Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

88. zk., 2021eko maiatzaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2594

EBAZPENA, 2021eko apirilaren 13koa, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariarena, Euskal Ur-ski Federakundearen Estatutuak onartu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzen dituena.

Euskal Ur-ski Federakundea EAEko Kirol Elkarteen eta Federazioen Erregistroan inskribatu zen 1987ko maiatzaren 21ean, 139. zenbakiarekin. Federazio horren estatutuen aldaketa aurkeztu da orain.

Euskal Ur-ski Federakundeak, 2021eko urtarrilaren 29an egindako Ezohiko Batzar Orokorrean, bere estatutuen artikuluak aldatzeko erabakia hartu zuen eta onarpen hori agiri bidez frogatu da.

Estatutuen aldaketak bat datoz Euskadiko Kirol Federazioen urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuan eta Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legean xedatutakoarekin.

Ondorioz, nire eskumenak erabiliz, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Ur-ski Federakundearen Estatutuak onartu eta EAEko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzea.

Bigarrena.– Legez ezarritako epean jakinarazteko agindua ematea.

Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Laugarrena.– Ebazpen honek ez du amaitzen administrazio bidea eta, beronen aurka, pertsona interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 13a.

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria,

JON REDONDO LERTXUNDI.

EUSKAL URETAKO ESKIA ETA MOTONAUTIKA FEDERAZIOA ESTATUTOAK
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioa irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatua da. Nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasuna du. Era berean, kirolariak, teknikariak, epaileak, klubak eta kirol elkarteak biltzen ditu Uretadio Eskia eta Motonautika modalitatea sustatzeko eta antolatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan. Kirol modalitateak ondorengo diziplinak ditu:

Motonautika.

Uretako Eskia.

2. artikulua.– Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioa honako hauek arautzen dute: Euskadiko Kirolari buruzko ekainaren 11ko 14/1998 Legeak; Euskadiko kirol federazioen urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuak, eta Legeak garatuko dituen gainerako xedapenek; estatutu eta berariazko arautegi hauek, eta euren organoek hartutako akordioek.

3. artikulua.– Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioaren egoitzaren helbidea hauxe da: Etorbidea: Makaletako z/g 1.garren solairua (HTZ eraikina). Herria: Getxo. PK: 48991. Lurralde historikoa: Bizkaia.

4. artikulua.– Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioak bere kirol modalitateari dagozkion autonomia erkidegoko jarduera eta lehiaketa ofizialak sustatzen, kalifikatzen, baimentzen, agintzen eta antolatzen ditu.

5. artikulua.– Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioak bere kirol modalitateari dagokion euskal kirol federatua ordezkatzen du Estatuan eta nazioartean.

6. artikulua.– Bere eginkizunak betetzeko federazioak ondorengo funtzioak izango ditu:

a) Dagokion kirol modalitatea ordezkatzea Estatuan eta nazioartean, eta, hala dagokionean, bere federazioa beste erakunde batzuei atxikitzeko araubidea zehaztea.

b) Dagokion lurraldeko federazioen jarduera koordinatzea.

c) Dagokion kirol modalitatearen lehiaketa ofizialak eta jarduerak antolatzea autonomia erkidegoan.

d) Parte hartzeko eta lehiatzeko arauak ezartzea; betiere bere eremuaz gaindiko lurralde eremua duten federazioek ezarritako arauak betetzen baditu, hala dagokionean.

e) Bere estamentu guztien partaidetza antolatzea Estatuko eta nazioarteko lehiaketetan.

f) Dagokion kirol modalitatearen federazio lizentziak ematea.

g) Bere jarduera garatzean sortutako kirol arazoak ezagutzea eta konpontzea; organo judizialen eta arbitraje-organoen eskumenari kalterik egin gabe.

h) Bere arauak bete daitezen zaintzea, eta arau horien arabera duen diziplina ahalmena erabiltzea.

i) Euskal Administrazioari laguntzea kirolean debekatuta dauden substantziak, talde farmakologikoak eta arauz kanpoko metodoak erabil daitezen prebenitzen, kontrolatzen eta zigortzen, horretarako zehazten den araudiari jarraiki.

j) Dagokion kirol modalitateko teknikariak eta epaileak prestatzea, hartarako ezartzen den araudiari jarraiki.

k) Bere baliabide ekonomikoen helburua zehaztea eta horiek esleitzea; beste erakunde batzuek bere jarduerarako transferitzen dizkion baliabideak kudeatzea, eta bere baliabide guztiak ongi erabiltzen direla kontrolatzea.

l) Lurraldeko federazioentzako, eta atxikita dituen klub eta kirol elkarteentzako dirulaguntzak esleitzea, eta ematen direla kontrolatzea.

m) Euskadiko administrazioei laguntzea kirola sustatzeko helburuetan, eta, bereziki, 14/1998 Legeak federazioei zuzenean ematen dizkien lankidetza eta aholkularitzako funtzioetan.

n) Bere estatutuak eta kirol araudiak egitea.

ñ) Dagozkion kirol modalitatean eta lurralde eremuan emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea, eta ahal den neurrian, bermatzea.

o) Eta, oro har, dagokion kirol modalitatearen jarduera sustatzeko eta hobetzeko komeni den guztia xedatzea.

7. artikulua.– Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioak bere lurraldeko federazioekin batera garatuko ditu funtzioak.

8. artikulua.– Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioan ezin izango da egin inolako arraza, sexu, erlijio, iritzi eta sinesteengatiko, edo norberaren edo bestelako arrazoi sozialarengatiko bereizkeriarik.

II. TITULUA
FEDERAZIOKO KIDEA EGITEA. LIZENTZIAK

9. artikulua.– 1.– Federazio lizentzia agiri pertsonal eta besterezina da, eta bere titularrari Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioko kide izaera ematen dio. Bestalde, lehiaketa ofizialetan parte hartzeko gaitasuna ematen dio; betiere lehiaketa bakoitzean daude arauei jarraiki.

Estamentu guztiek Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioak eta bere Lurraldekoek nahiz lurraldez gaindiko beste edozein erakundek antolatutako lehiaketa ofizialetan parte hartzeko ezinbesteko baldintza dute federazio lizentzia izatea.

Federazio lizentzia duten estamentu guztiek Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioak bere lehiaketei dagokienez ezartzen dituen arau, arautegi eta xedapen guztiak bete beharko dituzte.

Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioak erregelamendu bidez finkatuko ditu estamentu ezberdinen mailak, eginkizunak eta baldintzak.

2.– Federazio lizentzia bakarra izango da Euskadin, eta, horren bidez, titularra euskal federazioari zein lurraldeko federazioari atxikita egongo da.

3.– Bi federazioetako kide egiteko bidea dagokion lizentzia ematea izango da.

4.– Euskadiko federazioak eta lurraldeko federazioek, ados badaude, aisialdiko edo zerbitzuetako txartela sor dezakete. Txartel hori ez da ofiziala izango eta borondatezko harpidetza izango du. Era berean, ez du eskubiderik emango lehiaketa ofizialetan parte hartzeko, eta ez du titularra federazio honetako kide egingo. Txartel horrekin bakarrik parte hartu ahal izango da ofizialak ez diren zenbait kirol jardueretan, eta zerbitzu jakin batzuk eskuratzeko ere balio izango du.

5.– Federazio honek emandako lizentziak autonomia erkidegoaz gaindiko eremuko lehiaketetan parte hartzeko gaituko ditu euren titularrak, indarrean dagoen araudiak ezarritako kasu eta baldintzetan.

10. artikulua.– 1.– Euskal Autonomia Erkidegoan Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioak du eskumena dagokion kirol modalitateko federazio lizentziak emateko, eta lurraldeko federazioak horiek bideratzeko eskumena duten erakundeak dira.

2.– Federazio honek, lizentziak emateko duen eskumenaren babesean, erregelamendu bidez ezarriko ditu honakoak: lizentzien agiri, kirol eta ekonomia erregimena, bere eskubide eta betebeharrak, iraupena, indarrean sartzeko data, kategoriak, kuotak, prozedura, formatua eta gainerako antzeko alderdiak. Funtzio horrek barne hartuko du nahitaezko estaldura bermatzeko aseguru kolektiboak kontratatzea.

3.– Euskal federazioak borondatezko kuota gehigarria jaso ahal izango du federatuengandik, zerbitzu eta jarduera jakin batzuk finantzatzeko.

4.– Federazioak Batzar Nagusiak onartutako moduan eta urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 24.5 artikuluan xedatutakoaren arabera banatuko du lizentzia bakoitzaren zenbateko garbia lurraldeko federazio bakoitzarekin. Zenbateko garbi hori era honetan lortuko da: zenbateko gordinari aseguruei eta lurralde eremuko lehiaketa ofizialetan parte hartzeko kuotei dagozkien zenbatekoak kenduz.

11. artikulua.– 1.– Federazioaren Batzar Nagusiak onetsiko ditu lizentzien formatua eta edukia, eta lizentzia horietan, nahitaez, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabili beharko dira.

2.– Lizentzien euskarriak komunikazioaren teknologiak era egokian aprobetxatzeko moduko baldintza teknikoak izango ditu, eta Eusko Jaurlaritzak onartutako euskarrien ezaugarri teknikoen araberakoa izango da.

3.– Lizentziaren agirian ondorengo kontzeptuak jasoko dira:

a) Nahitaezko aseguruen kuota.

b) Euskal federazioarentzako kuota: zenbateko garbiaren % 65 izango da.

c) Lurraldeko federazioarentzako kuota: zenbateko garbiaren % 35 izango da.

d) Federazioaren eremuaz gaindiko lehiaketa ofizialetan parte hartzeko kuota, hala dagokionean.

4.– Lizentziaren agirian, halaber, urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 25.4 artikuluan ezarritako edukiak jasoko dira.

12. artikulua.– Federazioak ematen dituen lizentzien iraupena urtebetekoa izango da, hots, denboraldi osorako.

13. artikulua.– Federazioak pertsona federatu berak izan ditzakeen lizentzien bateragarritasunaren hipotesi, baldintza eta eraginak zehaztuko ditu Lizentzien Arautegian.

III. TITULUA
GOBERNU, ADMINISTRAZIO ETA ORDEZKARITZA ORGANOAK

14. artikulua.– Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioan ondorengo gobernu, administrazio eta ordezkaritza batzordeak egongo dira:

a) Batzar Nagusia deitutako gobernu organoa

b) Zuzendaritza Batzordea deitutako administrazio organo kolegiatua.

c) Batzorde Betearazlea izeneko administrazio-organoa.

d) Ordezkaritza organoa, bere titularra federazioko lehendakaria izango dena.

I. KAPITULUA
BATZAR NAGUSIA

15. artikulua.– Batzar Nagusia federazioaren gobernu organo nagusia da, eta, gutxienez, ondorengo funtzioak bete beharko ditu:

a) Lehendakaria hautatzea.

b) Federazioko kontuak eta aurrekontuak onestea.

c) Estatutuak onestea edo aldatzea.

d) Zentsura-mozioa onestea.

e) Lehiaketa ofizialen egutegia onestea.

f) Federazioaren jarduera-plana onestea.

g) Federazioaren arautegiak onestea edo aldatzea.

h) Ondasun higiezinak izatea, besterentzea eta zergapetzea; maileguak adostea, eta zorraren edo ondare zati alikuotaren tituluak jaulkitzea, estatutu hauetan xedatutakoaren arabera.

i) Federazioa desegitea erabakitzea.

j) Bere eraginagatik Batzar Nagusian onestea eskatzen duten beste erabaki guztiak hartzea.

16. artikulua.– 1.– Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioaren Batzar Nagusia lau urtean behin hautatuko da, boto libre, zuzen, berdin eta sekretuaren bidez. Lurraldeko federazioen Batzar Nagusi bakoitzean egingo da hautaketa hori.

2.– Hauteskundeak kirol modalitatearen joko olinpikoak egiten diren urteetan egingo dira beti, eta lurraldeko federazioen batzar nagusiak berritu eta gero.

3.– Salbuespen gisa, eta Eusko Jaurlaritzak berariazko baimena eman eta gero, hauteskunde-prozesua atzeratu edo aurreratu daiteke, hauteskundeak hasteko ezarrita zegoen egunean ezinezkoa bada.

17. artikulua.– 1.– Batzar Nagusian ondorengo proportzioan egongo dira kluben, kirol elkarteen, kirolarien, teknikarien eta epaileen estamentuen ordezkariak:

a) Kluben eta kirol elkarteen estamentuaren ordezkariak batzarreko kide guztien % 80an ezarritako ehunekoan egongo dira.

b) Kirolarien estamentuaren ordezkariak batzarreko kide guztien % 15an ezarritako ehunekoan egongo dira.

c) Teknikarien eta epaileen estamentuaren ordezkariak batzarreko kide guztien % 5an ezarritako ehunekoan egongo dira. Era berean, ordezkaritza eta hauteskundeak deitzeko unean dauden estamentu bakoitzaren lizentzia kopurua proportzionalak izango dira.

2.– Aurreko erregela aplikatu eta gero estamentu bakoitzean geratzen den ehuneko osoa honela banatuko da: lurraldeko federazio bakoitzari estamentu bakoitzeko, Euskal Federazioan erroldatutako pertsona guztiei dagokienez, atxikita dituen kide kopuruarekin proportzionala den ordezkari kopuru jakin bat esleituko zaio.

3.– Euskal Federazioaren Batzar Nagusiko kideen kopuru osoa Hauteskunde Batzordeak zehaztuko du hauteskunde prozesu bakoitzaren hasieran, estamentu bakoitzeko kide-kopurua kontuan hartuta.

18. artikulua.– Lurralde-federaziorik badago, dagokion lurralde-federazioaren batzar orokorrak zehaztuko du hautesle-errolda. Federaziorik ez badago, irizpide hauei jarraituko die Batzarrak, hautesle eta hautagarrien kidegorako edo erroldarako.

1.– Klub eta kirol elkarteek dituzten ordezkariak aukeratzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan erregistratuta dauden, eta dagokion federazioko kide diren kluben eta kirol elkarteen ordezkariak hartuko dira kontuan; betiere klub eta kirol elkarte horiek kirol jarduera esanguratsua izan badute hauteskundeak egin diren denboraldian, nahiz aurrekoan.

2.– Kirolarien estamentua ordezkatzen duten pertsonak hamazortzi urtetik gorako kirolariak izango dira. Kirolariok indarrean izan beharko dute lizentzia hauteskundeak egingo diren denboraldian; baita ere, aurreko denboraldian. Lehen azaldutako baldintzak betetzen dituzten hamasei urtetik gorako kirolariek aukeratuko dituzte ordezkariak.

3.– Teknikarien ordezkariek hauteskundeak egingo diren denboraldirako lizentzia indarrean izan behar dute; baita ere, aurreko denboraldian, lizentziaren kategoria edozein dela ere.

4.– Epaileen ordezkariek hauteskundeak egingo diren denboraldirako lizentzia indarrean izan behar dute; baita ere, aurreko denboraldian, lizentziaren kategoria edozein dela ere.

5.– Aukeratuta izan diren denboraldian plaza librerik geratuko balego Batzar Nagusiko kideen artean, Batzar Nagusirako azken hauteskundeetan estamentu bakoitzaren ordezkoen zerrendan agertzen den lehenengo pertsonak beteko luke, Hauteskunde Arautegiak horri dagokionez xedatutako prozeduraren arabera.

6.– Lurraldeko federazioren batean ez badago estamentu jakin bat, edo estamentua osatzen duten pertsona kopuruarekin ez bada lortzen lurraldeko federazio horri esleitutako gutxieneko ordezkaritza, estamentuaren plaza libreak lurraldeko federazio horren gainerako estamentuei esleituko zaizkie proportzionalki.

19. artikulua.– 1.– Batzar Nagusiak ohiko eta ohiz kanpoko bilerak egiten ditu.

2.– Batzar Nagusiaren ohiko bilera ekitaldi bakoitzean behin izango da gutxienez, urteko lehen seihilekoan. Xedea hauxe izango da:

a) Kontuen eta aurrekontuen egoera onestea.

b) Jarduera-plana onestea.

c) Lehiaketen egutegi ofiziala onestea.

3.– Bere eskumeneko gainerako gaiak, hurrengo paragrafoan aurreikusitakoak izan ezik, ohiko bileran ere hitz egingo dira.

4.– Batzar Nagusiak ohiz kanpoko bilerak antolatuko ditu ondorengo gaiez aritzeko:

a) Hauteskundeak egitea.

b) Zentsura-mozioa.

c) Arautegiak onestea edota aldatzea.

d) Estatutuak onestea edota aldatzea.

e) Federazioa desegitea.

20. artikulua.– 1.– Ohiko eta ohiz kanpoko batzarrak biltzeko deia egitea ofiziozko federazioko Lehendakariari dagokio; bestela, Zuzendaritza Batzordeak edo Batzar Nagusiko kideen % 5ek eskatzen dutenean egingo da. Hori ezin bada egin, edo Lehendakariak ez badu betetzen batzarra deitzeko betebeharra, Zuzendaritza Batzordeak edo Batzarreko kideen % 5 ordezkatzen dituen kide talde batek egin ahal izango dute deialdia.

2.– Lehendakariak egin beharko du Batzarrerako deialdia, gehienez 15 egun naturaleko epean, organoek edo hartarako eskumena duten taldeek eskaera egiten dutenetik aurrera.

21. artikulua.– Ohiko nahiz ohiz kanpoko Batzar Nagusirako deialdia nahiz gai zerrenda 15 eguneko aurrerapenarekin gutxienez jakinaraziko zaizkie Batzarreko kideei, eta idatzi egingo da.

22. artikulua.– 1.– Batzarreko kideek Lehendakariari eskatu ahal izango diote haien ustez interesgarriak diren gaiak gai zerrendan sartzea, baina, gutxienez, hamar eguneko aurrerapenarekin, eta betiere Batzarreko % 5 kideek hala eskatzen badute, sartu beharreko gaia interesgarria bada federazioarentzat. Bestela, estamentu bateko % 5 kideek eskatu beharko dute, sartu beharreko gaia interesgarria bada dagokion estamentuarentzat.

2.– Proposatutako gaia ez bada sartzen gai zerrendan eskatzaileari jakinarazi beharko zaio, eta baita ez sartzearen arrazoiak ere.

23. artikulua.– Batzar Nagusia lehen deialdian baliozkoa izango da baldin eta kideen erdiak gehi bat joaten badira. Bigarren deialdian, berriz, baliozkoa izango da edozein dela ere bilerara joandako kide kopurua.

24. artikulua.– Batzar Nagusian ez da onartuko botoa eskuordetzea.

II. KAPITULUA
ZUZENDARITZA BATZORDEA

25. artikulua.– Zuzendaritza Batzordea federazioko administrazio-organoa da, eta federazioko gaien administrazio- eta ekonomia-kudeaketaz arduratuko da, Batzar Nagusiaren arteztarauei jarraikiz.

26. artikulua.– 1.– Zuzendaritza Batzordeak kide kopuru bakoitia izango du, eta gutxienez honakoek osatuko dute:

a) Lehendakariak, Federazioko Lehendakaria ere izango denak.

b) Lehendakariordeak, Lehendakarien funtzioak hartuko dituena ez badago, edo kargua uzten badu.

c) Diruzainak.

d) Batzordekideek. Batzordekide bana egongo da dagokion kirol diziplinan federazioan osatzen den batzorde bakoitzeko.

2.– Lurraldeko Federazioetako Lehendakariak Zuzendaritzako Batzordeko kideak izango dira, eta eskubide osoa izango dute.

3.– Zuzendaritza Batzordeari Federazioko Idazkariak lagunduko dio; hitza izango du, baina botorik ez.

4.– Pertsona berak izan ditzake lehendakariaren eta diruzainaren karguak.

5.– Zuzendaritza Batzordearen kargu guztiak ohorezkoak dira, Idazkariaren eta Diruzainaren karguak izan ezik, ordaindu baitaitezke.

6.– Batzar Nagusiko kideak ez diren Zuzendaritza Batzordeko kide guztiak joan daitezke batzarretara. Hala ere, hitza izango dute baina botorik ez.

27. artikulua.– 1.– Zuzendaritza Batzordeko kideak Federazioko lehendakariak hautatuko ditu, bere agintaldia bukatu arte, Batzar Nagusia berritu eta gero. Batzarreko kideen hautaketa librean salbuespen dira lurraldeko federazioetako lehendakariak.

2.– Zuzendaritza Batzordeko kideak berriro hautatzen ahalko dira, denbora-mugarik gabe edo agindu-mugarik gabe.

28. artikulua.– 1.– Federazioko Lehendakariari edo, hori ez egotekotan, Zuzendaritza Batzordeko kideen % 25 egokituko zaio federazioaren bileretarako deia egitea.

2.– Deialdiarekin batera gai zerrenda aurkeztu beharko da, eta hor eztabaidatu behar diren gaiak, eta horien inguruko dokumentazioa adierazi beharko dira.

3.– Gai zerrenda hori, gutxienez, bi eguneko aurrerapenarekin jakinarazi beharko zaie Batzarreko kideei, idatziz, behar bezala justifikatutako premia dagoenean salbu.

4.– Hala ere, deialdia egon ez arren, baliozkotzat hartuko da kide guztiak joaten badira, eta aho batez hala erabakitzen badute.

29. artikulua.– 1.– Zuzendaritza Batzordea balio osoz eratuta geratuko da lehen deialdira kideen erdia gehi bat bertaratzen direnean, eta bigarren deialdira, gutxienez, kideen % 25 bertaratzen direnean. Nolanahi ere, Federazioko Lehendakaria edo Lehendakariordea ere bertaratuko beharko dira.

2.– Federazioko Lehendakaria, edo, hori egon ezean, Lehendakariordea, Zuzendaritza Batzordeko bileretako buru izango da, eta horren jarduera zuzendu eta koordinatuko du.

30. artikulua.– 1.– Zuzendaritza Batzordeak ondorengo arrazoi batengatik utziko du kargua:

a) Zentsura mozioa onartzeagatik.

b) Lehendakariak kargua uzteagatik.

c) Estatutuetan aurreikusitako gainerako arrazoiengatik.

2.– Zuzendaritza Batzordeko kideek banaka utziko dute kargua ondorengo arrazoiengatik:

a) Dimititzeagatik edo hiltzeagatik.

b) Gaitasungabetzeagatik edo ezgaitasunagatik.

c) Estatutuetan aurreikusitako gainerako arrazoiengatik.

3.– Zuzendaritza Batzordeko kide batek edo gehiagok banaka uzten badute kargua, Lehendakariek horiek ordezkoak izendatu ahal izango ditu, eta Batzar Nagusiak egiten duen lehen bileran horren berri eman beharko du.

4.– Lehendakariak kide berriak gehitu ditzake federazioko Zuzendaritza Batzordera, bere ustez egokia denean.

5.– Aurreko zenbakietan xedatutakoa ezin izango da aplikatu Lurraldeko Federazioetako Lehendakarien kasuen, eta kargua uzteko arrazoiak izango dira dagozkien federazioen estatutuetan ezarritakoak.

31. artikulua.– 1.– Batzar Nagusiak Zuzendaritza Batzordearen erantzukizuna eskatu dezake. Hartarako, zentsura mozioa egin beharko du, eta xede horretarako deitutako bileran Batzar Nagusiko kideen gehiengo osoa beharko du.

2.– Zentsura mozioa onartzen denean Zuzendaritza Batzordeko kide guztiek kargua utzi beharko dute, Federazioko Lehendakariak barne, Lurraldeko Federazioetako Lehendakariak izan ezik, Zuzendaritza Batzordeko eskubide osoko kideak izango baitira.

32. artikulua.– 1.– Zuzendaritza Batzordeak kargua uzten duenean, jardunean jarraituko du, eta Hauteskunde Batzordeari bilerara deituko dio, gehienez, hilabete bateko epean, hauteskunde-prozesuari hasiera eman diezaion. Han, beste Lehendakaria hautatuko da, eta bere Zuzendaritza Batzordea izendatuko du.

2.– Ezinezkoa bada, Federazioko Batzar Nagusiko kide guztien % 5a ordezkatzen duen edozein kideen taldeak Hauteskunde Batzordeari deitu ahal izango dio.

33. artikulua.– Federazioko Idazkariak, gutxienez, ondorengo funtzioak egin beharko ditu:

a) Batzar Nagusiaren eta Zuzendaritza Batzordearen bileren aktak egitea.

b) Federazioaren liburuak eta gainerako dokumentuak zaintzea, kontabilitatekoak salbu.

c) Aipatu liburuen edukien inguruko ziurtagiriak ematea.

34. artikulua.– Federazioko Diruzainak, gutxienez, ondorengo funtzioak egin beharko ditu:

a) Federazioaren kontuak eta ordena ekonomikoaren inguruko eragiketak zuzentzea.

b) Federazioaren kontabilitate-liburuak zaintzea eta horietaz arduratzea

c) Beharrezkoak diren Kontabilitateko dokumentu guztiak prestatzea, bereziki, urteko aurrekontuaren zirriborroa eta ekitaldi bakoitzaren balantzea, gero Batzar Nagusiak onar dezan.

III. KAPITULUA
LEHENDAKARIA

35. artikulua.– Federazioko Lehendakariak federazioaren legezko ordezkaritza hartzen du bere gain; Batzar Nagusiak eta Zuzendaritza Batzordeak hartutako erabakiak gauzatzen ditu; Biek egindako saioen buru izango da, eta zuzenduko ditu. Bestalde, berdinketa egotekotan, erabakiko du, bere kalitateko botoz baliatuz.

36. artikulua.– 1.– Federazioko Lehendakaria izango da Batzar Nagusiak hautatutako pertsona.

2.– Lehendakariak kargua uzteko arrazoiak ondorengoak dira:

a) Dimititzeagatik edo hiltzeagatik.

b) Urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 104. artikuluan aurreikusitako zentsura-mozioa onartzeagatik.

c) Gaitasungabetzeagatik edo ezgaitasunagatik.

d) Estatutuetan aurreikusitako gainerako arrazoiengatik.

3.– Lehendakariak kargua uzten badu hautaketa berria egin beharko da. Kasu horretan, jardunean jarraituko du eta Hauteskunde Batzorderako deia egingo du, gehienez, hilabete bateko epean. Epe horretan deialdirik egiten ez bada, Batzar Nagusiko kide guztien % 5a ordezkatzen duen edozein kideen taldeak Hauteskunde Batzordeari deitu ahal izango dio.

37. artikulua.– Lehendakaria berriro hautatzen ahalko da, agintaldien mugarik gabe.

IV. KAPITULUA
XEDAPEN KOMUNAK

38. artikulua.– Estatutu hauetako 14. artikuluan jasotzen diren organoetako kideek euren funtzioak betetzen jarraituko dute ondorengoak kargua hartu arte.

39. artikulua.– 1.- Federazioko kide anitzeko organoen erabakiak bertaratutako kideen gehiengo soilarekin hartuko dira, lege edo estatutu xedapenek gehiengo kualifikatuak eskatzen dituzten kasuetan izan ezik.

2.- Kide guztiek espresuki onartzen badute, federazioko kide anitzeko organoek posta elektronikoaren, faxaren, bideokonferentziaren eta antzeko baliabide teknikoen bidez hartzen ahalko dituzte erabakiak. Kasu horietan, akta faxen, posta elektronikoen eta euskarrien frogagiriekin batera idatziko da.

40. artikulua.– Batzar Nagusiko edo Zuzendaritza Batzordeko kidea izateko baldintzak ondorengoak dira:

a) Adin nagusikoa izatea.

b) Administrazio-egoitza federazioaren jarduera-eremuan izatea. Ezohiko egoeretan Batzar Nagusiak baldintza hori dispentsa dezake.

c) Karguak edo funtzioak betetzeko gaitasuna kentzen duen diziplinazko zigor irmorik bete behar ez izatea.

d) Epai judizial irmoak kargu publikoak betetzeko gaitasuna baliogabetzen duen zigorrik ez izatea.

e) Erabaki judizial irmoak ezgai deklaratu ez izana.

41. artikulua.– 1.– Federazioko organoek hartu dituzten erabaki guztien akta egin behar du idazkariak. Aktan ondorengoak jaso beharko dira, gutxienez: bertaratutako pertsonen izena, bilera non eta noiz egin den; eztabaidatu diren alderdi nagusiak; bozketa nola egin den eta haren emaitza, eta erabakien edukia.

2.– Onartutako erabakiaren aurkako botoek kide anitzeko organoen erabakietatik ondoriozta daitezkeen erantzukizunetik salbuetsi dezakete, betiere arrazoirik egon bada.

42. artikulua.– Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioaren Zuzendaritza Batzordeak nahi beste batzorde eta antzeko organo eratu ditzake, federazioaren kirol jardueraren sektore bat garatzeko nahiz federazioko talde edo estamentuen funtzionamendua hobetzeko.

43. artikulua.– 1.– Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioak dopinari dagokionez ezar daitekeen arautegiak xedatzen dituen organoak izan beharko ditu.

2.– Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioak batzorde teknikoa izango du, eta batzorde horrek federazioaren kirol zuzendaritza teknikoa hartuko du bere gain.

3.– Halaber, Federazioa bide onetik joateko komenigarriak diren bestelako Batzordeak izan ditzake, eta dagozkien Arautegietan garatuko dira.

44. artikulua.– Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioko zuzendariek ondorengo eskubideak dituzte:

a) Eusko Jaurlaritzak federazioetako zuzendariak etengabe prestatzea, eta doako aholkularitza teknikoa ematea bere funtzioak era egokian bete ditzan.

b) Jardueretan izandako gastuak itzultzea, federazioak berak aurretik ezarritako mugen barruan.

c) Federazioaren bitartez, borondatezko jardueratik ondoriozta daitezkeen istripu arriskuetarako eta erantzukizun zibilerako asegurua izatea.

d) Bere jarduera baldintza egokietan egitea, duintasunari, segurtasunari eta higieneari dagokienez, bere funtzioen izaera eta ezaugarrien arabera.

e) Zuzendariak direla egiaztatzen duen akreditazioren bat izatea.

f) Kirolaren esparruan egindako ekarpen sozialarengatik errespetua eta esker ona jasotzea.

g) Federazioko zuzendaritza organoetan parte hartzeko informazio eta dokumentazio guztia eskura izatea.

h) Esleitzen zaizkion funtzioak behar bezala betetzeko beharrezkoak diren materialak era iraunkorrean jasotzea.

i) Federazioaren arauetan aurreikusitako bestelakoak.

45. artikulua.– Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioko zuzendariak ondorengo betebeharrak dituzte:

a) Euren betebeharrak garatzean jasotako eta ezagututako informazioaren konfidentzialtasuna gordetzea, hala dagokionean. Konfidentzialtasuna gordetzeko betebeharrak kargua uzten duenean ere iraungo du.

b) Funtzioak betetzean behar bezalako arduraz jokatzea, hots, uneoro federazioaren estatutuetako helburuen arabera jokatzea.

c) Dagozkien kirol federazioek beren eskura jartzen dituzten baliabide materialak errespetatzea eta zaintzea.

d) Federazioarekin hartutako konpromisoak betetzea.

e) Funtzioak behar bezala betetzeko antolatzen diren prestakuntza-jardueretan parte hartzea.

f) Urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuan debekatuta dagoen edozein ordain ekonomikoari uko egitea.

g) Funtzioak betetzen jarraitzea bere ondorengoek kargua hartu arte, ezinbestean utzi behar ez badu salbu.

h) Eskumeneko organoek hartutako erabakiak eta ebazpenak ontzat hartzea.

i) Kargua uzten duten zuzendarien ordezkoei beharrezkoa den dokumentazio eta informazio guztia ematea.

j) Euren interes pertsonalarekin zerikusia duten gaiei buruzko deliberamenduetan ez parte hartzea. Interes pertsonala egongo da gaiak zuzendariaren ezkontideari edota antzeko afektibitate harremana duten pertsonei, edo haren ondorengoei edo aurrekoei, eragiten badie, edota zuzendaritzako kargua zein neurri bateko partaidetza duen sozietateari eragiten badio.

k) Kide den organoek antolatutako bileretara joatea eta parte hartze aktiboa izatea deliberamenduetan, haren irizpideak erabaki egokiak hartzen lagun dezan.

l) Emandako akreditazioa behar bezala erabiltzea.

m) Hala badagokio, federazioak onesten duen Kode Etikoa betetzea.

n) Federazio honen estatutu edo arautegietan aurreikusitako bestelakoak.

46. artikulua.– 1.– Kirol federazioaren Lehendakari kargua bateraezina da beste kirol federazio bateko Lehendakari karguarekin, nahiz eta beste kirol modalitate batekoa izan.

2.– Kirol federazioaren Lehendakari kargua bateraezina da federazio horretan dagoen klub edo kirol elkarte bateko Lehendakari karguarekin. Lehendakaritzaren titularra den pertsonak, hain zuzen, klub edo kirol elkarte bateko ordezkari gisa batzarrean egoteagatik aukeratzen badute, federazioko edo klubeko kargua aukeratu beharko du, eta ulertuko da uko egiten diola klubean duen karguari, bietako bat ez badu berariaz aukeratzen.

3.– Kirol federazioaren lehendakaritza bateraezina izango da Foru Administrazioaren edota Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorraren baitan federazioei zuzenean lotuta dauden kargu publikoekin.

4.– Kirol federazioaren zuzendaritza kargua bateraezina da erakunde bereko kontseilari edo aholkulari profesional izatearekin. Orobat, kirol federazioaren zuzendaritza kargua bateraezina da kirol erakunde berean zerbitzu profesionalak eskaintzarekin lan harremanaren, harreman zibilaren edo merkataritza-harremanaren bidez.

47. artikulua.– Federazioko zuzendariek debekatuta dituzte ondorengoak:

a) Kargua utzi edo dimititu eta gero kalte-ordainak jasotzea.

b) Hirugarren pertsonengandik edo erakundeengandik komisioak edo antzeko mozkinak jasotzea, kirol erakundeak ondasunak eta zerbitzuak kontratatzeagatik.

c) Kirol edo ekonomia helburuak lortzeagatik pizgarriak jasotzea.

d) Bere enpresen bitartez edo hirugarren pertsonen edo erakundeen izenean kontratuak egitea kirol federazioarekin berarekin. Autokontratatzeko debeku horrek eragina du ezkontideengan, antzeko afektibitate harremanarekin lotutako pertsonengan eta ondorengo nahiz aurreko enpresengan.

e) Kirol federazioaren ondarea erabiltzea edo federazioan duen postuaz baliatzea ondareetan abantailak lortzeko.

IV. TITULUA
FEDERAZIOKO ESTAMENTUAK

48. artikulua.– Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioaren estamentuetako kideek, gutxienez, ondorengo eskubideak izango dituzte:

a) Federazio organoetan ordezkaritza izatea eta horietako kide izatea, estatutu hauen eta aplikagarria den arautegiaren arabera ezarritako eran eta proportzioan.

b) Federazioak antolatutako jarduera guztietan parte hartzea, federazioak horren inguruan ematen dituen arauen arabera.

c) Eskatzen duten beste informazioa jasotzea, eta libreki adieraztea federazioaren inguruko irizpideak eta iritziak, kirol hau hobeto garatu dezan.

d) Federazioko eskumeneko organoetara jotzea, federazioaren arauak bete daitezela eskatzeko.

e) Egoki iruditzen zaizkien kontsultak eta erreklamazioak egitea, federazioaren arauei jarraiki.

f) Lizentzia egiaztatzen duen dokumentua izatea.

49. artikulua.– Federazioaren estamentuetako kideek ondorengo betebeharrak izango dituzte:

a) Ezartzen diren kuotak ordaintzea.

b) Federazioko organoek hartutako erabaki guztiak betetzea, hartarako eskumena duen organoak baliogabetzen edo kentzen ez dituen bitartean.

c) Federazioaren helburuak lortzen era aktiboan parte hartzea.

d) Hala dagokionean, dituzten karguei atxikitako betebeharrak leialki betetzea.

e) Euskal selekzioek kirol-lehiaketetan parte hartzeko edo horiek prestatzeko egiten dituzten deialdietara joatea.

50. artikulua.– Estatu hauen ondorioetarako, klub edo kirol elkarteak dira ekainaren 11ko Euskadiko Kirolari buruzko 14/1998 Legearen III. Tituluan aurreikusitakoaren arabera eratutako elkarteak.

51. artikulua.– Klubek eta elkarteek, Federazioak antolatutako edo baimendutako lehiaketa ofizialetan parte hartzeko federazio horri atxiki beharko dira, lurraldeko federazioaren bitartez. Era berean, klub eta kirol elkarteetako estamentuari dagokion federazio lizentzia eskuratu beharko dute.

52. artikulua.– Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioko kirolariak dira kirolarien estamentuari dagokion federazio lizentziaren titularrak diren pertsona fisikoak.

53. artikulua.– 1.– Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioko teknikariak dira federazioak eskatutako titulua, eta estamentu honi dagokion federazio lizentzia duten pertsonak.

2.– Teknikariak, hala dagokienean, federazioaren teknikarien elkargoan elkartuko dira.

54. artikulua.– 1.– Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioko epaileak dira eskumeneko organoak emandako beharrezko titulua, eta dagokion federazio lizentzia duten pertsona fisikoak.

2.– Epaileak, hala dagokienean, federazioaren epaileen elkargoan elkartuko dira.

V. TITULUA
DIZIPLINAZKO ERREGIMENA

55. artikulua.– Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioaren diziplinazko erregimenean honako hauek aginduko dute: ekainaren 11ko 14/1998 Legearen X. Tituluan xedatutakoak; urtarrilaren 10eko 7/1989 Dekretuak, edo ordezkatzen duen xedapenak; estatu hauek; eta federazioaren beraren Kirol Diziplinazko Arautegiak.

56. artikulua.– 1.– Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioak euren organo-egiturako kide diren pertsona guztien gainean, eta federazio horretako kide diren pertsona fisiko edo juridikoen gainean baino ez dute diziplina ahalmena.

2.– Federazioak ezin izango du diziplina ahalmena erabili kirol jarduera bereko beste lurralde eremuetako federazioetako kideen kasuan, nahiz eta euren kirol jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan garatu.

57. artikulua.– 1.– Diziplinazko Batzordea eta Apelazio Batzordea dira kirol diziplinazko ahalmena duten Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioko organoak, gainerako federazio organoak alde batera utzita.

2.– Diziplinazko Batzordea Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioaren jarduerez arduratuko da.

3.– Apelazio Batzordea Euskal Federazioaren eta bere Lurraldeko Federazioen Diziplinazko Batzordearen epaien aurka aurkezten diren helegiteetan egin beharreko jarduerez arduratuko da.

58. artikulua.– 1.– Diziplinazko Batzordea eta Apelazio Batzordea Zuzendaritza Batzordeak izendatutako kide kopuru bakoitiak osatuko du. Pertsona bakarreko organoa izan ahal izango da.

2.– Batzordeko kideak 4 urteko eperako izendatuko dira, eta kargua betetzeko nahikoak diren ezagutzak izan beharko dituzte.

3.– Diziplinazko eta Apelazio Batzordeetako kideak Zuzendaritza Batzordeko kideak ere izan daitezke, eta federazioko Lehendakariak hala eskatzen badu beren kargutik mugiarazi daitezke.

59. artikulua.– 1.– Diziplinazko Batzordeak hartzen dituen erabakien aurka Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioaren Apelazio Batzordearen aurrean egin ahal izango da.

2.– Apelazio Batzordeak hartzen dituen erabakian aurka Kirol Justiziako Euskal Batzordearen aurrean egin ahal izango da.

VI. TITULUA
HAUTESKUNDE ERREGIMENA

60. artikulua.– Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioaren hauteskunde erregimenean ondorengoek aginduko dute: urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren VII. Tituluan xedatutakoak; hori garatzean ematen diren xedapenek; estatutu hauek; eta hauteskunde-arautegiak, derrigorrez Batzar Nagusia onetsi beharko duena.

61. artikulua.– Federazioaren Batzar Nagusia aukeratzeko, hautesleak izango dira euskal federazioa osatzen duten lurraldeko federazioetako batzar nagusietako kideak. Aukeraketa honek ez ditu izango hauteskunde-prozesu baten ezaugarriak, eta Lurraldeko Batzar bakoitzean egin beharko da, berritu eta gero deitzen den lehenengo bileran, indarrean dagoen arautegiaren arabera.

62. artikulua.– Federazioan hauteskunde prozesua sustatzeaz eta haren garapen egokiaz arduratzen den Hauteskunde Batzordea izango da. Hauteskunde Batzordea pertsona bakarrekoa izan daiteke. Taldeko organoa bada hiru kideez osatuta egongo da.

63. artikulua.– Hauteskunde Batzordearen funtzioak lau urteko eperako izango dira; hala ere, Batzar Nagusiak epe hori bukatu baino lehen kargutik ken dezake, edo beste bat izendatu.

64. artikulua.– 1.– Hauteskunde Batzordeko kideak eta ordezkoak zozketa publiko bidez hautatu edo hautatuko dira hautagai izango ez diren pertsonen artean, betiere boluntariorik edo hautagairik ez badago.

2.– Lehendakari eta Hauteskunde Batzordeko idazkari gisa arituko dira adin handienekoa eta txikienekoa, hurrenez hurren.

3.– Hautagai gisa aurkezten direnak ez dira inoiz Hauteskunde Batzordeko kide izanen

65. artikulua.– 1.– Hauteskunde Batzordeak ondorengo funtzioak izango ditu:

a) Hautesleen errolda eta hauteskundeetako egutegia onartzea.

b) Aurkeztutako hautagaiak izendatzea eta argitaratzea.

c) Hauteskunde-mahaia izendatzea.

d) Hautetsiak zein diren izendatzea.

e) Aurkezten diren inpugnazioak, erreklamazioak, eta eskaerak ebaztea, baita ere, hauteskunde-mahaiaren erabakien aurka jartzen diren errekurtsoak ere.

f) Hauteskundeak egiteari eta haren emaitzei zuzenean eragiten dien edozein gai.

2.– Hauteskunde Batzordeak hartzen dituen erabakian aurka Kirol Justiziako Euskal Batzordearen aurrean egin ahal izango da.

66. artikulua.– Hauteskunde Batzordeak, hautagai izango ez diren hautesleen artean zozketa egin eta gero, hiru kideez osatutako Hauteskunde Mahaia izendatuko du; baita ere, kideak beste ordezko kopurua. Lehendakaria izango da kide zaharrena, eta idazkaria, aldiz, kide gazteena.

67. artikulua.– 1.– Hauteskunde Mahaiak ondorengo funtzioak izango ditu:

a) Bozketak behar bezala egitea bermatzea.

b) Boto-emaileak nortzuk diren, eta hautesleak direla egiaztatzea.

c) Emandako botoak baliozkoak diren ebaztea.

d) Bozketa bukatu eta gero botoak zenbatzea.

e) Bozketarekin zerikusia duen bestelako gaiaren inguruan erabakitzea.

2.– Hauteskunde Mahaiak hartutako erabakien aurka Hauteskunde Batzordean egin ahal izango da.

VII. TITULUA
EKONOMIA ETA ONDARE ERREGIMENA

68. artikulua.– 1.– Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioak berezko aurrekontu eta ondare erregimena du.

2.– Federazioaren ondarea osatzen dute titular gisa dituen ondareek.

3.– Federazioak ondorengo baliabideak ditu:

a) Federatuen kuotak.

b) Erakunde publikoek ematen dizkioten dirulaguntzak.

c) Dohaintzak, herentziak, legatuak eta sariak.

d) Antolatzen dituen kirol jarduera eta lehiaketetan ateratako mozkinak.

e) Industria eta merkataritza-jardueretan, jarduera profesionaletan edo egindako zerbitzuetan ateratako mozkinak.

f) Bere ondarearen emaitzak, eta ondarea besterentzetik edo zergapetzetik lortutakoa, urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuko 138. artikuluan ezarritako baldintzen arabera.

g) Lortzen dituen mailegu eta kredituak.

h) Bere jarduera egitean lor ditzakeen bestelakoak.

69. artikulua.– 1.– Federazioaren diru-sarrera guztiak, kirol jardueretan nahiz industria, merkataritza, zerbitzu izaerako edo izaera profesionaleko jardueretan lor ditzakeen irabaziak eta sariak, bere helburu soziala garatzeko erabiliko dira osorik.

2.– Irabaziak ezin izango dira banatu inola ere federazioko kideen artean.

70. artikulua.– Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioak ondasun higiezinak zergapetu edo besterendu ditzake, dirua maileguan har dezake, eta zorraren eta ondare zati alikuotaren titulu ordezkatzaileak jaulki ditzake, urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 138 eta 139. artikuluan ezarritako kasu eta baldintzetan.

71. artikulua.– Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioak goi zuzendaritzako lan kontratuak izenpetu ahal izango ditu, betiere erabakia eta ordainsaria zein kontratuaren gainerako baldintzak gehiengo osoarekin onartzen badute Batzar Nagusira bertaratutakoek, eta Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak kontratu hori egiteko baimena ematen badu.

72. artikulua.– 1.– Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioak urtero onartuko ditu ekitaldi bakoitzaren aurrekontua.

2.– Zuzendaritza Batzordea arduratuko da aurrekontuaren proiektua egiteaz, eta Batzar Nagusiari dagokio onartzea.

3.– Aurrekontuan adieraziko dira federazioak gehienez onartu ditzakeen betebeharrak, eta dagokion ekitaldian likidatzea aurreikusten dituzten eskubideak. Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioaren aurrekontuan, halaber, kirol modalitate horretan emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzearekin zerikusia duten betebeharrak adierazi beharko dira.

4.– Aurrekontu bakarra egongo da, eta federazioaren gastu eta diru-sarrera guztiak barne hartuko du, organo osagarrienak edo horien tresna erakundeenak barne. Kudeaketa edo antolamenduko beharrek hala eskatzen dutenean, Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioak kontabilitateko azpierakundeak sortu ahal izango dituzte, sistema zentralean behar bezala integratuta egongo direnak.

5.– Aurrekontua orekatua izango da, eta inola ere ez da onartuko defizita duen aurrekontu bat, aurretik Eusko Jaurlaritzaren baimena eskuratu gabe.

6.– Behin Batzar Nagusiaren onespena lortutakoan, aurreko ekitaldiko aurrekontua eta likidazioa Eusko Jaurlaritzari helaraziko zaio.

7.– Federazioaren Zuzendaritza Batzordeak erabaki dezake aurrekontu osoaren % 20 gainditzen ez duten aurrekontuetan aldaketa egitea.

73. artikulua.– 1.– Ekitaldi bakoitza itxi eta hiru hilabetera, Federazioaren Zuzendaritza Batzordeak urteko kontuak aurkeztu beharko ditu Batzar Nagusian, eta kontu horietan agertu beharko dira: balantzea, galeren eta irabazien kontua, eta memoria ekonomikoa.

2.– Zuzendaritza Batzordeak egiten dituen urteko kontuak lehendakariak, eta hala dagokionean, diruzainak izenpetu beharko dituzte.

3.– Federazioaren urteko kontuen egitura bat etorriko da Kontabilitateko Plan Orokorraren egokitze arauekin. Arau hauek, erakunde horien berezitasunak aintzat hartuz, arautegietan ezarriko dira. Arauak ezartzen ez diren bitartean urteko kontuak Kontabilitateko Plan Orokorrera egokituko dira.

74. artikulua.– Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioan finantzen eta kudeaketaren kontu ikuskaritza egin beharko da, urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 144. artikuluan xedatzen den arabera.

VIII. TITULUA
AGIRI ERREGIMENA

75. artikulua.– Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioa nahitaez ondorengo liburuez arduratuko da:

a) Federazioko estamentuen liburua, estamentu bakoitzari dagokion ataletan banatuta. Liburu horretan agertuko dira eguneratuak dauden atalen zerrenda, eta federazioan sartu diren eta handik atera diren data.

b) Federazioaren akten liburua. Bertan, Batzar Nagusiak, Zuzendaritza Batzordeak eta Federazioaren gainerako organoek hartzen dituzten erabakiak azalduko dira.

c) Kontabilitate liburuak.

d) Hala badagokio, zor tituluen edo ondare parte alikuotaren Erregistro Liburua.

e) Agirien sarrera-irteeren erregistro liburua.

f) Estatutu hauetan aurreikusitako arbitrajeari egindako ukoak erregistratzeko liburua.

Liburu hauek Euskadiko Kirol Erakundeen Erregistroan bideratu beharko dira.

IX. TITULUA
FEDERAZIOA DESEGITEA ETA LIKIDATZEA

76. artikulua.– 1.– Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioa ondorengo arrazoiengatik desegingo da:

a) Ezohiko Batzar Nagusira bertaratutakoen bi herenek hala erabakitzen badute, eta artikulu honen bigarren atalean aurreikusitako arrazoiren bat egoten bada.

b) Epaileak erabakitzen badu.

2.– Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioa ondorengo arrazoiengatik desegin beharko da:

a) Federazioaren onarpen ofiziala baliogabetzen bada.

b) Administrazioko funtzio publikoak behar bezala betetzea guztiz ezinezkoa bada.

c) Federazioko organoak gelditzea, eta horren ondorioz, funtzionatzea ezinezkoa badute.

d) Eskuordetutako funtzio publikoak betetzen ez baditu.

e) Beste kirol federazio batekin bat egiten badu.

f) Beste kirol federazio batean sartzen bada.

g) Indarrean dagoen legedian aurreikusitako beste edozein arrazoirengatik.

77. artikulua.– 1.– Lehendakariak Batzar Nagusiari deituko dio desegiteko erabakia har dezan. Erabakia bi hilabeteko epean hartuko beharko du, desegitea eragiten duen arrazoia ezagutzen duen unetik aurrera.

2.– Pertsona federatuek eta Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak lehendakariari eskatu ahal izango diote Batzar Nagusira deitzea, beren ustez aurreko artikuluan aipatutako arrazoiren bat egoten bada.

3.– Batzar Nagusirako deirik ez bada egiten, edo adostasunik lortzen ez bada, edozein federatuk edo eskumena duen kirol Administrazioak berak federazioaren desegite judiziala eskatu ahal izango du.

4.– Federazioaren Zuzendaritza Batzordea behartuta dago desegite judiziala eskatzera, federazioaren erabakia desegitearen aurkakoa bada, edo ezin bada lortu desegitea.

78. artikulua.– Behin federazioa deseginda, likidatzeko aldia hasiko da, bat-egiteak edo desegiten den federazioaren aktibo eta pasiboaren lagapen orokorra gertatzen den kasuetan izan ezik.

79. artikulua.– Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioa desegindakoan, bere nortasun juridikoa mantenduko du likidatzen ari den bitartean. Fase horretan «likidatzen» jarri beharko du bere izenaren ondoan.

80. artikulua.– Federazioak likidatzen ari dela adierazten duen unetik aurrera Zuzendaritza Batzordeak bere funtzioak utziko ditu, eta likidatzaileek hartuko dituzte funtzioak. Hala eta guztiz ere, Zuzendaritza Batzordeko kideek parte hartu beharko dute likidazio eragiketak gauzatzean.

81. artikulua.– 1.– Federazioaren Batzar Nagusiak izendatu beharko ditu likidatzaileak, eta kopurua beti bakoitia izango da.

2.– Likidatzaileak izendatzen nahiz kargutik kentzen direnean Euskadiko Kirol Erakundeen Erregistroan agertu beharko da.

82. artikulua.– Federazioko likidatzaileen funtzioak ondorengoak izango dira:

a) Administrazio organoarekin batera euren funtzioetan hastean federazioak duen hasierako balantzea onestea.

b) Federazioko liburuez eta gutunez arduratzea eta horiek zaintzea. Era berean, ondarearen segurtasuna bermatzea.

c) Federazioa likidatzeko egiteke dauden eragiketak, nahiz egin beharreko berriak burutzea.

d) Federazioaren ondasunak eta eskubideak besterentzea. Ondasun higiezinak nahitaez enkante publikoan salduko dira. Eusko Jaurlaritzak baimentzen duen kasuetan bakarrik egin ahal izango da zuzeneko salmenta.

e) Transakzioak eta arbitrajeak adostea, federazioaren interesentzat komenigarria bada.

f) Hartzekodunei ordaintzea.

g) Federazioaren ordezkari izatea.

83. artikulua.– Likidazioa amaitutakoan, likidatzaileek azken balantzea egingo dute, eta Batzar Nagusian aurkeztuko da. Ondoren, Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzari bidaliko zaio.

84. artikulua.– Likidatzaileen funtzioa bukatuko da ondorengo arrazoiengatik:

a) Likidazioa egitea.

b) Batzar Nagusiak emandako botereak baliogabetzea.

c) Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak botereak baliogabetzea edo gaitasunik gabe uztea.

d) Epaileak erabakitzen badu.

85. artikulua.– Federazioak ez badu kaudimenik, likidatzaileek berehala eskatu beharko dute dagokion lehiaketa adierazpena.

86. artikulua.– Federazioa desegiten bada, batzorde likidatzaileak Euskadiko Kirol Erakundeen Erregistroari jakinaraziko dio inskripzioa bertan behera utz dezan.

X. TITULUA
ESTATUTUAK ETA ARAUTEGIAK

87. artikulua.– Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioaren estatutuak bakarrik aldatu ahal izango dira ezohiko Batzar Nagusira bertaratutakoan bi herenek onartzen badute.

88. artikulua.– Estatutuen proiektua onetsitakoan, Euskadiko Kirol Zuzendaritzari bidaliko zaio, hirurogei egun naturaleko epean, Batzar Nagusiak erabakia hartzen duen unetik aurrera.

89. artikulua.– Aipatu estutuak Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntzetan, eta Eusko Jaurlaritzak eskatzen duen euskarri informatikoan aurkeztu beharko dira.

90. artikulua.– Federazioaren estatutuak indarrean sartzeko administrazioak onartu beharko ditu, eta gero Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko dira.

91. artikulua.– Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioak, gutxienez, ondorengoak arautu beharko ditu:

a) Lehiaketa ofizialak antolatzeko eta garatzeko erregimena.

b) Diziplinazko erregimena.

c) Hauteskunde erregimena.

d) Gatazken judizioz kanpoko ebazpenen erregimena.

e) Lizentzien erregimena.

92. artikulua.– Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioaren arautegiak Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzari aurkeztuko zaizkio onar ditzan, hirurogei egun naturaleko epean, Batzar Nagusiak onartzen dituen unetik aurrera.

93. artikulua.– Arautegiak onesteko eta aldatzeko xede horretarako deitutako ezohiko Batzar Nagusira bertaratutako kide gehienen aldeko botoa beharko da.

94. artikulua.– 1.– Federazioaren zirkularrak estatutuen eta arautegien indarraldia, ezarpena, interpretazioa nahiz federazioari dagozkion bestelako gaiak jakinarazteko erabiliko dira, baina ez dute berezko arau izaerarik izango.

2.– Federazioaren zirkularrek ez dute aurretiko administrazio onarpenik behar izango.

95. artikulua.– 1.– Lurralde eremu handiagoko federazioen estatutuak eta arautegiak federazioari eta horretako kideei aplikatu ahal zaizkie bakarrik, euskal federazio hau federazio horietako kidea bada, eta federazioek eskumena duten gaien inguruan. Kasu horretan, Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioak arau horiek zabaldu beharko ditu, federazioaren estamentu ezberdinek behar bezala ezagut ditzaten. Arau horiek federazio honetako hizkuntza ofizialetako batean idatzi beharko dira.

2.– Lurralde eremu handiagoko kirol federazioen gainerako arauak ez zaizkie zuzenean aplikatuko euskal federazioei, ezta bere kideei ere. Federazioaren beraren arautegira bakarrik sartuko dira federazioak eta administrazioak onartzen badituzte, eta Euskadiko Kirol Erakundeen Erregistroan izena emanda badaude.

3.– Erkidegoaz gaindiko kirol federazioen arautegiak ezin izango dira era osagarrian aplikatu Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioan. Hala ere, arau horiek era osagarrian aplikatu ahal izango ditu, betiere bere arautegietan berariaz ezartzen bada, federatuek arau horiek egoki itzulita badituzte, eta behar bezala zabalduta badaude.

XI. TITULUA
HIZKUNTZA NORMALIZAZIOA

96. artikulua.– Euskara eta gaztelera dira Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioaren hizkuntza ofizialak.

97. artikulua.– Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioko organoek hizkuntza normalizazioko pixkanakako prozesua bermatuko dute federazioaren baitan, urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren Hirugarren Xedapen Iragankorrean xedatutakoaren arabera.

98. artikulua.– Federazioaren ziurtagiriak bi hizkuntzetan edo Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako batean eman ahal izango dira, interesdunak hala eskatzen duenean.

XII. TITULUA
GATAZKEN JUDIZIOZ KANPOKO EBAZPENA

99. artikulua.– Federazioaren eta bere federatu edo kideen artean, nahiz kideen artean gerta daitezkeen desadostasunak edo gai eztabaidagarriak Zuzenbide Arbitrajearen bidez ebatzi beharko dira, indarreko legedian, Estatutu hauetan eta garatzen ari den Arautegian ezarritako baldintzei jarraiki.

100. artikulua.– Arbitraje bidez, edo, oro har, gatazken judizioz kanpoko ebazpenen bidez konpon daitezkeen desadostasunak edo gai eztabaidagarriak Kirola Arbitratzeko Euskal Epaimahaian aurkeztuko dira.

101. artikulua.– Administrazioak Federazioari eskuordetutako funtzio publikoak betetzearekin zerikusia dituzten gaiak, eta arbitrajetik kanpo legez eta berariaz utzitako gaiak ez beste guztiak bide horren bidez ebatziko dira.

102. artikulua.– Federazioaren federatu eta kide batek Estatutu hauek onartzen diren egunetik, edo lizentzia lortzen duen egunetik hilabete batera kargua uzten ez badu, arbitrajea eta Estatutu hauetan eta garatzen ari den Arautegian aurreikusitako gatazken judizioz kanpoko ebazpena egingo zaio.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 25. artikuluan aurreikusitako lizentzien zehazpen teknikoak onartu arte federazioak egoki deritzon formatuarekin eman ahal izango ditu lizentziak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geldituko dira estatutu hauekin kontraesanean dauden aurreko edo beheragoko arau guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Estatutu hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko dira indarrean.

Getxo, 2021eko urtarrilaren 29an.

Presidentea,

ALBA BERMEJO SAÉNZ.

Idazkaria,

ANDONI GUTIÉRREZ LIZUNDIA.


Azterketa dokumentala