Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

79. zk., 2021eko apirilaren 23a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2344

EBAZPENA, 2021eko martxoaren 13koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Sestaoko eta Valle de Trápaga-Trapagarango udal-mugarteetako Ibarzaharra 06 (AIS IB 06 Ibarzaharra) zerbitzugunearen eta industrialdearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren Aldaketaren Ingurumen Adierazpen Estrategikoa.

AURREKARIAK

Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, 2019ko abenduaren 11ko Ebazpenaren bidez, Sestao eta Valle de Trápaga-Trapagarango Ibarzaharra 06 zerbitzugunearen eta industrialdearen Hiri Antolamenduko Plan Berezian izandako aldaketaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismeneko dokumentua formulatu zuen, bai Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean, bai Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean jasotakoari jarraikiz.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Sestaoko Udalak Planaren jendaurreko informazioaren izapidea bete zuen, plana bera eta haren ingurumen-azterketa estrategikoa 45 egunez jendaurrean jarrita (2020ko urriaren 23ko Bizkaiko Aldizkari Ofiziala), haren eraginpean zeudenek egoki ikusten zituzten alegazioak egin zitzaten, beren interesen defentsan.

Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Sestaoko Udalak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, zeinak aurretik ere kontsultatuak izan baitziren arauaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta 45 eguneko epea eman zien egoki iritzitako txostenak eta alegazioak aurkez zitzaten. Horien ondorioak espedientean daude jasota.

2021eko otsailaren 20an, Sestaoko Udalak Plan Bereziaren Aldaketari buruzko ingurumen-adierazpen estrategikoaren eskabidea osatu zuen, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean zein abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoari jarraikiz. Eskabidearekin batera honako hauek aurkeztu ziren: Ibarzaharra 06 (AIS IB 06 Ibarzaharra) zerbitzuguneari eta industrialdeari buruzko Plan Bereziaren Aldaketa behin-behinean onartzeko dokumentua, haren ingurumen-azterketa estrategikoa eta jendaurreko informazioaren izapidea eta eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei entzunaldia egiteko izapidea azaltzen dituzten zenbait dokumentu.

Sestaoko Udalak ohartarazten duenez, bi alegazio eta zenbait txosten jaso dituzte, administrazio-espedientean jasota geratu diren emaitzarekin eta edukiarekin; gainera, aipatutako alegazio eta txosten horiek kontuan hartu dira Planaren behin betiko bertsioa idazteko orduan.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarri bat sustatzeko.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko eraginen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako planei eta programei ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaie, bai eta haien aldaketei ere, horiek lege- edo arau-xedapen batek beharturik prestatu eta onartu badira, baldin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko etorkizuneko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari.

Halaber, otsailaren 27ko 3/1998 Legeak 46.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, ingurumen-inpaktuaren gaineko baterako ebaluazio bat egin behar da, hau da, ingurumen-ebaluazio estrategiko bat, aipatu legearen I. eranskineko A) apartatuan jasotako planak diren kasuan, baldin eta plan horien artean badaude ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan berezien aldaketak.

Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Sestaoko Udalak bai Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eraman ahal izateko ingurumen-azterketa estrategiko bat egitearen bitartez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita kontsulta publikoak egitearen bidez eta eraginpeko administrazio publikoek eta herritar interesdunek parte hartzeko prozeduraren bitartez.

«Ibarzaharra 06 (AIS IB 06 Ibarzaharra) zerbitzugune eta industrialdearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren Aldaketari» buruzko ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela, indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola eta irismeneko dokumentuan jasotako baldintzak betetzen dituela, ingurumen-adierazpen estrategiko hau jaulki du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, ez da alferrik organo eskuduna Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren eta otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala. Esandako adierazpen horretan, ingurumen arloko alderdiak Planaren proposamenean txertatzearen aldeko balorazioa egiten da, eta Plan horrek ingurumenean eragingo dituen inpaktu esanguratsuen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den Planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla ingurumen-efektuetarako bakarrik.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; urriaren 16ko 211/2012 Dekretua, Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duena; otsailaren 23ko 68/2021 Dekretua, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Sestaoko eta Valle de Trápaga-Trapagarango udal-mugarteetako Ibarzaharra 06 (AIS IB 06 Ibarzaharra) zerbitzugunearen eta industrialdearen Plan Bereziaren Aldaketari (aurrerantzean, Plan Bereziaren aldaketa) buruzko ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzea, honako baldintza hauen arabera:

A) Plan Berezia aldatzearen xedea da Ibarzaharra 06 (AIS IB 06 Ibarzaharra) zerbitzuguneko eta industrialdeko ekoizpenerako lursailak berrantolatzea, bai eta haietarako sarbideak eta barnean izango dituzten bideak ere, aipatutako eremu horren antolamendu xehakatu berri bat proposatzearekin batera.

Ibarzaharra 06 (AIS IB 06 Ibarzaharra) zerbitzugune eta industrialdearen Plan Berezia 2012an onartu zen, eta Sestaoko eta Valle de Trápaga-Trapagarango hirigintzako udal-plangintza Bateragarri egiteko Planean –hau ere 2012. urtean onartu zen– Ibarzaharra eremurako eta haren inguruetarako ezarritako egiturazko zehaztapenak garatzen ditu.

Indarrean dagoen Plan Bereziak industria-erabilerarako 5 lursail antolatzen ditu, eta horien ondoan hirugarren sektoreko erabilerarako 4 lursail daude. Plan Bereziaren aldaketak ekoizpen-erabilerako zenbait lursail biltzen du, tamaina handiagoko lursailak lortzeko asmotan, eta horrek urbanizazioko bideak berriro antolatzea eskatzen du.

Ez da aldatu guztizko hirigintza-eraikigarritasuna (83.815,00 m2 sestra gainean, eta 41.908,00 m2 sestra azpian), ez eta erabilera bereizgarri, bateragarri eta baimenduei egotzitakoa ere.

Bide-eskemari dagokionez, bi komunikazio-ardatz nagusi zehazten ditu: ipar-hego ardatza, bulebar gisakoa, eta ardatz nagusia, ekialde-mendebalde norabidean, Ibarzaharra 04 eremuko bideari segida ematen diona. Bi bide nagusi horiei esker hiru etxadi handi eratzen dira, eta horietako bakoitza ekoizpen-erabilerako zenbait lursailetan banatzen da. Hala, eremua sei azpi-eremu pribatutan antolatuta geratzen da: horietako lauk industriako ekoizpen-erabilera izango dute (SZ_PI 01, 02, 03 eta 04), bat hotel erabilerako azpi-eremua izango da (SZ_RH_01) eta beste bat hirugarren sektore edo bulegotarako azpi-eremu bat izango da (SZ_TO_0). Planak ekipamendu publikorako lursail bat izendatzen du (SZ_SLEP), oraingoz erabilera zehatzik ez duena. Lursailak elkartzeak berarekin dakar jatorrian aurreikusitako bigarren mailako zenbait bide kentzea.

Espazio libreen tokiko sistemaren parterik handiena Ballonti ibaiaren ondoan dago, eta indarrean dagoen plangintzaren aurreikuspenei eusten die. Eremu horren xedea ur-bazterreko landaredia berreskuratzea eta ibai inguruan pasealeku bat sortzea da. Hori bai, azalera murriztu zaio apur bat: 23.734,20 m2 izatetik 21.442,50 m2 izatera. Ballonti ibaiaren ezkerraldeko oinezkoentzako bidea 2 metro zabal izatetik 3 metroko zabalera izatera igaro da.

Beste aldaketa txiki bat hirigintzako eremuaren mugak berriro zehaztea izan da, Ibarzaharra 04 eremuarekin partekatutako bideen diseinua xehetasunez berraztertu izanaren ondorioz. Horrela, aldaketaren ostean, AIS-IB-06 eremuaren guztizko azalera 180.339,92 m2-koa da, eta indarrean dagoen Plan Berezian, berriz, 182.117,23 m2-koa.

Hasieran Ballonti ibaiaren gainean aurreikusitako oinezkoentzako zaldaina atzera bota da eta, Ibarzaharra 06 eremuaren ipar-ekialdeko muturrean, ibaiaren ezkerraldeko espazio libreen azpi-eremuari oinezko eta bizikletentzako sarbidea eman zaio. Eremutik kanpo geratzen da indarrean dagoen Plan Bereziko SLEL (SLEL_04) lursail bakartua.

Osagarri gisa, aldatu egin dira zerbitzu-sareen trazadura (hornidurakoa, saneamendukoa, drainadura, elektrizitatea, etab.), aparkaleku-plazen zuzkidura eta eremu barruan berdeguneek duten kokapena, hain zuzen ere, bideen eta ekoizpenerako lursailen kokapen berrira egokitzeko.

Ez da funtsezko aldaketarik egin, aldiz, ez euri-urak drainatzeko sarean (ibilgura isurtzeko puntuak lehenean mantentzen dira), ez eta saneamendu-sarean (Granada ibaiko intertzeptagailura doana).

Ibarzaharra 06 zerbitzugune eta industrialdeak 180.339,92 m2-ko azalera du, eta Ballonti eta Galindo ibaien ibarrean kokatua dago, Sestaoko eta Valle de Trápaga-Trapagarango udal-mugarteen artean, garai batean Babcock Wilcox enpresaren industria-instalazioek okupatzen zituzten lurretan.

Gaur egun, eremua zabalgune handi bat da, lurrez eratua, non industria-eraikin zaharren hondakin guztiak kendu baitira, azpiko harriak, zimenduak eta erdi lurperatuta zeuden hormigoizko egiturak barne; gainera, lurzoru kutsatuen fokuak ere saneatu dira eta betelanak egin dira, bi helburu nagusirekin: lehen helburua da kutsatuta egon daitezkeen lurrak azalera ateratzea saihestea, lurzoruarekin zuzeneko kontaktuan daudenei arriskuak kentzeko, eta, bigarrena, eremuari altura ematea, Uraren Euskal Agentziak finkatutako kotak lortu eta, modu horretan, etorkizuneko urbanizazioan uholde-arriskuak konpontzeko.

Inguruneko jarduera antropiko handia dela eta, ez da ingurumen-balio nabarmenik hauteman. Plan Bereziaren aldaketaren eraginpeko eremua ez dator bat Natura 2000 sareko naturagune babestuekin, ez eta inbentarioan sartutako beste gune babestu edo natura-intereseko eremu batzuekin ere. Ezta EAEko Korridore Ekologikoen Sareko egiturazko ezein elementurekin ere. Ez du inbentarioan sartutako edo katalogatutako paisaia-baliorik, ez eta Planak erasan lezakeen kultura-ondareko elementurik ere.

Hizpide dugun eremuan ez dago ia landarerik: espezie erruderal eta nitrofiloetara mugatzen da. Horrez gainera, baratzetarako erabiltzen den lursail bat dago, Ballonti ibaiaren ezkerraldean, non espezie inbaditzaileak ere hauteman diren, eta, ibaiertzeko landaredia, Ballonti ibaiaren ertzetan. Azken landaredi-unitate horrek interes ekologiko handia du bai uretako, bai ibaiertzeko habitat egoki bat mantentzeko; bereziki, europar bisoiari eta arrain hiruarantzari begira. Aipatutako espezie horiek, izan ere, kontserbaziorako kudeaketa-planak dituzte Bizkaiko lurralde historikoan.

Eremuaren garapenerako dauden arazo nagusiak uholde-arriskuekin eta lurzoru kutsatuen presentziarekin lotura dutenak dira.

Ingurune hori Uholde Arrisku Handiko Eremuan sartuta dago (ES017-BIZ-IBA-02 UAPGG, Ortuella), eta 500, 100 eta 10 urtean behineko uraldiek urpera dezaketen eremuaren barruan dago. Proiektua garatzeko faseetan, Ibarzaharra Bateragarri Egiteko Plana egin zenetik, Uraren Euskal Agentziak hainbat txosten egin ditu. Txosten horietan adierazten denez, proiektuaren eremuaren uholde-arriskua dela eta, beharrezkoa da urbanizazioko sestrak eta eraikinen beheko solairuak +5,00 kotatik gora kokatzea, eta lurpeko garajeetarako eta sotoetarako sarbideak eta haizebideak +5,63 kotaraino igotzea.

Inguruneak izan duen industria-iragana dela eta, ia eremu osoa kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen inbentarioan sartutako kokalekuen gainean dago (48080-00004, 48084-00029, 48084-00097, 48084-00087 kodeak dituzten lursailak). Nolanahi ere, egin dira lurzoruak saneatzeko obrak, lurzoruaren kalitate-adierazpenari dagokion prozeduraren esparruan. Egindako lanetako bat lurzoruak estaltzea izan da, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak ezarritako baldintzen arabera. Lurzoruaren aipatutako kalitate-adierazpenaren arabera, kokalekua bateragarria da Plan Bereziaren aldaketan aurreikusitako erabilerekin.

Beraz, hartu dira jada neurri egokiak eremuak zituen arrisku nagusiak saihesteko: uholde-arriskua eta kutsatutako lurzoruen presentzia.

Plan Bereziaren aldaketak ez du indarrean dagoen plangintzaren garapenak sortutako ingurumen-inpaktuez bestelakorik sortzen, ez eta ingurumen-inpaktu horiek larriagotzen ere; haren ekintzak, izan ere, etorkizuneko industria-eremuaren barruan garatzen dira, eta bere horretan eusten die Ballonti ibaiaren ertzak lehengoratzeko proposamenei, eremu horretako ingurumen-balio handieneko elementua baita. Plan Bereziaren eragin guztiz positiboa da abandonu-egoeran zegoen eremu bat bere onera ekartzea. Txosten honen xede den aldaketak ez du helburu hori aldatzen.

B) Ingurumen-adierazpen estrategiko hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2019ko abenduaren 11ko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztutako ingurumen-irizpideen integrazioa.

Aipatutako ingurumen-organo horrek emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakonera, xehetasun maila eta espezifikazio gradua bermatuz egin da Planaren ingurumen-azterketa estrategikoa. Planifikazio-prozesua aurrera eramaten den bitartean ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, irizten zaio behar besteko zorroztasunez heldu zaiela ingurumen-izapideetan adierazitako irizpide guztiei.

C) Plana izapidetzen zen bitartean, ez da gehitu ingurumen-ebaluazio estrategikoa zabaltzea eskatzen zuen jarduketa berririk, eta ez da hauteman berriro zehaztu edota kendu beharreko Planaren jarduketarik ere.

D) Indarrean dagoen araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta jarraipenekoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere.

Plan Bereziaren aldaketak eta hura gauzatzeko jarduketek, bestalde, honako zehaztapen hauek ere hartu beharko dituzte:

D.1.– Jabari publiko hidraulikoa babestera eta uholde-arriskuak ahalik eta txikienak izatera bideratutako neurriak.

Eremurako aurreikusitako beharrezko jarduera guztiak aintzat hartuko dira, 500 urtean behineko uraldietatik babestu ahal izateko.

Jabari publiko hidraulikoari –edo harekin lotura duten babes-eremuei (zortasun- eta garbitasun-eremuak) eragin diezaiokeen edozein jarduketak arroko organismoaren aldez aurreko baimena beharko du. Organismo horretan aztertuko dira bereziki lanen ezaugarriak eta eraginak eta, hala badagokio, dagozkion aginduak eta betekizunak ezarriko dira.

D.2.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren Ebazpenarekin bat etorririk, non baliozkoa jotzen baita eta puntualki aldatzen orduko Ingurumen Administrazioaren zuzendari zenaren lurzoruari buruzko kalitate-adierazpena, 2020ko ekainaren 4koa, garai batean Babcock Wilcox Española SA, Tubos Reunidos eta Cementera Ellacuría enpresek okupatutako kokapenari buruzkoa (orain Ibarzaharra 06 deitzen zaiona eta Galindo auzoan dagoena, Sestaoko eta Valle de Trápaga-Trapagarango (Bizkaia) udal-mugarteetan), Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean araututako prozeduraren arabera, esandako lurzoruaren kalitatea bateragarria aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela jotzen da, baina hurrengo neurri hauek hartu beharko dira:

Lursailean aurreikusitako eraikinen eraikuntzari lotutako hondea-lanei ekin aurretik, dagozkion indusketa-planak aurkeztu beharko dira, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritza honek aztertu eta onar ditzan.

Eremuan, lehenik eta behin, betelanak egin dira, kotei altura handiagoa emateko, bi helbururekin: lehenengo helburua da eremuaren kota igotzea, uholdeetatik erator daitezkeen arazoak konpontzeko; eta bigarrena, beharrezko baldintzak ezartzea Ibarzaharra 06 eremua garatzeko aurreikusitako agertokietan arriskurik ez izatea bermatzeko. Esandako estaldura edo betegarri hori azalera guztian mantendu beharko da, gutxienez 0,50 m-ko lodierarekin, eraldatutako lurzorua azaleratzea saihesteko eta, era horretan, lurzorua zuzenean ukitu dezaketen pertsonen arrisku potentzialak ezabatzeko.

Ondorengo edozein obrak 0,5 m-ko gutxieneko estaldura-geruza hori errespetatu beharko du. Urbanizazio- eta eraikuntza-obretan geruza hori ezabatzen bada, hasierako egoerara itzuli beharko da, edo, hala badagokio, arriskuen azterketa berriro egin beharko da, sortutako egoera berriaren aurrean.

D.3.– Zaraten eraginak gutxitzera bideratutako neurriak.

Azkenean, ekipamendu publikorako lursail horrek zaratarekiko sentikorra den erabilera izango balu, azterketa akustiko osagarri bat egin beharko da, behin betiko eraikina kontuan hartuta, lursail horrek izango duen afekzio akustikoa murrizteko egon daitezkeen konponbideak aztertzeko. Era berean, plangintza garatzeko ondorengo faseetan, egokitu egin beharko da egindako azterlan akustikoa, hotel-erabilerarako eta hirugarren sektore/bulegotarako eraikinen azken altura kontuan hartuta.

Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango dira gauzatu garapen berriak kanpoko ingurunean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.

D.4.– Natura-ondarea babestera bideratutako neurriak.

Oro har, landare autoktonoak kentzea saihestu beharko da; bereziki, Ballonti ibaiaren ertzetan berez hazitako landaredi naturala. Horretarako, lanak hasi aurretik, zehatz-mehatz mugatu eta in situ balizatuko dira, lanak egikaritzeko nahitaez moztu beharrekoak ez diren zuhaitz eta zuhaitz-multzo autoktonoak. Gainera, kontserbatu beharreko zuhaitzak behar bezala babestuko dira, sustrai-sistemak kolperik eta kalterik ez izateko.

Kontuan izanik Ballonti ibaiko jarduketa-eremutik gora arrain hiruarantzaren (Gasterosteus aculeatus) presentziari buruzko aipamenak daudela, hurrengo arau honetan ezarritakoa bete beharko da: 186/2008 Foru Agindua, abenduaren 9koa, Bizkaiko Lurralde Historikoan Gasterosteus aculeatus Linnæus, 1758 arrain hiruarantzaren Kudeaketa Plana onesten duena. Era berean, hizpide dugun eremua europar bisoiaren (Mustela lutreola) Babes Bereziko Eremuarekin bat datorrenez, nahitaez bete beharko da Bizkaiko Lurralde Historikoan europar bisoia, Mustela lutreola (Linnaeus, 1761), Kudeatzeko Plana onesten duen ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuan ezarritakoa, galtzeko arriskuan dagoen eta babesteko neurri bereziak behar dituen espeziea baita.

D.5.– Ibai-ekosistema lehengoratzera bideratutako neurriak.

Aurkeztutako lehengoratze-memoriaren arabera lehengoratuko dira ibaiertzak. Ibilguaren ertzen diseinuak aukera emango du landaredi-zerrenda jarraitu bat eratzeko, hala belarkaraz nola zuhaixkaz eta zuhaitzez osatua, errekaren funtzio ekologikoari eusteko beharrezkoa da eta.

Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana, Buddleia davidii edo beste landare inbaditzaile batzuk hedatzea eragotzi edo zailduko duten ekintzak gauzatuko dira. Ildo horretan, bereziki kontrolatu beharko da landare-estalkia lehengoratzeko zereginetan erabiliko diren lurren jatorria, eta, inola ahal dela, ez da erabiliko aipatutako espezie horiekin kutsatuta egon daitezkeen lurrik.

D.6.– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.

Eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, «Eraikuntza jasangarrirako gidan» jasotzen diren ingurumen-neurriak eta jardunbide egokiak erabiliko dira, bai eraikinetako energia-aurrezpena eta efizientzia energetikoa sustatzeko eta bai energia berriztagarrien erabilera bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, honako hauetan izan beharko dute eragina:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrietatik sortutako energia kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

D.7.– Ingurumena babesteko neurri orokorrak aurreikusitako garapena gauzatzen den bitartean.

Aurreikusitako garapenetan, ingurumen-balioei eustea bermatzen duten neurri guztiak aplikatu beharko dira. Bereziki, honako hauek:

– Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obretan eta garbiketa-kanpainan sortutako hondakinak kudeatzeko, hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duena).

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

– Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, ustekabeko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (obrako instalazio osagarriak iragazgaiztea, material xurgatzaileak erabiltzea, etab.).

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta soinu-emisioei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora. Halaber, eguneko lan-ordutegia errespetatuko da.

– Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

E) Ingurumen Jarraipeneko Plana.

Azterlanak ikuskatze-programa bat deskribatzen du, Planaren aplikazio egokia bermatzeko eta, hala badagokio, aurreikusitakoak ez diren beste ingurumen-efektu batzuk hautemateko. Hainbat kontrol proposatzen dira, Planaren esparrukoa den proiektuaren obra-faserako; jarraipen-adierazleen eta atalase-balio jakin batzuen arabera burutu beharreko jarduketa batzuk dira kontrol horiek.

Ezarritako kontrolei lurzoruaren kalitatearen adierazpenean ezarritako lurpeko uren kalitate-kontrolak gehitu beharko zaizkie.

F) Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluaziorako gidalerro orokorrak.

Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta Ingurumen Administrazioaren zuzendariak 2019ko abenduaren 11n emandako Ebazpenaren bidez eginiko irismen-dokumentuan adierazten diren ingurumen-irizpideak.

Bigarrena.– Bi urteko gehieneko epea ezartzea Sestao eta Valle de Trápaga-Trapagarango udal-mugarteetan kokatuta dagoen Ibarzaharra 06 (AIS IB 06 Ibarzaharra) zerbitzugunearen eta industrialdearen Plan Bereziaren Aldaketa onartzeko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik hasita. Epe hori igarota, proiektua onartu ez bada, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituta geratuko da, eta hortik aurrera ez da eraginkorra izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea adosten. Hori guztiori, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Sestaoko Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 13a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala