Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

105. zk., 2021eko maiatzaren 31, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3106

EBAZPENA, 2021eko maiatzaren 19koa, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendariarena, zeinaren bidez hezkuntzaren esparruko Elkarrekin Bonuak Programaren 2021eko deialdia egiten baita.

Ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren bidez arautzen da Elkarrekin Bonuak Programa, ekimen osagarri bat bakea, giza eskubideak, indarkeriarik eza eta printzipio demokratikoak sustatzeko. Programaren helburu nagusia da elkartze-sarearen eta erakunde publikoen arteko lankidetza-ekintzak ugaritzea, bizikidetza- eta adiskidetze-kultura sendotzeko.

Programa horren bidez, dirulaguntzak jasoko dituzte bizikidetzaren eta gizarte-topaketaren kultura berri bat bultzatzera bideratutako proiektuek, baldin eta egitasmo horiek batera sustatzen badituzte irabazi-asmorik gabeko elkarteek eta hiru esparru hauekin lotutako erakunde publikoek: hezkuntza, udaletako errealitatea eta herritarren parte-hartzea.

Horren haritik, dekretu horren 5. artikuluan hiru dirulaguntza-ildo biltzen dira, eta horietako bat hezkuntzaren esparruan garatzen diren proiektuak finantzatzera bideratuta dago.

Programa honetarako aurrekontu-kreditu nahikoa dago Euskal Autonomia Erkidegoaren 2021erako Aurrekontu Orokorretan.

Bestalde, aipatu behar da Elkarrekin Bonuak Programa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren 2021eko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasotako ekimenetako bat dela. Berdintasunerako, Justiziako eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2020ko abenduaren 23ko Aginduaren bidez onartu zen plan hori.

Aipatutako dekretuaren 7. artikuluaren arabera, laguntzak emateko deialdia urtero egingo da, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasunaren zuzendariaren ebazpen baten bidez, eta deialdiak honako hauek jasoko ditu: deialdiaren xedea, dirulaguntzaren ildo bakoitzerako zuzkidura, bonuen zenbatekoa, proiektuen erakunde hartzaileek ordaindu beharreko gutxieneko zenbatekoa, eskabideak aurkezteko tokia eta epea, eskabide-eredu normalizatua, dirulaguntzak justifikatzeko epea eta modua eta, hala dagokionean, bide elektronikoak erabiltzeko prozedura eta jarraibideak.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da Elkarrekin Bonuak Programaren 2021eko deialdia egitea, hezkuntzaren esparruan.

2. artikulua.– Denbora-eremua.

2021eko ekitaldian garatu beharko dira bonuen eskaera eragiten duten proiektuak, eta, nolanahi ere, 2021eko abenduaren 15ean amaituta egon beharko dute.

3. artikulua.– Diru-zuzkidura.

Programa honetarako 350.000 euro bideratuko dira. Funts hori osatzeko, Hezkuntza Sailak 100.000 euroko ekarpena egin du, eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailak, berriz, 250.000 eurokoa. Ekarpen hori Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko ekitaldiko Aurrekontu Orokorren kargura finantzatuko da.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta erakunde hartzaileak.

1.– Elkarrekin Bonuak Programaren onuradun izango dira irabazi-asmorik gabeko erakundeak, bake eta bizikidetza gaietan aritzen direnak. Erakundeok Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen edo Fundazioen Erregistroan inskribatuta egon behar dute, Euskal Autonomia Erkidegoa izan behar dute jardun-eremu, eta ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren 2. eta 6. artikuluetan ezarritako baldintzak bete.

2.– Hezkuntzaren esparruko proiektuen hartzaileak ikastetxeak izango dira.

5. artikulua.– Bonuen zenbatekoa eta gehieneko muga.

1.– Hezkuntzaren esparruko bonuak 70 eurokoak izango dira, justifikatutako prestakuntza- edo dinamizatze-zerbitzuen ordu bakoitzeko.

2.– Proiektuen erakunde hartzaileek gutxienez onartutako bonuen % 10 ordaindu beharko diote erakunde onuradunari.

3.– Ikastetxe batek ezingo ditu 5.000 eurotik gorako bonuak metatu.

4.– Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an onartutako 1407/2013 (EE) Erregelamendua bete beharko dute laguntzek, Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, 352. zk., 2013-12-24koa). Laguntza hauek minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko 200.000 euroko kopurua, aurreko bi ekitaldi fiskaletakoa eta aurtengoa batuta. Ulertzen da muga horretatik beherako dirulaguntzek ez diotela merkataritzari eragiten eta ez dutela lehiakortasuna faltsutzen; horren ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek bide elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honen izapideak eskatzeko, kontsultatzeko, edo egiteko, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluaren arabera.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1024207

Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoz, helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Elektronikoki ere izapidetu ahal izango da, ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen Erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan identifikazio eta sinadura elektronikorako onartutako bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu ahal izango dira eskabideak, 2021eko urriaren 1era bitartean, non eta funtsak ez diren egun hori baino lehen amaitzen. Hala bada, dekretu arautzailearen 5.3 artikuluan ezarritakoa betez, gertaera horren berri emango da Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasunaren zuzendariaren ebazpen baten bidez, ukatu egingo dira ordura arte ebazteke dauden dirulaguntza guztiak eta ez da onartuko beste eskabiderik.

8. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidea, erantzukizunpeko adierazpenak barnean dituela, inprimaki arautuan egin beharko da, eta inprimaki hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan dago eskuragarri. Horretarako, ebazpen honen 6.2 artikuluan zehaztutako sarbidea erabiliko da. Eskabidearekin batera, ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren 10. artikuluan aurreikusitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

9. artikulua.– Balorazio Batzordea.

Balorazio Batzorde bat eratuko da. Honako hauek izango dira kideak:

– Monika Hernando Porres, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasunaren zuzendaria, batzordeburu.

– Laura Pérez Recio, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasunaren Zuzendaritzako teknikaria, batzordekide.

– Marian Sánchez Amado, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasunaren Zuzendaritzako teknikaria, batzordekide.

– Beatriz Ugarte, Berritzegune Nagusiaren bizikidetza-aholkularia, batzordekide.

10. artikulua.– Ebazpenak jakinaraztea.

Laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenak erakunde eskatzaileei jakinaraziko zaizkie.

11. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzeko epea eta modua.

1.– Dirulaguntzaren justifikazio-agiriak aurkezteko epea 2021eko abenduaren 15ean bukatuko da.

2.– Dirulaguntzaren erakunde onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte dirulaguntza zertan erabili duten justifikatzeko:

a) Proiektu bakoitza gauzatu dela egiaztatzen duten agiriak: programen aleak, kartel iragarleak, argazkiak eta argitaratutako gainerako material grafikoa, idatzizkoa zein entzunezkoa.

b) Egindako proiektuen memoria xehea, datu hauek aipatzen dituena: zer egunetan gauzatu den proiektua, nor diren proiektuan parte hartu duten pertsona hartzaileak –sexuaren arabera bereizita–, nola txertatu den generoaren ikuspuntua, eta zein den azken balorazioa.

c) Ikastetxearen ziurtagiria, non jasoko baita proiektuan zenbat pertsonak parte hartu duten, zenbat ordu eman diren eta zentro hartzaileak zenbat ordaindu duen.

3.– Justifikazioak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan, honako helbidean: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Aurreko puntuan adierazitako agiriak eskaneatuta eta elektronikoki sinatuta aurkeztuko dira.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Ematen diren datu pertsonalak bizikidetzaren eta giza eskubideen arloko laguntzak eta dirulaguntzak izeneko tratamendu-jarduerari erantsiko zaizkio.

– Arduraduna: Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritza.

– Helburua: Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen arloko laguntzak kudeatzea.

– Legitimazioa: beharrezko tratamendua interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean (Dirulaguntzen Lege Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea) egindako misio bat betetzeko.

– Hartzaileak: datu pertsonalak arlo horretan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie.

– Eskubideak: datuak atzitu, zuzendu eta ezabatzeko eskubideak, bai eta informazio gehigarrian jasotzen diren eskubideak ere.

– Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza gure webgunean kontsulta daiteke: https://www.euskadi.eus/rgpd/1024207

Honako hauek betetzeko:

– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra https://www.boe.es/doue/2016/119/L00001-00088.pdf

– 3/2018 Lege Organikoa, datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51. artikuluaren 9. paragrafoan ezarritakoarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legeak emandako idazkeran, sei hilabete igaro badira eskabidea Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasunaren Zuzendaritzan sartu zenetik, eta ez bada ebazpenik jakinarazi, erakunde interesdunek zilegitasuna izango dute dirulaguntza emateko eskaera atzera bota dela ulertzeko, administrazio-isiltasunagatik.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Prozedurari dagokionez, ebazpen honetan arautu gabe dagoen guztian honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: 110/2014 Dekretua, ekainaren 17koa, Elkarrekin Bonuen Programa arautzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena; 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzko Orokorra; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzekoa; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; arau horiek Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan aplikatzekoak baitira.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean ebazpen hau.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 19a.

Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendaria,

MÓNICA HERNANDO PORRES.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala