Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

78. zk., 2021eko apirilaren 22a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2311

EBAZPENA, 2021eko martxoaren 3koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Gernika-Lumoko (Bizkaia) Trenbide Sistema Orokorraren Antolamendu Xehatua Aldatzeko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa egiten duena.

AURREKARIAK

2020ko azaroaren 17an, Gernika-Lumoko Udalak eskabidea osatu zuen ingurumen-organoaren aurrean, Gernika-Lumoko (Bizkaia) Trenbide Sistema Orokorraren Antolamendu Xehatua Aldatzeko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa egiteko, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2020ko abenduaren 10ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien administrazio publiko ukituei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Gernika-Lumoko Udalari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.

Halaber, espedientean jasotako agiriak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Gernika-Lumoko (Bizkaia) Trenbide Sistema Orokorraren Antolamendu Xehatua Aldatzeko Plan Berezia (aurrerantzean Plan Berezia), abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planaren edo programaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar ditzakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago araututa, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau eman du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzeko eta, ondorioz, zehazteko ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bestela, Plana zer baldintzatan garatu behar den ingurumena behar bezala babesteko. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza horretarako organo eskuduna da, hala ezarrita baitago dekretu hauetan: 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; eta 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta, oro har, aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Gernika-Lumoko (Bizkaia) Trenbide Sistema Orokorraren Antolamendu Xehatua Aldatzeko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa egitea, jarraian adierazten den bezala:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Gernika-Lumoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (HAPO) zenbait eremutan banatzen ditu udalerrian trenbide-erabilera duten lurzoruak, lurzoruaren sailkapenaren arabera (hiri-lurzorua, urbanizagarria eta urbanizaezina), eta garraio- eta komunikazio-sistemak kalifikatzeko baldintzak ezartzen ditu. Gernika-Lumoko Trenbide Sistema Orokorraren Antolamendu Xehatua Aldatzeko Plan Bereziaren eremua Gernika-Lumoko trenbide-sistema orokorreko hiri-lurzoruaren tarteari dagokio, eta HAPOk SGVFR-1 nomenklatura esleitu dio eremu horri.

Aipatutako eremuak Euskal Trenbide Sareak (ETS) kudeatu eta Euskotrenek operatzen duen Amorebieta-Bermeo trenbidea hartzen du bere baitan, Gernika-Lumoko hirigunean zehar, hegoaldetik iparraldera doan tartean. Geltoki bat eta bi geraleku ditu hiri-tartean, haiei erantsitako beste instalazio batzuez gain.

Azaldutakoa kontuan hartuta, Plan Bereziaren xedea da etorkizunean trenbidearen hiriguneko zatian egingo diren esku-hartzeak antolatzeko esparrua ezartzea; epe laburrean, Gernikako egungo geltokiaren eta Lurgorri-Gernika geralekuaren instalazioak hobetzea izango da helburua, eta, horretarako, hainbat esku-hartze egingo dira, hala nola itxaron-eremua hobetzea, eta nasa batetik bestera igarotzeko pasabide bat eraikitzea eta igogailuak edo arrapalak jartzea. Aurreikusten diren beste jarduera batzuk hauek dira: eraikin osagarri berri bat eraikitzea, biltegi bat eraistea eta markesinak eraistea edota ordeztea, kotxetegien eraikina handitzea edo lehendik dauden eraikin batzuk handitzea.

Horrela zera lortu nahi da, egungo eraikinen eskasiari irtenbidea ematea, zerbitzuaren funtzionamendua hobetzea, langileen lan-baldintzak hobetzea, eta erabiltzaileen irisgarritasun- eta segurtasun-arazoak konpontzea, trenbide-pasaguneak kenduta. Plan Bereziak proposatzen du ingurunearekin bat ez datozen elementu batzuk (biltegia, komun publikoak) eraistea eta beste batzuk (geltokiaren eraikin historikoa, ETSren kotxetegiak) mantentzea eta hobetzea.

Plan Berezian jasotako zehaztapenek honako hauek baino ez dituzte finkatzen: eraikinen gehieneko lurzati-okupazioa, eremuko gehieneko eraikigarritasuna, baimendutako erabilerak, etorkizuneko eraikinen gehieneko lerrokatzeak eta gehienez har ditzaketen altuerak.

Zehazki, Plan Berezian jasotzen diren proposamenek eta jarduketek eremuan identifikatutako lau azpieremuri eragiten diete, bai eta lehendik dauden eraikin batzuei ere:

– Lurgorri-Gernika geralekuan, bidaiariei arreta emateko zerbitzu propioetarako eraikin bat eraikitzea baimentzen da.

– Gernikako geltokian, eraikin historikoa kontserbatzea planteatzen da. HAPOk babestu egiten du eraikin hori eta Donejakue Bideari atxikitako kultura-ondasuna da (2/2012 Dekretua, urtarrilaren 10ekoa, Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzoa kategoriako Kultur Ondasun Sailkatua izendatzekoa). Beraz, errespetatu egingo da, baina kendu egingo zaio atal erantsia, hau da, billeteak ezeztatzeko instalazioak biltzen dituena: estalkia, egitura eta aurrealdean Geltoki Plazara begira duen altuera ertaineko itxitura partziala.

– 1. eta 3. azpieremuak: Biltegi-eraikina eta komun publikoetarako moduluak ordeztu ahal izango dira, eta eraikin berrietarako bolumen- eta erabilera-mugak zehazten dira. Biltegiaren ordez, bidaiariei zerbitzua emateko beste eraikin bat jarriko da; eraikin horrek geltokiko eraikin historikoarekiko izango duen gehieneko lerrokatzea biltegi zaharrak zuena izango da. 3. azpieremuan baimenduta daude trenbide-garraioari lotutako erabilera osagarri guztiak, langileen beharrak asetzeko, sarearen eraginkortasuna hobetzeko (mantentze-instalazioak, azpiegiturak, etab.) eta eraikinen zerbitzu osagarriak hobetzeko badira.

– Mantendu egingo dira ETSren kotxetegietarako eraikina (markesina kendu eta beste bat eraikiko da), katigamenduen eraikin teknikoa eta transformadorea.

– 4. azpieremua: Kotxetegiak handitzea ahalbidetzen da, bai eta aparkatzeko edo garraioarekin zerikusia duten zerbitzuetarako eraikin bat eraikitzea ere gaur egun ibilgailuak aparkatzeko erabiltzen den azpieremuan.

– 2. azpieremua: Bi nasen artean komunikazio-gune berri bat eraiki ahal izango da; hots, trenbide nagusien bi aldeetan kokatutako eraikuntzak izango dira, eta horiek irisgarriak izateko bitartekoak izango dituzte (igogailua, arrapala...). Trenbideen gaineko espazioa modu seguruan zeharkatuko duen pasabide goratu baten bidez lotuko dira. Horrela, trenbide-pasagunea –gaur egun ekialdeko nasara sartzeko modu bakarra– kendu ahal izango da. Esku-hartze horrek Euskotrenen trenbide-garraioa erabiltzen dutenen irisgarritasuna eta segurtasuna hobetuko ditu.

– Geltokiaren barruko espazio osoan markesinak jarri ahal izango dira, betiere geltokiaren eraikin historikotik babes-distantzia gordetzen bada eta trenbideen espazioa ez bada inbaditzen sektoreko araudiak xedatutako altueran.

Gaur egun, lehendik dauden eraikinek 1.983,08 m2-ko lurzoru-azalera hartzen dute guztira, eta lur-arrasetik gorako 2.104,93 m2-ko sabai-azalera. HAPOren bidez, 5.000 m2-rainoko lurzoru-okupazioa eta lur-arrasetik gora eraikitako sabaiaren 10.000 m2-rainoko eraikuntza-garapena ahalbidetzen dira.

– Plan Bereziaren arabera, etorkizuneko eraikuntzak 4.293,52 m2-ko lurzoru-azalera okupatuko du; beraz, gainerako azalera trenbide nagusien gaineko pasabide goratu gisa erabili ahal izango da; pasabide horren gehienezko lurzoru-okupazioa 706,48 m2 horiei dagokie, gainerako garapenek okupatu daitekeen lurzoru-azalera agortzen badute.

– Plan Berezi honetan baimendutako azalera guztiak eta baimendutako solairu guztiak eraikiko balira, SGVFR-1en sartutako eraikin guztien azalera eraikia 9.013,47 m2-koa izango litzateke. Gainerako azalera trenbide nagusien gaineko pasabide goratu gisa erabili ahal izango da. Haren gehieneko eraikigarritasuna 986,53 m2 izango da, gainerako eraikigarritasun guztiak garatzen badira.

– HAPOn jasotzen den bezala, ez dira zenbatuko altueran dauden itxiturarik eta estalkirik gabeko azalerak, eta, beraz, trenbideen gaineko espazioa zeharka dezaketen pasabide irekiak ez dira zenbatuko eraikigarritasunari dagokionez.

– Plan Bereziak ez du mugatzen lur-arrasaren azpiko solairuen kopurua; zehaztapen hori egitea HAPOri dagokio.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluari jarraikiz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar ote duen zehazteko asmoz.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zer neurritan eragiten dien beste plan edo programa batzuei, hierarkizatuta daudenei barne: planak ez du aldatzen lurzoruaren xedea, honela mantentzen baita: hiri-lurzorua - Gernika-Lumoko trenbide-sistema orokorra; eremuaren hirigintza-antolamendu xehatua baino ez du arautzen, eta udalerriko trenbide-eremuko etorkizuneko esku-hartzeen antolamendu-esparrua ezartzen du. Beraz, ez die eragiten Gernika-Lumoko HAPOren egiturazko gaiei.

Sektorialki, berriz, Plan Berezia Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen eta EAEko Trenbideen Lurralde Plan Sektorialaren zehaztapenetara egokituz idatzi da, eta interes orokorreko obratzat jotzen denez, berau materialki gauzatzeko ez da behar udalaren aldez aurretiko lizentziarik. Laburbilduz, ondoriozta daiteke ez dagoela kontraesanik Plan Bereziaren eta beste plan edo programa batzuen artean.

c) Planaren egokitasuna ingurumen-alderdiak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: irizten zaio Plana egokia dela garapen jasangarria sustatzen duten irizpideak barnean har ditzan. Gehienbat tren-azpiegiturek eta lorategi-eremu txikiren batek okupatutako hiri-lurzoru erabat urbanizatua eta antropizatua antolatzea dakar. Bestalde, eraikin berrietan edo egun daudenak birgaitzeko jarduketetan, energia-eraginkortasuna lortzeko, ura aurrezteko, kontsumo-jardunbide egokiak hartzeko eta abarrerako neurriak ezarriko direnez, jasangarritasuna hobetuko da. Proposatutako jarduketen artean, trenbide-pasagune bat kentzea eta eremuko mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzea daude.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta, ukitutako eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduerak, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europako edo Espainiako ingurumen-arloko legeria ezartzeko, eta, zehazki, lehengaien eta energiaren kontsumoaren, hondakinen, mugikortasun jasangarriaren eta atmosferaren segurtasun eta kalitatearen arlokoa (atmosferarako gasak, zarata, argiztapena...).

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak.

Plan Bereziaren xede den eremua Gernika-Lumoko HAPOko trenbide-sistema orokorraren hiri-tarteari dagokio. Eremu horretan sartzen da Amorebieta-Bermeo trenbidea, Gernika-Lumoko hirigunean zehar hegoaldetik iparraldera doana, bai eta trenbide horri atxikitako azpiegiturak ere: geltoki bat eta bi geraleku, kotxetegiak, biltegiak eta transformadore bat. Beraz, hiri-lurzoru bat da, erabat urbanizatua eta antropizatua, eta interes bereziko balio naturalik gabea.

Hala eta guztiz, badira Planaren eragin-eremuan kontuan hartu beharreko alderdi azpimarragarri batzuk. Hauek, hain zuzen:

– Planaren eremua ez dator bat Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuak xedatutakoaren arabera babestu beharreko naturagune babestuekin. Hala ere, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren lurralde-eremuaren parte da (Urdaibaiko Biosfera-Gebenaldea Babestu eta Antolatzeari buruzko uztailaren 6ko 5/1989 Legean zehaztua, zeina urriaren 31ko 15/1997 Legearen bidez aldatu baitzen).

Gune horretan indarrean dagoen Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planaren (EKZP) arabera (irailaren 27ko 139/2016 Dekretua), Planaren eremua Udal Hirigintza Plangintzak Antolatu Beharreko Eremu (HUPA) gisa identifikatzen da.

– Planaren eremua Oka ibaiaren Unitate Hidrologikoan kokatzen da, eta ibaiaren ibilgua eremu horren ekialdetik 250 metro ingurura dago. Planaren eremuaren zatirik handiena aipatutako ibai-ibilguaren lehentasunezko fluxu-eremuaren barruan dago, eta eremu horrek uholde-arriskua du, 100 urteko errepikatze-denborako uraldiak baititu; kotxetegien inguruko eremu txiki batek 10 urteko errepikatze-denborako orbanarekin egiten du muga; hori guztia Kantauri Ekialdeko Mugape Hidrografikoko EAEko barne-arroen eremuko arrisku- eta uholde-arriskuaren mapen arabera. Eremu hori, zehazki, Okaren Uholde Arrisku Handiko Eremuaren (UAHE) parte da (ES017-BIZ-OKA-01 kodea); horrenbestez, eremu horrek arrisku hori arintzeko neurrien programa bat du. Ildo horretan, Ingurumen Dokumentu Estrategikoaren arabera, Gernikako Udalak eta Uraren Euskal Agentziak (URA) lankidetza-hitzarmen bat dute, eta, bertan, besteak beste, egiturazko neurriak jasotzen dira lurzati mugakideetan uholde-arriskua murrizteko.

– Planaren eremua Gernika Sektoreko Interes Hidrogeologikoko Eremuaren barruan sartuta dago. Azpiko akuiferoa Gernikako lurpeko ur-masari dagokio; eremuak akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handia du, eta iragazkortasun ertaina porositatearen ondorioz.

– Plan Bereziaren eremu osoa Gernikako Unitate Hidrogeologikoaren babes-perimetroan sartuta dago. Babes-perimetro hori Uren zuzendariaren 2004ko azaroaren 21eko Ebazpenaren bidez izendatu zen, eta Ibarra, Eusko Trenbideak eta Ajangiz-A harguneak babestea du helburu. Lurpeko ur-hargune horiek Gernika-Bermeo eskualdea urez hornitzeko dagoen iturririk garrantzitsuenetako bat osatzen dute. Ebazpen horrek zenbait babes-eremu ezartzen ditu, eta zorrotzena «1. eremua edo Aldameneko Babes Eremua» izenekoa da. Haren bidez, hartunea eta instalazioak babestu nahi dira eguraldi txarretik, animaliengandik eta gizalegerik gabekoengandik, eta, era berean, neurriak hartu nahi dira hartuneko obrak eta lursailak elkar ukitzen duten tokian zuzeneko infiltraziorik eta isurketarik egon ez dadin.

«Aldameneko Babes Eremuetako» bat (Eusko Trenbideak zundaketa) Plan Bereziaren eremuan dago; 27 m2-ko lau angeluko poligono bat da, eta bat dator ETSk Busturialdeko Ur Partzuergoari egindako erabilera-lagapenaren xede den lursailarekin. Uren zuzendariaren 2004ko azaroaren 21eko Ebazpenak babes-eremuen barruko erabileren erregulazioa ezartzen du. Gai hori kontuan hartu behar da ebazpen honen xede diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ezartzerakoan.

– Planaren eremuaren zati bat lurzorua kutsa dezaketen jarduerak jasan dituzten lurzoruen inbentarioan jasota dago, zehazki, kotxetegien eraikina eta aparkaleku-eremua, 48046-00147 kodearekin. Guztira 3.602,94 m2-ko eremua da, eta bertan jardutea aurreikusten da (kotxetegiak handitzea eta aparkatzeko edo horrekin lotutako zerbitzuak emateko eraikin bat eraikitzea).

– Gernikako geltokiko eraikin historikoa Gernika-Lumoko HAPOko kultura-intereseko elementu eta eraikinen katalogoan sartuta dago. Gainera, Donejakue Bidea osatzen duen monumentu-multzoari atxikitako eraikina da, eta, beraz, urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretuak –Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzoa kategoriako Kultur Ondasun Sailkatua izendatzekoak– eta maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak –Euskal Kultura Ondareari buruzkoak– xedatzen duena aplikatuko da.

Testuinguru horretan, Plan Bereziak planteatzen dituen jarduketen ingurumen-ondorio nagusiak eraikinak eta beste eraikuntza-elementu batzuk eraisteko faseari lotuta egongo dira, eta, ondoren, elementu berriak egiteari (eraikinak, pasabideak, estalkiak, etab.). Beraz, obren fasean izango dira ingurumen-ondorio negatibo garrantzitsuenak, honako hauekin lotutakoak: eraispenak eta obrek sortutako hondakinak, makinen mantentze-lanak, azaleko eta lurpeko urei eta atmosferari egindako erasana, zarata, eta herritarrei eragindako eragozpenak. Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak jasan dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lursail batean esku hartu ahal izateko, jarraipen berezia egin beharko da, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak behar bezala kudeatu daitezen.

Plan Bereziko aurreikuspenak gauzatu ondoren, planari atxikitako tren-azpiegituren kalitatea nabarmen hobetzea espero da. Helburua da instalazio horien titularrak trenbide-garraioaren erabiltzaileei ematen dien zerbitzuak hobeto funtzionatzea eta langileek lan-baldintza hobeak izatea, bereziki irisgarritasun-, mugikortasun- eta segurtasun-arazoak konpontzeari dagokionez eta hiri-paisaiaren kalitateari dagokionez.

Edonola ere, ingurumen-ondorioak balioztatzeko, egungo egoera hartuko da erreferentziatzat. Ildo horretatik, Planak barnean hartzen dituen jarduketek ez dakarte berekin artifizializatu gabeko lurzoruaren azalera gehiago okupatzea, ez eta egungo ingurumen-baldintzak nabarmen aldatzea ere, baldin eta gauzatzen diren jarduketak eta ekintzak, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari (ura, lurzoruaren poluzioa eta kalitate atmosferikoa barne), kultura-ondareari eta paisaiari dagokienez indarrean dagoen araudiari jarraikiz egiten badira.

Ondorioz, Plan Bereziaren eta ukitutako ingurunearen ezaugarriak kontuan hartuta, eta ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen zuzenketa-neurriak eta jasangarritasun-neurriak eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak aplikatuta, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean ondorio esanguratsurik izango dutenik, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Plan Bereziak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan, eta Gernika-Lumoko (Bizkaia) Trenbide Sistema Orokorraren Antolamendu Xehatua Aldatzeko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan ezarritakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera.

Planeko proiektuak gauzatzeko hartu beharreko beste neurri batzuk hauek dira:

Azaleko eta lurpeko urak babesteko neurriak.

– Plan Bereziko proposamenen ondoriozko erabilera eta jarduera guztiak, eraispen- eta eraikuntza-proiektuak, urbanizazio-proiektuak eta, oro har, Plan Bereziaren ondoriozko edozein jarduera gauzatzean zorroztasunez bete beharko da Uraren zuzendariaren 2004ko azaroaren 21eko Ebazpenean xedatutakoa (Ebazpen horren bidez erabaki zen Gernikako Unitate Hidrogeologikoaren babes-perimetroa izendatzea, Ibarra, Eusko Trenbideak eta Ajangiz-A ur-hartuneak –Bizkaia– babesteko).

Ebazpen horretan zehazten diren gainerako xedapenei kalterik egin gabe, bereziki bete beharko dira Plan Bereziaren eremuan dagoen Eusko Trenbideak zundaketaren «Aldameneko Babes Eremuari» buruzko erregulazioak. Ildo horretan, Uren zuzendariaren 2004ko azaroaren 21eko Ebazpenaren II. eranskineko erabilera eta jardueren matrizean aldameneko babes-eremu horretarako (1. eremua) ezartzen den erabilera eta jardueren erregulazioa errespetatu beharko da.

– Era berean, Plan Bereziaren eremuan gainerakoan –2. eremutzat edo «babes fisikoko eremutzat» jotzen da–, 2004ko azaroaren 21eko Ebazpenaren II. eranskineko matrizeko erabilera eta jardueren erregulazioak aplikatu behar dira, 2. eremu horri dagozkionak.

Aurrekoarekin bat etorriz, eta ebazpen horretan xedatutakoari jarraikiz aplikatzekoak diren beste arauketa batzuk alde batera utzi gabe, Plan Bereziaren ondoriozko eraikuntza-erabilerak eta azpiegituren eta ekipamenduen eraikuntza administrazio hidraulikoaren baimenaren mende egongo dira. Administrazio hidraulikoak zehaztuko du jarduera horiek zein baldintzatan egin ahal izango diren, Gernikako akuiferoa babesteko.

Uholde-arriskuarekin lotutako neurriak.

– Arrisku horri dagokionez, eta Uren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 25.4 artikuluan jasotzen den txostena egitean administrazio hidrauliko eskudunak ezartzen duenari kalterik egin gabe, Plan Bereziak kontuan hartu beharko ditu, alde batetik, urtarrilaren 8ko 1/2016 Errege Dekretuaren I. eranskineko VII. kapituluan ezarritakoa (Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Espainiako zatiko Plan Hidrologikoaren arau-xedapenak), eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren E.2 atalean jasotzen dena (uholdeetatik babesteko berariazko araudia).

Zehazki, Plan Bereziaren eremuari aplikatzekoak dira aipatutako Plan Hidrologikoaren araudiko 41. artikuluan eta aipatutako Lurralde Plan Sektorialaren E.2 atalean ezarritakoa, bai eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduko 14.bis artikuluan xedatutakoa ere.

Aurrekoari dagokionez, eta Plan Hidrologikoaren 41. artikuluko 2. apartatuak ezartzen duen bezala, Plan Bereziaren eremua Jabari Publiko Hidraulikoaren polizia-eremutik eta itsas-lehorreko jabari publikoa babesteko zortasun-eremutik kanpo dago, eta, beraz, lurralde-antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskumena duten administrazioei dagokie aipatutako 41. artikuluaren 1. apartatuan aipatzen dituen mugak betetzen direla zaintzea.

Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

– Planaren eremua bat dator lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioko kokaleku batekin. Horrenbestez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 23. artikuluan xedatzen duena betez, arau horretan adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, ingurumen-organoak ebazpen bidez adierazi beharko du lurzoruaren kalitatea, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legeak araututako prozedurari jarraikiz.

– Alde horretatik, ebazpen horretan ezartzen diren erabilera-mugak bete beharko dira. Ebazpena, bestalde, honako hauek baino lehen eman beharko da: lurzorua kutsa dezaketen jarduera edo instalazioren bat izan dituzten edo dituzten lursailen antolamendu xehatua jasotzen duten hirigintza-bitartekoak behin betiko onartu baino lehen, edo bitarteko horiek aldatu baino lehen, eta, ahal dela, prozedura horien hasierako faseetan. Hala ere, kokaleku horretan guztian edo zati batean lurzoruaren kalitatea ikertzea eragozten duten inguruabarrak gertatzen badira, kasuan kasuko antolamendu-bitartekoa behin betiko onartu ahal izango da, lurzoruaren kalitatearen deklaraziorik gabe. Kasu horretan, Hirigintzako Ekintzen Programari hasierako onespena eman aurretik egin beharko da adierazpen hori; edo, horrelako programarik ezean, lekua barne hartzen duen kudeaketa-esparruko birpartzelazio- eta urbanizazio-proiektuei hasierako onespena eman aurretik.

– Nolanahi ere, Plan Bereziaren eremuan obrak egin bitartean lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin bat etorriz jardungo da.

Kultura-ondareari dagozkion neurriak.

– Kultur Ondareari dagokionez, Plan Bereziak Gernikako geltokiko eraikin historikoan esku hartzea aurreikusten du, higiezinari ondare-balioa kentzen dioten elementuak kenduz; beraz, esku-hartze positibotzat jotzen da kultura-ondarea babestearen ikuspegitik. Nolanahi ere, Donejakue Bidea osatzen duen monumentu-multzoari atxikitako eraikina denez, aplikagarriak zaizkio urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretuaren zehaztapenak –Dekretu horren bidez Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzoa kategoriako Kultur Ondasun Sailkatua izendatzen da–, bai eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean aurreikusitakoa ere.

– Aurrekoa galarazi gabe, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa betez, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritzari; gero, beharrezkoa izanez gero, hark erabakiko du zer neurri ezarri.

Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk.

Bestalde, plana gauzatzearen ondoriozko jarduketak garatzeko fasean, kontuan hartu behar diren neurrien artean, honako hauekin lotutakoak aplikatuko dira: obretako jardunbide egokiak, lurzoruaren okupazioa, lurren eta soberakinen kudeaketa, hondakinen ekoizpena eta kudeaketa, induskatutako lurzoruen kontrola eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa. Besteak beste, honako hauek nabarmentzen dira:

– Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, gehieneko okupazio-azalera, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea eta ez botatzea, olio-isuriengatik edo lur-arrasteengatik lurzorua edo urak kutsatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariaz aplikatu behar zaizkien arauetan xedatutakoa beteko da.

– Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan (eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena) xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak ezarritakoa bete beharko da (errege-dekretu hori amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitzeko eta murrizteko da), baita martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan jasotakoa ere (amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena).

– Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko da (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

– Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

– Obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakinen biltegira eraman, eta indarrean dauden legeen arabera kudeatuko dira.

– Gernika-Lumoko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Aurreko ataletan zehaztutako azaleko eta lurpeko urak babesteko neurriak alde batera utzi gabe, beharrezko prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obren fasean, eta arreta handiz jokatuko da ustekabeko isurketek kalterik ez eragiteko, bereziki makinen mantentze-lanetan: Obrako makinen parke gisa erabiltzen den lurrazala eta horren mantentze-eremua drainatze naturaleko saretik isolatuko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

– Ez da obrako instalazio lagungarririk jarriko (batez ere makineria-parkea eta garbigunea), errepikatze-denbora desberdinetako uholde-eremuen eraginpeko lekuetan.

– Obrako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegi bat errespetatuko da.

– Kamioiek obran sartzeko edo obratik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira, presiozko ura, erratz-makinak edo, hala badagokio, dekantazio-putzura konektatutako gurpilak garbitzeko gailuak erabiliz.

– Lorategiz hornitzeko jarduketetan, bertako biodibertsitatea sustatzera bideratutako jarduketak sustatuko dira, iraunkortasun-irizpideak lehenetsiz eta espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murriztuz. Horretarako «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.

– Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana, Buddleja davidii eta Pterocarya x rehderiana. Gainera, kontrol-neurriak hartu beharko dira landare-espezie inbaditzailerik ez dadin sartu mugitutako eta landaredirik gabeko lursailen bidez (prestatutako gainazaletan segituan landatzea eta ereitea, landare-lurren pilaketen babesa, eta abar). Horretarako, urbanizatu beharreko azalerak landareztatu eta lorategiz hornitzeko mailegu-materialen eta landare-lurraren jatorria eta osaera kontrolatuko dira. Era berean, espezie horien propaguluak izan ditzakeen landare-lurraren kudeaketa bereizia proposatuko da.

– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida» argitalpeneko gomendioak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Gernika-Lumoko (Bizkaia) Trenbide Sistema Orokorraren antolamendu xehatua aldatzeko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Gernika-Lumoko Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Gernika-Lumoko (Bizkaia) Trenbide Sistema Orokorraren Antolamendu Xehatua Aldatzeko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 3a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala