Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

106. zk., 2021eko ekainaren 1a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3131

AGINDUA, 2021eko maiatzaren 18koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen eta arautzen baitira Euskadiko museo eta bildumetarako 2021. urteko dirulaguntzak.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 23ko 73/2021 Dekretuaren arabera, Kultura Sailburuordetzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoko museo eta bildumetarako laguntzen sistema kudeatzea.

Beraz, alde horretatik, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egoki iritzi dio laguntzak emateko bide bat ezartzeari, Euskadiko museo eta bildumek beren lanean sustatzen eta garatzen dituzten jarduerak laguntzeko, Euskadiko Museoei buruzko Legearen (abenduaren 1eko 7/2006 Legea) 2.4 artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Lege horren azalpenaren arabera, museo-jarduerak gizarte-zerbitzurako kultura-eskaintza gisa garatu behar dira; jarduera biziak eta eraldatzaileak izan behar dira, eta etengabeko eginkizun didaktiko erabakigarria izan behar dute, gizarte-eragileekin eta herritarrekin oro har etengabeko harremanean betiere.

Horregatik guztiagatik, lege-oinarriak mugatzeko tresna bat ezarri beharra dago; batetik, dirulaguntzak emateko prozesuaren objektibotasun-, lehia- eta publikotasun-printzipioak bermatzeko, eta bestetik, behar bezalako mekanismoak egon daitezen, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak funts publikoek xede zuzena dutela ezagutu ahal izateko. Funts horiek, halaber, deialdi honetan ezarritako balioespen-irizpideen arabera esleituko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan hartarako jasotako aurrekontu-kontsignazioa muga dela.

Era berean, agindu honen dirulaguntza-lerroa 2021-2024 epealdiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (DPE 2021-2024) jasota dago, bai eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2021eko Dirulaguntzen Urteko Planean ere (Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bidez onetsia, zeinaren bidez onartu baitziren, batetik, Sailaren Dirulaguntza Plan Estrategikoa 2021-2024 epealdirako, eta, bestetik, 2021eko Dirulaguntzen Urteko Plana).

Hori dena kontuan izanik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta helburua.

1.– Agindu honen xedea da Euskadiko Museo eta Bildumen Erregistroan inskribatuta dauden museo eta bildumetarako dirulaguntzak arautzea eta haietarako deialdia egitea; laguntzak 2021. urtean emango dira museo-jarduerak gauzatzeko.

2.– Dirulaguntza hauen xedea da Euskadiko Museoei buruzko abenduaren 1eko 7/2006 Legearen 2.4 artikuluan ezarritako eginkizunak betetzeko jarduerak egiten laguntzea.

3.– Nolanahi ere, jarduerak honako jarduketa-ildo hauetako batean jaso beharko dira:

a) Bilduma osatzen duten funtsak katalogatzea eta dokumentatzea.

b) Erakusketa finkoa berritzea eta aldi baterako erakusketak egitea.

c) Bakoitzaren gaiaren eta jarduketa-eremuaren araberako jarduera didaktikoak eta kultura zabaltzekoak diseinatu eta eskaintzea.

d) Dituzten gai eta jarduketa-eremuarekin lotutako ezagutza sortzea.

e) Berrikuntza hobetu eta bultzatzea museoaren kudeaketan eta zabalpen- eta komunikazio-planean.

f) Bisitarientzako prebentzioko neurri higieniko-sanitarioak, eta museoetako langileei dagokienez, laneko arriskuak prebenitzeko neurriak.

4.– Eskabide bakoitzean ildo bakar bati lotutako proiektu bakar bat aurkeztuko da. Pertsona edo erakunde bakoitzak bi eskabide aurkeztu ahalko ditu gehienez.

Eskabideen xedea gai komun baten inguruko jarduera-programa bat izango da, jarduera nagusi batekin eta beste jarduera osagarri batzuekin, edo jarduera bakar bat; edonola ere, proiektuak aurreko paragrafoan zehaztutako jarduketa-ildoetako batean sailkatua egon beharko du.

Honako jarduketa hauek jaso ahalko dute dirulaguntza, betiere ez badira Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako dirulaguntzen beste programa baten xede.

– Museo-bildumak osatzen dituzten funts material eta immaterialen inbentarioa, katalogazioa eta digitalizazioa, euskarri digitalean egina. Horretarako, oro har, EMSIME informazio-sistema erabiliko da, eta, Interneten argitaratzen diren katalogazio-fitxak editatzean, bi hizkuntza ofizialak erabiliko dira. Digitalizazio-lanek barnean hartuko dituzte multimedia-fitxategiak, bereizmen handiko irudiak eta hiru dimentsioko objektuen 3Dko eskaneatzeak, errealitatekoen antzeko irudi digitalak eskaintzen dituztenak; laguntza honen bidez digitalizatutako objektu guztiak publikoarentzat ikusgai jarri beharko dira, EMSIMEn gutxienez. Salbuespen gisa, beste aplikazio informatiko batzuk ere erabili ahal izango dituzte funtsak katalogatzeko, baina arrazoiak emanez egiaztatu beharko dute EMSIME sistema erabiltzerik ez dagoela sistemaren datu-eredua ez delako egokia katalogatu beharreko funts motarako. Lan horren emaitza, gerora, «Euskariana» eta «Europeana» (Europako Kultura Ondarera linean sartzeko ataria) biltzaileetan gehitu ahal izango da.

– Erakusketa finkoa eguneratzea haren diskurtsoaren edo espografiaren edukiei dagokienez; horren barruan sartzen da eduki osagarri hauek garatu eta ekoiztea, hala nola: ikus-entzunezkoak, audiogidak edo funtsetara hobeto jo ahal izateko geletan jendeak erabiltzeko dauden bestelako dokumentu-baliabideak. Ez da eguneratze gisa hartuko panelak eta beste elementu museografiko batzuk berritzea diseinua edo edukiak aldatu gabe, eta beraz ezingo dira jarduera horiek diruz lagundu.

– Museoaren lurralde-eremuaren eta/edo gaiaren araberako aldi baterako erakusketak.

– Museoaren gai-eremuarekin zerikusia duten jarduera didaktikoak edo jolas- eta kultura-jarduerak.

– Haien bildumak osatzen duten ondare material eta immaterialari buruzko ikerketa-lanak edo gai-eremuari buruzkoak, horien emaitzak erakusketa-diskurtsora gehitzeko eta museoaren hezkuntza- eta zabalpen-programara txertatzeko helburuarekin. Agindu honen ondoreetarako, ez dira diruz lagun daitezkeen ikerketa-lantzat hartuko museoaren titularra den pertsonak edo erakundeak Euskal Kultura Ondarearen 6/2019 Legearen 63. artikulutik 74.era bitartekoak aplikatuta nahitaez egin behar dituen esku-hartze arkeologikoak.

– Edizio- eta itzulpen-lanak, museoaren bildumei eta gai-eremuari buruzko zientzia- eta dibulgazio-edukiak, formatu digitalean gutxienez, argitaratzeko (katalogoak, monografiak, aldizkako argitalpenak, ikus-entzunezko eta multimediako produktuak).

– Kudeaketa hobetu eta berritzeko agiriak eta azterlanak egitea: Plan estrategikoak, plan zuzentzaileak, zerbitzu-gutunak, hartzaileei buruzko azterlanak, komunikazio-planak eta marketin kulturalekoak, museoaren barneko kudeaketari eta jarduera-programazioari begira emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko aurretiko diagnostikoak eta neurrien plangintza, bai eta inklusibitaterako neurriak ere.

– Museoaren webgunean orriak sortzea eta hobekuntza teknikoak egitea.

– Garbiketa-zerbitzua indartzea lan-, erakusketa- eta zerbitzu-eremuetan, eskuak garbitzeko gel hidroalkoholikoen banagailuak eta manparak erosi eta jartzea, eta bisitetan nahitaez bete beharreko osasun- eta higiene-neurriei buruzko seinaleak jartzea.

– Euskadiko Museoei buruzko 7/2006 Legearen 2.4 artikuluan ezarritako eginkizunak artikulu honetan adierazitako ildoetakoren baten barruan garatzen dituen beste edozein jarduera, betiere haren museo-izaera egoki justifikatzen badute eskabidearekin batera aurkeztutako proiektuan, artikulu honen 5. zenbakian adierazitakoak salbuetsita.

5.– Jarraian zehaztutako jardueren ondoriozko gastu eta inbertsioak ez dira inola ere diruz lagunduko, eta agindu honen xedetik kanpo geratuko dira: higiezin eta instalazio orokor iraunkorrak erostea, zabaltzea, birgaitzea, hobetzea edo kontserbatzea; funtsak eskuratzeko eta horiek zaharberritzeko esku-hartzeak, erakusketa-proiektuei edo zabalkunde-jarduerei lotuta daudenean izan ezik; tokiko sustapen turistikoko esku-hartzeak; museoko espazioak hirugarrenei alokatzean oinarritutako jarduera ekonomikoak; hirugarrenentzako ekitaldiak antolatzea; ostalaritza- eta ostatu-zerbitzuak eskaintzea; eta merchandisingeko produktuak saltzeko jarduerak.

6.– Deialdi honetako dirulaguntzak jaso ahal izateko, jarduerak 2021. urtean gauzatu behar dira, hasiera eta amaiera barne.

2. artikulua.– Diru-baliabideak.

Aurreko artikuluan aurreikusitako xederako 1.000.000 euro erabiliko dira.

3. artikulua.– Pertsona onuradun izateko eskakizunak.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak eskatu ahal izango dituzte agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean Euskadiko Museoen eta Bildumen Erregistroan inskribatutako museoen edo bildumen titular diren pertsona fisiko eta juridikoek, honako hauek baztertuta:

a) Foru-titulartasuneko museoak eta bildumak.

b) Fundazioak, baldin eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak haien gobernu-organoetan parte hartzen badu.

c) Merkataritza-erakundeak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak haien kapitalean partaidetza badu.

d) Xede bereko dirulaguntza izendunen hartzaile diren museoen eta bildumen erakunde titularrak, baldin eta dirulaguntza horiek Euskal Autonomia Erkidegoaren 2021erako aurrekontuetan esleituta badaude Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkion gastu-partidetan. Kudeaketa-organoak automatikoki egiaztatuko du baldintza hori betetzen dela.

e) Beren kapital sozialean, fundazio-ondarean edota gobernu-, administrazio- edo zuzendaritza-organoetan partaidetza handiena banku-fundazio edo finantza- edo kreditu-erakunde batena duten erakundeak.

2.– Ezin izango dituzte deialdi honetako dirulaguntzak eskuratu Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 3 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean dauden pertsonek edo erakundeek; besteak beste, egoera hauetan daudenak:

a) Egunean ez izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

b) Ordainduta ez izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

c) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiboren bat izatea, edo horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean egotea.

3.– Dirulaguntzen onuradun izateko aurreko apartatuetan adierazitako baldintzak laguntza-eskabidea aurkezten denetik bete beharko dira, eta hala egin beharko da onartutako dirulaguntza likidatu arte.

4. artikulua.– Baldintzak egiaztatzeko modua.

1.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak betetzen direla automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, eskabidea aurkezten denean eta, hala badagokio, egin beharreko ordainketak egin aurretik. Pertsona eskatzaileek egiaztatze automatiko horren kontra daudela adierazi ahal izango dute espresuki. Hori eginez gero, Ogasuneko eta Gizarte Segurantzako instantzia administratiboek emandako ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte.

2.– Eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira gainerako baldintzak.

5. artikulua.– Dirulaguntza jaso duten jardueren azpikontratazioa.

1.– Pertsona edo erakunde onuradunak hirugarrenekin azpikontratatu ahal izango du diruz lagundutako jarduera osoa edo zati bat, betiere azpikontratazio horrek diruz lagundutako jardueraren kostua balio erantsirik gabe handitzea ez badakar. Ondore horietarako, azpikontratazioa dagoela ulertuko da erakunde onuradunak hirugarrenekin hitzartzen badu dirulaguntzaren xede den jarduera guztiz edo partez gauzatzea. Kontzeptu horretatik kanpo gelditzen dira erakunde onuradunak dirulaguntza jaso duen jarduera bere kontura gauzatu ahal izateko egin behar dituen gastuak.

2.– Alabaina, erakunde onuradunak ezingo du diruz lagundutako jarduera partez gauzatzea honako hauekin hitzartu:

a) Agindu honen 3. artikulua aplikatuz dirulaguntza hauetatik baztertuta dauden pertsona edo erakundeekin.

b) Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluak ezarritako debekuren bat duten pertsona edo erakundeekin.

c) Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsona edo erakundeekin.

d) Bitartekari edo aholkulari aritzen diren pertsona edo erakundeekin, haien kontratuetan ordainketak eragiketaren kostu totalaren ehuneko gisa definitzen badira; non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan daukan balioaren erreferentziaren arabera.

e) Pertsona edo erakunde onuradunarekin lotutako pertsona edo erakundeekin, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 29.7 artikuluko d) letran adierazitako baldintzak daudenean izan ezik.

f) Deialdi edo programa berean laguntza edo dirulaguntza eskatu, baina betekizunak betetzen ez dituztelako edo behar den balorazioa lortu ez dutelako laguntzarik gabe geratu diren pertsona edo erakundeekin.

3.– Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean (lege horren bidez Espainiako ordenamendu juridikoan txertatu ziren Europako Parlamentuko eta Kontseiluko 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB Zuzentarauak) kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak, pertsona edo erakunde onuradunak, zerbitzua edo ondasuna emateko konpromisoa hartu aurretik, pertsona edo enpresa hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan ez badago halako zerbitzurik eskaintzen duen nahikoa erakunde, edo salbu eta gastua dirulaguntza eskatu aurretik egin bada.

Aurkeztutako eskaintzen arteko hautapena (justifikazioan aurkeztuko dituzte eskaintza horiek), efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraikiz egingo da, eta memoria batean berariaz justifikatu beharko dute proposamen ekonomikoki abantailatsuena hautatzen ez dutenean.

4.– Betiere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea Orokorraren 29. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen eta lagundu ezin daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari zalantzarik gabe erantzuten diotenak, ezinbestekoak direnak eta deialdi honetan eta emateko ebazpenean edo hark izan ditzakeen aldaketetan ezarritako epearen barruan egiten direnak. Diruz lagundutako gastuen eskuratze-kostuak ez du inola ere gaindituko merkatuko balioa. Egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak.

2.– Zeharkako kostuak diruz lagundu ahal izango dira, baldin eta erakunde onuradunak diruz lagundu den jarduerari egozten badizkio, oro har onartutako kontabilitate-printzipioen eta arauen arabera arrazoiz dagokion partean, eta, betiere, kostu horiek jarduera egiazki egin den aldiari badagozkio. Horretaz gainera, zeharkako gastu horiek halakotzat hartuta eta zenbatuta jaso beharko dira eskabidearekin batera aurkeztutako aurreikusitako gastuen aurrekontuan. Justifikatu ere egin beharko dira.

3.– Diruz laguntzeko modukoak izango dira diruz lagundutako jarduera egiten den eremuak estetikoki edo funtzionalki egokitzeko lan txikiek eragindako gastu korronteak, betiere proiektuan ezinbestekoak direla justifikatzen badute eta eskabidearekin aurkeztutako aurrekontuan adierazita badaude. Diruz lagundu daitekeen gastutzat hartu ahal izango da, halaber, erakusketa-espazioetako argiztapena argi hotzeko sistemara egokitzea, funtsak kontserbatzeko edo museografia hobetzeko justifikatuta dagoenean.

4.– Honako gastu hauek, berriz, ez dira diruz lagunduko:

– BEZaren zenbatekoa, berreskuratu edo konpentsatzeko modukoa denean. Horrelakoetan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da. Autonomoen fakturei dagokienez, diruz lagundu daitekeen gastua zerga-oinarria edo guztizkoa izango da, kasuaren arabera, baina, betiere, PFEZaren atxikipena aplikatu gabe, onuradunak Ogasunari ordaintzean egindako gastua baita.

– Higiezina eta instalazio orokor iraunkorrak handitu, hobetu, eraberritu edo kontserbatzea xedetzat duten ibilgetu materialerako inbertsio-gastuak.

– Langileen gastuak, dirulaguntzaren xede den jarduerari zuzenean ordurik egotzi ezean.

5.– Pertsona edo erakunde eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera aurkeztuta– artikulu honetan diruz laguntzeko modukoak ez diren gastuak biltzen badira, balioespen-batzordeak desagerrarazi edo kendu egingo ditu, diruz laguntzeko moduko gastuen aurrekontua zenbatekoa den zehazteko; aurrekontu hori dirulaguntzaren zenbatekoa ezartzeko oinarria izango da.

6.– Betiere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.

7. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta muga.

Diruz lagundutako proiektu bakoitzeko gehieneko dirulaguntza aurkeztutako aurrekontu osoaren % 90 izango da (45.000 euro proiektu bakoitzeko, gehienez). Diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa baino gehiago eskatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa diruz lagundu daitekeen gehieneko mugara egokituko da. Pertsona edo erakunde onuradun bakoitzeko, diruz lagundutako proiektuen baturaren gehieneko zenbatekoa 90.000 euro izango da.

8. artikulua.– Dirulaguntzak emateko prozedura.

1.– Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da. Horretarako, aurkeztutako eskabideak alderatuko dira dirulaguntzak emateko, 14. artikuluan finkatutako balioespen-irizpideei jarraikiz haien arteko lehentasuna finkatzearren. Guztira gutxienez 60 puntu lortu dituztenei bakarrik emango zaie laguntza.

2.– Dirulaguntza bakoitzaren zenbatekoa finkatzeko, deialdira bideratutako gehieneko diru-kopuru osoaren hainbanaketa egingo du balioespen-batzordeak, gutxienez 60 puntu lortu dituzten eskabideen artean. Edonola ere, dirulaguntzaren zenbatekoa ezingo da izan eskatutako zenbatekoa edo 7. artikuluan ezarritako mugak baino handiagoa.

a) Banaketa hori egiteko, kontuan hartuko dira lortutako puntuazioa eta eskatutako zenbatekoa, formula hau erabiliz:

(Ikus .PDF)

non,

Si = programa edo jarduera bakoitzari dagokion hasierako diru-kopurua.

Ei = kasu bakoitzean eskatutako laguntzaren zenbatekoa.

Pi = Batzordeak programa edo jarduera bakoitzari emandako puntuazioa.

b) Baldin eta aurreko apartatuan ezarritako prozeduraren arabera kalkulatutako zenbatekoen baturak aurrekontu-muga gainditzen badu, kasu bakoitzean eman beharreko laguntzaren zenbatekoa formula honen bidez zehaztuko da:

(Ikus .PDF)

non,

Si = Programa edo jarduera bakoitzari dagokion behin betiko zenbatekoa.

D = Dirulaguntzaren helburu diren programa edo jardueren artean banatu beharreko zenbatekoa.

Si = Aurreko formularen arabera programa edo jarduera bakoitzari dagokion dirulaguntzaren hasierako zenbatekoa.

9. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Pertsona fisiko interesdunek bitarteko elektronikoak nahiz presentzialak erabili ahal izango dituzte prozedura honetako izapide guztiak eskatu, kontsultatu eta gauzatzeko, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan. Pertsona juridikoek, ordea, bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte, nahitaez, prozedura administratiboaren edozein izapide egiteko.

3.– Erakundeek bitarte elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dituzte eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0037509

Eskabideak modu presentzialean ere aurkeztu ahal izango dira Zuzenean zerbitzuan, eta, horretarako, ezinbestekoa izango da aurretiazko hitzordua eskatzea honako bide hauetako bat erabiliz: https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidearen bidez; aurretiazko hitzordua eskatzeko edo ezeztatzeko beren-beregi jarritako 945 01 90 00 telefonora deituta; EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen bidez. Eskabide-eredua eskuragarri egongo da egoitza elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0037509

4.– Pertsona fisikoek, eskaera egiteko eta dokumentuak aurkezteko bide presentziala edo elektronikoa erabiltzen badute, ez dituzte nahitaez baliabide horiek erabili behar prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke-eta.

Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/

5.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainontzeko ereduak modu presentzialean nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak egoitza elektroniko honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0037509. Bide hori erabiliz aurkeztutako eskabide elektronikoak baino ez dira onartuko, eta ez dira onartuko erregistro elektroniko orokorraren inprimakiaren bidez aurkezten direnak.

6.– Erakunde edo pertsona eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete eskabidea eta dokumentazioa, aukeran. Halaber, pertsona edo entitate eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, hala xedatuta baitago Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan.

7.– Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

8.– Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke (hala egin beharko dute izapideak elektronikoki egitera behartuta daudenek), eta, horretarako, egoitza elektronikoaren helbide honetan eskuragarri dagoen zerbitzua erabiliko da: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

9.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

10. artikulua.– Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Nahitaez aurkeztu behar dira honako agiri hauek:

a) Eskabide-orria. Laguntzen onuradun izateko 3. artikuluan ezarritako baldintzak egiaztatzeko behar diren erantzukizunpeko adierazpenak jasoko dira inprimaki honetan, bai eta beste erantzukizunpeko adierazpen bat ere, eskabidean eta aurkeztutako agirietan jasotako datuak egiazkoak direla adierazten duena. Eskabide-inprimakian erantzukizunpeko adierazpen bidez jasoko da, orobat, pertsona edo erakunde eskatzaileak BEZaren aitorpena egin behar duen edo zerga hori ken edo konpentsa dezakeen.

Pertsona fisikoek aurkeztutako eskabideen kasuan, eskabidean espresuki ukatzen bada nortasun-datuak automatikoki egiaztatzeko aukera, eskaeraren titularraren edo, hala badagokio, ordezkariaren NANaren fotokopia aurkeztu beharko da nahitaez.

b) Proiektuaren Datuen inprimakia, honako hauek jasota:

– Proiektuaren memoria; agindu honen 14. artikuluaren a), b) eta c) letretan adierazitako irizpideei jarraikiz balioetsiko da. Memoriak honako alderdi hauek aipatu beharko ditu dirulaguntzaren xedeko jarduerari dagokionez:

Proposatutako jardueraren justifikazio orokorra, haren helburu espezifikoek zer lotura duten museoaren Urteko Jarduera Planean ezarritako helburu orokorrekin azalduta.

Jardueraren ezaugarrien deskribapen zehatza: formatua, edukia, jardueraren publikoa edo hartzaileak, esku hartzen duten giza baliabideak (kopurua, kualifikazioa eta esperientzia, beren langileak edo kanpokoak diren), erabilitako hizkuntzak eta gauzatzeko kronograma (faseak, zereginak eta esku hartzen duten pertsonak), bai eta garrantzitsu deritzeten bestelako alderdi teknikoak ere.

Berrikuntzara edo hobekuntzara bideratuta egotearen justifikazioa, dagokionean aurreikusitako ebaluazio-sistema deskribatuz. Sistema hori espezifikoa edo museoaren jarduera orokor edo globalaren ebaluazio sisteman integratutakoa izan daiteke, eta haren xedea garapenaren emaitzak eta/edo prozesua izan daitezke.

Hala dagokionean, jarduerak kulturaren, hezkuntzaren, zientziaren eta gizartearen arloko beste eragile batzuekin duen lotura-mailaren justifikazioa.

Dirulaguntzaren xede den proiektuak zer eduki duen emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde.

– Jardueraren diru-sarreren eta gastuen guztizko aurrekontua; orekatua izango da, eta, hala dagokionean, beren langileen gastuak, kanpoko zerbitzuen gastuak, hornidurak eta zeharkako kostuak bereizi beharko ditu. Diru-sarreren atalean, hauek adieraziko dira: eskatutako dirulaguntza eta laguntza publiko eta pribatu guztien zenbateko osoa; pertsona edo erakunde eskatzaileak jarritako baliabide propioak, eta aurreikusitako gastuen zenbateko osoa estali arteko beste edozein diru-sarrera mota. Proiektuaren xedea jarduera bat baino gehiago barnean dituen programa bada, kostuak jarduera bakoitzeko taldekatuta zehaztuko dira, jarduera bakoitzari dagokion guztizko partziala kalkulatu ahal izan dadin. Halaber, zerga-oinarriaren zenbatekoa eta dagokion BEZa ere zehaztuko dituzte, hala dagokionean. Aurrekontuaren edukia agindu honen 14. artikuluko d) irizpideari jarraikiz balioetsiko da.

– Hala dagokionean, erakundeak beste administrazio nahiz erakunde publiko zein pribatuetatik xede berarekin eskatu edo eskuratu dituen dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak zehatz-mehatz azaltzeko atala ere bete beharko da.

c) Museoaren jardueraren memoria, 2020. urteari dagokion urteko jarduketa-planari buruzkoa. Memoria horretan museoaren jarduketaren helburuak, egindako jarduerak eta emaitzak jasoko dira gutxienez, eta, posible denean, eragin kulturala, zientifikoa, soziala eta/edo ekonomikoa neurtzen duten adierazle objektiboen bidez deskribatuko dira. Memoria hori erabiliko da 14. artikuluko e) letran adierazitako irizpidea balioesteko.

2.– Gainera, beste agiri osagarri batzuk aurkeztu ahalko dira, eranskin gisa, Proiektuaren Datuen Inprimakian jasotako informazioa zabaltzeko edo hari buruzko irudiak emateko, Proiektuaren Datuen Inprimakian editaezinak diren objektuak daudenean (irudiak, taulak, kalkulu-orriak, grafikoak, bideoak eta abar). Kasu horretan, Proiektuaren Datuen Inprimakian dagokion erreferentzia egingo zaio eranskinean zabaldutako informazioari.

11. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak.

12. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.

1.– Eskabidea izapidetzeko onartzeko behar diren agiriak falta direla edo haietan akats formalik dagoela ikusiz gero, edota balioesteko aurkeztutako agirietan akatsak ikusten badira, pertsona interesdunari hamar egun balioduneko epean akatsak zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko eskatuko zaio, eta adieraziko zaio horrela egiten ez badu eskabidean atzera egin duela edo izapiderako eskubidea galdu duela joko dutela, ebazpena eman ondoren.

2.– Agindu honi jarraikiz eskabidea bitarteko elektronikoz aurkeztera behartuta dagoen pertsona eskatzaileren batek eskabidea modu presentzialean aurkezten badu, bitarteko elektronikoz aurkeztuz hori zuzentzeko eskatuko zaio. Horretarako, zuzenketa egin zeneko eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-eguntzat.

13. artikulua.– Balioespen-batzordea.

1.– Eskabideak aurkezteko aldia amaituta, balioespen-batzorde bat eratuko da, eskabideak onartu eta baztertzeko eta laguntza-eskaeren xede diren jarduerak balioesteko. Kide hauek izango ditu batzorde horrek:

– Kultura Ondarearen zuzendaria. Batzordeburua izango da eta kalitate-botoa izango du, boto-berdinketa gertatuz gero azken erabakia emateko. Postua hutsik dagoenean, zuzendaria azaltzen ez denean edota gaixorik dagoenean, edo legezko beste arrazoiren bat izanez gero, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 19.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz ordeztuko da.

– Kultura Ondarearen Zuzendaritzako teknikari bat.

– Agindu honen xede den arloko aditu bat edo bi, Kulturako sailburuordeak izendatuta. Batzordeko bokalak izango dira.

Baliospen-batzordeko idazkari-lanetan Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Aholkularitza Juridikoko pertsona bat arituko da, Kulturako sailburuordeak izendatuta. Hitza izango du, baina botorik ez. Idazkariaren egitekoa izango da kide anitzeko organo horren jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaintzea, haren jarduketak ziurtatzea eta eraketarako nahiz erabakiak hartzeko prozedura eta arauak errespetatzen direla bermatzea.

Era berean, balioespen-batzordeak gai zehatzak aztertzeko egiten dituen bileretan parte har dezakete bertaratuen gehiengoak onartzen dituen eta jorratu beharreko gaietan jantzita dauden pertsona guztiek, hitzarekin baina botorik gabe.

2.– Balioespen-batzordearen osaera Kulturako sailburuordearen ebazpen bidez jakinaraziko da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da batzordea eratu aurretik.

3.– Balioespen-batzordeko kideak abstenitu egin beharko dira, eta ezetsiak izan daitezke, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritako kasuetan.

4.– Balioespen-batzordeko kideak izendatzeko orduan, ahaleginak egingo dira gizon eta emakumeen kopurua berdintsua izan dadin, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 23. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

5.– Batzordeak dagokion ebazpen-proposamena egingo dio Kulturako sailburuordeari, agindu honen 14. artikuluan ezarritako balioespen-irizpideak oinarri hartuta.

14. artikulua.– Balioespen-irizpideak.

Aurkeztutako eskabideak irizpide hauei jarraikiz ebaluatuko ditu balioespen-batzordeak:

a) Proiektuaren eduki teknikoaren interesa eta kalitatea, 0 eta 35 puntu bitartean. Osotara balioetsiko da honako azpi-irizpide hauek aintzat hartuta:

– Jardueraren xehetasunen maila eta deskribapenaren eta plangintzaren barne-koherentzia. Gehienez, 25 puntu.

– Berrikuntzara eta hobekuntzara bideratuta egotea, plangintzan garapen-prozesua eta jardueraren gauzatzea eta/edo emaitzak ebaluatzeko sistema bat txertatuz. Gehienez, 10 puntu.

b) Jarduerak edo museoaren programazioak kulturaren, hezkuntzaren, zientziaren eta gizartearen arloko beste eragile batzuekin duen lotura-maila, ingurunearekiko loturak sendotzeko eta haren eragina handitzeko. Gehienez, 10 puntu.

c) Dirulaguntzaren xede den proiektuak zer eduki duen emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde. Gehienez, 5 puntu. Proiektuak baldintza hauetakoren bat bete beharko du; puntuazioa modulatu egingo da, gauzatzearen konplexutasunaren eta proposatutako edukiaren irismen potentzialaren arabera:

– Jarduerak berak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko ekintza positiboa egitea du xede nagusitzat.

– Proiektuan egin nahi diren jarduerei buruzko berdintasun-diagnostiko bat txertatu da.

– Ikuspegi estereotipatuak desagerraraztea eta genero-rolak apurtzea sustatzen duen eduki teknikoa du proiektuak.

– Erakunde onuradunak konpromisoa hartzen du dirulaguntza justifikatzeko aurkeztu beharreko jarduera-memorian proiektuarekin zerikusia duen pertsonei buruzko informazioa sexuaren arabera bereizteko.

d) Aurrekontuari dagokionez, gastuak jardueraren ezaugarrien arabera banakatzean emandako xehetasun-maila eta arrazoiak, eta, diru-sarrerei dagokienez, eskatutako dirulaguntza ez diren baliabide propioen eta besteenen proportzioa. Gehienez, 25 puntu.

– Aurrekontuaren xehetasun- eta arrazoizkotasun-maila, jardueraren edukiari eta irismenari dagokienez: 0 eta 15 puntu artean. Eskala honen arabera emango dira:

(Ikus .PDF)

– Eskatutako dirulaguntzaz besteko baliabideekin finantzatzen den jardueraren ehunekoa. Gehienez 10 puntu, eskala honen arabera modu proportzionalean banatuta:

(Ikus .PDF)

e) Erakundeak azkenaldian izandako ibilbideari dagokionez, museoaren edo bildumaren jarduera-memoriaren bidez balioetsiko da, 2020. urteari dagokion jarduera-planaren arabera; gehienez, 25 puntu.

Puntuazioa modu global batean emango da, dokumentuak ematen duen informazioaren zehaztasun- eta xehetasun-mailari erreparatuz, eta kontuan hartuta bertan jarduketaren emaitzaren ebaluaziorako adierazle objektiboak txertatu diren, eragin kultural, zientifiko, sozial eta ekonomikoari dagokienez.

f) Museo eta bildumen lortutako puntuazioari 1,05eko koefiziente biderkatzailea aplikatuko zaio, Euskadiko Museo eta Bilduma gisa aitortu badira Euskadiko Museoei buruzko 7/2006 Legearen II. kapituluan ezarritakoarekin bat etorriz, bai eta 132/2011 Dekretuaren III. eta IV. kapituluetan ezarritakoarekin bat etorriz (Euskadiko Museo eta Bildumen Erregistroaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko araudia onartu eta museo edo bilduma bat «Euskadiko Museoa» edo «Euskadiko Bilduma» dela onartzeko aitorpena arautzen du dekretu horrek).

g) 2ko koefiziente biderkatzailea aplikatuko zaio proiektuek lortutako puntuazioari, baldin eta a) jarduketa-lerroan sartuta badaude –«a) Bilduma osatzen duten funtsak katalogatzea eta dokumentatzea»– eta barnean hartzen badute bildumaren funtsak katalogatzea eta dokumentatzea.

15. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribaturen batek helburu bererako emandako dirulaguntzekin edo beste edozein diru-sarrera edo baliabiderekin, baldin eta gehiegizko finantzaziorik ez badago. Izan ere, halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehieneko mugaraino.

16. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzei dagokienez, Kulturako sailburuordeak, balioespen-batzordeak helarazitako proposamena aztertu ondoren, ebazpena eman eta jakinaraziko du, sei hilabeteko epean gehienez, agindu honek ondorioak dituen egunetik aurrera. Ebazpenak emandako dirulaguntza guztiak zein ukatutako eta onartu gabeko eskabideak jasoko ditu. Emandako dirulaguntzan jasotako diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoa txikiagoa bada aurkeztutako aurrekontuaren zenbatekoa baino, diruz laguntzeko modukoak ez direla iritzita zer gastu baztertu diren jasoko da ebazpenean.

2.– Ebazpen hori argitara emango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-taula elektronikoan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa pertsona interesdunei haren berri eman dakien. Pertsona edo erakunde interesdunak eskabidean aurretik emandako gailu elektronikora eta/edo helbide elektronikora oharra bidaliko zaio, ebazpena argitaratu dela jakinarazteko. Abisu hori ez emanagatik ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da. Ebazpena «Nire karpeta» aplikazioaren bidez jakinaraziko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta),

Gainera, ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Jakinarazpena bide batetik baino gehiagotatik egiten denez, lehenik egin zaionarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.

3.– Ebazpen-epea igarota, pertsona interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi zaiola ulertuko da, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean.

4.– Erakunde onuradunei dirulaguntza horiek emateko, eta, bidezko denean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dauzkaten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.

17. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen pertsona edo erakunde onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Era horretan, dirulaguntza onartutzat hartuko da, baldin eta pertsona edo erakunde onuradunek horri berariaz uko egiten ez badiote hamar egun balioduneko epean, dirulaguntza ematen duen ebazpena argitaratzen denetik hasita.

b) Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.

c) Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen fiskalizazio-lanetarako behar duten informazio guztia ematea.

d) Publikoarekiko harreman ahozko zein idatzietan euskararen erabilera bermatzea.

e) Diruz lagundutako jardueran sortutako dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabiltzea, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestea, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatzea, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzunkidetasuna eta rol eta genero-identitateen pluraltasuna sustatzen dutenak.

f) Emateko ebazpena argitaratzen den egunetik aurrera Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa aipatu beharko dute, eta haren logotipoa jaso beharko dute diruz lagundutako proiektuak zabaltzeko erabilitako material guztietan.

g) Arau hauetan xedatutako obligazioak betetzea kasu guztietan: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikulua.

18. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.

1.– Agindu honen babesean ematen diren dirulaguntzak zatituta ordainduko dira, bi ordainketatan, zehazki. Honela egingo dira ordainketak:

a) Emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren % 50, 17.a) artikuluan adierazitako epean dirulaguntzari uko egin ez bazaio, betiere.

b) Bigarren ordainketan, gainerako zenbatekoa emango zaie, 2022an, onuradunek diruz lagundu den jarduketa eta haren benetako kostua 19. artikuluan adierazitako eran justifikatu ondoren.

2.– Dirulaguntzaren ordainketa ezingo da egin, baldin eta pertsona edo erakunde onuradunak ez baditu ordaindu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, orobat, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta ez badauzka.

19. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluarekin bat etorriz, agindu honetan emandako dirulaguntzen pertsona edo erakunde onuradunek diruz lagundutako jardueren justifikazioko kontua aurkeztu beharko dute dena delako jarduera edo proiektua amaitu ondorengo hiru hilabeteko epearen barruan. Betiere, 2022ko martxoaren 31 izango da justifikazioa aurkezteko epearen azken eguna. Justifikazioko kontuak honako dokumentazio hau jaso beharko du:

a) Jardueren memoria, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak bete direla justifikatzeko, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak zehatz-mehatz azalduta. Memoria horren barruan edo bereiz erantsita, jarduera gauzatu dela edo haren bidez lortutako emaitzak egiaztatzen dituzten irudiak ere aurkeztuko dituzte. Horretarako, aukeran, egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen «justifikazio-memoria» izeneko inprimakia ere erabili ahal izango dute.

b) Egindako jardueren kostua justifikatzen duen memoria ekonomikoa, honako hauek jasota:

– Jardueraren diru-sarreren eta gastuen balantze orokorra. Horretarako, egoitza elektronikoan dagoen «Balantzea» izeneko inprimakia bete edo eredu gisa erabiliko dute. Beste dirulaguntza edo diru-sarrerarik jaso ez badute, dagokion erantzukizunpeko adierazpena egingo dute justifikazioa aurkezteko inprimakian.

– Egindako gastuen zerrenda sailkatua, hartzekoduna eta dokumentua zehaztuta, baita alderdi hauek ere: zenbatekoa, jaulkipen-data, jarduerari egotzitako gastuaren zenbatekoa (hala dagokionean, zerga-oinarria eta BEZa banakatuko dira) eta, behar denean, ordainketa-data. Balantzea izeneko inprimakian bertan jasotako taularen bidez egin daiteke, edo bereiz aurkeztu, kalkulu-orri batean, betiere datu-eredu berari jarraituta.

– Egindako gastuen zerrendan jasotako zeharkako kostuak banatzeko irizpideak, halako kosturik badago.

– Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zerrenda zehatza, zenbatekoa eta jatorria adierazita.

– Gastuak justifikatzeko, fakturak eta merkataritzako zirkulazio juridikoan froga-balio baliokidea duten edo administrazio-efikazia duten bestelako agiriak aurkeztuko dira (jatorrizkoak zein fotokopia konpultsatuak), bai eta faktura elektronikoak ere.

c) Hala badagokio, pertsona edo erakunde onuradunak, agindu honen 5. artikulua aplikatuz, eskatu behar zituen hiru aurrekontuen kopia, edo horiek ez aurkeztea justifikatzen duen memoria, betiere 5. artikulu horretan ezarritako salbuespenekin bat etorriz.

d) Jarduerari erakunde onuradunaren langile iraunkorren gastuak egotziz gero, erakunde onuradunak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, pertsona bakoitzeko honako hauek zehaztuta: egindako zereginak, jarduerari egotzitako ordu kopurua eta dagokien kostua. Erakunde onuradunak jarduera egiteko langileak aldi baterako kontratatu baditu, dagokien kontratuaren kopia; han, jarduera zehatza eta zer eginkizun egiteko kontratatu dituen azalduko du.

20. artikulua.– Likidazio-ebazpena.

Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere dirulaguntzaren xedea bete bada– edo beste erakunde publiko zein pribatu batzuetatik beste laguntzaren edo dirulaguntzaren bat jaso bada, dirulaguntzaren zenbatekoa likidatu ahal izango da. Horretarako, Kulturako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du, eta hor, alegazioak egiteko izapidea bukatu ondoren, emandako dirulaguntzen zenbatekoak doituko dira, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 5. artikuluan ezarritakoaren arabera (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako dirulaguntzen berme eta itzulketetarako araubidea ezartzen duena, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta obligazioak ezartzen dituena).

21. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Honako hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako dirulaguntzak, osorik zein partez, aurreikusitako jardueretarako erabili beharrean, beste proiektu batzuetarako erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

c) Dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean adierazten den zenbatekoa ez itzultzea, hala badagokio, horretarako ezarritako epean.

d) Honako xedapen hauetan ezarritakoak: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan.

e) Dirulaguntzen arloan aplikatzekoa den beste edozein xedapenek ezarritako beste edozein betebehar orokor ez betetzea.

2.– Horrelako ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbateko guztiak edo haien zati bat eta dagozkien berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere honako hauetan xedatutakoari jarraikiz: Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37.2 artikulua; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; eta 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen berme eta itzulketetarako araubidea ezartzen duena, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta obligazioak ezartzen dituena.

3.– Nolanahi ere, erakunde onuradunaren betearazpen-maila nabarmen hurbiltzen bada erabateko betearazpenera, eta erakunde onuradunak argi eta garbi egiaztatzen badu bere konpromisoak betetzera bideratutako jarduera bat egin duela, dirulaguntzaren azken zenbatekoa dirulaguntzaren xede den jardueraren ez-betetze mailaren araberakoa izango da, proportzionaltasun-printzipioa errespetatuta.

Ondorioz, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3 n) artikuluan xedatutakoaren arabera, jardueraren betearazpenaren ez-betetze partziala mailakatzeko irizpide gisa ezartzen da diruz lagundutako proiektuaren garapen-maila gutxienez eskatutako aurrekontu osoaren % 70era iritsi izana, eta itzuli edo ordaindu beharreko zenbatekoa proportzionalki kalkulatu behar da atalase horretatik aurrera.

Kasu horretan, likidazio-ebazpen bat emango da, azkenean emandako zenbatekoa murriztuko duena, benetan gauzatutako proiektu-zatiaren proportzioan.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu pertsonalak babestearen arloko informazio-klausula.

– Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Ondarearen Zuzendaritza. Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz, Araba. Telefonoa: 945 01 80 00. Webgunea: http://euskadi.eus

– Xedea: Euskadiko museo eta bildumetarako dirulaguntzak ematea 2022. urtean.

– Legitimazioa: interes publikoan edo tratamenduaren arduradunari emandako ahalmen publikoak erabili bitartean eginkizun bat betetzeko behar den tratamendua (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua).

– Hartzaileak: arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

– Eskubideak: zuk eskubidea duzu zure datuak eskuratu, zuzendu eta ezerezteko, bai eta tratamendua mugatu zein aurkaratzeko, informazio gehigarrian azaltzen den moduan.

– Informazio gehigarria: gure webgunean kontsulta daiteke datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/dbao/0037509

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan aurreikusitakoaz gain, honako hauek ere aplikatuko dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 18a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala