Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

79. zk., 2021eko apirilaren 23a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2347

125/2021 DEKRETUA, apirilaren 13koa, zeinaren bidez Gaztelugatxeko San Juan, Bermeon (Bizkaia) kokatutakoa, babes bereziko kultura-ondasun deklaratzen baita, Paisaia Kulturalaren kategoriarekin.

Euskal Autonomia Erkidegoak kultura-ondarearen arloko eskumen osoa bereganatu zuen, Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babespean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikulua kontuan hartuta. Hartutako eskumenaz baliatuta, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-intereseko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Kulturako sailburuordeak, Gaztelugatxeko San Juanek duen interes kulturala ikusita, EAEko Kultura Ondarearen Zentroaren Zerbitzu Teknikoek egindako proposamenaren arabera eta arlo horretan aplikagarria den araudian xedatutakoa betez, 2020ko uztailaren 17ko Ebazpenaren bitartez (EHAA, 2020ko uztailaren 27koa, 146. zk.), espedienteari hasiera ematea ebatzi zuen, Bermeon (Bizkaia) kokatuta dagoen Gaztelugatxeko San Juan kultura-ondasun deklaratzeko, Paisaia Kulturalaren kategoriarekin.

Espediente horren administrazio-izapidean, jendaurrean jarri zen espedientea, eta interesdunei entzunaldia emateko epea ireki zen, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 13. artikuluan eta harekin bat datozen gainerako xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Espedientea jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapideak hasi ondoren, honako hauek izan dira alegazioak aurkeztu dituztenak: Bermeoko Udala; Matxitxako Elkartea; SOS Gaztelugatxe Plataforma; Mutriku Natur Taldea; Zain Dezagun Urdaibai Auzo Elkartea; Eider Gotxi Aurtenetxea eta beste 1.933 herritar; Asociación del Santuario de San Juan de Gaztelugatxe elkartea; BakioSOS, Bakio Sostenible elkartea; Bermeoko Udaleko EH Bildu; Bakioko Udala; Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saila eta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila; Bilboko Gotzaindegia eta Bakioko San Pelaio Martiriaren Parrokia; GUZAN Bermeoko Hautesle Elkartea, eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Euskal Autonomia Erkidegoko Itsasertz Mugartea.

Espedientean dauden txosten teknikoen ondoren, alegazioetako batzuk osorik edo zati batean baietsi dira, eta beste batzuk ezetsi, bertan azaldutako arrazoiengatik. Arrazoi horiek ez dira dekretu honetan jaso, asko eta luzeak direlako. Bestalde, zenbait akats eta huts antzeman dira espedienteari hasiera emateko argitaratu ziren testuetan, eta zuzendu egin dira.

Ondorioz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 16 eta 18.1 artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egindako aldeko txostena aztertu ondoren, eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposamenez eta Gobernu Kontseiluak 2021eko apirilaren 13ko bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Kultura-ondasunaren babes-maila.

Bermeon (Bizkaia) kokatuta dagoen Gaztelugatxeko San Juan babes bereziko kultura-ondasun deklaratzea, Paisaia Kulturalaren kategoriarekin, eta dekretu honen III. eranskinean jasotzen den babes-araubide partikularra aplikatzea.

2. artikulua.– Kultura-ondasunaren mugaketa.

Gaztelugatxeko San Juaneko Paisaia Kulturalaren mugaketa dekretu honen I. eranskinean jasotzen denaren arabera ezartzea, eranskin horretan bertan adierazten diren arrazoiengatik.

3. artikulua.– Kultura-ondasunaren deskribapen formala.

Gaztelugatxeko San Juaneko Paisaia Kulturalaren deskribapen formala egitea, dekretu honen II. eranskineko deskribapenarekin bat etorrita, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoaren ondorioetarako.

4. artikulua.– Kultura-ondasun babestua hirigintza-plangintzan sartzea.

Eskaera egitea Bermeoko Udalari (Bizkaia), Gaztelugatxeko San Juaneko Paisaia Kulturala babes dezan udal hirigintza-plangintzan sartuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 47. artikulua betetzeko asmoz.

5. artikulua.– Argitaratzea.

Dekretu hau argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Dekretua jakinaraztea.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak honako hauei jakinaraziko die dekretu hau: Bakio eta Bermeoko udalei; Matxitxako Elkarteari; SOS Gaztelugatxe Plataformari; Mutriku Natur Taldeari; Zain Dezagun Urdaibai Auzo Elkarteari; Eider Gotxi Aurtenetxeari; BakioSOS, Bakio Sostenible elkarteari; Bermeoko Udaleko EH Bilduri; GUZAN Bermeoko Hautesle Elkarteari; Bilboko Gotzaindegiari; Bakioko San Pelaio Martiriaren Parrokiari; Asociación del Santuario de San Juan de Gaztelugatxe elkarteari; Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Euskal Autonomia Erkidegoko Itsasertz Mugarteari; eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari eta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailari, bai eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari ere.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan inskribatzea.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak inskribatuko du Bermeon (Bizkaia) kokatuta dagoen Gaztelugatxeko San Juaneko Paisaia Kulturala Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 23. artikuluan aurreikusita dagoen Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Jabetza-erregistroa.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak dekretu honen berri emango dio jabetza-erregistroari, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 20. artikuluan ezarritakoaren arabera.

XEDAPEN IRAGANKORRA.– Hirigintza-plangintza egokitu aurreko egoera.

Udal-plangintza Gaztelugatxeko San Juaneko Paisaia Kulturalaren dekretu honetan ezarritako aldaketetara egokitu eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak plangintzari oniritzia eman arte, babestutako kultura-ondasunetan egin beharreko esku-hartzeek Bizkaiko Foru Aldundiaren eskumeneko organoen baimena beharko dute, eta baimen hori udal-lizentzia eman baino lehen lortu beharko da, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 33.1 eta 46.1 artikuluek ezartzen duten moduan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoa.

Dekretu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, beronen aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, azken argitalpenaren hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko apirilaren 13an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

I. ERANSKINA
MUGAKETA

Ondasunaren mugaketa.

Gaztelugatxeko San Juan multzoaren barruan sartzen dira Gaztelugatxeko uhartea, zubia, sarbideko zabalgunea –dokumentazio grafikoan zehaztutako mugetaraino– eta multzoari balioa emateko behar den ingurunea. Horrela, bi eremu definitzen dira: lehenengoa, ondare-balio nagusiko eremua da, eta «1. eremua: monumentu-eremua» gisa identifikatzen da; bigarrena, lehenengoari balioa emateko eremua, «2. eremua» gisa identifikatzen da.

2. eremuak itsas esparru bat eta lurreko esparru bat ditu.

2. eremuaren itsas mugaketa Gaztelugatxeko Biotopo Babestuaren mugan oinarritzen da, ekialdean dagoen Aketx uhartetxoa gainditu arte. Han, Artataia eta Potorroatxa harkaitzen arteko eremutik trazatzen da muga. Biotopoko itsaslabarrak mugaketaren barruan sartzen dira.

2. eremuaren lehorreko mugak honako hauek dira: hego-mendebaldean (Bakioko aldean), Bakioko 181. eta 180. landa-finken hego-mendebaldeko muga; Gilbetzorragako San Pelaio auzoko auzo-bidea; Bakioko 86. lurzatiaren ipar-mendebaldeko muga; Bakioko 86. lurzatiaren ekoizpenik gabeko eta beste erabilera batzuetarako eremu gisa erregistratutako eremuen arteko muga; Bakioko 86. lurzatiaren hego-ekialdeko muga; Bakioko 93. lurzatiaren ekoizpenik gabeko eta lur goldagarri gisa erregistratutako eremuen arteko muga; Bakioko 93. lurzatiaren bazkaleku eta lur goldagarri gisa erregistratutako eremuen arteko muga; Bakio eta Bermeo arteko muga administratiboa, eta Bermeoko 565. lurzatiaren iparraldeko muga. Hegoaldean (lehorreko aldean), BI-3101 Bakio-Bermeo errepide zaharraren trazatuak ezartzen du muga. Ekialdeko muga (Bermeo aldekoa) Ermu auzora heltzeko bidearen kanpoko aldeak eta Bermeoko 522. lurzatia zeharkatzen duen mendi-bidearen barruko aldeak –biotopoaren mugarekin topo egin arte– ezartzen dute.

Mugaketaren justifikazioa.

Mugaketak ondasunaren ondare- eta paisaia-balioak ditu oinarri.

Uhartea, haren espazioak eta eraikitako elementuak eta hurbilen dauden sarbideak dira ondare-balio handieneko elementuak, eta, beraz, haiek osatzen dute monumentu-eremua edo 1. eremua.

2. eremua ondasunaren ingurune hurbileko paisaia-balioak babesteko mugatu da; batez ere, uhartetxotik ikusten den itsasertzeko paisaiarenak, ezaugarri horiek balioa eransten baitiote ondasunari. Gune horretan daude, gainera, Gaztelugatxeko San Juaneko ondare immaterialari lotutako interes kulturaleko elementu batzuk, hala nola Urizarretako zelaia edo Begoñako Ama Birjinaren urpeko figura.

(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA

Gaztelugatxeko San Juaneko Paisaia Kulturalaren nortasun kulturala, tokiaren balio historiko-arkitektonikoagatik ez ezik, paisaia-balioengatik, balio materialengatik eta balio immaterialengatik ere nabarmentzen da. Azken horien artean, aberastasun handiko tradizioak daude; batez ere, erlijioaren ingurukoak.

Gaztelugatxeko San Juaneko santutegia izen bereko uharte harritsuaren tontorrean dago. Uhartea, hain zuzen ere, Matxitxako lurmuturraren mendebaldean dago. Uhartea zubi batez dago lotuta lurrari. Tokia edertasun handiko paisaia-ingurune baten parte da, eta nabarmentzekoak dira itsasertzaren ikuspegiak zubiaren bi aldeetara: ekialdean badia dago, Gaztelugatxe eta Aketx uharteekin; eta mendebaldean itsaslabarrak, Bakioranzko bistetan txertatzen diren harkaitzekin.

Gaztelugatxeren berezitasuna arkitekturaren, paisaia naturalaren eta santutegiaren izaera erlijiosoaren arteko sinbiositik dator. Eraikinak bi modutan erlazionatzen dira paisaiarekin: integrazio bidez, zubiaren eta sarbidearen kasuan; eta kontraste bidez, uhartearen profilean nabarmentzen diren eraikinen silueta artifizialen kasuan. Bi kasuetan, arkitekturaren, naturaren eta hierofaniaren arteko elkarrizketa harmonikoa eratzen da.

Santutegira igotzeko bidea sigi-saga doa uhartearen hegoaldeko hegaletik, topografia arrokatsuan primeran integratzen den trazadura organiko batekin. Santutegia material bakarrarekin eraiki zen, inguru hurbiletik lortutako harriarekin, eta eraikuntza-baliabide gutxi batzuekin: harlangaitzezko karelak –errekarriekin edo eskuairatutako harriekin eginak–, koroatze biribilduarekin ura hobeto ebakuatzeko, zarpiatuta edo ez; errekarriekin egindako zoruak, bertikalean kokatutako errekarriekin edo harlanduz egindako gidariekin; harlanduz egindako mailak; ura husteko kanalak, zoladuran integratuta daudenak eta kanpoko hormetan dauden kainu-zuloen bidez hustubidea dutenak.

Bideak lursail naturalarekin duen kota erlatiboaren arabera, toki batzuetan, karelak erdi lurperatuta daude, eta, beste batzuetan, material bereko hormen gainean jarrita, haitz naturalera iritsi arte. Bidearen zabalera 1 eta 1,40 metro artekoa da, eta karelen altuera 0,70 eta 1,55 metro artekoa. Ibilbideak 241 maila ditu guztira. Bidean 1891ko gurutze-bide bat dago; data hori ageri da lehenengo egonaldian.

Hasierako zatian, bidea bi begiko zubi baten gainean dago eraikita. Zubia 2,50 metro zabal eta 50 metro luze da. Zubia harrizko oinarri mailakatu baten gainean dago. Oinarri hori uhartea lur idorrarekin lotzen duen marearteko zabalgunearen gainean dago eraikita. Zubi-begiak 6,25 metro inguruko argia duten erdi-puntuko arkuekin ixten dira. Arku horiek harlanduz daude eraikita. Erdiko zutabearen altuera 8,50 metro ingurukoa da, eta 10 metro luze da, gutxi gorabehera. Erdiko zutabea eta estribua ezpondatuta daude, eta harlangaitzezkoak dira; hormak errekarriekin eginak dira mendebaldean (Bakio), eta eskuairatutako harriekin ekialdean (Bermeo).

Zubira iristeko, plaza txiki bat dago; plaza horri «lehorra-itsasoa plataforma» deituko diogu. Espazio hori apur bat inklinatuta dago kostalderantz, eta, maldaren norabidean, 40 bider 15 metroko neurria du luzetara. Hala ere, perimetro irregularra du, eta plataforma estutu egiten da erdialdean, 10 metro inguruko zabaleraraino. Plataformaren ekialdeko mugaren zati bat (Bermeoranzko aldea) askatu egin zen lursailaren ezegonkortasunagatik; ondorioz, gaur egungo neurriak aurretik zeudenak baino pixka bat txikiagoak dira. Mendi-magalarekin bat egiten duen lekuan, hego-ekialdean, eraikin txiki bat dago, Asociación del Santuario de San Juan de Gaztelugatxe elkarteak erabiltzen duena. Biltegi gisa erabiltzen dute, eta tokiko arrantza-tradizioaren estiloa du. Bermeoko notarioak 1901. urtean emandako irizpen batean jasotako deskribapenaren arabera, mende hasieran, eraikin horrek estalpe handixeago bat ordeztu zuen (28 m2 ingurukoa zen). Estalpe haren lerrokadura biderantz aurreratuta zegoen. Santutegia bisitatzera zihoazen erromesen eta oinezkoen zaldiak gordetzeko erabiltzen zen estalpea, baita materialen biltegi gisa ere, gorako bidean konponketak egin ahal izateko.

Uhartera igotzeko bidearen amaieran, santutegiaren zabalgunea dago. Haren luzetarako ardatza mendebaldetik ekialdera dago orientatuta, eta 45 x 18 metro inguru neurtzen du. Eraikinak, tenplua eta erromesen aterpetxea luzetarako ardatz horren arabera daude kokatuta, haien artean tartea utzita. Sortzen diren espazio libreak bi motatakoak dira: batetik, espazio formal bat dago, barruti sakratua dena; hor sartzen dira eraikinen arteko espazio librea, bai eta hegoalderako korridore zabal bat ere, itsasertzera begira. Espazio horri santutegiaren plaza deituko diogu. Eta, bestetik, bigarren mailako espazioak daude: absidearen perimetroko eta tenpluaren iparraldeko espazioak. Bien artean lotune bakarra dago, eskailera bidez. Eskailera horiek santutegiaren plazaren mendebaldeko muturrean daude, igoera-bideko eskailera-buruaren ondoan. Elkargune horretan, harkaitz-muino txiki bat dago mendebaldean, plazaren barrutitik kanpo. Muino hori uharteko puntu orografikorik altuena da. Hala, zenbait forma nabarmentzen dira bertan: gurutze-bidearen azken-hirugarren egonaldiko hiru gurutzeak eta bandera-masta bat, erromesentzako postontzi baten euskarri dena.

Tenpluak nabe bakarra du, 15 x 8 metrokoa, ekialde-mendebaldera begira. Mendebaldean abside poligonala du; absidearen hegoaldean, sakristia laukizuzen txiki bat; oinaldean egurrezko korua; eta, hegoaldean, egurrezko arkupea. Harlangaitzezko hormak kontrahormekin sendotuta daude. Mendebaldeko eta iparraldeko fatxadak zarpiatuta daude, kontrahormak izan ezik; gainerakoan, harlangaitza agerian dago. Estalkiak hormigoizkoak dira, arkupearena izan ezik, zurezkoa baita. Hala ere, zurezko zertxa eta uhal batzuk mantentzen dira barruan. Isurialdeak bi aldetara daude nabean, bost aldetara absidean, eta alde batera sakristian eta arkupean. Tenpluak bi sarrera ditu; sarrera nagusia nabearen oinaldean dago, ateburua arrosa-leihopean duela. Bigarren sarrera hegoaldeko fatxadan dago, arkupeari begira. Fatxada nagusian, arrosa-leihoa eta sarrera pilastren gainean goratutako erdi-puntuko arku batez daude markoztatuta. Fatxada arku eta kanpai bakarreko kanpai-hormaz dago errematatuta. Kanpai hormak harrizko gurutze bat du gainean. Kanpai-hormaren eta erdi-puntuko arkuaren artean, San Juan Lepogabetuaren erliebe bat dago, zirkuluerdi horzdun batean itxita. Goiko aldean, alboetan, bi inskripzio daude, zeinetan tenplua berreraiki zen urtea (1886) adierazten baita. Fatxada nagusiaren alboak pilastra banarekin daude errematatuta. Pilastra horiek fatxadaren planoa errematatzen duen moldura jarraituarekin koroatzen dira, eta, hain zuzen ere, moldura horrek erlaitz eta kapitel funtzioak betetzen ditu. Hegoaldeko fatxadan, arkupearen gainean, hiru idi-begi daude. Horiek dira, fatxada nagusiko arrosa-leihoarekin batera, nabearen argi-sarrerak.

Erromesen aterpetxea altuera bakarreko eraikina da, oinplano karratukoa. Harlangaitzezko hormak ditu, eta hiru isurkiko hormigoizko estalkia, erdiko hormigoizko zutabe bakar baten gainean eutsia. Plazara begira, hormapikodun fatxada du. Iparraldeko eta ekialdeko hormak kanpotik zarpiatuta daude. Plazatik sartzeko, hiru eskailera-maila jaitsi behar dira, beti irekita dagoen bao dinteldu handi batetik. Baoaren gaineko horma-atalak zurezko bilbadura euslea eta plementeria trinko zarpiatua ditu. Eraikinak, hego-ekialdeko ertzean, kanpoaldeari atxikitako esparru txiki bat du. Eraikinaren jatorria ermita zaintzeaz arduratuko zen sakristau-ermitauaren figura ezarri zen garaikoa da.

Santutegiaren plaza harlangaitzezko karelez mugatuta dago; karel horiek sarbidekoen antzekoak dira, eta, horien behealdean, zati zabaletan, banku moduko takoi jarraitu bat dago, errekarrizko akabera duena. Zorua errekarriz egina dago. Errekarriak partzela karratuetan antolatuta daude, harlanduzko gidarien bidez. Lauzadura irregularreko bi gune daude plazaren hegoaldean eta iparraldean. Gune horietako bakoitzean mosaiko biribil bat dago txertatuta. Mosaikoek bertikalki kokatutako eta errekarriz egindako hondoa dute, eta zuri eta beltzeko irudi bana, itsasontzi bat eta haize-arrosa bat, hurrenez hurren.

Tenpluari lotutako ondare higigarria baselizaren barruan gordetzen diren tailla batzuk dira. Absidean, San Juan Bataiatzailearen buruaren figura bat dago, arrantza-ontzi baten brankan jarrita; XVI. mendeko gotiko estiloko pieza da, zur polikromatuzkoa. Absidearen bi alboetan zenbait tailla polikromatu daude:

– San Pauloren tailla bat, XVIII. mendearen erdialdekoa, rokoko estilokoa.

– Sortzez Garbiaren tailla bat, XVII. mendearen bigarren herenekoa, Alloytiz eskola barrokoaren estilokoa.

– San Juan Bataiatzailearen tailla bat, XVII. mendekoa, estilo herrikoikoa.

– San Pedroren tailla bat, XVIII. mendearen erdialdekoa, rokoko estilokoa.

– Santa Anaren tailla bat, XIV. mendekoa, gotiko estilokoa.

Azkenik, koruan Asisko San Frantziskoren tailla bat dago, XVIII. mendekoa, rokoko estilokoa.

Gaztelugatxeko San Juaneko santutegia ere potentzial arkeologikoko gunea da; izan ere, zenbait zantzuren arabera, esan daiteke haren azpian Erdi Aroko monasterio baten eta hilerri baten aztarnak daudela, eta tokia gaztelu gisa ere erabili zela.

Gaztelugatxeko San Juaneko santutegiak ondare immaterialtzat hartzen diren kultura-adierazpen ugari ditu. Elementu horietako batzuk ahozko kulturari dagozkio soilik (kondairak, ipuinak...), baina adierazpen gehiago ere badaude baselizan eta haren lehorreko zein itsasoko ingurunean. Horien artean, aipatzekoak dira baselizan eta haren inguruan egiten diren erromesaldiak eta jaiak, bereziki Urizarretako zelaian, herritarren artean oso errotuta daudenak. Gaur egun, erromesaldi aipagarrienak San Juan Bataiatzailearen lepo-moztearen egunean (abuztuaren 28a), Ostiral Santuan, San Juan Bataiatzailearen jaiotzaren jaiegunean (ekainaren 24a) eta San Inazio Loiolakoaren jaiegunean (uztailaren 31) egiten dira.

Era berean, nabarmentzekoa da fededunek botozko opariak uzten dituztela baselizan. Opari horiek tenpluko eliztarren elkarteak bildu eta kudeatzen ditu. Ohitura hori, botozko opariena bezala, mantendu egiten da oraindik, zaharkituta gelditu bada ere; eta ondarearen immaterialtasunaren erakusgarri fisikoa da. Noizean behin, Begoñako Ama Birjinaren urpeko tronuratzea egiten da. Tradizio hori ez da oso zaharra, baina ohikoa da egutegian, eta tenpluari lotutako usadio eta ohituren parte da.

III. ERANSKINA
BABES-ARAUBIDEA
LEHENENGO KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Babes-araubide hau Gaztelugatxeko San Juan babes bereziko kultura-ondasun kalifikatzearen parte da, Paisaia Kulturalaren kategorian, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 16. artikulua betez. Araubide honen bidez zehazten dira eremu horretan egin daitezkeen edo egin beharko diren jarduketak eta debekatuta daudenak.

2. artikulua.– Aplikazio eremua.

1.– Babes-araubide honetako aginduak Gaztelugatxeko San Juaneko Paisaia Kulturala osatzen duten ondasun guztiei aplikatuko zaizkie, I. eta II. eranskinetan jasotako deskribapen eta mugaketa grafikoaren arabera.

2.– Espediente honen aurretik Balizko Zona Arkeologiko deklaratu ziren eta Paisaia Kulturalaren mugaketan sartuta dauden eremuak Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 1997ko maiatzaren 29ko Ebazpenean ezarritako babes-araubidearen mende egongo dira. Ebazpen horren bidez, Bermeoko (Bizkaia) Balizko Zona Arkeologikoen deklarazioa egin zen.

3. artikulua.– Zonifikazioa.

Babes-araubide hau aplikatzeko, honako eremu hauek ezarri dira:

1. eremua: «Monumentu-eremua»: Eremu hori osatzen dute Gaztelugatxe uharteak eta hura lurrarekin lotzen duen inguruak, I. eranskineko mugaketa grafikoan ezarritako mugetaraino. Ondare-balio handieneko eremua da. 4. artikuluan definitutako funtsezko balio gehienak biltzen ditu, bai eta 14. artikuluan zerrendatutako monumentu-eremuko kultura-ondasun babestu guztiak ere. Haren mugaketa grafikoa I. eranskinean jaso da.

2. eremua: 1. eremua osatzen duten kultura-ondasunen balioa nabarmentzeko ezinbestekoa den paisaia-eremua da. Babes-eremu horretan sartzen da, bere paisaia-balioengatik eta 4.3 artikuluan zerrendatutako multzoaren funtsezko balio immaterialetako batzuei euskarria emateagatik. Haren mugaketa grafikoa I. eranskinean jaso da.

4. artikulua.– Funtsezko balioak.

1.– Gaztelugatxeko San Juaneko Paisaia Kulturalaren funtsezko baliotzat jotzen dira tokiari garrantzi berezia ematen dioten eta zaindu behar diren balio materialak eta immaterialak.

2.– Paisaia Kulturalaren funtsezko balio materialak arkitektonikoak, arkeologikoak eta paisaia-arlokoak dira. Hauek dira:

– Uhartearen forma naturalen edertasuna. Forma horiei dagokienez, nabarmentzekoak dira uhartearen profila, harkaitz-azaleratzeak eta landaredia.

– Tenpluaren profila, Gaztelugatxeko uhartearen silueta bereizgarriaren gailur gisa.

– Zubiaren eta santutegira igotzeko bidearen arkitektura organikoa, eta ingurune naturalarekin duen lotura harmonikoa.

– Eraikuntza-baliabideen sinpletasuna eta irmotasuna, tokiko harria oinarrizko material gisa erabiltzeagatik bereizten direnak.

– Lurperatutako aztarnak: tenplua, gaztelua eta Erdi Aroko hilerria.

3.– Tokiko eta eskualdeko nortasunean garrantzi eta sustraitze berezia duten kultura-adierazpenek osatzen dituzte Paisaia Kulturalaren funtsezko balio immaterialak. Adierazpen horiek iraganeko gertaeretan eta Gaztelugatxeko San Juanekin lotutako sinesmenetan daude sustraituta. Hauek dira adierazpen horiek:

– Santutegian egiten diren kultu katolikoko ekintzak, tenplu gisa sortu zenetik.

– Gaztelugatxeko San Juanera egiten diren erromesaldiak, eta, haiekin lotuta, tenpluan eta inguruan (Urizarretako zelaian) egiten diren jaiak.

– Gaztelugatxeko San Juanekin lotutako babes-errituak.

– Fededunek duten ohitura tenpluan botozko opariak uzteko.

– Begoñako Ama Birjinaren urpeko tronuratzea.

– Asociación del Santuario de San Juan de Gaztelugatxe elkartearen eta beste zenbait ekintzaren bitartez, fededunek erantzukidetasunez parte hartzeko duten joera.

BIGARREN KAPITULUA
ARAUBIDE OROKORRA

5. artikulua.– Edukia.

Testu honen edukiak Gaztelugatxeko San Juaneko Paisaia Kulturalean egiten diren esku-hartzeetan eta ezartzen diren erabileretan bete beharreko baldintzak finkatzen ditu.

6. artikulua.– Izaera loteslea.

Babes-araubide honetako preskripzioak lotesleak dira, eta Paisaia Kulturalaren babespeko kultura-ondasunak hari lotuta kontserbatu behar dira. Era berean, araubide honetako preskripzioek hirigintza-, lurralde- eta ingurumen-antolamenduko tresnak lotzen dituzte. Tresna horiek araubide honekin bat etorri beharko dute, eta babestutako multzoaren babesa eta kontserbazioa bermatzeko zehaztapenak jaso beharko dituzte, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 47.3 artikuluak xedatzen duenaren arabera. Aipatutako lege-manua betez, tresna horiek kultura-ondarearen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren aldeko txostena izan beharko dute.

7. artikulua.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen esparruan aplikatu beharreko araudi orokorra.

1.– I. eranskinean definitutako Paisaia Kulturalaren mugaketan sartzen diren ondasun guztiak Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean aurreikusitakoaren mende egongo dira, baimen-araubideari, erabilerari, jarduerari, defentsari, zehapenei, arau-hausteei eta gainerako alderdiei dagokienez.

2.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren arabera, Paisaia Kulturaleko kultura-ondasun babestuen jabeek, edukitzaileek eta eskubide errealen gainerako titularrek hirigintzaren eta kultura-ondarearen arloan indarrean dagoen legeriak ezarritako kontserbazio-, zaintza-, babes- eta erabilera-arloko betebeharrak bete beharko dituzte, ondasun horien osotasuna bermatzeko eta haien galera, suntsipena edo narriadura saihesteko.

3.– Paisaia Kulturaleko kultura-ondasun babestuen titularrek beharrezkoa den informazioa eman beharko diete agintari eskudunei edo funtzionario arduradunei, bai eta informazio horretarako sarbidea ere, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea betearazteko. Era berean, berariaz baimendutako ikertzaileei baimena eman beharko diete azterketa egiteko, bai eta bisita publikoa egiteko ere, 6/2019 Legearen 32.2 eta 32.3 artikuluetan adierazitako moduan.

4.– Paisaia Kulturaleko kultura-ondasun babestuak osorik edo zati batean eraisteko, honako hauetan xedatutakoa bete beharko da: Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 51. artikulua eta azaroaren 10eko 306/1998 Dekretua, kalifikatutako eta zerrendatutako kultura-ondasunen aurri-egoeraren deklarazioari buruzkoa eta berauek eraisteko erabakiaren aurretik eta ondoren egin beharrekoei buruzkoa.

8. artikulua.– Esku hartzeko irizpide orokorrak.

1.– Paisaia Kulturalean babestutako kultura-ondasun higiezin eta higigarrien gaineko esku-hartzeetan, bermatu egingo da ondasun horien ezagutza, kontserbazioa, zaharberritzea eta haiei balioa emateko birgaitzea, zientziaren eta teknikaren bitarteko guztien bidez, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 34. artikuluan ezarritako baldintzetan, babes-araubide honetan zehaztu ez den orori dagokionez.

2.– Indarrean dagoen araudi sektoriala betetzera bideratutako esku-hartzeak baimenduko dira, babes-araubide honetan ezarritako jarduera-mugekin eta, betiere, Paisaia Kulturalean babestutako ondasunen kultura-balioak ez kaltetzea bilatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 34.10 artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.– Paisaia Kulturalean egiten diren esku-hartze orotan, 14. artikuluan definitutako ondasun babestuen kontserbazio egokia bermatu beharko da, 4. artikuluan definitutako funtsezko balioei kalterik egin gabe.

4.– Paisaia Kulturala zaborrik, obra-hondakinik edo kondarrik gabe mantendu beharko da.

9. artikulua.– Baimendutako eta debekatutako erabilerak.

1.– Paisaia Kulturalaren babespeko edozein kultura-ondasuni ematen zaion erabilerak bermatu egin beharko du ondasun horien kontserbazioa eta balioa, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen V. eta VI. tituluetako zehaztapenak urratu gabe.

2.– Paisaia Kulturalaren erabilera nagusitzat jotzen dira erlijio- eta kultura-arloko erabilerak, bereziki erromesaldia, atsedena eta paisaia naturalaren kontenplazioa.

Baimenduta dago turismo-erabilera jasangarria eta Paisaia Kulturaleko kultura-balioak errespetatzen dituena, hurrengo puntuan ezarritako baldintzekin.

3.– Paisaia Kulturalaren barruan, ez dira onargarritzat joko 4. artikuluan definitutako funtsezko balioen aurka doazen erabilerak edo 14. artikuluan definitutako kultura-ondasun babestuetan kalteak eragiten dituztenak.

4.– Paisaia Kulturalaren barruan, baimendu egin beharko dira 4.3 artikuluaren arabera funtsezko balio immaterialtzat definitutako kultura-adierazpenak.

10. artikulua.– Dokumentazioaren baldintzak, babestutako ondasunen gaineko esku-hartzeetan.

1.– Paisaia Kulturaleko kultura-ondasun babestuen balioei eragiten dieten esku-hartzeek ondasun horien izaerari eta esku-hartzeari berari egokitutako proiektu tekniko espezifiko bat izan beharko dute, eta ondasunen titularrek proiektu hori aurkeztu beharko diote foru-aldundian kultura-ondarearen arloko eskumena duen sailari, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoaren arabera. Lege horren 46.2 apartatuan aipatzen diren esku-hartzeen kasuan, proiektu teknikoa dagokion udalari aurkeztu beharko zaio.

2.– Paisaia Kulturaleko kultura-ondasun babestuak lehengoratzeko lanak egiteko, horien azterketa-diagnostikoa egin beharko da, ondare arkeologikoari buruzkoa barne. Profesional eta enpresa espezializatuek idatzi beharko dituzte proiektua eta esku-hartzearen memoria, eta beraiek egiaztatu beharko dute proiektua eta memoria berme osoz gauzatu ahal izateko behar den gaitasun teknikoa dutela, eta Paisaia Kulturalaren beharretara egokitutako diziplina anitzeko taldea ere badutela. Nolanahi ere, obrak ondasunaren balioak errespetatzera eta hobetzera mugatu behar dira.

3.– Esku-hartze bakoitza amaitzean, berau egiaztatu eta erregistratzeko, Paisaia Kulturaleko kultura-ondasun babestuen titularrek kasuan kasuko memoria aurkeztu beharko dute Bizkaiko Foru Aldundian kultura-ondarearen arloko eskumena duen sailean.

11. artikulua.– Esku-hartzeak baimentzeko baldintzak.

1.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 33. eta 46. artikuluetan ezarritakoa betez, Paisaia Kulturala osatzen duten ondasun higiezinetan esku-hartzerik egin behar bada edo haien erabilera edo jarduna aldatu behar bada, Bizkaiko Foru Aldundiko kultura-ondarearen arloko eskumena duen organoaren baimena beharko da, udal-lizentziarik eman aurretik, lurralde- eta hiri-antolamenduko planetan edo babes-plangintza berezietan aurreikusitako jardunetan izan ezik, baldin eta Eusko Jaurlaritzako kultura-organo eskudunaren aldeko txostena badute. Kasu horietan, eragindako udalek baimenduko dituzte zuzenean.

2.– Paisaia Kulturaleko babestu gabeko ondasun higiezinak mantentzeko eta konpontzeko jarduketak ez dira esku-hartzetzat hartzen Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen ondorioetarako, eta ez dute aurreko puntuan aipatzen den baimena behar, hargatik eragotzi gabe bestelako administrazio-baimenak behar izatea.

3.– Paisaia Kulturalaren babespeko ondasun higigarrietan esku hartzeko, Bizkaiko Foru Aldundiko kultura-ondarearen arloko organo eskudunaren baimena beharko da.

4.– 1. eta 3. puntuetan zehaztutakoaren arabera baimendutako esku-hartzeetako mantentze-planetan aurreikusitako jarduketek ez dute behar Bizkaiko Foru Aldundiko kultura-ondarearen arloko organo eskudunaren baimenik.

HIRUGARREN KAPITULUA
1. EREMUARI («MONUMENTU-EREMUA») APLIKATU BEHARREKO BABES-ARAUBIDEA.
1. ATALA
BABES-MAILAK, EROSLEHENTASUN ETA ATZERA ESKURATZEKO ESKUBIDEAREN ONDORIOETARAKO KONTUAN HARTUTAKO ONDASUNAK, ETA ONDASUN HIGIGARRIEN LOTURA

12. artikulua.– 1. eremua («Monumentu-eremua») osatzen duten ondasunen babes-mailak.

1. eremua («Monumentu-eremua») osatzen duten ondasunak babes-maila hauetan sailkatuko dira:

– Babestutako kultura-ondasunak. Monumentu-eremuko ondasunak dira, 4. artikuluan definitutako funtsezko balioetako batzuk dauzkatenak, eta, beraz, babes-erregulazio bat behar dutenak.

– Babesik ez duten ondasunak. Interes kulturalik ez duten ondasunak dira, eta beraz, babes-araubiderik behar ez dutenak; halere, horien gaineko esku-hartzeek bermatu behar dute ez dutela eraginik izango babestu beharreko elementuetan. Babes-araubide honetako zerrendetan jasota ez daudenak dira.

– Elementu degradatzaileak. Babestutako ondasunen zatiak dira, 4. artikuluan definitutako funtsezko balioei modu negatiboan eragiten dietenak, eta, beraz, haiek kentzera edo indargabetzera jo behar da, ezinbesteko kasuetan izan ezik.

13. artikulua.– Babestutako kultura-ondasunak. Tipologia.

1.– Babestutako kultura-ondasunak honako tipologia hauetan sailkatzen dira:

– Espazio irekiak.

– Espazio urbanizatuak.

– Ondasun higiezinak.

– Ondasun higigarriak.

– Ondasun arkeologikoak.

2.– Espazio irekitzat hartuko dira beren izaera naturalari eusten dioten eraiki gabeko espazioak.

3.– Urbanizatutzat hartuko dira «monumentu-eremuaren» egitura funtzionalaren parte diren kanpoko espazio eraikiak, hala nola, bideak, zubiak edo plazak.

4.– Espazio ireki, urbanizatu eta ondasun higiezinen tipologian sartzen diren ondasun babestuen mugaketa grafikoa I. eranskinean dago jasota.

14. artikulua.– Babestutako kultura-ondasunak. Zerrendak.

Babestutako kultura-ondasunak dira, tipologiaren arabera ordenatuta, jarraian zerrendatzen direnak.

a) Espazio ireki babestuak:

– Uhartearen eta hark lehorrarekin duen loturaren zati naturalak –arrokak eta landareak–.

b) Espazio urbanizatu babestuak:

– Uhartera iristeko zubia.

– Santutegira igotzeko bidea.

– Santutegiko plaza.

– Tenpluaren absidearen ondoko harkaitz-muinoa.

– Tenpluaren atzealdeko plataforma.

– Lehorra-itsasoa plataforma.

c) Ondasun higiezin babestuak:

– San Juan tenplua.

– Erromesen aterpetxea.

– Lehorra-itsasoa plataformako etxola osagarria.

d) Ondasun arkeologiko babestuak:

– Oraingo tenplua baino lehenagokoen zimenduak.

– Erdi Aroko gazteluaren lekukotasunak.

– Nekropoliaren ebidentziak.

e) Ondasun higigarri babestuak:

– San Juan Bataiatzailearen buruaren figura.

– Santa Anaren tailla.

– Sortzez Garbiaren tailla.

– San Juan Bataiatzailearen tailla.

– San Pedroren tailla.

– San Pauloren tailla.

– Asisko San Frantziskoren tailla.

15. artikulua.– Elementu degradatzaileak. Zerrendak.

Elementu degradatzaileak dira jarraian zerrendatzen direnak.

a) Gune urbanizatu babestuetako elementu degradatzaileak:

– Zoladuran integratu gabeko instalazioak (Bilboko lauza duten kutxatila-estalkiak, nibelatu gabeko zoladurak instalazioen gainean).

– Adreiluzko edo blokezko fabrikak.

– Batez ere tonu okreak dituzten harrizko fabrikak, tokiko harri-fabrikekin kontrastea egiten dutenak.

– Karelen azaleratik kanpora egindako zarpiatuak.

– Ageriko egitura sistemak hegalean.

– Akabera metalikoak hiri-altzarien elementuetan (hesietan eta paperontzietan, besteak beste).

– Babes-araubide honetako 20.6 eta 21.4 artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten barandak eta eskudelak.

– Lehorra-itsasoa plataforman integratzen ez diren hiri-altzariak.

– Zubiaren ekialdeko panel nabarmenegia.

– Lehorra-itsasoa plataformaren ekialdeko ertzaren tratamendua.

b) San Juan ermitako elementu degradatzaileak:

– Kanpoko zarpiatu distiratsuegiak.

16. artikulua.– Eroslehentasun eta atzera eskuratzeko eskubidearen ondorioetarako kontuan hartutako ondasunen zerrenda.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 16. artikuluko h) apartatuan ezarritakoa betetzeko, monumentu-eremuko eroslehentasun eta atzera eskuratzeko eskubidearen ondorioetarako kontuan hartutako ondasuntzat hartzen dira 14.c) eta 14.e) artikuluetan zerrendatutako ondasun babestuak.

17. artikulua.– Ondasun higigarrien lotura.

San Juan tenpluko ondasun babestu higigarriak lotuta geratzen dira, eta soilik lekualdatu ahal izango dira zaharberritze- edo konponketa-lanetarako, aldi baterako erakusketetarako, edo haien babesa edo segurtasuna arriskuan jar dezaketen arrazoiengatik, baldintza horiek eragin dituzten inguruabarrak konpondu arte. Lekualdatzeek, nolanahi ere, jabearen baimena beharko dute, eta, gainera, Bizkaiko Foru Aldundian kultura-ondarearen arloko eskumena duen organoaren nahitaezko txostena izan beharko dute, hark zehaztutako baldintzetan (epeak, lekua eta abar).

Inguruko parrokiek San Juani gordailuan utzitako taillen kasuan, beren lekura itzuli ahal izango dira, alderdiek hala adosten badute eta Bizkaiko Foru Aldundiak haiek lekuz aldatzeko baimena ematen badu, betiere, segurtasun-baldintzak betez.

2. ATALA
GUNE IREKI BABESTUETAN ESKU HARTZEKO IRIZPIDEAK

18. artikulua.– Gune ireki babestuak. Esku hartzeko irizpideak eta baimendu daitezkeen esku-hartzeak.

1.– Gune ireki babestuak dira 14.a) artikuluan adierazitakoak.

2.– Baimena jaso dezaketen esku-hartzeek irizpide hauek bete beharko dituzte:

a) Edozein esku-hartzek guneen izaera naturalari eutsiko dio.

b) Esku-hartzeak tokiko natura-balioetan ahalik eta eragin txikiena izateko irizpideei jarraituz egingo dira.

c) Ez da onartuko eraikin berriak ezartzea, ezta hiri-altzarien elementuak instalatzea ere.

d) Gunea hondakinik, zaborrik edo bestelako isuririk gabe mantendu beharko da.

3.– Eraikitako elementu hurbilen osotasunari eusteko ezinbestekoak diren finkatze-ekintzak baimenduko dira.

4.– Landaredia kudeatzeko esku-hartzeak baimenduko dira, baldin eta tokiko natura-balioak babestearekin bateragarriak badira.

5.– 15. artikuluan zerrendatutako elementu degradatzaileak edo 4. artikuluan definitutako funtsezko balioak kaltetzen dituztenak desagerrarazteko egiten diren esku-hartzeak baimenduko dira.

3. ATALA
ESPAZIO URBANIZATU BABESTUETAN ESKU HARTZEKO IRIZPIDEAK

19. artikulua.– Espazio urbanizatu babestuak. Esku hartzeko irizpide orokorrak.

1.– Espazio urbanizatu babestuak dira 14.b) artikuluan zehaztutakoak.

2.– Natura-ingurunearekin kontrastean, urbanizatutako espazioen izaera gogorra mantenduko da.

3.– Esku-hartze berriak izan dituzten elementuen diseinu tradizionalak lehengoratu ahal izango dira, baldin eta haien benetakotasuna behar bezala egiaztatzen bada.

4.– Zimenduen eraikuntza-ezaugarriak mantenduko dira. Hormetan deskaltzeak eragiten dituzten zuloak errekarrizko harlangaitz-fabrikaz beteko dira. Harriak inguru hurbilean eskuratuko dira, eta itsas giroarekiko erresistentea den morteroa erabiliko da. Flysch motako substratuak erresistentzia galtzen badu, geruza bigunen degradazioaren ondorioz, geruza horiek irizpide beraren arabera bete ahal izango dira. Morteroaren koloreak esku-hartzearen integrazio bisuala bermatuko beharko du.

5.– Eraikuntza-elementuen egonkortasuna bermatzeko hormigoizko egitura-indargarriak egitea ezinbestekoa bada, egitura horiek ezkutuan geldituko dira.

6.– Fabriken eraikuntza-ezaugarriak mantenduko dira. Zuloguneak, edo sekzio- edo material-galerak badaude, lehendik dagoenaren antzeko ezaugarriak dituzten harlangaitzezko fabrikekin leheneratuko dira. Horretarako, erresistentzia mekaniko egokia duen harria, ingurune hurbilean lortutakoa, eta kare-morteroa erabiliko dira. Morteroak horman dagoenaren antzeko kolorea eta ehundura izan beharko ditu. Gargolak egin behar izanez gero, harrizkoak egingo dira –harriaren koloreak hura fabrikan integratzea ahalbidetu behar du– edo metalezkoak (artikulu honetako 8. puntuan jasotako irizpideak betez).

Fabrika berriak lehendik daudenen eraikuntza-ezaugarri berberekin egingo dira.

7.– Hormen akaberen ezaugarriak mantenduko dira. Karelen kasuan, harlangaitz-fabrikak zarpiatu ahal izango dira. Horretarako erabiliko den kare-morteroari harlangaitz-fabrikaren antzeko kolorea ematen dion koloragarria gehitu behar zaio.

8.– Hiri-altzariek, seinaleek, informazio-panelek, barandek, eskudelek, gargolek eta luminariek diseinu integrala izango dute, ingurunearekin harmonizatuko dena eta lekuaren izaera indartuko duena, 4. artikuluko funtsezko balioak kontuan hartuta. Horiek jartzeak ez du eragotziko elementu babestuen protagonismoa eta pertzepzioa.

9.– Instalazioak ahalik eta modu diskretuenean egingo dira, eta erregistroak integratuta geratuko dira. Ahal den neurrian, saihestu egingo da trazadurak harlangaitzezko hormetan sartzea.

10.– Ez da onartuko eraikin berririk ezartzea.

20. artikulua.– Zubia, bidea, gurutze-bidearen muinoa eta santutegiaren plaza. Esku hartzeko irizpide espezifikoak eta baimendu daitezkeen esku-hartzeak.

1.– Elementuen ezaugarri bolumetriko eta espazialak mantenduko dira, nahiz eta bideko hormen trazaduran aldaketa txikiak onartu ahal izango diren, baldin eta aldaketa horiek ezinbestekoak badira horma horien egonkortasuna bermatzeko.

2.– Zoladuren ezaugarriei eutsiko zaie, bai diseinuari bai materialei dagokienez, 18. artikuluko 3. puntua betetzeari utzi gabe. Gurutze-bidearen muinoaren inguruan, diseinua aldatu ahal izango da, nahiz eta materiala (tokiko harria) mantendu beharko den, baita harkaitz-azaleratzeen izaera naturala ere.

3.– Gurutze-bideko errementaritza-elementuak ezin izango dira kendu, eta dagokien lekuan mantendu beharko dira. Haiek lehengoratzeko baimena emango da, oso narriatuta badaude. Haien harrizko oinarriak mantendu egingo dira; horrek ez du eragotziko haiek zaharberritu ahal izatea.

4.– Espazioak elementu arkitektonikoetan integratutako luminarien bidez argituko dira.

5.– Ez da hiri-altzari berririk instalatuko.

6.– Metalezko materialekin eginda instalatzen diren barandek eta eskudelek ahalik eta diseinu arinena izan beharko dute, integratuta geratu beharko dute, harmonikoak eta diskretuak izan beharko dute, eta babestutako kultura-ondasunaren kultura-balioak ahalik eta gehien errespetatuz egin beharko dira.

7.– Esku-hartze hauek baimendu ahal izango dira:

a) Egiturazko indargarriak.

b) Fabrika eratzailea lehengoratu, finkatu eta kontserbatzea.

c) Zola lehengoratzea, sendotzea eta kontserbatzea.

d) Instalazioak kontserbatzea eta eraberritzea.

e) Barandak eta eskudelak jartzea.

f) Errementaritza-elementuak zaharberritzea eta kontserbatzea.

g) Elementu degradatzaileak kentzea.

21. artikulua.– Tenpluaren atzealdea eta lehorra-itsasoa plataforma. Esku hartzeko irizpide espezifikoak eta baimendu daitezkeen esku-hartzeak.

1.– Elementuen ezaugarri bolumetriko eta espazialak mantenduko dira, hargatik eragotzi gabe egokitzapen geometriko txiki batzuk onartu ahal izatea, haien egonkortasuna eta/edo erabilera publikoaren hobekuntza ziurtatzeko.

2.– Tokiko harriekin egindako harlangaitzezko karel berriak eraiki ahal izango dira, lehorra-itsasoa plataformaren muga gisa.

3.– Zoladuraren izaera gogorra mantenduko da. Zoladura gainerako elementu babestuekin harmonizatuta egongo da. Harria erabiltzen bada, harri horrek tokikoa izan behar du, edo antzeko tonua eduki.

4.– Ermitaren atzealdean, metalezko materialekin eginda instalatzen diren barandek eta eskudelek ahalik eta diseinu arinena izan beharko dute, integratuta geratu beharko dute, harmonikoak eta diskretuak izan beharko dute, eta babestutako kultura-ondasunaren kultura-balioak ahalik eta gehien errespetatuz egin beharko dira.

5.– Esku-hartze hauek baimendu ahal izango dira:

a) Urbanizatzeko elementuak kontserbatzea, zaharberritzea edo eraberritzea.

b) Hiri-altzarien elementuak kontserbatzea, zaharberritzea, eraberritzea edo handitzea.

c) Elementu degradatzaileak kentzea.

4. ATALA
BABESTUTAKO ONDASUN HIGIEZINETAN ESKU HARTZEKO IRIZPIDEAK

22. artikulua.– Babestutako ondasun higiezinak. Esku hartzeko irizpide orokorrak eta baimendu daitezkeen esku-hartzeak.

1.– Babestutako ondasun higiezinak dira 14.c) artikuluan zehaztutakoak.

2.– Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren arabera, baimendu egingo dira B kategoriako artapen-zaharberritzean sar daitezkeen esku-hartzeak.

Artapen-zaharberritzearen xedea eraikuntza artatzea eta haren funtzionaltasuna bermatzea da; horretarako, zenbait obra egiten dira, eta obra horiek errespetatu egin behar dituzte eraikinaren elementu tipologiko, formal eta egiturazkoak. Eraikinaren barruan ezin izango da egin elementu horietarako egokia ez den erabilerarik. Esku-hartze horren barruan sartuko dira eraikuntza osatzen duten elementuak sendotzea, zaharberritzea eta berritzea, baimendutako erabileretarako beharrezkoak diren elementu berriak sartzea, eta eranskin degradatzaileak kentzea.

23. artikulua.– San Juan tenplua. Esku hartzeko irizpide espezifikoak eta baimendu daitezkeen esku-hartzeak.

1.– 22. artikuluaren aplikazioaren ondorioetarako, elementu tipologiko, formal eta egiturazko hauek hartuko dira kontuan:

Elementu tipologikoak:

– Nabea, abside poligonala eta sakristia hegoaldean (inguratzailea).

– Korua.

– Arkupea.

– Teilazko estalki inklinatuak.

Elementu formalak:

– Nabearen eta abside poligonalaren forma eraikia.

– Fatxaden forma eraikia.

Egiturazko elementuak:

– Zurezko egitura isostatikoa (partzialki desagertua) eta kontrahormak dituzten karga-horma perimetralak.

2.– 22. artikuluan aipatutakoez gain, honako esku-hartze hauek baimendu ahal izango dira:

– Desagertutako zurezko egitura berreskuratzea.

– Korua eraberritzea, zura mantenduz egituraren eta akaberaren material gisa.

– Tenpluaren barruan, mezak jarraitzeko pantailak eta atabaka elektronikoak jartzea, betiere tenpluaren balio kulturalak errespetatzen dituen diseinu diskretu eta harmonikoa badute, eta, gainera, itzulgarriak badira.

24. artikulua.– Erromesen aterpetxea eta lehorra-itsasoa plataformako etxola osagarria. Esku hartzeko irizpide espezifikoak eta baimendu daitezkeen esku-hartzeak.

1.– 22. artikuluaren aplikazioaren ondorioetarako, elementu tipologiko, formal eta egiturazko hauek hartuko dira kontuan:

Elementu tipologikoak:

– Bolumetria eta kanpoko lerrokadurak.

– Teilazko estalki inklinatuak.

Elementu formalak:

– Fatxaden oinarrizko osaera.

Egiturazko elementuak:

– Zurezko egitura isostatikoa (desagertua) eta harlangaitzezko karga-horma perimetralak.

2.– 22. artikuluan aipatutakoez gain, honako esku-hartze hauek baimendu ahal izango dira:

– Desagertutako zurezko egitura berreskuratzea.

– Barruko espazioak berritzea.

– Fatxadak aldatzea, eraikinaren elementu tipologiko, formal eta egiturazkoak mantenduta. Konposizio-unitatea beti babestu behar da.

– Atzealdea plataformaren mugaraino zabaltzea, lehorra-itsasoa plataformaren etxola osagarriaren kasuan.

5. ATALA
BABESTUTAKO ONDASUN ARKEOLOGIKOETAN ESKU HARTZEKO IRIZPIDEAK

25. artikulua.– Ondasun arkeologikoak. Monumentu-eremuan jarduteko irizpideak.

1.– Babestutako ondasun arkeologikoak dira 14.d) artikuluan zehaztutakoak.

2.– Tenpluaren eta hari dagokion plataformaren eremuan (monumentu-eremua) edozein esku-hartze egiteko, azterketa bat egin beharko da aldez aurretik, orubearen eta eraikinaren balio arkeologikoa zein den jakiteko eta obra-proiektuak izan dezakeen eragina aztertzeko. Bizkaiko Foru Aldundiak ebatziko du kasu bakoitzean azterlan hori aurkeztu behar den ala ez.

Hala badagokio, azterlana egin ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiak proiektu arkeologikoaren beharra eta irismena zehaztuko ditu, eta, hori guztia ikusita, obra-lizentziaren aurreko baimena emango du.

3.– Edozein esku-hartze arkeologiko amaitutakoan, agerian jarritako egiturak eta aztarna higiezinak lekuan bertan integratzea sustatuko da, esku-hartzearen xedea egitura horien kontserbazioarekin bateragarri eginez.

Esku-hartze arkeologikoak beti egongo dira bideratuta inguruan dauden ondasun arkeologikoak dokumentatzera, berreskuratzera eta horiei balioa ematera.

6. ATALA
BABESTUTAKO ONDASUN HIGIGARRIETAN ESKU HARTZEKO IRIZPIDEAK

26. artikulua.– Babestutako ondasun higigarriak. Esku hartzeko irizpideak.

1.– Paisaia Kulturalari lotutako ondasun higigarri babestuak dira, zehazki Gaztelugatxeko San Juan tenpluari lotutakoak, 14.e) artikuluan zehaztutakoak.

2.– Ondasunak osorik kontserbatzea eta horien transmisioa egitea izango da babestutako ondasun higigarrietan zuzenean edo zeharka esku hartzeko irizpide orokorra. Prebentziozko kontserbazioa lehenetsi beharko da zuzeneko esku-hartzeen aurretik, eta narriadurak saihesteko beharrezko baldintzak ezarriko dira.

Jarduteko irizpidea gutxieneko esku-hartzea izan behar da, balio historikoak eta/edo artistikoak ez daitezen aldatu. Beraz, ondasun higigarrien gaineko jarduketa fisikoak behar-beharrezko ekintzetara mugatuko dira, haiek ongi kontserbatu daitezen edo ulertu edo transmititu daitezen.

3.– Zuzeneko esku-hartzeek bateragarritasun-, egonkortasun- eta itzulgarritasun-printzipioak bete beharko dituzte.

4.– Taillen kasuan, jardueren interpretagarritasun- eta ezagutza-printzipioak errespetatuko dira.

5.– Edozein tratamendu edo metodo kontserbatzaile edo zaharberritzaile aplikatu aurretik, dagozkion prebentzio-probak egin beharko dira, tratamendu hori kaltegarria ez dela eta eraginkorra dela egiaztatzeko. Proba analitikoak egitean, laginketak probak egiteko behar-beharrezkoa denera mugatuko dira, eta obran gutxien ikusten diren zatietan egingo dira.

LAUGARREN KAPITULUA
2. EREMUARI APLIKATU BEHARREKO BABES-ARAUBIDEA

27. artikulua.– 2. eremuari aplikatu beharreko esku hartzeko irizpide orokorrak.

1.– Kapitulu honetan araututako esku-hartzeak 2. babes-eremuko lehorreko eremuari eragiten diotenak baino ez dira, eta, Kostaldeei eta Itsas Ingurunearen Babesari buruzko legeriatik eratorritako zehaztapenak betetzeari kalterik egin gabe, kapitulu honetako 28., 29. eta 30. artikuluetan ezarritako zehaztapenen mende geratzen dira.

2.– Eremu honetako itsas eremuan ez da inolako erabilera- eta jarduera-araubiderik ezartzen. Erregulazio hori Ipar Atlantikoko Itsas Mugapeko Itsas Eremua Antolatzeko Planaren bidez gauzatuko da. Plan hori horretarako onartuko da, apirilaren 8ko 363/2017 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz. Antolamendu Plan horrek Paisaia Kulturalaren balioak babesteko ahalegina egingo du, paisaiaren kutsadura akustikoa eta bisuala saihestuz.

28. artikulua.– 2. eremuari aplikatu beharreko esku hartzeko irizpide espezifikoak.

1.– Eremu horretan egiten diren esku-hartzeek eta erabilerek ez diote kalterik eragingo babestutako ondasunen osotasun fisikoari, eta ez dute eragin negatiborik izango 4. artikuluan zehaztutako funtsezko balioetan. Horrez gain, ez dute aldatuko eremuaren paisaia-izaera eta izaera naturala.

2.– Esku-hartzeak paisaia-ingurunearekin integratu edo bateratu beharko dira.

3.– 2. eremuan, eremu hori hondatzen duten elementuak, eraikuntzak eta instalazioak kentzeko esku-hartzeak baimendu ahal izango dira.

4.– 2. eremuak ez du kutsadura bisualik edo akustikorik izango. Mota horretako kutsaduratzat joko da Gaztelugatxeko ermita eta uhartetxoa behatoki edo ikuspegi nagusietatik ikustea eragozten edo desitxuratzen duten edo eremuaren paisaia-izaera aldatzen duten esku-hartzeek, erabilerek edo ekintzek eragindakoa.

29. artikulua.– Urizarretako zelaian aplikatu beharreko esku hartzeko irizpide espezifikoak.

Urizarretako zelaiak belardi izaten jarraituko du, eta bertan saihestu egingo dira eraikuntzako edo nekazaritza zein abeltzaintzako jarduerak, baldin eta Gaztelugatxeko San Juanen erromesaldiei eta jaiei lotutako erabilera publiko tradizionala eragozten edo zailtzen badute.

30. artikulua.– 2. eremuko bideei aplikatu beharreko irizpideak.

1.– Bermatu egingo da 1. eremura oinez heldu ahal izatea Monumentu-eremuko sarrera publikoko puntu nagusietatik (aparkalekuak, autobus-geltokiak eta abar).

2.– Bermatu egingo da 1. eremura oinez heldu ahal izatea, bai Ermuko bidetik, bai Urizarretako zelaitik abiatzen den bidetik.

3.– Artikulu honetako 1. eta 2. puntuetan zehaztutako funtzioak betetzen dituzten bideek ingurunearen izaera naturalera egokitutako eskala eta materialtasuna mantendu beharko dituzte, eta, aldi berean, bermatu egin beharko da 1. eremuan mantentze-lan arruntak egin ahal izatea. Bide horiek, gainera, atsedenlekuak eta begiratokiak izango dituzte, paisaia-inguruneaz gozatu ahal izateko.

4.– 2. eremuko gainerako bideek hertsiki beteko dituzte berez dagozkien auzo-zerbitzuko prestazioak, eta eremuaren natura- eta paisaia-izaera aldatzen duten gaindimentsionamenduak saihestuko dira.

BOSGARREN KAPITULUA
ONDARE IMMATERIALA

31. artikulua.– Ondare immateriala kudeatzeko irizpideak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 57.2 artikuluak kultura-ondasun immaterialei aplikatu beharreko babes-araubideari buruz xedatutakoaren arabera, honako neurri hauek hartuko dira:

a) Erraztasunak eman behar dira 4. artikuluko 3. puntuan aipatzen diren eta euskal tradizioan oinarrituta dauden erlijio- eta kultura-adierazpenak gauzatu ahal izateko, eta saihestu egin behar dira adierazpen horiek egitea eta adierazpen horien herri-izaera arriskuan jar ditzaketen kanpoko eraginak. Beraz, adierazpen horiek sustatu eta bultzatuko dira.

b) Gaztelugatxeko San Juani lotutako ondare immaterialeko elementuen erregistroa, azterketa eta ikerketa sustatuko da.

c) Botozko opariak Asociación del Santuario de San Juan de Gaztelugatxe elkartearen bidez onartuko dira, gaur egun erabiltzen diren eta elkarte horrek onartzen dituen mekanismo tradizionalen bidez. Elkarteak botozko opari horiek deuseztatu eta/edo garbitu ditzake, baina hori egiteko Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Zerbitzuaren aldeko txostena izan behar du, eta haren bidez erabakiko da opari horiek kultura-ondare immaterialaren arloan eskumena duen erakunde batean gorde behar diren, edo fisikoki deuseztatu behar diren, arlo horretan balio kulturalik ez izateagatik.


Azterketa dokumentala