Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

87. zk., 2021eko maiatzaren 6a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2565

EBAZPENA, 2021eko martxoaren 30ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez proiektu honen ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzen baita: 132 kV-ko SM Artxanda maniobra-azpiestazio berria, eta 132 kV-ko Basauri TA-Gatika TA 1 eta 2 linea elektriko berriaren sarrera eta irteera Artxanda TAn, eta Mazarredo TA-tik datozen 1 eta 2 adarren sarrera Sondikan eta Bilbon.

AURREKARIAK

2020ko irailaren 4an, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Bizkaiko Industria Lurralde Ordezkaritzak jendaurrean jarri zuen proiektu hau: 132 kV-ko SM Artxanda maniobra-azpiestazio berria, eta 132 kV-ko Basauri TA-Gatika TA 1 eta 2 linea elektriko berriaren sarrera eta irteera, eta Mazarredo TA-tik datozen 1 eta 2 adarren sarrera Sondikan eta Bilbon. Baita haren ingurumen-inpaktuaren azterketa ere, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Izapide horri dagozkion iragarkiak 2020ko irailaren 4ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (170. zk.) argitaratu ziren, eta akatsak, berriz, 2020ko irailaren 24ko 184. zenbakiko BAOn eta 2020ko irailaren 28ko 186. zenbakiko BAOn. Jendaurreko informazioaren izapidea burututa, Bizkaiko Industria Lurralde Ordezkaritzak egiaztatu du ez dela alegaziorik jaso.

Aldi berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, Bizkaiko Industria Lurralde Ordezkaritzak eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta-izapidea egin zien. Emaitza espedientean jasota dago. Horri dagokionez, organo eskudunak adierazi du ingurumen-inpaktuaren azterketan kontuan hartu direla eraginpeko administrazio publikoen erantzun-txostenak.

2021eko martxoaren 22an, Bizkaiko Industria Lurralde Ordezkaritzak eskabidea osatu zuen ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, proiektu honen inguruan: 132 kV-ko SM Artxanda maniobra-azpiestazio berria, eta 132 kV-ko Basauri TA-Gatika TA 1 eta 2 linea elektriko berriaren sarrera eta irteera Artxanda TAn, eta Mazarredo TA-tik datozen 1 eta 2 adarren sarrera Sondikan eta Bilbon.

Eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu zuen:

– Proiektua: 132 kV-ko SM Artxanda maniobra-azpiestazio berria, eta 132 kV-ko Basauri TA-Gatika TA 1 eta 2 linea elektriko berriaren sarrera eta irteera Artxanda TAn, eta Mazarredo TA-tik datozen 1 eta 2 adarren sarrera, 2020ko ekainekoa.

– Azpiestazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa: 132 kV-ko SM Artxanda maniobra-azpiestazio berria, eta linea honen proiektua: 132kV-ko Basauri TA-Gatika TA 1 eta 2 linea elektrikoaren sarrera eta irteera Artxanda TAn, eta Mazarredo TA-tik datozen 1 eta 2 adarren sarrera, 2020ko martxokoa.

– Jendaurrean erakutsi ondoren, jasotako emaitzei buruzko dokumentuak.

– Eraginpeko administrazio publikoei egindako kontsulten emaitzei buruzko agiriak, jasotako txostenen hitzez hitzezko kopiak barne.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioak era egokian bermatuko dira. Helburua, besteak beste, ingurumenean dauzkan ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan sartzea da, aukerarik egokienak hautatzeko xedearekin, jarduerek eragindako metaketa- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 41. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan gauzatu nahi diren planek eta proiektuek (publiko zein pribatu izan) ezinbestekoa izango dute ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa, baldin eta lege horren I. eranskinean jasota badaude. Proiektua (132 kV-ko SM Artxanda maniobra-azpiestazio berria, eta 132 kV-ko Basauri TA-Gatika TA 1 eta 2 linea elektriko berriaren sarrera eta irteera Artxanda TAn, eta Mazarredo TA-tik datozen 1 eta 2 adarren sarrera Sondikan eta Bilbon) aipatutako arauaren I.B) eranskinaren 3.4 epigrafean dago sartuta.

Bestalde, aipatu beharra dago baliokidetzat har daitezkeela otsailaren 27ko 3/1998 Legeak arautzen duen ingurumen-inpaktuaren banakako ebaluazio-prozedura eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 33. artikuluan eta hurrengoetan jasota dagoen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozedura arrunta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Bizkaiko Industria Lurralde Ordezkaritzak, organo eskudun gisa, proiektuaren (132 kV-ko SM Artxanda maniobra-azpiestazio berria, eta 132 kV-ko Basauri TA-Gatika TA 1 eta 2 linea elektriko berriaren sarrera eta irteera Artxanda TAn, eta Mazarredo TA-tik datozen 1 eta 2 adarren sarrera Sondikan eta Bilbon) ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuko azterketa bat gehitu du espedientean, kontsulta publikoak egin ditu eta eragindako administrazio publikoek zein interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, irismen-dokumentuan jasotako baldintzak barne, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin da, eta proiektua aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jaso da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera ere.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Herriko ingurugiroa babestekoa; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; otsailaren 23ko 68/2021 Dekretua, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Proiektuaren (132 kV-ko SM Artxanda maniobra-azpiestazio berria, eta 132 kV-ko Basauri TA-Gatika TA 1 eta 2 linea elektriko berriaren sarrera eta irteera Artxanda TAn, eta Mazarredo TA-tik datozen 1 eta 2 adarren sarrera) ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau egitea, aldeko izaera duena.

Proiektuaren helburua da 132 kV SM Artxandako maniobra-azpiestazio berri bat instalatzea, eta 132 kV-ko Basauri TA-Gatika TA 1 eta 2 linea elektrikoetara azpiestazioaren sarrera eta irteerako linea elektriko berria egitea, eta sarrerako beste linea bat Mazarredo TA-tik datozen 1 eta 2 adarren lineatik. Era berean, Basauri-Gatika 1 eta 2 linea elektrikoen eta Mazarredoko deribazio linearen arteko konexio-tarteak desmuntatuko dira.

Jarduketa justifikatuta dago; izan ere, ezinbestekoa da 132 kV-ko Basauri TA-Gatika TA linea elektrikoa eguneratzea eta modernizatzea, baita Mazarredora bideratzea ere, horniduraren kalitatea hobetzeko. Gainera, Basauri-Gatika zirkuitu bikoitzeko ardatzaren maniobragarritasun eta sekzionamendu handiagoa eman dezala lortu nahi da, matxuraren bat gertatuz gero, eragina murrizteko.

Oro har, proiektuaren bidez Artxandako azpiestazioa eraiki –760 metroko aireko linea berria eta 69 metroko lurpeko linea berria–, 1.634 metroko eroalea ordeztu eta 544 metroko aireko linea desmuntatu nahi da.

Hona hemen proiektuaren ekintza nagusiak, laburbilduta:

– SM Artxandako azpiestazioa: solairu bakarreko eraikin nagusi bat ezartzea planteatzen da, hormigoiz aurrefabrikatua; 240,65 m2-ko azalera izango luke, eta GIS, kontrol- eta komunikazio-aretoak hartuko lituzke. Era berean, eraikin nagusitik bereizita, eraikin aurrefabrikatu (CIMT) sektorizatu bat eraikiko da, 36 kV-ko lau gelaxka izango dituena; 12,85 m2 inguru izango ditu guztira.

Instalazioak honako sistema hauek izango ditu:

– 132kV-ko sistema, barra bikoitzeko konfigurazioarekin. Honako posizio hauek izango ditu:

– Barrualdeko GIS motako lineako zortzi posizio, etengailuarekin.

– Barrualdeko GIS motako barrak lotzeko posizio bat, etengailuarekin.

– GIS ekipamenduko bi neurketa-posizio, barnekoak, etengailurik gabeak eta barraketa nagusien mutur batean instalatuak.

– Posizio bakoitzerako aparailua: lineako posizioa, barren lotura-posizioa eta neurketa-posizioa.

– 30 kV sistema: zerbitzu osagarriak 30 kV-ko kanpoko bi AT lineatatik elikatuko dira (Larraskitu-Asua 1 eta Larraskitu-Asua 2), kasuan kasuko 36 kV-ko gelaxka-moduluetaraino. Zerbitzu osagarrien gelaxkek bi transformadore trifasiko elikatzen dituzte; horiek aire zabalean instalatuko dira, gelaxkak dauden eraikinetik gertu.

– Artxanda-Mazarredo 1 eta 2 tartea: 132 kV-ko Artxanda-Mazarredo linea elektriko berria proiektatu da, zirkuitu bikoitzekoa. Linea horrek SM Artxandako azpiestazio berrian du jatorria, eta Mazarredorako deribazioaren 2 MAZ euskarriraino doa; 505 metroko luzera du, horietatik, 486 m airetik eta 19 m lurpean, Artxandako azpiestazioaren sarreran.

Horrela, gaur egun Mazarredo Basauri-Gatika 2 linearekin lotzen duen zatia desmuntatuko da, 1 MAZ euskarritik Basauri-Gatika 2 linean dagoen 27 euskarriraino, 199 metroko luzerakoa; era berean, 2 MAZ – 1 MAZ baoaren eroaleak ordeztuko dira, 151 metroko luzerakoak, eta lehendik dauden lurreko kableak mantenduko dira.

– Basauri-Artxanda 1 eta Artxanda-Gatika 1 tartea: 132 kV-ko Basauri-Artxanda 1 eta Artxanda-Gatika 1 zirkuitu bikoitzeko linea elektriko berriak elkarrekin lotzen ditu Artxandako azpiestazio berria eta 132 kV-ko Basauri-Gatika 1 linearen 27. euskarri berria. Konexio-linea berriak 459 metroko luzera du; horietatik 425 m airekoak dira eta 34 m lurpekoak, Artxandako azpiestaziora arte.

Lehendik dagoen Basauri-Gatika 1 lineari dagokionez, lehendik dauden eroaleak eta isolamendua ordeztuko dira 26. euskarritik eta 28. euskarri berritik (578 metroko luzera). Gainera, 27. euskarria desmuntatu eta euskarri berriarekin ordeztuko da.

Era berean, Mazarredora deribatzeko tartea desmuntatuko da 132 kV-ko Basauri-Gatika 1eko 26. euskarritik 132 kV-ko Basauri-Gatika 2ko 27. euskarrira; 345 metroko luzera izango du.

– Basauri-Artxanda 2 eta Artxanda-Gatika 2 tartea: 132 kV-ko Basauri-Artxanda 2 eta Artxanda-Gatika 2 zirkuitu bikoitzeko linea elektrikoak SM Artxanda berria eta 132 kV-ko Basauri-Gatika 2 linearen 28. euskarri berria lotzen ditu; lurpeko 16 metroko luzera du Artxandako azpiestaziora arte.

Basauri-Gatika 2 lineako eroaleak eta isolamendua ordeztuko dira 26. euskarri berritik eta 29. euskarri berritik; 1.056 metroko luzera izango dute guztira. Gainera, 28. euskarria desmuntatu eta euskarri berriarekin ordeztuko da.

Azpiestaziora BI-3741 errepidearekiko lotunetik eta eraikuntza berriko 400 metroko bide batetik sartuko da. Jarduketaren xede diren linea elektrikoetarako sarbide gehienak lehendik dauden bide edo pistetatik egingo dira; dena den, eraikuntza berriko zati batzuetan eta lehendik zeudenak aldatzeko beste batzuetan pista berriak eraiki beharko dira, edo lurzatietatik zehar egin beharko da.

Proiektuaren arabera, azpiestazioa zimendatzeko eta eraikitzeko 3.297 m3-ko indusketa-bolumena beharko da. Gero, 597 m3-ko betelan-bolumena beharko du, azpiestazioko lursaila egokitzeko. Era berean, lurpeko zatirako kanalizazioak 88,8 m3-ko indusketa-bolumena izango du, eta 9 euskarri berriak zimendatzeko lur-mugimendua 108 m3-koa izango da. Gainera, sarbideak irekitzeko eta hobetzeko lur-mugimenduak egin beharko dira, 1.067,69 metroko luzeran; nolanahi ere, ez dira oso handiak izango. Bi euskarriak desmuntatzeko, zapata inguruko lur-mugimenduak egin beharko dira. Dena den, lur-mugimendu horiek oso txikiak izango dira, eta makinak sartzeko eta zimenduak pikatzeko bakarrik egin beharko dira.

Linearen proiektu osoa garatzeko 12 hilabeteko epea aurreikusten da, materialak hornitzeko eta fabrikatzeko eta eraikuntza- eta muntaketa-zerbitzuak kontratatzeko aldiak barne; beraz, obraren gauzatze materiala 4 hilabetekoa izango da. Artxandako azpiestazioaren kasuan, exekuzio-epea 14 hilabetekoa izango da.

Bigarrena.– Proiektua gauzatzeko baldintza batzuk ezartzea, lotesleak izango direnak, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraikiz. Hauek dira baldintzak:

A) Proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatuko da proiektua, eta, nolanahi ere, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera.

Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Bizkaiko Industria Lurralde Ordezkaritzak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honetan proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioan xedatutakoa kontuan hartuta.

B) Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan jasotako aldaketa-araubidea aplikatuko da.

Baldin eta lanak egiteko falta diren izapideetan proiektuari buruzko aldaketa puntualak agertzen badira, eta aldaketa horiek ez badira aurreko lerrokadan adierazitakoak bezain garrantzitsuak, aldaketa horiek ere ingurumenaren ikuspuntutik justifikatu beharko dira. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, Ingurumena Zaintzeko Programan, aurrekontuan eta baldintza-agirietan jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.

C) Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak.

Proiektuaren eremua Sondikako eta Bilboko udal-mugarteetan dago, Bizkaiko Lurralde Historikoan, eta nekazaritza- eta baso-paisaia batean garatzen da batez ere.

Hauek dira inguruneko elementu nabarmenenak proiektuaren eraginpeko eremuan:

– Azterketa-eremua Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan dago, Nerbioi-Ibaizabal arro hidrografikoan. Azterketa-eremuko ibilguak Asua ibaiaren adarrak dira. Sastegi erreka da eremuko ur-ibilgu nagusia, eta hegoaldetik iparraldera igarotzen da. Sastegi erreka Mazarredoko deribazioko 2 MAZ euskarritik gertu sortzen da, eta Basauri-Gatika 1 eta 2 lineak zeharkatzen ditu. Gainera, eremu horretan beste ibilgu txikiago bat igarotzen da; horien artean, Artxanda-Mazarredo linea berria proiektatzen den gunetik igarotzen den Sastegiren ibaiadar bat nabarmentzen da. EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren arabera, eremuko ur-ibilguek 00 maila dute, eta 1 km2-tik beherako isurtze-arroa dute.

– Eremu horretan, tokiko hostozabalen basoak dira nagusi, eta haritza batik bat (Quercus robur); horiez gain, belardiak eta laboreak, sastrakak, sahastiak, artadi kantauriarrak eta baso-landaketak daude.

– Batasunaren intereseko habitatei dagokienez, proiektatutako jarduketek Quercus ilex eta Quercus rotundifolia basoen eremu bat (EB 9340 kodea), eta altitude baxuko sega-belardi txiroen (Alopecurus pratensis, Sanguisorba officinalis) (EB 6510 kodea) beste eremu bat zeharkatzen dituzte. Gainera, aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera, lehendik dagoen jarduera-eremuan Ilex aquifolium eta Ruscus aculeatus interes bereziko flora mehatxatuko espezieak daude.

– Intereseko faunari dagokionez, Asua ibaia –jarduketa-eremutik behera dago eta bertan isurtzen dira eremuko errekak– interes bereziko eremua da arrain hiruarantzarentzat (Gasterosteus aculeatus), betiere Bizkaiko Foru Aldundiaren 186/2008 Foru Dekretuarekin bat etorriz (186/2008 Foru Dekretua, abenduaren 9koa, Bizkaiko Lurralde Historikoan arrain hiruarantzaren, Gasterosteus aculeatus Linnaeus, 1758, Kudeaketa Plana onesten duena, espezie kaltebera delako eta bere babesak berariazko neurriak eskatzen dituelako). Gainera, Asua ibaia eta eremuko gainerako erreka guztiak bat datoz bisoi europarraren (Mustela lutreola) hobekuntza-tarteekin, eta Bizkaiko Lurralde Historikoan bisoi europarra, Mustela lutreola (Linnaeus, 1761), Kudeatzeko Plana onesten duen ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuan ezartzen denarekin bat etorriz, galtzeko arriskuan dagoen eta babesteko neurri bereziak behar dituen espeziea baita.

– Arriskuei dagokienez, baso-suteak gertatzeko arrisku handia eta ertaina duten eremuetan proiektatu dira jarduketak.

– Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren arabera, jarduketa gehienak baso-kategorian proiektatzen dira, eta trantsizioko nekazaritza- eta abeltzaintza-paisaiako kategoriari eragiten die gune jakin batzuetan.

– Bilbo Metropolitarreko Lurralde Plan Partzialaren sare berdean, aztertutako eremuaren zati bat –zehazki Bilbo eta Sondika arteko mugari dagokion eremua– parke metropolitar gisa sartuta dago, Artxandako parkea, hain zuzen ere.

– Proiektua Sondikako ikuseremuan kokatzen da. Ikuseremu hori oso paisaia arruntean dago eta, ondorioz, ez da EAEko paisaia berezien eta bikainen katalogokoa.

D) Babes-neurriak eta zuzenketa-neurriak.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo eskudunaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera.

Bestalde, neurri hauek eta kontrolerako izendatutako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena xedatuko duen ebazpenak finkatzen dituenak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintzen agiri guztietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

Zentzu horretan, hurrengo apartatuetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira.

D.1.– Ondare naturala babesteko neurriak.

D.1.1.– Proiektua burutzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira lanak eta lurzorua erabiltzea eragiten duten ekintza osagarriak. Ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira beharrezkoak diren mozte- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxolak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne–. Aipatutako mugetatik kanpo ahalik eta gehien mugatuko da obrako makinen eta ibilgailuen zirkulazioa. Ahal izanez gero, dauden bideetatik sartuko dira obretara, eta bide berriak ireki eta/edo lurzatietako pasabideak erabili behar diren kasuetan, horiek ingurunean ahalik eta gutxien eragiteko moduan egingo dira.

D.1.2.– Eremurik kalteberenetan eta natura-balio handiena duten eremuetan (zuhaizti autoktonoak, Batasunaren intereseko habitatak, etab.), inausi egingo da, posible bada betiere, eta zuhaitzak behar-beharrezkoa denean moztuko dira soilik, eta bakar-bakarrik kolokan jarriko badute linea elektrikoaren segurtasuna haien gehieneko garapenera iristen direnean. Dena dela, lehendik dagoen zuhaixka-geruza osoa mantendu beharko da. Bizkaiko Foru Aldundiko zerbitzu teknikoarekin elkarlanean adostuko dira irizpideak, zein zuhaitz ebaki edo lepatuko den erabakitzeko.

D.1.3.– Eremuak kalteberak izanez gero (Batasunaren habitatak eta tokiko baso-masak), zuinketa-fasean eta zuhaitzak botatzen direnean, botanikan aditua den batek egon beharko du mozketan/inausketan bertan, obra-zuzendaritzari edo obra-arduradunari aholkuak emateko.

D.1.4.– Zuhaitzak botatzea edo eskokatzea beste aukerarik ez bada, motozerrak erabiliko dira horretarako, eta ez makina astunak, modu selektiboan lan egin ahal izateko. Zuhaitzak ipurditik moztea beti era zuzenduan egingo da, gainerako landaredia autoktonoari kalterik ez eragiteko.

D.1.5.– Lur gaineko ur-ibilguen bidegurutzetan, ibaiertzeko espezieak dauden tokietan (lizarrak, haritzak, sahatsak, etab.), lineari eragin diezaioketen goiko adarrak bakarrik kimatuko dituzte. Ez da zuhaitzaren garaiera osoaren 1/3 baino gehiago kimatuko. Zuhaitz aloktonoak erabat moztu daitezke; betiere, berehala tamaina txikiko edo hazkunde moteleko espezieak landatzen badira (sahatsak, hurritzak, haritzak), eta mozketa neguan egiten bada, ibilguetan eragin txikiagoa izateko.

D.1.6.– Edonola ere, landaredia naturala ebakitzea saihestuko da, zuzeneko okupaziorik aurreikusten ez duten eremuetan. Horretarako, obrak hasi aurretik, zehatz-mehatz mugatu eta balizatu beharko dira jarduketa-eremuaren inguruan tokiko basoen masa eta Batasunaren intereseko habitat gisa identifikatuta dauden eremuak. Babestu beharreko eremu horiek berariaz zehaztu beharko ditu ebazpen honetako D.10 apartatuan ezarritako ingurumen-aholkularitzak. Mugen eta balizen ezaugarri eta kokapen zehatzak ebazpen honen D.11 apartatuko lan-programan jasoko dira.

D.1.7.– Bisoi europarraren kudeaketa-planen eremuan egitekoak diren jarduerak foru-organo eskudunak ezarritako baldintzei jarraikiz gauzatuko dira. Organo horrek mugak ezar ditzake, bai lanak egiteko eran, bai horiek egiteko mementoan, betiere kontuan hartuta zein diren zaindu beharreko aldiak, fauna mehatxatuaren ziklo biologikoei dagokienez.

D.1.8.– Kontratistaren instalazioen eremuak lanen enpresa esleipendunak egokituko ditu, egitekoak diren jarduketek ahalik eta eragin txikiena izan dezaten ingurumenean. Eremu horiek ezin dira inola ere intereseko landaretza duten espazioetan egon (zuhaizti autoktonoak, ibaiertzeko landaretza, Batasunaren intereseko habitatak, mehatxatutako landare-espezieak), ez eta ibilguetatik hurbil dauden lursailetan ere.

D.1.9.– Horretarako, obrak hasi aurretik, obrarako sarbideek, tresnak aldi batean biltegiratzeko eremuek eta hondeaketa-lurrak eta hondakinak aldi baterako metatzeko tokiek okupatzen dituzten eremuak zehazki zedarrituko dira xehetasunezko kartografian. Obra-zuzendaritzak baimendu beharko du zedarritze hori, eta, aldez aurretik, ebazpen honen D.10 apartatuan aipatutako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren, betiere.

D.1.10.– Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko kalterik egingo balitz, neurri zuzentzaileak eta guneak oneratzeko neurri egokiak ezarriko lirateke; aldez aurretik, ebazpen honen D.10 puntuan adierazten den txostena egingo du ingurumen-aholkularitzak.

D.2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Aplikagarriak diren prozeduren esparruan uren arloko organo eskudunak jarriko dituen baldintzez gain, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ere hartu beharko dira:

D.2.1.– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

Ez da inolako isurketarik egingo ez jabari hidrauliko publikoan, ez eta haren babes-zortasunean ere, eta urek ez dute jasoko solido-arrasterik edo zuhaitz-ebaketen edo -inausketen hondarrik.

D.2.2.– Obrako makinentzako eta horien mantentze-lanetarako utziko den azalera isolatu egingo da drainatze-naturaleko sare batekin. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

Ebazpen honen D.11 apartatuan aipatzen den dokumentazioan jasoko dira elementu horien ezaugarriak, kokalekua eta neurri zehatzak.

D.2.3.– Lanak egiteko eremuetan, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa izango da, berehala erabili ahal izateko ustekabeko isuri edo ihesik badago: biribilkiak, material pikortatua, eta abar.

D.2.4.– Hormigoi-upelak berariaz egokitutako eremuetan garbituko dira, Hormigoi-esnea inola ere ezingo da isuri ibilgura. Hormigoi-hondakinak kudeatzeko, ebazpen honen D.6. apartatuan ezartzen diren baldintzak beteko dira.

D.3.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

Hala ere, obrek dirauten bitartean lurra kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituen beste lekurik aurkitzen bada, edo lurzorua kutsatzen duten gaien zantzu argirik bada, kasu horietarako ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa beteko da.

D.4.– Kutsadura atmosferikoa prebenitzeko eta hautsa aireratzea murrizteko neurriak.

D.4.1.– Lanek irauten duten bitartean, ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai jarduketen eraginpean hartutako ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan. Sistema bat eduki beharko da aldi baterako hutsik dauden pistak eta lurrazalak ureztatzeko.

D.4.2.– Obra-guneko irteeran, ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dituzte, solidoak biltzeko sistema bati kateatuta. Gailuok egoera onean mantenduko dira obra-faseak dirauen artean.

Ebazpen honen D.11 puntuan zehaztutako dokumentazioan adieraziko dira aipatutako elementuen ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak.

D.4.3.– Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da materiala, hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.

D.4.4.– Materialak eta ekarkinak aldi baterako metatzeko zonaldeak bizitoki diren eraikinetatik urruti kokatuko dira.

D.5.– Zarata eta bibrazioen eraginak gutxitzeko neurriak.

D.5.1.– Obra-faseak dirauen artean, ingurumen-inpaktuaren azterketan zehaztutako neurri babesleak ezarri beharko dira, honako gai hauei dagokienez: obretako makinen mantentze orokorra, zarata eta bibrazioak jatorrian murriztea, zarata egiten den ordu kopurua murriztea, obretan erabilitako tresnak egiten duten zarata kontrolatzea, eta abar.

D.5.2.– Zaratari buruzko Legea (azaroaren 17ko 37/2003 Legea) garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonifikazio akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

D.5.3.– Bestalde, proiektua garatzean, obrek eraginpeko eremuan sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita, baina hori guztia dekretu horretako 35.bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.

D.5.4.– Zentzu horretan, aurkeztutako dokumentazioan agertzen den obra-planaren arabera, obren iraupena 6 hilabetetik gorakoa izango da, eta, beraz, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35.bis artikulua aplikatuz, eragin akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, neurri zuzentzaile egokiak zehazteko. Inpaktu akustikoaren azterketan zuzenketa-neurriak zehaztuko dira, eta hor aztertuko da zer onura akustiko lortu nahi den zuzenketa-neurri horien bitartez, eremu akustikoetako eta eraikin sentikorretako zarata-maila murrizteari dagokionez.

D.6.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

D.6.1.– Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketakoak, ebakiak, bilgarriak, eta errefuseko nahiz garbiketa-kanpainetako materialak.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasunen hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

D.6.2.– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

Aipatutako 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterlan bat; eta I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.

Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko. Ebazpen honen D.11 puntuan aipatzen den lan-programan txertatuko da plan hori.

D.6.3.– Baimendutako zabortegira bidali beharreko hondakinak kudeatzeko orduan, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera jokatuko da.

Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

D.6.4.– Obren hondeaketetako soberakinei dagokienez, betelanetara edo jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetara zuzentzen badira, Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzko urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua aplikatuko da, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 28. artikuluan jasotako aurreikuspenak aplikatuz.

D.6.5.– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isuriren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen hondakinen kasuetan. Halaber, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Lege Orokorra betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

D.6.6.– Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, bai eta indarreko araudiaren arabera ere.

D.6.7.– Olio erabilia Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan ebatzitakoari jarraituz kudeatu beharko da. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

D.6.8.– Araudia errazago betetzeko, lan bakoitzean sortzen diren hondakinak kudeatzeko sistemak izango dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi baterako pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

D.6.9.– Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta indarreko legerian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak txosten horretan sartu beharko dira.

D.7.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

D.8.– Obrak integratzeko eta lehengoratzeko neurriak.

D.8.1.– Paisaia integratzeko lanak eragindako eremu guztietan egingo dira. Ingurumena leheneratu behar denean, lurraren berroneratze geomorfologikoa eta edafikoa sartuko dira egin beharreko lanen artean, bai eta landare-estalkia izan dezaketen gune guztien landareztatze-lanak ere.

D.8.2.– Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako espazioak lehengoratzeko eta landareberritzeko lanak erraztearren.

D.8.3.– Proiektuaren eremuan egin behar diren paisaia integratzeko lanetan eta landaketetan, tokiko zuhaixka- eta zuhaitz-espezieak erabili beharko dira, habitat naturalizatuak sortzen laguntzeko eta horiek inguruan dagoen landaredi naturalarekin bat etor daitezela ahalbidetzeko. Nolanahi ere, saihestu egingo da espezie aloktonoak erabiltzea, eta, bereziki, portaera inbaditzailea izan dezaketenak.

D.8.4.– Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana edo beste landare inbaditzaile batzuk ez hedatzeko ekintzak gauzatuko dira. Ildo horretan, bereziki kontrolatu beharko da landare-estalkia lehengoratzeko zereginetan erabiliko diren lurren jatorria, eta, inola ahal dela, ez da erabiliko aipatutako espezie horiekin kutsatuta egon daitezkeen lurrik. Gainera, landare-lurrak hilabetez baino gehiagoz pilatuko badira obran, hidroerein edo plastikozko geruza batekin estali egingo dira, urak lurrik ez eramateko, lurraren ezaugarriak ez kaltetzeko eta, ahal den heinean, espezie inbaditzaileak sartzea eragozteko.

D.8.5.– Berme-aldian, mantentze-lanak egingo dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak bete.

D.9.– Obraren garbiketa eta akabera.

Obrak bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da, eta proiektuak erasandako eremua obrako hondakinik gabe utzi beharko da. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, ebazpen honetako D.6 puntuan xedatzen dena aplikatuko da.

D.10.– Ingurumenari buruzko aholkularitza.

D.10.1.– Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren, eta oro har, neurri babesle eta zuzentzaileen inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Obra Zuzendaritzak hartu beharreko erabakiek (baldintza-agiriak gai horiei buruz adierazitako eginkizunei buruzkoak), aldez aurretik, aholkularitza horrek egindako txostena izan beharko dute.

D.10.2.– Eremuak kalteberak izanez gero, hala nola lehentasunezko eta Batasunaren intereseko habitatak, tokiko baso-masak eta fauna eta/edo flora mehatxatua dabilen guneak, botanikan aditua den batek egon beharko du obran bertan, obra-zuzendaritzari edo obra-arduradunari aholkuak emateko.

D.11.– Lan-programaren diseinua

Obrak hasi aurretik, kontratistak proposamen zehatzak egin beharko ditu, jarraian datozen azpiapartatuetan azaltzen diren gaiei buruz. Proposamen horiek lanen betearazpen-programan erantsiko dira, eta lanen zuzendariak berariaz onartuko ditu –aurrez, txosten bat egingo du aurreko apartatuan aipatutako ingurumen-aholkularitzak–. Dokumentu hauek bilduko ditu aipatutako programak:

– Lan-eremuetarako sarbideen kokapenaren eta ezaugarrien xehetasuna (xehetasun-kartografia barne): oinplanoa, luzetarako eta zeharkako profilak, lur-mugimenduak eta sortutako ezpondak.

– Kontratistaren instalazioen eremuen kokalekuari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak, eta hor jasota egongo dira hondeaketa-lurrak behin-behinean biltzeko eremua, makineria-parkeak, instalazioak eta materialak, ibilgailuak garbitzeko eremuak eta beste edozein azpiegitura.

– Xehetasun-kartografia bidez, zehatz-mehatz mugatuko dira lanak gauzatzeko derrigorrez behar ez diren bertako zuhaitzak eta zuhaitz-unadak.

– Gurpilak garbitzeko gailuen kokapena eta ezaugarriak.

– Obretako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sor daitezkeen hondakinak nola kudeatuko diren islatzen duen plana, honako hauen arabera: Eraikuntza- eta eraispen-lanen hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan xedatutakoa, eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoa.

E) Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa egiterakoan, sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa bete beharko da, eta ondoren zehaztuko diren beste kontrol hauek ere erantsi beharko zaizkio.

Programa hori obra kontratatzeko baldintzen agirietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontua izango du.

E.1.– Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileak zenbateraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren eskura egongo da erregistroa, hark ikuskatzeko, eta lanak amaitutakoan, organo eskudunari bidaltzeko. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak.

E.2.– Obraren okupazio-mugen kontrola.

Egindako okupazioa proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela egiaztatuko da; obrek ez dute hartuko aurreikusitakoa baino azalera handiagorik.

E.3.– Leheneratzearen arrakasta kontrolatzea.

Bermealdian, aldizkako jarraipena egingo zaio proiektuak eragindako gainazalen lehengoratzeak izan duen arrakasta-mailari.

E.4.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bateratua egin beharko du sustatzaileak, eta han bilduko dira ingurumen-inpaktuaren azterlanean proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak.

Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.

E.5.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea

Ingurumena zaintzeko programaren barruko txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari organo substantiboaren bidez bidaliko zaizkio. Obrak bukatuta eta lanen bermealdia amaituta egingo da bidalketa hori, zehazki, leheneratzea egin eta bi urtera.

Ingurumena zaintzeko programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako erakunde independente batek egindako txostena ere aurkeztu behar da. Txosten hori emaitzen analisi bat izango da, aldi horretan gertatutako gorabeherak, balizko kausak eta konponbideak bereziki aipatuta, eta, aldez aurretik zehaztu ez denean, hartutako laginen xehetasunak emanda.

Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez, gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskapen-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarria den araudia betetzeko.

F) Baldin eta araudi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala eginarazten badigute, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-zaintzako programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai eta neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Ingurumen-organoak, era berean, aldatu egin ditzake babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak nahikoak ez direla egiaztatzen bada.

G) Ebazpen honen aurreko apartatuetan ezarritakoa alde batera utzi gabe, jarraian aipatzen diren agiriak helarazi beharko zaizkio ingurumen-organo honi, espedientean sar ditzan.

Agiri horiek Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzara bidali beharko ditu organo substantiboak, oniritzia eman ondoren, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioarekin batera.

G.1.– Obrak hasi baino lehen, ingurumena zaintzeko programaren testu bateratua.

G.2.– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, lur-mugimenduei buruzko balantze zehatza eta hondeaketa-soberakinen eta hondakinen ingurumen-jarraipenari dagozkion txostenak, ebazpen honen D.6 apartatuan aurreikusitakoaren arabera.

G.3.– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, obrak garatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, babes- eta zuzenketa-neurriak noraino bete diren jasoko duena, ebazpen honen E.1 apartatuan aurreikusitakoaren arabera.

Hirugarrena.– Lau urteko epea jartzen da proiektua egiten hasteko, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Hori igaro, eta artean ez bada hasi proiektua egikaritzen, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio iraunaldia, eta utzi egingo dio dagozkion ondorioak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren izapidea, non eta ez den erabakitzen ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren indarraldia luzatzea. Hori guztia, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.8 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Laugarrena.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari noiz hasiko den proiektua gauzatzen.

Bosgarrena.– Ebazpen honen edukia Bizkaiko Industria Lurralde Ordezkaritzari jakinaraztea.

Seigarrena.– Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 30a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana