Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

75. zk., 2021eko apirilaren 19a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
2228

EBAZPENA, 2021eko martxoaren 31koa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, zeinaren bitartez argitaratzen baita SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluaren 2021eko martxoaren 31ko erabakia, 2021eko «Lortu» laguntzen programaren oinarri arautzaileak onetsi eta argitaratzekoa.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluak 2021eko martxoaren 31ko bilkuran hartutako erabakiaren arabera, 2021eko «Lortu» laguntzen programaren oinarri arautzaileak onetsi eta argitaratu ziren, zegokien publizitatea emateko ondoreekin.

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea 2021eko «Lortu» laguntzen programaren oinarri arautzaileen onespenari eta deialdiari buruzko erabakia, idatzi honetan eranskin gisa atxiki dena.

Bilbao, 2021eko martxoaren 31.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

AITOR URZELAI INZA.

SPRI-ENPRESA GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIAREN ZUZENDARI NAGUSIAREN 2021EKO MARTXOAREN 31KO EBAZPENAREN ERANSKINA
SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIAREN ADMINISTRAZIO BATZORDEAREN 2021KO MARTXOAREN 31KO ERABAKIA, ZEINAREN BIDEZ 2021EKO «LORTU» LAGUNTZA-PROGRAMAREN DEIALDIA ETA OINARRI ARAUTZAILEAK ONETSI ETA ARGITARATZEN DIREN

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, hainbat jarduketa egiten ditu bultzada bat emateko Euskal Autonomia Erkidegoko industria eta enpresen jarduerari, inbertsioari, garapenari, industri arloko dibertsifikazio eta lehiakortasunari, berrikuntzari, nazioartekotzeari, informazioaren eta ezagutzaren gizarteari eta enpresen ekintzailetzari.

Zentzu horretan, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak hainbat ekintza garatzen ditu EAEko enpresa-ehuna sustatzeko. Ekintza horien artean aipatzekoak dira industria-lehiakortasuna sustatzea helburu duten laguntza-programak.

Nahiz eta Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna COVID-19aren hedapenarekin amaitzea eta pertsonen osasuna bermatzea izan, krisia eragina izaten ari da gure ekonomiaren produkzio-sektoreetan eta gure industrian, hain zuzen, euskal gizarte osoarentzako enplegu- eta ongizate-iturrian, Barne Produktu Gordinaren ia % 25 eta enpleguaren % 19 hartzen baitu.

Enpresen lehentasuna ere langileen osasuna da, eta, besteak beste, jarduerarik gabeko aldiak, salmenten edo eskaeren bolumenaren murrizketa edo etenak jasaten ari dira hornidura-katean. Horrek likidezia-arazoak eragin ditzake orain eta datozen hilabeteetan, eta haien funtzionamendu normala eta, kasu batzuetan, bideragarritasuna arriskuan ere jar dezake. Hori guztia ezohiko testuinguru globalean.

Enpresa horietako asko egoera horri aurre egiten ari dira doikuntza-neurriak abian jarrita, merkatuaren errealitate berrira egokitzeko ahaleginean, COVID-19aren hedapenaren ondoriozko krisi globalaren ondorioek eraginda, kostu operatiboak murriztuz eta ekoizpen-ahalmena antolatuz edo murriztuz.

Egoera horren ondorioz, erakunde publiko zein pribatuek hainbat laguntza-neurri jarri dituzte enpresen esku, eta neurri horiek enpresa-jarduerari jarraipena ematen lagundu dute. Hala ere, neurri guztiak positiboak izan diren arren, enpresa askoren zorpetze-ratioak nabarmen igo dira.

Ondorioz, laguntza-programa hau diseinatu da helburu nagusi batekin: industria-produktuari eta -prozesuari lotutako industria-enpresen eta zerbitzu-enpresen bideragarritasuna babestea, haien jarduerari jarraipena emateko eta etorkizuna ziurtatzeko, haien zati operatiboa eta bereziki finantza-zatia antolatuz.

Gorago adierazitakoaren arabera,

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Onestea «Lortu» 2021 Laguntza Programaren oinarri arautzaileak eta deialdia, zeinen edukia atxikita baitago erabaki honen eranskinean.

Bigarrena.– Eskumena ematea SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiari erabaki hau argitaratzeko eta indarrean jar dadin behar diren izapide-egintza guztiak egiteko.

Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Batzordean, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agintzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Erabaki honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

ERANSKINA
LORTU 2021EKO LAGUNTZA-PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia. Euskal Autonomia Erkidegoan industria- eta enpresa-jarduera sustatzera zuzendutako ekintzak garatzeko ardura du, baita inbertsioaren, berrikuntzaren, nazioartekotzearen eta enpresa-ekintzailetza sustatzearen bidez euskal enpresetan trantsizio teknologiko-digitala, energetikoa-ingurumenekoa eta demografiko-soziala txertatzen laguntzeko ardura ere, lehiakortasunerako bektore gisa.

«Lortu» programa bat dator COVID-19ak eragindako krisiaren ondorio ekonomikoen aurka borrokatzeko prozesu honetan jarduteko politikekin. Enpresa askoren jarraipena lotuta dago berregituraketa-prozesuak negoziatzeari, eta bizirik iraun duten enpresa askok euren aktiboa berregituratzeko eta zorra erabat birfinantzatzeko duten gaitasunari esker iraun dute. Berregituraketa bat ez da soilik zorra birfinantzatzea: kasu gehienetan, birfinantzaketak aktiboak eta/edo zati operatiboa berregituratzeko ere eskatzen du.

Aldea dago ikuspuntu operatibotik eta finantza-ikuspuntutik jorratu beharreko kontuen artean. Lehenengoek prezio eta kostuei, kobrantza eta ordainketei, gastuei, inbentarioari, eta abarri buruzko erabakiei leku handiagoa ematen diete, eta bigarrenek, berriz, gai operatibo horiek finantzatzeko moduari buruzko erabakiak behar dituzte, kapital-egitura, zorraren egitura, bien kostua eta horiek nola edo noiz eskuratu behar diren aztertuz.

Laguntza horren bidez, kontu horietan eragina duen alderdi bakoitzaren aurretiko diagnostikoa egin nahi da, bi aldeen arteko lan partekatuaren bidez. Zeregin horretan, aditu independenteak enpresaren egungo egoera ezagutu ahal izango du, eta, horrela, lagundu ahal izango dio plan bat egiten eta alde guztiek beharrezkotzat jotzen dituzten erabakiak eta neurriak hartzen.

Egungo egoeraren ondorioz, berregituraketa operatiboak egiten dituzten enpresa askok likidezia-arazo bat hautematen dute, eta arazo hori sortu daiteke galera-irabazien kontuan islatzen diren eragiketa-politiken ondorioz, enpresaren maniobra-funtsaren kudeaketarekin zerikusi handiagoa duten alderdi operatiboen ondorioz, aktibo finkoetan inbertitzeko politika ez-efiziente baten ondorioz eta/edo kapital- eta zor-egitura egokirik ez izatearen ondorioz.

Behin enpresaren aldi baterako berregituraketa eta birfinantzaketa behar duen likidezia-arazoa identifikatuta, finantza-plan bat egin behar da, epe labur, ertain eta luzekoa, non jasoko baitira likidezia operatiboa hobetzeko ezarriko diren neurri operatiboak eta enpresa bideragarri egiteko behar diren baliabideak.

Horrek guztiak analisi bat eta plan bat egiteko eskatzen du, enpresaren etorkizuneko bideragarritasuna bermatuko duten neurri identifikatuak aurrera eraman ahal izateko.

Ohiko birfinantzaketan, enpresak aldebiko negoziazioari egin behar dio aurre finantza-erakundeekin, hainbat aukera egon daitezkeen testuinguru batean. Hala ere, baliteke berregituratze horrek eragile gehiago inplikatzea, hala nola finantza- eta merkataritza-hartzekodunak, akziodunak, langileak, bezeroak eta Ogasun Publikoa eta Administrazioak. Bideragarritasun- eta/edo berregituratze-planak oreka bilatu behar du enpresaren bideragarritasunaren eta eragileen sakrifizioen artean.

Mota horretako prozesuak diagnostikatzeko eta lantzeko zailtasun tekniko eta operatibo handiak daudenez, adituen laguntza erabakigarria da emaitza arrakastatsuak lortzeko. Horregatik, funtsezkotzat jotzen da enpresei laguntzea horrelako prozesuetan parte hartzen, gaian esperientzia duten kanpoko profesionalek lagunduta. Bestalde, COVID-19aren eragina dela eta, 2021. urtea ziurgabetasun handiko urtea da EAEko enpresa-sare osoarentzat, eta, beraz, garrantzi berezia du enpresei laguntza profesional aditua emateak trantsizio horri ekiteko.

Horregatik guztiagatik, laguntza honen bidez, kanpoko profesionalek emandako zerbitzuak kalitatezkoak izatea lortu nahi da, birfinantzaketa-proiektua gauzatzeko aldi osoan alderdien arteko lankidetza estua izango dela ziurtatuz, eta lankidetza hori gailenduko dela dokumentuak egiten direnetik neurriak betearazteko laguntza ematen den arte eta, azkenik, hartzekodunekin birfinantzatzen den arte. Proiektu osoarekin lortutako arrakasta ulertuko da bi aldeen arteko lankidetzaren emaitza izango dela, eta, horregatik, laguntza hori zenbait mugarri betetzearen baldintzapean egongo da. Mugarri horiek hainbat fasetan banatuko dira.

Amaitzeko, adierazi behar da programa jasota dagoela 2021 ekitaldirako onartutako erakundearen Dirulaguntzen Plan Estrategikoan.

1. artikulua.– Xedea.

Programa honen xedea da industria-produktu eta industria-prozesuekin lotutako zerbitzuen industria-enpresei zuzendutako kanpoko laguntza profesionala arautzea, elkarrekin birfinantzaketa-proiektu bat egin ahal izateko, enpresaren abiapuntu operatibo eta finantzariotik abiatuta, enpresaren jarraipena eta etorkizuna zaintzeko egin daitezkeen jarduketak azter ditzan.

Erabaki horiek neurri operatiboak eta finantzarioak dakartzate, eta ekintza-plan batean jaso behar dira. Ondoren, laguntza eta aholkularitza emateko esparruaren barruan gauzatu beharko dira. Horri guztiari esker, finantza-zorrak berriro negoziatu ahal izango dira, epe labur, ertain eta luzera finantza-egonkortasuna eta bideragarritasuna lortzeko.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.3 artikuluan ezarritako printzipioen menpe dago dirulaguntzen programa hau.

2.– Laguntza hauek egoki jasotako eskaeren hurrenkerari jarraituz emango dira. Beraz, eskaerak banaka eta modu ordenatuan ebatziko dira, eskaera bakoitza oinarri hauetan eskatutako dokumentazio guztiarekin egoki bete den unearen arabera.

3.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.

4.– Programa honen bitartez ematen diren laguntzek garrantzi txikiko izaera edo minimis izaera dute; ondorioz, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 EB Araudian ezarritakoa bete behar dute.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Dirulaguntza-programa honen helburura 2021ean 1.000.000 euro bideratuko dira, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.

2.– Espedientea osatua dagoenean, era ordenatuan egingo da dirulaguntzen esleipena. Programaren guztizko zenbatekoa gainditzen duten laguntzei ezezkoa emango zaie, ebazpen baten bidez.

3.– Programarako funtsak agortzen badira, programa amaituko da, eta horren berri emango du SPRIren zuzendari nagusiak sozietatearen webgunean (www.spri.eus) eta EHAAn argitaratuko den ebazpen baten bidez.

4.– Behin aurrekontu-kreditua bukatuta, ezingo da beste dirulaguntzarik eman eta, hori dela eta, aurkeztu diren, baina ebazteke dauden eskaerak ezetsi egingo dira.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta baldintza hori lortzeko eskakizunak.

1.– Enpresa industrialek eta produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzu-enpresek eskura ditzakete programa honetan aurreikusitako laguntzak, 5. artikuluaren arabera dirulaguntza jaso dezaketen ekintzak egiteko proiektuak aurkezten badituzte. Hori guztia, baldin eta:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera industrialerako edo produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzuak eskaintzeko zentro bat badute.

b) EAEko ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafe industrialean alta emanda badago.

2.– Ezingo dituzte deialdi honetan aurkezten diren dirulaguntzak jaso:

a) Herri-administrazioek edo horietakoren baten sektore publikoaren parte direnek.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean badaude; horien artean daude:

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez izatea.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrarekin lotutako ordainketak egunean ez izatea.

– Zehapen penalak edo administratiboak izatea, eta ondorioz dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik ez izatea; edo laguntzak jasotzeko desgaitzen dituen legezko debekua izatea.

c) Armen ekoizpenarekin, merkaturatzearekin eta finantzatzearekin lotutako jarduerak garatzen badituzte.

d) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten menpe badaude.

3.– Laguntza-eskaera aurkezten den unetik hasi eta emandako dirulaguntza likidatu arte bete beharko dira aurreko ataletan laguntzen onuradun izateko aipatutako eskakizunak.

4.– Aurreko paragrafoetan aurreikusitako alderdiak modu honetan egiaztatuko dira:

a) SPRIk ofizioz egiaztatuko du honako eskakizunak betetzen direla:

– Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera industrialerako edo produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzuak eskaintzeko zentro bat dutela.

– EAEko ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafe industrialean alta emanda daudela.

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituztela.

Dena den, eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimena emateari. Hala bada, kasu bakoitzean eskumena duen organoaren administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.

b) Gainerako eskakizunak erantzunkizunpeko aitorpenaren bidez egiaztatuko dira; eskaera egiteko inprimaki elektronikoan txertatuta dago erantzunkizunpeko aitorpena.

5. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak.

1.– Onuradunak egindako birfinantzaketa-proiektuak lagundu ahal izango dira diruz, honako hau egitea ahalbidetzen badute:

– Onuradunaren abiapuntuko egoeraren diagnostikoa egitea.

– Ekintza-plan bat egitea, abiapuntuko egoeraren diagnostikoan oinarrituta, onuradunaren bideragarritasunerako beharrezkoak diren ekintzak gauzatu ahal izateko.

– Ekintza-planean jasotako neurriak gauzatzea, eta, hala badagokio, finantza-pasiboaren birfinantzaketa ahalbidetzea prozesuan inplikatutako hartzekodun guztiekin.

2.– Proiektuan diruz lagun daitezkeen jarduketak bi fasetan egingo dira:

I. fasea. Abiapuntuko egoeraren analisia eta diagnostikoa egitea, ekintza-plan batean gauzatu beharreko balizko neurriak jasota.

II. fasea. Ekintza-plana eta bertan planteatutako neurriak gauzatzea, pasibo finantzarioa birfinantzatzeko prozesuan lagunduz.

3.– Proiektu bakarra aurkeztu ahal izango da enpresa edo enpresa-talde bakoitzeko.

6. artikulua.– Gastu hautagarriak.

1.– Gastu hautagarritzat hartuko dira kanpoko enpresek egindako aholkularitza-gastuak, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Onuradunaren abiapuntuaren diagnostikoa egiteko gastuak, ikuspuntu operatibo zein finantzariotik;

b) Ekintza-plan bat egiteko gastuak, gauzatu beharreko ekintza-multzo bat barne; eta,

c) Ekintza-planean jasotako neurriak gauzatzearen gastuak, pasibo finantzarioa berriz negoziatzeko prozesuan laguntza eta aholkularitza emanez.

7. artikulua.– Gastu hautagarriei aplikatzeko baldintzak.

Gastu hautagarriak baloratzeko, irizpide hauek izango dira kontuan:

1.– Lotura zuzena izango dute programa honen helburu den jarduketarekin, eta ezingo dituzte gainditu 8. artikuluan adierazitako gehieneko ehuneko eta zenbatekoak.

2.– Laguntza-eskaera SPRIn aurkezten denetik eta proiektua gauzatzeko epean zehar sortu edo fakturatu beharko dira. Ez dira onartuko oinarri hauek EHAAn argitaratu ondoren eta laguntza-eskaera aurkeztu aurretik sortutako edo fakturatutako gastuak.

3.– Deskontuak eta antzekoak izanez gero, gastua gutxitu egingo da.

4.– Gastu hautagarriaren balioespena kutxako irizpidearen araberakoa izango da.

5.– Aditu independentearen eskaintzak proiektuaren bi faseetan proposatutako lanorduen kopurua eta aholkularitza espezializatu eraginkorraren ordu bakoitzeko prezioa adierazi beharko ditu, eta jarraian jasotako jarduketak zehaztu beharko ditu:

1. fasea:

Onuradunaren abiapuntuaren diagnostikoa egitea, ikuspuntu operatibo zein finantzariotik.

Ekintza-plan bat egitea, gauzatu beharreko ekintza-multzo bat barne.

1. faseko aurrekontua ezingo da izan proiektuaren aurrekontu osoaren % 40 baino txikiagoa.

2. fasea:

Ekintza-plana eta bertan planteatutako neurriak gauzatzea.

Finantza-pasiboa berriz negoziatzeko prozesuan laguntzea eta aholkularitza ematea.

6.– Antzeko proiektuen batez besteko gastuekin alderatuta, proiektuaren gastu-aurrekontua edo aholkularitza espezializatuaren orduko prezioa handiegia dela irizten bada, gastu hautagarrien oinarria murriztuko da, gastu egokitzat eta proportzionatutzat jotzen den zenbatekoaren arabera.

7.– Ez dira gastu hautagarritzat hartuko eskatzaileak berak edo taldeko enpresek egindako lanak.

8.– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagun daitekeen zenbatekoak gainditu egiten baditu kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako kopuruak, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak izateagatik, merkatuan ez badago lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko behar beste erakunde. Ildo horretatik, hirugarrenekiko azpikontratazioa edo kontratazioa diruz lagundutako jardueraren % 100eraino irits daiteke.

9.– Kanpoko enpresa adituek ezingo dute laguntzaren eskatzailearekin zuzenean edo zeharka % 25eko edo hortik gorako partaidetzarik izan, ezta gobernu-organoetan erabakitzeko gaitasunik ere. Erakunde eskatzaileak ere baldintza bera bete beharko du kanpoko enpresa adituari dagokionez.

Era berean, enpresa eskatzaileak eta kanpoko enpresa adituek ezingo dute inolako loturarik izan oinarri hauen bidez araututako finantza-birfinantzaketako prozesuan parte hartzen duen erakundeekin, hau da, banku-erakundeekin, erakunde abal-emaileekin, eta abarrekin.

10.– Kanpoko enpresek eta proposatutako taldeak esperientzia egiaztatua izan beharko dute proiektuaren esparruan, eta eskaintzan honako datu hauek jaso beharko dira:

– Proiektua gauzatzeko osatutako taldean parte hartzen duten pertsonen izena, prestakuntza eta esperientzia osoa.

– Esperientzia antzeko eragiketatan.

– Lankidetzan aritu diren izaera bereko eragiketen kopurua.

– Eragiketa motak.

– Eragiketa horiek zein sektoretan kokatzen diren.

– Parte hartu duen 3 eragiketa nagusien deskribapen laburra.

– Mota horretako eragiketetan birfinantzatutako zorraren bolumena.

– Eragiketa horietan lortutako emaitzak/lorpenak.

8. artikulua.– Laguntzen modalitateak eta zenbatekoak.

1.– Deialdi honen xede diren laguntzak dirulaguntza bezala egituratuko dira, onetsitako gastu hautagarrien ehuneko hauetan:

– Gastu hautagarrien % 80ko dirulaguntza, gehienez 30.000 euro enpresa bakoitzeko.

Proposatutako dirulaguntza % 5 gehiago handituko da, laguntzeko gehieneko muga gainditu gabe, baldin eta enpresak honako baldintzaren bat betetzen badu:

Hizkuntzaren Kudeaketarekin lotutako Bikain Kalitate Ziurtagiria izatea, zeinak enpresan euskara erabiltzen eta kudeatzen dela, eta haren presentzia dagoela ziurtatzen duen.

Berdintasun Plan bat izatea, 100 langile edo gutxiagoko enpresen kasuan soilik; izan ere, 100 langiletik gorakoak legez derrigortuta daude Berdintasun Plana izatera.

9. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.

1.– Programa honetan jasotako laguntzak eskuratzen dituzten erakundeek beste laguntza bateragarri batzuk edo Europako Erkidegoko beste finantzabide batzuk eskura ditzakete, betiere gastu hautagarrietarako gehieneko laguntzaren intentsitatea errespetatzen badute.

2.– Laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izango erakunde onuradunak garatzeko asmoa duen jardueraren kostua baino handiagoa, soilik laguntza hori aintzat hartuta edo edozein administraziok edo horien sektore publikoek xede bererako emandako beste laguntza batzuk gehituta. Baldin eta beste laguntza publiko batzuk eta programa honen bidez emandakoa metaturik lortzen den zenbatekoak gainditu egiten badu kostu hori, murriztu egingo da programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko behar den neurrian.

3.– Programa hau aplikatuz emango diren laguntzak garrantzi txikikoak edo de minimis laguntzak izango dira.

4.– Erakunde onuradun batek jaso dezakeen ninimis-eko laguntzaren guztizkoak ezingo du 200.000 eurotik gorakoa izan, indarrean dagoen ekitaldi fiskala eta aurreko biak aintzat hartuz. Baldin eta enpresa onuradunak errepideko garraio-sektorean besteren konturako garraio operazioak egiten baditu, gehieneko hori 100.000 eurora murriztuko da (horrez gain, laguntza ezingo da erabili merkatu-gaiak errepidez garraiatzeko ibilgailuak erosteko). Hortaz, programa honetan aurreikusitako laguntzak ez dira esleituko, baldin eta esleitutako laguntzak muga hori gainditzen badu hain justu ere onuradunak eskuratutako beste minimis laguntza batzuk erantsi ondoren. Berdin dio laguntza horiek zein administraziok esleitu dituen.

5.– Minimis laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo dirulaguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez, baldin eta metatze horrek gaindituko balu laguntzaren intentsitatea edo dagokion gehieneko laguntzaren kopurua. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.

6.– Aurrez aipatutako muga horiek edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako kantitatea murriztu egingo da programaren arabera emandako zenbatekotik.

7.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari aitortzen zaionean baduela legezko eskubidea laguntza jasotzeko.

10. artikulua.– Laguntza-eskaera.

1.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta oinarri hauen ondoriozko gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dira SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia erakundearen webguneaz baliaturik.

2.– Aurrez ikusitako laguntzetarako sarbidea izateko baldintzak betetzen dituzten erakundeek SPRIren webgunean gaitutako Laguntza Eskaera formularioak bete beharko dituzte.

3.– Eskaera hori sinadura elektroniko aurreratuaren bidez (ziurtagiri elektroniko errekonozitu batekin) sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko nahikoa ahalorde duen pertsona batek. SPRIren sistemetan emandako sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.

4.– Eskaerarekin, espresuki baimena ematen zaio SPRIri eska dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak dituela egiaztatzen duen ziurtagiria eta, era berean, kontsulta dezan enpresa EJZen (ekonomia-jardueraren gaineko zergan) alta emanda dagoen epigrafea. Dokumentu horiek kontsultatzeko baimena ukatzen bada, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu, laguntza-eskaerarekin batera.

5.– Erakunde eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira laguntza-eskaeran.

6.– Laguntzaren eskaera honako dokumentazio honekin batera aurkeztu beharko da:

a) Erakundeko legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena. Eskaerarekin batera doan ereduaren araberako adierazpena, erakundeko legezko ordezkariak egindakoa, honako inguruabarrak azaltzeko:

– Erakundeko legezko ordezkariaren izen-abizenak eta nortasun-agiri nazionala (NAN) edo atzerriko identifikazio-zenbakia (AIZ).

– Erakundearen izena, identifikazio fiskaleko zenbakia ala kodea (IFZ/IFK) eta egoitza soziala.

– Gutxienez erakunde eskatzailearen ekonomia-jarduerarako zentro baten egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan.

– Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia-jardueren gaineko zergan dagokion epigrafean alta emanda egotea.

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren ingurukoak eta/edo bere erakunde kolaboratzaileenak eguneratuta izatea.

– Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta laguntza eskatzen den ekitaldi fiskalean emandako minimis laguntzen zerrenda, emate-data, erakundea, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.

– Proiektu bererako erakunde publiko edo pribatuei eskatu eta/edo haiek eman dituzten laguntzen zerrenda, eskaera-data edo, bidezkoa bada, emate-data, erakundea, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.

– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak 31.3 artikuluan aurrez ikusitakoa aplikatuta, adieraziko da kontratu txikietarako kontratazio publikoaren arloan diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak indarreko araudian xedatutako zenbatekoak gainditzen dituenean, onuradunak gutxienez hiru eskaintza eskatu dizkiela beste hainbat hornitzaileei obra, zerbitzu edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu baino lehen; dena den, salbuespenak izango dira ezaugarri bereziengatik merkatuan egiteko, emateko edo hornitzeko erakunde nahikoak ez egotea edo gastua dirulaguntzaren aurretik egitea.

– Oinarri hauetako 4. artikuluan xedatutako baldintzak betetzea, eta bereziki honako hauek:

– Enpresa eskatzaileak zehapenik ez izatea arlo penal edo administratiboan dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko; horrez gain, horretarako gaitzen duen legezko debekurik ez izatea, sexu-diskriminazioarengatik sortutakoak barne, 4/2005 Legeak, otsailaren 18koak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako denak, azken xedapenetako seigarrenean zehaztutakoarekin bat etorriz.

– Enpresa eskatzailea oraindik izapidetzen ari den itzultze- edo zehapen-prozedura batean murgilduta ez egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo bere erakunde autonomoek emandako antzeko laguntza edo dirulaguntzen esparruan.

– Dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketa eguneratua izatea.

– Batzordearen aurretiazko erabakiaren babesean, berreskuratze-agindurik betetzeke ez izatea, barne-merkatuarekin laguntza bateraezin edo legez kanpoko aitortu ondoren, eta krisian ez egotea, krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatu eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko erkidegoaren zuzentarauen arabera (2014/C 249/01 EBAO).

– Enpresak Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak 13.2 artikuluan xedatutako debekurik ez izatea.

– Armak ekoizten, merkaturatzen eta finantzatzen ez jardutea, Herrialde pobretuekin justizia- eta elkartasun-gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legeak xedatutakoarekin bat.

– Jasotako laguntzaren aurrerakina enpresaren kontabilitatean pasibo gisa islatzeko eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziara itzultzeko konpromisoa, itzultzea erabakitzen duen ebazpenak hala xedatuz gero.

b) Legezko ordezkariaren notario-ahalordea. Onuraduna langile autonomoa bada, dagokion foru-aldundiko edo udaleko ogasun-sailaren ziurtagiria, eguneratuta, ekonomia-jarduera egiaztatzen duena.

c) Erakunde onuradunaren IFZa.

d) Finantza-erakundeko ziurtagiriaren kopia, onuradunaren izenean titulartasuna eta kontu-korrontearen zenbakia (IBAN) egiaztatzen dituena.

e) Aditu independentearen aholkularitza- eta laguntza-zerbitzua eskatu behar izanaren justifikazio-memoria. Nolanahi ere, horretan eskaeraren datan ondorengo puntu hauek landu beharko dira:

– Enpresaren jarduera eta egungo egoera.

– COVID-19aren ondoriozko arazoak enpresaren arlo desberdinetan (horren jarduera ekonomikoan eragina).

– Egiteko antzemandako edo gauzatutako balizko ekintzak osasun-krisiak sortutako egoerari aurre egiteko (bai alderdi operatiboa, bai finantza-alderdia).

– Finantza-posizio garbiaren egoera.

– Finantza-hartzekodunen zerrenda eta bakoitzaren zor-posizioa.

– Aditu independenteari laguntza eskatzeko beharra eta arrazoiak.

– Dirulaguntza honen xede den zerbitzuarekin lortu nahi diren helburuen deskribapena.

f) Aditu independenteak egindako eskaintzaren aurrekontua, 7.5 artikuluan deskribatutako irizpideen arabera. Hala, erantsiko da talde aholkulariaren esperientzia deskribatu eta ziurtatzen duen dokumentazioa, 7.10 artikuluan deskribatutako irizpideei jarraikiz.

g) Enpresa onuraduna laguntzaren eskaera aurkeztearen datarekiko aurreko 12 hilabeteetan sortu bada, «negozio-plana» aurkeztu beharko du.

7.– SPRI eta enpresa onuradunak helbide elektronikoz egindako jakinarazpen guztiak baliozkotuko dituzte, horiek laguntzaren eskaeran enpresak harremanetarako emandako pertsonaren helbide elektronikora eginak badaude. Harremanetarako helbide elektroniko gisa onartuko da bakarrik programarako onuradun gisa azaltzen den enpresari dagokiona.

8.– Eskatzaileek programa honen ondorioz SPRIrekin izandako harremanetan beren hizkuntza berean (euskaraz edo gaztelaniaz) arreta jasotzeko eskubidea bermatuta izango dute, baita hori erabiltzeko ere, ahoz nahiz idatziz.

11. artikulua.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea.

Laguntza-eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian aurkeztu eta biharamunetik aurrera hasiko da zenbatzen, eta 2021eko irailaren 15ean amaituko da. Hala eta guztiz ere, eskatzaileentzako arreta teknikoa 2021eko irailaren 15eko 15:00etan (Espainiako penintsulako ordua) bukatuko da.

Laguntza-eskaera, aurreko artikuluan eskatzen den dokumentazioarekin batera, diruz lagundu daitekeen jarduketa hasi baino lehen aurkeztuko da.

12. artikulua.– Ebaluatu eta ebazteko prozedura.

1.– Laguntza-eskaerak espedientea osorik dagoenean ebaluatu eta ebatziko dira.

2.– Proiektuak ondorengo irizpide eta puntu hauei jarraikiz ebaluatuko dira:

a) Proiektua programari egokitzea (5 puntu).

b) Enpresan birfinantzatzeko proiektuaren garrantzia (5 puntu).

c) Proiektua gauzatzeko aurkeztutako eskaintzaren egokitasuna (5 puntu).

d) Finantza-aditu aholkulariaren egokitasuna (5 puntu).

e) COVID-19aren eragina enpresaren finantza-arazoetan (5 puntu).

f) Birfinantzatzeko proiektua justifikatze aldera, enpresaren ibilbide egiaztatua (5 puntu).

Laguntza-eskaerek a) irizpidean (proiektua programari egokitzea) gutxienez 3 puntu lortzen ez badituzte, ezetsiko dira. Era berean, laguntza-eskaerak ebaluazioan 15 puntura iristen ez badira, ezetsiko dira.

3.– Ebazpena Zuzendaritza Nagusiak emango du zuzeneko esleipen-araubidean, beraz, aurkezpen-hurrenkeraren arabera ebatziko dira, aurrekontu-kreditua dagoen bitartean. Horien aurka berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurrean 39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, xedatutako epe eta moduan.

4.– Ebazpen-epea. Gehienez 6 hilabete daude ebazteko, dokumentazio guztia aurkezten den egunetik zenbatzen hasita. Epe horretan ebazten ez bada, ebazpena ezetsitzat joko da.

5.– Erakunde eskatzaileei ebazpenak jakinarazten zaizkienean, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, baldintzak eta diruz lagunduko jarduketa egiteko epeak adieraziko dira. Halaber, beste baldintzaren bat ere azalduko da, hori garatzeko beharrezkoa bada.

6.– Ebazpena eman eta bitarteko elektronikoak erabiliz jakinaraziko zaio erakunde eskatzaileari ematen denetik gehienez 10 egun balioduneko epean.

7.– Emandako laguntzak ezagutzera emateko, SPRIren webgunean eta EHAAn argitaratuko dira.

13. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Diruz lagundutako jarduketak amaitutakoan, erakunde onuradunak proiektua gauzatu duela justifikatu beharko du, eta, horretarako, SPRIren webguneko hasierako eta amaierako likidazio-inprimakiak erabili beharko ditu.

2.– Likidazio-eskaerak sinadura elektronikoaren bidez erakundea ordezkatzeko ahalmen nahikoa duen pertsonak sinatuko ditu. Aurkezpen-datatzat joko da SPRIren sistemetan sinadura elektronikoa agertzen den hori.

3.– Eskaerak berariazko baimena ematen dio SPRI erakundeari zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren ingurukoak betetzen direla ziurtatu ditzan eskatzeko, baita EJZan (ekonomia-jardueren gaineko zerga) enpresa zer epigrafetan alta emanda dagoen kontsultatzeko ere.

4.– Likidazio-eskaerek erakunde eskatzailea eta legezko ordezkaria identifikatzeko datuak izango dituzte.

5.– Likidazio-eskaerekin batera honako dokumentazio orokor hau aurkeztu beharko da:

a) Gauzatutako gastuen justifikazio-memoria eta gastu hautagarrien fakturak kostuen arabera banatuta.

b) Proiektuan diruz lagundu daitezkeen gastuak finantza-erakundeak ordaindu izanaren banku-frogagiriak.

c) Finantza-erakundearen ziurtagiria, onuradunaren izenean titulartasuna eta kontu korrontearen zenbakia (IBAN) egiaztatzen dituena, lehen azaldutakoari begira aldatzen bada.

6.– Hasierako likidazio-eskaera bat etorriko da lehenengo fasearen amaierarekin, eta gehienez 3 hilabeteren buruan aurkeztu beharko da, laguntzaren ebazpena jakinarazten denetik eta, nolanahi ere, 2021eko azaroaren 30a baino lehen. Eskaerarekin batera honako dokumentazio berezi hau aurkeztuko da:

a) Onuradunaren abiapuntuari buruzko diagnostikoa, bai operazioaren ikuspuntutik, baita finantza-ikuspegitik ere.Ezinbestekoa da diagnostikoa zenbait ikuspegitatik egitea, hala nola finantza-egoera (aztertuko dira finantza-egoerak, funtsen jatorria eta aplikazioa, inbertsio-politikak, zorraren kalitatea eta diru-sarreren eredua), produktuak eta zerbitzuak (bezeroen zorroa, merkatuaren segmentazioa, prezioak eta bilakaera, lehia, osagai teknologikoa, urtaroko izatea, etab.), barne-prozesuak (ekoizpena, logistika, erosketak, hornitzaileen katea, etab.) eta antolaketa nahiz giza baliabideak (enpresaren egiturari buruzko alderdiak, arloen artean giza baliabideen eta bitarteko teknikoen banaketa, etab.).

b) Ekintza-plana, gauzatzeko ekintza-sortarekin, abiapuntuko diagnostikotik abiatuta.

c) Enpresaren aholkularitza- eta laguntza-proposamena zorra birfinantzatzeko prozesuan.

d) Kronograma ekintza-planeko egikaritze-neurriekin.

7.– Azken likidazioaren eskaera bigarren fasearen amaierarekin bat etorriko da. Proiektua amaitzen denetik gehienez bi hilabeteren buruan aurkeztuko da eta, nolanahi ere, 2022ko urriaren 30a baino lehen. Honako dokumentazio berezi hau erantsiko zaio:

a) Egindako lanak egiaztatzen dituen memoria teknikoa, erakunde hornitzaileak egina proiektua gauzatu ondoren. Honako informazio hau emango du:

– Dagoeneko hasitako ekintzak edo hobekuntzak eta gauzatzeke daudenak, bai operatiboak, baita finantzarioak ere. Ekintza (edo bideragarritasun) plan eguneratuan sartuko dira.

– Zorra birfinantzatzea: dagoeneko hasitako ekintzak eta hasteke daudenak.

– Aurreko bi puntuetan jasotako jarduketen behin betiko egikaritze-kronograma.

– Finantza-aholkulariak egindako laguntza-ekintzak pasibo finantzarioa berriz negoziatzeko, baita emandako laguntza-planean aurrez ikusitako neurriak egikaritzeko ere.

8.– SPRIko Industria Garapenerako arloak edozein unetan onuradunari jarraipen-bilerak eskatu diezazkioke proiektua egikaritzen ari den bitartean.

9.– Ebazpena Zuzendaritza Nagusiak emango du eta horren aurka berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurrean 39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, xedatutako epe eta moduan.

14. artikulua.– Laguntza- eta/edo likidazio-eskaerak zuzentzea.

1.– Laguntza- eta/edo likidazio-eskaera ez badago oso-osorik osatuta edo eskatutako dokumentazioarekin bat ez badator, SPRIk erakundeko legezko ordezkariari eskatuko dio gehienez 10 egun baliodunen epean akatsa zuzendu dezan edo nahitaezko dokumentuak aurkeztu ditzan.

2.– Epe horren barruan erakunde onuradunak zuzenketarik egiten ez badu, SPRIk espedientea ezeztatu dezake, eta inguruabarra erakunde eskatzaileari jakinaraziko dio.

15. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– SPRIk formalizatu eta entregatuko dizkio dirulaguntzak erakunde onuradunari bi ordainketa eginez. Xede horrez, 13. artikuluan eskatutako likidazio-eskaerak eta justifikazio-dokumentazioa aurkeztu beharko ditu.

Ez da dirulaguntza ordainduko, baldin eta onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez baditu edo itzultzeko ebazpen bat dela eta zorduna bada.

2.– Lehenengo ordainketa gauzatutako proiektuaren ehunekoaren arabera egingo da, aintzat hartuta egiaz egin eta justifikatutako gastua. Hala, dirulaguntzaren zenbatekoaren % 50era iritsi ahal izango da. Bigarrenean, dirulaguntzaren gainerako zenbatekoa ordainduko da.

3.– Gastu hautagarria laguntza emateko ebazpenean onetsitako aurrekontua baino txikiagoa bada, proportzioz egokituko da, 8. artikuluan xedatutako irizpideari jarraikiz.

16. artikulua.– Erakunde onuradunaren betebeharrak.

1.– Onuradunaren betebeharrak dira Dirulaguntzen Lege Orokorrak 14. artikuluan aurrez ikusitakoak, baita 1/1997 Legegintzako Dekretuak, azaroaren 11koak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorra Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen testu bategina onesten duenak, 50. artikuluan xedatutakoak ere, eta bereziki honako hauek:

a) Emandako laguntza onestea. Alde horretatik, dirulaguntza ematen duen jakinarazpena hartzen den egunetik zenbatzen hasita, hamabost egun naturalen buruan erakunde onuradunak SPRIren aurrean berariaz uko egiten ez badio, onartutzat joko da.

b) Emandako laguntza xedea garatzera bideratzea.

c) SPRIk egokitzat jotzen duen dokumentazio osagarri guztia eskatzeko aukera onestea, baita SPRIk izendatutako langileek edozein instalaziotan egokitzat eta bidezkotzat jotzen dituzten egiaztapenak eta kontrolak egin ahal izatea, emandako laguntzaren xede den proiektua egin dela eta eskatutako baldintzak bete direla ziurtatzeko.

d) Faktura osoak gordetzea eta SPRIren edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez, gastu hautagarriak egiten diren unetik zenbatzen hasita.

e) Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikorako Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ala bestelako kontrol-organo eskudunei, bai naziokoei, bai erkidegokoei, laguntzen helmuga fiskalizatzeko funtzioetan eskatzen duten informazioa helaraztea.

f) SPRIri berehala jakinaraztea dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak ala baliabideak eskatu edo lortu direla beste administrazio ala erakunde publiko edo pribatu batetik, baldin eta hemen araututakoen xede berdina edo antzekoa badute.

g) SPRIri jakinaraztea edozein inguruabar aldatu dela, laguntza emateko kontuan hartu bada.

h) Programa honen bidez emandako dirulaguntzaren jatorriari publizitate egokia ematea.

i) Diruz lagundutako proiektuan egiten diren dokumentu eta euskarrietan hizkuntza eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea.

17. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Laguntza emateko aintzat hartu diren baldintzak aldatuz gero eta, nolanahi ere, beste administrazio edo erakunde publiko ala pribatu batzuek emandako laguntzak edo dirulaguntzak lortu badira, baita helburu berarekin beste diru-sarrera edo baliabide batzuk badaude ere, laguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere programa honetan xedatutako gutxieneko baldintzak babesten badira.

2.– Era berean, erakunde eskatzaileak eskatu eta justifikatu ondoren, programa kudeatzen duen arduradunak jarduerak egikaritzea atzeratu dezake, baldin eta atzerapen hori 6 hilabetetik gorakoa ez bada.

3.– Jarduketak halabeharrez laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian aurrez ikusitakoak izango dira. Dena den, SPRIk aldaketak baimendu ditzake, betiere erakunde onuradunak amaitu baino lehen aldez aurretik justifikatu baditu eta jarduketen izaera nahiz hasieran programarekin lortu nahi ziren helburuak ez badira hutsaltzen.

18. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Erakunde onuradunek oinarri hauetan eta gainerako arau aplikagarrietan, baita laguntzak emateko ebazpenean ere xedatutako baldintzaren bat ez badute betetzen, emandako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, eta SPRIri itzuli beharko dizkiote ordura arte jasotako laguntzen zenbatekoa gehi berandutze-tasak. Nolanahi ere, beharrezkoa bada, legezko ekintzetara joko da itzultzea lortzeko. Era berean, debekatu ahal zaio enpresa aholkulariari programa honen barruko proiektu berriak egitea, hutsen bat egiaztatuz gero.

2.– Nolanahi ere, artikulu honetan aurreikusitakoari begira, honako hauek dira ez-betetzeak:

a) SPRIren baimenik gabe laguntza-eskaerak eta dokumentazio osagarriak aurrez ikusitako jarduketak aldatzea. SPRIri gauzatzeko orduan edozein aldaketa jakinarazten ez bazaio, betiere laguntza emateko aztertu ziren baldintzak aldatzen baditu, ez-betetze bat izango da. Aldaketak baimendu daitezke, baldin eta erakunde onuradunak SPRIri eskatu eta justifikatu badizkio, ahal bada proiektua aplikatu baino lehen. Horrez gain, horiek ez dituzte hutsalduko jarduketen izaera eta programarekin lortu nahi diren helburuak.

b) Gastu hautagarriak epean ez justifikatzea edo programa honetan ala laguntza emateko ebazpenean eskatutako baldintzak ez betetzea.

c) Proiektua oso-osorik ez gauzatzea, hau da, I. fasea eta II. fasea ez betetzea.

d) Diruz lagundutako proiektua egikaritzeko epeak gainditzea, baldin eta aldatu edo luzatzeko baimenik ez badago.

e) Laguntza-programa honetan xedatutako baldintzak izan gabe edo laguntza emateko xedatutakoak bete gabe lortzea.

f) Programan edo laguntza ematean aurrez ikusten den edozein kontrol-neurri ukatu edo oztopatzea.

g) Beste edozein desbiderapen proiektutik edo laguntza emateko ebazpenak eskatzen duen edozein eskakizun ez betetzea.

h) Dirulaguntzen Lege Orokorrak 37. artikuluan aurrez ikusitako arrazoiak.

3.– SPRIri dagokio ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hasi, izapidetu eta ebaztea.

4.– Deialdi honetan edo gainerako arau aplikagarrietan, baita emateko ebazpenean ere xedatutako baldintzak betetzen ez badira, ez-betetzeari buruzko espedientea izapidetu ondoren, laguntzak indargabetu eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari itzuli beharko zaizkio berandutze-interesekin batera, 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta 698/1991 Dekretuak, abenduaren 17koak, EAEko aurrekontu orokorren kargura dirulaguntzak bermatu eta itzultzeko araubide orokorra arautzen duenak, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak xedatzen dituenak, II. tituluan xedatutakoarekin bat etorriz, dagozkion zehapenak eta legezko ekintzak gorabehera. SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak hasi eta ebatziko ditu indargabetze-espedienteak eta, bidezkoa bada, laguntzak zati batean edo oso-osorik itzultzeko espedienteak.

5.– Halaber, programaren xede den jarduerari dagokion kostua gainditzen duen laguntzaren zatia itzuli beharko da, kobratu ondoren, laguntzak metatzeagatik gehiegiz finantzatuta dagoenean. Nolanahi ere, hori 9. artikuluan araututa dago. Ustezko honetan itzuli behar den zenbatekoa egitatea aitortu eta itzultzea erabakitzen duen ebazpenean zehaztuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Araudi aplikagarria.

Programa honetarako, honako araudi hau da aplikagarria:

1.– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua,) dirulaguntzen arloan oinarrizko legedia denean.

2.– 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorra Antolatzeko Printzipioei buruzkoa.

3.– 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, EAEko aurrekontu orokorren kargura dirulaguntzak bermatu eta itzultzeko araubide orokorra arautzen duena, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak xedatzen dituena.

4.– 1407/2013 EB Erregelamendua, abenduaren 18an Batzordeak emana, Europar Batasunaren Funtzionamenduaren Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeko denak. (2013 L 352/1 EBAO).

5.– 651/2014 (EB) Erregelamendua, ekainaren 17an Batzordeak emana, I. eranskinean xedatutakoari dagokionez, laguntzen kategoria zehatzak barneko merkatuarekin bateragarri aitortzen dituena Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

2016/679 (EB) Erregelamenduak, Datuak Babesteko Orokorrak, (aurrerantzean, DBEO) eta datu pertsonalak babesteko gainerako araudi aplikagarriak xedatutakoaren babesean, jakinarazten da eskuratutako datuak tratatuko direla laguntza-espedientea kudeatze aldera. Izan ere, datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia gisa sortzean egindako estatutuetan ezarri ziren helburuak betetzeko funtzio publikoa.

Informazioa enpresa kolaboratzaileei, arloan eskumena duen herri-administrazioari eta SPRI taldeko enpresei (ikusi http://www.spri.eus/es/quienes-somos/sociedades-del-grupo-spri) helarazi ahal izango zaie.

Interesdun guztiek SPRIren aurrean datuak babesteko araudiko eskubideak erabiltzeko gaitasuna dute idatzi bat honako helbide elektronikora bidalita: lopd@spri.eus

SPRIn datu pertsonalak babesteari buruzko informazio osagarria eta zehatza kontsultatzeko, webguneko Pribatutasun Politika atalera (www.spri.eus/privacidad) jo daiteke.

Datuen zaintza eskatzea behar izanez gero, kontrol-agintaritza Datuak Babesteko Espainiako Agentzia da.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Oinarri hauei dagokienez, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren erabakiak administratiboak dira eta jurisdikzio eskuduna administrazio-auzien esparrukoa da.


Azterketa dokumentala