Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

83. zk., 2021eko apirilaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2445

AGINDUA, 2021eko martxoaren 16koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan okintzarako gariaren ekoizpen integraturako arau tekniko espezifikoa.

Ekoizpen Integratuari buruzko otsailaren 13ko 31/2001 Dekretuaren 3. artikuluak xedatzen duenez (EHAA, 219. zk., 2003ko azaroaren 10ekoa), Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailak (gaur egun, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila), titularraren aginduz eta Euskadiko Ekoizpen Integraturako Koordinazio Batzordeak proposatuta, arau tekniko bat onetsiko du nekazaritzako edo elikadurako produktu bakoitzerako, praktika hauek zehaztuko dituena: produktua ekoizpen integratukoa izan dadin nahitaez bete behar diren ekoizpen-, elaborazio- edo manipulazio-praktikak; kaltegarriak direlako debekatuta dauden praktikak, eta gomendagarritzat jo diren baina epe ertainera nahitaezkoak izango diren praktikak. Gainera, produktuaren trazabilitatea bermatzeko beharrezkotzat jotzen den informazio guztia zehaztuko dute arau teknikoek, eta, bereziki, landa-koadernoetan jaso beharrekoa eta koaderno horiek eramateko bete behar diren baldintzak.

Era berean, dekretu horren 9.3 artikuluko a) letrak eta Euskadiko Ekoizpen Integraturako Koordinazio Batzordearen osaera eta funtzionamendu-araubidea zehazten dituen Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 2002ko otsailaren 5eko Aginduaren 1. artikuluak (2002ko martxoaren 8ko EHAA, 48. zk.) batzorde horren eginkizunen artean jasotzen dute nekazaritza- edo elikagaigintza-produktu bakoitzaren arau teknikoak proposatzea.

Euskadiko Ekoizpen Integratuaren Behin-behineko Koordinazio Batzordeak, 2020ko uztailaren 20an egindako bileran, erabaki zuen, besteak beste, otsailaren 13ko 31/2001 Dekretuaren 9.4 artikuluan ezarritakoaren arabera eratutako batzorde teknikoek proposatuta, okintzarako gariaren ekoizpen integraturako arau tekniko espezifikoa onartzea, eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari helarazi zion.

Esandako guztia kontua hartuta, hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Okintzarako garia modu integratuan ekoizteko arau tekniko espezifikoa onartzea (agindu honen eranskina).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Etiketan ekoizpen integratuaren sistemari buruzko aipamenak sartu nahi dituzten operadoreek dagokion eskabidea eta etiketa-eredua aurkeztu beharko dituzte, Ekoizpen Integratuari buruzko otsailaren 13ko 31/2001 Dekretuaren 8. artikuluarekin bat etorriz. Eredu hori etiketen arau orokorra eta aplikatu beharreko gainerako arauak betez onartuko da.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 16a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

ERANSKINA
OKINTZARAKO GARIAREN EKOIZPEN INTEGRATURAKO ARAU TEKNIKO ESPEZIFIKOA

Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan aplikagarria.

Arau tekniko espezifiko honek Landare-jatorriko Produktuen Ekoizpen Integraturako Arau Tekniko Orokorra espezifikatzen, jarraitzen eta osatzen du, okintzarako gariaren laborantzari lotutako guztian.

Arau tekniko espezifiko hau laborantza estentsiboen Batzorde Teknikoko ordezkariez berariaz sortutako lantalde batek egin du. Hazi fundazioak egin ditu lantalde horretako idazkaritza-lanak.

SARRERA

Arau tekniko espezifiko honek Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan aplikatzekoa den ekoizpen integratuko arau orokorra osatzen du, okintzarako gariaren laborantzari dagokion guztian.

Hemen jasotzen diren artikuluek Arau Tekniko Orokorrean jasotako zenbakiei jarraitzen diete, eta haien edukia osatzen edo ordezten dute kasuan kasu.

Arau honek ekoizpen- eta manipulazio-prozesuak bete behar dituen laborantza-baldintza espezifikoak ezartzen ditu.

Arau orokorrean bezala, prozesuaren fase bakoitzerako nahitaez bete beharreko baldintzak ezartzen dira, bai eta gomendioak ere. Fase bakoitzerako, arau orokorrean ezarritakoa beteko da, baita dokumentu honetan zehaztutakoa ere.

I. kapitulutik XIII.era deskribatutako baldintzak operadore-ekoizleari buruzkoak dira; XIV. kapituluan operadore-manipulatzailearen edo manipulazio-zentralaren baldintza espezifikoak deskribatzen dira, eta gainerako kapituluak bi operadore-mota horiei aplikatzekoak dira.

EKOIZPEN INTEGRATUAREN ESPARRU ARAUTZAILEA

31/2001 Dekretua, otsailaren 13koa, ekoizpen integratuari eta hura nekazaritzako elikagaietan adierazteari buruzkoa. Euskal Autonomia Erkidegoan ekoizpen integratua arautzen duen oinarrizko lege-esparrua da.

ARAU-OINARRIA

Hauek dira erreferentziazko dokumentuak:

– 2007ko irailaren 24ko Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatu beharreko landare-jatorriko produktuetarako ekoizpen integratuari buruzkoa.

– Azaroaren 20ko 1201/2002 Errege Dekretua, nekazaritzako produktuen ekoizpen integratua arautzen duena.

TERMINOEN DEFINIZIOAK

Landare-jatorriko produktuen ekoizpen integraturako arau tekniko orokorrean, ekoizpen integratuaren araudian erabiltzen diren termino orokorrak definitzen dira.

Dokumentu honetan ez da erabiltzen atal honetan definitu beharreko beste laborantza-termino espezifikorik.

I. KAPITULUA
ALDEZ AURRETIKO BALDINTZAK

Arau orokorrean zehaztutakoa beteko da, eta, horretaz gainera:

1. artikulua.– Erregistroko baldintza-multzoa.

1.2.– Laborantza-unitateen definizioa.

Araudi hau betetzearen ondorioetarako, laborantza-unitatetzat hartuko da landutako azalera-unitatea, lursail batek edo gehiagok osatua, mugakideak izan edo ez, zeinean labore bera lantzen baita, ekoizpen-orientazio berarekin, antzeko laborantza-praktikei jarraituz, gutxi gorabehera aldi berean eta titular bakar batek kudeatua. Tratamendu fitosanitarioak egiten badira, materia aktibo berak erabiliko dira, une berean eta dosi beretan aplikatuta. Egiaztatutako teknikariek erabakiko dute unitate bat noiz zatitu behar den, tratamendu lokalizatuak egin ahal izateko. Zatitutako labore-unitateetan, produktuaren trazabilitateari eutsiko zaio, zatiketa bakoitzerako. Kutsadura gurutzatua gertatzeko arriskua badago, tratamenduaren segurtasun-epea errespetatu beharko da eragindako azalera osoan.

1.3.– Laborea erregistratzea.

Ekoizpen integratuko arau hau garirako definitzen da, okintzako ekoizpen-orientazioarekin. Ekoizleak Ekoizpen Integratuaren Erregistroan inskribatu behar ditu ekoizpen-orientazio hori duten lurzatiak, urtarrilaren 31 baino lehen.

2. artikulua.– Txukuntasuna eta garbitasuna.

2.1.– Biltegien garbiketa.

Ekoizleak uzta bere biltegietan gordetzen badu.

a) Alea jaso baino behar besteko aurrerapenarekin prestatu behar dira instalazioak; besteak beste:

– garbiketa sakona;

– hezetasuna, itoginak, eta beste kondentsazio-puntuak berrikustea eta konpontzea;

– intsektuak, txoriak, karraskariak eta beste animalia batzuk instalazioetara sar daitezkeen leihoak eta beste zulo batzuk ixtea.

b) Aleak ez du kontakturik izan behar tratatutako haziarekin, ongarriarekin eta honda dezaketen beste material batzuekin.

II. KAPITULUA
INSTALAZIOAK, TRESNAK ETA LANGILEAK

4. artikulua.– Ureztatze-sistema.

4.2.– Ureztatze-teknika.

Garia ureztatzen bada, aspertsore bidez ureztatuko da.

6. artikulua.– Tratamendu fitosanitarioetarako ekipoak.

6.1.– Inskripzioa.

Tratamendu fitosanitarioetarako ekipoek Nekazaritzako Makineriaren Erregistro Ofizialean inskribatuta egon behar dute.

8. artikulua.– Ongarriak aplikatzeko ekipoak.

8.1.– Inskripzioa.

Ongarritze-ekipoek Nekazaritzako Makineriaren Erregistro Ofizialean inskribatuta egon behar dute.

9. artikulua.– Bilketarako ekipoak eta tresnak.

9.1.– Uzta biltzeko makina.

Uzta biltzeko makina garbitu behar da ekoizpen integratuko lurzatietako uzta biltzen hasi aurretik, edo bermatu behar da bertako garia ez dela nahasten beste gari batzuekin.

10. artikulua.– Landare-produktu eta edukiontzientzako garraiobideak.

10.1.– Atoiak.

Atoiak kanpaina hasi baino lehen garbitu eta egokitu behar dira, eta horren erregistroa gorde behar da.

Alea eramateko garraio-enpresa baten zerbitzuak kontratatzen badira, enpresak aurretiazko kargari buruzko informazioa eman beharko du, eta atoia zamatu aurretik garbi dagoela egiaztatuko da. Kutxa kargatu ondoren, olanaz estali behar da lehenbailehen.

Olanak usainik gabe, garbi eta lehor egon behar dira. Euria egiten badu ere, garraiobidean ezin da urik sartu kutxara. Haren formak eta taxuerak kutxa egoki garbitzeko modukoak izango dira. Ez dira onartzen zurezko zoru edo paretak dituzten garraio-moduak.

III. KAPITULUA
LURZORUA, LURRAREN PRESTAKETA ETA LUR-LANTZEA

Arau orokorrean zehaztutakoa beteko da, eta, horretaz gainera:

14. artikulua.– Aurreko laboreak eta txandaketa.

14.1.– Lurraren emankortasunari eustea eta hobetzea.

Lurzoruaren emankortasunari eutsi eta hobetu behar da. Materia organikoaren edukia % 1 baino txikiagoa denean, uzta bildu ondoren, laborearen hondar guztiak (lastoa eta uztondoa) lurrera eraman behar dira, eta teknikariak emandako jarraibideen arabera maneiatu.

Lehenengo inskripzioa egin eta lehenengo bi urteetan, eskakizun hori betetzat joko da baldin eta ekintzak labore-unitatearen azaleraren erdian, gutxienez, egiten badira.

14.2.– Laboreak txandakatzeko programa.

Lurzati bat EIn inskribatu aurreko lau urteetan, lurzati horretan zereala ez den labore bat landu beharko zen, gutxienez, labore nagusi gisa (txandakatze horretarako, artoa, lugorria eta estalkidun lugorria onartzen dira). Eskakizun hori bete duela agiri bidez egiaztatu beharko du nekazariak.

14.3.– Aurreko laboreak.

Aurreko laborea ezin izango da garia edo artoa izan.

IV. KAPITULUA
LANDARE-MATERIALA

Arau orokorrean adierazitako guztia beteko da, aplikagarria denean, eta, horretaz gainera:

18. artikulua.– Jatorria eta kalitatea.

18.1.– Baimendutako jatorria.

Hazi ziurtatua erosi behar da, gutxienez R2 kategoriakoa, salbu eta ustiategian bertan ekoitzitako hazia bada; kasu horretan, egokituta egon behar du.

Erosketa-frogagiria (faktura edo albarana) gutxienez lau urtez gorde behar da, eta bertan lotea, barietatea, hornitzailea, kategoria eta jasotako tratamenduak adierazi behar dira.

Debekatuta dago genetikoki eraldatutako organismoak (GEO) ereitea.

19. artikulua.– Tratamenduak.

19.4.– Haziak.

Hazia fusariumaren aurka tratatzea gomendatzen da.

V. KAPITULUA
EREITEA – LANDATZEA.

Arau orokorrean zehaztutakoa beteko da, eta, horretaz gainera:

21. artikulua.– Ereitea - Landatzea.

21.1.– Tokiko baldintzetara egokitzea.

Garia ereiteko dosia barietatera egokituko da (1000 aleren pisuaren arabera), ereiteko baldintzak eta data kontuan hartuta, eta agronomikoki justifikatu beharko dute egiaztatutako teknikariek.

Justifikazio hori dokumentatu egin behar da.

VI. KAPITULUA
POLINIZAZIOA

Ez da aplikagarria.

VII. KAPITULUA
ONGARRITZEA, FERTIRRIGAZIOA ETA MEDEAGARRIAK

Arau orokorrean zehaztutakoa beteko da, eta, horretaz gainera:

24. artikulua.– Ongarritzea eta fertirrigazioa.

24.1.– Ongarritze-programa.

Egiaztatutako teknikariak urteko ongarritze-programa bat idatzi behar du, analisien emaitzak kontuan hartuta, eta halaber, laborearen erauzketez gain, nutrizio- eta hazkunde-egoera, lurzoruaren emankortasun-mota eta -maila, eta beste bide batzuetatik egindako ekarpenak (materia organikoa, aurreko laboreak...). Galerak murrizteari begira (lixibizioa, higadura eta abar), programak zehaztuko du zer garai diren egokienak ongarritzeko, ongarritzeak nola zatikatu behar diren eta nola aplikatu; gainera, produkzio-orientazioa hartuko du kontuan.

25. artikulua.– Ongarritze nitrogenoduna.

25.1.– Gehienezko muga onargarriak.

Nitratoz kutsatzeko arriskuan dauden eremuetan, ezarritako jarduketa-planari jarraituko zaio.

Nitratoz kutsatzeko arriskuan dauden eremuetatik kanpo, urteko gehieneko ekarpen nitrogenatua ezin da izan 240 kg N/ha baino handiagoa. Kalkulua egiteko, ongarri organikoen kasuan, N erabilgarria batuko da (27.5 artikuluko 1 taularen arabera), ez N organiko guztia.

25.3.– Zatikapena.

Debekatuta dago ongarri nitrogenatu minerala ematea ereitean; izan ere, nitrogenoa aplikatzen denetik landarea xurgatzen hasten den arte denbora luzea igarotzen denez, mantenugai hori galtzeko arrisku handia dago.

Nitrogeno-ekarpena zatitu egin behar da, askapen moteleko ongarriak erabiltzen direnean izan ezik.

25.4.– Nitrogenoaren banaketa.

Kontuan izan behar da nitrogeno-behar handienak gari-izpia garatzean izaten dituela landareak.

Ongarritze-programak 210 ONU/ha-tik gorako ekarpen nitrogenatua adierazten duenean, ongarritze minerala hiru ekarpenetan zatitu behar da, eta azkenekoa gari-izpia garatzen amaitzen dutenetik aurrera egin behar da, xurgatzea ziurtatzeko (ureztatzea edo espero diren euriak).

25.5.– Diagnostiko-tresnak.

Ongarritze-programan nitrogeno-ekarpenak ezartzeko, diagnostikorako tresnaren bat erabiltzea gomendatzen da (N-min lurzoruan, NDVI diferentzia normalizatuko landarediaren indizea, klorofila-irakurgailuak, etab.).

27. artikulua.– Ongarri organikoak.

27.4.– Simaurrak eta mindak aplikatzea.

Debekatuta dago simaurrak eta mindak aplikatzea putzuak edo elurra dituzten lursailetan; era berean, debekatuta dago giza kontsumorako ur-hartune batetik 50 metro baino gutxiagora aplikatzea. Aplikatzeko modua (platera, haize-emailea, kanoia) legeriaren mugak kontuan hartuta izango da.

27.5.– Dosia.

Simaurra edo minda emanez gero, aurreko uztaren hondarren gainean emango da, lurra landu aurretixe, bakterioen deskonposizioa errazteko.

Aplikatutako N organikoaren guztizko kopuruak ezin du 250 kg N/ha gainditu.

Ongarri organikoetatik (simaurrak eta mindak) datorren nitrogenoaren kasuan laborantzarako eskuragarri dagoen nitrogenoa kalkulatzeko, haren aberastasuna eta laborantzarako eskuragarri dagoen nitrogenoa hartu behar dira kontuan, erabilitako ongarri organiko motaren arabera (1 taula). Aplikatuko den simaurraren edo mindaren analisia edukiz gero, bertan zehaztutako balioak nagusituko dira ongarritze-unitateak kalkulatzeko.

1 taula. Nitrogenoaren edukia eta erabilgarritasuna laborearentzat, ongarri organiko motaren arabera

(Ikus .PDF)

Balio horien arabera, honela egingo da kalkulua:

Erabilgarri dagoen N (kg N/ha) = aplikatutako kantitatea (t edo m3/ha) x N organikoaren eduki guztizkoa (kg N/t edo m3) x erabilgarri dagoen N (%)/100.

Ongarritze organikotik datorren nitrogeno erabilgarri hori ongarri mineralek kalkuluak egiteko emandako nitrogenoari gehituko zaio.

VIII. KAPITULUA
UREZTATZEA

Arau orokorrean adierazitako guztia beteko da, aplikatzekoa denean.

IX. KAPITULUA
PRAKTIKA KULTURALAK

Arau orokorrean zehaztutakoa beteko da, eta, horretaz gainera:

32. artikulua.– Laborea ez den landarediaren erabilera.

32.1.– Belar txarren kontrola.

Herbizida orokorrak erabili beharrean, txandakatzeak eta lan mekanikoak lehenetsiko dira, egokiera denean esku hartzeko.

Debekatuta dago lurzatian herbizida orokorrak erabiltzea erein aurreko hiru hilabeteetan, salbu eta justifikazio tekniko dokumentatua badago. Nekazariak eskakizun hori betetzen duela egiaztatu beharko du, baita hilabete horietan lurzatia pertsonalki kudeatu ez badu ere.

32.4.– Herbizida aukeratzea.

Egiaztatutako teknikariek karga-unitatea balioetsi, eta herbizida egokiena agindu behar dute, bertan dauden belarren eta lurraren historialaren arabera.

X. KAPITULUA
LABORANTZAREN MANEIU FITOSANITARIOA

Arau orokorrean zehaztutakoa beteko da, eta, horretaz gainera:

34. artikulua.– Fauna osagarriaren maneiua.

34.1.– Balioespena eta babesa.

Laborantza-estrategiaren barruan, eta fauna osagarria babesteko, bereziki zainduko diren bi espezie aukeratuko dira, hauen artean:

Coccinela septempunctata, Scymus sp., Adonia variegata, Orius majusculus, Aphidoletes, Chrysoperla carne, Aphidimyza, Aphidiidae, Gymnosoma spp., Meraporus; Episyrphus balteatus, Eupeodes corollae, Sphaerophoria scripta.

35. artikulua.– Kontrol fitosanitarioko metodoak.

35.3.– Laginketa eta esku hartzeko atalaseak.

Izurrien kudeaketa integratuko (IKI) irizpideei jarraitu behar zaie. Ohiko izurri eta gaixotasunetarako, arau teknikoaren eranskineko atalaseak bete behar dira.

35.4.– Metodoak lehenestea.

Arau teknikoaren eranskineko prebentzio- edo kultura-neurriak bete behar dira.

35.8.– Fusariuma.

Biltegiratutako alean mikotoxinak agertzeko arriskua murrizteko, ekoizleak lurzati guztiak aztertu behar ditu, eta ikusi zenbat galburu zuri (fusariosi-zantzua) dagoen, zenbatu, eta kopurua idatziz jaso. Teknikariak arriskua balioetsiko du, eta altua edo oso altua dela uste badu, bereiz biltegiratuko da lurzati horretako uzta, edo haren zati bat.

XI. KAPITULUA
BILKETA ETA KONTSERBAZIOA

Arau orokorrean zehaztutakoa beteko da, eta, horretaz gainera:

38. artikulua.– Bilketa.

38.2.– Ontze-maila: Aleak ontze fisiologikoa iristen duenean eta hezetasun-maila % 14tik gorakoa ez denean jasoko da uzta.

40. artikulua.– Bilketa eta kontserbazioa.

40.1.– Ezpurutasunak.

Ezpurutasunak ahalik eta gutxien izango dira harrera egiteko unean (identifikazio bisuala).

40.2.– Biltegiratzeko tokia.

Ezin da aire zabalean biltegiratu.

40.3.– Kontserbazioa.

Txoriak, saguak, intsektuak, tenperatura-igoera edo biltegiratutako alearen kalitatea okertzea eragiten duten beste faktore batzuk detektatzeko, biltegiratutako aleak eta instalazioak zuzenean behatu behar dira, gutxienez hilean behin (biokontrolak). Behaketa dokumentatu egingo da.

40.4.– Kaltetutako alea.

Kalte-zantzurik detektatzen bada, alea ontziz aldatu behar da, eta, beharrezkoa bada, irin-ogitarako ezaugarriak galdu dituen zati hondatua kenduko da. Zantzuak eta mugimenduak dokumentatu behar dira.

40.5.– Mikotoxinak.

Produktua irin-fabrikara eraman aurretik, egiaztatu behar da, ezarritako plan baten arabera, loteek betetzen dutela zereal-aleetako mikotoxinei buruz indarrean dagoen legeria.

XII. KAPITULUA
HONDAKINAK KUDEATZEA

Arau orokorrean adierazitako guztia beteko da, aplikatzekoa denean.

XIII. KAPITULUA
USTIAPEN-KOADERNOA

Arau orokorrean zehaztutakoa beteko da, eta, horretaz gainera:

45. artikulua.– Ustiapen-koadernoa.

45.1.– Koadernoa edukitzea.

Ustiapen-koadernoa nahitaezkoa da, eta eskuragarri egongo da beti auditoretzak egiteko.

45.7.– Oharrak.

Laborantza-unitateak: aurreko lau urteetako labore eta landare-estalkien identifikazioa eta azalera, eta aurreko urteko hondakinen kudeaketa.

Garia erein aurreko laborantza-sistema erregistratzea.

Garbiketa: biltegia eta atoiak.

Landare-materiala: laborantza-unitatea, barietatea, kategoria, lotea, tratamenduak, jatorria, datak (ereitea, biltzea), dentsitatea.

Praktika kulturalak: laborantza-unitatea, datak, egindako lanak eta deskribapena (lanabesa, sakonera, etab.), garia erein aurreko lur-lantzea barne.

Ongarritzea: laborantza-unitatea, data, ongarri-mota (osaera), dosia, egoera fenologikoa, operadorearen izena eta sinadura.

Fitosanitarioen preskripzio teknikoa: laborantza-unitatea, data, oharrak, preskripzioa, produktu komertziala edo materia aktiboa, dosia, segurtasun-epea, teknikariaren sinadura.

Belar, izurri eta gaixotasunen kontrol kimikoa: laborantza-unitatea, erein aurreko hiru hilabeteetan erabilitako herbizidak, tratamenduen justifikazioa (esku hartzeko irizpidea, tratamendu-atalaseak, monitorizazioa, etab.), data, izurria edo gaixotasuna, produktu komertziala, materia aktiboa, segurtasun-epea, dosia, preskripzio teknikoa, aplikatzailearen izena eta sinadura. Fusariumaren presentzia ebaluatzea.

Biodibertsitatea: hautatutako borondatezko praktikak eta horiek betetzeari buruzko oharrak.

Bilketa: laborantza-unitatea, bilketa-data, kantitatea, hezetasuna, destinoa.

Garraioa eta biltegiratzea: instalazioaren kokagunea, garraiobideak eta biltegiak garbitzea, biltegiratutako alea berrikustea.

Trazabilitatea: ereitetik ustiategiko alea atera arteko erregistroak.

Operadorearen adierazpena: data, izena eta sinadura.

XIV. KAPITULUA
ERALDAKETA-ZENTROA

Arau orokorrean adierazitako guztia beteko da aplikagarria denean, eta, gainera:

46. artikulua.– Instalazioak.

46.1.– Instalazioak - Definizioa.

Eraldaketa-zentroa beste operadore bat denez, beraz, inskripzio bat egingo da kategoria horretan Ekoizpen Integratuaren Erregistroan.

Gariarentzat, eraldaketa-zentroa da alea gordetzen den biltegia, biltegiaren titularra eta ekoizlea enpresa desberdinak direnean; halaber, manipulazio-zentroa izan daiteke garia eraldatzen den instalazioa, zentroaren titularra edonor dela ere.

46.12.– Eraldaketagunea.

a) Alea jaso baino behar besteko aurrerapenarekin prestatu behar dira instalazioak, besteak beste:

– garbiketa sakona;

– hezetasuna, itoginak, eta beste kondentsazio-puntuak berrikustea eta konpontzea;

– intsektuak, txoriak, karraskariak eta beste animalia batzuk instalazioetara sar daitezkeen leihoak eta beste zulo batzuk ixtea.

b) Aleak ez du kontakturik izan behar tratatutako haziarekin, ongarriarekin eta honda dezaketen beste material batzuekin.

46.14.– Biltegiratzeko tokia.

Ezin da aire zabalean biltegiratu.

50. artikulua.– Lan-prozesuak

50.3.– Produktuaren kontserbazioa.

Txoriak, saguak, intsektuak, tenperatura-igoera edo biltegiratutako alearen kalitatea okertzea eragiten duten beste faktore batzuk detektatzeko, biltegiratutako aleak eta instalazioak zuzenean behatu behar dira, gutxienez hilean behin (biokontrolak). Behaketa dokumentatu egingo da.

50.4.– Kaltetutako alea.

Kalte-zantzurik detektatzen bada, alea ontziz aldatu behar da, eta, beharrezkoa bada, irin-ogitarako ezaugarriak galdu dituen zati hondatua kenduko da. Zantzuak eta mugimenduak dokumentatu behar dira.

50.5.– Mikotoxinak.

Produktua irin-fabrikara eraman aurretik, egiaztatu behar da, ezarritako plan baten arabera, loteek betetzen dutela zereal-aleetako mikotoxinei buruz indarrean dagoen legeria.

XV. KAPITULUA
PRODUKTU FITOSANITARIOEN HONDAKINEN KONTROLA

Arau orokorrean adierazitako guztia beteko da, aplikatzekoa denean.

XVI. KAPITULUA
INGURUMEN-BABESA

Arau orokorrean adierazitako guztia beteko da aplikagarria denean, eta, gainera:

55. artikulua.– Ingurumen-babesa.

55.1.– Kontserbazio-politika.

Muga, ezponda, lubeta, erreka-bazter, erreten, areka eta antzeko elementuetako landaredi naturala errespetatzea. Landaredi naturala bertan egon dadin sustatzea.

55.5.– Ur-lasterrak babestea.

Debekatuta dago tratamenduen soberakinak isurtzea. Soberakinak sortzen badira, diluitu egin beharko dira, laboreari aplikatu aurretik gaindosifikaziorik eragozteko, edo, bestela, beste modu egoki batean kudeatu (azken kasu horretan, dokumentu bidez jasoko da).

Gomendatzen da upelen hondoak eta irakuzketa-urak kentzea iragazketa- edo lurruntze-sistema egokituetatik, ura eta lurzoruak ez kutsatzeko.

Ongarri organikoak modu egokian biltegiratu behar dira, ingurumena kutsatzeko arriskua murrizteko moduan, eta horren berri ustiapen-koadernoan idatzi behar da.

55.8.– Biodibertsitatea.

Dibertsitate biologikoa, genetikoa eta ekosistemarena aktiboki sustatu nahi da. Nekazaritza-ustiategiaren ingurune natural eta orekatu bat lortzeko, landareen eta animalien ekosistema dibertsifikatu batekin, ekoizle bakoitzak gutxienez bi aukera ekologiko egin behar ditu bere finken biodibertsitatea hobetzen laguntzeko, eta aukera horiek, lehentasunez, biodibertsitatea sustatzeko neurrien zerrendatik hautatu behar ditu.

Kanpaina bakoitzaren hasieran, ekoizleak bere koadernoan idatzi behar du zer neurrirekin konprometitzen den, eta betekizunen alderdi guztiak betetzen direlako ebidentziak aurkeztu behar ditu. Urtez urte, neurri ezberdinak aukeratu ditzake.

Ustiategi bat gariaren Ekoizpen Integratuan lehen aldiz inskribatzen denean, urtebeteko luzamendua izateko aukeraz baliatu ahal izango da biodibertsitatearen baldintza hori betetzeko.

Biodibertsitatea sustatzeko neurrien zerrenda:

a) Landare-estalkia (lekadunak edo kruziferoak, maiatzaren 1a baino lehen ereinak) duen lugorria sartzea txandakatzean. Estalkiak, garatuen den unean, konprometitutako azaleraren % 75 estali behar du gutxienez; loratu arte utziko da, eta gero lurzoruan sartuko da.

Kanpaina bakoitza EIn inskribatutako gariaren azaleraren % 20ko eremu gehigarri batean egingo da, aurreko hiru urteetako batean zerealarekin landutako lurzatietan.

b) Txandaketan, lurra hobetzeko labore bat sartzea (lekadunak edo kruziferoak). Kanpaina bakoitza EIn inskribatutako gariaren azaleraren % 20ko eremu gehigarri batean egingo da, aurreko hiru urteetako batean zerealarekin landutako lurzatietan.

c) Intsektu polinizatzaileentzako eremu loretsu erakargarri eta elikagarri bat eskaintzea. Gari-laborearen ondoan edo ustiategiko beste lurzati batean egon daiteke. EIn inskribatutako gariaren azaleraren % 3ko eremu gehigarria okupatuko du.

Polinizatzaileen mesederako diren lau landare-familia erein behar dira, gutxienez. Baldintza horretarako irizpideak «lugorria landare ezti-emaileentzat» kategoriarako berberak dira (1075/2014 ED).

d) Inskribatutako lurzatietan eta haien inguruetan dauden hegazti-habiak aurkitzea.

Uzta biltzean, aukera ematea galsoroan egon daitezkeen hegaztiei ihes egiteko.

Lur-mugak, ildo-bizkarrak eta heskaiak hegaztiak babesteko eta elikatzeko tokiak dira. Ondo zaindu behar dira.

Metro bateko zabalerako ildo-bizkar edo heskaiak eraikitzea, EIn inskribatutako gari-hektarea bakoitzeko bi metro lineal urtean. Bibliografiaren arabera horretarako egokiak diren landareekin egin behar dira.

Babes-elementu berri horiek baliozkotzat jotzeko, aurreko hiru urteetako batean edo oraingoan garia (EIn edo ez) landu den lurzatietan jarri behar dira, edo horien aldameneko lurzatietan. Egitura horiek goldatzeko lur gisa sailkatuta ez dauden lursailetan eratu daitezke, betiere dagozkien baimenak badituzte.

Obra horiek errazteko, konpromiso hori lau urtetan metatzea onartzen da.

e) Kanpaina honetan golde belarriduna ez erabiltzea garirako inskribatutako lursailaren % 20an, lur-egitura onari eta agregatuen tamaina onari eusteko, higadura murrizteko, karbono organiko guztizkoari eusteko, mikrofaunaren alde egiteko eta mikrobio-populazio egokia atxikitzeko.

f) Lastoa (uzta biltzeko makinak txikituta) ahalik eta lasterren gehitu behar da lurrera, EIko garia ekoitzi den lurzatien azaleraren % 20an, uzta jaso eta areaz pasaera azkar bat eginda, lurzoruko fauna eta florari laguntzeko eta mantenugaien galera murrizteko. Egiaztatutako teknikariek adieraziko dute nola egin behar den.

XVII. KAPITULUA
IDENTIFIKAZIOA ETA TRAZABILITATEA

Arau orokorrean adierazitako guztia beteko da, aplikatzekoa denean.

XVIII. KAPITULUA
PRESTAKUNTZA

Arau orokorrean adierazitako guztia beteko da, aplikatzekoa denean.

XIX. KAPITULUA
BEZEROEN ERREKLAMAZIOAK

Arau orokorrean adierazitako guztia beteko da, aplikatzekoa denean.

XX. KAPITULUA
KALITATE-SISTEMA

Arau orokorrean adierazitako guztia beteko da aplikagarria denean, eta, horretaz gainera

61. artikulua.– Kalitate-sistema.

61.5.– Dokumentazioa.

Operadoreak lau urtez gorde behar ditu barne-auditorien eta egindako kontrolen erregistroak.

61.6.– Laginak.

Gomendatzen da garraio-sorta edo -unitate bakoitzaren lagin adierazgarri bat hartzea eta leku seguruan gordetzea.

XXI. KAPITULUA
ANALISI-METODOAK

Arau orokorrean adierazitako guztia beteko da, aplikatzekoa denean.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala