Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

90. zk., 2021eko maiatzaren 10a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2617

EBAZPENA, 2021eko martxoaren 30ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez Urduñako La Rondina Industria eta Hirugarren Sektorearen Plan Partzialeko 1. aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen baita.

AURREKARIAK

2020ko abenduaren 21ean, Urduñako Udalak eskaera bat bete zuen, Urduñako La Rondina Industria eta Hirugarren Sektorearen Plan Partzialeko 1. aldaketaren (aurrerantzean, Planaren aldaketa) ingurumen-txosten estrategikoa egiteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz. Eskaerarekin batera, zenbait agiri aurkeztu ziren, hala nola Planaren aldaketaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2021eko urtarrilaren 21ean Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien administrazio publiko ukituei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Urduñako Udalari ere jakinarazi zitzaion izapide-prozesuaren hasiera.

Halaber, espedientean jasotako agiriak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Urduñako La Rondina Industria eta Hirugarren Sektorearen Plan Partzialeko 1. aldaketa (aurrerantzean, Planaren aldaketa) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan edo programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin adierazgarririk ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin adierazgarria izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago araututa, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren aldaketaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Ingurumen-txosten estrategiko horretan, planaren aldaketak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana garatu, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Urduñako La Rondina Industria eta Hirugarren Sektorearen Plan Partzialeko 1. aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Hona hemen txostenaren edukia:

A) Planaren aldaketaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren aldaketak E-2 orubearen antolamendu xehatua birdefinitzea du helburu, erabilera anitzeko eraikin bat ezarri eta, eraikin horretan, animaliak hil, zatitu eta laurdendu ahal izateko, betiere biltegiratzeko eta txikizka saltzeko aukera mantenduz. Horrez gain, jarduera horiekin lotutako ezagutzak eta ohiturak prestatu, ikertu, kontserbatu eta transmititzeko zentro bat ezarri nahi da, eraiki beharreko eraikina jabari eta erabilera publikorako gordetzeko betebeharra ezabatuz.

Horretarako, aldatu egin da La Rondina Sektorearen Plan Partzialari atxikitako antolamendu xehatua (aurrerantzean, Plan Partziala), maiatzaren 25eko 943/2006 Foru Aginduaren bidez behin betiko onartua, E-2 lurzatiari dagokionez bakarrik. Plan Partzialaren aldaketa 2.9 eta 3.2 artikuluak aldatzera mugatzen da, E-2 lurzatiak merkataritza-erabilera baimenduta baitu dagoeneko. Jabari publikoan izango duen eraginaren baldintzatzailea ezabatu egingo da, prestakuntza-erabilera Urduñako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (aurrerantzean, HAPO) jada baimenduta dagoenetako bat delako. Plan horren testu bateginak La Rondina sektorean egindako aldaketak hartzen ditu barne, eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (109. zk.) argitaratu zen 2005eko ekainaren 9an.

Horrenbestez, ezabatu egin da Plan Partzialean agertzen den jabari eta erabilera publikoaren erreserba. Hala, libre geratu dira 2.058 m2 lurzoruan eta gehienez 823 m2 sabai eraikigarrian; sabai-azaleraren % 50, gehienez, nekazaritza- eta industria-erabilerara (hiltegia) bideratuko da, azalera eraikigarriaren % 1 bulego-erabilerara, eta hezkuntza- eta gizarte- eta kultura-ekipamenduko erabileretara azalera eraikigarriaren % 20 gehienez. Ez dira aldatuko HAPOk aurreikusitako eraikigarritasunak, ezta baimendutako erabileren intentsitatea ere.

Hiltegi berriak 87 t/urte-ko ekoizpena izatea aurreikusten da.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluari jarraikiz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar ote duen zehazteko asmoz.

1.– Planaren aldaketaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planaren aldaketak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: Planaren aldaketak eremuaren hirigintza-antolamendu xehatua bakarrik aldatzen du, hiri-lurzoru finkatuan, haren erabilera aldatuz; merkataritza eta jabari publikoko erabileratik nekazaritzako elikagaien ekipamendu-erabilerara. Beraz, ondorioztatu da ez duela ondorio nabarmenik eragingo beste plan edo programa batzuetan.

c) Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko: Planaren aldaketa egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Erabiltzen ez den ondare urbanizatua berrerabiltzea ekarriko du. Gainera, eraikin berriaren eraikuntzak energia-aurrezkia eta -efizientzia lortzeko jardunbideen erabilera sustatuko du.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman planaren aldaketa gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira eraginpeko eremuarekin lotura duten esku-hartzeak eta jarduerak.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako legedia txertatzeko, ingurumenaren arloan.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak.

E-2 orubea da Planaren aldaketaren xede-eremua; La Rondina industrialdean dago, Urduña hirigunearen hego-mendebaldean. Hiri-lurzoru finkatua da, eta merkataritzako eta jabari publikoko erabilera du gaur egun; 2.127,56 m2 ditu eta bizitegitarako hiri-lurzoru finkatuarekin muga egiten du.

Eremuan ez da hauteman ingurumen-baldintzatzaile garrantzitsurik. Eremua hiri-/industria-gunean dago, eta gune asfaltatuak, pabiloiak eta familia bakarreko etxebizitzak ditu inguruan. Bertan ez dago natura-intereseko elementurik. Handik gertu ez dago ur-ibilgurik eta, beraz, ez dago uholde-arriskurik. Gainera, ez dago lurzorua kutsa dezaketen jarduerak jasaten dituzten edo izan dituzten lurzoru inbentariaturik. Lurzatia kalteberatasun ertaineko eremuan dago, akuiferoaren kutsadurari dagokionez.

Era berean, eremuan ez dago kultura-ondarearen elementurik.

Jarduera-eremuak, gaur egungo egoeran nahiz etorkizuneko egoeran (20 urtera begira), Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako aldi bakoitzerako (goiza, arratsaldea eta gaua) kalitate akustikoko helburuen azpiko soinu-mailak ditu.

Ondorioz, ingurumen-txosten estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasun-neurriak eta aurrerago zehazten diren neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak aplikatuta, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean ondorio esanguratsurik izango dutenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, planaren aldaketak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta La Rondina Industria eta Hirugarren Sektorearen Plan Partzialeko 1. aldaketari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik izan ez dakion, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan ezarritakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera.

– Ingurune hidrikoa babesteko neurriak:

Kantauri Ekialdeko Konfederazio Hidrografikoak eta Uraren Euskal Agentziak igorritako txostenetan ezarritako zehaztapenak bete beharko dira, eta Planaren aldaketan jarraian zehazten den dokumentazioa jaso beharko da:

• Etorkizuneko jardueraren ur-baliabideen eskariaren azterketa eta jatorriaren justifikazioa; hala badagokio, baliabide horiek babesten dituzten administrazio-emakidak edo uren eskubideak adieraziko dira.

• Erakunde kudeatzailearen, hau da, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren ziurtagiria, hornidura-azpiegituren nahikotasunari buruzkoa.

• Udal-saneamendu sareak helmuga duen araztegiaren erakunde kudeatzailearen justifikazioa. Bertan, behar bezala bermatuko da hondakin-uren araztegiak (HUA), proposatutako garapenaren hondakin-urak berme guztiekin onartzeaz gain, ingurune hartzailerako uren kalitate-arauak bete ahal izango dituela.

• Etorkizuneko saneamendu- eta hornidura-sareen planaren aldaketaren dokumentazioa, dokumentazio kartografikoaren bidez.

Gainera, Urari buruzko ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 7.k) artikuluan xedatutakoa betez, txostena eskatu beharko zaio Uraren Euskal Agentziari, planaren aldaketaren hasierako onespena egin ondoren.

– Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:

Bestalde, eraikuntza-proiektua egikaritzeko prozesuan aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, Planaren aldaketatik eratorritako obrak gauzatzeko babes- eta zuzenketa-neurri hauek bete beharko dira:

• Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak barne.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakinen biltegira eraman, eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.

Urduñako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

• Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriak kaltetutako lurrak kentzea eta kudeatzea, etab.).

• Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

• Obrako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

• Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Departamentuari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.

• Paisaia-integrazioa: inguruko ingurumen-ezaugarriak aintzat hartuta, eta eraikin berria zona horretako paisaian integratu dadin, hainbat eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak eta abar), inguruko eraikuntza-tipologiarekin eta estetikarekin bat etorrita.

• Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/publicaciones) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, honako hauetan izan beharko dute eragina:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia-kantitatea eta/edo energia-kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Urduñako La Rondina Industria eta Hirugarren Sektorearen Plan Partzialeko 1. aldaketak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Urduñako Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, La Rondina Industria eta Hirugarren Sektorearen Plan Partzialeko 1. aldaketa onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 30a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala