Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

91. zk., 2021eko maiatzaren 11, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2642

EBAZPENA, 2021eko apirilaren 14koa, Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariarena, Eibarko Hezkuntza Esparruko Egoitza Zentroan 2021-2022 ikasturtean ikasleak barnetegian onartzeari buruzkoa.

Hezkuntza eta ikasketa-askatasuna herritar guztioi dagokigun eskubidea da, eta Botere Publikoen obligazioa da hezkuntzara berdintasun-egoeran sartzeko izan daitezkeen mugapen edo desorekei aurre egiteko neurriak hartzea.

Eibarko Hezkuntza Esparruan bada Egoitza Zentro bat, eta modua ematen du ikasketa jakin batzuk familia-egoitzaren tokitik kanpo egiten dituzten ikasleei eskaintza bereziki egokia egiteko.

Otsailaren 22ko 24/2011 Dekretuak aldatu egin du uztailaren 2ko 164/2002 Dekretua, Eibarko Egoitza Zentroa sortu eta Eibarko Hezkuntza Esparruaren administrazio- eta antolakuntza-egitura zehazten duena. 24/2011 Dekretuaren arabera, Hezkuntza Saileko Ikastetxeen zuzendariaren ebazpen batek arautuko ditu honakoak: nola onartu ikasleak Eibarko Hezkuntza Esparruko Egoitza Zentroan eta nola aurkeztu eskabideak eta zein epe eta modutan, zer dokumentazio erantsi behar zaien eskabideei eta zein epetan emango diren.

Horretarako, eta betiere uztailaren 2ko 164/2002 Dekretuaren 19. artikuluarekin bat etorriz, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea. Hau da egoitzan tokia eskatzeko epe bakarra: uztailaren 1etik uztailaren 22ra, biak barne. Ebazpen honetako eraskinean zehazten da egutegi osoa.

2. artikulua.– 220 lagunentzako lekua izango da gehiena. Deialdia erabat ebatzi ondoren, plazaren bat hutsik geratuz gero, Egoitza Zentroaren zuzendariak egoitzan beste zenbait pertsona onartzeko baimena eman ahal izango du, eskabidea egiten duten unetik ikasturtea amaitu arte, betiere ezarritako eskakizunak betetzen badituzte.

3. artikulua.– Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzek edo deialdi honen xede den Egoitza Zentroak ematen dituen inprimakietan egin beharko dira eskabideak. Inprimaki horietan adierazten da zein dokumentu erantsi behar zaizkion eskabideari.

4. artikulua.– Inprimakian eskatutako eskabidea eta dokumentazioa Eibarko Egoitza Zentroan aurkeztuko da, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan eta apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa) aurreikusitako lekuetan.

Norbaitek eskabidea posta-bulego batean aurkezten badu, gutun-azal irekian egingo da, posta-zerbitzuko funtzionarioak eskabidea datatu eta zigilatu dezan, ziurtatu baino lehen.

Eskabidearekin batera, eskabide-orrian adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da.

Otsailaren 22ko 24/2011 Dekretuaren 20 artikuluaren arabera, 2020-2021 ikasturtean Egoitza Zentroan plazaren bat izan duten pertsonak salbuetsita egongo dira eskaera aurkeztetik, baldin eta aipaturiko ikasturtean matrikulatuta egon ziren ikastetxeko egonaldiko baldintzak betetzen badituzte eta 2021-2022 ikasturterako matrikula egin badute. Pertsona horiek automatikoki onartuko dira Egoitza Zentroan.

5. artikulua.– Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 68. artikuluak dioen moduan, eskabideak ez baditu betetzen eskatutako baldintzak, interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak aurkezteko. Era berean, jakinaraziko zaio, horrela egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta, horretarako, aldez aurretik, ebazpena emango da, aipatutako legearen 21. artikuluan jasotako moduan.

Eskaera Egoitza Zentroan egiten bada, errekerimendua aurkezpenaren une berean egin ahal izango da, eta idatzita geratuko da eskabidea aurkeztu duen pertsonak errekerimendua jaso duela.

6. artikulua.– Eskatzaileen datuen erabilera eta funtzionamendua honako lege honen mende geratuko dira: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariaren Ebazpen honen kontra, gorako errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 14a.

Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendaria,

EUGENIO JIMENEZ IBAÑEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala