Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

88. zk., 2021eko maiatzaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
2593

AGINDUA, 2021eko apirilaren 20koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez arautu eta iragartzen baita Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioaren (BIOEF) COVID-19aren arloko ikerketa-proiektuetarako laguntzen deialdia.

Aurreko urteetan bezala, hainbat elkartek, erakundek, askotariko entitatek eta partikularrek aktiboki parte hartu dute 2020 EITB Maratoiaren ekimenean, eta, horri esker, funts kopuru handia biltzea lortu da ikerketa biomedikoaren alde; kasu honetan, COVID-19aren arlorako. Euskal Irrati Telebistak eta Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioak, 2020ko urriaren 7an, EiTB Maratoia egikaritzeko izenpetutako lankidetza-hitzarmenean xedatutakoaren arabera, ekimen solidario horrek bildutako funtsak erabiliko dira COVID-19aren arloko ikerketa bultzatzeko laguntza-deialdirako, gaixotasuna hobeto ezagutzeko eta haren azterketan aurrera egiteko xedea duten ikerketa-proiektuak finantzatuz.

COVID-19a birus berri batek, SARS-CoV-2 birusak (arnas-sindrome akutu larria edo, ingelesez, Severe Acute Respiratory Syndrome), eragiten duen gaixotasun berria da, eta 2019ko abenduan atzeman zen lehenengoz, Txinan. Harrezkero, birusa mundu osoan zehar zabaldu da, eta pertsona askori eragiten dion pandemia bat sortu du. COVID-19aren kasuak erronka handia planteatu die osasun-sistema guztiei. Izan ere, orain arte, frogak izan ohi zituzten oinarri, sistemaren zerbitzuak garatzeko; oraingoan, berriz, halako segurtasunik gabe lan egin behar izan dute –alegia, kalitate-berme hori gabe–. COVID-19ari buruzko galdera askori erantzun behar die zientziak, patogeno berri batek eragindako pandemia baten aurrean baikaude. Alderdi ezezagunak eta ezagutza berrien premia alor guztietan agertzen dira: epidemiologia, biomarkagailu potentzialak, kutsatze- eta babes-mekanismoak, erabakiak hartzeko Big Data-n oinarritzen diren ereduak, gaixotasunaren arrisku-faktoreak, infekzio zelularraren mekanismoak eta immunitatearen sorrera, seinale klinikoak eta haien tratamendua, zerbitzuak emateko ereduak, diagnostikorako prozedurak eta txertoak. Horrek guztiak agerian uzten du laguntza-deialdi honen garrantzia eta premia, Euskal Autonomia Erkidegoko ikertzaileen ikerketari sostengua emateko.

Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioa (BIOEF) Euskadiko osasun-sisteman ikerketa eta berrikuntza sustatzeko Osasun Sailak sortutako tresna da. Halaber, Fundazioak lankidetza-, elkarlan- eta komunikazio-esparru bat osatzen du, erkidegoetan, Estatuan eta nazioartean osasunaren ikerketan eta berrikuntzan diharduten hainbat sektoreren artean. Gainera, BIOEFek programa eta politika sanitario eta intersektorialak oinarritzen laguntzen du, osasun-sistemaren lehiakortasuna eta kalitatea areagotzeko, baita Euskal Autonomia Erkidegoan aberastasuna eta garapen sozioekonomikoa bultzatzeko ere. Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuak xedatutakoaren arabera, BIOEF sail horren mendeko sektore publikoko fundazioa da.

Zenbait legek (14/1986 Lege Orokorra, apirilaren 25ekoa, Osasunari buruzkoa; 8/1997 Legea, ekainaren 26koa, Euskadiko Antolamendu Sanitarioarena; 14/2007 Legea, uztailaren 3koa, Biomedikuntzako Ikerketari buruzkoa; eta 14/2011 Legea, ekainaren 1ekoa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzakoa) erreferentziako esparru erkide bat osatzen dute, osasun-ikerketa sustatu eta haren funtzionamendu eraginkorragoa zehazteko.

Esparru horren baitan, Osasun Sailak 2021-2024 esparru estrategiko berri bat sortu du, honako hauek barnean dituena: kalitatean eta bikaintasunean oinarritutako euskal osasun-sistema unibertsal bat finkatzeko osasun-politikak; lehen mailako arreta sustatu eta indartzea; osasun-sistema publikoa sustatu eta sendotzea; koordinazio soziosanitarioaren bidez pertsonen bizi-kalitatea hobetzea, eta osasunaren arloko ikerketa- eta berrikuntza-ekosistema propioaren garapenarekin jarraitzea. Osasunaren arloko ikerketa- eta berrikuntza-ildo estrategikoa sortu da, Eusko Jaurlaritzaren helburu nagusia betetze aldera: euskal osasun-sistema publikoa, unibertsala, jasangarria eta kalitatekoa babestea. Agindu hau esparru estrategiko horren osagai instrumentalekin bat dator, bereziki osasun-arloko I+G+Bari dagokionez.

Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluan xedatutakoaren arabera, agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak Osasuneko sailburuaren 2021eko martxoaren 8ko Aginduan jaso ziren aurrez (agindu horrek Osasun Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onesten du).

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren hamaseigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera, zeina Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen bidez aldatu baitzen (azken xedapenetako zazpigarrena, bi), sektore publikoko fundazioek dirulaguntzak eman ahal izango dituzte haiei atxikitako administrazio-organoaren baimenarekin.

Deialdiaren zenbatekoari dagokionez, kontuan hartuta Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legeak xedatzen duena eta, haren barruan, BIOEF ustiatzeko aurrekonturako aurreikusten dena, nahikoa aurrekontu-kreditu dagoela egiaztatu da.

Deialdi honek, eta haren izapidetze- eta ebazpen-ekintzek, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Lege Dekretuak eratutako esparru juridikoari jarraitzen diote, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak ezarritako oinarrizko arauei ere.

Deialdi honetarako ez da ezer egin beharko Europar Batasuneko erakundeetan; izan ere, diruz lagundu daitezkeen jarduerak ekonomikoak ez direnez, estatuko laguntzei buruzko europar araudiaren aplikazio-esparrutik at geratzen dira, I+G+B arloko Europar Batasunaren Esparruak biltzen duen bezala.

Hori guztia dela eta, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren hamaseigarren xedapen gehigarriko 1. apartatuan zehazten dena betez, eta Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuak 2.b) eta 4.2 artikuluetan ezarritakoarekin lotuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da COVID-19aren osasun-arloko ikerketa eta garapenerako dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarriak ezartzea, publikotasunaren, gardentasunaren, konkurrentzia lehiakorraren, objektibotasunaren, berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak betez. Deialdiaren helburua da SARS-CoV-2 birusaren eta COVID-19 gaixotasunaren inguruko ikerketa bultzatzea jarraian adierazitako ikuspuntuetatik: prebentzioa, diagnostikoa, tratamendua, birusaren biologiaren eta portaeraren azterketa, seinale klinikoen azterketak, immunitatearen azterketak, azterketa epidemiologikoak, osasun orokorreko azterketak, COVID-19a duten pazienteen gaixotasun eratorriei buruzko ikerketa soziosanitarioa eta COVID iraunkorraren ikerketa.

Deialdi honen helburuetarako, ikerketa eta garapena jarduera ez-ekonomikotzat joko dira, eta Europako Batzordeak Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako Estatuko Laguntzei buruzko Europar Batasunaren Esparruaren (EBAO, C 198, 2014-06-27koa) 19. puntuan (ikerketa-erakundeen eta ikerketa-azpiegituren jarduera nagusiak, eta ezagutza transferitzeko jarduerak) ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Beraz, deialdi honetan ez dira finantzatuko jarduera ekonomikoak, eta honako hau ulertuko da jarduera ekonomikotzat:

a) I+G zerbitzuak ematekoak eta enpresek burututako I+G jarduerak.

b) Ikerketa-azpiegituren alokairua.

c) Beste edozein jarduera ekonomiko, baldin eta Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako Estatuko Laguntzei buruzko Europar Batasunaren Esparruan (EBAO, C 198, 2014-06-27koa) jasotako eta xedatutako baldintzak betetzen ez baditu.

Aurkeztuko diren ikerketa- eta garapen-proiektuek Asociación Médica Mundial (AMM) elkartearen Helsinkiko Adierazpenean zehaztutako funtsezko printzipioak beteko dituzte (gizakietan egindako ikerketa medikoetarako printzipio etikoak), baita ikerketa biomedikoaren arloan indarrean dagoen legeria ere.

Pertsonekin esperimentatzen duten edo giza jatorria duten lagin biologikoak erabiltzen dituzten proiektuetan, ikerketa gauzatuko duen erakundearen Ikerketarako Etika Batzordeak emandako baimena ere aurkeztu beharko dute. Batzordeak indarrean dagoen araudiaren arabera eratuta egon behar du. Batzordearen baimenarekin batera, baimen informatua eta gaixoari informatzeko orria ere aurkeztuko dira.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Laguntza-eskaera aurkezten den egunean Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean (ZTBES) integratuta dauden eta horretarako ziurtatuta dauden eragileek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetan biltzen diren laguntzak, bat etorriz ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzkoa) eta irailaren 24ko 147/2019 Dekretuan (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautu eta eguneratzen duen dekretua bigarrenez aldatzen duena) eta haren xedapen iragankorretan, edo hura ordezten duen araudian, xedatutakoarekin.

Publikotasun-ondorioetarako, eragile horiek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko Eragileen Erregistro Publikoan identifikatuta daude, helbide hauetan:

– Gaztelaniaz:

https://apps.euskadi.eus/aa40paWebPublicaWar/webPublicaJSP/aa40painicio.do?idioma=es

– Euskaraz:

https://apps.euskadi.eus/aa40paWebPublicaWar/webPublicaJSP/aa40painicio.do?idioma=eu

2.– Agindu honen 4. artikuluan zehazten dira dirulaguntzak jaso ahalko dituzten Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileen kategoriak.

3.– Eragileek lankidetza-proiektuak aurkezteko aukera dute, hainbat erakunderen artean eginak, erakunde onuradunak izan (2. artikulu honetan aurreikusitakoaren arabera) edo ez izan, beharrezkoak badira eta proiektua garatzeko gai, DLOren 11.3 artikuluan xedatutakoaren arabera. Lankidetza-proiektuen kasuan, lankidetza-hitzarmen bat formalizatu beharko da erakunde parte-hartzaile guztien artean, erakunde horien legezko ordezkarien sinadura guztiekin, proiektuaren egikaritzea bermatzeko eta emaitzak ustiatzeko adostutako baldintzak zehazteko.

4.– Eragileek ZTBES sarean ziurtatuta egon behar dute, agindu honetako laguntza-eskaerak aurkezteko epea hasten den egunean.

5.– Ezingo dituzte agindu honen bitartez araututako laguntzak eskuratu egoera hauetako batean dauden erakundeek:

a) Ebazpen irmo bitartez dirulaguntza publikoak eskuratzeko aukera galdu badute, edo delitu hauetako batengatik zigortu badira: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoen bidegabeko eralgitzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintzako delituak.

b) Borondatezko konkurtso-deklarazioa eskatu badute, prozedura batean kaudimenik gabekotzat aitortuak izan badira, konkurtsoan badaude (non eta ez duten hitzarmen bat adostu), esku-hartze judizialaren mende badaude edo Konkurtsoei buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legea betez desgaituak izan badira eta oraindik ez bada igaro konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-epea.

c) Kausa batean erruduntzat jo badira eta, ondorioz, Administrazioarekin zuten kontratu bat behin betiko suntsiarazi bada.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkariak lege hauetan aipatzen diren egoeretako batean badaude: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-karguan aritzea arautzen duena; eta 53/1984 Legea (LBK 1985, 14), abenduaren 26koa, Administrazio publikoen zerbitzuko langileen bateraezintasunei buruzkoa; edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoak (LBK 1985, 1463 eta LBK 1986, 192) arautzen dituen kargu hautetsietako bat badute.

e) Indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez badituzte.

f) Legearen arabera paradisu fiskalak diren herrialde edo lurraldeetan badute zerga-egoitza.

g) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta ez badituzte.

h) Ebazpen irmo baten bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera kendu bazaie.

i) Ez dira izango onuradunak Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 11.3 artikuluko bigarren paragrafoan aipatzen diren elkarteak, haien kideren batean debeku horiek biltzen badira.

6.– Aurreko puntuetan adierazitako apreziazioa, justifikazioa, deklarazioa eta irismena eta, oro har, deialdi honetan onuradunen baldintzei buruz bildu ez dena Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (DLO) 13. artikuluaren pean geratuko da, oinarrizko legea delako.

7.– Laguntza-eskaera aurkeztuz gero, eragile eskatzaileak baimena emango du erakunde emaileak zuzenean eskura dezan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko Lege Orokorreko Erregelamenduak (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua) 18. artikuluan (zerga-betebeharrak betetzea) eta 19.ean (Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzea) adierazten duena betetzen dela ziurtatzen duen agiria.

Hala ere, eragile eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du baimena; hori eginez gero, berak ekarri beharko du ziurtagiria, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22. artikuluko 1etik 3ra bitarteko puntuetan ezarritakoaren arabera.

Dirulaguntza ezin izango da ordaindu, erakunde onuradunak arestiko betebeharrak betetzen ez dituen bitartean.

8.– Erakunde eskatzailearen legezko ordezkariaren sinadurak esan nahi du entitateak (laguntza jasotzen duenean) jarduera behar bezala burutzeko konpromisoa hartu duela, baita eskaeran datozen datuak egiazkoak direla egiaztatu eta baieztatu duela ere. Gainera, eskatutako baldintzak betetzen dituela esan nahi du, baita ikerketa-jarduerei aplikatzen zaien araudia ere.

9.– Deialdi honen onuradun izateko, erakunde eskatzaileak eta ikertzaile nagusiak nahitaez aurkeztuta izan behar dute BIOEF fundazioan helburu bereko beste deialdi batzuetan finantzaketa lortu duten ikerketa-proiektu amaituen azken memoria zientifiko eta ekonomikoa. Deialdi honetan eskaera aurkezteko epea amaitzen denean bete behar da baldintza hori. Hura bete ezean, ez da onartuko eskaera.

3. artikulua.– Talde eskatzailearen betekizunak.

1.– Talde eskatzailetzat ulertuko da ZTBESko eragileek osatutako taldea (onuradunak, 2. artikuluaren arabera), 4. artikuluan azaldutako modalitateetako edozeinetan ikerketa-laguntza bat eskatu duena eta ikerketaren egikaritzean parte hartuko duena, erakunde bakoitzak proposatutako lan-planaren arabera egokitu zaizkion lanak garatuta.

2.– Talde eskatzailearen buru izango da/dira ikertzaile nagusi arduradunetako bat edo bi. Bi ikertzaile nagusi badaude (IN eta IN laguntzailea), biak izan beharko dira laguntza eskatzen duen erakundeko langileak, eta horietako batek solaskide gisa jardungo du ondorio guztietarako (besterik ezean, IN gisa identifikatzen den ikertzailea izango da). IN laguntzaileak ikertzaile nagusiei aplikagarriak zaizkien betekizun eta bateraezintasun-baldintza berak bete beharko ditu, eta curriculum-aitorpen bera izan beharko du ere. Ikertzaile nagusietako bat erretiro adinetik hurbil dagoelako proiektua bi ikertzaile nagusik zuzentzen badute eta ikertzaile nagusi batetik besterako lidergo-trantsizioa abian jartzeko asmoa badago, argi eta garbi azaldu beharko da inguruabar hori eskaera-memorian. Halako proiektuetan, IN laguntzailea izango da antzinatasun handieneko pertsona, eta INa, berriz, trantsizioaren hartzailea, baina bien CVek garrantzi bera izango dute ebaluatzeko orduan. Trantsizioaldi hori ez da inolaz ere izango bi ondoz ondoko proiektu baino luzeagoa.

3.– Ikerketa-proiektuetan ezinbestekoa da gutxienez osasun-ikerketako zentro gisa ziurtatuta dagoen ZTBESko eragile batek parte hartzea.

4.– Finantzaketa eragile batek baino gehiagok eskatzen badute, eragile parte hartzaileen kide den ikertzaile nagusietako bat eskaeraren koordinatzailea izango da, eta pertsona hori izango da BIOEFekiko solaskidea, laguntza kudeatzen duen organoa den heinean.

5.– Talde eskatzaileetako kideek funtzionario-lotura edo estatutu edo kontratu bidezko lotura formalizatuta eduki beharko dute honako hauekin: agindu honen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera onuradun den ZTBESko eragilearekin; proiektua egingo duen zentroarekin, edo eragileak hitzarmen bat indarrean duen erakundeekin, baldin eta hitzarmen horren bidez erakundea eta ikertzailea lotzen badira. Lotura hori proiektuaren guztizko egikaritze-epea baino laburragoa bada, erakunde horren legezko ordezkariak sinatutako adierazpena beharko da, zeinaren bidez baimena ematen baitzaio ikertzaileari proiektuan IN edo laguntzaile gisa parte hartzeko eta hitzematen baita loturari eutsiko zaiola eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik proiektuaren egikaritze-epea amaitu arte.

6.– Ikertzaileek edo ikertzaile nagusiek (eta IN laguntzaileek) eskaera bakar batean parte hartu ahal izango dute eginkizun horrekin. Ikertzaileen taldeko gainerako kideek ez dute mugarik izango beste proiektu batzuetan parte hartzeko.

4. artikulua.– Dirulaguntzak jaso ahalko dituzten laguntzak.

1.– COVID-19aren ikerketa biomedikoko proiektuak: osasun-ikerketaren laguntzarako lerro honetan, onuradunak izango dira edozein kategoriatan akreditatutako ZTBESko eragileak, baina ezinbestekoa izango da gutxienez osasun-ikerketako zentroen kategorietan akreditatutako ZTBESko eragile baten parte-hartzea izatea. Ikerketa-proiektuek 1, 2 edo 3 urteko iraupena izan dezakete. Proiektuak berriak izan daitezke, aurrez kanpo-finantzaketarik jaso ez dutenak, edo dagoeneko abian diren proiektuak, nahikoa ez den kanpo-finantzaketa dutenak; laguntzen egikaritze-epea eskaera aurkezten den egunetik hasiko da zenbatzen.

Deialdi honi dagokionez, ikerketa biomedikoa zera da: oinarrizko ikerketa (gaixotasunera zuzendua), klinikoa (gaixoari zuzendua), epidemiologikoa, osasun publikokoa eta osasun-zerbitzuetakoa, baita osasuna edo ikerketa biomedikoko prozesu eta teknologiak hobetzeari zuzendutakoak garatzea ere.

Bi proiektu-modalitate daude:

a) Sortzen ari diren taldeen sustapena: 1976. urtean edo beranduago jaiotako ikertzaile nagusia duten taldeen proiektuak; gainera, ikertzaile nagusi horrek ezin izan du lehenago ikertzaile nagusi gisa parte hartu lehiaketa-deialdien bidez finantzatutako proiektuetan. Epea zenbatzeko helburuetarako, egoera hauek hartuko dira kontuan:

– Amatasun- edo aitatasun-egoeren ondoriozko atsedenaldiak, Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean jasotako egoera babestuen arabera baimendutakoak. Urtebeteko luzapena aplikatuko da seme edo alaba bakoitzeko.

– Eskatzailearen gaixotasun edo istripu larriak, hiru hilabeteko edo gehiagoko baja medikoa izan dutenak. Urtebeteko luzapena aplikatuko da.

– Mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeko aldiak, gutxienez hiru hilekoak, Autonomia pertsonala eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonen arreta sustatzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak xedatutakoaren arabera. Urtebeteko luzapena aplikatuko da.

b) Ohiko taldeen ikerketa biomedikoko proiektuak: ikertzaile nagusi batek zuzendutako ikerketa-taldeen proiektuak; ikertzaile nagusiak atal guztietan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko ditu, bestelako baldintza espezifikorik gabe.

5. artikulua.– Finantza daitezkeen gastuak.

1.– Kasuan-kasuan emandako laguntza jarraian aipatuko diren gastuak ordaintzeko izango da, baldin eta gastu horiek proiektua burutzearekin zuzeneko lotura badute eta aurretik eskaeraren memorian sartu badira.

2.– Agindu honen bitartez araututako laguntzak bateragarriak izango dira beste dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, helburu bera badute, administrazio publiko edo ente batek ematen baditu, publikoa edo pribatua, Estatukoa, Europar Batasunekoa edo nazioartekoa, eta, bakarka edo beste dirulaguntzekin, diru-sarrerekin edo baliabideekin batera, laguntza jasoko duen jardueraren kostua gainditzen ez badute. Kostua gainditzen bada, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da, dagokion gehieneko mugara arte.

3.– Langileen gastuak. Proiektua gauzatzeko behar diren eta erakunde onuradunarekin lan-kontratu bat duten langileen kostuak.

Halaber, atal honetan sartuko dira ikertzaileen taldeko kide den osasun-profesionala jarduera asistentzialetik liberatzeak berekin dakartzan kostuak, profesional horrek lanaldiaren % 50, gehienez, proiektua gauzatzen eman dezan. Deialdiak finantzatuko duena baino lan handiagoa egin behar badute ikertzaileek proiektuan, erakunde onuradunak jarriko du dirua.

4.– Ondasunak erostearen eta zerbitzuak kontratatzearen ondoriozko gastuak. Proiektua burutzeko nahitaezko material inbentariagarria sartzen da hemen, eta ez dira kontuan hartuko altzariak eta instalazioak.

Material suntsikorra eta gastu osagarriak, material bibliografikoa eta proiektua ezagutzera emateko gastuak ere sartuko dira hemen (argitalpenak, etab.), baldin eta behar bezala arrazoituta badago eta proiektua burutzeko beharrezkoak badira.

Bulegoko material orokorraren finantzaketa ez da hemen sartuko: fotokopiak, tonerra, telefono-gastua, etab.

Eskaeraren memorian azalduko da proiektua garatzeko espero den kanpo-zerbitzuen kontratazioa, eta zerbitzu horien ezaugarriak eta kontratuaren kostua adieraziko dira. Diruz lagundutako jardueraren proiektuko zenbait jarduera azpikontratatu ahal izango dira, baldin eta eragile onuradunak ezin baditu bere kabuz egin; proiektuaren memorian egiaztatu beharko da hori. Onuradunak azpikontratatutako jardueraren guztizko kostua ezingo da izan onuradun horren aurrekontu finantzagarriaren % 50 baino gehiago.

5.– Bidaia eta desplazamenduen ondoriozko gastuak. Landa-lanean eta koordinazio-bileretan sortutakoak eta kongresuetara, hitzaldietara eta halakoetara joateak sortutako gastuak, proiektuarekin zuzeneko harremana badute.

6.– Proposatutako proiektuaren zeharkako gastuak ere finantzatu ahal izango dira deialdi honen bidez (zuzeneko kostuaren % 10). Hau da, proiektua burutuko duen erakundearen egitura-gastuak (argia, ura, garbiketa, mantentze-lanak edo antzerakoak), proiektu zehatz bati zuzenean esleitzen ez bazaizkio ere, proiektua burutzeko beharrezkoak direnean.

7.– Ikertzaileen taldeko kideek ezingo dute proiektuaren konturako ordainsaririk jaso, ezta gradu-ikasketak izanik osasun-trebakuntza espezializatua egiten ari diren pertsonek ere.

8.– Proiektua bukatutakoan, emandako laguntzarekin erosi den material inbentariagarria eta bibliografikoa proiektua burutu duen erakundearena izango da eta, printzipioz, ikerketa-jardueran erabiliko da.

9.– Dena dela, ondorio horietarako, aplikatu beharrekoak dira Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (DLO) 31. artikulua eta Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorraren (DEO) 83. artikulua, oinarrizkoak baitira.

6. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi hau finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretara zuzendutako aurrekontu-kredituetan jasoa, zortziehun eta bederatzi mila eta hogeita sei euro eta laurogei zentimo da (809.026,80 euro).

7. artikulua.– Laguntza emateko prozedura.

Deialdi hau lehiaketa-teknikaren bitartez ebatziko da. Horretarako, aurkeztuko diren laguntzak konparatu egingo dira 10. artikuluan biltzen diren balorazio-irizpideei jarraituz, laguntza horiek lehentasunaren arabera sailkatzeko, eta deialdian esleitu diren kredituak agortu arte banatuko dira laguntzak, lehentasun-ordena horren arabera.

8. artikulua.– Eskaerak aurkezteko modua eta epea.

1.– Eskaera bakarra aurkeztuko da proiektu bakoitzeko. Koordinazioko proiektuen kasuan, erakunde koordinatzaileak bidaliko du eskaera.

2.– Agindu honekin lotutako eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak, justifikazioak eta gainerako kudeaketak baliabide elektronikoen bitartez egingo dira, hauek betez: 21/2012 Dekretua, otsailaren 21ekoa, Administrazio Elektronikoari buruzkoa (28. artikulua) (EHAA, 50. zk., 2012ko martxoaren 9koa); 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena (9., 10. eta 14. artikuluak); eta 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariarena, zeinaren bidez E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen baita.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikazio eta sinadura elektronikoko bitartekoak hemen aurki daitezke: https://www.euskadi.eus/certificados-electronicos

Halaber, elektronikoki izapidetu ahalko da ordezkari baten bitartez. Horretarako, ordezkaritza inskribatu behar da Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistroan: https://www.euskadi.eus/representantes

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoa erabiliko da eskaera hartu eta betetzeko, jarraian adierazitako helbideen bitartez:

Gaztelania.

https://www.euskadi.eus/servicios/1048901

Euskara.

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1048901

4.– Betetako eskaerak, erakunde eskatzailearen sinadura aitortuaz gain, 8.6 artikuluan adierazten den dokumentazioa ere barnean hartuko du, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua betez. Sinadura elektronikoaren data hartuko da aurkezpen-data gisa.

5.– Erakundeek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskaera eta aurkeztu beharreko gainerako dokumentazioa. Gainera, eskaeraren ondoriozko ekintzetan, eta prozedura osoan zehar, eskaera egin duen erakundeak aukeratutako hizkuntza bera erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek zehazten dutena betez.

6.– Dokumentazio hau entregatu beharko da:

a) Ikerketa-proiektuaren memoria (I. eranskina), eredu normalizatuan, eta, hala badagokio, erakunde parte-hartzaile bakoitzaren informazioa (I-A eta I-B eranskinak). Ingelesez ere onartuko da proiektuaren memoria.

b) Proposamenaren koordinatzaile gisa jarduten duten ikertzaile nagusien Curriculum Vitae Normalizatua (CVN), CVN editoretik (http://cvn.fecyt.es/editor) automatikoki sortua edo FECYTren CVN arauan ziurtatutako edozein erakundetik sortua. Sortzen ari diren taldeen modalitatearen kasuan, taldekide guztien CVNa ere aurkeztu beharko da.

c) Proiektua proposatu duen ikertzaile-taldearen historia zientifiko eta teknikoaren memoria (II. eranskina), eredu normalizatuan, ohiko taldeen modalitatean bakarrik.

d) Erakunde eskatzaile bakoitzaren erantzukizunpeko adierazpena (III. eranskina), legezko ordezkariak sinatuta.

e) Jardueraren baldintza gisa eta haren ezaugarriak kontuan hartuta, proiektuek legez ezarritako baimenak edo txostenak beharko dituzte:

1.– Ikertzaile nagusia zer erakundetakoa den, haren Ikerketarako Etika Batzordearen txostena, beharrezkoa denean.

2.– Euskal Biobankuaren ziurtagiria, non, proiektuan giza jatorria duten lagin biologikoak erabili behar badira, egiaztatuko baita ikertzaile nagusiak Biobankuari lagin biologikoak bildu edo lagatzea eskatu diola deialdi honetan eskatutako dirulaguntzaren xede izango den proiekturako.

Atal honetan aipatzen diren dokumentuak erakunde onuradunen eskuetan geratuko dira, hargatik eragotzi gabe erakunde emaileak egin behar dituen egiaztatze-jarduerak edo kontroleko erakunde eskudunek egin behar dituzten egiaztapen eta kontrolak onartu behar izatea eta aipaturiko jarduerak burutu ahal izateko beharrezkoa den informazio guztia eman behar izatea.

7.– Apartatu honetan adierazitako eredu normalizatu guztiak eskuragarri egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan.

8.– Laguntzak eskatzeko epea hilabetekoa izango da, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

9. artikulua.– Eskaerako akatsak zuzentzea.

1.– Dirulaguntzen eskaerako eremu guztiak beteta ez badaude, edo eskatzen den dokumentazio guztia ez badu, erakunde eskatzaileari hamar egun emango zaizkio hori zuzentzeko edo falta diren dokumentuak bidaltzeko, eta hala egiten ez badu eskaeran atzera egin duela ulertuko da. Administrazioak eskaera horri buruzko ebazpen bat emango du berariaz, eta ebazpenaren berri emango, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Baliabide elektronikoak erabiliko dira jakinarazpenak egiteko. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bitartez egingo dira: https://www.euskadi.eus/micarpeta

3.– Jakinarazpen-sistemari esker, jakinarazpenaren xede den egintza interesdunari zein egun eta ordutan jakinarazi zaion jakin eta ziurtatu ahal izango da, baita jakinarazpenean noiz sartzen den ikusi ere. Une horretan emango da jakinarazpena jasotakotzat. Eman dela ziurtatuta badago eta hamar eguneko epean interesduna ez bada jakinarazpenean sartzen, jakinarazpenari uko egin zaiola ulertuko da, eta izapidea burututzat emango da, prozedurari jarraituz, salbu eta, ofizioz edo hartzaileak eskatuta, edukian sartzeko ezintasun teknikoa edo materiala egiaztatzen denean.

4.– Lankidetzan egin behar diren proiektuetan, egintza hori proiektuaren koordinatzaile lanetan diharduen erakundearekin egingo da.

10. artikulua.– Eskaeren ebaluazioa eta hautaketa.

Ongi eta epearen barruan aurkeztutako edo zuzendutako eskaerak ebaluatzeko eta aukeratzeko, aurreko artikuluaren arabera, Balorazio Batzordea sortzen da, artikulu honen 1. apartatuan zehaztu den bezala.

1.– Hauek osatuko dute Balorazio Batzordea:

a) Presidentea: Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioaren (BIOEF) I+G+B kudeaketako zuzendari eskuduna.

b) Kideak:

– Osasun Sailaren ikerketa eta berrikuntza sanitarioko zuzendari eskuduna.

– Osakidetzako Ospitale Arretaren Koordinaziorako zuzendariordea.

– Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoko zuzendaria.

– EITB - Euskal Irrati Telebistako ordezkari bat.

– COVID-19a pairatu duten gaixoen Euskadiko elkarteetako ordezkari bat.

c) Idazkaria: BIOEFeko I+G laguntzen deialdiak kudeatzeko arduraduna.

Batzordea gauzatu aurretik, Balorazio Batzordeko kideen izen-abizenak BIOEFen webgunean argitaratuko dira, eta Eusko Jaurlaritzaren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan ere bai.

2.– Balorazio Batzordeak balorazio-irizpide hauen arabera ebaluatuko ditu proiektuak:

a) Ikerketa-proiektuen kalitate zientifiko eta teknikoa, deialdi honen 10. artikuluaren 3 puntuan zehazten dena betez: gehienez 50 puntu (3. puntuan azaldutako kanpoko ebaluazio zientifikoan jasotako puntuazioa esleituko zaio).

b) Proiektua zenbateraino egokitzen den lehentasunezko arlo eta ildoetara: gehienez 15 puntu. Puntu honetan aintzat hartuko da proiektuak oinarri hauen 1. artikuluan jaso diren deialdiaren gai eta xedeetarako egokiak izatea. Kontuan hartuko dira bereziki aurrez emaitza esperantzagarriak izan dituzten proiektuak. Gehienez 15 puntu.

c) Proposamenak Euskal Osasun Sistemarako duen interesa: gehienez 35 puntu. Puntu honetan, hauek baloratuko dira:

1.– Puntu honetan proiektuak hauetara egokitu behar du: Osasun Sailaren Marko Estrategikoa 2021-2024, Euskadiko Osasun Plana 2013-2020, Osasun arloko ikerketa eta berrikuntzarako estrategia 2020, Euskadiko Arreta Soziosanitarioaren Lehentasun Estrategikoak 2017-2020 eta Osakidetzaren erronkak eta proiektu estrategikoak 2017-2020. Hemen aurki daitezke dokumentuak: http://www.osakidetza.euskadi.eus/r85-ckpubl02/es/contenidos/informacion/publicaciones_informes_estudio/es_pub/publicaciones.html Gehienez 10 puntu.

2.– Aintzat hartuko da puntu honetan osasun-arloko profesionalek proiektuen ikertzaile eta ikertzaile nagusi gisa parte hartzea; bereziki, jarduera asistentzialeko profesionalak ikertzaile nagusi gisa agertzea. Gehienez 10 puntu.

3.– Zentro anitzeko proiektuei emango zaie lehentasuna. Zentro anitzeko proiektuak dira deialdi honen 2. artikuluan adierazitako erakunde onuradunen arteko biren edo gehiagoren parte hartzea dutenak, bereziki osasun-ikerketako bi zentro edo gehiago badira, ikerketa-alor beretan lan egiten duten ikertzaileen lankidetza dakartenak. Gehienez 10 puntu.

4.– Bereziki baloratuko dira sortzen ari diren taldeek zuzendutako ikerketa-proiektuak. Gehienez 5 puntu.

3.– Proiektuen ebaluazioa egin aurretik, Balorazio Batzordeak kanpoko ebaluatzaile independenteen laguntza eskatuko du. Ebaluatzaile horiek proiektuen kalitate zientifiko-teknikoari buruzko txostenak egin, eta alderdi hauek ebaluatu eta baloratuko dituzte:

Ebaluazio zientifiko-teknikoa irizpide hauen arabera egingo da:

a) Ikerketa-taldearen balorazioa, proiektuaren modalitatearen arabera:

1.– Sortzen ari diren taldeen sustapen-modalitatea: ikertzaileen taldearen balorazio orokorra, kontuan hartuta taldearen osaeraren oreka, baterako lanak, taldean irekitako ikerketa-ildoak eta taldekideen osagarritasuna. Taldearen ikerketa-ibilbidearen eta haren potentzialaren balorazioa; ikerketa-proiektuen balorazioa; saiakuntza klinikoak; ikerketa-jarduerak zer ekarpen egiten dion Osasun Sistema Nazionalaren garapen klinikoari, asistentzialari edota teknologikoari; argitalpenak, patenteak eta jabetza industrialeko beste hainbat erregistro, ikerketa-taldeak eginak proiektuaren gaiarekin lotuta. Gehienez 18 puntu.

2.– Ohiko taldeen modalitatea: ikerketa-proiektuen balorazioa; saiakuntza klinikoak; ikerketa-jarduerak zer ekarpen egiten dion Osasun Sistema Nazionalaren garapen klinikoari, asistentzialari edota teknologikoari; argitalpenak, patenteak eta jabetza industrialeko beste hainbat erregistro, ikertzaile nagusiak eginak edo ikerketa-taldearen historian egin direnak proiektuaren gaiarekin lotuta. Orobat baloratuko da ikerketa-taldea zenbateraino egokitzen zaion proiektuari. Gehienez 18 puntu.

b) Proiektuaren balorazio zientifiko-teknikoa: ikertzaileen taldeak gaiari buruz duen ezagutza-mailaren eta hipotesiaren balorazioa. Proiektuaren helburuen garrantzi zientifiko-sanitarioa. Proposamenaren bideragarritasuna eta arriskuak. Analisi metodologikoa eta lan-egitasmoa. Genero-ikuspegia proiektuan integratu den ere aintzat hartuko da. Gehienez 27 puntu.

Proiektuaren balorazio zientifikoan 15 puntu edo gehiago lortzen ez dituzten proiektuak ez-finantzagarritzat joko ditu Balorazio Batzordeak.

c) Proiektuaren balorazio ekonomikoa. Proiektua burutzeko eskatu diren baliabideen egokitasuna. Eskatu diren baliabideen justifikazioa. Gehienez 5 puntu.

Modalitate bakoitzean egindako ebaluazio zientifiko-tekniko horren emaitza izango da Balorazio Batzordeak hartuko duena, agindu honen 10. artikuluko 2.a) puntuan adierazitako balorazio-irizpideari dagokionez.

4.– Balorazio Batzordeak honako hau hartuko du kontuan laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko: aurkeztutako aurrekontua, deialdia finantzatzeko dauden baliabide ekonomikoak, eta aurkeztutako aurrekontua egokia den lortu nahi diren helburuentzat, kanpoko ebaluatzaile independenteek egindako txosteneko oharrak kontuan hartuta eta 7. artikuluan bildutakoa aplikatuta.

5.– Emandako zenbatekoek eskatutako zenbateko osoa edo haren zati bat estali ahal izango dute, eta ez dute inola ere gaindituko dirulaguntzaren xedearen kostu erreala, baterako finantzaketa ere kontuan hartuta, halakorik izanez gero.

11. artikulua.– Ebazpena, jakinarazpena eta errekurtsoak.

1.– Aurkeztutako eskaerak prozeduraren bidez tramitatuko dira, eta, Balorazio Batzordeak hala proposatuta, Osasuneko sailburuordeak ebatziko ditu, zeinak eskaera egin duten erakundeek planteatutako alderdi guztiei erantzun beharko baitie.

2.– Ebazpenean adieraziko da laguntza emango den ala ez; laguntza emanez gero, ebazpenean zehaztuko dira erakunde onuraduna, dirulaguntza jasoko duen laguntza eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, urtez urte nola banatuko den adierazita. Laguntza eman ezean, arrazoiak zehaztuko dira.

3.– Emango den ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian jakinaraziko da, gehienez sei hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epea igarotakoan ebazpenik argitaratu ez bada, eskatzaileek eskaera ezetsitzat eman ahal izango dute, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 25.5 artikuluarekin eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 25.1.a) artikuluekin.

4.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, erakunde eskatzaileek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluak betez.

5.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta 15 egun balioduneko epean, erakundeek hari uko egin nahi diotela adierazi ahal izango dute berariaz. Epe horretan ez bada adierazten laguntzari uko egingo zaiola, deialdiaren ondorioetarako, laguntza onartu dela ulertuko da.

12. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzaren erakunde onuradunak betebehar hauek bete beharko ditu nahitaez:

a) Dirulaguntza xede zehatzerako eta eman de kontzeptuetarako erabiltzea.

b) Deialdiaren organo kudeatzaileari deialdi honen bitartez jasoko den dirulaguntzari buruzko informazioa ematea.

c) Deialdiaren organo kudeatzaileari eskaeran adierazitako datuetan edo egoeretan egon diren aldaketak jakinaraztea, haiek gertatu eta hilabeteko epean gehienez.

d) Laguntza-eskaerari dagokionez egin nahi den aldaketa oro aurretik eta arrazoituta eskatu beharko zaio deialdiaren organo kudeatzaileari. Deialdi honen ondorioetarako, laguntza-eskaeran aurreikusitako kontzeptuen gastu-desbideratzeak ez dira aldaketatzat jotzen, baldin eta % 20 gainditzen ez badute.

e) Gainera, erakunde onuradunek proiektuen finantzaketa publikoa dela ezagutarazteko neurriak hartu beharko dituzte, EITB Maratoia ezagutzera emateko edozein ekitalditan parte hartuta. Beraz, ikerketaren ondorioz aterako diren argitalpen, tesi, karrera-amaierako proiektu eta kongresuetarako komunikazio guztietan, EITB Maratoia aipatu beharko da finantzaketa-iturri gisa.

f) Erakunde onuradunek behar bezala ikuskatuta izan behar dituzte kontabilitate-liburuak, bideratutako erregistroak eta gainerako dokumentuak, kasu bakoitzean onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako eta sektoreko legeek ezarritakoaren arabera, egiaztatze- eta kontrol-ahalmenak behar bezala gauzatzen direla bermatzeko.

g) Erakunde onuradunek Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 14. artikuluan zehazten diren gainerako baldintzak bete beharko dituzte, oinarrizkoak direlako.

h) Erakunde onuradunak memoria ekonomikoan datozen gastuen jatorrizko fakturak eta justifikazio-agiriak gordeko ditu nahitaez 5 urtez.

13. artikulua.– Laguntzen ordainketa eta kudeaketa.

1.– BIOEF da laguntzaren organo kudeatzailea.

2.– Laguntzaren organo kudeatzaileak berehala transferituko die dirulaguntzaren onuradun diren erakundeei laguntzaren lehenengo urteari dagokion zenbatekoa.

3.– Gainerako urteei dagokien dirua osasun-ikerketaren arloan eskudun den zuzendaritzak memoria zientifikoa onartu eta proiektuan sortutako gastuak dokumentu bidez justifikatu ondoren jasoko da (IV. eta V. eranskinak).

4.– Erakunde onuradunek memoria zientifiko eta ekonomikoak bidaliko dizkiote laguntzaren organo kudeatzaileari, zeinak, osasun-ikerketaren arloan eskudun den zuzendaritzaren oniritzia duenean, gainerako urtekoen finantzaketa gaituko baitu.

5.– Erakunde onuradunak egiaztatzen badu finantzatutako laguntza ezin dela burutu arrazoi justifikatuak direla medio, berehala emango dio horren berri laguntzaren organo kudeatzaileari, eta proiektuaren garapen zientifikoaren eta balantze ekonomikoaren egoerari buruzko txostena ere bidaliko dio.

Laguntzaren organo kudeatzaileak espedientea aztertuko du, eta Osasuneko sailburuordeari proposatuko dio laguntza likidatzeko ebazpena onar dezala, eta, hala badagokio, itzuli beharreko zenbatekoak zehaztuko ditu.

6.– Komenigarria iruditzen zaionean, laguntzaren organo kudeatzaileak informazio osagarria aurkezteko eska dezake, proiektua nola doan jakiteko.

14. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.

1.– Erakunde onuradunak urtero arrazoitu beharko du burututako lana eta laguntza zertarako erabili duen, eta horretarako dokumentu hauek aurkeztuko dizkio organo kudeatzaileari:

a) Justifikazio-memoria zientifikoa, IV. eranskineko eskemaren arabera egina. Memoria zientifikoak proiektuaren garapen-egoera, burututako jarduerak eta lortutako helburu partzialak azalduko ditu, eta exekuzio ekonomikoaren laburpena ere bilduko du. Ikertzaile nagusiak sinatu beharko du memoria, edo proiektuaren koordinatzaileak, proiektua koordinatua bada.

b) Erakunde parte hartzaile bakoitzaren justifikazio-memoria ekonomikoa (Excel), erakunde onuradun bakoitzaren legezko ordezkariak sinatua (V. eranskina). Memoria ekonomikoarekin batera aurkeztuko dira ordaindutako fakturen kopiak, justifikazio aldian zehar egindako gastuak dokumentatzen dituztenak. Erakunde onuradunek jatorrizko fakturak gordeko dituzte, justifikazio-epetik hasita bost urtez gehienez, eta laguntzaren organo kudeatzaileak nahi duenean egiaztatu ahal izango ditu.

Azken memoria zientifiko eta ekonomikoak proiektua gauzatzeko epea bukatu eta hurrengo hiru hilabeteetan aurkeztu beharko dira.

2.– Jarraipen-memorien aldeko ebaluazioa egiteak eta hurrengo urteko laguntza emateak ez dakar egindako gastuak onartzea eta aurrekontuan egoztea; hori guztia azken memoria ekonomikoan baloratuko da oro har.

3.– Azken memoriarekin batera, hala dagokionean, ikerketaren emaitzen ondoriozko argitalpen, tesi, karrera-amaierako proiektu eta kongresuetarako jakinarazpenen kopia bana aurkeztuko da.

4.– Urte anitzeko ekintzek finantzaketa jasotzen jarrai dezaten, ezinbestekoa izango da jarraipen-memoria zientifiko eta teknikoen ebaluazioak aldekoak izatea, halako memoriak aurkeztu behar direnean.

15. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzen aldaketa.

1.– Laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan aldaketarik egonez gero (baldin eta laguntzaren xedea bete bada) eta, hala dagokionean, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako dirulaguntzak edo laguntzak eskuratuz gero, baliteke laguntzaren zenbatekoa aldatzea. Ondorio horietarako, laguntzaren organo kudeatzaileak izango du zenbatekoa murrizteko espedientea hasteko eta tramitatzeko eskumena, eta Osasuneko sailburuordeak, berriz, haren gaineko ebazpena ematekoa.

2.– Proiektua burutzen den bitartean beharrezkotzat jotzen bada hainbat gasturen zenbateko partzialak aldatzea –betiere laguntzaren zenbateko osoa gainditu gabe–, aurretiazko eskaera idatzi eta arrazoitua aurkeztu beharko du proiektuaren ikertzaile nagusiak, erakunde onuradunaren legezko ordezkariaren oniritziarekin.

Laguntzaren organo kudeatzaileari egingo zaio eskaera.

3.– Proiektuaren bukaera erakunde onuradunaren errua ez den eta dagokion bezala justifikatutako arrazoiren batengatik atzeratzen bada, eta eskaera idatzia aurkezten bada –epe berria zehaztuta– proiektua burutzeko epea bukatu aurretik, Osasuneko sailburuordeak proiektua bukatzeko epea luzatu ahalko du.

Deialdi honen ondorioetarako, laguntza-eskaeran aurreikusitako kontzeptuen gastu-desbideratzeak ez dira aldaketatzat jotzen, baldin eta % 20 gainditzen ez badute.

16. artikulua.– Ez-betetzeak eta dirua itzultzea.

1.– Betebeharrak betetzen ez dituen erakunde onuradunak eman zaion laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubidea galdu duela adieraziz gero, jaso dituen zenbatekoak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, baita berandutze-interesak ere, ordainketa egin zenetik dirua itzuli beharra adostu den arte sortutakoak.

2.– Agindu honen 12. artikuluan aipatzen den betebeharren bat betetzen ez bada, dirua itzuli beharko da. Aginduan aurreikusita ez dauden kasuetan, lege hauetan jasotakoa aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 eta 53.2 artikuluak; eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikulua (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91.etik 93.era bitarteko artikuluetan garatutakoa).

3.– Agindu honen 5. artikuluan zehaztutakoaren arabera, emandako laguntzak, beste dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabideekin batera edo bakarrik, diruz lagundutako proiektuaren kostua gainditzen duenean ere itzuli beharko da laguntza. Kasu horretan, proiektuaren kostuarekiko gehiegizko zenbatekoa itzuli beharko da, gehi dagokion berandutze-interesa.

4.– Dirulaguntza emateko aintzat hartu diren baldintzak aldatuz gero, 15. artikuluaren arabera, diruaren zati bat itzuli beharko da, baldin eta erakunde onuradunak lortutako betetze-maila erabateko betetze-mailatik oso hurbil badago eta erakundeak bere konpromisoak betetzera zuzendutako jarduera nabaria egiaztatzen badu. Aldaketak ezingo du berekin ekarri jarduerak lotura galtzea 1. artikuluan jasotako deialdiaren xedearekin, ezta proiektuaren xedea bukatu gabe uztea ere.

Kasu horretan, laguntzari esleitutako zenbatekoa gainditzen duen gehiegizko zenbatekoa itzuli beharko da, haren aldaketa-ebazpenaren arabera, zeina eskaerak baloratzeko 10. artikuluko irizpideetan oinarrituko baita.

5.– Osasuneko sailburuordeak hasi eta ebatziko du dirua itzultzeko prozedura, aurretik beharrezkoak diren prozesuko izapideak eginda. Hain zuzen ere, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera izapidetuko da prozedura (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeen eta itzulketen erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezartzen dituena).

17. artikulua.– Datu pertsonalak.

Datu pertsonalen babeserako araudian xedatutakoa betez (2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa), deialdi honetan emandako datu pertsonalak Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioak (BIOEF) tratatuko ditu:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak biltzen duen lege-betebeharraren arabera tratatuko dira, egiaztatzeko ea betetzen diren dirulaguntza ematea edo jasotzea baldintzatuko duten betekizunak eta xedearen betetze-maila.

b) Proiektuak baloratzeko, kudeatzeko, administratzeko eta kontrolatzeko eta haietan parte hartzeko tratatuko dira datu pertsonalak, deialdi honetan jasotako oinarrien arabera.

c) Deialdia indarrean dagoen bitartean tratatuko dira datu pertsonalak, proiektua amaitu arte. Behin amaituta, legez ezartzen diren epeetan bakarrik gordeko dira.

d) Datuak babesteko ordezkaria. BIOEFek datuak babesteko ordezkari bat du, araudia betez, eta harekin harremanetan jarri ahal izango da helbide honetan: dpd@bioef.eus

e) Kontrol Agintaritzan erreklamazioak jartzeko aukera: Datuak Babesteko Euskal Bulegoan (www.avpd.euskadi.eus) aurkez dezakezu erreklamazioa, uste baduzu tratamendua ez dela indarrean dagoen araudiaren arabera egin.

f) Deialdi honetako parte-hartzaileek une oro jakin ahal izango dute BIOEFek beren zein datu pertsonal erabiltzen dituen, eta araudiaren arabera dagozkien eskubideak egikaritu ahal izango dituzte helbide honetan: Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioa (BIOEF), BEC Dorrea (Bilbao Exhibition Centre) - Azkue Erronda 1, 48902 (Barakaldo), edo dpd@bioef.eus helbidean. Are zehatzago, eskubide hauek egikaritu ahal izango dituzte:

– Datuetara irispidea izateko eskubidea: tratatuko diren datu pertsonalen inguruko informazioa ezagutu eta eskuratzea ahalbidetzen du.

– Zuzentzeko eskubidea: akatsak zuzentzea, zehatzak ez diren edo osorik ez dauden datuak aldatzea eta tratatuko den informazioa egiazkoa dela bermatzea ahalbidetzen du.

– Ezerezteko eskubidea: tratamenduaren xede diren datuak ezabatzea ahalbidetzen du, kontratua betearazteko beharrezkoak izateari uzten diotenean.

– Aurka egiteko eskubidea: datu pertsonalak ez tratatzeko edo tratatzeari uzteko eskubidea, arrazoi legitimorik ez bada edo erreklamazioak jartzeko edo haietatik defendatzeko ez bada; halakoetan, epe batez blokeatuko ditugu datuak, lege-betebeharrek irauten duten bitartean.

– Tratamendua mugatzeko eskubidea: zenbait egoeratan, interesdunek euren datuen tratamendua mugatzea eska dezakete. Kasu horretan, erreklamazioak jartzeko edo haietatik defendatzeko bakarrik gordeko dira.

– Banakako erabaki automatizatuen xede ez izateko eskubidea (profilak egiteko ere ez): ondorioak izan ditzaketen edo eragin handia izan dezaketen tratamendu automatizatuetan oinarritutako erabakien xede ez izateko eskubidea.

– Datuen eramangarritasun-eskubidea. Legez ezarritako egoeretan eta teknikoki posible denean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honetan aipatzen diren dirulaguntzak jarraian adierazitako lege-testuetan xedatutakoaren araberakoak dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VI. tituluko III. kapitulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako testu bategina); eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta haren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 20a.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala