Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

105. zk., 2021eko maiatzaren 31, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
3096

136/2021 DEKRETUA, maiatzaren 18koa, zeinaren bidez Lan eta Enplegu Sailaren Berariazko Estatistika Organoa sortzen baita eta haren antolaketa eta funtzionamendua ezartzen.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 26. artikuluan zehazten denez, berariazko estatistika-organoa duten Jaurlaritzako sailek lege horretan aurreikusitakoaren arabera beteko dute Euskal Autonomia Erkidegoko estatistikari buruzko jarduna, eta, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko estatistika-antolakundearen parte izango dira. Era berean, lege horren 27. artikuluan zehazten denez, berariazko estatistika-organoak araudi propioaren arabera erregulatuko dira.

Ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuaren bidez, Jaurlaritzako sailen estatistika-organoak arautzen dira, eta aipatu berri den legean jasotako aurreikuspenak garatzen; hain zuzen ere, sailen estatistika-organoen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoak.

Horrez gainera, Jaurlaritzako Sailen Estatistika Organoak Arautzen dituen ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriak zera ezartzen du: Euskal Estatistika Planean edo urteko estatistika-programetan Jaurlaritzako sailen egiteko propiotzat jasota dauden estatistikak eta jarduerak egin ahal izateko, ezinbestekoa izango da sailek berariazko estatistika-organoa izatea.

Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorraren arabera, Lan eta Enplegu Sailaren berariazko estatistika-organoa sortzeko dekretua onesten ez den bitartean, indarrean jarraituko dute bi dekretu hauek: ekainaren 20ko 179/2017 Dekretua (Lan eta Justizia Sailaren Estatistika Organo Espezifikoa sortzekoa eta haren antolaketa eta funtzionamendua zehaztekoa) eta abenduaren 30eko 472/2013 Dekretua (Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren Estatistika Organo Espezifikoa sortzekoa eta haren antolaketa eta funtzionamendua zehaztekoa; apirilaren 11ko 76/2017 Dekretuaren bidez aldatua); hartara, Lan eta Enplegu Sailaren jardun-arloei dagozkien estatistika-lanak bete ahal izango dira.

Kontuan harturik Lan eta Enplegu Sailaren jardun-arloa osatzen duten sektoreetan sortutako behar estatistikoak, komeni da sail horren antolaketa-egituran integratutako organo bat sortzea, eta haren funtzionamendua estatistikari buruzko legeen bidez arautua, babestua eta mugatua egotea, bereziki sekretu estatistikoari dagokionez.

Horiek horrela, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuaren proposamenez, Euskal Estatistika Batzordeari kontsultaturik, eta Gobernu Kontseiluak 2021eko maiatzaren 18an egindako bilkuran gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen bidez, Lan eta Enplegu Sailaren Berariazko Estatistika Organoa sortzen da, eta haren antolaketa eta funtzionamendua ezartzen, bat etorriz Jaurlaritzako Sailen Estatistikarako Organu Bereziak arautzen dituen ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuaren aginduekin.

2. artikulua.– Mendekotasuna.

Lan eta Enplegu Sailaren Berariazko Estatistika Organoa kide bakarreko organoa da, eta sail horretako Zerbitzuen zuzendariaren mende dago zuzenean.

3. artikulua.– Eskumenak.

1.– Lan eta Enplegu Sailaren Berariazko Estatistika Organoa, eskumenei dagokienez, I. motakoa da. Hori dela-eta, Jaurlaritzako Sailen Estatistika Organoak Arautzen dituen ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuak mota horretako berariazko estatistika-organoei esleitzen dizkien eskumenak eta ahalak baliatuko ditu. Zehazki, honako hauek:

a) Sailaren estatistika-jarduera planifikatu, koordinatu eta bultzatzea, eta gauza bera egitea sailari dagozkion estatistika-eginkizunen ondorioz beste organismo batzuekin izan behar dituen harreman instituzionalekin, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 29.c) eta 29.d) artikuluetan ezarritakoa betez.

b) Sailaren Estatistika Plana egitea, Euskal Estatistika Planaren Proiektuaren oinarri izateko, sailaren estatistikei dagokienez.

c) Euskal Estatistika Erakundearekin lankidetzan aritzea, Euskal Estatistika Plana eta urteko estatistika-programak egiteko.

d) Euskal Estatistika Planean edo urteko estatistika-programetan dauden estatistikak edo haien fase batzuk egitea, haietan zehazten den eran.

e) Estatistika propioak egitea, Euskal Estatistika Planean eta urteko estatistika-programetan ez daudenak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 8.1 artikuluan aurreikusitako moduan.

f) Bere eskumeneko estatistikak egiteko informazioa lortzea, Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 9.etik 16.era bitarteko artikuluetan adierazitakoaren arabera.

g) artikulu honen d) letran aipatutako estatistiken emaitzak zabaldu eta argitaratzea, eta beste horrenbeste egitea Euskal Estatistika Planean edo urteko estatistika-programetan zehazten diren estatistikekin, betiere aldez aurretik haien edukia Euskal Estatistika Erakundeari jakinarazita.

h) Bere eremu sektorialeko fitxategi-direktorio estatistikoak prestatzen eta eguneratzen parte hartzea, Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 29.i) artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

i) Lan eta Enplegu Sailak interesgarritzat jotzen dituen bestelako proiektu estatistikoak egitea, Jaurlaritzako Sailen Estatistika Organoak Arautzen dituen ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuaren 7.2 artikuluak ezarritako esparruan.

2.– Aurreko apartatuan adierazitakoaren esparruan, hauek dira Lan eta Enplegu Sailaren Berariazko Estatistika Organoaren jardun-arloak:

– Lan-harremanak, gizarte-ekonomia, enpresaren gizarte-erantzukizuna eta Gizarte Segurantza, Autonomia Estatutuan aurreikusitako moduan.

– Enplegu-politikak, gizarteratzeari eta laneratzeari buruzkoak barne.

3.– Lan eta Enplegu Sailaren Berariazko Estatistika Organoak bere eskumenak erabili ahal izango ditu, sail horren nahiz sail horrek atxikita dituen ente instituzionalen behar estatistikoei dagokienez, kontuan hartu gabe datu estatistikoetatik edo datu administratiboetatik abiatuta egin behar diren estatistikak.

4. artikulua.– Funtzionamendua.

1.– Lan eta Enplegu Sailaren Berariazko Estatistika Organoak Euskal Autonomia Erkidegoko estatistika-arloan jardungo du, Berariazko Estatistika Organoen Erregistroan inskribatutakoan (erregistro hori Jaurlaritzako Sailen Estatistika Organoak Arautzen dituen ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuaren 4. artikuluan aurreikusita dago); betiere, estatistikari buruzko legeria eta, batez ere, sekretu estatistikoari buruzkoa gorde beharko ditu, bai beste organo eta ente batzuekin dituen harremanetan, bai sail horri atxikita dauden edo sail horretakoak diren organo eta enteekin dituenetan.

2.– Bere jardunean, Lan eta Enplegu Sailaren Berariazko Estatistika Organoak barne-antolaketa zehaztu beharko du, dekretu honen 3.2 artikuluan adierazitako jardun-arloei modu funtzionalean erantzun ahal izateko.

3.– Lan eta Enplegu Sailaren Berariazko Estatistika Organoak errespetatu egingo ditu estatistikek ukitutako gaiei dagokienez sailaren organo eta instantziei legez esleitutako eskumenak. Sailaren organo eta instantziek emango diote Berariazko Estatistika Organoari behar duen informazioa, eskumenak egikaritu ahal izan ditzan. Gainera, organo horrekin lankidetzan arituko dira, agintzen zaizkion azterketak, estatistikak, txostenak eta ikerketa-lanak diseinatzen eta egiten, beren eskumenekin zerikusirik badute.

4.– Eskumenak egikaritzean, Lan eta Enplegu Sailaren Berariazko Estatistika Organoak kontuan har ditzake organo horretara atxikita ez dauden langileak, saileko langileak izan, zein sailaren ente instituzionaletakoak izan. Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 15. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, langile horiek estatistika-langiletzat hartuko dira, estatistika-eragiketekin lotuta egiten duten lanaren zatiari dagokionez, eta behartuta daude sailaren Berariazko Estatistika Organoaren jarraibide teknikoak betetzera; batez ere, jardunean eskuratzen duten informazio guztiari buruzko sekretu estatistikoa gorde beharko dute.

5.– Lan eta Enplegu Sailaren Berariazko Estatistika Organoaren jarduera arautzeko, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 16. artikuluan jasotako aginduak beteko dira –estatistiken eta azterlanen egokitzapenari buruzko artikulua–, genero-ikuspegia sailaren politiketan benetan integratzen dela bermatzeko.

5. artikulua.– Administrazio-errekurtsoak.

1.– Lan eta Enpleguko sailburuaren eskumena izango da Lan eta Enplegu Sailaren Berariazko Estatistika Organoak emandako egintzen aurka jartzen diren administrazio-errekurtsoez arduratzea eta haien gaineko ebazpenak ematea.

2.– Errekurtso horiek ebazteko, Euskal Estatistika Erakundearen nahitaezko txostena izan beharko da lehendabizi.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Jarduerarekin jarraitzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzeak edo haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeak eragina badu Lan eta Enplegu Sailaren Berariazko Estatistika Organoaren jardueran, ukitutako sailek, ados jarrita, neurri iragankorrak ezarri ahal izango dituzte, bermatzeko organo horrek estatistika-jarduerarekin jarraitu ahal izango duela, Euskal Estatistika Planaren edo urteko estatistika-programen barruan.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Atxiki gabeko langileen parte-hartzearekin egin beharreko estatistikak.

Dekretu honen 4. artikuluan adierazitako xedapenek saileko eta haren ente instituzionaletako langile guztiei eragingo diete, gai hauekin zerikusia duten estatistikak prestatzen parte hartzen badute:

a) Lan-arloari buruzko estatistikak.

b) Laneko istripuei eta gaixotasun profesionalei buruzko estatistikak.

c) Diru-sarrerak bermatzeko prestazioen onuradunei buruzko estatistikak.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA

Sailaren estatistika-plan espezifikoa onartu bitartean, plan horren pareko izango dira unean-unean indarrean dagoen Euskal Estatistika Planean edo urteko estatistika-programetan jasotako estatistika-eragiketak, baldin eta Lan eta Enplegu Sailaren Berariazko Estatistika Organoak haietan parte hartzen badu.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

1.– Sailaren Berariazko Estatistika Organoa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Berariazko Estatistika Organoen Erregistroan inskribatzen denean, hari atxikita geratuko dira, etenik gabe, orain arte Lan eta Enplegu Sailean egin izan diren estatistika-lan guztiak.

2.– Horrekin batera, orain arte estatistika-lanetara atxikita egon diren baliabideak eta bitartekoak ere atxikiko zaizkio.

3.– Dekretuan agindutakoaren arabera egingo da atxikipena.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabeturik geratzen dira, batetik, ekainaren 20ko 179/2017 Dekretua (Lan eta Justizia Sailaren Estatistika Organo Espezifikoa sortzekoa eta haren antolaketa eta funtzionamendua zehaztekoa) eta, bestetik, abenduaren 30eko 472/2013 Dekretua (Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren Estatistika Organo Espezifikoa sortzekoa eta haren antolaketa eta funtzionamendua zehaztekoa); hain zuzen ere, dekretu horietan Lan eta Enplegu Sailaren egitekoei eta jardun-arloei erreferentzia egiten dieten zatiak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Erregelamenduzko garapena.

Lan eta Enpleguko sailburuari ahalmena ematen zaio, dekretu honetan ezarritakoa garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko maiatzaren 18an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala