Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

115. zk., 2021eko ekainaren 14a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3384

AGINDUA, 2021eko maiatzaren 26koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietako liburu-funtsak berritu edo/eta handitzeko dirulaguntzen 2021eko deialdia egiten duena.

Euskadiko Liburutegiei buruzko urriaren 26ko 11/2007 Legeak 20.4 artikuluan ezartzen duenez, Eusko Jaurlaritzan kulturaren alorreko eskumena duen sailak liburutegietako funtsak handitzeko laguntza-programak ezarriko ditu urtero bere aurrekontuetan.

Era berean, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio liburutegien alorreko eskumenak, horixe xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 14.1.c) artikuluan.

Horiez gain, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuaren arabera, Liburutegi Zerbitzuaren eskumena da Euskadiko Liburutegien Sistemari dagozkion egitekoak garatzea eta gauzatzea.

Araudi horrekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko Irakurketa Sare Publikoaren barruan dauden liburutegietako titularrekin batera, bere gain hartu du liburutegi horiek funtsez hornitzeko ardura, Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan erabiltzaileen beharrei behar bezala erantzuteko, betiere.

Era berean, agindu hau Sailaren 2021-2024 epealdiko Dirulaguntza Plan Estrategikoan eta 2021eko Dirulaguntzen Urteko Planean jasota dago. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bidez onetsi ziren bi plan horiek eta Sailaren webgunean argitaratu ziren, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/sail-plana/sailaren-diru-laguntzen-plan-estrategikoa-2021-2024/

Hori guztia otsailaren 11ko 1/2021 Legean bildutako aurrekontu-kredituan jasota dago. Lege horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dira.

Hori guztia kontuan hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietako liburu-funtsak hornitu edo/eta berritzeko dirulaguntzen 2021eko deialdia egitea.

2. artikulua.– Diru-baliabideak.

1.– Agindu honen bidez deitutako dirulaguntzetarako, 1.100.000,00 euro erabiliko dira, gehienez.

2.– Zenbateko globala honela banakatuko da:

a) 50.000.00 euro, gehienez, liburutegi sortu berriek funts-sortak eskuratu ditzaten.

b) 1.050.000,00 euro, lehendik dauden liburutegiek liburu-funtsak berritu ditzaten.

3.– Liburutegi sortu berriek funts-sortak eskuratzeko zenbatekoa agortzen ez bada, lehendik dauden liburutegiek liburu-funtsak berritzeko erabiliko da diru hori.

3. artikulua.– Izapidetzea.

1.– Erakunde interesdunek, prozedura honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko, bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte nahitaez, honako hauen bidez: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoa eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan jasotako gainerako erregistro elektronikoak.

2.– Izapidetzeko-jarraibideak, ereduak eta eskabide-inprimakia eskuragarri jarriko dira administrazio-prozedurari buruzko informazio-fitxan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1037509

3.– Eskaera egin osteko izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoen egoitza elektronikoaren bidez egingo dira, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutakoak, helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

5.– Eskaera eta ondorengo izapideak ordezkari baten bidez ere egin ahal izango dira elektronikoki, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

4. artikulua.– Pertsona onuradun izateko eskakizunak.

1.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradun izan daitezke liburutegi publikoen titular diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalak, toki-erakunde eskudunak eta udal liburutegi publikoen arloko zereginak esleituta dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko udal erakundeak.

Udalerri bakoitzean erakunde onuradun bakarra egon daiteke. Beraz, udalerri batean eskaera bat baino gehiago badago, udalaren eskaerak lehentasuna izango du gainerako erakunde eskatzaileen aurretik.

Eskatzaile bat baino gehiago badago eta horietako bat ere ez bada udala, liburutegi gehien kudeatzen duen erakundeak izango du lehentasuna. Azken kasu horretan, erakunde eskatzaileek liburutegi-kopuru bera kudeatzen badute, liburu-funtsen kopuru handiena duenak izango du lehentasuna.

2.– Ezingo dute laguntzarik eskuratu dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko zehapen administratibo edo penalen bat duten erakundeek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekuren bat dutenek ere. Ezingo dute laguntzarik eskuratu, halaber, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan jasotako gorabeheraren batean dauden entitateek.

Halaber, ezingo dute agindu honetako dirulaguntzarik eskatu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten pertsona juridikoek, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen indarrez jarritako zehapenen ondorioz debeku hori dutenek ere.

3.– Erakunde onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluko e) letran jasota dagoen bezala, eta ordainduta izan beharko dituzte dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2 artikuluko g) letran eta, oro har, 13. artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Eskakizun hauek ere nahitaez bete behar dira:

1) Liburutegi sortu berriei funts-sortak erosteko dirulaguntzak emateko:

a) Erakunde eskatzaileak 2021ean partida ekonomiko propio bat izatea, edo 2020an exekutatu izana, liburutegi sortu berria(k) funtsez hornitzeko, edo 2021ean diru-ekarpen hori egiteko konpromisoa hartzea. Partida horren gutxieneko kopurua agindu honen 11. artikuluaren arabera bere biztanle-taldeari dagokion kopuruaren 1/4 adinakoa izango da.

b) Dirulaguntza jasoko du(t)en liburutegia(k) Euskadiko Irakurketa Sare Publikoaren barruan sartuta egotea, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako.

c) Liburutegi horiek sortuak izatea eta jardunean egotea 2020ko urtarrilaren 1etik agindu honetan eskabideak aurkezteko ezarritako azken egunera bitartean, eta helburu horretarako beste inolako dirulaguntzarik jaso ez izana Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskutik.

d) Liburutegi sortu berriak izatea, eta ez lehendik zirenak eta berriz zabaldu direnak.

e) Liburutegi berriak etengabe jardunean izatea, eta ez aldizkako zerbitzu bereziak izatea edo aldian behingo ekitaldietarako sortuak.

f) Liburutegi berrien titulartasuna udalarena edo toki-erakunde eskudunarena izatea, edota tokiko kapital publikoak % 100eko partaidetza duen entitate publiko batena.

2) Lehendik dauden liburutegiei funtsak berritzeko dirulaguntzak emateko:

a) Entitate eskatzaileak 2021ean partida ekonomiko propio bat izatea liburu-funtsak berritzeko, edo 2021ean diru-ekarpen hori egiteko konpromisoa hartzea. Partida horren gutxieneko kopurua agindu honen 11. artikuluaren arabera bere biztanle-taldeari dagokion kopuruaren 1/4 adinakoa izango da.

b) Dirulaguntza jasoko duten liburutegiak Euskadiko Irakurketa Sare Publikoaren barruan sartuta egotea.

c) Eskaera aurkezten den egunean liburutegi hori(ek) jardunean egotea.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduera eta gastuak.

1.– Diruz lagundu ahal izango dira liburuak, aldizkako argitalpenak, soinu-materialak eta ikus-entzunezkoak erostea; horiek guztiak Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietako funtsen katalogokoak izatera pasako dira.

Dirulaguntza horiek honako funts hauek erosteko diru-ekarpenak izango dira:

1) Liburutegi sortu berrietarako funts-sortak eskuratzeko.

2) Lehendik dauden liburutegietako funtsak berritzeko.

Bi kasuetan, gutxienez dirulaguntzaren % 25 euskaraz argitaratutako obrak erosteko erabili behar da nahitaez.

2.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakora egokituko dira. Zehazki, egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak. Halaber, diruz lagundu daitezkeen gastuen zenbatekoak gainditu egiten baditu Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean ezarritako zenbatekoak, erakunde onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik.

3.– Erakunde onuradunak dirulaguntzaren xede den jarduera azpikontratatu ahal izango du, eta, horretarako, zorrotz bete beharko ditu artikulu hauetan ezarritako betekizunak: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta lege hori garatzen duen Erregelamenduaren 68. artikuluan (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsia).

6. artikulua.– Erakunde eskatzaileen betekizunak egiaztatzea.

1.– Organo instrukzio-egileak automatikoki egiaztatuko du erakunde onuradunek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituztela, haiei baimenik eskatu beharrik izan gabe. Nolanahi ere, eskatzaileak organo instrukzio-egilearen ofiziozko egiaztatze horren aurka ager daitezke, horretarako arrazoiak emanda. Hala eginez gero, ordea, kasuan kasuko egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.

2.– Eskabidea formatu elektronikoan egiteko inprimaki-ereduak barnean hartuko ditu beharrezko erantzukizunpeko adierazpenak, honako alderdi hauei buruzkoak:

– Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso badira beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik, horren berri eman beharko da.

– Erakunde eskatzaileak adieraziko du ez dagoela dirulaguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen duen lege-debekuren baten eraginpean, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoaren arabera.

– Erakunde eskatzaileak adieraziko du ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan ezarritako gainerako debeku-egoeretan.

– Erakunde eskatzaileak adieraziko du, halaber, eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.

3.– Eskabidea legez eratutako toki-erakundeek edo liburutegi publikoen arloan eskumena dutenek egiten badute, agiri bidez egiaztatu beharko dute beren helburuen artean liburutegi publikoaren zerbitzua edo eskumena elkarrekin kudeatzea dagoela.

Eusko Jaurlaritzak lehendik baldin badauka agiri hori, eskatzaileak ez du zertan berriro aurkeztu, baina zer prozeduratan eta zer organori aurkeztu zion adierazi beharko du.

7. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Hilabetekoa izango da agindu honetan araututako eskabideak aurkezteko epea, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, agindu honen 3. artikuluan adierazitako egoitza elektronikoan.

Entitate eskatzaileek eskabidea eta agiriak euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

8. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

Kultura Ondarearen zuzendariari dagokio agindu honen bidez araututako dirulaguntzak kudeatzeko egin beharrekoak egitea.

9. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

1.– Ikusiz gero falta direla eskabidea izapidetzea onartzeko eskatzen diren agiriak edo horietan forma-akatsak daudela, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako agirietan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari huts-egitea konpontzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio, hori egin ezean, ulertuko dela haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela; betiere, aurrez dagokion ebazpena emango da.

2.– Erakunderen batek aurrez aurre aurkezten badu eskabidea, bide elektronikoz aurkeztu beharra jakinaraziko zaio. Ildo horretatik, eskabidearen aurkezpen-eguntzat hartuko da bide hori erabilita egin zenekoa.

10. artikulua.– Eskaerak ebaluatzea.

Kultura Ondarearen zuzendariari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea, bai eta dagokion ebazpen-proposamena egitea eta Kulturako sailburuordeari helaraztea ere.

11. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa zehazteko prozesua eta zenbatekoen mugak.

Laguntzak eskuratu ahal izateko ezarritako eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituzten eskatzaileen artean banatuko dira agindu honen 2. artikuluan zehaztutako laguntza-ildo bakoitzaren diru-baliabideak.

1.– Liburutegi sortu berrietarako funts-sortak eskuratzeko dirulaguntzaren zenbatekoa finkatzeko orduan, prozedura hau beteko da.

Liburutegi sortu berrien funts-sortei dagokien lerroan hasiko da banaketa, eta jarraian azaltzen diren zenbatekoak esleituko dira, biztanleria-irizpidearen arabera egindako taldeak aintzat hartuz:

Biztanleria: zenbatekoa (euroak)

1etik 250era: 3.000,00

251tik 500era: 4.000,00

501etik 750era: 5.000,00

751tik 1.000ra: 6.000,00

1.001etik 1.500era: 7.000.00

1.501etik 2.000ra: 8.000.00

2.001etik 2.500era: 9.000,00

2.501etik 3.000ra: 10.000,00

3.001etik 4.000ra: 11.000,00

4.001etik 5.000ra: 12.000,00

5.001etik 7.500era: 13.000,00

7.501etik 10.000ra: 14.000,00

10.001etik gora: 15.000,00

Biztanleen kopuruak ez die nahitaez erakunde onuradunaren udalerriko biztanle guztiei erreferentzia egiten, baizik eta diruz lagundu nahi d(ir)en liburutegi(ar)en eragin-eremuko biztanleei.

Agindu honen 2.2.a) artikuluan adierazitako zenbatekoa nahikoa bada horrela kalkulatutako zenbatekoak ordaintzeko, kopuru horien arabera banatuko dira dirulaguntzak, eta, soberakinik geratzen bada, funts bibliografikoak berritzeko laguntzetara bideratuko da.

Kalkulatutako kopuruen batura orokorrak banatzeko dagoen zuzkidura gainditzen bada, kopuru horien zenbatekoa proportzionalki murriztuko da, laguntzen bolumen osoak zuzkidura horrekin bat egin arte.

2.– Ondoren, liburutegiko funtsak berritzera bideratutako dirulaguntzen lerroari dagokion zuzkidura banatuko da.

a) Dauden diru-baliabideak agindu honetan ezarritako eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituzten erakunde eskatzaileen artean banatuko dira.

b) Eskatzaile bakoitzari eman beharreko kopuru zehatza zehazteko, biztanleria-irizpidea aplikatuko da.

c) Banatu beharreko diru-kopurua zehazteko, honako irizpide hau erabiliko da:

Biztanleria-irizpidea: erakunde onuradunaren udalerriak zenbat biztanle dituen hartuko da kontuan. Horretarako, biztanleen araberako multzoak ezartzen dira, zeinei indize homologatu batzuk eta indize zuzentzaile batzuk aplikatuko baitzaizkie: zenbat eta biztanle gutxiago izan onuradunek, orduan eta handiagoak izango dira indize zuzentzaileak.

– Biztanleria homologatua (P)

Herri guztiak biztanle-kopuruaren arabera sailkatzen dira, eta, horrela, herrien P balore homologatua lortzen, sailkapen honen arabera:

Biztanleria: P

0tik 1.000ra: 1.000

1.001etik 2.000ra: 2.000

2.001etik 3.000ra: 3.000

3.001etik 4.000ra: 4.000

4.001etik 5.000ra: 5.000

5.001etik 10.000ra: 10.000

10.001etik 15.000ra: 15.000

15.001etik 20.000ra: 20.000

20.001etik 25.000ra: 25.000

25.001etik 30.000ra: 30.000

30.001etik 40.000ra: 40.000

40.001etik 50.000ra: 50.000

50.001etik 60.000ra: 60.000

60.001etik 70.000ra: 70.000

70.001etik 80.000ra: 80.000

80.001etik 90.000ra: 90.000

90.001etik 100.000ra: 100.000

100.001etik 125.000ra: 125.000

125.001etik 150.000ra: 150.000

25.000tik 25.000ra jarraitzen du, bai biztanleriaren tarteetan, bai P-ri dagokionez ere.

Adibideak: 3.248 biztanleko populazioa duen udalerri bat 4.000rekin parekatuko litzateke, eta 54.949 biztanlekoa duen beste bat 60.000rekin.

Indize zuzentzailea (IZ)

Honako koefiziente zuzentzaile hau ezarriko da:

Biztanleria: IZ

0tik 3.000ra: 1,6

3.001etik 5.000ra: 1,4

5.001etik 30.000ra: 1,2

30.001etik 100.000ra: 1

100.001etik aurrera: 0,8

d) Formula.

Formula hau aplikatuta kalkulatuko da dirulaguntza:

– Dirulaguntza = DK * B / BB

– Faktoreak:

– DK: agindu honetara bideratutako baliabide ekonomikoak, liburu-funtsak berritzera bideratutakoak, gehi, hala badagokio, liburutegi sortu berrientzako zuzkiduratik agortu gabeak.

– B: erakunde onuradun bakoitzari dagokion balorea, hau da, eskatzaile bakoitzaren P eta IZ faktoreen biderkadura.

– BB: erakunde onuradun guztien B baloreen batura.

Formula hori aplikatzetik ateratzen den kopurua izango da dirulaguntzaren gehieneko muga, eta, gainera, ezin izango da inola ere izan erakunde eskatzaileak xede honetarako bideratutako baliabide propioen % 400 baino handiagoa izan, ezta 150.000,00 euro baino handiagoa ere. Beraz, ondoren aurreikusitako irizpideen arabera kalkulatutako hasierako zenbatekoa handiagoa bada adierazitako muga horiek baino, baimendutako mugetaraino murriztuko da kopuru hori.

Murrizketen ondorio den soberakinaren kopuru orokorra murrizketek eragin ez dieten gainerako eskaeren artean banatuko da, aipatutako formula aplikatuz, eta ateratzen diren kopuruak aurretik lortutakoei gehituko zaizkie. Soberakinak banatzeko eragiketa hori behar adina aldiz egingo da, zuzkidura agortu arte, hala dagokionean, edo horrela zehaztutako dirulaguntza guztien zenbatekoak baimendutako gehienekoetara iritsi arte.

3.– Azken dirulaguntza ez da inolaz ere egindako gastu guztiaren % 80 baino handiagoa izango. Dirulaguntza justifikatzeko eta likidatzeko agirietan ikusten bada baldintza hori ez dela betetzen, dirulaguntza murriztuko da behar den heineraino.

12. artikulua.– Bateragarritasunak.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribaturen batek helburu bererako emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntza dagokion gehienezko mugaraino murriztuko da.

13. artikulua.– Ebazpenak, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazpen-modua eta publikotasun-prozedura.

1.– Kulturako sailburuordeari dagokio, Kultura Ondarearen zuzendariak egindako proposamena ikusita, deialdi honetako esleipen-ebazpenak ematea. Ebazpen horietan, honako informazio hau adieraziko da: eskatutako dirulaguntza ematea, ukatzea eta, hala badagokio, ez onartzea; ematen bada, erakunde onuradunaren izen soziala eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko dira. Ukapenen eta onartu gabe geratzen direnen kasuan, eskatzaileen izena edo izen soziala eta eskabidea ez onartzeko zergatiak azalduko dira.

2.– Hartutako ebazpenak bide elektronikoz jakinaraziko zaizkie erakunde interesdunei, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira. Errekurtsoak aurkezteko kontuan hartu beharreko data, lehenik egiten den jakinarazpen edo argitalpenarena izango da.

Ebazpena bide elektronikoz jakinarazi eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeaz gainera, abisu bat bidaliko da interesdunak adierazitako gailu elektronikora edo posta elektronikoko helbidera, jakinarazpena egoitza elektronikoan eskuragarri duela aditzera emateko. Abisu hori ez emanagatik ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da.

3.– Aurreko lerrokadan aipatzen diren ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote erakunde interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpenak jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

4.– Sei hilekoa izango da prozedura ebazteko eta ebazpena pertsona interesdunei jakinarazteko gehieneko epea, agindu hau aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan xedatutako ondorioetarako.

5.– Aurreko paragrafoan esandakoa gorabehera, agindu honen 9. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar bada, ebazpena emateko epea eten egingo da izapide horrek eskatzen duen bezainbat denboraz, jakinarazpena jaso eta horri erantzuteko epearen arabera.

14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten erakunde onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela jakitera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean ez badiote dirulaguntzari espresuki uko egiten, onartu dutela ulertuko da.

b) Jarduera aurrera eramatea, edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

c) Dirulaguntza eman duen erakundeari justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera aurrera eraman dela. Besteak beste, erakundeak egunean izan behar ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko zorrak ere.

d) Laguntza eman duen erakundeak egiten dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak burutzen duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratzen diren laguntza edo dirulaguntzei dagokienez, eta, gainera, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien mende ere egotea.

e) Beste edozein administraziok, erakunde publikok edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea dirulaguntza eman duen erakundeari.

f) Dirulaguntza jasotzeko kontuan hartu zen edozein egoera objektiboren edo subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea dirulaguntza eman duen erakundeari.

g) Beste erakunde publiko zein pribatu batzuei xede bererako laguntzarik eskatu bazaie, eta agindu honetako dirulaguntzetarako eskabidea aurkezteko unean ebatzi gabe bazeuden edo haien egoeraren berririk ez bazen, laguntza horien egoera zein den adieraztea.

h) Sexismorik gabeko hizkera erabiltzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak agintzen duenari jarraituz. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatzea.

i) Laguntza zertarako eman den, hartarako erabiltzea.

j) Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan jasotako betebeharrak.

k) Laguntza hauek jasotzen dituen onuraduna behartuta dago liburutegi informatizatuetako katalogoak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren esku jartzera, hain zuzen ere Euskadiko Katalogo Kolektiboan (Bilgunea) sar daitezen eta, horrela, herritarrek liburutegietan eskuragarri dauden funtsen berri izan dezaten.

15. artikulua.– Justifikazioa, likidazioa eta ordainketa.

1.– Dirulaguntzak ordainketa bakar batean emango dira, aurreko paragrafoetan jasotakoaren arabera laguntza horiek justifikatu ondoren.

2.– Bide telematikoen bidez baino ez dira aurkeztuko dirulaguntza justifikatzeko agiriak, 2021eko abenduaren 31 baino lehen.

3.– Betiere, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 30. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

4.– Dirulaguntzak justifikatzeko agirien artean, kontu-hartzailearen edo idazkari kontu-hartzailearen «Justifikazio-ziurtagiria» aurkeztu beharko da, honako informazio hau duela: egindako gastuak eta, halakorik balego, helburu bererako jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen zerrenda. Ziurtagiri hori eskuragarri dago administrazio-prozedurari buruzko informazio-fitxan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1037509 Halaber, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita, gastuak egin direla egiaztatzeko, fakturak aurkeztu beharko dira, bai eta zuzenbide- eta merkataritza-zirkulazioan froga-balio baliokidea duten edo administrazio-efikazia duten gainerako dokumentuak ere, betiere zorrotz beteta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamenduko 73. artikuluan bildutako betekizunak (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori).

Aurkeztutako agiriak jasota eta aztertuta, edo epe hori igarota, Kultura Ondarearen zuzendariak likidazio-ebazpenaren proposamena helaraziko dio Kulturako sailburuordeari, ebazpena eman dezan bi hilabeteko epean, justifikazioak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik aurrera.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

Hauek dira ez-betetzeak:

a) Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza emateko ebazpenean adierazitako baldintzak ez betetzea.

c) Dirulaguntzen arloko beste xedapenen batek orokorrean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea; batik bat, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatutakoak.

Horrelako ez-betetzeren bat gertatu dela egiaztatzen bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio jasotako zenbatekoak –osorik edo partez– eta berandutze-interesak, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37.1 artikuluarekin bat etorriz, eta honako xedapen hauetan xedatutakoa betez: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horien itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datu pertsonalak babestearen arloko informazio-klausula.

Arduraduna: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.

Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz, Araba.

Telefonoa: 945 01 80 00

Web-orria: https:/euskadi.eus

Xedea: agindu honen xedea da Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietako liburu-funtsak handitu edo/eta berritzeko laguntzak edo dirulaguntzak kudeatzea.

Legitimazioa: interes publikoko edo tratamenduaren arduradunari emandako ahalmen publikoei loturiko egitekoren bat gauzatzeko behar den tratamendua (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra).

Hartzaileak: arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: zuk eskubidea duzu zure datuak eskuratu, zuzendu eta ezerezteko, bai eta tratamendua mugatu zein aurkaratzeko ere, informazio gehigarrian azaltzen den moduan.

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, jo web orri honetara: https://www.euskadi.eus/rgpd/1037509

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 26a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala