsona-kopurua murriztuko da laguntza-lerro bakoitzean, prozedura honen arabera:

– Lehenik eta behin, aurreko urteko deialdiko egikaritze-mailaren arabera (arreta eman zaien pertsonen kopurua, onartutakoekin alderatuta), zuzenketa-faktore bat aplikatuko da, eskatutako 30 urtetik gorako pertsonen kopurua murrizteko, formula honen arabera:

(Ikus .PDF)

– Oraindik ere baliabideak nahikoak ez badira, aholkularitza eman beharreko pertsonen kopurua murriztuko da eskatutakoaren proportzioan, edo, bestela, hala badagokio, aipatutako zuzenketa-faktorea aplikatu osteko emaitzaren arabera, lehentasuna emanez 30 urtetik beherakoei.

10.– Deialdi honen esparruan sustatzaileei aholkularitza emateko erakunde laguntzaile gisa jarduteko baimena, bai eta bertan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko eta ordaintzekoa ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emango da; dagokion lankidetza-hitzarmena sinatu beharko da haren baldintzak zehazteko, betiere II. eranskinean jasotako ereduaren arabera.

Prozedurari buruzko ebazpena bakarra izango da, eta erakunde interesdunei jakinaraziko zaie, Lanbideren web-orrian argitaratuta (http:/www.lanbide.euskadi.eus). Gainera, EHAAn jakinaraziko da laguntzaile gisa jarduteko baimena duten erakundeak zein diren, bai eta erakunde bakoitzak zenbat pertsona artatuko duen ere.

Ebazpenean zehaztuko da zenbat pertsona artatuko diren, sexuaren arabera eta dirulaguntza-lerro eta kolektibo bakoitzeko banakatuta, bai eta erakunde laguntzaileari zenbateko dirulaguntza emango zaion ere pertsona horiek hautatzeagatik eta horiei laguntza edota tutoretza emateagatik.

Prozedura ebazteko eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera. Epe hori amaitu eta esanbidezko ebazpenik ematen ez bada, dirulaguntza jasotzeko eskabidea ezetsitzat joko da.

Sustatzaile interesdunek horren berri izan dezaten, Lanbideren web-orrian (http://www.lanbide.euskadi.eus) jakinaraziko dira deialdi hau egikaritzeko laguntzaile gisa jarduteko baimena duten erakundeak, bai eta erakunde bakoitzak zenbat pertsona artatuko duen ere.

11.– Zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, jakinarazpena Lanbideren web-orrian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

12.– Ebazpena jakinarazi ostean, dagokion lankidetza-hitzarmena sinatuko da.

Hilabeteko epea izango dute erakunde laguntzaileek, hitzarmena sinatu eta biharamunetik aurrera, ekintzaileei laguntza edota tutoretza ematen hasteko.

13.– Hautaketa-prozesuan, erakundeak lehentasun-hurrenkera hau aplikatuko du, kontuan hartuta artikulu honen 6. apartatuan aipatzen den genero-aldagaia:

a) 30 urtetik beherako pertsonak.

b) 45 urtetik gorako pertsonak.

c) DSBEa jasotzen duten titularrak edo onuradunak.

14.– Erakunde laguntzaileei honela ordainduko zaie dirulaguntza, hitzarmenean zehaztutako baldintzetan:

a) Enpresa-ideia bat garatzeari laguntzeko jarduerei dagokienez, pertsona bakoitzeko 300 euroko ordainketa bakarra egingo da, laguntzeko prozesua hasten denean, 2021eko ordainketa-kredituaren kargura; halere, aldez aurretik, honako hauek egin beharko dira: sustatzaileek eginiko dirulaguntza-eskabideen azterketaren emaitza-txostenak aurkeztu, eta eskakizunak betetzen dituztela egiaztatu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

b) Enpresa-proiektu berriak abian jartzeko laguntzei dagokienez, bi alditan ordainduko dira:

– Pertsona bakoitzeko 500 euroko lehen ordainketa bat, 2021eko ordainketa-kredituaren kargura, laguntzeko prozesua hasten denean; halere, aldez aurretik, honako hauek egin beharko dira: sustatzaileek eginiko eskabideen azterketaren emaitza-txostenak aurkeztu, eta eskakizunak betetzen dituztela egiaztatu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

– Pertsona bakoitzeko 500 euroko bigarren ordainketa bat, 2022ko konpromiso-kredituaren kargura, prozesua osatzen duen eta Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta hartzen duen pertsona sustatzaile bakoitzeko. Erakunde laguntzaileak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan deialdi honen 13. artikuluko azken paragrafoak aipatzen duen dokumentazioa aurkezten duenean egingo da bigarren ordainketa.

II. KAPITULUA
ENPRESA-IDEIA BAT GARATZEKO LAGUNTZAK, EKINTZAILETZAKO TOKI-PROIEKTUEN ESPARRUAN

4. artikulua.– Diruz lagundu daitekeen jarduera.

1.– Kapitulu honen babespean diruz lagundu ahal izango da negozio-ideia bat aztertu eta garatzea, jarduera-adarra ezein dela ere, sustatzaileek arduraldi esklusiboko erregimenean badihardute, eta, betiere, 5. artikuluan aurreikusitako eskakizunak betetzen badituzte eta deialdi honen 3. artikuluan aipatutako erakunderen baten laguntzako eta/edo tutoretzako tokiko proiektuetan parte hartzen badute.

2.– Kapitulu honen babespean garatutako jarduerek bi hilabete iraungo dute gutxienez.

3.– Sustatzaileak arduraldi esklusiboan diharduela ulertuko da, baldin eta eskakizun hauek betetzen baditu: lanaldiaren % 30 baino gehiago lan ez egitea edo lanaldi osoan 18 egun baino gehiago lan ez egitea diruz lagundutako aldi guztian.

Ondorio horietarako, lan egindako eguntzat hartuko dira Gizarte Segurantzan alta emanda egin dituen egunak. Lanaldi partzialeko kontratuen kasuan, egun hauek hartuko dira aintzat: alta-egunak bider kontratatutako lanaldiaren ehunekoa.

5. artikulua.– Onuradunak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izan ahalko dira laguntza-prozesua hasteko unean eta eskabidea aurkeztekoan eskakizun hauek betetzen dituzten ekintzaileak:

a) EAEn erroldatuta egotea eta benetan bertan bizitzea. Eskakizun horri eutsi egin beharko zaio, gutxienez laguntza-prozesua amaitu arte.

b) Langabea izatea eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa izena emanda egotea. Ondorio horietarako, langabetzat hartuko da lanaldi partzialeko kontratuarekin eta % 30eko edo hortik beherako lanaldiarekin ari denean.

c) Aurreko urtean alta emanda ez egotea ez Ekonomia Jardueren gaineko Zergan ez eta Langile Autonomoen Araubide Berezian ere.

d) Ezein jarduera-adarretako enpresa- edo negozio-proiektu bat garatzeko ideia bat izatea.

e) Deialdi honen 3. artikuluan aurreikusitako erakundeetako bateko aholkularitza eta laguntza jasotzeko prozesuan sartuta egotea.

f) Aurreko deialdietan, enpresa-ideia bat garatzeko edo enpresa-jarduera berriak abian jartzeko laguntzen onuradun ez izatea –Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ekintzaileei laguntzeko kudeatu dituen deialdietan jasota dauden laguntzak–.

2.– Laguntza horien onuradun izateko, konpromiso hauek hartu behar dituzte sustatzaileek:

a) Arduraldi esklusiboan jardutea euren enpresa-ideia aztertzen eta garatzen.

b) Enpresa-ideia bat sortze eta garatze aldera deialdi honen kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek aholkularitza emateko eta laguntzeko finkatutako jarduera guztietara bertaratzea.

c) Helburu bererako beste laguntzarik ez jasotzea.

6. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa.

Sustatzaileei euren enpresa-ideia garatzeko eman beharreko laguntzaren zenbatekoa 1.000 eurokoa izango da.

Zenbateko hori % 15 handituko da baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada, laguntza-prozesua hasteko unean, eta beste % 15, baldin eta emakumea bada.

7. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta aurkezteko epea.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko eskabideak III. eranskinean jasotako eredu ofizialean aurkeztu beharko dira (http://www.lanbide.euskadi.eus web-orrian), eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak laguntzaile gisa baimendutako erakundeen bitartez, betiere horiek ekintzailearen laguntza- edota tutoretza-lanak egiten badituzte. Erakunde horiek erregistratuko dituzte aurkeztutako eskabideak, eta egiaztatuko dute eskatzaileek bete egiten dituztela dirulaguntzak emateko beharrezkoak diren baldintzak eta eskakizunak.

2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) NANaren fotokopia.

b) EAEko errolda-ziurtagiria edota erroldako datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.

c) Erakunde laguntzailearen ziurtagiria, eskatzaileak laguntza eta/edo tutoretzako programan parte hartzen duela egiaztatzen duena; laguntza eta/edo tutoretzako planean aurreikusitako jarduerak jasoko dira bertan, bai eta prozesuaren hasiera-data ere.

d) Lan-bizitzari buruzko txostena, laguntza-prozesuaren hasiera-datan eguneratuta.

e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dauzkatela egiaztatzen duten ziurtagiriak.

3.– Kapitulu honetan araututako laguntzen eskabideak aurkezteko 7 egun balioduneko epea egongo da, laguntzeko prozesua hasi eta biharamunetik aurrera.

8. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.

Kapitulu honetan aurrez ikusitako laguntza ordainketa bakarrean ordainduko zaie onuradunei, laguntza eman eta gero, 3. artikuluan aurreikusitako erakunde laguntzaileen aldetik.

III. KAPITULUA
EKINTZAILETZAKO TOKI-PROIEKTUEN ESPARRUAN, ENPRESA-JARDUERA BERRIAK ABIAN JARTZEA SUSTATZEKO LAGUNTZAK

9. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Kapitulu honen babespean, diruz lagundu ahal izango da 10. artikuluan aurrez ikusitako eskakizunak betetzen dituzten sustatzaileek enpresa- edo negozio-proiektu bat abian jartzeko beharrezkoak diren jarduerak garatzea, arduraldi esklusiboko erregimenean; jarduera horiek deialdi honen 3. artikuluan aipatutako erakunde laguntzaileetako baten laguntza eta tutoretza izan beharko dituzte.

2.– Kapitulu honen babespean garatutako jarduerek hiru hilabete iraungo dute gutxienez.

3.– Sustatzaileak arduraldi esklusiboan diharduela ulertuko da, baldin eta eskakizun hauek betetzen baditu: lanaldiaren % 30 baino gehiago lan ez egitea edo lanaldi osoan 27 egun baino gehiago lan ez egitea diruz lagundutako aldi guztian.

Ondorio horietarako, lan egindako eguntzat hartuko dira Gizarte Segurantzan alta emanda egin dituen egunak. Lanaldi partzialeko kontratuen kasuan, egun hauek hartuko dira aintzat: alta-egunak bider kontratatutako lanaldiaren ehunekoa.

10. artikulua.– Onuradunak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izan ahalko dira laguntza-prozesua hasteko unean eta eskabidea aurkeztekoan eskakizun hauek betetzen dituzten ekintzaileak:

a) EAEn erroldatuta egotea eta benetan bertan bizitzea. Eskakizun horri eutsi egin beharko zaio, gutxienez laguntza-prozesua amaitu arte.

b) Langabea izatea eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa izena emanda egotea. Ondorio horietarako, langabetzat hartuko da lanaldi partzialeko kontratuarekin eta % 30eko edo hortik beherako lanaldiarekin ari denean. Eskakizun hori bete beharko da, baita Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta emateko unean ere.

c) Aurreko urtean alta emanda ez egotea ez Ekonomia Jardueren gaineko Zergan ez eta Langile Autonomoen Araubide Berezian ere.

d) Bideragarritasun-plan bat izatea enpresa edo negozio berri bat abian jartzeko, zeina dagokion erakunde laguntzaileak balioztatu beharko baitu laguntze-fasearen barruan.

e) Deialdi honen 3. artikuluan aurreikusitako erakundeetako baten aholkularitza eta laguntza jasotzeko prozesuan sartuta egotea.

f) Aurreko deialdietan jarduera berri bat martxan jartzeko asmoz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ekintzaileei laguntzeko kudeatu dituen deialdietan jasota dauden laguntzetako bakar baten onuradun ez izatea.

2.– Laguntza horien onuradun izateko, konpromiso hauek hartu behar dituzte sustatzaileek:

a) Enpresa edo negozioa abian jartzen jardutea esklusiboki.

b) Deialdi honen kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek enpresa edo negozioa ezartzeko zehaztutako aholkularitzako eta laguntzako jarduera guztietara joatea.

c) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta ematea, gehienez ere 3 hilabeteko epean, negozioa abian jartzeko diruz lagundutako tutoretza eta laguntzako prozesua amaitzen denetik aurrera. Alta horren titularrak edozer forma juridiko har dezake, baldin eta sustatzaileak egiaztatzen badu, hala dagokionean, sozietate-harremana duela harekin eta baldin eta xede soziala bat badator tutorizatutako proiektuarenarekin.

Epe horretan ekintzaileek Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta ematen ez badute, dirulaguntzaren bigarren ordainketa jasotzeko eskubidea galduko dute.

d) EAEn jartzea enpresa-jardueraren egoitza soziala eta fiskala, eta lantokia ere EAEn kokatzea.

e) Ez jasotzea inolako laguntzarik helburu berarako.

11. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Sustatzaile bakoitzari 1.500 euroko dirulaguntza emango zaio, enpresa-proiektu berriak abian jartzeko.

Zenbateko hori % 15 handituko da baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada, laguntza-prozesua hasteko unean, eta beste % 15, baldin eta emakumea bada.

12. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta aurkezteko epea.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako dirulaguntzak eskuratzeko eskabideak III. eranskinean jasotako eredu ofizialean aurkeztu beharko dira (http://www.lanbide.euskadi.eus web-orrian), eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak laguntzaile gisa baimendutako erakundeen bitartez, betiere horiek ekintzailearen laguntza edota tutoretzako zereginak egiten badituzte. Erakunde horiek erregistratuko dituzte aurkeztutako eskabideak, eta egiaztatuko dute eskatzaileek bete egiten dituztela dirulaguntzak emateko beharrezkoak diren baldintzak eta eskakizunak.

2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) NANaren fotokopia.

b) EAEko errolda-ziurtagiria edota erroldako datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.

c) Erakunde laguntzailearen ziurtagiria, eskatzaileak laguntza eta/edo tutoretzako programan parte hartzen duela egiaztatzen duena; laguntza eta/edo tutoretzako planean aurreikusitako jarduerak jasoko dira bertan, bai eta prozesuaren hasiera-data ere.

d) Lan-bizitzari buruzko txostena, laguntza-prozesuaren hasiera-datan eguneratuta.

e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dauzkatela egiaztatzen duten ziurtagiriak.

3.– Kapitulu honetan araututako laguntzen eskabideak aurkezteko 7 egun balioduneko epea egongo da, laguntzeko prozesua hasi eta biharamunetik aurrera.

13. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.

Deialdi honen 3. artikuluan aurreikusitako erakunde laguntzaileek honela ordainduko dizkiete dirulaguntzak onuradunei:

– Lehenengo ordainketa: emandako dirulaguntzaren % 50, 2021eko aurrekontuko ordainketa-kredituaren kargura, dirulaguntza eman ostean eta bideragarritasun-plana eratu eta enpresa-proiektua ezartzeko aholkularitza-prozesua hasi eta gero.

– Bigarren ordainketa: gainerako % 50a, 2022ko konpromiso-kredituaren kargura, Ekonomia Jardueren gaineko Zergan (EJZ) alta eman eta gero; ordainketa hori egiteko, lehenengo, erakunde laguntzaileari aurkeztu beharko dio EJZn alta eman izanaren kopia eta eginiko jarduerak zehaztuko dituen azken memoria, gehienez ere hiru hilabeteko epean laguntza-prozesua amaitu zenetik. Gainera, aldez aurretik, erakunde laguntzaileak egiaztatu beharko du 10.1 artikuluko a) eta b) apartatuetan jasotako eskakizunak betetzen direla.

IV. KAPITULUA
ENPRESA-JARDUERA BAT HASI ETA «PROIEKTUA EZARTZEKO» LAGUNTZA BEHAR DUTEN PERTSONENTZAKO LAGUNTZA EKONOMIKOAK

14. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Dirulaguntza jaso ahalko dute, deialdi honen babespean, zuzenean jarduerarekin lotuta dauden aktibo finko hauetan egiten diren inbertsioek, kontabilitate-plan orokorrak eta hura garatzen duten arauek ezarritako definizioaren arabera:

a) Eraikuntzak (lokalak eskuratzea izan ezik).

b) Makinak.

c) Instalazioak.

d) Tresnak.

e) Altzariak.

f) Informazioa prozesatzeko ekipoak.

g) Enpresa-jarduerari edo jarduera profesionalari zuzenean eta esklusiboki lotutako garraio-elementuak.

Ondorio horietarako, hauek bakarrik egongo dira zuzenean eta esklusiboki jarduerari lotuta:

– Salgaiak garraiatzeko erabilitako ibilgailu mistoak.

– Kontraprestazio bidez bidaiariak garraiatzeko zerbitzuak ematerakoan erabiltzen direnak.

– Kontraprestazio bidez gidariei edo pilotuei irakasteko zerbitzuak ematerakoan erabiltzen direnak.

– Probak, saiakuntzak, erakustaldiak egiterakoan edo salmentak sustatzerakoan ekoizleek erabiltzen dituztenak.

– Merkataritza-agenteen lanbideari lotutako joan-etorrietan erabilitakoak.

– Zaintza-zerbitzuetan erabilitakoak.

h) Frankizia-kontratuak.

i) Aplikazio informatikoak.

j) Merkataritza-funtsa.

k) Eskualdatze-eskubideak.

2.– Aurreko paragrafoan adierazitako inbertsioak diruz lagundu ahal izateko, horiek 5.000 euro edo gehiagokoak izan behar dute, eta onuradunak eginak behar dute, 2021eko urtarrilaren 1a eta dirulaguntza-eskabidearen data bitarte.

3.– Diruz lagundutako inbertsioek enpresa-jarduerari lotuta jarraitu beharko dute gutxienez bi urtez, eskuratu zirenetik aurrera (fakturaren data).

4.– Zeharkako zergak ezin izango dira diruz lagundu, baldin eta berreskuratu edo konpentsatu ahal badira, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

15. artikulua.– Onuradunak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun honako hauek izango dira:

a) Enpresaburuak eta banako profesionalak.

b) Ondasun-erkidegoetako eta sozietate zibiletako kideak, betiere dirulaguntza norbere izenean eskatzen bada.

2.– Onuradunek gutxieneko eskakizun hauek bete beharko dituzte eskabidea aurkezteko unean:

a) EAEn erroldatuta egotea eta benetan bertan bizitzea.

b) EJZn alta emateko egunean lanik gabe eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea.

c) Alta emanda egotea EJZn (enpresaburua, norbanako profesionala edo ondasun-erkidegoa edo sozietate zibila, hala badagokio) eta langile autonomoen araubide berezian edo, norberaren konturako langile gisa, kasu bakoitzean Gizarte Segurantzan dagokionean, edo nahitaezko mutualitate profesionalean, 2021eko urtarrilaren 1a eta dirulaguntza-eskabidearen data bitarte.

d) Enpresa-jardueraren egoitza soziala eta fiskala EAEn egotea, eta lantokia ere EAEn kokatzea.

e) Jarduera bera gauzatu ez izana, norberaren konturako langile gisa, Ekonomia Jardueren Zergan alta eman aurreko sei hilabeteetan.

f) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako aurreko deialdietan, IV. eta V. kapituluetan araututako laguntza-lerroen onuradun ez izatea.

3.– Aurreko 2. apartatuaren a) eta d) letretan jasotako eskakizunak gutxienez bi urtez mantendu beharko dira, diruz lagundutako inbertsioaren eskuratze-datatik aurrera (fakturaren data).

16. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Kapitulu honetan araututako laguntzaren zenbatekoa 3.500 eurokoa izango da onuradun bakoitzeko.

Zenbateko hori % 15 handituko da baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada, eskabidea aurkezteko unean, eta beste % 15, baldin eta emakumea bada.

2.– Ondasun-erkidegoak edo sozietate zibilak osatzen dituzten kideen kasuan, dirulaguntza ez da inola ere 10.000 euro baino handiagoa izango kide guztientzat. Muga hori aplikatu behar baldin bada, formula hau erabiliko da bazkide bakoitzari zer dirulaguntza dagokion kalkulatzeko: deialdi honetan ezarritako eskakizunak betetzen dituzten eskatzaile bakoitzaren partaidetza-ehunekoa aplikatuko zaie 10.000 euroei, harik eta 1. apartatuan xedatutakoaren arabera legokiokeen dirulaguntzaren zenbatekora iritsi arte.

17. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta aurkezteko epea.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://euskadi.eus/egoitza, eta hara iristeko esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian:

Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, izapidetzeko jarraibideak adierazita, eta eskabide-inprimakia hemen daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1102103

Eskabidearen ondorengo izapideak egiteko (jakinarazpenak barne), Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Era berean, eskabidea elektronikoki izapidetu ahal izango da, ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritzak Eusko Jaurlaritzako Ahalordeen Erregistro elektonikoan eman ahalko du izena, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) EJZn alta eman izanaren egiaztagiria. Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, salbu eta pertsona edo erakunde eskatzailea berariaz aurka agertzen bada; kasu horretan, dagokion dokumentuak aurkeztu beharko ditu.

b) Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Erregimen Berezian alta eman izanaren egiaztagiria, norberaren kontura lan egiten dutenei dagokien araubide berezian, edo kasuan kasuko mutualitate profesionalean.

c) Ondasun-erkidegoa edo sozietate zibila eratu izanaren egiaztagiria, hala badagokio.

d) Inbertsioen plana, diruz lagundu daitezkeen aktibo finkoen araberakoa.

e) Gauzatutako inbertsioak frogatzen dituzten fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan horien frogazko balio bera duten dokumentuak, edo eraginkortasun administratiboa dutenak, bai eta ordaindu izanaren egiaztagiriak ere (noiz ordaindu den jaso behar dute). Fakturaren eta ordainketaren datak 14.2 artikuluan adierazitako egikaritze-epean sartuta egon beharko dute.

3.– Baldin eskatzaileak ondasun-erkidego edo sozietate zibil batean sartuta badaude, horietako bazkide bakoitzak eskabide bat egin beharko du, bere izenean, eta guztiek batera aurkeztu beharko dituzte beti eskabideak. Bazkide bati edo bat baino gehiagori dirulaguntza eman ondoren, ondasun-erkidego edo sozietate zibileko beste kide batek eskabidea aurkezten baldin badu, hura ebaztean kontuan hartuko dira gainerako bazkideei emandako laguntzak. Horrelakoetan, aurretik emandako dirulaguntzen zenbatekoa aldatu ahal izango da, 16.2 artikuluan aurreikusitako dirulaguntza osoaren muga ez gainditzeko, eta kide bakoitzari dagokion zenbatekoa egokitu ahal izango da berdintasunez, aipatu xedapenean araututakoari jarraituz.

4.– Eskabideak deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera aurkeztu beharko dira, 2021eko urriaren 29ra arte.

5.– Ondasun-erkidego edo sozietate zibil batek egindako inbertsioen frogagiriak entitate hori osatzen duen kide bakoitzari egotziko zaizkio, betiere bakoitzak duen partaidetza-ehunekoaren arabera.

18. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.

Aldi bakarrean ordainduko zaie dirulaguntza onuradunei, hura eman ondoren.

Dirulaguntzaren xedea den jarduera ekonomia-jardueren gaineko zergaren tarifen bigarren eta hirugarren ataletan sailkatutako jarduera profesionala bada, dirulaguntzatik kenduko dira Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagozkion atxikipenak, zerga erregulatzen duen araudia aplikatuz egin behar direnak alegia.

V. KAPITULUA
ENPRESA-JARDUERA BAT HASI ONDOREN, PROIEKTUA SENDOTZEKO LAGUNTZA BEHAR DUTEN PERTSONENTZAKO LAGUNTZAK

19. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Deialdi honen babespean dirulaguntza jaso ahal izango da enpresa sortu berri baten proiektua sendotzeko beharrezko diren sustapen-, funtzionamendu- eta kudeaketa-gastuak ordaintzeko:

a) Langile Autonomoen Araubide Berezian norbere konturako langile gisa eginiko kotizazioaren ordainketari dagozkion kuotak, edo, hala badagokio, Gizarte Segurantzakoak edo nahitaezko mutualitate profesionalari dagozkionak. Gastu hori ez da hartuko diruz lagundu daitekeen gastutzat, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo beste administrazio publiko batzuek diruz lagundu badute.

b) Proiektuari lotutako komunikazio-gastuak: publizitate- eta merchandising-kanpainak, saltoki eta ibilgailuen errotuluak, errotuluen argiztapena eta diseinua.

c) Web-orrien eta sare sozialen diseinua, publizitate bannerrak beste enpresa baten web orrian, web orrialdeen mantentze-lanak, web orrian pluginak sartzearekin loturiko gastuak eta Facebook sustatzeko zerbitzuen kostua.

d) Aholkularitza (zerga-, lan-, kontabilitate- edo administrazio-arloan, arlo juridikoan edo negozioaren kudeaketaren arloan, liburu-edukitzailetzarekin eta eguneroko zerga- eta kontabilitate-arloko betebeharrekin loturikoak, lan arriskuekin loturikoak, erakusleihoak aldatzeko eta hobetzekoak...) eta coaching-gastuak.

e) Ekintzaileak eginiko prestakuntza-ikastaroak, zuzenean enpresa abian eta funtzionamenduan jartzearekin lotura dutenak, baldin eta diruz lagundutako aldiaren barruan hasten badira.

f) Negozio-lokalen errentamendua, betiere baldintza hauek betetzen badira: ez izatea familia-etxebizitzaren zati edo beste enpresa batekin partekatutako eremu; ez egotea 2. mailarainoko odol- edo ezkontza-ahaidetasunik lokalaren errentatzailearekin; eta ez izatea errentatzaile diharduen pertsona fisiko edo juridikoaren bazkide partaide.

2.– Diruz lagundutako aldia:

a) Aurreko paragrafoaren a), d) eta f) letretan adierazitako gastuei dagokienez, diruz lagunduko dira 10 hilabeteko epean egindako gastuak, dirulaguntza baiesteko ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera. 10 hilabete horiek hartuko dira diruz lagundutako alditzat.

b) Bestalde, b), c) eta e) letretan adierazitako gastu diruz lagungarriak izango dira EJZn alta ematen den egunetik aurrera sortu eta ordaindutakoak, 10 hilabeteko epera arte, dirulaguntza baiesteko ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

3.– Aholkularitza emateaz eta laguntzeaz ardura daiteke legez eratutako erakunde edo enpresa oro, haren jardueran sartzen badira diruz lagunduko diren jarduerak.

4.– Zeharkako zergak ezin izango dira diruz lagundu, baldin eta berreskuratu edo konpentsatu ahal badira, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

5.– Fakturatutako zenbatekoaren zati bat diruz lagungarria ez den aldi bati egotzi beharreko gastuei badagokie, modu proportzionalean egokituko zaio fakturan jasota dagoen eta diruz lagundu daitekeen aldiaren zatiari.

20. artikulua.– Onuradunak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun honako hauek izango dira:

a) Enpresaburuak eta banako profesionalak.

b) Ondasun-erkidegoetako eta sozietate zibiletako kideak, betiere dirulaguntza norbere izenean eskatzen bada.

2.– Onuradunek eskakizun hauek bete beharko dituzte eskabidea aurkezteko unetik aurrera:

a) EAEn erroldatuta egotea eta benetan bertan bizitzea.

b) EJZn alta emateko egunean lanik gabe eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea.

c) Alta emanda egotea EJZn (enpresaburua, norbanako profesionala edo ondasun-erkidegoa edo sozietate zibila, hala badagokio) eta langile autonomoen araubide berezian edo, norberaren konturako langile gisa, kasu bakoitzean Gizarte Segurantzan dagokionean, edo nahitaezko mutualitate profesionalean, 2020ko urriaren 31 eta dirulaguntza-eskabidearen data bitarte.

d) Enpresa-jardueraren egoitza soziala eta fiskala EAEn egotea, eta lantokia ere EAEn kokatzea.

e) Dirulaguntza-lerro horren beraren onuradun izan ez izana aurreko deialdietan.

3.– Aurreko 2. apartatuaren a) eta d) letretan jasotako eskakizunei eutsi egin beharko zaie, gutxienez 19.2 artikuluan adierazitako diruz laguntzeko aldia amaitu arte. Halaber, onuradunak honako hauetan alta emanda jarraitu beharko du diruz lagundutako aldia amaitu arte: EJZ eta autonomoen araubide berezia, dagokion norberaren konturako araubide berezia edo dagokion lanbide-mutualitatea c) apartatuan adierazitako taldeetakoren batean.

21. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Kapitulu honetan araututako laguntzaren zenbatekoa 2.500 eurokoa izango da onuradun bakoitzeko.

Zenbateko hori % 15 handituko da baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada, eskabidea aurkezteko unean, eta beste % 15, baldin eta emakumea bada.

2.– Ondasun-erkidegoak edo sozietate zibilak osatzen dituzten kideen kasuan, dirulaguntza ez da inola ere 6.000 euro baino handiagoa izango kide guztientzat. Muga hori aplikatu behar baldin bada, formula hau erabiliko da bazkide bakoitzari zer dirulaguntza dagokion kalkulatzeko: deialdi honetan ezarritako eskakizunak betetzen dituzten eskatzaile bakoitzaren partaidetza-ehunekoa aplikatuko zaie 6.000 euroei, harik eta 1. apartatuan xedatutakoaren arabera legokiokeen dirulaguntzaren zenbatekora iritsi arte.

22. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta aurkezteko epea.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://euskadi.eus/egoitza, eta hara iristeko esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian:

Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, izapidetzeko jarraibideak adierazita, eta eskabide-inprimakia hemen daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1102104

Eskabidearen ondorengo izapideak egiteko (jakinarazpenak barne), Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Era berean, eskabidea elektronikoki izapidetu ahal izango da, ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritzak Eusko Jaurlaritzako Ahalordeen Erregistro elektonikoan eman ahalko du izena, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) EJZn alta eman izanaren egiaztagiria. Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, salbu eta pertsona edo erakunde eskatzailea berariaz aurka agertzen bada; kasu horretan, dagokion dokumentuak aurkeztu beharko ditu.

b) Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Erregimen Berezian alta eman izanaren egiaztagiria, norberaren kontura lan egiten dutenei dagokien araubide berezian, edo kasuan kasuko mutualitate profesionalean.

c) Ondasun-erkidegoa edo sozietate zibila eratu izanaren egiaztagiria, hala badagokio.

3.– Baldin eskatzaileak ondasun-erkidego edo sozietate zibil batean sartuta badaude, horietako bazkide bakoitzak eskabide bat egin beharko du, bere izenean, eta guztiek batera aurkeztu beharko dituzte beti eskabideak.

4.– Eskabideak deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera aurkeztu beharko dira, 2021eko urriaren 29ra arte.

23. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.

1.– Dirulaguntzak honela ordainduko zaizkie onuradunei:

a) Lehenengo ordainketa: dirulaguntzaren % 40 dirulaguntza ematea onartu ostean, 2021eko aurrekontuko ordainketa-kredituaren kargura.

b) Bigarren ordainketa: 2022ko konpromiso-kredituaren kargura, benetan egindako eta egiaztatutako gastuengatik, eta gehienez ere gainerako % 60a. Aldez aurretik, 19.1 artikuluan aurrez ikusitako gastuen justifikagiriak aurkeztu beharko dira. Diruz laguntzeko gastuak negozio-lokalen errentamendu-gastuak badira, gainera, errentamendu-kontratua aurkeztu beharko da. Fakturekin batera, ordainketa egin izana eta zein egunetan egin den justifikatzeko dokumentuak aurkeztu beharko dira.

2.– Dirulaguntzaren xedea den jarduera ekonomia-jardueren gaineko zergaren tarifen bigarren eta hirugarren ataletan sailkatutako jarduera profesionala bada, dirulaguntzatik kenduko dira Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagozkion atxikipenak, zerga erregulatzen duen araudia aplikatuz egin behar direnak alegia.

3.– Ondasun-erkidego edo sozietate zibil baten faktura aurkezten bada, entitate hori osatzen duen kide bakoitzari egotziko zaio, betiere bakoitzak duen partaidetza-ehunekoaren arabera.

4.– Justifikatutako zenbatekoa emandako dirulaguntza baino txikiagoa bada, dirulaguntza doituko da, eta, hala badagokio, aldea itzuli beharko da.

5.– Egindako gastuaren justifikagiriak aldi bakarrean aurkeztuko dira, 19.2 artikuluan adierazitako diruz lagundutako aldiaren hurrengo hilabetea amaitu baino lehen.

VI. KAPITULUA
DIRULAGUNTZEN XEDAPEN KOMUNAK

24. artikulua.– Dirulaguntzen pertsona eta erakunde onuradunak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun diren pertsonek eta erakundeek eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

II. eta III. kapituluetan araututako dirulaguntza-lerroetarako izan ezik, organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin aurretik. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

b) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

c) Ez izatea zigor- edo administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarkion zehapenik, ez eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, sexu-diskriminazioarengatik gertatuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen edo Emakumeen eta Gizonen Benetako Berdintasunerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera.

d) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako gainerako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.

2.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, pertsona edo erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan agertu beharko du.

Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduari jarraituz: http://www.euskadi.eus/hirugarrenak

3.– IV. eta V. kapituluetan araututa dauden dirulaguntza-lerroei dagokienez, laguntza edo dirulaguntza jarduera ekonomia-jardueren gaineko zergaren tarifen bigarren eta hirugarren ataletan sailkatutako jarduera profesionalak egiteagatik bada, jarduera hasteagatiko (jarduera-hasieraren zergaldia eta hurrengo biak) pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipen-tasa aplikatzeko, eskatzaileak Lanbideri jakinarazi beharko dio aplikatzea eragiten duten gorabeherak gertatzen direla, eta, horretarako, komunikazioa sinaturik aurkeztu beharko dute, http://www.lanbide.euskadi.eus web-orriko ereduaren arabera.

25. artikulua.– Prozedura izapidetzea eta ebaztea.

1.– Prozedura ebazteko organo eskuduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia da, eta eskabideak kudeatzeko eta izapidetzeko ardura Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak dauka, alde batera utzi gabe II. eta III. kapituluetan araututako laguntzak izapidetzeko erakunde laguntzaileei esleitzen zaizkien zereginak, zeinak aipatutako Zuzendaritzarekin lankidetzan gauzatuko baitituzte.

2.– Aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira, IV. eta V. kapituluetan aurreikusitako dirulaguntza-eskabideak, eta hurrenkera horretan emango zaizkie dirulaguntzak deialdiko baldintzak eta eskakizunak betetzen dituzten guztiei, harik eta finantzaketarako funtsak amaitu arte. Kreditua handitzen ez bada, aurrekontu-zuzkidura amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuko da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

3.– Eskabideak ebazteko eta jakinarazteko, gehienez sei hilabeteko epea izango da, eskabidea aurkezten den egunetik aurrera, eta epe hori amaitutakoan dirulaguntzaren eskabidea onartutzat hartuko da, baldin eta esanbidezko ebazpena ematen ez bada.

4.– Pertsona eta erakunde onuradunek jaso badituzte ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntza batzuk Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomoen eskutik, eta laguntza horien inguruko itzultze- edo zigor-prozeduraren bat izapidetzen ari bada, prozedura horrek amaituta egon behar du entitate horiei dirulaguntza esleitzeko edo esleituta dutenei dagokiena ordaintzeko.

5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

6.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpenaz honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, deialdi honen babesean dirulaguntza zer onuradunek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer onuraduni emandako dirulaguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena berariaz eta banan-banan ere jakinaraziko da.

26. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.

1.– II. kapituluan aurreikusitako laguntzen onuradunek memoria bat aurkeztu beharko dute erakunde laguntzailearen aurrean, laguntza eta/edo tutoretza amaitu eta hurrengo hilabetean. Memoria horretan, hauek zehaztu beharko dira: laguntza jasotzeko aldian enpresa-proiektuaren bideragarritasuna aztertzeko esparruan egin diren lanak eta proiektuaren bideragarritasunari buruzko txostena. Laguntzeaz eta/edo tutoretzaz arduratutako erakundeak sinatu beharko ditu dokumentu horiek.

2.– III. kapituluan aurreikusitako laguntzen onuradunek Ekonomia Jardueren gaineko Zergan emandako altaren kopia eta amaierako memoria bat –egindako jardueren xehetasunak adieraziz– aurkeztu beharko dizkiote erakunde laguntzaileari, hiru hilabeteko epean, laguntzeko prozesua amaitzen den egunetik aurrera. Erakunde laguntzaileak baliozkotzat jo beharko du memoria hori, eta memoriaren edukiak lan-plangintzaren eta lortutako emaitzen jarraipena egiteko aukera eman beharko du.

Ekintzaileak ez badu alta ematen Ekonomia Jardueren gaineko Zergan 10.2.c) artikuluan ezarritako epean –3 hilabete, negozioa abian jartzeko tutoretza eta laguntza prozesua amaitzen den egunetik aurrera–, onetsitako dirulaguntzaren bigarren zatia jasotzeko eskubidea galduko du, horretarako dagokion espedientea izapidetu ostean.

3.– Deialdi honen V. kapituluan jasotako laguntzei dagokienez, 23. artikuluan ezartzen den moduan eta epean justifikatuko dira.

4.– Dirulaguntza aurreikusitako epeetan justifikatu ezean, jasotako dirulaguntza guztia itzuli beharko dute onuradunek; horrenbestez, artikulu honetan aurreikusitako epeak amaitzen badira justifikazioa gauzatu gabe, dagokion prozedurari ekingo zaio jasotako zenbatekoak itzuli beharra adierazteko eta ordaintzeke daudenak eskuratzeko eskubidea galdutzat jotzeko.

5.– Deialdi honetan jasotako laguntzak justifikatzeko fakturen ordainketa guztiak honako hauen bidez egiaztatu beharko dira: transferentziaren, taloiaren, txekearen edo ordainketa justifikatzeko beste ezein dokumenturen kopia, edo dagokion zordunketa adierazten duen banku-laburpenaren fotokopia, edo finantza-erakundeak eginiko ziurtagiria. Eskudiruz eginiko ordainketak ez dira kontuan hartuko. 50 eurotik beherako gastuak frogatzeko fakturak eta dokumentuak ere ez dira kontuan hartuko justifikaziorako (zergak kanpo).

27. artikulua.– Pertsona eta entitate onuradunen betebeharrak.

Pertsona eta erakunde onuradunen betebehar izango dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan oro har ezarritakoak, baita Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan jasotakoak ere, eta, bereziki, honako hauek:

– IV. kapituluan aurreikusitako dirulaguntzen onuradunek diruz lagunduko den jardueran izena emanda egon behar dute, eta 15.1 artikuluan adierazitako onuradun-taldeetako baten barruan egon, bi urtez gutxienez ere, diruz lagundutako aktiboaren eskuratze-datatik aurrera (fakturaren data).

– V. kapituluan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun izango diren pertsonek diruz lagunduko den jardueran alta emanda egon behar dute, eta 20.1 artikuluan aipatutako talde onuradunetako batean egon behar dute gutxienez sei hilabetez, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

– Frogatzea dirulaguntza emateko edo jasotzeko bete beharreko eskakizunak eta baldintzak betetzen dituela, baita jarduera egin izana ere.

– Honako hauen egiaztatze- eta kontrol-jarduketei baiezkoa ematea: erakunde laguntzaileak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Lan eta Enpleguko Saila, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegia.

– Helburu berarekin bestelako administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatutatik dirulaguntzak edo laguntzak jasoz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

– Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

– Diruz lagundutako jardueren helburuari edo izaerari funtsean eragiten dion zerbait bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi, eta oraindik izapidetzen ari den itzultze- edo zehapen-prozedura oro jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

– Enpresaren dokumentazio, publizitate, irudi eta material guztietan hizkera ez-sexista erabili behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rol eta genero-identitate pluraltasuna sustatzen dutenak.

– Erakunde onuradunek ekintzaileei helarazi beharko diete 32. artikuluan aipatzen den datu pertsonalen babesari buruzko informazioa.

28. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntza ematean aintzat hartutako baldintzetan gertatu den aldaketa orok berekin ekar dezake esleitutako dirulaguntza aldatzea, deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira, betiere. Baldin eta, baldintzak aldatzeagatik, dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultze-prozedura hasiko da.

29. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honen 3.4 artikuluan eta II. eta III. kapituluetan aurreikusitako dirulaguntzak ez dira bateragarriak izango bestelako administrazio edo erakunde publikok zein pribatuk emandako ezein motatako dirulaguntza edo laguntzarekin, baldin eta helburu edo xede berarekin ematen badituzte.

IV. eta V. kapituluetan aurreikusitako dirulaguntzak ez dira bateragarriak bata bestearekin, ez eta beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatuk emandako beste edozer eratako dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrerarekin ere, baldin eta azken horien helburua autoenplegua sustatzea bada, salbu eta langabezia-prestazioaren kapitalizazioa ez bada.

30. artikulua.– Ez-betetzeak eta emandako dirulaguntzak itzultzea.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jaso dituzten pertsona edo erakunde onuradunek ez baldin badituzte betetzen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan modu orokorrean aurreikusitako betebeharrak, edo Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/206 Errege Dekretuaren 91., 92. eta 93. artikuluetan adierazitako egoeraren batean baldin badaude, edo ez baldin bada betetzen deialdi honetan ezarritako baldintzaren bat, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak dagokion ebazpenaren bidez ezarriko du, hala baldin badagokio betiere, jasotako kopuruak osorik edo hein batean itzultzeko eta berandutze-interesak ordaintzeko betebeharra, azken horiek, dirulaguntza ordaindu zenetik aurrera, hargatik eragotzi gabe egoki diren gainerako ekintzak, eta abenduaren 17ko 698/1981 Dekretuan ezarritakoa betez (698/1981 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako dirulaguntzen bermeen eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen du eta horien kudeaketan parte hartzen duten Erakunde Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu). Aipatutako kopuru horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

2.– II. eta III. kapituluetan aipatutako laguntza eta/edo tutoretzako prozesua aldez aurretik utziz gero, horren zergatia ezein dela ere, edo ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanez gero negozioa abian jartzeko diruz lagundutako tutoretza- eta laguntza-prozesua amaitu baino lehen, hau izango da emandako dirulaguntza itzultzeko araubidea:

a) Prozesua hasi eta hilabete igaro aurretik utziz gero edo EJZn alta emanez gero, jasotako dirulaguntza osorik itzuli beharko du, eta egin gabe dauden ordainketak ezeztatuko dira, horrelakorik badago.

b) Lehenengo hilabetea igaro ondoren eta laguntza-lana amaitu baino lehen utziz gero prozesua edo EJZn alta emanez gero, zenbateko hauek itzuli beharko ditu:

– II. kapituluan araututako dirulaguntzaren kasuan, emandako dirulaguntzaren % 50 itzuli beharko da.

– III. kapituluan araututako dirulaguntzaren kasuan, jasotako diru-kopuruaren 1/3 itzuli beharko da. Halaber, ordaindu gabe dagoen dirulaguntzaren bigarren zatia jasotzeko eskubidea galduko du.

Nolanahi ere, proiektua bertan behera utzi aurretik edo EJZn alta eman aurretik gauzatutako jarduerei buruzko memoria aurkeztu beharko da. Bestela, ulertuko da dirulaguntza ez dagoela justifikatuta mantentzen den zenbatekoarekiko, eta 26.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuko da. Horren ondorioz, dirulaguntza osoa itzuli beharko da.

3.– II. eta III. kapituluetan aipatutako laguntza- edo tutoretza-prozesuan sustatzaileak besteren konturako jarduerak egiten baditu 18 egun edo 27 egun baino gehiagotan, hurrenez hurren, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko du, eta jasotako dirulaguntza itzuli beharko du.

4.– Baldin eta IV. kapituluko (Enpresa-proiektua ezartzea) dirulaguntzen onuradun diren ekintzaileak ez badaude jardueran alta emanda edo alta emanda bai baina ez badaude deialdiaren 15.1 artikuluan aipatutako taldeetako bateko kide bezala alta emanda, jasotako dirulaguntza osorik itzuli beharko dute 27. artikuluan adierazitako gutxieneko epeetan. Hala ere, betekizun horiek gutxienez urtebetez etengabe bete badira, jasotako dirulaguntza itzuli beharko da, bi urtera iristeko falta den denborarekiko proportzioan.

5.– Baldin eta V. kapituluko (Enpresa-jarduera bat sendotzea) dirulaguntzen onuradun diren ekintzaileak ez badaude jardueran alta emanda edo alta emanda bai baina ez badaude deialdiaren 20.1 artikuluetan aipatutako taldeetako bateko kide bezala alta emanda, jasotako dirulaguntza osorik itzuli beharko dute 27. artikuluan adierazitako gutxieneko epeetan. Halaber, ordaindu gabe dagoen dirulaguntzaren bigarren zatia jasotzeko eskubidea galduko du.

31. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak abiaraziko du itzulketa-prozedura, eta idazkia bidaliko dio pertsona onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaera edo gertaerak jakinarazteko. Hori ez ezik, egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela adieraziko dio. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, halakorik egonez gero.

2.– Alegazioak aurkezteko epea igaro eta halakorik aurkeztu ez bada, edo aurkeztutako alegazioak onartu ez badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpen bat emango du. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

3.– Ebazpenak arauren bat bete gabe utzi dela iritzi, eta dirulaguntza osorik edo zati batean jasotzeko eskubidea galdutzat emanez gero, interesdunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-kopuruak; horretarako, bi hilabeteko epea izango du, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera. Epe hori borondatezko epea izango da.

4.– Borondatezko epean dirulaguntza itzultzen ez bada, hura berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.

32. artikulua.– Datuak babesteari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bi xedapen hauen arabera jokatuko du: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortutako datu pertsonalak «Enplegurako eta enplegu-prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide da, eta haren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra pertsegitzea eta datuak estatistiketarako erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek eskubidea dute beren datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta tratamenduaren aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko ere. Horretarako, idatzizko jakinarazpen bat bidali behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).

Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza kontsultatzeko: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml

33. artikulua.– Eskumenari buruzko Europako araudia.

Deialdi honen IV. eta V. kapituluetan jasotako dirulaguntzak 2014ko ekainaren 17ko Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren mende egongo dira; erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria merkatu erkidearekin bateragarri deklaratzen dira, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorra, KSEO). Zehazki, enpresa-proiektu berrietarako laguntzak arautzen dituen 22. artikuluaren mende ere egongo dira.

34. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.

Laguntzen programa honi dirulaguntzen arloko arau hauetan bildutako oinarrizko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua). Hargatik eragotzi gabe honako hauetan xedatutakoa: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duena– eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, zeinek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezarri baitziren horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana