Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

96. zk., 2021eko maiatzaren 18a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2828

EBAZPENA, 2021eko apirilaren 20koa, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bitartez Barakaldoko udal-mugarteko «Lutxana-Burtzeña» 05 BEPBren ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzen baita.

AURREKARIAK

2013ko azaroaren 27ko Ebazpen bidez, orduko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak erreferentziako dokumentua formulatu zuen, eta bertan zehaztu zen Lutxana-Burtzeña 05 BEPB Plan Bereziaren ingurumen-jasangarritasuneko txostenaren xehetasun-maila eta irismena, Barakaldoko Udalak sustatuta, kontuan hartuz bai Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak ezarritakoa, bai orduan indarrean zegoen apirilaren 28ko 9/2006 Legearen 9. artikuluan ezarritakoa, ingurumenaren gainean plan eta programa batzuek izan dezaketen eraginen ebaluazioari buruzkoa, bai urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoa, planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena.

Urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Barakaldoko Udalak jendaurrean jarri zuen Lutxana-Burtzeña 05 BEPB Plan Berezia, ingurumen-jasangarritasuneko txostenarekin batera (2014ko apirilaren 9ko Bizkaiko Aldizkari Ofiziala), 45 egunez, eragindakoek egoki ikusten zituzten alegazioak egin zitzaten, beren interesak defendatzeko.

Era berean, urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Barakaldoko Udalak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, zeinak aurretik ere kontsultatuak izan baitziren arauaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta 45 eguneko epea eman zien egoki iritzitako txostenak eta alegazioak aurkez zitzaten. Horien ondorioak espedientean daude jasota.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea indarrean sartu ondoren, apirilaren 28ko 9/2006 Legeak araututako ingurumen-jasangarritasuneko txostenak, zeinaren babesarekin formulatu baitzen erreferentziako dokumentua, ingurumen-azterketa estrategiko izena hartu zuen, eta ingurumen-memoria, lege hori dela medio, orain ingurumen-adierazpen estrategikoa da.

Azkenik, 2021eko otsailaren 12an, Barakaldoko Udalak planaren ingurumen-adierazpen estrategikoaren eskabidea osatu zuen, otsailaren 27ko 3/1998 Legeak eta abenduaren 9ko 21/2013 Legeak ezarritakoaren arabera. Eskabidearekin batera honako hauek aurkeztu ziren: Lutxana-Burtzeña 05 BEPB Plan Bereziaren azken proposamena, Barakaldoko Udalak sustatutakoa, haren ingurumen-azterketa estrategikoari buruzkoa eta jendaurreko informazioaren izapidearen eta eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei entzunaldia egiteko izapidearen zenbait azalpen-dokumenturi buruzkoa.

Barakaldoko Udalak ohartarazten duenez, hamaika alegazio eta zenbait txosten jaso dituzte, eta horien emaitza nahiz edukia administrazio-espedientean daude jasota; gainera, aipatutako alegazio eta txosten horiek kontuan hartu dira Planaren behin betiko bertsioa idazteko orduan.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea da planek eduki beharreko oinarriak ezartzea, plan horiek ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketenean; horretarako, ingurumenaren babes maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoa aplikatuz, administrazio publiko batek onartutako planetan beharrezkoa izango da ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea, baldin eta lege-mailako xedapen batek ebaluazioa egin eta onartzea eskatzen badu, horrek ingurumenean izan ditzakeen ondorio esanguratsuengatik.

Halaber, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 46.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, ingurumen-inpaktuaren gaineko ebaluazio bateratua egin behar da, hau da, ingurumen-ebaluazio estrategiko bat, aipatutako legearen I. eranskineko A) apartatuan jasotako planak diren kasuan, baldin eta plan horien artean badaude ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen planak.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Barakaldoko Udalak, bai Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eraman ahal izateko ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita kontsulta publikoen eta eraginpeko administrazio publikoen eta herritar interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.

Lutxana-Burtzeña 05 BEPB Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela, indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola eta irismeneko dokumentuan jasotako baldintzak betetzen dituela, ingurumen-adierazpen estrategiko hau eman du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren eta otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala. Esandako adierazpen horretan, ingurumenaren arloko alderdiak Planaren proposamenean txertatzearen aldeko balorazioa egiten da, eta Plan horrek ingurumenean eragingo dituen inpaktu esanguratsuen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den Planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; urriaren 16ko 211/2012 Dekretua, Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duena; otsailaren 23ko 68/2021 Dekretua, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Lutxana-Burtzeña 05 BEPB Hiri Antolamenduko Plan Berezirako (aurrerantzean, Plana) ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

A) Plan Bereziaren helburua Barakaldoko udalerriko (Bizkaia) Lutxana-Burtzeña 05 BEPB hirigintza-eremuaren antolamendu xehatua definitzea da, jarduera ekonomikoetarako lurzoru-eremu handi bat sortzea bultzatzeko; eremu horrek hirugarren sektoreko erabilerak hartuko ditu, eta bateragarriak izango dira industria garbiarekin eta bulegoekin.

Planaren eremua hiri-lurzoru finkatu gisa sailkatutako dago, erabilera industrialerako. 289.469 m2-ko azalera du eta industrialde zahar bat da, betelanen gainean finkatua dagoena. Lutxana auzoan dago, Barakaldoko hirigunetik hego-ekialdera, Cadagua eta Ibaizabal ibaiak elkartzen diren inguruan, bi ibilguen ezkerraldean; bi kasuetan, eremua itsas-lehorreko jabari publikoaren eraginpean dago, baita babes-zortasunaren eraginpean ere, planaren esparruaren mugan zehar.

Gaur egun, eremu horretan kokatuta zeuden industria gehienak desagertu ondoren, plana egin nahi den esparruak ingurumen-degradazio handia du; lurzati batzuetan pabiloi eta gainazal zolatuak daude oraindik, eremu horretan zein beste batzuetan garatutako industria-jardueren erakusle; gehienetan landaredia erruderala nagusitu da. Planaren eremu ia osoa lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan dauden lurzatiz osatuta dago.

Planak ezarritako zenbait xedapenek eragina izango dute bideen eta trenbideen azpiegituretan, egungoetan nahiz sektoreko plangintzan aurreikusita daudenetan; kasuetako batzuk Plan Bereziko antolamendu xehatuko proposamen guztiak gauzatu aurretik ebatzi beharko dira.

Planaren xedapen nagusiak honako hauek dira:

Bide-sistema.

Plan Bereziak aintzat hartu ditu Ardatz Metropolitarra deituaren eta Zorrotzako Saihesbidearen trazadurak. Bide horiek ezabatu egin dira Bizkaiko Errepideen Lurralde Plan Sektorialetik. Hala ere, Plan Berezian lurzoru-erreserbari eutsi egingo zaio; izan ere, ezabatuz gero, egitura-antolamendua aldatu egingo litzateke, eta hori ezin da plan berezi baten bidez egin, baizik eta HAPOren aldaketa puntual baten bitartez.

Trenbidea.

Bilbao-Portugalete-Triano trenbidearen gaur egungo trazaduraren integrazioari konponbidea eman beharko zaio, baita Irauregi-Lutxana linearenari ere. Horretarako, FEVEren egungo adarra 13 BASA BEPBren iparraldera eramango da, esparruaren mendebaldean kokatutako tren-instalazioak berrantolatu arte.

Plan Bereziko 3. bidea deritzonaren zati bat goratuta egongo da, egungo RENFEren trenbideen gainetik; horretarako, trenbideak estaliko dituen egitura bat eraiki beharko da.

Lurzati eraikigarriak.

Planean erabilera mistoko (industriala eta hirugarren sektorekoa) hamazazpi lurzati pribatibo eraikigarri eta ekipamendu komunitario publikoko lurzati bat definitu dira. Lurzati horietako bi eraikitzeko ezinbestekoa izango da Ardatz Metropolitarrari erreserbatutako espazioa etorkizunean birkalifikatzea eta FEVEko tren-adarra desbideratzea.

Berdeguneen eta espazio libreen tokiko sistemak eta sistema orokorrak.

Plan Orokorretik ezarritako sistema orokorreko zonez gain, tokiko sistemen zonak ere gehitu dira (15.000 m2 inguru) bi jarduketa berezitan: lehena P3 eta P16 lurzatien arteko zona berde bat da; langileek atseden hartzeko zona gisa erabiltzea aurreikusi da. Bigarren jarduketa itsas-lehorreko jabari publikoko igarotze-zortasuneko eremua zein babes-zortasuneko eremua okupatzean datza, hain zuzen, pasealeku bat, bidegorri bat eta berdeguneak edo lorategiak egingo dira (ez da inolako eraikin edo hesirik aurreikusi). Cadagua kanalizatzeko etorkizuneko obrak egin eta ibaiertzaren lerroa mugitu ondoren ere, aurreikusitako antolamenduak etorkizuneko 20 metroko espazioa errespetatuko du (eraikinik egin gabe), hori ere pasealeku, bidegorri eta berdegune edo lorategi gisa erabiliz.

Plan Berezian aipatu da, adierazpen modura, Plan Orokorra berrikusi edo aldatuz Ardatz Metropolitarraren zati bat birkalifikatu egingo dela ibaiertzeko pasealekua indartzeko, berdegune zabalagoekin.

Planaren esparruan ez dago espazio natural babesturik, eta ez dago espezie mehatxaturik, igarobide ekologikorik edo Batasunaren intereseko habitatik.

Planaren esparrua osatzen duten lurzatiek ez dute interes geologikoko punturik, eta horietan ez dago ur-punturik; akuiferoen kutsadurarekiko zaurgarritasuna apala da.

Planaren esparrua Ibaizabal Unitate Hidrologikoan dago kokatuta. Eremuko hegoaldeko erdiak Cadagua ibaiarekin egiten du muga, eta iparraldeko erdiak, ostera, Bilboko itsasadarrarekin. Bi kasuetan, bideratutako ibai-tarteak dira.

Planaren esparruaren zatirik handienak uholde-arriskua du, 100 urteko errepikatze-denborako uraldiak baititu; eremu txikiago batek 10 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua du; hori guztia Kantauri Ekialdeko Mugape Hidrografikoko EAEko barne-arroen eremuko arrisku- eta uholde-arriskuaren mapen arabera. Eremu hori, zehazki, Bilboko Itsasadarra Uholde Arrisku Handiko Eremuaren (UAHE) parte da (ES017-BIZ-IBA-01 kodea); horrenbestez, eremu horrek arrisku hori txikiagotzeko neurrien programa bat du.

Planak azterlan hidraulikoa ere badu; bertan, uholde-arriskua txikiagotze aldera, esparruaren kota igotzea proposatu da, 500 urteko errepikatze-denborako uraldiak saihestuko dituenera, hain justu. Horrek esan nahi du urbanizazio-betelanaren kota 5,3 metrotan igoko dela, eta Cadagua ibaiaren gaur egungo ibilgua zabaldu egingo dela, ibaiaren bihurgunea zuzenduz eta euste-murru bertikala eraikiz, hormigoizkoa, harri-lubetan bermatua. Hala, proposatutako helburua lortuko da, eta lurzoruaren igoerak ez du uholde-arriskua areagotzea ekarriko uholde-eremutik ibaian gora.

Bestalde, Planaren esparruan, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2017ko abenduaren 21eko Aginduan jasotako 11 lurzati identifikatu dira. Agindu horren bidez, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak jasaten edo jasan dituzten lurzoruen inbentarioa eguneratu zen. Kode hauek dituzten lurzatiak dira: 48013-00023, 48013-00028, 48013-00116, 48013-00117, 48013-00122, 48013-00133, 48013-00134, 48013-139, 48013-00142, 48013-00143 eta 48013-00145.

Kultura-ondareari dagokionez, Planaren esparruan babes integraleko maila daukaten kultura-ondareko zenbait elementu identifikatu dira, eta nabarmendu behar dira FESAren industria-pabiloia (kultura ondasun gisa kalifikatua) eta Orconerako bosgarren mineral-kargalekua; bidenabar, kultura-intereseko bestelako ondasun higiezinak ere badira, inbentariagarriak, esaterako Astilleros del Cadaguako harmailak, karga-kaia eta Orconerako hirugarren eta laugarren mineral-kargalekuen hondarrak.

FESAren pabiloia kultura-ondasun kalifikatua da eta berariazko babes-araudia du; eraikina berrerabiltzea aurreikusi da, hirugarren sektoreko ekoizpen-erabilerak hartzeko; eraikina birgaitu egingo da Barakaldoko HAPOn aurreikusitakoarekin bat etorriz eta babes-araudia errespetatuz. Orconerako kargalekuari dagokionez, Planean aurreikusitako ibaiertzeko parke barruan integratzea aurreikusi da.

Zaratari dagokionez, espedientean inpaktu akustikoaren azterlana ere badago; azterlan horrek ondorioztatu duenez, eremu industrial batean zein hirugarren sektoreko eremu batean (zorrotzagoa) aplikagarriak diren kalitate akustikoko helburuak (aurrerantzean KAH) bete egingo dira, eguneko tarte guztietan, salbu eta partzialki 13. lurzatian eta erabat 15. lurzatian. Azken lurzati horren garapena Ardatz Metropolitarra etorkizunean birkalifikatzearen mende dago; horrek trenbidea estaltzea ere ekarriko du, hain zuzen ere Planaren esparrutik igarotzen den tartean.

13. lurzatian ez dira KAH-k beteko mendebaldeko fatxadetan, trenbidera begira daudenetan, hain justu ere. Eraikin horiek erabilera mistoa daukate, industriala eta hirugarren sektorekoa. Eragin handiena izango duten fatxadek, trenbidera begira daudenek, 1 dB(A)-tan gaindituko dituzte KAH aplikagarriak hiru ebaluazio-tarteetan (goizez, arratsaldez, gauez).

Plan Bereziak etorkizunean bide bat egitea aurreikusi du, iraganean aurreikusitako Zorrotzako Saihesbidea ordeztuko duena; esparruaren iparraldean gaur egungo trenbideen gainetik joango da, eta, hala, trenbideak estalita geratuko dira. Konponbide horrekin, 13. eta 15. lurzatiek bete egingo dituzte KAH aplikagarriak eguneko tarte guztietan.

B) Ingurumen-adierazpen estrategiko hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren 2013ko azaroaren 27ko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztutako ingurumen-irizpideak integratzea.

Ingurumen-organo honek emandako irismen-dokumentuan (erreferentziako dokumentua) eskatutako sakonera, xehetasun maila eta espezifikazio gradua bermatuz egin da Planaren ingurumen-azterketa estrategikoa. Planifikazio-prozesua aurrera eramaten den bitartean ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, uste da behar besteko zorroztasunez heldu zaiela ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei.

C) Plana izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzea eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da atzeman birdefinitu edo kendu behar den Planaren jarduketarik.

D) Indarrean dagoen araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta jarraipenekoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere.

Prebentzio neurri eta neurri zuzentzaile hauek proposatzen dira:

D.1.– Itsas-lehorreko jabari publikoaren babesari eta uholde-arriskuari buruzko neurriak.

Uholdeak izateko arriskuari dagokionez, Plan Bereziak kontuan hartu beharko du Espainiako zatiko Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren xedapen arautzaileei dagokien I. eranskineko VII. kapituluan ezarritakoa, urtarrilaren 8ko 1/2016 Errege Dekretu bidez onartutakoa. Bidenabar, itsasoko eta lurreko jabari publikoarekiko mugakide diren lurretarako Itsasertzen Legeriak ezartzen dituen mugapenez eta 196/1997 Dekretuak, itsasoko eta lurreko jabari publikoko babeserako zortasun-zonetako erabileren baimenei buruzkoak, araututako jardunbideaz gain, nahitaez bete beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planeko E.2 ataleko uholdeen aurkako babesari buruzko berariazko erregulazioak.

Hain zuzen ere, Plan Bereziaren eremuan aplikagarria da aipatutako Plan Hidrologikoaren araudiko 42. artikuluan ezarritakoa, lurzoruaren oinarrizko egoera urbanizatuta den kasuetan, Lurzoruaren eta Hiri Birgaitzearen Legearen testu bateginaren 21. artikuluan finkatutakoarekin bat etorriz.

Nolanahi ere, aipatutako Plan Hidrologikoaren Araudiko 47. artikuluan adierazten den txostena ematean administrazio eskudunek ezarritakoa ere bete beharko da, lurralde- eta hirigintza-planeamenduko txostenak emateari dagokionez.

Dena den, itsas-lehorreko jabari publikoari edo babes-zortasunari eragin diezaioketen jarduketak egin nahi badira, ur eta itsasertzen arroko organismoaren aldez aurreko baimena beharko da. Baimenean, obren ezaugarriak eta eraginak aztertuko dira, eta, hala dagokionean, dagozkien zehaztapenak ezarriko dira.

Bat etorriz indarrean dagoen EAEko Ibaiertzak eta Errekaertzak antolatzeko Lurralde Plan Sektorialean ezarritako irizpideekin, proiektatutako eraikin berriek ibilguarekiko gordeko duten gutxieneko tartea LPS horretan esparru garatuetarako ezarritakoa izango da, muga-lerro definituarekin (15 metro).

D.2.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

Planaren eremu ia osoa lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan dauden lurzatiz osatuta dago (lurzatien kodeak: 48013-00023, 48013-00028, 48013-00116, 48013-00117, 48013-00122, 48013-00133, 48013-00134, 48013-139, 48013-00142, 48013-00143 eta 48013-00145). Horrenbestez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluak xedatzen duena betez, arau horretan adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, ingurumen-organoak lurzoruaren kalitatea adierazteko ebazpen bidez adierazi beharko ditu lurzati horiek, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legeak araututako prozedurari jarraikiz.

Oro har, inbentariatutako kokaleku batean edozein esku-hartze abian jarri aurretik, beharrezkoa izango da, lehenik eta behin, lurzoruaren kalitatearen azterketa bat egitea lurzoruaren kutsadurarekin lotutako arriskurik izango ez dela bermatzeko, ez langileentzat ez erabiltzaileentzat, sektoreko zonen antolamendu xehatuan aurreikusitako erabilerekin bat etorriz; bigarrenik, bertan utzitako hondakinak, eraikinak eta induskatuko diren lurrak egoki kudeatuko direla bermatu beharko da, indarrean den hondakinen arloko legedia betez.

Lehenago identifikatu diren inbentariatutako kokalekuei dagokienez, arlo horretako entitate egiaztatuak egindako ikerketen emaitzak aurkeztu diren arren, horietatik ondorioztatu da esku-hartze gehigarriak egin behar direla, askotan kutsadura-aztarna argiak aurkitu izanak eraginda; ingurumen-organo horretako lurzoru kutsatuen zerbitzuak egin izan dituen balorazio-txostenetan ere jaso da alderdi hori. Horrenbestez, eta horri erantzuna eman arte, ezin da lurzoruaren kalitateari buruzko aginduzko adierazpen-prozedura burutu, baimendutako erabilerak zehaztuko dituen lurzoruen kalitatearen adierazpena emanez.

Alde horretatik, lurzoruaren adierazpen-ebazpenean ezartzen diren erabilera-mugak bete beharko dira. Ebazpena, bestalde, honako hauek baino lehen eman beharko da: lurzorua kutsa dezaketen jarduera edo instalazioren bat izan dituzten edo dituzten lursailen antolamendu xehatua jasotzen duten hirigintza-bitartekoak behin betiko onartu baino lehen, edo bitarteko horiek aldatu baino lehen, eta, ahal dela, prozedura horien hasierako faseetan. Hala ere, kokaleku horretan guztian edo zati batean lurzoruaren kalitatea ikertzea eragozten duten inguruabarrak gertatzen badira, kasuan kasuko antolamendu-bitartekoa behin betiko onartu ahal izango da, lurzoruaren kalitatearen deklaraziorik gabe. Kasu horretan, Hirigintzako Ekintzen Programari hasierako onespena eman aurretik egin beharko da adierazpen hori; edo, horrelako programarik ezean, lekua barne hartzen duen kudeaketa-esparruko birpartzelazio- eta urbanizazio-proiektuei hasierako onespena eman aurretik.

D.3.– Kultura-ondareari dagozkion neurriak.

Kultura-ondareari dagokionez, antolamenduaren esparruan babes integraleko maila daukaten kultura-ondareko zenbait elementu identifikatu dira, eta nabarmendu behar dira FESAren industria-pabiloia (kultura ondasun kalifikatua) eta Orconerako bosgarren mineral-kargalekua; bidenabar, kultura-intereseko bestelako ondasun higiezinak ere badira, inbentariagarriak, esaterako, Astilleros del Cadaguako harmailak, karga-kaia eta Orconerako hirugarren eta laugarren mineral-kargalekuen hondarrak; planaren esparruan ustezko eremu arkeologiko bat ere badago, Lutxanako Dorrea.

Ondare-ondasun horiei dagokienez, Plan Bereziak FESAren pabiloiaren eraikin historikoan esku hartzea proposatzen du; kasu horretan, abenduaren 26ko 372/2001 Dekretuan xedatutakoa aplikatuko da, Barakaldoko (Bizkaia) FESA Industri Pabiloia, Monumentu izendapenaz, Kultura Ondasun gisa deklaratzeko dena. Planak eraikina berrerabiltzea aurreikusi du, hirugarren sektoreko ekoizpen-erabilerak hartzeko; eraikina birgaitu egingo da Barakaldoko HAPOn aurreikusitakoarekin bat etorriz eta dagokion babes-araudia errespetatuz.

Orconerako kargalekuari dagokionez, Planean aurreikusitako ibaiertzeko parkearen barruan integratzea aurreikusi da.

Nolanahi ere, Planaren esparruan dauden elementu horien zein kultura-ondareko gainerako ondasunen kasuan, horien gainean edozein jarduketa eginez gero, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezartzen denari jarraitu beharko zaio.

Edonola ere, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak ezarritako xedapenak betez, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritzari; gero, beharrezkoa izanez gero, hark erabakiko du zer neurri ezarri.

D.4.– Zaraten eraginak gutxitzeko neurriak.

Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, eraispen-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, eta erabilitako ekipamenduen zaraten kontrolean ere.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Beste alde batetik, Plana garatzetik eratortzen diren proiektuen ondoriozko obrek sortutako soinu-mailak, obra horien eragin-eremuan, ezingo ditu gainditu Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita dauden kalitate akustikoaren helburuak.

Erabilera industrialeko lurzatietan ezarriko diren jarduerak, betiere, zarata-foku berriei aplikatu beharreko muga-balioak bete beharko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

D.5.– Lurraldearen leheneratze ekologikorako neurriak.

Ahalegina egingo da urbanizazioaren eta itsasadarraren arteko trantsizio-lurzoruetarako hautatzen diren konponbideek eremuaren ingurumena hobetu eta naturalizatu dezaten, itsasertzaren berezko balio naturalak berreskuratuz eta aurreikusitako bideratzean murru bertikalak egitea saihestuz.

Planeko esparruko espazio berdeak diseinatzeko hauek hartuko dira kontuan: «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua», Udalsarea 21 lan-koadernoa (20. zenbakia, 2017ko apirilekoa) eta Eusko Jaurlaritzaren «Ibaien eremuko ingeniaritza naturalistikoko tekniken eskuliburua».

Nolanahi ere, ingurumena eta paisaia leheneratzeko lanak egingo dira, proiektuaren exekuzioaren eraginpean dauden gune guztietan, aurreikusiz landareztatze-lanetan batez ere espezie autoktonoak erabiliko direla, eta beren-beregi saihestuko dela prozesu inbaditzaileak sor ditzaketen kanpoko espezieak erabiltzea.

Neurriak hartuko dira ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoen zabalkundea saihesteko (Buddleja davidii, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana, etab.). Ildo horretan, kontrol-neurriak hartuko dira landare-espezie inbaditzailerik sar ez dadin iraulitako eta landarerik gabe utzitako lursailen bidez (prestatutako gainazaletan segituan landatzea eta ereitea, landare-lurren pilaketen babesa eta abar). Gainera, landare-lurrak modu berezituan kudeatzea proposatuko da, baldin eta lur horiek aipatutako espezieak barreia ditzaketen propaguluak badituzte.

D.6.– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoetarako beharrezko ezaugarriei dagokienez, Etxebizitzen eraikuntza iraunkorrerako gidan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, honako hauetan izan beharko dute eragina:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia-kantitatea eta/edo energia-kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

D.7.– Neurri orokorrak, balio naturalak babesteko aurreikusitako garapena exekutatzen den bitartean.

Oro har, ingurumen-balioen babesa lehenetsiko duten neurriak aplikatu beharko dira, hau da, aurreikusitako garapenetarako ingurumen-balioak mantentzen direla bermatzeko neurriak hartu beharko dira. Bereziki, honako hauek:

– Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: obraren okupazio-mugak kontrolatzea, kontuan hartuz kultura-ondareko elementuak daudela (horietan, babes-perimetroa ezarriko da), lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, ibilguetara isurketarik ez egitea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obretan eta garbiketa-kanpainan sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira (112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duena).

Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak ezarritakoa bete beharko da (errege-dekretu hori amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitzeko eta murrizteko da), baita martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuak ezarritakoa ere (amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena).

Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete behar dituzte, eta itxita egon beharko dute baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen (errege-dekretu horren bidez, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen da).

Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Obretan hondeaketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legediaren arabera kudeatuko.

Barakaldoko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Lurzoruak eta lur azpiko urak babestea: obra-fasean beharrezkoak diren prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira, arreta handiz, ustekabeko isurketen kaltea saihesteko, bereziki makineriaren mantentze-lanak egiten diren bitartean: obrako makinen parke gisa erabiltzen den lurrazala eta horren mantentze-eremua drainatze naturaleko saretik isolatuko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

E) Ingurumen Jarraipeneko Plana.

Azterketak ikuskatze-programa egoki bat deskribatzen du, Planaren aplikazio egokia bermatzeko eta, hala badagokio, aurreikusitakoak ez diren beste ingurumen-efektu batzuk antzemateko. Hainbat kontrol proposatu dira, «0» faserako edo lanen aurreko faserako zein plana garatzeko obren eraikuntza-faserako; kontrol horietan zenbait jarduketa egingo dira, aintzat hartuz kontrolatuko den eremuko alderdiak, jarraipenaren adierazle diren parametroak, kontrol-puntuen kokapena, maiztasuna, erreferentziako muga-balioak eta helburuak.

F) Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluaziorako gidalerro orokorrak.

Planetik eratorriko diren proiektuen ingurumen-ebaluazioan lurraldearen baldintzatzaileak hartuko dira kontuan, baita Ingurumen Sailburuordetzaren 2013ko azaroaren 27ko Ebazpenean aipatutako ingurumen-irizpideak ere. Ebazpen haren bidez formulatu zen erreferentziako dokumentua, eta horretan zehazten da Barakaldoko Udalak sustatutako Lutxana-Burtzeña 05 BEPB Plan Bereziaren ingurumen-jasangarritasuneko txostenaren xehetasun-maila eta irismena.

Besteak beste, nabarmendu behar da babestu egin behar direla itsas-lehorreko jabari publikoa eta babes-zortasun eta igarotze-zortasunak; murriztu egin behar direla arrisku naturalak, bereziki uholde-arriskutik eratorritakoak; Planaren esparruan dauden kultura-ondareko elementuak babestu eta horien balioa nabarmendu egin behar dela; potentzialki kutsatutako lurzoruak zuzen kudeatu behar direla; esparruko zein garapen berrietako kalitate akustikoa zaindu behar dela; ingurumen-baliabideak modu jasangarrian erabili behar direla; eta lurraldean egindako esku-hartzeak modu egokian integratu behar direla paisaian, kalteak saihestea lehenetsiz konpentsazioaren gainetik.

Bigarrena.– Bi urteko gehieneko epea ezartzen da Barakaldoko Udalak sustatutako Lutxana-Burtzeña 05 BEPB Plan Berezia onartzeko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarota, proiektua ez bada onartu, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituta geratuko da, eta hortik aurrera ez da eraginkorra izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea adosten. Hori guztiori, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Barakaldoko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 20a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala