Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

106. zk., 2021eko ekainaren 1a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
3129

AGINDUA, 2021eko maiatzaren 11koa, Osasuneko sailburuarena, EAEn GIBa/hiesa, C hepatitisa (CH) eta sexu-transmisiozko infekzioak (STI) prebenitzeko eta kontrolatzeko programak garatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeei laguntzak emateko deialdiaren oinarriak onartzen dituena.

GIBaren/hiesaren, CHren eta STIen alorrean irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeek EAEn gauzatutako jarduerak, herri-administrazioek burututako jarduerekin batera, ezinbesteko tresna dira infekzio horien transmisioa prebenitzeko eta dagoeneko gaixotasuna duten pertsonen egoera hobetzeko lanean.

«Euskadirako Osasun Politikak. 2013-2020» dokumentuaren 2.11 helburua da transmisio bidezko infekzioak eta GIBaren diagnostiko berantiarra murriztea, eta, horretarako, prebentzioaren garrantzia nabarmentzen da.

Osasuneko sailburuaren 2021eko martxoaren 8ko Aginduaren bidez (zeina euskadi.eus egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu zen) onartutako Osasun Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, osasunaren sustapena eta gaixotasunen prebentzioa dira sail horren dirulaguntzen ildoetako bat. Lan-ildo horretan kokatzen da GIBaren/hiesaren alorreko dirulaguntza, eta horren xede nagusia da GIBaren transmisioa eta, oro har, sexu-transmisiozko infekzioak biztanleengan prebenitzea, bereziki gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoen kolektiboan.

Testuinguru horretan kokatu behar da, halaber, Euskadin C Hepatitisari Arreta emateko Estrategia, Osasuneko sailburuak 2015eko uztailaren 14ko Aginduaren bidez onartutakoa. Dokumentu horretako 2. estrategia-ildoaren oinarria da C hepatitisaren birusa (CHB) transmititzea eragotziko duten neurriak sustatzea. Zehazki, xede nagusi gisa ezartzen da «CHBaren transmisioa eragozteko prebentziozko neurriak sustatzea, osasunaren esparruan, zain barneko bidezko droga-erabiltzaileen eta gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoen kolektiboan».

Garatu beharreko jardueren artean ezartzen da, orobat, «Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planarekin elkarlanean jardutea bide parenteraleko droga-erabiltzaileen eta gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoen kolektiboekin».

CHak eta GIBak, hain zuzen, transmisio-bideak partekatzen dituzte hein batean (injektatutako drogen erabilera, gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoen arteko transmisioa), eta, beraz, prebentzio-neurriak eta gizarte-kolektibo ahulenak ere partekatzen dituzte. Hori dela eta, egoki ikusten da agindu honen xede nagusia zabaltzea, CHaren prebentzioa ere barnean hartuta.

Testuinguru horretan, agindu honen helburua da irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeek 2021eko ekitaldian aurkeztutako eta egindako proiektuetarako dirulaguntzen deialdiaren oinarriak onartzea; proiektu horien bidez, erakunde horiek GIBa/hiesa, CHa eta STIak prebenitzeko eta kontrolatzeko programak gauzatu behar dituzte EAEn.

Deialdi honen zein beraren ebazpen- eta izapidetze-jardueren esparru juridikoa bat dator honako xedapen hauek ezarritakoarekin: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko arauak; Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren oinarrizko arauak, eta urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

Agindu honetako laguntzek ez dituzte betetzen EBren funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluko 1. apartatuan jasotako betekizun guztiak, eta, beraz, ez dira estatu-laguntzak. Ondorioz, ez da beharrezkoa inongo izapiderik egitea Europako Batzordearen aurrean.

Agindu honek behar besteko aurrekontu-kreditua dauka Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko Aurrekontu Orokorretan dagokion partidan.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren eremua eta helburua.

1.– Laguntzetarako deia egiten zaie Euskal Autonomia Erkidegoan 2021ean GIBa/hiesa, C hepatitisa eta STI sexu-transmisiozko infekzioak prebenitzeko eta kontrolatzeko jarduerak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeei. Lehentasuna emango zaie ikuspegi sozio-ekonomikotik kalteberenak diren kolektiboei zuzendutako jarduerei, bazter utzi gabe biztanleria orokorra xede duten jarduerak, agindu honen 11. artikuluan xedatutako balioeste-irizpideen arabera.

Deialdi honen ondorioetarako, kolektibo kalteberatzat hartzen dira GIBa, C hepatitisaren birusaren eta sexu-transmisiozko infekzioen eragin- eta prebalentzia-maila handia dutenak, hala nola gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoak, etorkinak, bide parenteraleko droga-erabiltzaileak eta prostituzioan aritzen direnak.

2.– EAEn garatzen diren honako proiektu mota hauek izango dira deialdi honetako laguntzen onuradun:

a) Gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoen kolektiboari bideratutako esku hartzeko proiektuak, aintzat hartuta egun GIBak, C hepatitisak eta STIek kolektibo horretan duten eragin epidemiologikoa.

b) GIBarekiko, C hepatitisarekiko eta STIekiko kalteberak diren bestelako kolektiboei bideratutako proiektuak: bide parenteraleko droga-erabiltzaileak, prostituzioan aritzen diren pertsonak eta, oro har, gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonak.

c) C hepatitisaren, GIBaren, eta sexu-transmisiozko infekzioen diagnostiko goiztiarra lortzera bideratutako proiektuak.

d) GIBarekin bizi diren pertsonei laguntza psikologikoa eta soziala emateko proiektuak.

3.– Deialdi honetan diruz lagundutako ekintzetatik kanpo geldituko dira Osakidetzak edo Osasun Sailak garatutako jardueren parekoak diren ekintzak. Horien artean, aipatu beharra dago ikastetxeentzat prestatutako material pedagogikoa, hain zuzen ere sexualitatearen eta afektibitatearen heziketarako programak garatzekoa eta GIBa, STIak eta nahi gabeko haurdunaldiak prebenitzekoa.

2. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– Deialdian parte hartzeko interesa duten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeek honako eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Erakundeek legez eratuta egon behar dute, eta dagokien erregistro administratibo ofizialean behar bezala izena emanda, izaera juridikoaren (fundazioa, elkartea edo bestelakoak) eta egoitza sozialaren lurraldearen arabera, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu baino urtebete lehenagotik gutxienez.

b) Irabazi-asmorik gabeak izan behar dute.

c) Egunean eduki behar dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izango dituzte.

d) Ez dute izan behar zehapen penalik edo administratiborik, dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten duenik, ez eta horretarako ezgaitzen dituen debeku legalik ere, sexu-bazterkeriagatik ezarritako debekuak barnean direla.

e) Ez dute egon behar Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2 eta 3 artikuluak erakunde onuradun izateko ezartzen duen debekuren baten eraginpean.

2.– Erakundeek artikulu honetan xedatzen diren eskakizunak bete beharko dituzte laguntza ematen duen ebazpenaren bidez dirulaguntzen onuradun izateko. Gainera, prozesu osoan zehar bete beharko dituzte betekizunak, emandako dirulaguntza likidatu arte.

3.– Erakundeek, onuradunaren izateko ezgaitzen dituen debekurik ez dutela justifikatzeko, erantzukizunpeko adierazpen bat egin beharko dute, agindu honen 7. artikuluan xedatutakoaren arabera, horregatik eragotzi gabe organo kudeatzaileak beharrezkotzat jotzen dituen egiaztatze-jarduerak.

3. artikulua.– Dirulaguntzaren aurrekontu-hornidura eta deialdiaren organo kudeatzailea.

Agindu honen helburua betetzeko, 300.000 euro (hirurehun mila) bideratuko dira.

Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria izango da deialdiaren organo kudeatzailea.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Laguntzak jarduerak ordaintzeko dira, eta ez dira erabiliko langile-egitura egonkorra mantentzeko edo entitateen azpiegitura fisikoetan inbertitzeko.

2.– Diruz lagundu ahal izango dira dirulaguntza jaso duen programarekin erlazio zuzena eta objektiboa duten jarduerek eragindako gastuak, betiere behar bezala zehazten badira entitateak aurkeztutako proiektuan eta 14. artikuluan xedatutakoaren arabera justifikatzen badira. Aipatutako gastuak, dirulaguntza jaso baino lehenagokoak izan ahal izango dira, baina, betiere, 2021ean eginak.

3.– Jarduerarako dirulaguntza erabil daiteke entitateko soldatapeko langileen kostuak ordaintzeko, langileek jarduera horretan egindako lanari dagokion proportzioan, eta eskatutako zenbateko osoaren % 10 erabili ahal izango da zeharkako kostuak ordaintzeko. Zeharkako kostuak dira entitatearen egiturazko gastuak, azpiegitura fisikoenak barne, baita dieta-, desplazamendu- eta kudeaketa-gastuak ere, beharrezkoak direnak dirulaguntza jaso duen jarduera bat egiteko, zuzenean jarduera jakin horri ez dagozkion arren.

4.– Ez dira diruz lagunduko finantza-gastuak, lizentziak, inbertsio-gastuak, interesetatik eratorritako gastuak, errekarguak, zehapen administratiboak zein zigor-arlokoak (hala nola zergak edo Gizarte Segurantza ez ordaintzeagatik eratorritako zehapen administratiboak), ezta prozedura judizialen gastuak ere.

5.– Diruz lagunduko dira ezarritako epean egindako gastuak, hau da, egiazki ordaindu direnak. Diruz lagundu daitezkeen gastuak, edozein kasutan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriko dira.

6.– Diruz lagundutako jarduerak garatzeko hirugarren pertsonak kontratatu behar izanez gero, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko Erregelamendu Orokorraren 68. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte erakunde onuradunek. Azpikontratazioa ezingo da izan diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50etik gorakoa.

7.– Halaber, erakunde onuradunak, dirulaguntzaren xedeko jarduera egiteko egin beharreko gastuak kontratatzeko, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31.3 artikuluan aurreikusitakoa bete beharko du, baldin eta diruz lagundu daiteken gastuaren zenbatekoa handiagoa bada sektore publikoko kontratazioa arautzeko legerian kontratu txikietarako ezarritako zenbatekoak baino.

5. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak dira administrazio berak edo beste batzuek edo erakunde publiko edo pribatuek, nazionalek, Europar Batasunekoek edo nazioarteko organismoek jarduera bererako emandako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikoekin. Baina dirulaguntzaren zenbateko soilak edo gainerako finantzaketa-iturriekin bateratuak ezingo du diruz lagundutako jardueraren kostua inola ere gainditu.

2.– Proiektu bera gauzatzeko finantzaketa-iturriek emandako laguntzen zenbatekoa proiektuaren beraren kostua baino handiagoa izanez gero, agindu honen babesean emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da soberakinaren proportzioan.

6. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoaren mugak.

Proiektu bat diruz lagundu daitekeela uste bada, aurkeztutako aurrekontuaren eta, halakorik balego, beste finantzaketa-iturrien arabera zehaztuko da laguntzaren zenbatekoa. Dena den, laguntzak ezingo du aurrekontu horren % 80 gainditu, ezta proiektuko 50.000 eurotik gorakoa izan ere.

7. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskabidea agindu honen I. eranskinean jasota dagoen inprimaki elektronikoa betez egingo da, hor ageri diren egitura eta edukia dituela; 21. artikuluan adierazitako egoitza elektronikoan ere egongo da eskuragarri inprimakia.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50.6 artikuluan xedatzen denari jarraituz, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu behar da eskabidearekin batera, honako eskakizun hauek egiaztatzeko:

Erakundeek legez eratuta egon behar dute, eta dagokien erregistro administratibo ofizialean behar bezala izena emanda, izaera juridikoaren (fundazioa, elkartea edo bestelakoak) eta egoitza sozialaren lurraldearen arabera, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu baino urtebete lehenagotik gutxienez.

Erantzukizunpeko adierazpenean bildutako datuak benetakoak direla egiaztatu behar dute, kasuan kasuko prozedura ebatzi aurretik, eta, horretarako, dagozkion agiriak aurkeztu behar dute, kudeatzaileak egiazta dezan baldintza hori betetzen dela.

Ez dute sartuta egon behar Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik ere tramitatzen ari den itzulketa- edo zehapen prozeduraren batean. Baiezko kasuan, ordea, zehaztu beharko da zein den prozedura.

Erakunde eskatzaileak egiztatu behar du ez dagoela laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten eraginpean, edo ez daukala horretarako legezko debekurik.

Ez du egon behar Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2 eta 3. artikuluan erakunde onuradun izateko xedatutako debeku-egoeraren batean.

Organo kudeatzaileak zuzenean eskuratuko du, eskumena duten herri-administrazioen aurrean, entitateak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari lotutakoak beteta dituela egiaztatzen duen informazioa. Eskaeraren bidez, erakundeak espresuki ukatzen badu ofiziozko jarduera horretarako baimena, eskabideari gehitu beharko dizkio bi egiaztapen-ziurtagiri, horretarako eskumena duen organoak egindakoak.

Era berean, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, erakundeak adieraziko du xede eta helburu berbera duen bestelako laguntzaren bat eskatu dien edo ez herri-administrazio honi edo beste batzuei, erakunde publiko edo pribaturen bati, nazionalei, Europar Batasunekoei edo nazioarteko organismoei. Halako eskaerarik egin badu, laguntza eman dioten edo ebazteke dagoen adieraziko du, hori guztia agindu honen 17.5 artikuluan xedatzen den betebeharrari kalterik eragin gabe.

2.– Aurkeztutako proiektuak GIBaren/hiesaren, CHren edota STIen arloan izan dezakeen eragina azaltzen duen txostena: xedeak, nori zuzendua dagoen, genero-ikuspegiaren integrazioa, hautatze-irizpideak, materiala eta metodoak, aurreikusitako emaitzak eta horiek baloratzeko erabiliko diren parametroak, proiektuaren ardura izango dutenak eta eskatzaileek garrantzitsutzat jotzen duten oro.

3.– Diruz laguntzeko eskatu eta 2021ean egingo diren programa eta jarduerentzako aurrekontu xehatua. Horretarako, II. eranskina beteko da.

4.– Programa horiek finantzatzeko plana. Zehazki adieraziko da zein izango diren finantziazio-iturriak (izena emateko kuotak, eman diren edo ebazpenaren zain dauden beste laguntza publiko edo pribatu batzuk, etab.). Beste finantziazio-iturriren bat lortuz gero, horren berri emateko konpromisoa ere adierazi behar da.

5.– Finantzaketa zer jarduera egiteko eskatu den hobeto ezagutzeko beharrezkoa den dokumentu osagarri oro.

8. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea eta era.

1.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariari zuzenduta aurkeztuko da eskabidea.

2.– Eskabide bat aurkeztu behar da irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakunde bakoitzak aurkeztutako proiektu bakoitzeko.

3.– Bitarteko elektronikoen bidez baino ezin dira aurkeztu eskabideak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluaren arabera.

Horretarako, izapidetze elektronikoari buruzko agindu honen 21. artikuluan zehazten den bezala, egoitza elektronikora sartu beharko da helbide honetan: https://goo.gl/qn4as2

4.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako agiriak. Orobat, eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluak ezartzen duenari jarraituz.

9. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

Eskabideak oinarri hauetako baldintza guztiak betetzen ez baditu, osatugabea edo akastuna bada, erakunde interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean hutsa zuzentzeko edo nahitaezkoak diren dokumentuak aurkezteko; eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskabidea bertan behera utziko zaiola, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatutakoaren arabera.

10. artikulua.– Organo kudeatzaileak datuak egiaztatzea.

Erakundeak, eskaeraren bidez, baimena eman ahal izango dio organo kudeatzaileari, dagokion administrazio publikoaren aurrean kontsultatu edo eskatu ditzan erakundearen nortasun-datuak eta, halaber, egiazta dezan betekizunak betetzen direla. Erakundeak baimena ematen duela ulertuko da, eskaeran ez badu espresuki aurkakoa adierazten. Ez badu baimenik ematen, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu nahitaez.

Organo kudeatzaileak behar beste egiaztapen egin ahal izango ditu prozedura legezkoa dela bermatzeko. Nolanahi ere, laguntzak eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen, beharrezko diren egiaztapenak egingo dira.

2.– Erantzukizunpeko adierazpen baten barruan edo harekin batera aurkezten diren datu, adierazpen eta dokumentuetan funtsezko zehaztugabetasunen bat, faltsukeriaren bat edo ez-egiteren bat badago, prozedura bertan behera geldituko da, gertakari horiek jakiten diren unetik, horrek ekar ditzakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak alde batera utzi gabe.

Halaber, egoera horren berri ematen duen Administrazio Publikoaren ebazpenak erabaki dezake entitate interesdunak dirulaguntza itzuli behar izatea –hala balegokio– eta helburu bereko beste prozedura bat abian jarri ezin ahal izatea denbora-tarte jakin batez; hori guztia, aplikatu beharreko arauetan ezarritakoaren arabera.

11. artikulua.– Proiektuak balioesteko irizpideak.

1.– Jarraian, balioespen-irizpideak zehaztuko ditugu, eta irizpide bakoitzari zenbat puntu dagokion esango dugu. Irizpide hauek erabiliko dira, hain zuzen, eskabideen lehentasun-ordena ezartzeko. Gehienez 100 puntu eskuratu ahal izango dira, eta, gutxienez, 50 puntu. 50 puntu baino gutxiago lortzen duten eskabideek ez dute dirulaguntzarik jasoko.

a) Deialdiaren xedera egokitzea: 25 puntu, gehienez, honela banatuta:

1) Gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoen kolektiboari bideratutako esku hartzeko proiektuak, aintzat hartuta kolektibo horretan GIBak, C hepatitisak eta STIek egun duten eragin epidemiologikoa. 12 puntu.

2) GIBa, CHa eta STIak goiz diagnostikatzera bideratutako proiektuak. 6 puntu.

3) GIBari, C hepatitisari eta STIei dagokienez kalteberak diren bestelako kolektiboei bideratutako proiektuak, hala nola: etorkinak, bide parenteraleko droga-erabiltzaileak eta prostituzioan aritzen direnak. 5 puntu.

4) GIBarekin bizi diren pertsonei laguntza psikologikoa eta soziala emateko proiektuak. 2 puntu.

b) Diseinuaren kalitate teknikoa, hau da, harreman koherentea egotea eraginpean jarri nahi diren faktoreen, lortu nahi diren helburu espezifikoen, helburu horiek eskuratzeko aurreikusitako jardueren eta helburu horiek lortzeko adierazleen ebaluazioaren artean: 20 puntu, gehienez, honela banatuta:

– Proposatutako jardueraren justifikazioa: 3 puntu.

– Jardueraren bideragarritasuna eta faseen, egitekoen, kokalekuaren eta iraupenaren deskribapena: 14 puntu.

– Ebaluatzeko metodoa: 3 puntu.

c) Erakundearen ibilbidea eta esperientzia, eta proposatutako jarduera edo proiektuaren jarraitutasuna: 20 puntu, gehienez, honela banatuta:

– Elkartearen ibilbidea: 10 puntu.

– Jardueraren edo proiektuaren jarraitutasuna: 10 puntu.

d) Jardueraren diseinuan eta garapenean hainbat balio gehigarri sartuta egotea (ekintza boluntarioa, elkarri laguntzea, hartzaileek parte hartzea esku-hartzearen diseinuan, kudeaketan eta ebaluazioan): 10 puntu, gehienez, honela banatuta:

– Elkarren arteko laguntza eta boluntariotza sustatzea: 5 puntu.

– Xede diren biztanleek parte-hartzea diseinuan, kudeaketan eta ebaluazioan: 5 puntu.

e) Jardueraren biztanle-estaldura (pertsona hartzaile- edo onuradun-kopurua, zuzenean edo zeharka) eta desberdintasun sozioekonomikoei erantzutea: 8 puntu, gehienez, honela banatuta:

– Jarduera-eremua: 4 puntu.

– Ezberdintasun sozioekonomikoei erantzutea: 4 puntu.

f) Jarduera gizarte-ekimeneko beste erakunde, federazio edota instituzio batzuekin elkarlanean egitea, sareko lana indartuz: 4 puntu, gehienez.

g) Proposatutako jarduerak izaera berritzailea izatea, edo aurreko urtearekin alderatuta, hobekuntza berritzaileak sartzea proiektuan: 4 puntu, gehienez.

h) Ezarritako koordinazioa eta aurreikusitako sinergia, jardueraren eta osasun-esparruko eta/edo osasun- eta gizarte-esparruko prestazio, zerbitzu, jarduera edota politika publikoen artean: 4 puntu, gehienez.

i) Genero-ikuspegiaren integrazioa: 5 puntu, gehienez.

2.– Dirulaguntza jaso ahal izateko, eskabideek gutxienez 32,5 puntu eskuratu beharko dute a), b) eta c) ataletako puntuazioa batuta. Atal horietako bakoitzak, bere aldetik, beste bi ataletako bakoitzaren puntuen erdiak izan beharko ditu, gutxienez.

12. artikulua.– Eskabideak baliostea eta zenbatekoak zehaztea.

1.– Aurkeztutako eskabideak balioesteko, balioespen-batzorde bat eratuko da, eta hauek izango dira kideak: Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria (Itziar Larizgoitia Jauregui andrea), batzordeko lehendakaria izango dena; Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planaren arduraduna (Antonio Arraiza Armendariz jauna) eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariorde kargua duten pertsonak Osasun Saileko lurralde-ordezkaritzetan (Joseba Bidaurrazaga Van-Dierdonck jauna, Elena Albisua Cortazar andrea eta Juan Carlos Fernández Crespo jauna). Kide anitzeko organoko idazkaritzari dagokionez, batzordeburuak batzordekideen artean izendatutako pertsonak beteko du. Haren zeregina izango da kide anitzeko organoaren jardueren legezkotasun formala zein materiala zaintzea, baita Sektore publikoaren erregimen juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 16., 17. eta 18. artikuluetan adierazten diren bestelako funtzioak ere.

2.– Epean eta modu egokian aurkeztutako dokumentazioan oinarrituta balioetsiko ditu eskaerak balioespen-batzordeak.

3.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak eta balioespen-batzordeak behar beste argibide eta dokumentazio osagarri eskatu ahal izango diete erakunde eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera hobeto ulertu ahal izateko.

4.– Balioespen-batzordeak erabakiko du programa bakoitzari zenbat diru eta zenbat puntu eman, agindu honetan adierazitako balioespen-irizpideen arabera.

Agindu honetan deitutako dirulaguntzak lehiaketa-prozedura bidez emango dira.

Diruz lagundutako proiektu bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa proportzionaleko sistema bat aplikatuko da: 11. artikuluan zehaztutako irizpideak aplikatuz, balioespen-fasean lortzen den puntuazioaren arabera banatuko da 3. artikuluan zehaztutako dotazio ekonomiko osoa.

Hasierako banaketan esleitzen den zenbatekoak 6. artikuluan ezarritako mugaren bat gainditzen badu, muga hori aplikatuko da, eta soberakina balioespen-fasean lortutako puntuazioarekiko modu proportzionalean banatuko da, muga horiek gainditzen ez dituzten proiektuen artean. Birbanaketa hori egingo da banaketa baten ondoren mugaren bat gainditzen bada edo harik eta hautatutako eskabide guztiak gehieneko zenbatekoen arabera ordaintzen diren arte.

5.– Aurkeztutako proiektuen ebaluazio konparatua –ezarritako irizpideen arabera– egin ondoren, eta dagozkien zenbatekoak zehaztu ondoren, agindu honetan horretarako ezartzen denaren arabera, balioespen-batzordeak ebazpen-proposamena egingo dio Osasuneko sailburuordeari, eta bertan, hau adieraziko dio: zer dirulaguntza ematea proposatzen duen, erakunde onuradunak zein diren, finantzatuko den proiektu bakoitzaren zenbateko banakatuak, eta, hala badagokio, dirulaguntza ukatu zaien proiektuak zein diren, eta zergatik ukatu zaien.

13. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.

1.– Aurkeztutako eskaerak prozedura bakar batean izapidetuko dira. Osasuneko sailburuordearen ebazpen bidez amaituko da prozedura, balioespen-batzordearen proposamena kontuan hartuta. Entitate parte-hartzaileek prozeduran planteatutako gai guztiak erabakiko ditu ebazpenak.

2.– Ebazpenean ezarriko da eskatutako dirulaguntzak ematen edo ukatzen diren. Laguntzak ematea erabakitzen bada, honako hauek adieraziko dira: entitateak zein diren, guztira zenbateko dirulaguntza emango zaion haietako bakoitzari eta zenbat emango zaion finantzatutako proiektu bakoitzari. Dirulaguntza ukatzen bada, ordea, zergatia azaldu beharko da.

3.– Ebazpena EHAAn argitaratuta jakinaraziko da. Prozedura ebatzi eta ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko epea gehienez ere lau hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota, ebazpenik argitaratu ez bada, erakunde interesdunek dirulaguntza eskaera ezetsi egin dela ulertu ahal izango dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritako ondorioetarako.

4.– Ematen den ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik aurrera, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoa betez.

5.– Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak erakunde onuradunei esleitu, eta, hala badagokio, ordaindu aurretik, amaituta egon behar dute Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako antzeko dirulaguntzen esparruan hasita dauden eta oraindik izapidetzen ari diren itzultze- edo zehatze-prozedurek.

14. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Diruz lagundutako proiektua egin dela justifikatzeko, irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakunde onuradunek dokumentazio hau aurkeztu behar dute:

a) Txosten teknikoa, helburuak zenbateraino bete dituzten azaltzen duena eta helburu bakoitza bete den mailari buruzko ebaluazioa egiten duena, datuak sexuaren arabera emanda, hala behar denean.

b) 2021. urteko gastuen memoria (III. eranskina) edo justifikazio-kontua, zeinetan adieraziko baita zer dokumentu aurkezten diren eta horien zenbatekoak. Dirulaguntza emateko ebazpenean zehaztutako gastu-kontzeptuen arabera taldekatu behar dira datu horiek, aginduaren III. eranskinean jasotako ereduaren arabera. 21. artikuluan aipatutako egoitza elektronikoan ere eskuragarri dago eredu hori.

c) Dirulaguntzaren xede den proiektua benetan gauzatu dela egiaztatzen duten fakturak edo bestelako ordainketa-egiaztagiriak, erakunde eskatzailearen ordezkariak izenpetuta. Gainera, agiri horiek egiazkoak direla ziurtatzen duen erantzukizunpeko adierazpena ere aurkeztu beharko dute.

d) Jarduera edo zerbitzua gauzatu dutela edo dirulaguntzaren xedea bete dutela egiaztatzen duen beste edozein agiri.

d) Aurkeztutako dokumentazioak Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako jarduera elektronikoen araubidea bete beharko du. Zehazki, lege horren 28.4 eta 27.3 artikuluetan jasota dago araubide hori, horietan arautzen baitira interesdunek aurkeztutako dokumentuek bete behar dituzten baldintzak. Aintzat hartuko da, halaber, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 30. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 72. eta 73. artikuluetan xedatutakoa.

Dokumentazioa aurkezteko azken eguna 2022ko urtarrilaren 15a da.

2.– Emandako laguntzaren kontura ordaindutako gastuek dirulaguntzaren xedeko jarduera gauzatzean sortutakoak izan behar dute. Behar bezala justifikatutako gastuak hauek izango dira:

a) Irabazi-asmorik gabeko gizarte-erakunde onuradunaren izenean jaulkitako fakturen bidez justifikatutakoak, ordainketa egiazki egin dela egiaztatzeko. 2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean sortutako gastuei dagozkien fakturak bakarrik onartuko dira, epe horretan jaulkitakoak eta ordaindutakoak badira, betiere.

b) Banku-zordunketako ordainketa-agirien bidez justifikatutakoak (finantza-entitateek egiten dituzte, eta faktura bati dagozkion datuak izaten dituzte, zenbakia eta seriea izan ezik).

c) Lan-kontratudun langileei dagozkien gastuetan, soldaten ordainagirien bidez justifikatutakoak (ordainagiriek eredu ofizialen eta Gizarte Segurantzako kotizazioko aldizkari ofizialen araberakoak izan behar dute).

d) Balio erantsiaren gaineko zergatik salbuetsita dauden noizbehinkako lanetan, enpresariak edo profesionalak ez diren pertsona fisikoek egiten dituztenean (hartzaileak), gastua justifikatzeko, irabazi-asmorik gabeko gizarte-erakunde onuradunak idazki bat egingo du, eta horren ordezkariak sinatuko du. Idazki horrek, gutxienez, honako hauek jaso behar ditu: ordezkariaren, irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakunde onuradunaren eta hartzailearen izen-abizenak edo izen soziala, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea; eragiketaren deskribapena eta guztizko zenbatekoa; idazkiaren jaulkipen-data; «hartu dut» eta pertsona hartzailearen sinadura, eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipena.

3.– Dirulaguntza jaso aurretik eginiko gastuak ordaindu daitezke jasotako dirulaguntzarekin, baldin eta gastu horiek dirulaguntza jaso duten jardueretan sartzen diren ekintza eta kontzeptuen kostu errealak badira eta 2021. urtean sortutakoak badira.

15. artikulua.– Justifikatzeko aurkeztutako dokumentuetako akatsak zuzentzea.

Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, laguntza justifikatzeko aurkezten den dokumentazioan hutsegiteren bat edo ez-egiteren bat egonez gero, erakundeari hamar egun balioduneko epea emango zaio, jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita, hutsegitea konpon dezan edo eskatutako dokumentazioa aurkez dezan. Ez badu eskakizun hori epe eta modu egokian betetzen, delako eskakizuna behar bezala egiaztatu gabe dagoela joko da, eta agindu honen 22. artikuluan aurreikusitako ondorioak aplikatuko dira.

16. artikulua.– Laguntzen ordainketa.

Honela ordainduko da agindu honen babesean emandako dirulaguntza:

a) Dirulaguntzaren % 70 ordainduko da ebazpena onartu eta argitaratu eta gero, laguntza, esanbidez edo isilbidez, onartzen denean, agindu honen 17.1 artikuluan ezarritako epean.

b) Gainerakoa kobratzeko (emandako zenbatekoaren % 20), dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko du erakunde onuradunak, 14. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Edozein ordainketa egin baino lehen, erakundeak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari lotutakoak beteta dituela egiaztatuko da, bai eta dirulaguntzak itzultzeko prozeduretatik eratorritako zor guztiak ordaindu dituela ere.

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Alde batera utzi gabe indarrean dagoen araudiak xedatzen dituen eta ezartzekoak diren beste betebehar batzuk, eta, bereziki, bazter utzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikuluan jasotako betebeharrak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan jasotakoak, honako betebehar hauek izango dituzte agindu honetan ezarritako dirulaguntzen erakunde onuradunek:

1.– Emandako dirulaguntza onartu beharko dute. Ildo horretatik, dirulaguntza eman izanaren ebazpena EHAAn argitaratu eta hamar eguneko epean enpresa onuradunek berariaz laguntzari uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat joko da.

2.– Dirulaguntzaren xede den proiektua gauzatu beharko dute, eta jasotako laguntza guztia bideratu beharko dute horretara.

3.– «Hirugarren interesdunaren datuei alta» emateko Eusko Jaurlaritzaren inprimakia bete beharko dute, edo, hala dagokionean, «Hirugarrenaren datuak aldatzea» eskatzekoa, salbu eta aurretik Eusko Jaurlaritzan aurkeztu badira. Horretarako epea laguntza onartzeko edo hari uko egiteko aurreko puntuan adierazitako epe bera izango da.

4.– Aldaketaren bat izan bada dirulaguntzak ematerakoan eskatu eta kontuan hartu den betekizunen batean, horren berri idatziz eman beharko diote organo kudeatzaileari, aldaketa gertatu eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.

5.– Helburu berbererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat lortu bada beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen baten aldetik, horren berri eman behar diote organo kudeatzaileari, jakinarazpena jaso eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.

6.– Dirulaguntza emango duen erakundeari egiaztatu egin behar diote betebehar eta baldintza guztiak betetzen direla eta dirulaguntza jasotzea eta baliatzea eragin duen jarduera gauzatu dutela.

7.– Osasun Sailari lagunduko diote jarduera horiek egiaztatu, ikuskatu, segimendua egin, ebaluatu eta kontrolatzeko prozeduretan, eta honako kontrol-saio hauen mende jarriko dira: Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkionak –Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargura emandako laguntzak eta dirulaguntzak diren heinean–, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusitakoak.

8.– Jasotako funtsak zertan erabili diren frogatzen duten agiriak 5 urtez gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatuak eta kontrolatuak izan daitezkeen bitartean.

9.– Hautatutako erakundeek agindu honen bidez finantzatutako programak edo jarduerak argitaratzen badituzte, honako testu hau jaso beharko dute espresuki: «Osasun Sailak diruz lagundua».

10.– Proiektuak informazio materiala (idatzia zein ikus-entzunezkoa) argitaratzea ere aurreikusten badu, argitaratu aurretik Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren oniritzia eta baimena lortu beharko ditu. Horretarako, helbide elektroniko honetara bidali beharko du materiala: secresida@osakidetza.eus

18. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntzak emateko ebazpena alda liteke, baldin eta dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere, dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada– eta, hala badagokio, dirulaguntza horrekin batera Eusko Jaurlaritzak edo beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako dirulaguntzaren bat edo laguntzaren bat jaso bada. Horretarako, dagokion aldaketa-ebazpena emango du Osasuneko sailburuordeak, eta, ebazpen horretan, esleitutako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira. Horiek emateko, honako irizpide eta muga hauek aplikatuko dira:

Gastuen justifikazioan % 25eko edo hortik beherako aldea egonez gero dirulaguntzarako aurkeztutako eta aintzat hartutako aurrekontuarekiko, eta hasieratik aurreikusi diren helburu guztiak lortu baldin badira, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da proportzio beraren arabera eta dagokion aldaketa-ebazpenaren bidez.

Aurkeztutako aurrekontuarekiko % 25 baino gehiagoko aldea baldin badago, dirulaguntzarako eskubidea galduko da.

Bi kasuetan, entitate onuradunak behartuta egongo dira sobera jaso dituzten zenbatekoak itzultzera, 22. artikuluan xedatutakoaren arabera.

19. artikulua.– Diruz lagundutako proiektuaren jarraipena.

Osasun Sailak beharrezko ikusten dituen alderdi guztiak gainbegiratuko, ikuskatuko eta egiaztatuko ditu, xedapen honetan ezarritako arau guztiak betetzen direla bermatzeko. Halaber, publikoki erabili ahal izango ditu, uneoro, emandako dirulaguntzen bidez gauzatutako programen eta jardueren edukiak eta emaitzak.

20. artikulua.– Datuen babesa.

Deialdi honetan parte hartzen dutenen datu pertsonalak «Osasun publikoaren eta adikzioen arloko laguntzak eta dirulaguntzak» delako tratamendu-jardueran txertatuko dira, zeinaren helburua baita osasun publikoaren eta adikzioen arloko dirulaguntzak kudeatzea; jarduera horren tratamenduaz Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza arduratuko da. Hori guztia, honako xedapen hauetan ezarritakoarekin bat etorrita: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesa eta datu horien zirkulazio askea arautzen duena eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa. Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak baliatuz gauzatutako eginkizun bat betetzeko, betiere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren babespean. Interesdunek eskubidea izango dute, tratamenduaren arduradunaren aurrean, beren datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko, edo haien erabilerari mugak jartzeko, edo erabiltzen ez uzteko.

21. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Interesa duten erakundeek bitarteko elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte prozedura honen izapide guztiak.

2.– Izapidetze elektronikorako zuzeneko sarbidea eta agindu honetan agertzen diren eranskinak euskadi.eus-eko honako egoitza elektroniko honetan daude: https://goo.gl/qn4as2

3.– Eskabidearen ondorengo izapideak eta izapideen jarraipena bitarteko elektronikoak erabiliz egin beharko dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

22. artikulua.– Ez-betetzeak eta diru-itzulketak.

1.– Betebeharrak betetzen ez dituen entitate onuradunak eman dioten laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubide hori galdu dela deklaratzeak berekin dakar jasotako zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, eta, horrekin batera, dirulaguntzei aplikatzen zaizkien berandutze-interesak itzuli beharko dira, hau da, ordainketa egin zen unetik laguntza itzuli beharra erabakitzen den egunera arte sortutakoak.

2.– Agindu honen 17. artikuluan adierazten den edozein betebehar bete ezean, jasotako laguntza itzuli beharko da. artikulu horretan aurreikusi gabeko gaietan, aplikatzekoak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 eta 53.2 artikuluetan xedatzen diren itzulketa-arrazoiak, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluko arrazoiak ere. Azken hori Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91., 92. eta 93. artikuluen bidez garatzen da.

3.– Agindu honen 18. artikuluan xedatzen denaren arabera, halaber, jasotako laguntza itzuli beharko da emandako laguntzaren zenbatekoak –bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera– proiektuaren kostua gainditzen duenean. Kasu horretan, aipatutako kostuari dagokionez sobera jasotako zenbatekora eta dagozkion berandutze-interesetara mugatuko da itzultzeko betebeharra.

4.– Era berean, itzulketa egin beharko da baldintzak aldatzen badira, era honetan: gastuen justifikazioa aurkeztutako aurrekontua baino baxuagoa bada, 18. artikuluan adierazten den bezala.

Artikulu horretako a) apartatuan aipatzen den kasuan, laguntzaren zenbatekoari dagokionez sobera jasotako zenbatekoa itzuli beharko da, laguntzaren aldaketa-ebazpenaren arabera. Deialdiko 11. artikuluan jasotzen diren eskabideak balioesteko irizpideei jarraituz bideratuko da azken hori.

b) apartatuan aipatzen den kasuan, itzulketa erabatekoa izango da; hau da, jasotako zenbatekoa edo zenbatekoak osorik itzuli beharko dira.

5.– Osasuneko sailburuordearen bitartez hasi eta burutuko da itzulketa-prozedura, beharrezko prozesuko izapideak egin eta gero. Prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera izapidetuko da. Horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermea eta itzulketak arautzen dira eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen dira.

6.– Itzultzen diren diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen bidez iragarritako deialdiari eta berau garatzeko jarduketei honako xedapen hauek aplikatuko zaizkie: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean oinarrizko araudi gisa ezarritakoa eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua. Aplikatzekoa zaie, era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapituluan ezarritakoa.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera izapidetuko da prozedura.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, erakunde interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira errekurtsoak jartzeko epeak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 11.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana