Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

105. zk., 2021eko maiatzaren 31, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3105

EBAZPENA, 2021eko maiatzaren 19koa, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendariarena, zeinaren bidez herritarren parte-hartzearen esparruko Elkarrekin Bonuak Programaren 2021erako deialdia egiten baita.

Ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren bidez arautzen da Elkarrekin Bonuak Programa, ekimen osagarri bat bakea, giza eskubideak, indarkeriarik eza eta printzipio demokratikoak sustatzeko. Programaren helburu nagusia da elkartze-sarearen eta erakunde publikoen arteko lankidetza-ekintzak ugaritzea, bizikidetza- eta adiskidetze-kultura sendotzeko.

Programa horren bidez, dirulaguntzak jasoko dituzte bizikidetzaren eta gizarte-topaketaren kultura berri bat bultzatzera bideratutako proiektuek, baldin eta egitasmo horiek batera sustatzen badituzte irabazi-asmorik gabeko elkarteek eta hiru arlo hauekin lotutako erakunde publikoek: hezkuntza, udaletako errealitatea eta herritarren parte-hartzea.

Alde horretatik, Dekretuaren 5. artikuluak diruz laguntzekoak diren hiru lerro bereizten ditu, eta horietako bat, hain zuzen ere, herritarren parte-hartzearen esparruan garatutako proiektuak finantzatzeko da.

Programa honetarako aurrekontu-kreditu nahikoa dago Euskal Autonomia Erkidegoaren 2021erako Aurrekontu Orokorretan.

Bestalde, Elkarrekin Bonuen Programa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren 2021erako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasotako ekimenetako bat dela aipatu behar da. Plan hori Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2020ko abenduaren 23ko Aginduaren bidez onartu zen.

Aipatutako dekretuaren 7. artikuluaren arabera, laguntzak emateko deialdia urtero egingo da, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendariaren ebazpen baten bidez, eta deialdiak honako hauek jasoko ditu: deialdiaren xedea, dirulaguntzaren ildo bakoitzerako zuzkidura, bonuen zenbatekoa, proiektuen erakunde hartzaileek eman beharreko gutxieneko zenbatekoa, eskabideak aurkezteko tokia eta epea, eskabide-eredu normalizatua, dirulaguntzak justifikatzeko epea eta modua eta, hala dagokionean, bide elektronikoak erabiltzeko prozedura eta jarraibideak.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da Elkarrekin Bonuak Programaren 2021eko deialdia egitea, herritarren parte-hartzearen esparruan.

2. artikulua.– Denbora-eremua.

2021eko ekitaldian garatu beharko dira bonuen eskaera eragiten duten proiektuak, eta, nolanahi ere, 2021eko abenduaren 15ean amaituta egon beharko dute.

3. artikulua.– Diru-zuzkidura.

Dirulaguntzen programa honetara 100.000 euro bideratu dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren 2021eko ekitaldiko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko da.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta erakunde hartzaileak.

1.– Elkarrekin Bonuak Programaren onuradun izango dira irabazi-asmorik gabeko erakundeak, bake eta bizikidetza gaietan aritzen direnak. Erakundeok Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen edo Fundazioen Erregistroan inskribatuta egon behar dute, Euskal Autonomia Erkidegoa izan behar dute jardun-eremu, eta ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren 2. eta 6. artikuluetan ezarritako baldintzak bete.

2.– Herritarren parte-hartzearen esparruko dirulaguntzen entitate hartzaileak hauek izango dira: bakea, bizikidetza eta giza eskubideen esparruan proiektuak egiten dituzten irabazi asmorik gabeko elkarteak, erakundeak eta gizarte-mugimenduak.

5. artikulua.– Bonuen zenbatekoa eta gehieneko muga.

1.– Herritarren parte-hartzearen esparruko bonuak 70 eurokoak izango dira, justifikatutako prestakuntza- edo dinamizatze-zerbitzuen ordu bakoitzeko.

2.– Proiektuen erakunde hartzaileek, gutxienez, eman zaizkien bonuen % 10 ordaindu beharko diote erakunde onuradunari, hau da, gutxienez 7 euro eman zaien bonu bakoitzeko.

3.– Ezingo dira metatu bonuak proiektu berean kopuru hauek gainditzeraino:

– 2.000 euro, 100 pertsona baino gutxiagok parte hartzen duten ekimenetan.

– 5.000 euro, 100 pertsona baino gehiagok eta 500 baino gutxiagok parte hartzen duten ekimenetan.

– 10.000 euro, 500 pertsona baino gehiagok parte hartzen duten ekimenetan.

4.– Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an onartutako 1407/2013 (EE) Erregelamendua bete beharko dute laguntzek, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, 352. zk., 2013-12-24koa). Laguntza hauek de minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko 200.000 euroko kopurua, aurreko bi ekitaldi fiskaletakoa eta aurtengoa batuta. Muga horretatik behera dirulaguntzek merkataritzari ez diotela eragiten edota lehiakortasuna ez dutela faltsutzen jotzen da, eta ondorioz, ez dira sartzen Europako Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Prozedura honetan jasotako izapideak baliabide elektronikoen bidez eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte erakunde interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluaren arabera.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztapenak eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1024407

Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoz, helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Elektronikoki ere izapidetu ahal izango da, ordezkari baten bidez, eta, horretarako, ordezkaritzak Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistroan eman ahal izango du izena, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu ahal izango dira, 2021eko urriaren 1era bitartean, non eta funtsak ez diren egun hori baino lehen amaitzen. Hala bada, dekretu arautzailearen 5.3 artikuluan ezarritakoa betez, gertaera horren berri emango da Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendariaren ebazpen baten bidez, ukatu egingo dira ordura arte ebazteke dauden dirulaguntza guztiak, eta ez da onartuko beste eskabiderik.

Emango diren laguntzen guztizko zenbatekoak ezingo du gainditu zuzkiduren zenbatekoa, edo hura eguneratzearen ondoriozkoa. Horrenbestez, ez da dirulaguntza gehiago emango aipatutako zenbatekoa agortzen denean eta, beraz, egoera horretan eskatutako dirulaguntzak ukatu egingo dira. Hala badagokio, inguruabar baten zein bestearen berri emango da Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendariaren ebazpen bidez.

8. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidea, erantzukizunpeko adierazpenak barnean dituela, inprimaki arautuan egin beharko da, zeina euskadi.eus egoitza elektronikoan baitago eskuragarri. Horretarako, ebazpen honen 6.2 artikuluan zehaztutako sarbidea erabiliko da. Eskabidearekin batera, ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren 10. artikuluan aurreikusitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

9. artikulua.– Balorazio Batzordea.

Balorazio-batzorde bat eratuko da. Honako hauek izango dira bertako kideak:

– Monika Hernando Porres, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasunekon zuzendaria, batzordeburu.

– Marian Sánchez Amado, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzako teknikaria, idazkari.

– Laura Pérez Recio, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzako teknikaria, batzordekide.

10. artikulua.– Ebazpenak jakinaraztea.

Laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenak erakunde eskatzaileei jakinaraziko zaizkie.

11. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzeko epea eta modua.

1.– Dirulaguntzaren justifikazioa aurkezteko epea 2021eko abenduaren 15ean bukatuko da.

2.– Dirulaguntzaren erakunde onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte dirulaguntza zertan erabili duten justifikatzeko:

a) Proiektu bakoitza gauzatu dela egiaztatzen duten agiriak: programen aleak, kartel iragarleak, argazkiak eta argitaratutako gainerako material grafikoa, idatzizkoa zein entzunezkoa.

b) Egindako proiektuen memoria xehea, honako datu hauek aipatuta: proiektua zein egunetan gauzatu den; parte hartu duten hartzaileak –sexuaren arabera bereizita– generoaren ikuspuntua nola txertatu den, eta emaitzei buruzko azken balorazioa.

c) Erakunde hartzailearen ziurtagiria, non jasoko baita proiektuan zenbat pertsonak parte hartu duten, zenbat ordu eman diren eta erakunde hartzaileak zenbat ordaindu duen.

3.– Justifikazioak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan, honako helbidean: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Aurreko puntuan adierazitako agiriak eskaneatuta eta elektronikoki sinatuta aurkeztuko dira.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Ematen diren datu pertsonalak bizikidetzaren eta giza eskubideen arloko laguntzak eta dirulaguntzak izeneko tratamendu-jarduerari erantsiko zaizkio.

– Arduraduna: Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritza.

– Helburua: Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen arloko laguntzak kudeatzea.

– Legitimazioa: beharrezko tratamendua interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean (Dirulaguntzen Lege Orokorra eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea) egindako misio bat betetzeko.

– Hartzaileak: datu pertsonalak arlo horretan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie.

– Eskubideak: datuak atzitu, zuzendu eta ezabatzeko eskubideak, bai eta informazio gehigarrian jasotzen diren eskubideak ere.

– Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza gure webgunean kontsulta daiteke: https://www.euskadi.eus/rgpd/1024407

Honako hauek betetzeko:

– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra https://www.boe.es/doue/2016/119/L00001-00088.pdf

– 3/2018 Lege Organikoa, datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51. artikuluaren 9. paragrafoan ezarritakoarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legeak emandako idazkeran, Giza Eskubideen Zuzendaritzan interesdun diren sei hilabeteko epea amaitu dela ulertuko da, eskaera Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzan eskabidea egin eta sei hilabeteko epean ebazpenik jakinarazten ez bada, erakunde interesdunek ulertu behar dute ukatu egin dietela, administrazio-isiltasunaren bidez, dirulaguntzarako eskabidea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Prozedurari dagokionez, ebazpen honetan arautu gabe dagoen guztian honako xedapen hauetan xedatutakoa aplikatuko da: 110/2014 Dekretua, ekainaren 17koa, Elkarrekin Bonuen Programa arautzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; arau horiek Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan aplikatzekoak baitira.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzaren Sailburuordetzan, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean ebazpen hau.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 19a.

Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendaria,

MÓNICA HERNANDO PORRES.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala