Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

81. zk., 2021eko apirilaren 27a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
2403

EBAZPENA, 2021eko apirilaren 12koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita 2021ean euskal kultura sustatzeko eta hedatzeko jarduerak euskararen eremu geografikotik kanpo garatzeko dirulaguntzak emateko prozedura arautzen duen deialdia, Zuzendaritza Kontseiluak onartutakoa.

Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean EEI) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) letrak ondoko helburua xedatzen du aipatutako Institutuarentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adiera-moldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta hedatuz».

Ildo horretatik, eta Etxepare Euskal Institutuaren ardurapekoak diren arloak kontuan hartuta, berariazko dirulaguntza deialdi publikoak egiten dira kultur arlo bakoitzaren baitan lehenetsitako jarduerak garatu ahal izateko. Hala eta guztiz ere, jasotzen diren hainbat eskariren bitartez gauzatu nahi diren jarduerak, Etxepare Euskal Institutuaren eskumen-eremuetan sar daitezkeen arren, dirulaguntza deialdi hauetatik kanpo geratu ohi dira, hala nola, euskal kultura tradizionalaren adierazpide diren hainbat jarduera, eta baita diziplina baten baitan sailkatzeko zailak diren beste kultur adierazpide berezi batzuk ere.

EEIren euskal kultura kanpoan sustatu eta zabaltzeko xedeekin bat etorri arren, Institutuaren gainontzeko dirulaguntza deialdietatik at geratzen diren beste kultur adierazpide berezi batzuei erantzuna emateko, beharrezkoa ikusten da dirulaguntza deialdi hau argitaratzea.

Dirulaguntza hau, honen irizpideekin batera, Zuzendaritza Kontseiluak onartu zuen 2021eko martxoaren 3an eta Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barnean dago. Plan estrategikoa Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bidez onartu da 2021-2024 urteetarako eta Sailaren web orrian argitaratu da (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/sail-plana/sailaren-dirulaguntzen-plan-estrategikoa-2021-2024/).

Ondorioz, hauxe

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da Zuzendaritza Kontseiluak onartutako euskal kultura sustatzeko eta hedatzeko irabazi asmorik gabeko jarduera eta proiektuak 2021. urtean euskararen eremu geografikotik kanpo burutzeko dirulaguntzak arautzen dituen deialdia argitaratzea.

2. artikulua.– Denbora-esparrua.

Ebazpen honen babesean aurkeztuko diren jarduerak 2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean garatu beharko dira.

3. artikulua.– Diru-baliabideak.

– Deialdi honetarako gehienezko zenbateko orokorra hogeita bost mila (25.000) eurokoa izango da.

– Kultur programa, jarduera edo emankizun baterako jaso ahal izango den gehienezko zenbatekoa honakoa izango da:

– 1.200 km arteko tokietan burutzen diren ekintzetarako: bi mila (2.000) euro.

– 1.201 eta 5.000 km arteko tokietan burutzen diren ekintzetarako: hiru mila eta bostehun (3.500) euro.

– 5.000 km-tik haragoko tokietan burutzen diren ekintzetarako: bost mila (5.000) euro.

4. artikulua.– Onuradunak.

1.– Honako deialdi honek finkatzen dituen dirulaguntzak bertan aipatzen diren programa edo jarduera bereziak burutzeko asmoa duten pertsona fisiko eta juridiko pribatuek jaso ahal izango dituzte, baldin eta eskabidea aurkezten den egunerako errolda edo egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan badute. Zabaldu nahi den obraren edo lanaren komunikazio-hitza euskara denean, sozietate-egoitza edo errolda euskararen eremu geografikoan duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuak ere aurkeztu ahal izango dira.

Ondokoa joko da euskararen eremu geografikotzat: Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Komunitatea eta Euskal Hirigune Elkargoa.

2.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak egunean izan beharko ditu eskatzaileak.

3.– Ezingo dute ebazpen honetako dirulaguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik duten pertsona edo erakunde eskatzaileek, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik dutenek ere, sexu-bereizkeria dela-eta gertatu direnak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak xedatutakoaren indarrez.

4.– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

5.– Halaber, aplikagarria izango da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11, 13.2 eta 13.3 artikuluetan eta haren garapen araudian, izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

6.– Baldintza guzti horiek, onuradun izateko ezezik, jasotako dirulaguntzaren kitapena eman arte bete beharko dira.

5. artikulua.– Bazterketak.

Honako ebazpen honetatik kanpo geratuko dira ondoko programak edo jarduerak:

1.– Xedeari begira.

a) Etxepare Euskal Institutuak ezarritako beste ebazpen berariazkoago baten bidez bideratu behar direnak:

Hala ere, euren izaeragatik edo xedeagatik Etxepare Euskal Institutuaren berariazko beste deialdi batera oker bildutako programak edo jarduerak deialdi honen barne hartu ahal izango dira, baldin eta deialdi honetan eskabideak aurkezteko epea irekita badago eta ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Horrelako kasuetan, Etxepare Euskal Institutuak hartuko du bere gain eskabideak ebazpen honetara bideratzeko ardura, baita interesdunari jakinaraztekoa ere.

b) Politika, erlijio, giza zein kultura mailako efemerideak gogorarazteko egin ohi diren antzezpenak edo errepresentazio bizidunak, hala nola, Erdi Aroko azokak eta antzekoak berregitea xede dutenak.

c) Ikasketa-bidaiak, ibilaldiak, txangoak, elkartrukeak, aisialdia edo antzekoak egitea xede dutenak.

d) Xedea gizarte ekintzarekin, ingurumenarekin, nekazaritzarekin eta, azkenik, bitxigintza, urregintza zein artisautzarekin zerikusia dutenak.

e) Hezkuntza arautuan eta unibertsitateetan antolaturiko programak.

f) Gastronomia, kirola eta turismoarekin zerikusia duten jarduerak.

g) Etxepare Euskal Institutuaren berariazko beste edozein deialditara biltzeko aukera egonda ere, horietatik kanpo geratu direnak.

2.– Aurrekontuari begira.

Aurkeztutako aurrekontuaren edozein zati inbertsioak egitera edo ibilgetu-elementuak finantzatzera bideratzen dutenak.

3.– Pertsona edo entitate eskatzaileari begira.

Honako entitate mota hauek aurkeztutakoak:

a) Merkataritza entitateek, baldin eta euren kapitalaren gehiengoa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarena bada.

b) Alderdi politikoek, hauteskunde-koalizioek, sindikatuek edo elkargo profesionalek, baita horiekiko lotura organikoa duten fundazioek eta elkarteek ere.

6. artikulua.– Dirulaguntzak emateko modua, zenbatekoa eta mugak.

Ebazpen honen bidez emango diren dirulaguntzak lehiaketa bitartez esleituko dira. Dirulaguntzak horrela emateko, aurkeztutako eskabideak erkatuko dira, 12. artikuluan finkatutako aukeraketa eta balorazio-irizpideen arabera hurrenkera jakin batean jartzeko.

Baloraziorik altuenak lortzen dituzten eskabideetatik hasita esleituko dira dirulaguntzak, proportzionalki lortutako puntuazioaren arabera, harik eta horretarako diru-baliabideak amaitu arte, betiere gutxieneko 50eko puntuazioa lortuta.

– EEIk diruz laguntzen dituen gastuak:

Dagokion jaialdi edo jardueran parte hartzekoak: joan-etorria eta ikuskizuna jendaurreko egingo den tokiko ostatua. Artisten katxetak eta nominak ez dira diruz lagunduko. Ez da gastu amortizagarririk diruz lagunduko.

Ezin izango da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu BEZaren zenbateko kengarria, erakunde eskatzaileak zerga horren aitorpena egin beharra duenean.

– Laguntzen zenbatekoak:

a) Ostatuetarako gehienezko gastuak, pertsonako eta eguneko: Espainian, hirurogeita hamabost (75) euro, Espainiatik kanpora, ehun eta hogei (120) euro.

b) Automobila erabiliz gero, zero koma hogeita bost (0,25) euro km-ko gehi autopista eta parkinga. Furgoneta erabiliz gero, zero koma hogeita hamabost (0,35) euro km-ko. Kilometro kopurua kalkulatzeko, dirulaguntza eskaera egin duen pertsona fisiko edo juridiko pribatuaren errolda edo sozietate egoitza hartuko da abiapuntutzat.

c) Ibilgailua alokatua denean, alokairuaren kostua, erregaia, autopistako gastuak eta parking-a.

d) Hegazkina, trena edo bestelako garraio publikoren bat erabiliz gero, soilik maila arrunteko txartela onartuko da.

– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publikoek helburu berbererako emandakoekin, betiere gain-finantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

– Hori guztia, 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorrak, azaroaren 17koak, 31. Artikuluan eta haren garapen araudian izaera orokorrarekin jasotakoaren kalterik gabe.

7. artikulua.– Eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 8.2 artikuluarekin bat etorriz, eskatutako agiriak Administrazio batek egindakoak direnean, haien kontsulta eta ateratzea interesdunen aldetik baimendutzat edukiko da, prozeduran ez badute kontrakotasunik adierazten. Kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu.

Eskatzaileek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

Errolda edo egoitza soziala Euskal Hirigune Elkargoan dutenek dagokion Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute, baita eskatutako beste edozein agiri ere.

2.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren baitan, betebehar hauek egiaztatuko dira, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen bidez:

– Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla adierazi beharko da, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

– Egungo zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan eskatutako eta, hala badagokio, jasotako beste «de minimis» laguntza batzuk jakinaraztea.

– Eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

– Eskatzaileak eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela adieraztea.

3.– Eskaera beste pertsona baten izenean egiten denean, legezko ordezkariaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritza ahalmenaren egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.

8. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatuko dituen organoa.

Etxepare Euskal Institutuaren Euskal Kultura Sustatzeko eta Hedatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren dirulaguntzak kudeatzea.

EEIk proiektuen garapenaren jarraipena egingo du, eta onuraduna behartuta egongo da horretarako eskatutako ikuskapen- edo informazio-eskaerei erantzutera.

9. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epeak eta modua.

1.– Pertsona fisikoek eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:

– Aurrez aurre: eskabideak helbide honetan aurkeztuta: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileak plaza, 1, Tabakalera eraikina 3. solairua, 20012 Donostia, goizeko 08:30etik 14:00etara. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.

– Bide elektronikoa: eskabideak aurkeztu ahalko dira, euskadi.eus gunean artikulu honetako 3. atalean adierazitako helbidean.

Bide bat edo bestea erabili, eskatzaileak prozedurako edozein unetan aldatu ahal izango du ordura arte hautatutako bidea.

Aurrez aurreko eskaerak aurkezteko aurretiazko hitzordua eskatu beharko da.

2.– Pertsona juridikoek eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, artikulu honetako 3. atalean adierazitako helbidean. Euskal Hirigune Elkargoko pertsona juridikoen kasuan, eskatzaileek, aurrez aurre aurkeztu ahalko dituzte.

3.– Eskaerak nola tramitatu aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak euskadi.eus-en honako helbide honetan daude ikusgai:

www.euskadi.eus/zerbitzuak/1045005

Eskaeraren ondoko izapideak gune honetan egingo dira bide elektronikoa erabiliz gero:

www.euskadi.eus//nirekudeaketak

4.– Eskatzaileak euskara edo gaztelania erabili ahal izango du eskabidean eta gainerako agirietan. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

5.– Identifikazio elektronikorako onartutako eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratutako bitarteko elektronikoren bat izan beharko du eskatzaileak.

6.– Eskabideak aurkezteak esan nahiko du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

7.– Eskabideak ebazpen hau EHAAn argitara eman eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu ahal izango dira, eta dirulaguntzak eskatzeko epea bi hilabetekoa izango da.

8.– Jarduera guztietarako eskabide bakarra aurkeztuko du eskatzaile bakoitzak.

9.– Eskaera onartua izateko, dagokion proiektua burutuko dela egiaztatu ahal izateko, jarduera kulturala burutuko den lekuko erakunde ala aretoaren ziurtagiri sinatuak ala kontratuak aurkeztu beharko dira.

10. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumenturen bat falta dela edo forma akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, eskatzaileei jakinaraziko zaie 10 egun balioduneko epea dutela akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko.

Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, edo dagokion izapidea egitea galduko duela, aurretiazko ebazpen bidez.

11. artikulua.– Balorazio-batzordeak.

1.– Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzordeak osatuko dira. Batzordeak honela osatuko dira:

a) Lehendakaria: EEIko Kultura Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria, edo haren ordezkoa.

b) Bokalak: EEIko zuzendariak izendaturiko 3-5 kide, kultur adituak diren gizon-emakumeak eta administrazioko teknikarien artetik.

c) Idazkaria: Batzordearen idazkari-lanak EEIko teknikari batek egingo ditu, zuzendariak izendatua izango da, eta bileretan hitzez bai, baina botorik gabe jardungo du.

2.– Balorazio-batzordeko kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 zenbakian xedatutakoa beteko da.

3.– Balorazio-batzordeen osaera EEIko zuzendariak ebatziko du eta EHAAn argitaratuko da. Nolanahi ere, errespetatu egingo dira parte ez hartzeari eta errefusatzeari buruz legez ezarritako zehaztapen eta baldintzak.

12. artikulua.– Eskaerak aztertzeko irizpideak eta ebazpen-proposamena.

1.– Balorazio-batzordearen zeregina izango da aurkeztutako eskaerak ebaluatzea eta ebazpen-proposamena egitea Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari.

2.– Aurkeztutako proiektuak aztertu eta baloratzeko irizpide-ardatz nagusiak honako hauek izango dira:

a) Jardueraren ezaugarriak (20 puntu, gehienez).

b) Espazioaren ezaugarriak eta nazioarteko oihartzuna (20 puntu, gehienez).

c) Euskararen presentzia proiektuan (10 puntu, gehienez).

d) Emakumearen parte hartzea proiektuan edo proiektuak gai edo eduki aldetik berdintasunaren alde egiten duen ekarpena (10 puntu, gehienez).

e) Eskatzailearen kultur ibilbidea: kurrikuluma, sariak, kritikak... (20 puntu, gehienez).

f) Proiektuak Etxepare Euskal Institutuaren helburuekin duen lerratze maila: euskal kulturaren nazioarteko zabalkundeari egiten dion ekarpena (20 puntu, gehienez).

3.– Balorazioan 50 puntu lortzen ez duten proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko.

13. artikulua.– Ebazpenak.

1.– EEIko zuzendariari dagokio balorazio-batzordeek aurkeztutako ebazpen-proposamenak aztertu eta ebazpenak ematea.

2.– Ebazpena Etxepare Euskal Institutuaren Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatutakoarekin bat etorriz.

3.– Ebazpenak gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko dira, deialdia argitaratzen duen ebazpenak ondorioak dituen egunetik aurrera. Epe hori jakinarazpenik gabe igarotzen bada, eskaerak ez direla onartu ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

4.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura. Prozeduraren amaieran laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezartzen bada, eta itzulketa ordainketa egiteko borondatezko epean egiten ez bada, baldintzapean emandako dirulaguntza indargabetu egingo da, onuradun izateko debekua dakartelako.

14. artikulua.– Dirulaguntzaren onarpena.

Ebazpena Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan argitaratzen den egunetik kontatzen hasi eta hamabost eguneko epean onuradunak berariaz uko egiten ez badio, dirulaguntza onartu egin dela ulertuko da.

15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Dirulaguntza adierazitako helburu zehatzerako erabiltzea, eta diruz lagundutako jarduera 2021. urtean burutzea.

2.– Esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa edozein delarik ere, dirulaguntzaren onuradun orok diruz lagundutako egitasmoaren eta gastuen gauzatzea justifikatu behar du. Justifikazioari ekiteko, dirulaguntza esleitzeko orduan erabilitako gastu-aurrekontu onartua erabiliko da.

3.– Ebazpena eman aurretik eskabidean aurkeztutako proiektuan edo aurrekontuan aldaketaren bat eginez gero, horren berri idatziz jakinarazi beharko dio EEIri edo «nire kudeaketak» helbidearen bitartez, izapide elektronikoaren kasuan. Berri hori jasotzen duenetik, EEIk 15 egun balioduneko epea izango du erantzuteko. Erantzunik ematen ez badu, aldaketa onartutzat joko da, baldin eta dirulaguntzaren onuradun izateko arauak ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

4.– Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzei buruzko informazioa ematea, hala eskatuz gero.

5.– Esleipen-ebazpena argitaratzen den egunetik aurrera, katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta argitaratzen diren gainerako material grafiko zein soinudunetan, Etxepare Institutuaren logoaren bitartez babesa jaso dutela adieraztea.

6.– Onuradunak, diruz lagundutako proiektuarekin lotutako materiala eta irudiak erabili ahal izateko baimena bermatzea EEIri, horrek informazioa hainbat euskarritan zabal dezan.

7.– Halaber, aplikagarria izango da, Diru-laguntzei buruzko azaroak 11ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. Artikuluan eta haren garapen araudian, izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

16. artikulua.– Justifikazioa.

1.– Ebazpen honetan ezarritako dirulaguntzen onuradunek 2021eko abenduaren 31ra arteko epean aurkeztu beharko dituzte jarraian zerrendatzen diren agiriak. Salbuespenez, abenduan egindako jardueren kasuan, 2022ko urtarrilaren 31ra arte luzatu ahal izango da epea.

2.– Pertsona fisikoek justifikazioak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahal izango dituzte:

– Aurrez aurre aurkeztu ahal izango dituzte hurrengo helbidean: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileak plaza 1, Tabakalera eraikina 3, Donostia (20012), goizeko 08:30etik 14:00etara. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.

Aurrez aurreko justifikazioetarako aurretiazko hitzordua eskatu beharko da.

– Justifikazioak bide elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahal izango dituzte honako gunean: https://www.euskadi.eus//nirekudeaketak

3.– Pertsona juridikoek justifikazioak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, aurretik adierazitako helbide elektronikoan. Euskal Hirigune Elkargoko pertsona juridikoek aurrez aurre ere aurkeztu ahal izango dituzte justifikazioak.

4.– Justifikazioak, bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en egongo dira ikusgai, agindu honetako 9.3 artikuluan adierazitako helbideetan.

5.– Dirulaguntzaren zuriketa egiteko modua justifikazio xinpletua izango da. Aurkeztu beharreko dokumentuak:

a) Burututako jarduera osoaren memoria-balorazioa.

b) Gastuen justifikaziorako, aurrekontuan EEIk diruz laguntzen dituen kontzeptuetako gastu guztiak egiaztatu beharko dira. Horrekin batera gastu eta diru-sarreren balantzeari buruzko zinpeko adierazpena aurkeztu beharko da.

EEIk ausaz eta zozketaz, onuradunetako batzuei aurkeztutako aurrekontua bere osotasunean justifikatzeko agiriak eskatuko dizkie.

c) Diruz lagundutako gastuen zerrenda ordenatua jasotzen duen taula sinatua. Fakturen kopiak eskatzailearen izenean egon beharko dute, eta indarrean dagoen araudi fiskalaren arabera baliozkoak izan beharko dute. Bestelako monetatan egindako fakturen kasuan, gastua eurotan zenbatekoa izan den adierazi beharko da, horretarako erabilitako kanbio-tasa adieraziz.

Etxepare Euskal Institutuak edozein momentutan eskatu ahal izango ditu goian aipaturiko gastuak justifikatzeko jatorrizko fakturak.

d) Norberaren ibilgailuan egindako bidaietarako, nahikoa izango da onuradunak dagokion eranskineko kilometraje taula bete eta sinatzearekin. Honela kalkulatuko da kilometro kopurua: jarduera egiten deneko herritik pertsona fisiko edo juridiko pribatu eskatzailearen sozietate egoitzara edo establezimendura dagoen joan-etorriko distantzia. Bira bateko emanaldiak denboran jarraian egiten badira, emanaldi bat egiten den tokitik hurrengo emanaldiaren tokirainoko distantzia ere kontuan hartuko da.

e) Diruz lagundutako jarduera dela eta sortutako katalogo, programa, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko edo soinudunen ale bana, hala badagokio.

f) Helburu berbererako jasotako bestelako dirulaguntzen zerrenda. EEIk emandakoaz gain beste dirulaguntzarik jaso ez bada, hori horrela dela dioen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.

g) Halaber, aplikagarria izango da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. Artikuluan izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

17. artikulua.– Likidazio-ebazpena.

1.– Dirulaguntzaren justifikazioa behar bezala gauzatu ez bada edo dena delako zioarengatik laguntzaren zenbatekoa gutxitzea edo kentzea badagokio, EEIko zuzendariak banakako likidazio-ebazpena emango du, egiaztagiriak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabeteko epean.

Zuriketan egiaztatutako gastu lagungarriak eskaerako aurrekontuan aurkeztutakoen % 60ra iristen ez badira, dirulaguntza osorik itzuli beharko da.

Ebazpen honetan dirulaguntzaren itzulpena aginduko balitz, hau jasotzen denetik bi hilabeteko epea egongo da itzulketa egiteko.

2.– Ez betetze partzialaren kasuetan, itzuli beharreko diru-kopurua finkatzeko proportzionaltasun-printzipioa hartuko da kontuan.

3.– Salbuespen gisa, esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa ez da gutxituko baldin eta jarraian azaltzen diren hiru baldintzak aldi berean gertatzen badira:

a) Aurreikusitako gastu-aurrekontuaren eta behin betikoz exekutatutakoaren arteko aldea % 15etik beherakoa izatea.

b) Esleitutako dirulaguntzak behin betikoz exekutatutako gastuaren % 60 ez gainditzea.

c) Gainfinantzaketarik ez gertatzea.

18. artikulua.– Ordainketa.

Ebazpen honetan oinarrituz emandako dirulaguntzen ordainketa bi zatitan egingo da honako prozedurari jarraituz:

% 50 dirulaguntza onartzen den egunetik kontatzen hasi eta hilabeteko epean.

% 50 jarduera amaitu, justifikazioa egin eta gehienez ere sei hilabeteko epean.

Dirulaguntzaren zenbatekoari kendu egingo zaizkio indarreko zerga araudiaren baitan dagozkion atxikipen eta konturako ordainketak.

Kasua bada, jarduera hasteagatik aplikagarria den atxikipena, onuradunak eskatu beharko du. Eskaera hori deialdi honetako 14. artikuluak dirulaguntza onartzeko ezartzen duen 15 eguneko epean aurkeztu behar da.

19. artikulua.– Ez betetzeak.

1.– Ebazpen honetan edo maila orokorragoko aginduetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

2.– Emandako dirulaguntza guztia edo zati bat ebazpen honetan aurreikusitako jarduera ez den besteren batean erabiltzea.

3.– Hala badagokio, dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako diru-kopurua ez itzultzea, horretarako emandako epean.

4.– Halakorik gertatu dela egiaztatzen bada, ez betetzea gertatu dela ulertuko da eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoari jarraiki, pertsona edo entitate onuradunak itzuli egin beharko dizkio EEIri jasotako diru-kopuruak eta horiei legez dagozkien interesak.

5.– Halaber, aplikagarria izango da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37 eta 40.1 artikuluetan eta haren garapen araudian izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Eskatutako dirulaguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 3. artikuluan ezarritako zenbateko osoa handitu ahal izango da, baldin eta EEIren beste dirulaguntza deialdi batzuk esleitu ondoren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori eskabideen gaineko ebazpena eman aurretik egin beharko da. Adierazitako aldaketaren berri EEIren zuzendariaren ebazpenaren bidez eman beharko da, EHAAn argitaratuko dena.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Ebazpen honetan araututako dirulaguntzak Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (EBAO, L 352 zenb. 2013-12-24) adierazitakoaren arabera arautuko dira –erregelamendu hori Europako Batasunaren Funtzionamendurako Tratatuko 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da–. Dirulaguntza hauek minimis izaera dute; hau da, pertsona juridiko nahiz fisiko batek jasoko duen dirulaguntza osoa ez da 200.000 euro baino gehiagokoa izango, hiru zerga ekitalditan zehar. Diru-kopuru hori baino gutxiagoko dirulaguntzek ez dituzte ez merkataritza eraldatzen ezta lehia baldintzak desitxuratzen ere; hori dela eta, ez dira Europako Batasuneko Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 zenbakiaren aplikazio eremuan sartzen.

Dirulaguntzaren onuradunak dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan jasotako minimis izaerako diru-laguntzen berri eman beharko du eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpena betez, betiere jasotako dirulaguntzek Erregelamenduak adierazitako gehieneko muga gainditzen ez dutela egiaztatzeko asmoz.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Euskara eta euskal kultura sustatzeko eta zabaltzeko laguntzak eta dirulaguntzak.

Arduraduna: Instituto Vasco Etxepare Euskal Institutua/Basque Institute.

Helburua: Etxepare Euskal Institutuak sustatutako laguntzak eta dirulaguntzak eskatzen eta jasotzen dituzten pertsona fisikoen edo persona juridikoen legezko ordezkarien zerrenda bat izatea.

Legitimazioa:

● Tratamendua beharrezkoa da, aplikagarriak diren lege-eginbideak betetzeko.

● Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

● Apirilaren 20ko 3/2007 Legea, Etxepare Euskal Institutua Sortzeko eta Arautzekoa (EHAA 2007-05-10, 89. zkia.).

Hartzaileak: ez da daturik lagatzen.

Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea izango du eskatzaileak, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

Informazio osagarria: hurrengo web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/057300-capa2-eu.shtml

Araudia:

● Datuak babesteko Erregelamendu Orokorra (www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf)

● 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf)

ID: 0573

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar dezakete interesatuek EEIko Zuzendaritza Kontseiluaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Donostia, 2021eko apirilaren 12a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

IRENE LARRAZA AIZPURUA.


Azterketa dokumentala