Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

116. zk., 2021eko ekainaren 15a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
3408

AGINDUA, 2021eko maiatzaren 18koa, Osasuneko sailburuarena, osasunaren alorreko ikerketa- eta garapen-proiektuetarako laguntzen 2021eko deialdia arautzen duena.

Osasun Sailaren eskumenetako bat da osasun-zientzien arloan ikerketa-jarduerak sustatzea eta planifikatzea, Euskadiko sistema sanitarioa etengabe garatu eta hobetzeko funtsezko elementua baita hori. Horri dagokionez, Euskadiko sistema sanitariotzat hartuko da Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 5. artikuluan zehazten dena.

Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeak, Ikerketa Biomedikoari buruzko uztailaren 3ko 14/2007 Legeak eta Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren ekainaren 1eko 14/2011 Legeak ikerketa sanitarioa sustatzeko erreferentzia-esparru bateratu bat eskaintzen dute, eta era eraginkorrago batean funtzionatzeko baldintzak ezartzen dituzte.

Esparru horretan, Osasun-arloko Ikerketa eta Berrikuntzarako 2020ko Estrategiaz hornitu zen Osasun Saila, baita 2013-2020 Osasun Planaz ere, hura baita sistema sanitarioaren plangintza-tresna nagusia. Bi esparru estrategikoen bidez ikerketa eta berrikuntza bultzatzeak lagundu egin zion 2020ko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Planari. Plana, hain zuzen, RIS3 Euskadi espezializazio adimendunaren estrategian oinarritzen zen, eta biozientziak eta osasuna ziren lehentasunezko hiru arloetako bat. Era berean, esparru horietan erabilitako tresnek 2030eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Planari (ZTBP 2030) laguntzen jarraitzea ahalbidetzen dute, plan horren azken helburua EAEko gizartearen bizi-maila eta enpleguaren kalitatea hobetzea baita. Horretarako, 2030. urtean Euskadi Europako eskualde aurreratuenen artean kokatuko duen berrikuntza-politika bat baliatuko da, eta bikaintasun zientifikoa eta talentua izango dira plan horren oinarri estrategikoak.

Deialdi hau aipatu ZTBP 2030-RIS3 Euskadi estrategiaren barruan sartzen da; bertan, eremu biosanitarioak lehentasuna izaten jarraitzen du, eta osasun pertsonalizatutzat hartu da. Agindu honetan jasotzen diren jarduerek helburu hauek dituzte: batetik, herritarren osasuna eta ongizatea hobetzen laguntzea, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoaren garapen sozioekonomikoari laguntzea, arlo biosanitarioan jakintza sortzen, zabaltzen eta/edo aplikatzen lagunduz, translazio- eta lankidetza-ikuspegia duten ikerketa-proiektuen bidez, eta ikerketa sanitarioaren arloan txertatzen diren profesional-nodo berriak sustatuz.

Laguntza-deialdi honen xede diren lehentasunezko arloak prozesu patologikoei eta prozesu horien prebentzioari, detekzioari eta tratamenduari buruzko jakintzaren eta jakintza horren aplikazioaren esparruan daude; horretarako, besteak beste, doitasun-medikuntza pertsonalizatua erabiliko da, bai eta teknologia, produktu, zerbitzu eta prozesu berrien garapena eta aplikazioa ere, ikuspegi translazional batetik, ikerketako emaitzak pazienteengan aplikatu ahal izateko. Osasuna hobetzeko helburuaren barruan sartzen dira zerbitzu sanitarioetako, osasun publikoko (osasunaren sustapena barne) eta lehen mailako arretako ikerketak, eta kontuan hartzen dira interes sozial eta sanitario handia duten gaixotasunak, bai eta erikortasun anitzak eta prozesu kronikoek sorrarazitako gaixotasun-karga ere. Era berean, osasuna eta generoa lotzen dituen ikerketa ere interesgarria da. Eta egungo pandemia-egoeran, oraindik ere funtsezkoa da kalitatezko ikerketa egitea COVID-19aren prebentzioaren, detekzioaren eta diagnostikoaren, tratamenduaren, epidemiologiaren eta inpaktuaren inguruan (COVID iraunkorra barne).

Ildo horiekin, deialdi berri hau konfiguratu da, eta lau laguntza-lerro ezberdin uztartu ditu arau bakarrean:

– Ikerketa sanitarioaren jarduera sustatzea I+G proiektuen bidez, sistema sanitarioaren ahalmena indartzeko xedez, eta proiektu horiek sistema sanitarioaren eta gizartearen eskakizunak hobeto asetzeko behar den ezagutza sortzen eta osatzen ematen duten laguntza sendotzeko asmoz.

– Ikerketa sanitarioaren jarduera areagotzea jarduera kliniko-asistentziala duten langileek egindako I+G proiektuen edo jardueren bidez, I+G jardueretara ahalegin handiagoa bideratzeko eta EAEko sistema sanitarioan ikerketaren kultura indartzeko.

– Osasuneko ikerketa estrategikoa bultzatzea, lidergo sanitariotik, lankidetzatik eta EAEko gaitasun zientifiko-teknologikoetatik sortutako I+G proiektuen bidez; proiektu horiek produktu, prozesu eta zerbitzu berrien balioespenean aurreratzea ahalbidetuko dute, ZTBP 2030-RIS3 estrategiarekin batera.

– Interes bereziko ekintza osagarriak, RIS3 Euskadiren helburuekin bat etorrita, osasun pertsonalizatuaren eremuan, RIS3ren dinamika eta lankidetza sendotzen duten eta proiektuak gauzatzea eta emaitzak ustiatzea errazten duten ekintzetan laguntza emanda.

Deialdi honen barruan 2021eko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa dago; plan hori Osasuneko sailburuaren 2021eko martxoaren 8ko Aginduaren bidez onartu zen, eta euskadi.eus egoitza elektronikoan dago argitaratuta, iragarki-taulan: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/

Kontuan hartu da hori guztia, bai eta honako arau hauek ere: Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra (aurrerantzean, DLO) eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaz onartutako lege horren Erregelamendua (DEO), aplikatzeko oinarrizkotzat jotzen diren manuei dagokienez; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 1998ko urtarrilaren 19koa); Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen berme eta ordainketen erregimena arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, eta oro har aplikatu behar diren gainerako arauak. Beraz, hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da osasunari buruzko ikerketa eta garapenerako laguntzen 2021eko deialdiaren oinarriak ezartzea, publikotasunaren, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren eta diskriminazio-ezaren printzipioei jarraikiz, bai eta laguntzok ematen dituen Administrazioak finkatutako helburuak betetzeko efikaziari eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko efizientziari erreparatuta ere.

Deialdi honen ondorioetarako, ikerketa eta garapena ez dira jarduera ekonomikotzat hartuko; beraz, bete egin beharko dira Ikerketa eta Garapenerako eta Berrikuntzarako Estatuko laguntzei buruz Europako Erkidegoaren esparruan Europako Batzordeak ezarritako baldintzak (2014-06-27ko EBAO, C 198), 19. puntukoak (ikerketa-organismoen eta ikerketa-azpiegituren jarduera primarioak eta jakintzaren transferentziarako jarduerak). Beraz, deialdi honetatik kanpo geratzen da jarduera ekonomikoaren finantzaketa, hala nola:

a) I+G zerbitzuak ematea eta enpresen kontura egindako I+G.

b) Ikerketa-azpiegiturak alokatzea.

c) Jarduera ekonomiko guztiak, Ikerketa eta Garapenerako eta Berrikuntzarako Estatuko laguntzei buruz Europako Erkidegoaren esparruan ezarritako baldintzak betetzen ez dituztenak (2014-06-27ko EBAO, C 198).

Munduko Medikuen Elkartearen Helsinkiko Adierazpenean ezarritako oinarrizko printzipioak (Gizakiengan egindako ikerketa medikoetarako printzipio etikoak) eta ikerketa medikoaren arloan indarrean dagoen legeriak ezarritako baldintzak errespetatuko dituzte ikerketa- eta garapen-proiektuek.

2. artikulua.– Helburua.

1.– Agindu honetan adierazitako jarduketen azken helburua da pertsonen osasuna eta sistema sanitarioaren jarduera hobetzea, bai eta garapen sozioekonomikoari laguntzea ere, asistentzia sanitarioa eta bizi-kalitatea hobetuko duten produktuak, zerbitzuak eta prozesuak garatzearen bidez. Helburu horiek lortzeko, deialdi honen bitartez hau lortu nahi da:

a) Orokorrean, EAEko sistema sanitarioaren ikerketarako gaitasuna sustatzea, eta, bereziki, garatzeko bidean dauden ikertzaileen parte-hartzea bultzatzea, eta, horretarako, ikertzaile nagusi gisa egiten dituzten eta egiaztatutako kalitatea daukaten lehenengo ikerketa-proiektuak finantzatzea.

b) Asistentzia-jarduerak egiten dituzten langileek I+G jardueretan parte har dezaten sustatzea, pazienteei ezagutza helarazteko eta asistentzia-praktikatik hipotesiak sortzeko gaitasuna indartzeko, bai eta EAEko osasun-sistemako langileen ibilbide-profesionalean ikerketaren alderdia bermatzeko ere.

c) EAEko sistema sanitarioaren arloan ikerketa-gaitasunen koordinazioa bultzatzea, eta ikerketa-taldeen arteko sinergiak sustatzea; hala, masa kritikoak izatea eragozten duen zatikatzea gutxituko da, eta ikertzaileen jarduera helburu komunetara bideratuko da, jardun klinikora eraman daitezkeen emaitzak lortzeko.

d) Askotariko eremu eta agenteetako ikertaldeen arteko lankidetza bultzatzea (sektore, ardatz eta diziplina anitzekoa), beste modu batera lortzeko zaila den ezagutza eskuratzeko eta emaitzak hobeto eskualdatzeko.

e) Sustatzea, batetik, ikerkuntza translazionala, eta, bestetik, gaixotasunen prebentzioa, diagnostikoa eta tratamendua hobetzeko behar den ezagutza zientifiko-teknikoa garatzeko, eskualdatzeko eta aplikatzeko jarduerak, bai eta osasun publikoaren eta osasun-zerbitzuen sustapen-jarduerak hobetzen dituztenak ere.

2.– Deialdi honetan, ikerketa biomedikorako proiektuak (oinarrizkoa, klinikoa, epidemiologikoa eta osasun publikokoa) eta zerbitzu sanitarioetako ikerketarako proiektuak eta ekintza osagarriak finantzatuko dira. Proiektuetarako gai-arloak I-A eranskinean daude jasota, baina, hori ez da eragozpen izango 6. artikuluan modu espezifikoan adierazitakorako.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarea (ZTBES) osatzen duten agente zientifiko-teknologikoak baino ezin daitezke izan agindu honetako laguntzen onuradunak, baldin eta, laguntzen eskabidea aurkezteko egunean, horretarako akreditatuta badaude, ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuarekin (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzkoarekin) eta haren aldaketekin –aldaketarik berriena urtarrilaren 26ko 21/2021 Dekretuaren bidez egin zen; zeinaren bidez hirugarren aldiz aldatzen baita Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko dekretua– eta xedapen iragankorrekin bat etorriz.

2.– Publikotasunari dagokionez, agente horiek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko Eragileen Erregistroan identifikatuta daude, honako helbide hauetan:

– Euskaraz:

https://apps.euskadi.eus/aa40paWebPublicaWar/webPublicaJSP/aa40painicio.do?idioma=eu

– Gaztelaniaz: https://apps.euskadi.eus/aa40paWebPublicaWar/webPublicaJSP/aa40painicio.do?idioma=es

3.– Agindu honen 6. artikuluan dago zehaztua Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko zer agente-kategoria zehatzek har dezakeen dirulaguntza proiektu modalitate bakoitzean.

4.– Agenteek elkarlaneko proiektuak aurkez ditzakete; hau da, erakunde talde batek egindako proiektuak izan daitezke, erakunde horiek onuradunak izan zein ez izan (3. artikulu honetan azaldu bezala), baina erakunde horiek beharrezkoak badira proiektua garatzeko eta hura garatzeko gaitasuna ere badaukate, DLOaren 11.3 artikuluan xedatutakoarekin bat.

4. artikulua.– Erakunde onuradunen betekizunak.

1.– Aurreko artikuluan aipatutako erakundeak onuradun izan ahalko dira, baldin eta deialdi honetan jasotako betekizunak betetzen badituzte.

2.– Agenteek, onuradun izateko, ZTBESan akreditatuta egon beharko dute agindu honetako laguntzen eskabideak aurkezteko epea hasten den egunean.

3.– Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11.3 artikuluan eskatzen denarekin bat etorriz, agenteek agindu honetako laguntzak ematea dakarren jarduera egin beharko dute.

4.– Ezin izango dira agindu honetako laguntzen onuradun izan honako egoera hauetako batean dauden agenteak:

a) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuak izan direnak, delitu hauetako bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaria egin dutenak, prozeduraren batean kaudimengabekotzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak –salbu eta horretan hitzarmen batek eragingarritasuna hartu badu–, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta daudenak, baldin eta konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe badago.

c) Kausaren batean errudun deklaratu izateagatik, Administrazioarekin egindako kontratu oro suntsitzea eragin dutenak.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak, honako lege hauetan jasotako kasuren batean badaude: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, administrazio publikoen zerbitzupeko langileen bateraezintasunena (LBK, 1985, 14); edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan (LBK, 1985, 1463 eta LBK, 1986, 192) araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko arauek ezarritako baldintzetan.

e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak –indarrean dauden xedapenek ezartzen dituztenak– ez izatea arauz zehazten den bezala beteta eta eguneraturik.

f) Paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean izatea egoitza fiskala.

g) Dirulaguntzak itzultzeko obligazioak egunean ez izatea, erregelamenduz zehazten denarekin bat etorriz.

h) Ebazpen irmo baten bitartez galdurik izatea dirulaguntzak jasotzeko aukera, betiere bat etorriz lege honekin edo halakorik ezartzen duten beste batzuekin.

i) DLOaren 11.3 artikuluko bigarren paragrafoan aurreikusitako elkarteak ezin izango dira onuradunak izan, baldin eta elkartekideren bat aipatu diren debeku horietako baten mende badago.

j) Dirulaguntzak jasotzeko debekuek honako egoera hauetan dauden enpresei ere eragingo diete: zuzentzen dituzten pertsonak edo beste zirkunstantzia batzuk direla eta, pentsa badaiteke pertsona edo zirkunstantzia horiek tarteko izan dituzten beste enpresa batzuen jarraipena edo hortik eratorriak direla –eraldaketa, bat-egite edo ondorengotzaren ondorioz–.

5.– Halaber, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50. artikuluko 5. apartatuarekin bat, ezin izango dira onuradunak izan sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik zigor administratibo edo penalen bat daukatenak, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea dela bide debeku horrekin zehatutakoak ere, zehapenak ezarritako epean.

6.– Aurreko puntuetan zehaztu diren debekuak balioesteari, justifikatzeari, deklaratzeari eta euren helmenari dagokienez, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13. artikulua aplikatuko da, oinarrizko legea da eta.

7.– Laguntza-eskabidea aurkeztearekin batera, agente eskatzaileak baimena ematen du organo emaileak zuzenean egiazta ditzan artikulu hauetan adierazitako inguruabarrak: Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 18. artikulua (zerga-betebeharrak) eta 19. artikulua (Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak). Uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erregelamendu hori.

Hala ere, agente eskatzaileak espresuki ukatu ahal izango du baimen hori, eta, hala eginez gero, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22. artikuluko 1. puntutik 3.era bitartean adierazi bezala.

5. artikulua.– Ikertaldearen betekizunak.

1.– Talde eskatzailetzat hartuko da Teknologia eta Berrikuntzako EAEko Sareko (ZTBES) agenteek osatutako taldea (3. artikuluaren arabera onuradun diren agenteak, hain zuzen) eta, hala badagokio, baita onuradun ez diren beste erakunde batzuek osatutako taldeak ere, baldin eta ikerketa-proiektua edo -jarduera proposatzen badute eta bera gauzatzen parte hartzen badute, horretarako, erakunde bakoitzak proiektuko edo jarduerako lan-plangintzaren arabera hartzen dituen atazak garatuta.

2.– Ikerketa Sanitarioko Zentroen kategoriako akreditazioa duen ZTBESaren agente batek, gutxienez, hartu behar du parte diruz lagundu daitezkeen proiektuetan edo jardueretan.

3.– Finantzaketa zenbait agentek eskatzen badute, proiektu edo jarduera bakoitzean parte hartzen duten agenteetako ikertzaile nagusietako (IN) batek hartuko du bere gain proiektuaren koordinatzailearen izaera. Proiektuaren koordinatzailea den agentea arduratuko da Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzarekin harremanetan jartzeaz, jarraipena eta justifikazioa egiteaz eta informazio orokorra emateaz.

4.– Talde eskatzaileetako kideek funtzionario-, estatutu- edo kontratu-lotura formalizatua izan beharko dute agindu honetako 3. artikuluan adierazitakoari jarraituz onuradun den ZTBESko agentearekin, proiektua egingo den zentroarekin edo onuradunarekin ikertzailearen lotura babesten duen hitzarmen bat indarrean duten entitateekin, gutxienez laguntza eskatzen den unetik emakida-ebazpena eman arteko aldian.

5.– Ikertzaile nagusiek, eginkizun horren pean, gehienez bi proiektutan hartu ahal izango dute parte, hartara eragotzi gabe 6. artikuluan xedatutakoa. Ikerketa-taldeko gainerako kideek ez dute mugarik izango proiektu desberdinetan parte hartzeko.

6.– Agindu honen 6. artikuluan zehazten dira ezaugarriak, eta, beharrezkoak direnean, betekizunak, diruz lagundu daitezkeen jarduketa-ildoetan.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuak eta jarduerak.

1.– Ikerketa sanitarioko jarduerak sustatzea: ikerketa sanitarioari laguntza emateko lerro honetan, onuradunak Ikerketa Sanitarioko Zentroen kategorietan akreditatutako ZTBESko agenteak bakarrik izango dira, eta horiexek aurkeztu ahal izango dituzte 2021ean hasi eta gehienez 36 hiletan garatzen diren proiektuak. Ikerketa sanitarioari laguntza emateko lerro honetan, ezin izango dute ikertzaile nagusi gisa parte hartu Osasun Sailaren 2019ko eta 2020ko deialdietako aribideko beste proiektu batzuetarako eginkizun horretan daudenek.

Lau proiektu modalitate daude:

a) Talde gazteak sustatzea: ikertzaile nagusia, 1975ean edo geroago jaioa izaki, lehenago ikertzaile nagusi (IN) gisa lehia-deialdi bidez finantzatutako proiektuetan parte hartutakoa ez den taldeen proiektuak. Epea zenbatzeko, egoera hauek hartuko dira kontuan:

– Amatasunaren edo aitatasunaren ondorioz hartutako atsedenaldiak, Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean babestutakoekin bat. Seme-alaba bakoitzeko urtebete zabalduko da.

– Eskatzailearen gaixotasun edo istripu larria, medikuak hiru hileko edo gehiagoko baja emanda. Urtebete zabalduko da.

– Mendekotasuna duten pertsonei emandako arreta, hiru hileko tarte batekoa gutxienez, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean xedatutakoarekin bat. Urtebete zabalduko da.

Modalitate honetan, I-A eranskineko gai-arloetako edozeinetan garatzen diren ikerketa-proiektuei eman dakieke dirulaguntza.

b) Zerbitzu sanitarioetako ikerketa-proiektuak: osasun-politiken ebaluazio-arloetako proiektuak; prozesu eta emaitzen ebaluazioa; erabakiak hartzeko laguntza; antolamendu-ereduen garapena eta ebaluazioa. Modalitate honetan, zerbitzu sanitarioetako ikerketaren p) puntuan azaldutako azpiarloetako edozeinetan (I-A eranskina) garatzen diren ikerketa-proiektuei eman dakieke dirulaguntza. Honako hauek interes berezia dute: osasun komunitarioaren ereduekin eta lehen mailako arretarekin lotutako ikerketa, erizaintza eta zainketa aringarriekin lotutako ikerketa. Modalitate honetan, EAEko sistema sanitarioaren zenbait alderdi inplikatu nahi dira, errazteko, hala badagokio, emaitzen eskalabilitatea eta hedapena, edo sistemako erabakiak hartzean duten erabilera.

c) Proiektu biomedikoak: osasunari buruzko oinarrizko ikerketa-proiektuak, sistema sanitarioaren barruan elkarlanean eginak. Proiektu hauek helburu nagusi hau izan behar dute: behatzen diren fenomeno eta gertakizunen oinarri-oinarrizko funtsei buruzko jakintza berriak eskuratzea, badauden gaitasun sanitarioak gehituta; edo osasuneko garapen teknologikoa, translazio-gaitasuna duten proiektuetarako kontzeptu-probak egiteko helburuarekin.

Modalitate honetan, I-A eranskineko gai-arloetako edozeinetan garatzen diren ikerketa-proiektuei eman dakieke dirulaguntza, zerbitzu sanitarioetako ikerketari dagokion horretan izan ezik (p) puntua).

d) Proiektu sanitario integratua: Bioaraba, Biocruces Bizkaia eta Biodonostia ikerketa sanitarioko institutuek hirurek elkarlanean egindako gehienez bi ikerketa-proiektu finantzatuko dira; proiektu hori interes komuneko arlo estrategikoetan egindakoa izango da, politika sanitarioekin bat etorri behar du, eta institutu bakoitzaren ekarpena behar dela argi justifikatuta izan behar du. Horrez gain, masa kritiko baten edo indar diferentzialen sorreraren edo sendotzearen emaitza izan behar du, EAEko sistema sanitario publikoaren barruko gaitasunak hobeto kohesionatze aldera.

Modalitate honetan, I. eranskineko gai-arloetariko edozeinetan garatzen diren ikerketa-proiektuei eman dakieke dirulaguntza, zerbitzu sanitarioetako ikerketari dagokion horretan izan ezik (hala ere, modalitate horretan institutuarteko elkarlaneko proiektuak ere espero dira).

2.– Ikerketa sanitarioko jarduerak areagotzea: laguntza-lerro honetan, Ikerketa Sanitarioko Zentroen kategorian akreditatuta dauden ZTBESaren agenteak bakarrik izan ahalko dira onuradunak. Fakultatibo espezialistak eta erizaintzako edo fisioterapiako unibertsitate-diplomadunak kontratatzea finantzatuko da, aldi berean ikerketa-jarduerak eta jarduera kliniko-asistentzialak egiten dituzten profesionalen jardueren zati batez arduratzeko. Hauek dira laguntzaren ezaugarriak:

– Ikerketa-jarduera hauetara ahalegin handiagoa bideratzea eskatu ahalko da: kanpo-finantzaketa duen I+G proiektu bat amaitzeko jarduerak; erakunde sanitarioan ikerketa sustatzeko sareak, proiektuak, plataformak eta beste jarduera batzuk sortzera bideratutako jarduerak; ikerketa-jarduera izango duten etorkizuneko profesionalen prestakuntza, eta kultura-aldaketara eta sistema sanitarioan ikerketa ezartzera bideratutako jarduerak.

– Agenteek jarduera kliniko-asistentziala duten profesionalak proposatu ahal izango dituzte laguntza jasotzeko, baldin eta:

i) Autonomia-erkidegoko, Estatuko edo nazioarteko kanpo-finantzaketa duten proiektuetako ikertzaile nagusiak badira (proiektu horiek, 2021ean eta/edo 2022an, gutxienez, gauzatze-prozesuan egon behar dute);

ii) 2021ean eta/edo 2022an gauzatzen ari diren Europako proiektuetako lan-paketeen, plataformen, sareen edo programen arduradunak badira edo plataforma, sare, programa, proiektu edo talde horiek sortzearen arduradunak badira;

iii) Atxikita dauden institutuari eta/edo institutuaren zientzia-arloei laguntzeko lana sustatzeaz arduratzen badira.

Ezingo dira hautagai izan Osasun Sailak 2019ko eta 2020ko deialdietan finantzatutako proiektu baten ikertzaile nagusi izandakoak, langileak liberatu behar izan badira proiektu horretan. Era berean, ezingo dira hautagai izan zuzendariak nahiz zerbitzuburuak, horien jardueraren zatirik handiena ezin baitaiteke eskuordetu.

– Gehienez 24 hilabeterako eskatu ahalko da ahaleginak areagotzea, eskaeraren oinarri den proiektu aktiboa edo jarduera egiteko behar diren urteen arabera. Laguntza horiek aukera emango dute 2021ean, 2022an eta, behar izanez gero, 2023an lan-kontratuak egiteko, hautagaiaren ordezko langilearen urteko asistentzia-lanaldiaren % 50eko liberazio-aldiaren adinako eperako. Ordezkoen kontratazio-etenaldiak ezingo dira berreskuratu.

– Ordaintzen den diru-zuzkidura jarduera kliniko-asistentziala bere gain hartuko duen langilearen estaldurari dagokiona izango da.

– Gehienez hiru eskaera egin ahal izango dira, eta bi eman, ikerketa sanitarioko zentro bakoitzeko.

Laguntza horietara bideratutako dirulaguntzaren zenbatekoa kendu ondoren, geratzen den zenbatekoa ikerketa sanitarioko jarduerak sustatzeko lerrora bideratuko da.

3.– Osasunari buruzko ikerketa estrategikoa bultzatzea: laguntza-lerro hau ZTBESko agenteei ireki zaie, akreditatutako kategoria edozein izanda ere, eta hauek izango dira euren proiektuak aurkezteko arloak: medikuntza pertsonalizatua (doitasun-medikuntza eta analitika aurreratuko erremintak barnean hartuta), gailu medikoak, gaixotasun arraroak, neurozientzia-neuroteknologia eta COVID-19a. Proiektuak urtebete eta hiru urte arteko epean garatu ahal izango dira, baina laguntza urterokoa izango da, eta 2021ean egindako jardueretarako emango da.

Heldutasun teknologikoko hainbat fasetan dauden proiektuei laguntzea aurreikusten da; bai behatzen diren fenomeno eta gertakizunen oinarri-oinarrizko funtsei buruzko jakintza berriak eskuratzeko sortutako proiektuak –ezagutza-oinarria handitzeko eragileen arteko lankidetza behar dutenak– baita aurretik egiaztatutako eta balio-katean aurrera egitera bideratutako aurretiazko esperientzietan oinarritzen diren garapen teknologikoko proiektuak ere, baldin eta transferentzia-ahalmena erakusten badute. Ildo horretan, eragile sanitarioen eta ez-sanitarioen arteko lankidetza sustatu nahi da, premia biomediko-sanitarioari erantzuteko, eta sistema sanitarioan sortutako ezagutzaren balioa indartu, ondoren hirugarrenekin edo hirugarrenen bitartez garatuta.

4.– Interes bereziko ekintza osagarriak: laguntza-lerro hau ZTBESko agenteei ireki zaie, akreditatutako kategoria edozein izanda ere. Lerro honen helburua da osasun-arloko ikerketari eta garapenari laguntza emateko ekintzak finantzatzea, ekintzok interes orokorrekoak izanik, eta RIS3ren jarduerei eta helburuei lotuak eta/edo RIS3 lantaldeen edo ekimen estrategikoen ekintza-planetan ezarritakoak. Laguntza urterokoa izango da, eta 2021ean egindako jardueretarako emango da. Lerro honetan, ekintzek honako hauek barne har ditzakete:

– Lantaldeak, pilotaje-taldeak eta zeharkako taldeak dinamizatzeko eta elkarlanerako erremintak diseinatzeko eta mantentzeko laguntza, arlo hauetan: gailu medikoak, medikuntza pertsonalizatua, gaixotasun arraroak eta neurozientzia-neuroteknologia, ekimen estrategikoen arloan, negozio-ereduen eremuan, eta berrikuntza irekiko programetan. Barnean hartuta dago laguntza ematea plataforma edo partzuergo publiko-pribatuak sortu eta iraunarazteko, eta baterako lana egiteko prozesuak antolatzeko.

– Elkarlan zientifiko-teknologikoa eta enpresartekoa erraztera bideratutako jarduketak (I+G programak diseinatzea, balio-kateetako erakundeen arteko lankidetzari laguntza ematea eta living lab ezartzea edo sendotzea barnean hartuta), I+G+B proiektuak prestatzeko aholkuak eta diseinua, eskaintza-eskarietako bitartekaritza, eta dinamizatzeko, bultzatzeko eta animatzeko jarduerak.

– Prospektibako eta eskari goiztiarreko ikerketak egitea, bai eta ikerketen emaitzak eta berrikuntzarako ideiak transferitu eta ustiatzeari buruzko ikerketak edo txostenak ere (titulartasunaren eta babesaren alderdiak barnean hartuta), alderdi sozioekonomikoekin batera. Bideragarritasun-ikerketak ere barruan daude (30.000 euroko gehieneko finantzaketarekin), kontzeptu-probak edo proiektu pilotuak egin aurretik; izan ere, horietan lan hauek ere ordain daitezke: negozio-plana eta bera garatzeko finantza-beharrizanak zehaztea, eta merkatu-hobia eta sistema sanitarioaren edo pazienteen beharrizanak identifikatzea.

– I+G+B nazioartekotzeko jardueretako parte-hartzea sustatzea, Europako deialdietarako proposamenen prestakuntza barnean hartuta.

– Zabalkundeko eta dibulgazioko jarduerak, batez ere Basque Health foroari eta Basque Health marka sendotu eta posizionatzeari lotutakoak.

Laguntza horietara bideratutako dirulaguntzaren zenbatekoa kendu ondoren, geratzen den zenbatekoa osasun-ikerketa estrategikoa sendotzeko lerrora bideratuko da.

7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta dirulaguntzekiko bateragarritasuna.

1.– Finantzatu daitezkeen gastuak zuzenean lotuta egon beharko dira proiektua gauzatzearekin, eta aldez aurretik sartuta egongo dira eskabidearen memorian.

2.– Honako hauek hartuko dira finantzatu daitezkeen gastutzat:

a) Langileen kostuak (ikertzaileenak, teknikarienak eta ikerketan laguntzen duten gainerako langileenak), betiere proiektuan aritzen diren neurrian. Proiekturako behar diren langileak kontratatuko dira. Langile horiek zentro kontratatzaileari aplikatu beharreko kontratazio-araudiaren arabera hautatuko dira, publikotasun-, konkurrentzia- eta lehiakortasun-printzipioak betez, bai eta berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak betez ere.

Halaber, ikertaldeko partaide den langile sanitarioa jarduera asistentzialetik liberatzeak dakartzan kostuak apartatu honetan daude sartuta, baldin eta proiektuan jarduteko liberatzen bada (lanaldiaren % 50 gehienez ere).

Ikerketa sanitarioko jarduera areagotzeko lerroan (6.2 artikulua), langileak kontratatzea finantzatu ahal izango da, hautagaiaren ordezko langilearen urteko asistentzia-lanaldiaren gehienez % 50eko liberazio-aldiaren adinako eperako.

Ezingo dira finantzatu ZTBESko agenteei lotutako funtzionarioen, estatutupeko langileen edo langile kontratudunen kostuak –hala EAEko sektore publikokoak nola partaidetza publikoa nagusi den eta sektore publikoan edo inongo administraziotan sartuta ez dauden erakundeetakoak–, baldin eta Eusko Jaurlaritzako beste sailen batek edo beste administrazio publiko batek finantzatzen baditu.

b) Ondasunak eskuratzeko eta zerbitzuak kontratatzeko gastuak. Barnean daude, halaber, honako hauek: proiektua egiteko erabili den material inbentariagarria, material suntsigarria eta gastu osagarriak, material bibliografikoa eta proiektuen emaitzak hedatu eta transferitzeak dakartzan gastuak. Proiektua gauzatzeko beharrezkoa den heinean eta behar bezala justifikatzen bada, ez da mugarik egongo partida honetan.

Eta hauek kanpoan daude: altzariak eta instalazioak, kudeaketarako ekipamendu informatikoak eskuratzea eta bulegoko material orokorra finantzatzea (fotokopiak, tonerra edo telefono-gastuak)

Proiektua garatzeko kanpoko zerbitzuak kontratatzea aurreikusita egonez gero, eskaeraren memorian aipatu beharko da, honako hauek zehaztuta: zerbitzuaren nolakotasuna eta kontratuaren kostua.

Azpikontratatu egin ahal izango dira proiektuko jarduerak, dirulaguntza jasotzen duen jarduketaren parte direnak, baldin eta dirulaguntzaren onuraduna den agenteak egin ezin baditu (dena dela, egiaztatu egin beharko da hori proiektuaren memorian). Onuradunak azpikontratatutako jardueraren kostu osoa ezin izango da izan onuradun beraren aurrekontu finantzagarriaren % 50etik gorakoa, salbu eta 4. lerrora aurkeztutako proiektuetarako (Interes bereziko ekintza osagarriak); izan ere, azken horiek % 90eko muga izango dute, baldin eta argi justifikatzen bada azpikontratatu beharra.

Hirugarren batzuekin itundutako jardueretarako, jardueraren kostua dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20tik gorakoa bada, eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, agente onuradunak, kontratu hori egin aurretik, baimena eskatu beharko dio Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari. Zuzendaritza horrek 10 egun balioduneko gehieneko epean erantzungo du; bestela, eskaera ezetsitzat hartuko da, administrazio-isiltasunaren ondorioz.

Kontratazioetarako, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditzen baditu sektore publikoaren kontratazioa arautzen duten legeetan kontratu txikietarako ezarritako kopuruak, agente onuradunak, kontratatu aurretik, hiru eskaintza gutxienez eskatu beharko ditu eta espresuki justifikatu beharko du hautaketa hori, memoria batean, ez bada proposamen ekonomikorik abantailatsuena hautatzen. Justifikazioa eta memoria batera aurkeztu beharko dira.

c) Bidaiekin eta joan-etorriekin lotutako gastuak. Landa-lanak, koordinazio-bilerek eta kongresuek, hitzaldiek eta halakoek eragindakoak, baldin eta proiektuarekin zuzenean lotuta badaude.

d) Zeharkako kostuak: deialdi honen kontura kontzeptu honetan finantzatzekoak izango dira proiektua gauzatzeko zuzeneko kostuen % 21 gehienez ere.

3.– Agindu honen babespean ematen diren laguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako erdiets litekeen beste edozein motatako laguntza edo dirulaguntzarekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

4.– Dena dela, ondorio horietarako, aplikatzekoak izango dira DLOaren 29. eta 31. artikuluak eta DEOaren 68. eta 83. artikuluak, oinarrizkoak baitira.

8. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi hau finantzatzeko baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik datoz, eta horien zenbatekoa 5.650.000 eurokoa da. Horietatik, 3.150.000 euro ikerketa sanitarioa sustatzeko lerroko proiektuak (6.1 artikulua) eta ikerketa sanitarioko jarduerak areagotzea (6.2 artikulua) finantzatzera bideratuko dira; eta beste 2.500.000 euro, aldiz, lerro hauetako proiektuetara: osasuneko ikerketa estrategikoa bultzatzeko lerroa (6.3 artikulua), eta interes bereziko ekintza osagarrien lerroa (6.4 artikulua).

Artikulu honetan adierazitako zenbatekoa handitu ahal izango da, Osasun Sailaren programak gauzatu ostean geratzen diren aurrekontu-zuzkiduren arabera, indarrean dagoen legeriak kredituak lotzeko edo aurrekontuak aldatzeko ezarritako araubideari jarraikiz, eta ebazpena eman baino lehen. Zirkunstantzia hori gertatuz gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da argitara, Osasuneko sailburuordearen ebazpen bidez.

9. artikulua.– Dirulaguntza emateko prozedura.

Deialdi hau lehiaketa-teknikaren bidez ebatziko da. Ondorio horietarako, laguntzak emateko orduan, 6. artikuluan ezarritako modalitate bakoitzerako aurkeztutako proiektuak alderatuko dira, 12. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideei jarraituz, euren arteko lehentasun-hurrenkera ezartzeko xedez, eta, hurrenkera horren arabera, laguntzak emango dira harik eta dirulaguntza-lerro bakoitzari esleitutako kredituak agortu arte.

II. KAPITULUA
KUDEATZEKO PROZEDURA

10. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Eskabide bakarra aurkeztuko da proiektu bakoitzeko. Proiektuan agente batek baino gehiagok parte hartzen badu, koordinatzaile gisa jarduten duen agenteak aurkeztuko du eskabidea.

2.– Agindu honetatik eratorritako eskabide, eskaera, jakinarazpen, zuzentze, justifikazio eta gainerako izapide guztiak elektronikoki egingo dira, bat etorriz Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren (2012ko martxoaren 9ko EHAA, 50 zk.) 28. artikuluarekin, urriaren 1eko 39/2015 Legearen (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena) 14. artikuluarekin eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenarekin.

3.– Eskabidea eskuratzeko eta betetzeko, euskadi.eus egoitza elektronikora jo beharko da, jarraian adierazitako helbideetan:

Ikerketa sanitarioa sustatzea:

– Euskaraz:

www.euskadi.eus/zerbitzuak/0104714

– Gaztelaniaz:

www.euskadi.eus/servicios/0104714

Ikerketa sanitarioko jarduerak areagotzea:

– Euskaraz:

www.euskadi.eus/zerbitzuak/0104715

– Gaztelaniaz:

www.euskadi.eus/servicios/0104715

Osasunari buruzko ikerketa estrategikoak bultzatzea:

– Euskaraz:

www.euskadi.eus/zerbitzuak/0104716

– Gaztelaniaz:

www.euskadi.eus/servicios/0104716

Interes bereziko ekintza osagarriak:

– Euskaraz:

www.euskadi.eus/zerbitzuak/0104717

– Gaztelaniaz:

www.euskadi.eus/servicios/0104717

Egoitza elektronikoan eskuragarri daude izapideak bide elektronikotik egiteko argibideak, eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak.

Eskabidea egin ondoren, espedientera iristeko eta errekerimenduak, jakinarazpenak eta agindu honetan inplikatutako gainerako izapideak egiteko, honako helbide honetara jo beharko da:

– Euskaraz:

http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak/

– Gaztelaniaz:

http://www.euskadi.eus/misgestiones/

4.– Eskabidea betetzeko, pertsona edo agente eskatzailearen sinadura onartuaz gain, artikulu honek aipatzen dituen dokumentuak ere gehitu behar dira, Administrazio Elektronikoaren Dekretuan (otsailaren 21eko 21/2012) xedatutakoaren arabera. Sinadura elektronikoaren data hartuko da aurkezpen-datatzat.

5.– Eskatzaileek laguntza jasotzeko eskabidea aukeratzen duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute, eskatutako dokumentazioarekin batera. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskaera aurkeztu ondoko jarduketetan, prozedurak irauten duen bitartean, euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearekin bat.

6.– Honako dokumentazio hau aurkeztu behar da (laguntza-eskabidea osatzen du):

I.– Ikerketa sanitarioko jarduerak sustatzeko lerroa (6.1 artikulua)

a) Ikerketa-proiektuaren memoria, eredu normalizatuan egina (II-A.1 eranskina), parte hartzen duen agente bakoitzaren informazioarekin batera (II-B eta II-C.1 eranskinak).

b) Ikerketa-taldeko kideen curriculum vitae-a, eredu normalizatuan egina (II-D eranskina), edo Carlos III.a Osasun Institutuko curriculum vitae-aren ereduan, edo Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren curriculum vitae-aren eredu normalizatuetan.

c) Agente eskatzaile bakoitzaren erantzukizunpeko adierazpena, legezko ordezkariak sinatua (III. eranskina).

d) Jarduera betekizun gisa, eta ezaugarriak kontuan hartuta, proiektuek legez ezarritako baimenak eta/edo txosten hauek izan beharko dituzte:

– Etika Batzorde eskudunak emandako baimena, hala badagokio, eta ikerketa-arloko arauak eta hitzarmenak betetzen direla zaintzen duten kide anitzeko beste organo batzuek emandakoa. Edonola ere, dagokion kide anitzeko organoko presidenteak edo idazkariak emango du baimen hori, eta, bertan, erabakia hartu zen bilkurako aktaren erreferentzia jasoko da.

– Proiektuak giza jatorriko lagin biologikoak behar baditu, Euskal Biobankuaren ziurtagiria eskatu beharko da, eta horrela jasoko da.

Puntu honetan aipatutako dokumentuak agente onuradunen esku geratuko dira, hartara eragotzi gabe dirulaguntza ematen duen organoak egin ditzakeen egiaztapenak, ezta eskumena duten kontrol-organoek egin ditzaketen egiaztapenak eta kontrolak ere, eta kontrol- eta egiaztapen-jarduketa horietan eskatzen zaien informazio guztia emango dute agente onuradunek.

II.– Ikerketa sanitarioko jarduera areagotzeko lerroa (6.2 artikulua):

a) Ikerketa-jardueraren memoria, eredu normalizatuan egina (II-A.2 eranskina), informazio ekonomikoarekin batera (II-C.2 eranskinak).

b) Jarduera areagotzearen onuradun izan daitekeen hautagaiaren curriculum vitaea, eredu normalizatuan egina (II-D eranskina), edo Carlos III.a Osasun Institutuko curriculum vitaearen ereduan, edo Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren (FECYT) curriculum vitaearen eredu normalizatuetan.

c) Adostasun-adierazpena, eredu normalizatuaren arabera egina (II-E eranskina).

d) Jarduera areagotzearen kostu ekonomikoaren ziurtagiria (II-F eranskina)

e) Erantzukizunpeko adierazpena, legezko ordezkariak sinatua (III. eranskina).

III.– Osasunari buruzko ikerketa estrategikoak indartzeko lerroa (6.3 artikulua):

a) Ikerketa-proiektuaren memoria, eredu normalizatuan egina (II-A.3 eranskina), parte hartzen duen agente bakoitzaren informazioarekin batera (II-B eta II-C.3 eranskinak).

b) Ikerketa-taldeko kideen curriculum vitae-a, eredu normalizatuan egina (II-D eranskina), edo Carlos III.a Osasun Institutuko curriculum vitae-aren ereduan, edo Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren curriculum vitae-aren eredu normalizatuetan.

c) Agente eskatzaile bakoitzaren erantzukizunpeko adierazpena, legezko ordezkariak sinatua (III. eranskina).

d) Jarduera betekizun gisa, eta ezaugarriak kontuan hartuta, proiektuek legez ezarritako baimenak eta/edo txosten hauek izan beharko dituzte:

– Etika Batzorde eskudunak emandako baimena, hala badagokio, eta ikerketa-arloko arauak eta hitzarmenak betetzen direla zaintzen duten kide anitzeko beste organo batzuek emandakoa. Edonola ere, dagokion kide anitzeko organoko presidenteak edo idazkariak emango du baimen hori, eta, bertan, erabakia hartu zen bilkurako aktaren erreferentzia jasoko da.

– Proiektuak giza jatorriko lagin biologikoak behar baditu, Euskal Biobankuaren ziurtagiria eskatu beharko da, eta horrela jasoko da.

Puntu honetan aipatutako dokumentuak agente onuradunen esku geratuko dira, hartara eragotzi gabe dirulaguntza ematen duen organoak egin ditzakeen egiaztapenak, ezta eskumena duten kontrol-organoek egin ditzaketen egiaztapenak eta kontrolak ere, eta kontrol- eta egiaztapen-jarduketa horietan eskatzen zaien informazio guztia emango dute agente onuradunek.

IV.– Interes bereziko ekintza osagarrien lerroa (6.4 artikulua):

a) Ikerketa-proiektuaren memoria, eredu normalizatuan egina (II-A.4 eranskina), parte hartzen duen agente bakoitzaren informazioarekin batera (II-B eta II-C.4 eranskinak).

b) Agente eskatzaile bakoitzaren erantzukizunpeko adierazpena, legezko ordezkariak sinatua (III. eranskina).

7.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

11. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

1.– Eskabidean oinarri hauetako eskakizunak betetzen ez badira, osorik ez badago edo akatsik badauka, eskatzaile interesdunari errekerimendua egingo zaio, eta hamar eguneko epea eman, gabezia zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko. Halaber, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, aurretik Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren araberako ebazpena emanda.

2.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira.

3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zein egun eta ordutan eskaini zaion jakinarazpena jakinarazten den ekintzaren interesdunari, eta noiz sartu den haren edukia ikustera; une horretatik aurrera, jakinarazpena gauzatutzat joko da. Jasota baldin badago jakinarazpena egin dela, eta hamar egun natural igarotzen badira edukira sartu gabe, jakinarazpenari uko egin zaiola ulertuko da, eta izapidea egintzat joko da, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela sartzea.

4.– Elkarlanean garatzekoak diren proiektuen kasuan, proiektuaren koordinatzailea den agentearekin gauzatuko da jarduketa hori.

12. artikulua.– Eskabideak ebaluatzea eta hautatzea.

1.– Balorazio Batzordeak ebaluatu eta hautatuko ditu behar bezala aurkeztutako edo epean zuzendutako eskabideak, aurreko artikuluan xedatutakoarekin bat. Hauek osatuko dute Balorazio Batzordea:

A) Presidentea: María Ángeles Ibarrondo Unamunzaga andrea, Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendaria.

B) Batzordekideak:

– Miguel Sánchez Fernandez jauna, Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria.

– Itziar Larizgoitia Jauregui andrea, Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria.

– Víctor Bustamante Madariaga jauna, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Asistentzia Sanitarioko zuzendaria.

C) Idazkaria: Ainhoa Jausoro Zubiaga, Osasun Saileko I+G laguntzen teknikari arduraduna.

2.– Balorazio Batzordearen osaera izenduna aldatuz gero, aldaketa horiek argitaratu egingo dira euskadi.eus egoitza elektronikoan, 10.3 artikuluan adierazitako helbideetan; izan ere, interesdunei bermatu behar zaie batzordekideak errefusatzeko eskubidea, eta eraginkortasunez baliatzeko aukera, betiere Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluekin bat etorriz.

3.– Balorazio Batzordeak kanpoko ebaluatzaileen laguntza eskatuko du kalitate zientifiko-teknikoaren parekako ebaluazioa egiteko, ikerketa sanitarioko jarduerak sustatzeko lerroan (6.1 artikulua) eta osasunari buruzko ikerketa estrategikoa indartzeko lerroan (6.3 artikulua) aurkeztutako proiektuetan, artikulu honen 5.I eta 5.III apartatuetan ezarritako irizpideekin bat. Balorazio Batzordeak, bere eginkizunak gauzatzeko, aholkua eskatu ahal izango die adituei ikerketa sanitarioko jarduerak areagotzeari (6.2 artikulua) eta interes bereziko ekintza osagarrien lerroari buruzko gaiei buruz (6.4 artikulua).

4.– Balorazio Batzordeak bere funtzionamendu-arau propioak ezarri ahalko ditu. Horiek arautzen ez dituzten gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da.

5.– Proiektuak hautatzeko, irizpide hauek aplikatuko dira:

I.– Ikerketa sanitarioko jarduera sustatzeko lerroa (6.1 artikulua):

1) Kalitate zientifiko-teknikoa (gehienez 50 puntu)

a) Proposamenaren planteamendua eta bideragarritasuna (gehienez 30 puntu):

– Planteamenduko helburuen argitasuna eta egokitasuna (gehienez 5 puntu)

– Proiektuaren ekarpen zientifiko-teknikoa, egungo artearen egoerari, ikuspegiaren baliozkotasunari eta planteatutako metodologiari dagokienez (gehienez 10 puntu)

– Lan-plangintzaren koherentzia eta eraginkortasuna, zereginen egokitasuna eta aurrekontu zenbatetsia (gehienez 10 puntu)

– Genero-ikuspegia (gehienez 5 puntu)

b) Proiektuan parte hartzen duen gizataldearen kalitatea, kaudimena eta osagarritasuna (gehienez 10 puntu)

c) Sistema sanitariorako duen aplikagarritasuna, erabilgarritasuna eta, hala badagokio, sistema sanitarioan ezartzeko estrategia (gehienez 10 puntu)

Txosten zientifiko-teknikoan, 25 puntutik gorako puntuaziora heltzen ez diren eskabideak ez dira finantzagarritzat joko.

Modalitate bakoitzerako, finantzagarritzat jotzen diren eskabideen lehentasun-hurrenkera bat ezarriko da, lortutako puntuazioaren arabera.

2) Interes sanitario eta estrategikoa (gehienez 50 puntu):

a) Politika sanitarioetara egokitzea eta proposamenean inbertitzeko aukera (gehienez 25 puntu):

– Eskabide-memorian argi eta zehatz identifikatzea proposamena lan-ildoetara, planetara, estrategietara, programetara edo ekimen sanitarioetara egokitzen dela, eta, hala badagokio, ZTBP 2030ean jasotako espezializazio adimendunaren estrategiara egokitzen dela (gehienez 5 puntu). Irizpide honi dagokionez, 3 puntu edo gutxiago lortzen duten eskabideak ez dira finantzagarritzat joko.

– Eskabide-memorian argi eta zehatz identifikatzea proposamenaren egokitasuna, landu nahi diren premia sanitario zehatzen garrantziari (patologia, asistentzia-eremua, antolamendua, kalitatea, jasangarritasuna, segurtasuna, etab.), planteatutako galderari eta proposamenak galdera horri erantzungo dion moduari dagokienez (gehienez 10 puntu).

– Eskabide-memorian argi eta zehatz identifikatzea proposamenean inbertitzeko aukera, I+G+B sistema sanitario osoan txertatzearekin lotutako erronka orokorrak eta zeharkakoak lantzeari dagokionez (gehienez 10 puntu); adibidez:

• Ikerketa sanitarioko zentroen arteko lankidetza edo elkarlana, bai osagarritasunagatik eta eskalagatik (tamaina edota arlo zientifiko eta teknologikoetako gaitasunen batura) bai diziplinartekotasunagatik (gaitasun desberdinak), jardueraren inpaktua handitzeko.

• Ikertzaileen eta langile kliniko-asistentzialen parte-hartzea, asistentzia-lana eta I+G+B txertatzen laguntzeko.

• Belaunaldien arteko erreleboari laguntzea, ikerketa-kulturaren hedapena bizkortzera bideratuta, zerbitzu-erakundeetako (sistema sanitarioa) lanbide-jardunaren zati den heinean.

• Euskadiko sistema sanitarioa Estatuan eta nazioartean posizionatzea. Posizionamenduak barnean hartzen du –eta eskatzen du– ikusgarritasuna baloratzea, afiliazio-jarraibideak betetzen diren aztertuta. Horiek 2019ko maiatza ondoren bidalitako argitalpenetan ageri dira.

• Ikerketa sanitarioko zentroak indartzea, hala nola Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren I+G+Bren egiturak: proposamena arlo zientifikoetara eta ikerketa sanitarioko zentroen plan eta ildo estrategikoetara –oinarrizko ikerketa eta ikerketa klinikoa integratzea barne– egokitzearen, horiekin bat etortzearen eta laguntzearen bidez ikusia, eta, hala badagokio, Baliosasun eta Innosasun programen, ikerketa klinikoaren, ezarpenaren edo sistema sanitarioan gora egiteko jardueraren erlazio, ekarpen edo laguntzaren bidez.

b) Espero diren emaitzek egin dezaketen ekarpena eta inpaktuaren proiekzioa (25 puntu):

– Eskabide-memorian argi eta zehatz identifikatzea proiektua gauzatzeko espero diren emaitza eta/edo entregagai zehatzak. Horretarako, I-B eranskineko zerrenda (ez zehatza) erabiltzea gomendatzen da (gehienez 5 puntu).

– Eskabide-memorian argi eta zehatz identifikatzea sortutako emaitzak aplikatzeko edo erabiltzeko ikuspegiak eta moduak, bai eta argitalpen zientifikoen bidez ezagutza zabaltzea edo kongresu, jardunaldi edo topaketa zientifikoetan parte hartzea ere (gehienez 10 puntu).

– Eskabide-memorian argi eta zehatz identifikatzea espero diren emaitzen aprobetxamenduak zer eragin izan dezakeen sistema sanitarioarentzat, pazienteentzat eta, hala badagokio, EAEko egitura sozial eta ekonomikoarentzat aurreko puntuan aipatutako mekanismoei jarraitzen bazaie (gehienez 10 puntu).

Orotariko puntuazioa lortzeko, kalitate zientifiko-teknikoari eta interes sanitario eta estrategikoari dagozkien puntuazioak gehituko dira, beraz, gehieneko puntuazioa 100 puntukoa izango da.

II.– Ikerketa sanitarioko jarduera areagotzeko lerroa (6.2 artikulua):

1) Jarduera areagotzeko hautagaiaren merezimenduak baloratzea, 2016ko urtarrilaren 1etik eskabideak aurkezteko epearen amaiera bitartean (gehienez 50 puntu):

a) CVan jasota dauden argitalpenak. Gehienez hamar argitalpen puntuatuko dira, eta egile senior edo korrespondentzia-egile gisa ageri den argitalpenak adierazi beharko dira, balorazio berezia egiteko (gehienez 25 puntu)

b) Bestelako merezimendu batzuk, esaterako, kanpo-finantzaketa (lehiazkoa eta lehia gabekoa, publikoa nahiz pribatua), patenteak eta jabetza intelektual nahiz industrialeko beste aktibo batzuk, nazioarteko lankidetzak, baita Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko beste agente batzuekin ere, eta ikerketa nahiz ikerketa-kultura EAEko sistema sanitarioan txertatzearekin lotutako beste ekarpen batzuk (gehienez 25 puntu).

2) Proposamenaren balorazioa (gehienez 50 puntu):

a) Zer neurritan den egokia, egin beharreko ikerketa-jarduera kontuan hartuta, eta Euskadiko sistema sanitarioko ikerketa-azpiegiturak zer-nola indartzen dituen (gehienez 20 puntu). Baloratuko da I+G jardueretan aritzeak nola indartuko dituen hautagaia atxikita dagoen ikerketa sanitarioko zentroaren eta, oro har, Euskal Osasun Zerbitzuko institutu guztien plan, ildo eta helburu estrategikoak (gehienez 20 puntu).

b) EAEko sistema sanitarioarentzako interes estrategikoa: espezialitateak, arloak, zerbitzuak, taldeak eta abar indartzea, espero baino arduraldi edo ordezkapen txikiagoa badute epe labur, ertain eta luzeko beharrei dagokienez; joeren aurrean sistema prestatzeari dagokionez eta belaunaldi-erreleboari dagokionez, besteak beste (gehienez 30 puntu).

III.– Osasunari buruzko ikerketa estrategikoa indartzeko lerroa (6.3 artikulua):

1) Kalitate zientifiko-teknikoa (gehienez 50 puntu).

a) Proposamenaren planteamendua eta bideragarritasuna (gehienez 30 puntu):

– Planteamenduko helburuen argitasuna eta egokitasuna (gehienez 5 puntu)

– Proiektuaren ekarpen zientifiko-teknikoa, egungo artearen egoerari, ikuspegiaren baliozkotasunari eta planteatutako metodologiari dagokienez (gehienez 10 puntu)

– Lan-plangintzaren koherentzia eta eraginkortasuna, zereginen egokitasuna eta aurrekontu zenbatetsia (gehienez 10 puntu)

– Genero-ikuspegia (gehienez 5 puntu)

b) Proiektuan parte hartzen duen gizataldearen kalitatea, kaudimena eta osagarritasuna (gehienez 10 puntu)

c) Sistema sanitariorako duen aplikagarritasuna, erabilgarritasuna eta, hala badagokio, sistema sanitarioan ezartzeko estrategia (gehienez 10 puntu)

Txosten zientifiko-teknikoan, 25 puntutik gorako puntuaziora heltzen ez diren eskabideak ez dira finantzagarritzat joko.

2) Interes sanitario eta estrategikoa (gehienez 50 puntu):

a) Politiken araberako egokitasuna (gehienez 5 puntu): proposamenaren egokitasuna bai politika sanitarioen lan-ildoaren arabera bai ZTBP 2030ean adierazitako espezializazio adimendunaren estrategiaren arabera, biozientzien eta osasunaren eremuan. Irizpide honi dagokionez, 3 puntu edo gutxiago lortzen duten eskabideak ez dira finantzagarritzat joko.

b) Proposamenean inbertitzearen egokitasuna (gehienez 20 puntu): proposamena bat etortzea RIS3 Euskadi estrategiaren helburuekin, lerroekin eta ekintza-planekin, lankidetzan aritzea eta EAEko lehiakortasunari eta sektore biosanitarioaren hazkuntzari laguntzea barne.

c) Inpaktuak eragin dezakeen ekarpena eta proiekzioa (gehienez 25 puntu): zer-nolako emaitzak espero diren (I-B eranskina) eta zer-nolako inpaktua izan dezakeen aurreikusitako emaitzen aprobetxamenduak, EAEko gizarte- eta ekonomia-egituran aplikatzeko eta eragiteko ahalmenari eta ikuspegiei dagokienez.

Orotariko puntuazioa lortzeko, kalitate zientifiko-teknikoari eta interes sanitario eta estrategikoari dagozkien puntuazioak gehituko dira, beraz, gehieneko puntuazioa 100 puntukoa izango da.

IV.– Interes bereziko ekintza osagarrien lerroa (6.4 artikulua):

1) RIS3 politiken araberako egokitasuna (gehienez 5 puntu): proposamenaren egokitasuna bai politika sanitarioen lan-ildoaren arabera bai ZTBP 2030ean adierazitako espezializazio adimendunaren estrategiaren arabera, biozientzien eta osasunaren eremuan. Irizpide honi dagokionez, 3 puntu edo gutxiago lortzen duten eskabideak ez dira finantzagarritzat joko.

2) Jarduera zientifiko-teknologikoarekiko osagarritasuna (gehienez 20 puntu): zer-nolako ekintza-aukerak dauden proposamenean zehaztutako arloetan eta zer-nolako ekarpenak egiten dituen osasun pertsonalizatuaren arloko RIS3ren ekimen estrategikoetarako edo lantaldeek lortu nahi dituzten helburuetarako.

3) Proposamenaren kalitatea eta esperoko emaitzak (gehienez 25 puntu)

– Planteamenduaren argitasuna, lan-plangintzaren koherentzia eta efikazia, eta aurrekontuaren egokitasuna, proposatutako zereginen eta helburuen arabera (gehienez 10 puntu).

– Proposatutako jardueren bitartez espero diren emaitzen garrantzia (gehienez 5 puntu).

– Emaitzen aprobetxamendua RIS3ren estrategiaren esparruan (gehienez 10 puntu).

Gehienez 50 puntu lor daitezke.

6.– Balorazio Batzordeak lortu diren azken puntuazioen araberako lehentasun-hurrenkera bat ezarriko du 6. artikuluan azaldutako modalitate bakoitzerako, 12. artikulu honen 5. puntuan zehaztutako balorazio-irizpideei jarraikiz.

7.– Lerro eta modalitate bakoitzean, haietako bakoitzerako banatuta, Balorazio Batzordeak honako hauek ezarriko ditu: zenbateko dirulaguntza eman behar den, proposamen bakoitzak lortu duen orotariko puntuazioaren arabera ordenatutako proiektu-zerrenda kontuan hartuta; finantzaketako zer ehuneko aplikatu behar den lortutako puntuazioaren (areagotze-lerroan izan ezik, zeinetan ordezkapen-kostu ziurtatuaren % 100a aplikatuko baita) eta dauden baliabide ekonomikoen arabera.

8.– Emandako laguntzek eskatutako zenbatekoa osorik edo partez estali ahal izango dute, baina, edozein modutan, baterako finantzaketa kontuan hartuz, ezin izango da inolaz ere gainditu diruz lagundutako jardueraren kostu erreala.

13. artikulua.– Ebazpena, jakinarazpena eta errekurtsoak.

1.– Aurkeztu diren eskabideak lerro bakoitzerako prozedura desberdin bat hartuta izapidetuko dira (6. artikuluan adierazitakoarekin bat), eta bakoitza bere ebazpenarekin amaituko da. Osasuneko sailburuordeari dagokio agente eskatzaileek proposatutako gai guztiak erabakitzeko ebazpenak ematea, Balorazio Batzordeak proposatuta.

2.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da; horretarako epea, gehienez ere, bost hilekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota ez bada ebazpenik argitaratu, agente eskatzaileek ulertu ahal izango dute euren eskabidea ezetsi egin dela, DLOaren 25. artikuluan xedatutakoaren arabera, halaxe ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24.2 artikuluan.

3.– Ebazpenetan zehaztuko da eskatu diren dirulaguntzak emango diren ala ez; emanez gero, diruz lagundutako proiektua adierazi beharko da, baita agente onuradunak, dirulaguntzaren zenbatekoa, ordaintzeko modua eta epeak eta justifikazioa, agindu honen 15. artikuluan xedatzen denaren arabera. Dirulaguntza ukatzen bada, ordea, zergatia azaldu beharko da.

4.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta 15 eguneko epean, agenteek berariaz uko egin ahal izango diote laguntzari. Aipatutako epean uko egiten dela adierazi ezean, deialdiaren ondorioetarako, laguntza onartu dela ulertuko da.

5.– Ebazpen honek ez du administrazio-bidea agortzen. Aurka egin nahi izanez gero, agente onuradunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera. Hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluarekin bat etorriz.

14. artikulua.– Agente onuradunen betebeharrak.

1.– Indarrean dagoen araudiak xedatzen dituen eta ezartzekoak diren beste betebehar batzuk eragotzi gabe, eta, batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotako betebeharrak eta Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan jasotakoak eragotzi gabe, agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradun diren elkarteek honako betebehar hauek dituzte:

a) Dirulaguntza eman den xede eta kontzeptuetarako erabiltzea.

b) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren egitekoak betetzeko, deialdi honetako dirulaguntzen inguruan eskatzen dituzten argibideak ematea.

c) Eskabidea egiteko orduan kontuan hartutako datu edo inguruabarretan edozein aldaketa gertatuz gero, ahal bezain laster jakinaraztea Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari.

d) Xede berarako beste dirulaguntza eta laguntza batzuk lortu dituztela jakinaraztea Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari, ahal bezain laster.

e) Proiektuen emaitzak zabaltzea.

2.– Eskabidean adierazitakoaren gainean aldaketaren bat egin nahi bada, aldez aurretik eta behar bezala arrazoituta eskatu beharko zaio Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari. 16. artikuluan ezarritakoaren arabera. Deialdi honen ondorioetarako, laguntza-eskabidean aurreikusitako kontzeptuekiko gastu-desbideratzeak ez dira aldaketatzat jotzen, baldin eta % 20 gainditzen ez badute.

3.– Halaber, onuradunek neurriak hartu beharko dituzte diruz lagundutako jardueren finantzaketaren izaera publikoa zabaltzeko, eta, orobat, kontabilitate-liburuak, bideratutako erregistroak eta gainerako dokumentuak –behar bezala ikuskatutakoak– eramateari dagokionez, bat etorriz merkataritzako eta, egoki bada, sektoreko legeriak eskatutako zehaztapenekin, bai eta Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14., 18.4 eta 37.1 artikuluetan ezarritako gainerako betekizunekin ere; izan ere, lege hori oinarrizkoa da.

15. artikulua.– Laguntzen ordainketa, jarraipena eta justifikazioa.

1.– Dirulaguntzak urtebetekoak edo urte bat baino gehiagokoak izango dira, onartutako proiektuak duen iraupenaren arabera eta aurkeztutako laguntza-lerroak dituen ezaugarrien arabera, deialdi honen 6. artikuluan ezarritakoarekin bat. Dirulaguntza jaso dezaketen jardueren hasiera bat etorriko da 2021eko aurrekontu-ekitaldiarekin.

2.– Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzak urteroko jarraipena egingo dio urte bateko baino gehiagoko proiektuen betetze-mailari, eta, horretarako, proiektuaren koordinatzaile diharduen agenteak aurkeztutako dokumentazioan oinarrituko da. Proiektuan parte hartzen duen agente onuradun bakoitzak aurkeztutako informazioa erabiliko da dokumentazio hori egiteko.

Dokumentazio hori memoria zientifiko bat izango da, IV-S eranskinean azaltzen den eskemari jarraituz egindakoa. Memoria zientifiko horretan, proiektua nola dagoen deskribatuko da, egindako jardueren azalpena egingo da, eta baita exekuzio ekonomikoari buruzko laburpena ere.

Memoria zientifikoak jarraipenaren urte naturalean (urtarriletik abendura) egindako jarduerak jasoko ditu, eta hurrengo urteko otsailaren 28a baino lehen aurkeztuko da. Azken ekitaldian ez da jarraipen-memoriarik egin beharko, horren ordez, amaierako justifikazioa egingo baita.

Memoria proiektuaren koordinatzaileak sinatuko du.

3.– Elkarlaneko proiektuen agente onuradunek Dirulaguntzen Lege Orokorraren 30.6 artikuluan ezarritakoaren arabera egin beharko dute justifikazioa.

Proiektua amaitzean, artikulu honen 4. puntuan xedatzen diren epeen arabera, agente onuradunek justifikazio-agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

i) Justifikazio-memoria zientifiko global bakar bat, proiektu bakoitzeko, IV-A eranskineko eskemaren arabera egina. Memoria zientifikoak hauek zehaztuko ditu: egindako jarduerak, planteatutako helburuen lorpen-maila edo aurrerapena, eta lortutako emaitzak. Memoria proiektuaren koordinatzaileak sinatuko du.

ii) Parte hartzen duen agente bakoitzaren justifikazio-memoria ekonomikoa (Excel), agente onuradun bakoitzaren legezko ordezkariak sinatua (IV-B eranskina). Memoria ekonomikoarekin batera, fakturen kopiak aurkeztuko dira, eta, hala badagokio, ikertzaileek proiektuan sartutako orduen kostuaren ziurtagiria, justifikazio-epealdiko gastuak agiri bidez egiaztatzeko. Horretarako, egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak. Jatorrizko fakturak agente onuradunean artxibatu beharko dira, gehienez ere bost urtez, justifikazio-epealditik kontatzen hasita, eta eskuragarri egongo dira Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzak egiten duen edozein egiaztapenerako.

4.– Laguntza zuzenean ordainduko zaie agente onuradunei, honela:

a) Ikerketa sanitarioa sustatzea:

i) Lehenengo urteari (2021) dagokion laguntzaren zenbatekoa berehala emango zaie agente onuradunei, laguntza onartu dela egiaztatu ondoren –onarpen hori espresua edo isilbidezkoa izan daiteke, 13.4 artikuluari jarraikiz–.

ii) 2022., 2023. eta 2024. urteetako ordainketa egingo da, hala badagokio, Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzak proiektuaren jarraipen-memoria zientifikoa onartu eta gero (15. artikulu honen 2. puntuan aipatutakoa). Koordinatzaile diharduen agenteak urtero bidaliko dio memoria hori Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari, hurrengo urteko otsailaren 28a baino lehen.

iii) Azken urtekoaren ordainketa ez da izango ekitaldi horretarako emandako dirulaguntzaren % 100, baizik eta % 80. Gainerako % 20a baldintzapean geratuko da, eta azken agiri-justifikazioa entregatu eta onartu ondoren ordainduko da, 15. artikulu honen 3. puntuan ezarritakoaren arabera. Amaierako dokumentazioa aurkezteko epea hiru hilabetekoa izango da, diruz lagundutako proiektua amaitu ondoren zenbatzen hasita.

b) Ikerketa sanitarioko jarduerak areagotzea.

i) Lehenengo urteari (2021) dagokion laguntzaren zenbatekoa berehala emango zaio agente onuradunari, laguntza onartu dela egiaztatu ondoren –onarpen hori espresua edo isilbidezkoa izan daiteke, 13.4 artikuluari jarraikiz–.

ii) 2022. eta 2023. urteetako ordainketa egingo da, hala badagokio, Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzak proiektuaren jarraipen-memoria zientifikoa onartu eta gero (15. artikulu honen 2. puntuan aipatutakoa). Agente onuradunak urtero bidaliko dio memoria hori Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari, hurrengo urteko otsailaren 28a baino lehen.

iii) Azken urtekoaren ordainketa ez da izango ekitaldi horretarako emandako dirulaguntzaren % 100, baizik eta % 80. Gainerako % 20a baldintzapean geratuko da, eta azken agiri-justifikazioa entregatu eta onartu ondoren ordainduko da, 15. artikulu honen 3. puntuan ezarritakoaren arabera. Amaierako dokumentazioa aurkezteko epea hiru hilabetekoa izango da, diruz lagundutako proiektua amaitu ondoren zenbatzen hasita.

c) Osasunari buruzko ikerketa estrategikoak bultzatzea:

i) Emandako laguntzaren zenbatekoaren % 80 berehala transferituko zaie agente onuradunei, laguntza onartu dela egiaztatu ondoren –onarpen hori espresua edo isilbidezkoa izan daiteke, 13.4 artikuluari jarraikiz–.

ii) Gainerako % 20a amaierako justifikazio-dokumentazioa entregatu eta onartu ondoren ordainduko da –dokumentazioak 2021eko ekitaldian egin den jarduera guztia jasoko du (abenduaren 31ra arte egindako gastuekin), IV-A eranskina (memoria zientifikorako) eta IV-B eranskina (memoria ekonomikorako) erabilita–, 15. artikulu honen 3. puntuan ezarritakoaren arabera. Amaierako memoriak (zientifikoa eta ekonomikoa) aurkezteko azken eguna 2022ko otsailaren 28a izango da.

d) Interes bereziko ekintza osagarriak:

i) Emandako laguntzaren zenbatekoaren % 80 berehala transferituko zaie agente onuradunei, laguntza onartu dela egiaztatu ondoren –onarpen hori espresua edo isilbidezkoa izan daiteke, 13.4 artikuluari jarraikiz–.

ii) Gainerako % 20a amaierako justifikazio-dokumentazioa entregatu eta onartu ondoren ordainduko da –dokumentazioak 2021eko ekitaldian egin den jarduera guztia jasoko du (abenduaren 31ra arte egindako gastuekin), IV-A eranskina (memoria zientifikorako) eta IV-B eranskina (memoria ekonomikorako) erabilita–, 15. artikulu honen 3. puntuan ezarritakoaren arabera. Amaierako memoriak (zientifikoa eta ekonomikoa) aurkezteko azken eguna 2022ko otsailaren 28a izango da.

Onuradunei emandako funtsekin sortutako finantza-etekinek ez dute handiagotuko dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.– Amaierako memoriekin batera, hala badagokio, hauen kopia bana aurkeztuko da: proiektua gauzatzearen ondorioz sortu diren argitalpenak, tesiak, gradu amaierako proiektuak, kongresuetan eginiko komunikazioak eta bestelako dokumentuak. Horietan guztietan, eta geroago sor litezkeenetan, berariaz aipatu behar da Osasun Sailak emandako laguntza. Ikerketaren emaitzak ahalik eta erabiltzaile gehienek ezagut ditzaten, Osasun Sailak finantzatutako proiektuei buruzko artikuluak argitara emango dira, eta, horretarako, sarbide libreko aldizkariak erabiliko dira, bai eta argitaratu eta urtebetera eskuratzeko moduan egongo direla bermatzen dutenak ere.

6.– Halaber, amaierako memoriekin batera aurkeztuko da, hala badagokio, jarduerak gauzatu direla dokumentatzen duten bestelako entregagaien kopia bat, zehazki interes bereziko ekintza osagarriei buruzkoak.

7.– Agente onuradunak ikusiko balu, justifikatutako arrazoiengatik ezin duela finantzatutako ikerketa-proiektua gauzatu, ahalik eta azkarren jakinarazi beharko dio Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari, eta proiektuaren garapen zientifikoaren egoerari buruzko txostena eta balantze ekonomikoa ere aurkeztu beharko dizkio.

8.– Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzak, espedientea aztertu ondoren, Osasuneko sailburuordeari proposatuko dio dagokion laguntzaren likidazioa egiteko erabakia har dezala, eta zehaztu dezala zer kopuru itzuli behar den, hala egin behar bada.

9.– Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzak, komenigarria dela uste badu, proiektuari jarraipen hobea egiten lagunduko duen informazio osagarria aurkezteko eska dezake.

16. artikulua.– Dirulaguntza emateko baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako edozein baldintza aldatzen bada, eta beste edozein erakunde publiko zein pribatutatik beste dirulaguntzaren bat aldi berean jasotzen bada, laguntzaren zenbatekoa aldatu ahal izango da. Ondorio horietarako, Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzak izango du zenbateko-murrizketaren espedientea hasteko eta izapidetzeko eskumena, eta Osasuneko sailburuordeak horren gaineko ebazpena ematekoa.

2.– Proiektuaren garapen-prozesuan, gastu jakin batzuetara bideratutako zenbateko partzial batzuetan aldaketak egitea beharrezkoa dela iritziz gero –betiere, laguntzaren guztizkoa gainditu gabe–, aldez aurretik, proiektuko ikertzaile nagusiak idatziz egin beharko du eskabidea, horretarako arrazoiak emanez, eta agente onuradunaren legezko arduradunaren oniritziarekin. Deialdi honen ondorioetarako, 14. artikuluaren 2. apartatuan xedatutakoaren arabera, laguntza-eskabidean aurreikusitako kontzeptuekiko gastu-desbideratzea ez da aldaketatzat jotzen, baldin eta % 20 gainditzen ez badu. Era berean, idatziz eskatu beharko da, aldez aurretik eta behar bezala arrazoituta, metodologian, lan-plangintzan edo ikertaldearen osaeran aldaketak egitea.

Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari zuzenduko zaio eskabidea.

3.– Proiektuaren amaiera atzeratzen bada –agente onuradunaren borondatearekin zerikusirik ez duten eta behar bezala justifikatzen diren arrazoiengatik–, eta hasiera batean proiektua gauzatzeko ezarritako epea bukatu baino lehen idatziz eskatzen bada –zenbateko luzapena eskatzen den zehaztuta–, Osasuneko sailburuordeak proiektua amaitzeko epea luzatu ahal izango du. Luzapen hori ez da izango proiektua egiteko hasieran aurreikusi zen epearen iraupenaren erdia baino handiagoa, eta galdutako denborarekiko proportzionala izango da. Argitalpenei buruzko gastuak egikaritzeko luzapen-eskabideak ez dira aintzat hartuko.

17. artikulua.– Erakunde onuraduna aldatzea.

1.– Erakunde onuradunean aldaketak egiteko, laguntza ematen duen organoaren baimena beharko da, baldintza hauek betez:

a) Erakunde onuradun berriak laguntzaren onuradun izateko bete behar diren baldintzak eta eskakizunak bete beharko ditu, agindu honetan xedatuarekin bat.

b) Erakundea aldatzeko eskaerak hauek hartuko ditu barnean:

i) Ikertzaile nagusiaren, erakunde onuradunen zuzendaritzaren eta aldaketa eskatzen duen erakundearen legezko erantzuleen, eta erakunde onuradun berriaren aldaketa-onarpena.

ii) Eskaeraren justifikazio arrazoitua (aldaketaren arrazoiak).

iii) Erabili ez diren funtsak erakunde onuradun berriari eskualdatzeko konpromisoa.

c) Hurrengo urteei dagokien dirulaguntza ordainduko zaio erakunde onuradun berriari.

d) Jatorrizko erakunde onuradunak eta erakunde onuradun berriak laguntzekin lotutako jarraipen- eta justifikazio-betekizunak bete beharko dituzte.

2.– Erakunde onuraduna aldatzeko baimena eman ahalko da ikerketa sanitarioko jarduera sustatzeko lerroan soilik (6.1 artikulua).

18. artikulua.– Ez-betetzeak eta dirua itzultzea.

1.– Ez-betetzea eragingo duten kasuak izango dira honako hauek, eta jasotako dirulaguntzak itzuli beharra ekarriko dute:

a) Emakida-ebazpenaren baliorik eza, DLOaren 36. artikuluan xedatutakoaren arabera.

b) Dirulaguntza lortzea hartarako eskatzen diren baldintzak faltsutuz.

c) Osorik edo zati batean ez betetzea ez helburua, ez jarduera ezta proiektua ere, edo ez hartzea dirulaguntza eman izanaren oinarrian dagoen jarrera.

d) Honako hauetan ezarritako bestelako kausak: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikulua, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 37. artikulua, eta Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorraren 91., 92. eta 93. artikuluak.

2.– Dirulaguntzen Lege Orokorraren 37.1 artikuluan –legea oinarrizkoa delako– eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeen eta itzulketaren sistema arautzen duena), ez-betetzea dagoen kasuetan, laguntza eskuratzeko eskubidea galdu eta, hala badagokio, jasotako diru kopuruak eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola ezarriko da, prozedurazko izapideak egin ondoren, egoki izan daitezkeen gainerako ekintzak eragotzi gabe.

Aipatutako diru kopuru guztiak diru-sarrera publikotzat hartuko dira, ondorio guztietarako. Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendariak izango du ez-betetzearen espedientea hasteko eta izapidetzeko eskumena, eta Osasuneko sailburuordeak, hura ebaztekoa.

3.– Ez-betetzea dela eta laguntza itzuli behar izanez gero, laguntza jaso duen agente onuraduna izango da erantzule Osasun Sailaren aurrean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, ebazpena aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VI. tituluaren III. kapitulua; eta Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorrean eta horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 18a.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana