Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

85. zk., 2021eko maiatzaren 4a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2508

EBAZPENA, 2021eko apirilaren 14koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariarena, zeinaren bidez eguneratzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Elikagaien Katearen Kontrol Ofizialerako Plana.

Europako araudiarekin bat etorriz, estatu kideek zaindu behar dute pentsuei eta elikagaiei buruzko legeria eta animalien osasunari eta ongizateari buruzko araudia betetzen dela, eta jarraipena egin eta egiaztatu behar dute enpresek arau horietan ezarritako baldintzak betetzen dituztela ekoizpenaren, eraldaketaren eta banaketaren etapa guztietan. Horretarako, kontrol ofizialak antolatu behar dituzte.

Espainiako estatuan, elikadura-katearen kontrol ofizialeko planen diseinua eta aplikazioa, funtsean, Elikagaien Segurtasunari eta Nutrizioari buruzko uztailaren 5eko 17/2011 Legean araututa dago. Euskal Autonomia Erkidegoan, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikari buruzko 17/2008 Legearen 101.2 artikuluan ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzi edo merkaturatutako nekazaritza- eta elikagaigintza-produktuak kontrolatzeko planak ezarriko dituzte euskal administrazio publikoek, arriskuen aurrean jarduteko eta erantzuteko koordinazio-printzipioei jarraituz.

Aurrekoa aplikatuz, eta bat etorriz Elikadura-katea Kontrolatzeko Plan Nazionalaren jarraibide orokorrekin, eta harekin koordinatuta, Euskal Autonomia Erkidegoan Nekazaritzako Elikagaien Katearen Kontrol Ofizialerako Plana onartu zen Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2016ko irailaren 16ko Aginduaren bidez.

Agindu horren hirugarren ebatziak ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Elikagaien Katearen Kontrol Ofizialerako Plana eguneratu edo aldatu ahal izango dela Eusko Jaurlaritzan nekazaritzaren eta abeltzaintzaren alorrean eskumena duen zuzendaritzako titularraren ebazpen baten bidez, Koordinazio Talde Horizontalak proposatuta, eta eguneratze edo aldaketa horiek Eusko Jaurlaritzan nekazaritzaren eta elikaduraren alorrean eskumena duen sailaren webgunean argitaratu beharko direla.

Plana Koordinatzeko Horizontal Taldeak plan horretan zenbait egokitzapen eta aldaketa egiteko beharra hauteman du, eta plana eguneratzea proposatu du, egokitzapen eta aldaketa horiek gehituta. Beraz, 2016ko irailaren 16ko Aginduan xedatutakoa aplikatuz, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Elikagaien Katearen Kontrol Ofizialerako Plana eguneratzen da ebazpen honen bidez. Horiek horrela, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Elikagaien Katearen Kontrol Ofizialerako Plana eguneratzea, eta Eusko Jaurlaritzan nekazaritzaren eta elikagaien arloko sail eskudunaren webgunean argitaratzea: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/ekonomiaren-garapen-azpiegitura-saila/

Bigarrena.– Ebazpen honek ez du administrazio-bidea agortzen, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Hirugarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 14a.

Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendaria,

JORGE GARBISU BUESA.


Azterketa dokumentala