Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

78. zk., 2021eko apirilaren 22a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2312

EBAZPENA, 2021eko martxoaren 22koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez Zarauzko Alde Zaharreko Birgaitze Plan Berezia aldatzearen gaineko ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita, 1-1 eremuko B etxe-uharteko B.21 eta B.22 exekuzio-unitateei dagokienez.

AURREKARIAK

2020ko abenduaren 17an, Zarauzko Udalak eskabidea osatu zuen ingurumen-organoan, Zarauzko Alde Zaharreko Birgaitze Plan Berezia aldatzearen (aurrerantzean, planaren aldaketa) gaineko ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan, 1-1 eremuko B etxe-uharteko B.21 eta B.22 exekuzio-unitateei zegokienez, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, zenbait agiri aurkeztu ziren, hala nola planaren aldaketaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2021eko urtarrilaren 18an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza zenak kontsulta-izapidea egin zien administrazio publiko ukituei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, izapidearen hasieraren berri eman zitzaion Zarauzko Udalari.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri jarri zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, horretan interesa zuen orok aukera izan zezan ingurumen-arloan egoki zeritzen oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago Zarauzko Alde Zaharreko Birgaitze Plan Bereziaren aldaketa, 1-1 eremuko B etxe-uharteko B.21 eta B.22 exekuzio-unitateei dagokiena; izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin esanguratsurik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planak edo programak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duela, ingurumenerako ondorio esanguratsuak ekar ditzakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago araututa, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren aldaketaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoaren dokumentua zuzena dela eta bat datorrela indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiekin, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Ingurumen-txosten estrategiko horretan, planaren aldaketak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren planaren aldaketa garatu, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoak diren gainerako arau orokorrak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Zarauzko Alde Zaharreko Birgaitze Plan Berezia aldatzearen gaineko ingurumen-txosten estrategikoa egitea, 1-1 eremuko B etxe-uharteko B.21 eta B.22 exekuzio-unitateei dagokienez, jarraian jasotzen diren baldintzetan:

A) Planaren aldaketaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren aldaketaren xedea da B.21 eta B.22 exekuzio-unitateen mugak jabetza-egoerara egokitzea, B.22 exekuzio-unitatearen eraikuntza-profila egokitzea soto-solairu bat gehituz, Dorre Luzea parkearen egungo kotara ekartzea (+8,05 m) hura handitzeko Udalari lagatako eremuaren sestra, eta B.22 exekuzio-unitatean ibilgailuentzako bide-zorra antolatzea, Dorre Luzearen zorupean etorkizunean egongo den espazio publikorako. Jarduketa-eremuak 878 m2 inguruko azalera du.

Aipatu jarduketak gauzatzeko, B.22 exekuzio-unitateko eraikina eraitsi behar da, B.22 unitateko lurzorua induskatu (Dorre Luzea parkearen azpian sestrapeko solairu berria –14 ibilgailurentzako aparkalekua eta erabilera anitzeko eremua– eta ibilgailuentzako bidea egiteko), B.22 unitatean etxebizitza-eraikin berria eraiki (BS+IV profila; 17 etxebizitza) eta B.22 unitateak lagatako lursailekin Dorre Luzea parkea handitu.

B) Planaren aldaketaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertuko dira, planaren aldaketak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1) Planaren ezaugarriak, bereziki hauek kontuan hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, planaren aldaketak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zer neurritan eragiten duen planak beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: planaren aldaketak ez du aldatzen lurzoruaren erabilera (bizitegi-erabilera); B.21 eta B.22 unitateen mugak eta B.22ko eraikuntza-profila bakarrik aldatzen ditu. Eraiste- eta eraikuntza-proiektuen arabera garatuko da; beraz, ez da espero eragin aipagarririk izatea beste ezein plan edo programatan.

c) Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko: planaren aldaketa egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Ez dakar artifizializatu gabeko lurzoru berririk okupatzea, lehendik dauden hiri-garapenetan eragiten baitu. Eraikin berriaren eraikuntzak nabarmen lagunduko du energia-aurrezpena eta -efizientzia lortzeko jardunbideak erabiltzen.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman planaren aldaketa gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari eta, bereziki, kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira eraginpeko eremuarekin lotura duten esku-hartzeak eta jarduerak.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia ezartzeko.

2) Ondorioen eta eragina pairatu dezakeen eremuaren ezaugarriak.

Planaren aldaketaren xede den eremua Zarauzko Alde Zaharrean kokatutako bi hiri-lurzati dira. Alde zaharra babestuta dago uztailaren 12ko 305/1994 Dekretuaren bitartez, zeinak kultura-ondasuneko kalifikazioa ematen baitio Zarauzko alde zaharrari, monumentu-multzoaren kategoriarekin, eta hura babesteko araubidea ezartzen baitu. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak egindako txostenaren arabera, planaren aldaketak proposatzen dituen jarduketak eta identifikatu diren kultur balioen kontserbazioa bateragarriak dira, betiere aipatu dekretuaren 15.2.b artikulua betetzen bada.

Ez da beste ingurumen-baldintzatzaile garrantzitsurik hauteman: planaren aldaketaren xede den eremua Zarauzko hiri-bilbean dagoen lurzoru bat da oso-osorik, eta ez dago natura-interesa duen elementurik. Handik gertu ez dago ur-ibilgurik eta, beraz, ez dago uholde-arriskurik. Gainera, akuiferoen kalteberatasun-maila oso txikikoak dira lursailok, eta ez dago lurzorua kutsa dezaketen jarduerak jasaten dituen edo jasan dituen lurzoru inbentariaturik. Proposatu den jarduketa begi onez ikusten da, izan ere, Birgaitze Plan Bereziaren arabera ingurune historikoarekin bat ez datorren eraikina ordezkatu, eta Dorre Luzea parkea handituko da. Hala, hiri-paisaia hobetuko da.

Aurkeztu den inpaktu akustikoari buruzko txostenaren arabera, jarduera-eremuak, gaur egungo egoeran nahiz etorkizuneko egoeran (20 urtera begira), aztertutako hiru bitarteetan, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita dauden kalitate akustikoko helburuen azpiko soinu-mailak ditu.

Ondorioz, ingurumen-txosten estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasun-neurriak eta aurrerago zehazten diren neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak aplikatuta, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean ondorio esanguratsurik izango dutenik, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

3) Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, planaren aldaketak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Zarauzko Alde Zaharreko Birgaitze Plan Bereziaren aldaketari, 1-1 eremuko B etxe-uharteko B.21 eta B.22 exekuzio-unitateei dagokienez, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik izan ez dakion, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan ezarritakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan jasotakoaren arabera.

– Kultura-ondareari dagozkion neurriak:

Uztailaren 12ko 305/1994 Dekretuan ezarritako zehaztapenak bete beharko dira. Dekretu horrek kultura-ondareko kalifikazioa ematen dio Zarauzko alde zaharrari, monumentu-multzoaren kategoriarekin, eta hura babesteko araubidea ezartzen du. Hala, B.22 exekuzio-unitateko teilatu-hegalak gorago iritsi ahalko dira, baina gutxienez oinarrizko babesa duten inguruko eraikinen altuera gainditu gabe, eta zergatia justifikatuta.

Hargatik eragotzi gabe Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:

Bestalde, urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuak egikaritzeko prozesuan aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Planaren aldaketatik eratorritako obrak gauzatzeko, neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira, besteak beste:

• Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, indusketetatik eratorriak barne.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak.

Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak ezarritakoa bete beharko da (errege-dekretu hori amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitzeko eta murrizteko da), baita martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuak ezarritakoa ere (amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena).

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakinen biltegira eraman, eta indarrean dagoen legediaren arabera kudeatuko dira.

Zarauzko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

• Obrako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

• Paisaia-integrazioa: urbanizazio-obra osagarriak direla-eta landaketak egin behar badira, espezie autoktonoak sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Horretarako, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila zenak sortu zuen.

• Eraikingintzako jasangarritasuna: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriago baterako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida» dokumentuan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Iturri berriztaezinetatik sortutako energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Zarauzko Alde Zaharreko Birgaitze Plan Bereziaren aldaketak, 1-1 eremuko B etxe-uharteko B.21 eta B.22 exekuzio-unitateei dagokienez, ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar.

Hirugarrena.– Zarauzko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ez bada onartzen Zarauzko Alde Zaharreko Birgaitze Plan Bereziaren aldaketa, 1-1 eremuko B etxe-uharteko B.21 eta B.22 exekuzio-unitateei dagokienez. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 22a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala