Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

114. zk., 2021eko ekainaren 11, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
3352

EBAZPENA, 2021eko maiatzaren 26koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bitartez Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) arteko kudeaketa-gomendioari buruzko akordioa argitaratzen baita, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak programatutako edo baimendutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten langabeei eta landunei zuzendutako euskarazko hizkuntza-gaikuntzako ikastaroak egiteko.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) aipatutako akordioa sinatu dute, eta, beharrezko zabalkundea emateko xedez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) arteko kudeaketa-gomendioari buruzko akordioaren testua, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak programatutako edo baimendutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten langabeei eta landunei zuzendutako euskarazko hizkuntza-gaikuntzako ikastaroak egiteko.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 26a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

ERANSKINA
2021EKO KUDEAKETA-GOMENDIOARI BURUZKO AKORDIOA, LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUAREN ETA HELDUEN ALFABETATZE ETA BERREUSKALDUNTZERAKO ERAKUNDEAREN (HABE) ARTEKOA, LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUAK PROGRAMATUTAKO EDO BAIMENDUTAKO PRESTAKUNTZA-EKINTZETAN PARTE HARTZEN DUTEN LANGABEEI ETA LANDUNEI ZUZENDUTAKO EUSKARAZKO HIZKUNTZA-GAIKUNTZAKO IKASTAROAK EGITEKO

Alde batetik, Idoia Mendia Cueva andrea, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluko kontseiluburu gisa.

Eta, beste aldetik, Bingen Zupiria Gorostidi jauna, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeko (HABEko) presidente gisa.

ADIERAZTEN DUTE

Lehenengoa.– Urriaren 13ko 3/2011 Legearen arabera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua izaera administratiboa duen organismo autonomoa da, eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari atxikita dago. Nortasun juridiko propioa du, bai eta jarduteko gaitasun osoa ere, bere helburuak betetzeko. Haren eginkizunen artean daude enpleguko programak kudeatzea, enplegurako eta auto-enplegua sustatzeko prestakuntza ematea eta enpresak sortzea. Enplegurako prestakuntzaren barruan, langile langabeei eta landunei zuzendutako prestakuntza dago, beren enplegagarritasuna hobetu edo beren prestakuntza-curriculuma handitu nahi dutenei, dituzten itxaropen profesionalak hobeto garatzeko.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako prestakuntza profesionala agintzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian (2016ko ekainaren 7ko EHAA) ezarrita dagoenez, enplegurako Lanbide Heziketako jardueren eta programen barruan, euskaraz ikasteko programak emango dira HABE organismo autonomoarekin egindako akordioen bitartez, helburu izanik dena delako arlo profesionalean ahozko eta idatzizko komunikazio-gaitasunak garatzea, lanbide-eginkizunak hobeto betetzea edota lanbide-aukerak hobetzea.

Hirugarrena.– Langile elebidun kualifikatuen eskaerak gora egin duenez, agerian geratu da beharrezkoa dela Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak antolatutako prestakuntza-ekintza batzuk osatzea, hain zuzen ere, langabeek gaitasun profesionalak lor ditzaten. Horretarako, euskararen ezagutza eta erabilera jasotzeko edo hobetzeko prestakuntza-ekintzak egin behar dira, langabeen enplegagarritasuna hobetze aldera.

Laugarrena.– Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sortzeko eta Euskaltegiak araupetzeko azaroaren 25eko 29/1983 Legean xedatutakoaren arabera, HABE organismo administratibo autonomoa da, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikita dago, nortasun juridiko propioa du, eta gaitasun osoa du bere eginkizunak betetzeko. Haren funtzioak dira, besteak beste, herritar helduei euskara irakastea eta herritar horien euskalduntzea eta alfabetatzea sustatzea Euskal Autonomia Erkidegoan.

Bosgarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoak ez du giza baliabide eta material nahikorik hizkuntza-gaikuntzako euskarazko ikastaroak emateko. HABE erakundeak, berriz, antolakuntza eta baliabide egokiak ditu, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren beharrei arreta emateko espezialitate-baldintza onenetan.

Seigarrena.– Hori dela eta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) euskaraz ikasteko prestakuntza-ekintzen plangintza egin dute, Euskal Autonomia Erkidegoko langabeen beharrei erantzuteko, hizkuntza-gaikuntzako euskarazko prestakuntza-ekintzei dagokionez. Prestakuntza-ekintza horiek HABEren euskaltegietan egingo dira. Halaber, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan xedatutako esparruaren barruan, erabaki dute dagokion kudeaketa-aginduari buruzko akordioa formalizatzea, honako klausula hauen arabera arautuko dena:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Helburua.

Akordio honek aipatzen duen kudeaketa-gomendioaren helburua da Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) hizkuntza-gaikuntzako euskarazko jarduerak egitea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak programatutako edo baimendutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten edo parte hartu duten langile langabeei eta landunei zuzendutakoak.

Bigarrena.– Prestakuntza-eskaintza.

1.– Hizkuntza-gaikuntzako prestakuntza-plana euskarazko prestakuntza-ekintzen bidez gauzatuko da. Moduluka emango dira ekintza horiek, HABEren Erregistroan inskribatutako euskaltegien ahalmenen arabera, eta Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparruko A1, A2, B1, B2 eta C1 erreferentzia-mailekin.

2.– Agindu honen xede diren prestakuntza-ekintzak aurrez aurre emango dira, gehienez ere 350 orduko iraupenarekin, eta 2021eko urrian hasi eta 2022ko ekainaren 30a baino lehen bukatu behar dira.

Hirugarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzkidura ekonomikoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legeak esleitzen ditu agindu hau finantzatzera bideratutako baliabide ekonomiko guztiak. Agindu honen xede den prestakuntza-programazioa finantzatzera bideratuko den kreditua 400.000 eurokoa da, guztira; horietatik, 200.000 euro 2021eko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 200.000 euro 2022ko konpromiso-kredituari.

Laugarrena.– Jarduerak finantzatzea.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta HABEk finantzatu beharko dituzte kudeaketa-gomendio honetatik eratorritako jarduerak, irizpide hauetan oinarrituta:

A) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere gain hartuko ditu hizkuntza-gaikuntzako ikastaroetako maila guztietako ikasleen matrikulen gastuak, HABEk ezarritako tarifa hauetan oinarrituta:

a) Hiru lurraldeetako hiriburuetako euskaltegietan emandako ikastaroen matrikula, 3,00 euro/ordu/ikasle.

b) Hiru lurraldeetako beste udalerri batzuetako euskaltegietan emandako ikastaroen matrikula, 2,00 euro/ordu/ikasle.

B) HABEk gainerako irakaskuntza-kostuak finantzatuko ditu, erakunde horrek udal-euskaltegientzat eta euskaltegi pribatu homologatuentzat urtero egiten dituen dirulaguntzen deialdietan araututako baldintzen eta irizpideen arabera, eta, zehazki, diruz lagundu daitezkeen ikastaro-motei dagokienez.

Bosgarrena.– Funtsen transferentzia.

Honako hau izango da ordainketa-araubidea:

– Lehen ordainketa, hots, prestakuntza-programazioa finantzatzera bideratutako kredituaren % 50, lehenengo prestakuntza-ekintzaren hasieran ordainduko da, HABEren jakinarazpena jaso ondoren, bederatzigarren klausulako 3. apartatuan adierazten den moduan.

– Bigarren ordainketa, prestakuntza-planaren likidazioari dagokiona, gastua justifikatu ondoren egingo da, hamargarren klausulan aurreikusitako baldintzetan.

Seigarrena.– Prestakuntzaren hartzaileak eta baldintzak.

Euskarazko hizkuntza-gaikuntzako prestakuntza-ekintzetan parte hartu ahal izango dute langabeek edo landunek, baldin eta, euskarazko hizkuntza-gaitasunak eskuratzeko edo hobetzeko helburua izanik eta, beraz, enplegagarritasuna areagotzeko asmoa izanik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda badute eta baldintza hauek betetzen badituzte:

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako edo baimendutako kualifikazio-ekintzak egiten aritzea, profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko.

– Edo, bestela, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako edo baimendutako ekintzak egin izana 2017, 2018, 2019 edo 2020. urteetan.

– Prestakuntza-ekintza kualifikatzaileren bat egiten egonez gero, euskarazko prestakuntza aldi berean egitea, ekintza hori gauzatu bitartean baina haren ikastorduetatik kanpo.

Zazpigarrena.– Eskainitako hizkuntza-gaikuntzaren publizitatea.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren web-orrian (www.lanbide.euskadi.eus) euskarazko hizkuntza-gaikuntzako prestakuntza-ekintzen publizitatea egingo da, prestakuntza eta ikastaroei buruzko atalean. Prestakuntzaren hartzaileek behar duten informazio guztia jasoko da bertan.

Zortzigarrena.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak hautatzea.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua arduratuko da euskarazko hizkuntza-gaikuntzako prestakuntza-programan parte hartuko duten ikasleak aurrez hautatzeaz, bere datu-basean inskribatutako pertsonen artean. Era berean, hautaketa-prozesu osoa koordinatzeaz ere arduratuko da.

2.– Seigarren klausulan ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsonek hizkuntza-gaikuntzako ikastaroetan parte hartzeko eskaera egin ahal izango dute.

Eskabideak aurkezteko epea 2021eko uztailaren 15ean hasi eta 2021eko irailaren 24an amaituko da. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulego-sarearen bitartez edo organismo autonomo horren web-orriaren bitartez egin ahal izango da eskaera.

3.– Eskaera egin ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatuko du hautagaiek baldintzak betetzen ote dituzten, inskripzio-hurrenkeraren arabera eta aurrekontua agortu arte. Eskaera onartuz gero, matrikula-orria Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren web-orritik jaitsi ahal izango da (www.lanbide.euskadi.eus, Nire Lanbidenet atal pertsonalean), eta euskaltegian aurkeztu beharko da.

4.– Aurrekontua eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen agortzen bada, seigarren klausulako 1. apartatuan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskatzaileen zerrenda egingo da, Nire Lanbidenet-en izena emanda dauden hurrenkeraren arabera. Pertsona horiek erreserbako hautagai gisa identifikatuko dira, uko egiteagatik, atzera egiteagatik edo beste arrazoi batzuengatik funtsak libratuko balira ere.

Bederatzigarrena.– Euskaltegietan matrikulatzeko prozedura eta Lanbide jakinaren gainean jartzea.

1.– Eskabidea onartuta duten pertsonek matrikula-orria aurkeztu beharko dute HABEko erregistroan jasota dauden euskaltegietatik aukeratzen duten hartan, baina ez autoikaskuntzako zentroetan. Matrikula-orria aurkezteko epea 2021eko irailaren 15etik 30era bitartekoa izango da. Matrikula-orriak balioa galduko du egun horretatik aurrera.

Matrikula-orria euskaltegian izapidetu ondoren, eskatzaileak horren kopia zigilatua bidali beharko du Nire Lanbidenet bidez, edo Lanbideren bulego-sarearen bidez aurkeztu. Euskaltegiak zigilatutako kopia egindako izapidearen egiaztagiritzat hartuko da, eta aurkezteko azken eguna 2021eko urriaren 4a izango da.

Onartutako pertsonak erabakitzen badu ez jarraitzea matrikula izapidetzen, ahalik eta arinen aurkeztu beharko du ukoa, Nire Lanbidenet bidez edo Lanbideren bulego-sarearen bidez.

Matrikula-orrian, ikaslearen izena eta NANa adieraziko dira.

Matrikula-orriko atal bat prestakuntza-ekintza ematen duen euskaltegiak bete beharko du. Atal horretan, honako hauek zehaztuko dira: prestakuntza-moduluaren kodea, hasiera- eta bukaera-datak, eman beharreko ordu-kopurua eta, euskaltegiak prestatuko duen mailaketa-proba baten ondoren, ikaslearen hasierako maila.

2.– Lehenengo matrikulazio-aldia amaitu ondoren, Lanbidek erreserbako hautagaien zerrenda kudeatuko du, 2021eko urriaren 5ean eskuragarri geratu diren funtsekin.

Erreserban dauden hautagaiek, eskabidea azkenean onartzen bazaie, HABEren Erregistroan dauden eta eurek aukeratzen duten euskaltegian aurkeztu ahal izango dute matrikula-orria, Nire Lanbidenet atal pertsonalean, matrikula-orria duten unetik hasi eta 2021eko urriaren 29ra arte.

Matrikula-orria euskaltegian izapidetu ondoren, eskatzaileak horren kopia zigilatua bidali beharko du Nire Lanbidenet bidez, edo Lanbideren bulego-sarearen bidez aurkeztu. Egindako izapidearen egiaztagiritzat hartuko da kopia zigilatua, eta aurkezteko azken eguna 2021eko urriaren 29a izango da.

Onartutako pertsonak erabakitzen badu ez jarraitzea matrikula izapidetzen, ahalik eta arinen aurkeztu beharko du ukoa, Lanbideren bulego-sarearen bidez edo Nire Lanbidenet-en bidez.

3.– Matrikulazio-prozedura bukatu ondoren, HABEk euskaltegietan matrikula formalizatu duten pertsonen zerrenda helaraziko dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, 2021eko azaroaren 15a baino lehen, urrian hasitako prestakuntza-ekintzen kasuan, eta prestakuntza-ekintzak hasi eta, gehienez ere, 10 egun balioduneko epearen barruan. Agiri horretan zehaztuko du, baita ere, pertsona bakoitzak zein euskaltegi aukeratu duen, zer maila zuen hasieran, zer maila lortu nahi duen, ikastaroak noiz hasi eta noiz bukatuko diren, eta zenbat ikastordu diren parte-hartzaile bakoitzeko.

Hamargarrena.– Aldeen betebeharrak.

1.– Hauek izango dira HABEren betebeharrak, kasu bakoitzean adierazten den irismenarekin:

a) Euskaltegiekin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariekin koordinatzea eskatzaileen atxikipena euskarazko prestakuntza-moduluekiko.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak hautatutako ikasleak bere euskaltegietako prestakuntza-eskaintzan sartzea, beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide materialak jarriz.

c) Programazio honi dagozkion eta dagoeneko egin diren jarduerei Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egin dion finantzaketaren publizitatea egitea.

d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari prestakuntza-ekintzen hasiera jakinaraztea ezarritako epean.

e) Ikasleen asistentzia kontrolatzea, eta hilero horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

f) Prestakuntza-ekintzetan bajak egon badira edo norbaitek ekintzak utzi baditu, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, baita jarduerak egin bitartean gertatzen den edozein gertakariren berri ere.

g) Programari eta ikasleei buruz eskatzen duen informazio guztia ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

h) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kontrol- eta ikuskapen-lanen barruan egindako errekerimenduei erantzutea, akordio honen esku jarritako baliabideen kalitatea, eraginkortasuna eta efizientzia egiaztatzeko.

i) Ikastaroetan parte hartzen duten ikasleen aprobetxamendu-maila ebaluatzea, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari horren berri ematea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza kudeatzeko aplikazioarekin (LAN-F) bateragarria den formatu batean, hartara, hizkuntza egiaztatzearen emaitzak agertu daitezen prestakuntzan parte hartu duen pertsona bakoitzaren Gaitasunaren Erregistroko kontuan.

j) Egindako prestakuntza-ekintzen gastuak justifikatzea, ezarritako moduan eta agirien bitartez, 2022ko irailaren 30a baino lehen. Justifikazio horretan, dagozkien moduluetan ematen diren eta ikasleek benetan jasotzen dituzten orduen kopurua zehaztuko da.

2.– Hauek izango dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren betebeharrak:

a) Egindako prestakuntza-ekintzen matrikulak finantzatzea, kudeaketa-gomendioko akordio honetan xedatutakoaren babespean.

b) HABErekin elkarlanean aritzea ekintzak gauzatzean sortutako jazoerak ebazteko orduan, eta aholkularitza teknikoa ematea horiek kudeatzeko prozesuan.

Hamaikagarrena.– Gastuen justifikazioa.

HABEk Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan aurkeztuko ditu, 2022ko irailaren 30a baino lehen, agindu honen esparruan egindako hizkuntza-gaikuntzako prestakuntza-ekintzen ondorioz sortutako gastuen frogagiriak, hark dagokion transferentzia agindu dezan egoki irizten dizkion egiaztapenak egin ondoren (emandako prestakuntza-orduen kopurua eta ikasleek dagokien moduluan benetan jasotako prestakuntza-orduen kopurua, bai eta «gai» edo «ez gai» kalifikazioa ere, egindako Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparruko mailan emana).

Hamabigarrena.– Jarraipen Batzordea.

Jarraipen Batzorde bat eratuko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko eta HABEko kideek osatua, akordio hau behar bezala kudeatu eta interpretatu ahal izateko, bai eta antolaketa-gaien eta abarren inguruan sor litezkeen arazoak konpontzeko ere.

Hau izango da Jarraipen Batzordearen osaera:

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aldetik:

a) Enplegurako Prestakuntzako Zerbitzuaren arduraduna, batzordeburu-lanak egingo dituena.

b) Enplegurako Prestakuntzako Zerbitzuko teknikaria, idazkari-lanak egingo dituena.

c) Enplegurako Prestakuntzako Zerbitzuko teknikaria.

– HABEren aldetik:

a) HABEren Kudeaketa Zerbitzuaren arduraduna.

b) HABE eta administrazioen arteko koordinatzailea.

c) HABEko ikuskatzailetza-arduraduna.

Hauek dira Batzordearen eginkizunak:

– Egin daitezkeen prestakuntza-ekintzen urteko aurreikuspena egitea. Horretarako, Jarraipen Batzordeko organismo bakoitzeko ordezkari batek hartu beharko du parte, gutxienez.

– Informazio-trukeko prozesuak aztertzea eta antzemandako arazoak konpontzeko neurriak proposatzea.

– Orokorrean, kudeaketa-gomendio honetan hitzartutakoa gauzatzerakoan sor daitezkeen eragozpenak eta arazoak aztertu eta konpontzeko neurriak proposatzea eta ezartzea.

– Bidalitako informazioa aztertzea.

Batzordea gutxienez bi aldiz bildu beharko da: alde batetik, 2021eko azaroaren 15a baino lehen, HABEk 2021eko urrian hasitako prestakuntza-ekintzen berri ematen duenean; eta, bestetik, akordio honetara bideratutako aurrekontuaren % 75 gainditu baino lehen.

Hamahirugarrena.– Kudeaketa-gomendioaren indarraldia.

Kudeaketa-gomendio hau indarrean egongo da agiri hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasi eta 2022ko ekainaren 30era arte.

Hamalaugarrena.– Datuak babesteari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bi xedapen hauen arabera jokatuko du: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortutako datu pertsonalak «Enplegurako eta enplegu-prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide da, eta haren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra pertsegitzea eta datuak estatistiketarako erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek eskubidea dute beren datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta tratamenduaren aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko ere. Horretarako, idatzizko jakinarazpen bat bidali behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).

Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza kontsultatzeko: www.euskadi.eus/clausulas-informativas/web01-sedepd/es/transparencia/074300-capa2-es.shtml

Hamabosgarrena.– Kudeaketa-gomendioak ez dakar ez eskumenen (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari esleituak) titulartasuna ez eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak lagatzea; Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoaren ardura izango da kudeaketa-gomendio honen xede den jarduera material zehatzari oinarria emango dioten edo hura barne hartuko duten egintza edo erabaki juridiko guztiak hartzea.

Bi aldeek edukiarekin ados daudela adierazten dute, eta, hala jasota gera dadin, kudeaketa-gomendioa formalizatzeko agiri hau sinatu dute.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala