Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

77. zk., 2021eko apirilaren 21a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
2295

AGINDUA, 2021eko apirilaren 13koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, etxebizitza libreak alokatzeko laguntzak arautzen dituena eta laguntza horietarako deialdia egiten duena 2021eko ekitaldian, COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren ondoriozko kalteberatasun ekonomiko eta sozialari aurre egiteko.

2020ko apirilaren 30ean, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren agindu bat onartu zen, etxebizitza libreak alokatzeko laguntzak arautu eta horien deialdia egiten duena, ohiko etxebizitzen errentariei alokairu libreko laguntzak emateko, baldin eta, COVID-19aren eragin ekonomiko eta sozialaren ondorioz, alokairua osorik edo zati batean ordaintzeko arazoak badituzte, eta, beraz, egoera kalteberan badaude.

Era berean, agindu horrek laguntza osagarriak ematea arautzen du, hain zuzen ere bizileku-irtenbide bat emateko genero-indarkeriaren biktimei, beren ohiko etxebizitza utzarazi zaien pertsonei, etxerik gabeko pertsonei eta egoera bereziki kalteberan dauden beste pertsona batzuei, edo, pertsona horien kontura, administrazio publikoei, enpresa publikoei eta irabazi-asmorik gabeko, elkarlaneko ekonomiako edo antzeko erakundeei, betiere irabazi-asmorik gabe, zeinen helburua baita pertsona horiei bizileku-irtenbide bat ematea; laguntza horietan, ez da eskatzen haien egoera COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren ondorio izatea. Bi laguntzek, programa nagusiak eta programa osagarriak, 2020ko irailaren 30era arteko epea zuten eskabideak aurkezteko.

Egun horretarako, osasun-krisiaren ondorio ekonomiko eta sozialek hobera egitea espero zen. Hala ere, ez pandemia ez etxebizitza libreak alokatzeko laguntzek arindu nahi dituzten kalteberatasun-egoeretan pandemia horrek duen eragina ez ziren aldatu aurreikuspenen arabera, eta, horregatik, ondorio horiek arintzeko, eskaera-epea luzatu zen, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2020ko irailaren 22ko Aginduaren bidez, 2020ko abenduaren 31ra arte.

Aipatzekoa da maiatzetik abenduaren erdialdera 3.250 eskaera baino gehiago egon direla, eta 2020. urtearen amaieran aurreikusitako eragin ekonomikoa 3 milioi eurokoa izango dela emandako laguntzetan. Horrek erakusten du, alde batetik, laguntza horiek onarpen handia izan dutela balizko hartzaileen artean, eta, bestetik, laguntza horiek beharrezkoak direla.

COVID-19aren egoera epidemiologikoaren bilakaera dela eta, 2020ko azken hiruhilekoan onartu dira, estatu mailan, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretua, alarma-egoera deklaratzen duena, eta azaroaren 3ko 956/2020 Errege Dekretua, alarma-egoera luzatzen duena. Euskal Autonomia Erkidegoan, testuinguru horretan, urriaren 26ko 36/2020 Dekretua onartu da (lehendakariaren azaroaren 6ko 38/2020 Dekretuak, azaroaren 20ko 39/2020 Dekretuak eta abenduaren 1eko 42/2020 Dekretuak aldatuta), eta, horietan guztietan, hainbat motatako neurriak hartu dira, COVID-19aren hedapenari aurre egiteko.

Aurreikuspenen arabera, COVID-19a sortzen ari den egoeraren ondorio ekonomikoek eta sozialek iraun egingo dute 2021. urtean, pertsona askorengan kalteberatasun-egoerak sortuz, bai ekonomikoki, bai sozialki, eta, kasu askotan, kalteberatasun-egoera horiek larriagotuz, pandemiaren iraunkortasunaren edo iraupenaren ondorioz.

Horregatik guztiagatik, beharrezkotzat jotzen da kalteberatasun-egoeran dauden pertsonek etxebizitza libreak alokatzeko laguntzak eskuratzea edo jasotzen jarraitzea.

Agindu honek aukera ematen du 2021erako beste deialdi baten bidez laguntzak eskuratu ahal izateko, eta irekita egongo da bai lehen aldiz parte hartzen dutenentzat bai 2020ko deialdian onuradun izan zirenentzat, betiere kalteberatasun-egoeran jarraitzen badute. Arauketa ia aurrekoaren berdina da, inguruabarrek behartutako xehetasunak izan ezik.

Ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak emandako eskumena baliatuz, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuari dagokionez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da ohiko etxebizitza librearen errentariei alokairurako laguntzak emateko 2021eko ekitaldiko deialdia egitea eta oinarri arautzaileak ezartzea, baldin eta, COVID-19aren eragin ekonomiko eta sozialaren ondoren, alokairua osorik edo zati batean ordaintzeko arazoak badituzte.

2.– Laguntzen xedea da, halaber, errentariek finantza-laguntza iragankorrak, mailegu gisakoak, itzuli ahal izatea banketxeei, martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege Dekretuaren 9. artikuluan jasotakoak (11/2020 Errege Lege Dekretua, gizarte- eta ekonomia-arloan presako neurri osagarriak ezartzen dituena COVID-19ari aurre egiteko).

3.– Laguntzak helburu jakin baterako dira, eta, beraz, ezin izango dira erabili alokairu-errenta ordaintzea edo finantza-laguntza iragankorrak –mailegu gisakoak– osorik edo zati batean kitatzea ez den beste ezertarako. Horiek COVID-19ari aurre egiteko gizarte- eta ekonomia-arloko presako neurri osagarriak ezartzen dituen martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege Dekretuaren 9. artikuluan daude araututa.

4.– Agindu honen xedea da, halaber, laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzea eta deialdia egitea, honako hauei bizileku-irtenbidea emateko: genero-indarkeriaren biktimei, beren ohiko etxebizitza utzarazi zaien pertsonei, etxerik gabeko pertsonei eta bereziki kalteberak diren beste pertsona batzuei, edo, pertsona horien kontura, administrazio publikoei, enpresa publikoei eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei, elkarlaneko ekonomiakoei edo antzekoei, betiere irabazteko asmorik gabekoak badira, zeinen helburua haiei bizileku-irtenbidea ematea bada. Kasu horretan, ez da eskatzen haien egoera COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren ondorio izatea.

2. artikulua.– Programen ezaugarriak.

1.– Programa nagusia da alokairurako edo finantza-laguntza iragankorrak itzultzeko laguntzak ematea, lehiarik gabeko prozedura irekiaren edo ondoz ondoko aitorpenaren bidez, ohiko etxebizitzaren errentariei, baldin eta kalteberatasun ekonomikoko kasuetan sartzen badira eta, COVID-19aren eragin ekonomiko eta sozialaren ondoren, arazoak badituzte alokairua osorik edo zati batean ordaintzeko edo 11/2020 Errege Lege Dekretuaren 9. artikuluaren esparruan emandako maileguak itzultzeko. Ohiko etxebizitzak librea izan behar du.

2.– Programa osagarria honetan datza: laguntzak ematea genero-indarkeriaren biktimei, beren ohiko etxebizitza utzarazi zaien pertsonei, etxerik gabekoei eta bereziki kalteberak diren beste pertsona batzuei, edo, pertsona horien kontura, administrazio publikoei, enpresa publikoei eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei, elkarlaneko ekonomiakoei edo antzekoei, betiere irabazi-asmorik gabekoak badira, pertsona horiei bizileku-irtenbidea emateko, nahiz eta haien egoera ez izan COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren ondorioa.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Laguntza horiei aurre egiteko milioi bat (1.000.000) euroko aurrekontu-zuzkidura erabiliko da. Beharrezkoa dela erabakiz gero, zuzkidura hori handitu egingo da, lehenengo xedapen gehigarrian garatutako moduan.

4. artikulua.– Onuradunak.

1.– Programa nagusiaren laguntzen onuradun izan ahalko dira pertsona fisikoak, banaka edo bizikidetza-unitate batean bilduta, baldin eta COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren ondoren kalteberatasun ekonomikoko egoeran badaude, eta 6. artikuluko baldintzak betetzen badituzte.

2.– Agindu honen ondorioetarako, bizikidetza-unitate bat osatzen dute etxebizitza edo bizitoki berean elkarrekin bizi diren bi pertsonak edo gehiagok, elkarren artean ezkontzaren bidez edo ezkontzaren antzeko harreman iraunkor baten bidez batuta daudenean, edo adopzioagatik, laugarren mailarainoko odol-ahaidetasunagatik edo bigarren mailarainoko ezkontza-ahaidetasunagatik, edo familia-harrerako harreman iraunkor batengatik edo adopzio aurreko edo tutoretzapeko harreman batengatik batuta daudenean.

3.– Era berean, programa osagarriaren laguntzen onuradun izan ahalko dira bereziki kalteberak diren pertsonak, eta, haien kontura, administrazio publikoak, enpresa publikoak eta irabazi-asmorik gabeko erakundeak, elkarlaneko ekonomiakoak edo antzekoak, betiere irabazi-asmorik gabekoak badira, zeinen helburua bada pertsona horiei bizileku-irtenbide bat ematea.

Agindu honen ondorioetarako, pertsona bereziki kalteberak izango dira maiatzaren 14ko 1/2013 Legearen (Hipoteka-zordunen babesa, zorraren berregituratzea eta alokairu soziala indartzeko neurriei buruzkoa) 1. artikuluan jasotakoak, bai eta ohiko etxebizitza utzarazi zaien pertsonak eta etxerik gabeko pertsonak ere; bestalde, irabazi-asmorik gabeko erakundeak, elkarlaneko ekonomiakoak edo antzekoak izango dira gizarte-intereseko deklaratutako gizarte-zerbitzuetako irabazi-asmorik gabeko erakundeak, Gizarte-zerbitzuetako irabazi-asmorik gabeko erakundeak gizarte-intereseko deklaratzeari buruzko urriaren 7ko 424/2013 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

5. artikulua.– Kalteberatasun ekonomikoa eta soziala.

1.– Agindu honen ondorioetarako, besteren konturako langileentzako kalteberatasun ekonomiko eta sozialeko egoeratzat hartuko da maizterretakoren bat langabezian egotea edo lan-kontratua aldatu eta lanaldia murriztu izana, dela lanaldi partzialeko kontratura aldatu zaiolako, dela senideak zaindu behar dituelako, dela kontziliaziorako eta adingabeak eta/edo adinekoak zaindu behar dituelako.

2.– Langile autonomoen edo enpresaburuen kasuan, kalteberatasun ekonomikoko egoeratzat hartzen da osasun-larrialdiak eragindako krisiaren ondorioz diru-sarreren galera edo salmenten jaitsiera % 40koa edo hortik gorakoa bada.

3.– 11/2020 Errege Lege Dekretuaren 9. artikuluaren esparruan emandako maileguak itzultzeko laguntzen kasuan, kalteberatasun ekonomikoa aurresuposatu egiten da une honetan, maileguak eman zirenean baloratu baitzen.

4.– Hala ere, kasu guztietan, kalteberatasun ekonomiko eta soziala dagoela jotzeko, ordaindu beharreko errentaren zenbatekoa gehi komunitate-gastuak eta oinarrizko hornidurak pertsona edo bizikidetza-unitate errentariaren gaur egungo diru-sarreren % 30 baino gehiago izan behar da, babes ofizialeko etxebizitzei buruzko araudiaren arabera kalkulatuta.

5.– Agindu honetan eskatutako kalkuluen ondorioetarako, komunitate-gastuen eta oinarrizko horniduren balioa hilean 79 eurokoa izango da bizikidetza-unitatea osatzen duen pertsona bakoitzeko, edo, bestela, hilean 187,4 eurokoa etxebizitza bakoitzeko. Pertsonarentzat edo bizikidetza-unitatearentzat onuragarriena den irizpidea aplikatuko da.

6. artikulua.– Betekizunak.

1.– Honako betekizun hauek bete beharko dira programetarako:

a) Adinez nagusia edo emantzipatua izatea.

b) Eskabidea egin aurreko urtean Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan benetan eta etenik gabe bizi izana egiaztatzea.

c) Bizitegi-erabilerako ondasun higiezin baten gaineko jabari osoaren edo erabilera- eta gozamen-eskubide baten titular ez izatea, norberaren konturako jarduerak egiten diren higiezina izan ezik, salbu eta egiaztatzen bada higiezin hori ezin duela erabili banantze- edo dibortzio-arrazoiak direla medio, edo ezin dela bertan bizi bere borondatearekin zerikusirik ez duen beste edozein arrazoirengatik, betiere behar bezala egiaztatuta.

d) Bizikidetza-unitatearen gehieneko ondarea (dirua, tituluak, baloreak, ibilgailuak edo beste jabetza batzuk) ezin da 50.000 eurotik gorakoa izan.

e) Eskatzaileek, banaka, hala badagokio, edo bizikidetza-unitateak, bere osotasunean, urtean 39.000 eurotik beherako diru-sarrera gordinak dituztela egiaztatu beharko dute, babes ofizialeko etxebizitzei buruzko araudiaren arabera haztatuta.

Diru-sarrera horiek zenbatzeko, honako hau hartuko da kontuan: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena aurkezteko epea amaitu ondoren, eskaera-dataren aurreko azken zergaldia.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

g) Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legean ezarritakoaren arabera formalizatutako errentamendu-kontratu baten titularra izatea, bakarka edo koerrentari gisa, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako etxebizitza libre batean, baldin eta etxebizitza hori ohiko bizileku iraunkorra bada eta etxebizitzaren errentatzailearekin edo errentatzailearen bizikidetza-unitateko edozein kiderekin odolkidetasunezko edo ezkontzazko hirugarren mailarainoko familia-loturarik ez badu.

Hileko errenta ezingo da izan alokatutako etxebizitza dagoen lurralde-eremuari dagokion batez besteko errenta baino 1,5 handiagoa, 2019ko lehen seihilekoko alokairu-merkatuaren estatistikak emandako datuen arabera. Familia ugarien kasuan, hileko errenta ezin izango da 1,75 aldiz handiagoa izan alokatutako etxebizitza dagoen lurralde-eremuari dagokion batez besteko errenta baino.

Agindu honen I. eranskinean jaso da biztanleria-eremuen arabera onar daitezkeen gehieneko errenten taula.

Errentamendu-kontratuak indarrean egon behar du agindu hau EHAAn argitaratzen den egunean.

Hala ere, programa osagarriari dagokionez, eskatzaileak errentamendu, azpierrentamendu, gela-alokairu edo ostatu kontratu baten titularrak izan ahalko dira, eta ez dute familia-loturarik izan beharko odolkidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko hirugarren mailara arte etxebizitzaren edo gelaren errentatzailearekin, errentari-azpierrentatzailearekin, ostalaritza-establezimenduaren titularrarekin edo pertsona horien bizikidetza-unitateko edozein kiderekin.

Kontratu hori laguntza emateko ebazpena eman eta gehienez ere 2 hilabeteko epean formalizatu ahal izango da, eta Alokabidera bidali beharko da, laguntza honen bigarren ordainketa egiteko.

2.– Alokairuak ordaintzeko laguntzen modalitatean, programa nagusiaren onuradunek honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte:

a) Besteren konturako langileak direnean, 2020ko urtarrilaren 31ren ondoren hasi behar da langabezian edo azpienpleguan, eta osasun-larrialdiak eragindako krisiak izan behar du kausa orokorra.

Ondorio operatiboetarako, hori gertatu dela ulertuko da kontratua aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente batean edo beste enplegu-espediente mota batean sartuta dagoenean eta ezinbesteko arrazoiengatik edo ekonomia, teknika, antolaketa eta ekoizpeneko arrazoiengatik (kasu batean zein bestean, COVID-19arekin zerikusia dutenak) adostu denean.

Era berean, epea amaitzeagatiko eta aldi baterako kontratuak ez berritzeagatiko kontratu-azkentzeen kasuan, kontratua aldatu zaien eta lanaldia murriztu zaien langileen kasuan (lanaldi partzialeko kontratura aldatzeagatik, edo senideak zaintzeagatik, kontziliazioagatik eta adingabeak eta/edo adinekoak zaintzeagatik), langabezia- edo azpienplegu-egoera horiek COVID-19ak eragindako krisiaren ondorio zuzena izan beharko dute, eta zuzenbidean onartutako edozein froga-bitarteko erabili ahal izango da langabezia- eta/edo azpienplegu-egoeraren eta osasun-larrialdiak eragindako krisiaren arteko zuzeneko lotura hori egiaztatzeko.

b) Langile autonomoen edo enpresaburuen kasuan, diru-sarreren galera edo salmenten jaitsiera kalkulatzeko, jaitsiera horiek gertatu ziren hilabeteetako diru-sarrerak edo salmentak hartuko dira erreferentziatzat. Nolanahi ere, jaitsiera horiek eskaeraren dataren aurreko hiruhileko naturaleko hilabeteren batekoak izan beharko dute, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren alarma-egoeraren deklarazioaren aurreko seihileko naturalean erregistratutako batezbestekoarekin alderatuta, hau da, 2019ko bigarren seihilekoa.

3.– Programa nagusiaren onuradunek, maileguak itzultzeko laguntzen modalitatean, mailegu bat eduki beharko dute formalizatuta finantza-laguntza iragankorrak ematen dituzten banketxeekin, mailegu gisa, martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege Dekretuaren 9. artikuluan jasotakoari jarraituz.

4.– Bereziki kalteberak diren pertsonen programa osagarrirako ere baldintza da izaera hori egiaztatzea, 12.4 artikuluan ezartzen den bezala.

7. artikulua.– Bateraezintasunak.

Agindu honetan araututako alokairurako laguntzak bateraezinak dira honako hauekin:

1.– Errentamenduko babes publikoko etxebizitza bat edo erabilera-lagapeneko zuzkidura-bizitoki bat izatea.

2.– Alokairuko etxebizitza pribatu bat izatea, merkatu libreko etxebizitzak alokatzeko ASAP bitartekaritza-programaren bidez (Alokairu Segurua, Arrazoizko Prezioa), edo Bizigune Etxebizitza Hutsen Programaren bidez.

3.– Etxebizitzarako prestazio osagarria (EPO), etxebizitzarako prestazio ekonomikoa (EPE), udal-laguntzak edo alokairu-gastuei aurre egiten laguntzen duten beste administrazio edo erakunde publiko batzuenak.

4 – Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen 44. artikuluaren 2.a apartatuan aipatutako alokairu-gastuekin lotutako gizarte-larrialdietarako laguntzak (GLL) jasotzea.

5.– Gaztelagun programako alokairu-laguntzak jasotzea. Programa hori Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2018ko abenduaren 18ko Aginduak arautzen du.

6 – Etxebizitzaren errenta osorik edo zati batean barkatzea edo haren ordainketa aldi baterako eta ohiz kanpo geroratzea, errentatzailearekin egindako akordioaren bidez, martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege Dekretuaren 8. artikuluan aurreikusitakoaren arabera (11/2020 Errege Lege Dekretua, gizarte- eta ekonomia-arloan presako neurri osagarriak ezartzen dituena COVID-19ari aurre egiteko).

7.– Errentamendu-errentaren % 50eko murrizketa alarma-egoerak irauten duen bitartean, eta hurrengo hilekoetan, baldin eta epe hori ez bada nahikoa COVID-19aren ondorioz sortutako kalteberatasun-egoerari dagokionez, betiere lau hilabeteko gehieneko mugarekin, martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege Dekretuaren 4. artikuluan jasotako baldintzetan (Errentamendu-zorraren luzamendua modu automatikoan aplikatzea edukitzaile handien eta etxebizitzaren arloko enpresa edo erakunde publikoen kasuan).

8.– Beste edozein administrazio publikok edo beste edozein erakunde publikok edo pribatuk 2021. urtean helburu bererako eman ditzakeen bestelako laguntzak, 11/2020 Errege Lege Dekretuaren 9. artikuluaren esparruan emandako maileguak izan ezik.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko apirilaren 30eko Aginduaren babesean jasotako laguntzak bateragarriak dira ondorio horietarako (agindu horren bidez, etxebizitza libreak alokatzeko laguntzak arautu eta horietarako deialdia egiten da, COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren ondoriozko kalteberatasun ekonomiko eta sozialari aurre egiteko).

8. artikulua.– Zenbatekoa.

1.– Alokairurako laguntzaren hileko zenbatekoa etxebizitzako prestazio ekonomikoetarako eta etxebizitzarako prestazio osagarrietarako legez ezarritakoa izango da, hau da, 250 euro. Baterako errentamenduaren, azpierrentamenduaren, gelen alokairuaren edo ostatuaren kasuan, laguntzaren onuradun den koerrentariak, azpierrentariak, gelaren errentariak edo ostatu-hartzaileak ordaintzen duen errenta-ehunekoaren arabera doituko da zenbateko hori.

2.– Laguntzaren zenbatekoa, guztira, sei hilabetekoa izango da gehienez, eta 2021eko urtarrilari dagokiona sartu ahal izango da lehenengo hileko gisa; beraz, 1.500 eurokoa izango da.

3.– Bereziki kalteberak diren pertsonentzako programa osagarriaren kasu berezian, laguntzaren guztizko zenbatekoa gehienez hamabi hilabetekoa izango da, eta 2021eko urtarrilari dagokiona sartu ahal izango da lehen hileko gisa; beraz, 3.000 eurokoa izango da.

9. artikulua.– Kudeaketa.

Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzek eta Erakunde Laguntzaileak kudeatuko dituzte laguntzak, 10. eta 13. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.

10. artikulua.– Erakunde laguntzailea.

1.– Alokabide SA sozietate publikoa izendatzen da agindu honetan araututako alokairu-laguntzak kudeatzeko erakunde laguntzaile, 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 52. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoarekin bat etorriz (abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautu zuen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezarri zituen).

2.– Alokabide SAri honako jarduketa hauek dagozkio:

– Banakako informazioa, orientazioa eta aholkularitza, interesdunek eskabideak behar bezala bete eta beharrezko dokumentazioa erantsi ahal izan dezaten.

– Eskabideak jasotzea eta eskakizunak betetzen direla egiaztatzea.

– Etxebizitzako lurralde-ordezkariari eskabideak ebazteko proposamena egitea, bai eta eskabideetan egiten den edozein aldaketa ere.

– Laguntzak ordaintzea.

– Onuradunek betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzea.

11. artikulua.– Eskabidea eta aurkezteko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2021eko abenduaren 31n amaituko da. Hala ere, automatikoki baliozkotuko dira 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera abian jarritako izapide guztiak, behin agindu hau indarrean jarri ondoren, jarduketen jarraitutasuna bermatzeko.

2.– Interesdunek telematikoki aurkeztu beharko dute eskabidea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eredu ofizialaren arabera (https://www.euskadi.eus/servicios/1103002 edo Alokabide SA sozietate publikoak www.alokabide.euskadi.eus), webgunean dituen kanalen bidez.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikazio eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.

3.– Eskabidean, berariaz adierazi beharko dira pertsona edo bizikidetza-unitate errentariaren egungo diru-sarrerak, eskabidea aurkezten den hilabeteari dagozkionak, edo, hori eskuragarri ez badago, aurre-aurrekoari dagozkionak.

4.– Alokairua ordaintzeko programa nagusiaren laguntzen eskaeran, eskatzaileek bizikidetza-unitatea osatzen duten 16 urtetik gorako gainerako pertsonen lan-egoera adierazi beharko dute.

5.– Alokairua ordaintzeko programa nagusiaren laguntzen eskaeran, langile autonomoek edo enpresaburuek eskaeraren aurreko hiruhilekoko hileko batez besteko diru-sarrerak eta 2019ko uztailetik abendura bitarteko hileko batez besteko diru-sarrerak adierazi beharko dituzte eskabidean.

6.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak eta horiekin batera doazen egiaztagiriak. Halaber, eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

12. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Erantzukizunpeko adierazpena, ondasun higiezinaren jabari osoaren edo erabilera- eta gozamen-eskubideen titular ez dela adierazten duena (norberaren konturako jarduerarena izan ezik), eta 7. artikuluan aipatutako errenta, prestazio edo laguntza bateraezinik jasotzen ez duela adierazten duena.

b) 50.000 eurotik gorako ondarerik ez izatearen erantzukizunpeko adierazpena.

c) Errentatutako etxebizitzan erroldatuta egotearen erantzukizunpeko adierazpena, bereziki kalteberak diren pertsonen programa osagarrian sartutako etxerik gabeko pertsonen kolektiboaren kasuan izan ezik.

d) Diru-sarreren egiaztagiriak:

– Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena, eskabidea aurkeztu aurreko zergaldi mugaeguneratuari dagokiona.

– Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenari, hala badagokio, kotizazio gabeko prestazioen ziurtagiria erantsiko zaio.

– Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenaren kopia aurkezten ez dutenek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

– Lan-bizitzaren ziurtagiria, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emana, data gaurkotuarekin.

– PFEZaren atxikipenen ziurtagiri ofiziala (10T dokumentua).

– Ikerketarako beka edo laguntzen kasuan, hori justifikatzen duen ziurtagiria.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena. Hala ere, organo kudeatzaileak edo erakunde laguntzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela, dirulaguntza eman eta ordainketa egin aurretik.

f) Eskatzaileen egoera zibilari buruzko erantzukizunpeko adierazpena. Baterako errentamenduaren kasuan, koerrentarien arteko harreman mota zehaztu behar da, eta bakoitzak ordaintzen duen errentaren zenbatekoa adierazi.

g) Errentariaren hirugarrenaren alta-agiria, behar bezala beteta. Horren ordez, errentatzailearen edo kreditu-erakundearen hirugarrenaren alta-agiria aurkeztu ahal izango da, behar bezala beteta, 14. artikuluaren 3. eta 4. apartatuetan aurreikusitako kasuetan.

h) Errentamendu-kontratuari dagokion fidantza ez badago Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzan gordailututa, kontratu horren kopia, honako hauek jasoko dituena: kontratugileen nortasuna, errentan hartutako finkaren identifikazioa, itundutako iraupena eta hasierako errenta.

Errentari bat baino gehiago izanez gero, eta kontratuan agertzen ez bada horietako bakoitzari banaka dagokion errentaren zenbatekoa, banakako zenbateko hori jasotzen duen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da.

Hala badagokio, azpierrentamenduko, gela alokatzeko edo ostatu hartzeko kontratua.

i) Gaur egun dituen diru-sarrerak egiaztatzeko dokumentazioa, besteren konturako langileen kasuan langabezia-prestazioen ordainketa-frogagiriak, nominak edo dokumentu baliokidea aurkeztuta, eta, langile autonomoen edo enpresaburuen kasuan, sarrera eta gastuen erregistroetako kontabilitate-informazioa, autolikidazioak edota zerga-ondorioetarako informazio-aitorpenak aurkeztuta.

j) Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzen duena ez dagoela odol-ahaidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko hirugarren mailara arteko familia-loturarik etxebizitzaren errentatzailearekin, azpierrentatzailearekin, ostalaritza-establezimenduaren titularrarekin edo errentatzailearen bizikidetza-unitateko ezein kiderekin.

k) Errentatzaileak emandako erantzukizunpeko adierazpena, zeinaren bidez adierazten baita etxebizitzaren errenta osorik edo zati batean barkatu ez duela edo errentaren ordainketa aldi baterako eta ohiz kanpo atzeratu ez duela.

2.– Gainera, programa nagusiaren barruan alokairua ordaintzeko laguntzen eskabideetan, 6.2 artikuluan eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira, hala dagokionean.

3.– 11/2020 Errege Lege Dekretuaren 9. artikuluaren esparruan emandako maileguak itzultzeko laguntzen eskaeretarako, emandako mailegua egiaztatzen duen dokumentuaren kopia erantsi beharko da.

4.– Pertsona bereziki kalteberentzako programa osagarrira bideratutako laguntzetarako eskabideetan, betekizunak betetzen dituztela egiaztatzeko, honako dokumentazio hau ere aurkeztu beharko dute:

  • Genero-indarkeriaren biktimen kasuan, epaia, urruntze-agindua edo oinarrizko gizarte-zerbitzuen edo zerbitzu espezializatuen txostena, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako etxebizitzaren arloko ekintza positiboko neurriei buruzko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2006ko urriaren 4ko Aginduaren 3. artikuluan xedatutakoaren arabera emandakoak.
  • Ohiko etxebizitza berehala utzaraziko zaien pertsonen edo dagoeneko utzarazi zaien pertsonen kasuan, utzarazpena zehaztu duen dokumentu judiziala.
  • Etxerik ez duten pertsonen kasuan, erroldatze sozialaren edo itxurazkoaren ziurtagiria.

d) Beste pertsona bereziki kaltebera batzuen kasuan, hala badagokio, erroldatzearen erantzukizunpeko adierazpena, Familia Liburua, agintaritza publiko eskudunak emandako edozein desgaitasun-motaren ziurtagiria edo langabezia-egoeraren ziurtagiria.

5.– Interesdunek eskubidea dute 1. apartatuaren a), b), c), d), e) eta f) letretan aipatzen diren agiriak ez aurkezteko, baldin eta baimena ematen badiete etxebizitza-gaietan eskumena duen sailari edo Alokabide SAri elektronikoki eskuragarri dauden agiriak kontsultatu edo eskatzeko beste administrazio publiko batzuei –beren sare korporatiboen bidez edo datu-bitartekaritzarako plataformak edo horretarako prestatutako beste sistema elektroniko batzuk erabilita–.

Zuzeneko kontsulta horren aurka egonez gero, pertsonak berak aurkeztu beharko du eskatutako dokumentazioa, eta hori gabe ez da eskabidea izapidetuko.

13. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.

1.– Alokabide SA sozietateak egiaztatuko du eskabideak behar bezala betetzen direla, eta laguntza-eskabidea izapidetzeko behar den dokumentazioa aurkezten dela.

2.– Eskabidea izapidetzeko onartzeko eskatzen diren agiriak falta direla edo haietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eramateko. Era berean, jakinarazi egingo zaio, horrela egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela.

3.– Alokabide SA sozietateak ofizioz egiaztatuko du, Lan eta Enplegu Sailarekin edo lan-agintaritza eskudunarekin batera, besteren konturako langileen langabezia- edo azpienplegu-egoerak zehaztutako betekizunak betetzen dituela.

Halaber, langabeziagatiko prestazioak kudeatzen dituen erakundearekin ofizioz egiaztatuko ditu langabezia- edo azpienplegu-egoera hasi den data eta langabeziagatiko prestazioengatik jasotako hileko zenbatekoa.

4.– Langile autonomoak edo enpresaburuak direnean, Alokabide SAk egiaztatuko du eskatzailea benetan alta emanda dagoela eskabidean adierazitako jarduera-sektorean.

Halaber, Foru Ogasun eskudunean edo, hala badagokio, Zerga Agentzian dauden datuekin alderatuta, egiaztatuko du eskabidean aitortutako diru-sarreren galera edo salmenten jaitsiera gertatu dela.

5.– Aurreko daturen bat egiaztatzea ezinezkoa bada, edo eskatzaileak ez badu baimenik ematen Alokabide SAk datu horiek administrazio publiko eskudunetatik eskura ditzan, organo kudeatzaileek bidezko dokumentazio-eskaerak egingo dituzte.

6.– Alokabide SA sozietateak, halaber, laguntza lortzeko gainerako baldintzak betetzen diren egiaztatuko du, eta ebazpen-proposamena igorriko dio Etxebizitzako lurralde-ordezkariari, hari baitagokio ebaztea.

7.– Ebazpena hiru hilabeteko epean jakinarazi beharko da, eskaera egiten den egunetik zenbatzen hasita, eta administrazioaren isiltasuna ezeslea izango da. Akatsak zuzentzeko epea ireki bada, aipatutako epea etenda geratuko da eskatzaileari bidalitako jakinarazpena jasotzen denetik eskatutako dokumentazio guztia aurkeztu arte.

8.– Ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan xedatutakoaren arabera.

9.– Baiespen-ebazpenak pertsona onuradunak erroldatuta dauden udalei jakinaraziko zaizkie, 7. artikuluan xedatutakoaren arabera bateraezinak diren laguntzak jasotzen ari badira neurri egokiak har ditzaten.

10.– Baiespen-ebazpenak jakinaraziko zaizkio, halaber, Mugikortasun, Garraio eta Hiri Agenda Ministerioari, edo hark izendatutako organoari, 11/2020 Errege Lege Dekretuaren 9. artikuluan araututako finantza-laguntza iragankorren bidez mailegu bat eman denean, emandako laguntzaren zenbatekoa mailegu hori amortizatzeko erabili dela egiaztatzeko.

11.– Laguntzen esleipena ez da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko. Hala ere, Eusko Jaurlaritzaren gardentasun-atarian eta Alokabide SAren webgunean argitaratuko dira dagokion aldian emandako eta azkendutako laguntzen kopurua eta zenbateko osoa, lurralde historikoaren eta pertsona onuradunaren sexuaren arabera bereizita.

14. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Laguntza bi ordainketatan ordainduko da.

a) Lehen ordainketa baiespen-ebazpena eman ondoren egingo da, eta zenbateko osoaren % 50 izango da.

b) Bigarrena hiru hilabete geroago egingo da, onuradunak kalteberatasun-egoeratik irten dela jakinarazten duenean izan ezik, eta gainerako % 50a izango da.

Programa osagarriaren eskatzaileek, hala badagokio, laguntza emateko ebazpenaren ondoren sinatutako errentamendu, azpierrentamendu, gela-alokairu edo ostatu kontratua aurkeztu beharko dute ordainketa egin dadin.

2.– Ordainketa errentariaren hirugarrenaren alta-agirian agertzen den banku-kontuan egingo da.

3.– Ordainketa zuzenean errentatzaileari egitea erabaki ahal izango da, baldin eta errentariak alokairua ordaindu ez badu, eskaera horrela bideratzen bada eta errentatzailearen banku-kontua jasotzen duen hirugarrenaren alta-agiria ematen bada.

4.– 11/2020 Errege Lege Dekretuaren 9. artikuluan araututako mailegu gisako finantza-laguntza iragankorrak osorik edo zati batean kitatzen badira, ordainketa zuzenean kreditu-erakunde hartzekodunari egitea erabaki ahal izango da, errentariak eskabidean hala xedatzen badu eta kreditu-erakundearen banku-kontua jasotzen duen hirugarrenaren alta-agiria ematen bada, hark aldez aurretik baliozkotu ondoren.

15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Laguntzen onuradunek honako betebehar hauek dituzte:

1.– Laguntzen zenbateko osoa alokatutako etxebizitzaren errenta ordaintzeko edo 11/2020 Errege Lege Dekretuaren 9. artikuluan araututako mailegu gisako finantza-laguntza iragankorrak osorik edo zati batean kitatzeko erabiltzea.

2.– Alokabide SAn aurkeztea, 2022ko abenduaren 31 baino lehen, alokairu-errentak ordaindu izanaren eta/edo finantza-laguntza iragankorrak osorik edo zati batean kitatu izanaren egiaztagiriak.

3.– Alokabide SAn aurkeztea, 2023ko ekainaren 30a baino lehen, alokairu-, azpierrentamendu- edo ostatu-errentak ordaindu izanaren egiaztagiriak eta programa honen kargura bizitegi-irtenbideak garatu dituzten administrazio publikoek, enpresa publikoek eta irabazi-asmorik gabeko, elkarlaneko ekonomiako edo antzeko erakundeek –betiere irabazteko asmorik gabe– lortutako emaitzen eta gizarte-proiektuaren memoria.

4.– Alokabide SAri jakinaraztea laguntza ematea eragin zuten baldintzak aldatzea dakarren edozein aldaketa.

5.– Hala erabakiz gero, bidegabe kobratutako zenbatekoak itzultzea.

6.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, laguntzaren zertarakoaren fiskalizazio-eginkizunen jardunean.

16. artikulua.– Azkentzea.

Laguntza honako arrazoi hauengatik azkenduko da:

a) Laguntza jasotzea eragin zuten baldintzak gerora ez betetzea.

b) Onuradunak uko egitea.

c) Emandako datuak edo eskabidean sartutako erantzukizunpeko adierazpenak faltsuak direla egiaztatzea.

d) 15. artikuluan aurreikusitako betebeharrak ez betetzea.

17. artikulua.– Bidegabe jasotako laguntzak azkentzeko eta itzultzeko prozedura.

1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera arautuko da bidegabe jasotako laguntzak azkentzeko eta itzultzeko prozedura –698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena–.

18. artikulua.– Zehapen-araubidea.

Zehapen-araubidea honako hauetan aurreikusitakoa da:

a) Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legearen X. kapitulua, eta, zehazki, 84. artikuluaren ñ letra, zeinak falta astuntzat jotzen baitu onuradunek dagokion helbururako ez erabiltzea etxebizitzaren edo birgaitzearen arloan jaso dituzten laguntzak.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. titulua.

19. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.

Agindu honetan araututako laguntzak eskatzeko orduan ematen eta sortzen den informazioa beharrezkoa da laguntzak emateko prozedura izapidetu eta ebatzi ahal izateko.

Informazio hori eskatzaileari buruzkoa izango da, bai eta, hala badagokio, eskaerarekin lotutako bizikidetza-unitateko kideei buruzkoa ere. Egiazko datuak aurkeztu beharko dira, eta Alokabide SAk egiaztatu egin beharko ditu, agindu honek esleitzen dizkion eginkizunak betez eta dirulaguntzak arautzen dituen araudia betez. Egiaztapen-jarduera hori Alokabide SAren kontsulta zuzenaren bidez egingo da, gaiaren arabera eskumena duten erakundeekin.

Prozesuak eskatzen dituen datu pertsonalen kudeaketa eta tratamendua agindu honen II. eranskinean jasotako informazioaren arabera egiten da, eta Alokabide SA da tratamendu horren arduraduna, dirulaguntza horiek kudeatzen laguntzen duen erakunde gisa egin behar dituen zereginen arabera.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honen aurrekontu-zuzkidura 1.000.000 eurokoa da, ordainketa-kreditutan.

Zenbateko hori handitu ahal izango da, baldin eta «COVID-19ak eragindako krisiaren aurkako neurriak» izeneko aurrekontu-programa espezifikoaren zenbateko osoa ere handitu egiten bada.

Eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ez du kopuru hori gaindituko. Beraz, zenbateko hori agortu ondoren, ez da laguntza gehiago emango. Kreditua agortu dela Etxebizitzako sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 53.2 artikuluaren arabera, Alokabide SA sozietate publikoak ez du aurkeztu beharko laguntzak kudeatzeko aurreratuko zaizkion funts publikoen zenbatekoaren bermerik.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 13a.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala