Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

85. zk., 2021eko maiatzaren 4a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2507

EBAZPENA, 2021eko apirilaren 7koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Derioko udalerriko (Bizkaia) Teknologia Parkeko Geldos eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2021eko otsailaren 10ean, Derioko Udalak eskabidea osatu zuen ingurumen-organoaren aurrean, Derioko Teknologia Parkeko Geldos eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2021eko otsailaren 25ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien administrazio publiko ukituei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Halaber, espedientean jasotako agiriak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Derioko Teknologia Parkeko Geldos eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar duten plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planaren edo programaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar ditzakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago araututa, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatzeko eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Derioko Teknologia Parkeko Geldos eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren eremua Geldos izeneko hirigintza-eremua da, 159.171,89 m2-koa, eta Bizkaiko Teknologia Parkean dago, Derion. Lurzoru urbanizagarri produktibo-industrial gisa sailkatuta dago eremua, Derioko arau subsidiarioen aldaketa puntualaren bidez. Aldaketa horri ingurumen-inpaktuaren ebaluazio bateratuaren prozedura aplikatu zion Bizkaiko Foru Aldundiak, eta behin betiko onespena eman, 2009ko azaroaren 26ko 1202/2009 Foru Aginduaren bitartez. Ondoren, sektoreari «Geldos-Parque Tecnológico» Lurzoru Urbanizagarri Industrialaren Sektoreko Plan Partziala ezarri zitzaion, Udalbatzaren osoko bilkurak 2011ko otsailaren 24an onartu zuena. Plan partzial horretan aurreikusitakoa garatuz, sektorearen Urbanizazio Proiektua gauzatu zen 2018. eta 2019. urteetan.

Planaren helburua da enpresa farmazeutiko bati aukera ematea Teknologia Parke horretan ezartzeko, kontuan izanda enpresaren jarduerak azalera handiagoa behar duela Plan Partzialak zedarritzen dituen azpieremuetan erabilgarri dagoena baino. Helburu hori betetzeko, Planean aurreikusita dago Plan Partzialean jasotako antolamendu xehatua aldatzea; hartara, egun hutsik dauden lursailak bateratuko dira, sektoreko barne-bideen trazadura aldatuko da eta Deurika baserria lekuz aldatuko da.

Ildo horretatik, Plan Partzialak jarduera-ekonomikoetarako hasieran ezarritako 5 azpieremuetatik 4 bateratuko dira (SZAE-1, SZAE-3, SZAE-4 eta SZAE-5), azpieremu bakar bat osatuta, SZAE-1 izenekoa, 50.201,19 m2-ko azalera izango duena. Plan Partzialean jasotako SZAE-2 azpieremuan (31.929 m2), egun ITP Aero enpresa dago.

SZAE-1 lursail berriak barnean hartzen ditu bideetarako (urbanizazioaren barne-bide bat aldatu beharra dago) eta ekipamenduetarako zenbait azpieremu txiki, bai eta SZAE-2 lursaileko azalera txiki bat ere. Gainera, SZAE-1 lursaila sortzeak berekin ekarriko du Deurika baserria lekuz aldatzea, egun sektorearen barruan baitago.

Ez dira aldatuko, ordea, ez sektorearen mugak, ez hari esleitutako eraikigarritasuna, eta eutsi egingo zaie, halaber, eremuko egiturazko antolamenduaren oinarrizko parametroei. Espazio libreen edo kirol-ekipamenduen zuzkidura-estandar publikoei ere eutsiko zaie, bai eta aparkalekuei ere, hala aurreikusita baitago indarrean dagoen plangintzan.

Ez dago Plana garatu beharrik etorkizuneko faseetan urbanizazio-proiektuen bidez, proiektu hau dagoeneko gauzatuta baitago, eta barne-bidearen trazadura baino ez da aldatu behar, lehenago adierazi bezala.

B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, hain zuzen ere zehazteko ea planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Geldos eremua lurzoru urbanizagarri produktibo-industrial gisa kalifikatzeko Derioko arau subsidiarioak aldatzea hirigintza-tresna bat da, etorkizunean proiektuei baimena emateko esparrua ezartzen duena; hala badagokio, proiektu horiei ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin beharko zaie. Ebazpen honen xede den Planak 2011n onartu zen Plan Partzialaren antolamendu xehatua bakarrik aldatzen du, eta eutsi egiten die egiturazko antolamenduaren oinarrizko parametroei.

b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: Planak ez du lurzoruaren erabilera aldatzen, erabilera produktibo-industrialari eusten baitio; Plan Partzialean ezarritako eremuko azpieremuak bateratu baino ez du egiten, eta sektoreko mugei eta hari esleitutako eraikigarritasunari eusten die. Plana dagokion eraikuntza-proiektuaren bidez garatuko da, eta proiektu horrek berekin ekarriko du urbanizazio-obra osagarrien proiektua. Beraz, ez du eragin esanguratsurik izango beste plan edo programa batzuetan.

c) Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak osatzeko: Plana egokia da, garapen jasangarria sustatzeko irizpideak barnean hartzeko. Ez dakar artifizializatu gabeko lurzoru berririk okupatzea, lehendik urbanizatuta dagoen eremu batean eragiten baitu. Eraikuntza-proiektuak energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzeko neurriak har ditzake barnean.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari eta, bereziki, kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira eraginpeko eremuarekin lotura duten esku-hartzeak eta jarduerak.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako legedia txertatzeko, ingurumenaren arloan.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak.

Planaren eremua Geldos area da, urbanizazioak finkatutako hiri-lurzorua, 159.171,89 m2-koa.

Eremuaren ingurumen-baldintza nagusiak dira: eremuko ekialdeko mugan dagoen Geldos errekastoa, ertzetan landaredia-zerrenda estu bat duena; zerrenda hori haltzadi kantauriarren Batasuneko lehentasunezko intereseko habitat bat da (kodea: 91E0*). Gainera, bisoi europarra (Mustela lutreola) kudeatzeko planak hobetzeko moduko tartetzat hartzen du eremua, ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuak onartutakoari jarraituz. Hasiera batean, ez dago aurreikusita Geldos errekastoan eta haren ertzetan jarduketarik egitea. Bestalde, Deurika baserriaren ondoan, zenbait fruta-arbola daude egun, bai eta haritz-oin batzuk ere (Quercus robur).

Deurika baserria Derioko arau subsidiarioetan ageri da, EAEk udalerrietan babesteko proposatutako ondasun higiezin gisa; nolanahi ere, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Zerbitzuak 2019an «Deurika baserriaren egitura eta itxitura lehengoratzeko diagnostikoaren txostena» eman zuen, eta, han dioenez, «onargarria da baserriaren bolumena osatzen duten elementu gehienak deuseztatzea, baldin eta era kontrolatuan desmuntatzen badira eta, ondoren, harlanduzko elementuak txukun gorde eta kontserbatzen badira, horiek baitira balio nabarmena duten bakarrak».

Ez da aurkitu bestelako baldintzatzaile aipagarririk: Planaren eremuan ez dago naturagune babesturik, espezie mehatxaturik edo hezegunerik. Ez dago interes geologikoko gunerik ere. Ez dago Korridore Ekologikoen Sareko elementurik ere. Ez dago uholde-arazorik, ez eta lurzorua kutsatu dezaketen jarduerak jasan edo jasaten dituzten lurzoru inbentariaturik ere. Lursaila kalteberatasun oso txikiko inguru batean dago, akuiferoaren kutsadurari dagokionez.

Egun nahiz etorkizunean, hau da, hemendik 20 urtera, eta aztertutako hiru aldietan, jardun-eremuaren zarata-mailak txikiagoak dira Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoko helburuak baino.

Ondorioz, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasun-neurriak eta aurrerago zehazten diren neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak aplikatuta, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean ondorio esanguratsurik izango dutenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Derioko Teknologia Parkeko Geldos eremuaren Hirigintza Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan ezarritakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera.

– Intereseko balio naturalak babesteko neurriak:

• Ingurune-hidrikoa babestea: Jabari Publiko Hidraulikoan eta hura babesteko zortasun-eremuan ez da eragingo zuzeneko afekziorik, ez eta zeharkako afekziorik ere, sor litezkeen solido esekien edo arrastatutako edo jariatutako kutsatzaileen ondoriozkorik. Beharrezkoa izanez gero, jalkitzeko eta iragazteko luzetarako hesiak jarriko dira, eta/edo dekantazio-putzuak, horien bitartez askoz ekarpen solido gutxiago egingo baitira ingurune hidrikora.

• Intereseko landaredia babestea: ez zaio afekziorik eragingo haltzadi kantauriarrari. Obrak egiten hasi aurretik, zehaztasunez balizatuko dira afekzioetatik salbu geratu behar duten landareak, bai eta inausitako zuhaitzak ere, bota ez ditzaten.

• Espazio libreak lehengoratzea: eragindako espazio libreak eta landaredia lehengoratzeko, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ondu zuen.

– Ondare-interesa duten elementuak babesteko neurriak:

Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Zerbitzuak egindako txostenaren jarraibideak beteko dira, Deurika baserria desmuntatzeko eta haren intereseko elementuak kontserbatzeko orduan.

– Beste neurri babesle eta zuzentzaile batzuk.

Bestalde, eraikuntza-proiektuetan eta urbanizazio-obra osagarrietan aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta ura, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira Planetik eratorritako obrak gauzatzeko:

• Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak barnean direla.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakinen biltegira eraman, eta indarrean dagoen legediaren arabera kudeatuko dira.

Derioko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

• Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriak kaltetutako lurrak kentzea eta kudeatzea, etab.).

• Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

• Obrako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

• Hargatik eragotzi gabe Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa, obrak egin bitartean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.

• Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta eraikuntza berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak, etab.), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.

• Eraikingintza jasangarria: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izan daitezen beharrezko diren ezaugarriei dagokienez, IHOBEk argitaratutako «Eraikingintza jasangarrirako gidak. Eraikin Industrialak» gidan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, honako hauetan izan beharko dute eragina:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Derioko Teknologia Parkeko Geldos eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Derioko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Derioko Teknologia Parkeko Geldos eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 7a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala