Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

107. zk., 2021eko ekainaren 2a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3164

AGINDUA, 2021eko maiatzaren 6koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoei lotutako fundazio eta elkarteentzat 2021eko dirulaguntza deialdia egiten duena.

Ekainaren 30eko 119/2015 Dekretuak, Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio zein elkarteentzako dirulaguntzak emateko modua arautzen du.

Halaber, arau hauek dira indarrean Euskal Autonomia Erkidegoan, laguntzei eta dirulaguntzei dagokienez: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua - EONALTB- (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta lege horren Araudia onartu duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.

Aipaturiko ekainaraen 30eko 119/2015 Dekretuaren 15. artikuluan adierazten denez, kultura arloko eskuduntza duen saileko titularrak, aurrekontuak ahalbidetzen badu, Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteei dekretu honetan araututako dirulaguntzak eskatzeko deialdia egingo die. Deialdi horretan, eduki hauek zehaztu beharko dira:

– 119/2015 aipatu Dekretuari erreferentzia, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariko zein zenbakitan argitaratu den adieraziz, baita zein arau osagarri edo gehigarri aplika dakiokeen ere.

– Dirulaguntzak finantzatzeko aurrekontu-hornidura osoa.

– Eskaerak aurkezteko tokia, epea eta modua, baita fundazio eta elkarte eskatzaileek zein dokumentazio aurkeztu behar duten ere.

– Deialdia ebazteko epea -deialdia indarrean sartzen den egunetik hasita gehienez ere sei hilabetekoa izango da- eta fundazio eta elkarte eskatzaileei jakinarazpena egiteko modua.

– Emandako laguntza justifikatzeko epea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

– Balorazio Batzordeko kideak izendatzea.

– Deialdiaren beraren kontra zer errekurtso jar daitezkeen, zer epetan eta zer organori aurkeztu behar zaizkion.

Aipatutako dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz, Agindu honen bidez gorago aipatutako eduki horiek zehaztu dira, arau horretan xedatutako dirulaguntza deialdia 2021eko ekitaldian ezartzeko.

Deialdi hau Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak 2021eko otsailaren 18an onartu duen eta sailaren beraren webgunean (https://www.euskadi.eus/contenidos/plan_departamental/saileko_planak_21_24/eu_def/adjuntos/Dirulaguntzen-URTEKO-plana-Plan-ANUAL-Subvenciones-PAS-2021.pdf argitaratua den Kultura eta Hizkuntza Politikako sailaren 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan aurreikusia da eta baita Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailaren Urteko Dirulaguntzen Planean ere, 2021eko otsailaren 18an onartua eta Sailaren web gunean argitaratua: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/sail-plana/sailaren-diru-laguntzen-plan-estrategikoa-2021-2024/)

Bada nahiko aurrekontu-kreditua deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzetarako otsailaren 11ko 11/2021 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituenak, dionez.

Horri jarraikiz, honako hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteentzako 2021eko dirulaguntzetara biltzeko dei egitea. Dirulaguntza horiek emateko modua 2015eko ekainaren 30eko 119/2015 Dekretuak (2015eko uztailaren 9ko EHAA, 128. zk.) eta honen hutsen zuzenketak (2015eko irailaren 8ko EHAA, 170. Zk.) arautzen dute.

2. artikulua.– Diru-zuzkidura.

2021eko ekitaldian, Agindu honen bidez deitutako dirulaguntzak finantzatzeko guztizko aurrekontu-zuzkidura berrehun eta laurogei mila eta bostehun eurokoa da (280.000 euro).

3. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Deialdi honen babesean ematen diren laguntzen eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia EHAAn argitaratzen den egunetik kontatzen hasita.

2.– Eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, helbide honetara sartuta:

www.euskadi.eus/zerbitzuak/00825068

3.– Ordezkari batek tramita dezake elektronikoki, eta horretarako ordezkariak Eusko Jaurlaritzako ahalordeen Erregistro elektronikoan eman behar izango du izena ondorengo helbidean: https://euskadi.eus/ordezkariak.

4.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak betetzeari buruzko azalpen guztiak aurreko puntuan esandako euskadi.net domeinuko egoitza elektronikoan daude eskura.

5.– Eskabidearen ondoko izapideak bide elektronikoa erabiliz hemen egin daitezke: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

6.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.

7.– Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskatzaileari buruzko dokumentazioa:

I.– Eskaera sinatu duen pertsona fisiko edo juridikoak eskaeraren titularra (eskaeran ageri den titularra ez bada) legez ordezkatzeko ahala duela egiaztatzea.

II.– Eskaeraren titularrak Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dagoen alderdi politikoren batekin lotura duela egiaztatzea.

III.– Eskaeraren titularrak Eusko Legebiltzarrean ordezkatuak diren formazio politikoak osatzen dituzten alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteek egiaztatu beharko dute, zuzenbidean ontzat ematen den edozein frogabidez, Eusko Legebiltzarrean ordezkatua den formazio politikoa osatzen duen eta eskatzailearekin lotura duen alderdi politikoak Legebiltzarrean dituen eserlekuak edo eserlekuok zenbat diren jakiteko bidea. Besteak beste, frogabide zuzentzat joko dira ekainaren 30eko 119/2015, Dekretuaren 3.3 artikuluaren a) eta b) letrez bat datozenak.

IV.– Alderdi Politikoen Erregistroan inskribatuta egotearen egiaztagiria. Erregistro hori Alderdi Politikoei buruzko ekainaren 27ko 6/2002 Lege Organikoaren laugarren xedapen gehigarrian aipatzen da.

b) Aurkeztutako programari buruzko dokumentazioa:

I.– 2021eko ekitaldian gauzatu beharreko proiektu, programa edo jarduerari buruzko laburpena, proposatutako ereduari jarraituz.

II.– 2021eko ekitaldian gauzatu beharreko proiektu, programa edo jarduerari buruzko oroitza.

III.– 2021eko ekitaldian gauzatu beharreko proiektu, programa edo jardueraren aurrekontua eta deskribapena jardueraz jarduera, proposatutako ereduari jarraituz.

c) 2021eko ekitaldian gauzatu beharreko proiektu, programa edo jardueraren gauzatze-egutegia.

d) Ordainketak egiteko, hirugarrenen alta-agiria, laguntza eskatzen duen erakundea erregistratuta ez badago edo Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu.

e) Nahi izanez gero, aurkeztutako proiektu, programa edo jarduera hobeto ebaluatzeko eskatzaileak egoki irizten dien bestelako dokumentuak gehitu ahal izango dira.

8.– Aurkezten diren dokumentu elektronikoek ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

a) Deskargatzeko ereduak erabiliko dira proiektuaren laburpenerako (7. b.i.) eta aurrekontu eta programaren deskribapenerako (7. b.iii.) eta ereduen formatu berak aurkeztuko dira.

b) Bestelako dokumentazioa PDF formatuan aurkeztuko da.

c) Dokumentazio elektronikoak gehienez ere 30 Mb izango ditu.

d) Bideoak web helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira.

9.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat etorriz, interesdunak eskubidea dute ez aurkezteko Administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein Administrazio batek egindakoak diren eskatutako agiriak. Horrela, haien kontsulta eta ateratzea Administrazioak egin ahal izango du, interesdunak aurka egin ezean. Kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu.

4. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezartzen duenaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar orokor hauek:

1.– Erakundeak ez du jaso dirulaguntza eta laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapenik, ez zigor-arlokorik, ez administrazio-bidekorik, eta ez dauka legez debekatuta halakorik eskuratzea (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean sexuaren ziozko bereizkeria zehatzeko ezarritako zigor eta debekuak ere kontuan hartuta).

2.– Erakundeak aurkezturiko gastu-aurrekontuan, hurrengo gastu hauek ez dira diruz lagunduko:

– Higiezinetako obren gastua.

– Ekipamendu-gastuak, fundazio edo elkarte onuradunaren ondarea handitzea eragingo duten gastuak direla ulertuta, adibidez: makinak, altzariak, informatikako ekipoak eta garraiorako elementuak eskuratzea.

– Amortizazio-gastuak.

– Zerga-gastuak.

– Irakasle, hizlari eta aurkezleen ordainsariak, jasotzailea dirulaguntzaren onuraduna den fundazioko edo elkarteko zuzendaritza-organoetako kidea bada.

3.– Batetik, erakundearen izenean aurkeztutako eskaerako datuak eta han erantsitako agirietakoak egiazkoak dira; bestetik, erakunde eskatzaileak indarrean den araudian dirulaguntza jasotzeko ezarritako betekizun guztiak betetzen ditu eta badauzka hori frogatzen duten agiriak. Azkenik, betekizun horiek dirulaguntzaren iraunaldi osoan betetzeko konpromisoa onartzen du.

5. artikulua.– Balorazio-batzordea.

Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteentzako dirulaguntzak emateko modua arautzen duen ekainaren 30eko 119/2015 Dekretuak, bere 7. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, Balorazio Batzordea osatuko duten kideak ondorengo hauek izango dira:

a) Arturo Garcia Fiel, kultura sustatu, bultzatu eta hedatzeko eskuduntza duen zuzendaritzako teknikaria izango da, eta Balorazio Batzordeko presidentea izango da.

b) Aitor Mate Martinez, Fundazioen eta Elkarteen Erregistroaren arloko eskumena duen zuzendaritzako teknikaria izango da, eta Balorazio Batzordeko presidenteordea izango da; honek huts egingo balu, Eñaut Otazo Alza arituko da bere ordez.

c) Ana Altuna Riaño, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko (HAEE) teknikaria izango da, eta Balorazio Batzordeko idazkaria (bai hitz egiteko eta baita bozkatzeko eskubideak izango ditu) izango da; honek huts egingo balu, Jon Biain Santiago arituko da bere ordez.

d) Ane Crespo Calvo, hizkuntza-politikaren arloan diharduen teknikaria izango da; honek huts egingo balu, Elene Etxezarreta Etxeberria arituko da bere ordez.

6. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak esleitzeko prozedura Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ebatziko du, Balorazio-batzordeek egindako proposamena ikusi ondoren.

2.– Ebazpen hori sei hilabeteko epean jakinaraziko zaie banan-banan interesdunei. Horretaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.

3.– Ebazteko epea igarota interesdunari ebazpena jakinarazten ez bazaio, dagokion eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren ondorioetarako. Horrek ez du Administrazioa salbuesten, ordea, ebazpen adierazia emateko duen obligaziotik.

7. artikulua.– Banakako jakinarazpenak izapidetzea.

Izapidetze telematikoaren kasuan, aldiz, azaroaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Prozedura Erkidearen 43 artikuluari eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedaturikoari jarraikiz, jakinarazpena egindakotzat joko da pertsona interesdunak edo, kasuan-kasuan, legezko ordezkariak edo baimenduriko persona Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora sartzen denean, eta kasu bakoitzean ezarritako epea hark jakinarazpeneko egintza jaso izana elektronikoki sartu eta biharamunetik aurrera hasiko da zenbatzen. Interesdunari jakinarazpena duela abixatu dakioke gailu elektronikoz edota eman duen helbide elektronikoaren bidez. Abisu hori aukerakoa da, eta balio informatiboa baino ez du, eta abisurik ez badago horrek ez du eraginik jakinarazpena zuzena izan dadin.

Jakinarazitako egintza aipatutako dekretuan jasotzen den helbide elektronikoan interesdunaren edo haren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren esku jartzen denetik hamar egun naturaleko epea igaro eta gero, interesdunak haren edukia eskuratzen ez badu, jakinarazpena ezetsitzat joko da. Horrela, izapidea egindakotzat joko da, eta prozedurak aurrera egingo du, ofizioz edo hartzaileak jakinarazita, jakinarazpena ikustea teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela egiaztatzen ez bada behintzat.

8. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Dirulaguntza honen onuradunek, diruz lagundutako proiektu, programa edo jarduerak amaitzen diren egunetik hasi eta bi hilabeteko epean gehienez ere, eta nahitaez 2022ko urtarrilaren 7a baino lehen, programei buruzko ondorengo dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, dirulaguntza justifikatzeko:

a) Diruz lagundutako proiektu, programa edo jarduerari buruzko justifikazio laburpena, proposatutako ereduari jarraituz.

b) Diruz lagundutako proiektu, programa edo jardueraren memoria.

c) Dirulaguntza jaso duen proiektu, programa edo jardueraren egikaritzapenaren behin betiko aurrekontua (gastuak eta sarrerak) ereduaren arabera.

d) Dirulaguntza jaso duen proiektu, programa edo jarduera egikaritzeko egindako gastu guztien zerrenda, proposatutako ereduari jarraituz.

e) Diruz lagundutako proiektu, programa edo jarduera egitearen ondorioz sorturiko gastuen frogagiriak, kasu bakoitzeko hirugarren interesdunaren aldeko ordainketaren librantza egin izana egiaztatzen duen dokumentazioarekin batera. Gastuak egiaztatzeko, fakturak eta froga-balio baliokidea duten gainerako agiriak aurkeztu beharko dira, merkataritzako trafiko juridikoan balioa dutenak edo eraginkortasun administratiboa dutenak, erregelamendu bidez ezarritako moduan.

f) Diruz lagundutako proiektu, programa edo jarduerak gauzatzeko sorturiko material bakoitzaren hizkuntza-bertsioen aleak.

2.– Justifikazioak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, «Nire karpeta» atalean (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).

Justifikazioak tramitatzeari buruzko zehaztapen eta eredu guztiak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan daude eskura, ondorengo helbide honetan: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0082508

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Izaera Pertsonaleko Datuen Babesaren Arloko Informazio-Klausula.

Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Sustatzeko Zuzendaritza.

Helburua: 2021. urtean Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteentzako dirulaguntzak kudeatzea.

Lege-oinarria: interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezkoa suertatzen den tratamendua da (38/2003, azaroaren 17koa, Dirulaguntzen Lege Orokorra eta 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bateratua onartzen duenekoa).

Jasotzaileak: gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: zeure datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea duzu; baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

Informazio gehigarria: web helbide honetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago: https://www.euskadi.eus/dbao/00825068

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak ere aztertu eta egiaztatu ahalko ditu emandako datuak, laguntzak zuzen esleitzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, bere aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 6a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala