Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

75. zk., 2021eko apirilaren 19a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
2227

EBAZPENA, 2021eko martxoaren 31koa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, zeinaren bitartez SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluaren 2021eko martxoaren 31ko Erabakia argitaratzen baita, «Innobideak» 2021 laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartu, programaren deialdia egin eta argitaratzeko agintzen duena.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluak 2021eko martxoaren 31ko bilkuran hartutako Erabakiaren arabera, «Innobideak» 2021 laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartzen dira, programaren deialdia egiten da eta argitaratzeko agindua ematen da, publikotasuna emateko. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea «Innobideak» 2021 laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartu, programaren deialdia egin eta argitaratzeko agintzen duen Erabakia, ebazpen honen eranskinean ageri dena.

Bilbao, 2021eko martxoaren 31.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

AITOR URZELAI INZA.

ERANSKINA, SPRI-ENPRESA GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIAREN ZUZENDARI NAGUSIAREN 2021EKO MARTXOAREN 31KO EBAZPENARENA
SPRI-ENPRESA GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIAK 2021EKO MARTXOKO 31N HARTUTAKO ERABAKIA, «INNOBIDEAK» 2021 LAGUNTZA-PROGRAMA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK ONARTU, PROGRAMAREN DEIALDIA EGIN ETA ARGITARATZEA AGINTZEN DUENA

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, eginkizun dauka, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoan industria eta enpresa arloko jarduera bultzatzera bideratutako jardunbideak gauzatzea eta, bestetik, lehiakortasuneko bektore gisa honako hauen arteko trantsizioak Euskadiko enpresetan txertatzen laguntzea: teknologia-digitala, energia-klima eta gizartea-osasuna. Horretarako, enpresen jarduera ekintzailean inbertsioa, berrikuntza, nazioartekotzea eta jarduera sustatzea bultzatzen ditu.

Alde horretatik, SPRI zenbait ekintza ari da garatzen Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean (ZTBP 2030) jasotako helburuak betetzeko. Ekintza horien artean, aipatzekoak dira euskal enpresen lehiakortasunaren hobekuntza bultzatzera bideratutako laguntza-programa anitzak.

Horren ondorioz, Laguntza Programa hau enpresen lehiakortasuna hobetzeko ekintzak sustatzeko helburuarekin diseinatu da; helburu hori betetzeko, laguntza eskaintzen zaie berrikuntzara, kudeaketa hobetzera eta pertsonen parte hartzera bideratutako proiektuei.

Bestalde, 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 48.5 artikuluak Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrek finantzatutako erakunde guztiei agintzen die haien dirulaguntza-jardueran publikotasun-printzipioa betetzeko, beteak beste.

Hori guztia dela eta, hau

ERABAKITZEN DUT:

Lehenengoa.– «Innobideak» 2021 laguntza-programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea. Horren edukia eranskin gisa gehitu da erabaki honetan.

Bigarrena.– Ahalmen ematea SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Orokorrari, erabaki hau argitaratzeko eta indarrean jartzeko egin beharreko izapide guztiak egiteko.

Hirugarrena.– Erabaki honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluaren aurrean, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta biharamunetik hasita, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Erabaki honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

ERANSKINA
INNOBIDEAK 2021 LAGUNTZA-PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

Euskal ekonomiak azken hamarkada hauetan eraldaketa eta modernizazioa izan du, eta, halaber, EBko batezbestekotik gora izan ditu ekonomiaren hazkunde-tasa eta enplegu-tasa, baina hori guztia bat-batean eten zen COVID 19 birusak mundu osoan sorrarazitako pandemia egoeraren ondorioz.

Hala ere, euskal enpresa askok garatu dituzten gaitasunen bidez, aukera izan dute eraginkortasun operatiboa nahitaez lortzea ardatz zuen testuingurutik, prozesuak hobetu eta kostuak murriztuta, arrakastaz lehiatzera iristeko bidea egiteko, horrekin batera, bereiztea eta berrikuntza lortzeko estrategiak ezarrita. Euskadik aurrera egin du bere egitura, pixkanaka, dibertsifikatzeko bidean, eta horretarako, ezagutza-oinarri erreal bat ezagutzen zitzaien etorkizuneko eskaera-sektoreen aldeko apustua egin du. Ezagutza-kapital hori, egoera honen ondorioz, ezin da galdu.

Deskribatu dugun egoera dela-eta, Euskadiko Administrazio Publikoek zenbait jarduera sustatu egin behar izan dituzte, aukera emango dutenak enpresa-ehunaren lehiakortasuna indartuko duen hazkunde fasean berriz ere eta ahalik eta lasterren sartzeko. Hala, Eusko Jaurlaritzak hartu duen «Berraktibatze Ekonomikoaren eta Enpleguaren aldeko Konpromisoa», eraldatzeko palanka bat da, eta aukera emango du, besteak beste, enplegurako eta hazkunde ekonomikorako aukera berriak ekarriko dituen trantsizio teknologiko-digitalari aurre egiteko. Jarduera-ardatzetako bat Berraktibatze Ekonomikoan dago oinarrituta, eta ikerketa, berrikuntza, eraldatze digitala eta jasangarritasunaren bidez eratzen da, besteak beste.

Bide hori egiteko, estrategiak eraginkortasunez ezarri behar dira, metodo, zorroztasun eta erritmo egokiekin; enpresen gaitasun eta baliabideak ikuspegi estrategikotik ordenatzeko, arrazionalizatzeko, lehenesteko eta, ondorioz, optimizatzeko aukera emango duen ezagutza txertatuz; aukerak identifikatzeko eta balioa sortzeko modu berriak ezagutzeko ezagutza txertatuz, administrazio publikoek erabilgarri jarritako tresnak ahalik eta eraginkortasun handienarekin erabiliz.

Hala, enpresa-ehunak ikuspegi holistikotik egin behar ditu aldaketa nabarmenak (kasu askotan errotikoak), eta aldaketa horiek hauek aldatuko dituzte:

– Produktu nahiz zerbitzuak eta prozesuak; horrek negozio-funtzio gehienei eragingo die (Ondasunen eta zerbitzuen ekoizpena, Marketina eta Salmentak, Administrazioa...). Jarduera horiek, Osloko Eskuliburuaren 2018ko edizioan, «berrikuntzak produktuan» eta «berrikuntzak negozio-eredutan» ataletan daude sailkatuta.

– Kudeaketa-eredua. Kudeaketa Aurreratuko Ereduak ezartzeko bidean aurrera egitea funtsezko faktore izango da, hemendik aurrera ere, finkatutako helburuak ondo betetzeko.

– Harremana pertsonekin. Enpresa-proiektuan parte hartzeko aukera emango dieten eredu berriak zehaztea funtsezkoa izango da enpresen bilakaeran.

Hala, Innobideak Programarekin, indartu egin nahi dira arlo horiek; baita enpresek haien negozio-ereduak egokitzeko eta dimentsioa indartzeko izango dituzten beharrak ase ere.

Innobideak 2021 programa Erakundeak 2021erako onartutako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dago jasota.

1. artikulua.– Laguntzen xedea eta izaera.

1.– Xedea.

Oinarri hauen xedea enpresa parte-hartzaileen lehiakortasuna hobetzera bideratutako Programa bat arautzea da, berrikuntza, kudeaketaren hobekuntza, pertsonen parte-hartzea, negozio-ereduak egokitzea eta/edo dimentsioa indartzea xede duten proiektuei babesa emanez.

Arau arautzaile honek ezartzen ditu Programaren ildo bakoitzera sartzeko baldintzak eta prozedura.

2.– Laguntzen izaera:

a) Dirulaguntzen Programa hau 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Legeko, Dirulaguntzen Lege Orokorreko, 8.3 artikuluak xedatutako printzipioen mende dago.

b) Laguntza horiek behar bezala jasotako laguntzak ondoz ondo aitortzeko prozeduraren arabera emango dira. Ondorioz, banaka eta modu ordenatuan ebatziko dira oinarrietan zehaztutako dokumentazio guztiarekin eskaera osatu den unea kontuan hartuta.

c) Programa hau aplikatzearen ondorioz emandako laguntzek garrantzi txikiagoko edo minimis laguntza izaera dute. Ondorioz, 2013ko abenduaren 18an Batzordeak onartutako (EB) 1407/2013 Araudiak xedatutakoaren mende egongo dira.

d) Programa honen baitan emandako laguntzek itzuli beharrik gabeko dirulaguntza-izaera izango dute.

e) Programa honen baitan emandako dirulaguntzak ez daude esportatutako kopuruei, banaketa-sare bat ezartzeari eta ustiatzeari, edo esportatzeko jarduerari lotutako beste gastu korronte batzuei zuzenean lotuta.

2. artikulua.– Baldintzak eta definizioak.

Programa honen helburuetarako, definizio hauek ezarri dira:

1.– Negozio-eredua. Erakunde baten adierazpen abstraktua, testu-moduan edo modu grafikoan, lotutako kontzeptu guztiena, finantza-akordioak, eta erakundeak eskaintzen eta eskainiko dituen produktu edo zerbitzuen portfolio nagusia, xedeak eta helburu estrategikoak lortzeko behar diren ekintzetan oinarrituta.

2.– Ondorengotza kudeaketan eta/edo jabetzan. Kudeaketan: prozesu honen bidez, enpresak identifikatu egiten du funtsezko kolaboratzaile batek erretiroa hartu edo enpresa utzi, eta haren ordezkoa aurkitzeko unea. Jabetzan: aldaketa enpresa, lantoki edo enpresaren ekoizpen-unitate autonomo baten titulartasunean.

3.– Industria 4.0. Adimena txertatzea ekoizpeneko baliabideetan eta sistemetan, gaitasun eta teknologia sortu berriak produktu eta prozesu berrietan aprobetxatzea, material aurreratuak balio erantsi handiagoko soluzioetan edo prozesu hobetuetan txertatzea, erabilitako baliabideen eraginkortasuna eta jasangarritasuna, eta balio erantsi handiko zerbitzuak txertatzea.

4.– Enpresa-dimentsioa Dibertsifikazio-estrategia gauzatu ondoren lortutako dimentsioa, enpresak eskuratzearen bidez erabilia, jarduera-adarren edo kapital sozialeko parte-hartzeen, bat-egite eta zatiketen bidez, edo joint venture delakoaren bidez, sozietate berria sortuta edo sortu gabe. Baliozkoak dira aipatu ditugun horien arteko eragiketa bikoitzak ere. Ez dira hor sartuko aldi baterako enpresa-elkarteak, partaidetzetako kontuak eta irabazi-asmorik gabeko entitateak.

5.– Trakzio-enpresa. Enpresa handia, jardueraren erdigunea Euskal Autonomia Erkidegoan duena, eta jarduera ekonomikoa globala duena.

6.– Kudeaketa Aurreratuko Hasierako Kontraste Txostena. Euskalitek prestatzen duen txosten honek biltzen du enpresak Kudeaketa Aurreratuan duen posizionamendua, erreferentzia gisa Kudeaketa Aurreratuko Eredua hartuta.

7.– Ekintza Plana. Enpresak eginiko txosten honek deskribatu egiten ditu enpresak kudeaketa aurreratua izatera iristeko bidean egitea aurreikusi dituen ekintzak guztiak, Hasierako Kontraste Txosteneko ondorioekin bat etorrita.

8.– Kudeaketa Aurreratuko Eredua. Erreferentzia-eredu bat da, zenbait erakunderen arteko adostasunetik sortua, kudeaketaren hobekuntza sei ardatz edo elementutan oinarrituta jorratzen duena: 1) Estrategia, 2) Bezeroak, 3) Pertsonak, 4) Gizartea, 5) Berrikuntza eta 6) Emaitzak.

9.– Kudeaketaren diagnostikoa. Erakunde jakin baten kudeaketa ebaluatzeko prozesua, Euskalitek sustatutako Kudeaketa Aurreratuko Ereduaren eskakizunak gogoan hartuta aztertuta. Berdin hartzen dira enpresaren Plan Estrategikoa edo urteko Kudeaketa Plana, betiere horietan dirulaguntzaren xede den proiektua jasota badago.

10.– Proiektuaren memoria teknikoa eta ekonomikoa. Erakunde eskatzaileak eginiko txostena. Oinarri hauetako 12.4 artikuluan adierazitako irizpideak balioztatzeko behar adina informazio eman behar du.

11.– Kanpoko Enpresa Aditua. Laguntzaren eskatzaile den enpresatik kanpoko pertsona fisikoa edo juridikoa, proiektuaren xede den arlo teknikoan froga daitekeen ezagutza nahikoa, eta bere zerbitzuak enpresa eskatzaileari merkatuko baldintzetan eskaintzeko eta fakturatzeko gaitasuna duena. Dirulaguntzaren xede den proiektuaren enpresa hornitzailea izango da.

12.– Tarteko agentea. Erakunde hauen jarduera haien eraginpeko arloko enpresen sustapen ekonomikora eta lehiakortasunera bideratuta egoten da. Programa honen harira, proiektuak lankidetzan eratzen, dinamizatzen eta koordinatzen hartuko dute parte. Proiektuaren hornitzaileetako bat da lankidetzan, baina lehen adierazitako funtzioak betetzeko bakarrik.

13.– Trakzio-proiektua. Lankidetzazko proiektua, trakzio-enpresa batek sustatua eta haren bezero eta/edo hornitzaileen katearen parte-hartzearekin, hala, berrikuntza-proiektuaren, kudeaketako hobekuntzaren, negozio-ereduaren aldaketaren edo dimentsioaren doitzeen bidez, trakzio-enpresaren eta haren balio-katearen arteko harremana sendotzeko.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Dirulaguntza-programa honen helburura bideratutako baliabide ekonomikoak 3.300.000 eurokoak dira, eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.

2.– Laguntzak modu ordenatuan esleituko dira, espedientea noiz osatuta den aintzat hartuta.

3.– Programarako funtsak agortzen badira, gelditu egingo da laguntzak emateko prozesua, eta horren berri emango du SPRIren zuzendari nagusiak sozietatearen web orrian (www.spri.eus) eta EHAAn argitaratuko den ebazpen baten bidez.

4.– Behin aurrekontu-kreditua bukatuta, ezingo da beste dirulaguntzarik eman eta, hori dela eta, aurkeztu diren, baina ebazteke dauden eskaerak ezetsi egingo dira.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta onuradun izateko eskakizunak.

1.– Programa honetan jasotako laguntzak eskuratu ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako industria arloko enpresek eta produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresek, 5. artikuluan deskribatutako diruz lagun daitezkeen jarduerak egiteko proiektuak aurkezten badituzte. Hori guztia, baldin eta:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera industrialerako edo produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzuak eskaintzeko zentro bat badute. Aurkeztutako proiektuak zentro horretan eragina izan beharko du, eta diruz laguntzen den jarduera bertan egin beharko da.

b) Alta emanda badaude Euskadiko Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren dagokion epigrafean. Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren dagokion epigrafean emandako alta horrek, gutxienez, sei hilabeteko antzinatasuna izan beharko du, laguntza eskatzen denetik sei hilabete baino epe laburragoan eratutako enpresentzat izan ezik. Bestela, eskaera baztertu egingo da.

Faktore hori dagokion foru-ogasunak igorritako Jarduera Ekonomikoen Historikoa ziurtagiriaren arabera eta aipatutako JEZen zerrendaren arabera balioztatuko da.

c) Dirulaguntza-eskaera aurkeztu aurreko 12 hilabeteko epean, gutxienez 10 enpleguko batez besteko plantilla izatea Innobideak Lehibide eta Innobideak pertsonak ildoetarako, eta gutxienez 50 enplegukoa Innobideak Kudeabide ildorako.

Enplegu kopurua lanaldi osoko urte osoko baliokideen araberakoa da. Baldintza hori Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak igorritako «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla-txostena» izenekoaren bidez aztertuko da. Era berean, plantillako kidetzat hartuko dira enpresaren jarduerara atxikitako langile autonomoak, baldin eta, haien egoeragatik, ezin badira Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean alta emanda egon.

d) Innobideak Kudeabide ildora aurkeztutako proiektuek Euskalitek eginiko Kudeaketa Aurreratuko Hasierako Kontraste Txostena izan behar dute, edo bestela, Kudeaketa Diagnostikoa, Plan Estrategikoa edo Kudeaketa Plana, eskatutako proiektua behar bezala kokatuta eta justifikatuta.

2.– Ezingo dituzte deialdi honen xede diren dirulaguntzak jaso:

a) 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean daudenek; horien artean daude:

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez izatea.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrarekin lotutako ordainketak egunean ez izatea.

– Zigor penalak edo administratiboak izatea, eta ondorioz dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik ez izatea; edo laguntzak jasotzeko desgaitzen dituen legezko debekua izatea.

b) Jarduera armen ekoizpen, merkaturatze eta finantzaketaren arloan egiten dutenek, 14/2007 Legeak, 2007ko abenduaren 28koak, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunarenak, xedatutakoaren arabera.

c) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten menpe daudenek.

d) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide diren entitateek, ikerketa espezializatuko eta/edo bikaineko jarduerak egiten dituzten ikerketa, garapen eta berrikuntzaren arloko entitateek; ez eta Tarteko agentetzat hartzen direnek ere.

3.– Laguntza-eskaera aurkezten den unetik hasi eta emandako dirulaguntza likidatu arte bete beharko dira aurreko ataletan laguntzen onuradun izateko aipatutako eskakizunak. Hala ere, Programaren ildo bakoitzean eskatzen den batez besteko plantilla-eskakizunari dagokionez, jaitsiera laguntza onartu ondoren gertatzen bada, eta laguntza justifikatu arte, oinarri hauetan eskatzen den batez besteko plantillaren gutxieneko zenbakiaren % 10era arteko jaitsiera onartuko da.

4.– Aurreko paragrafoetan aurreikusitako alderdiak modu honetan egiaztatuko dira:

a) SPRIk ofizioz egiaztatuko du honako eskakizunak betetzen direla:

– Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera industrialerako edo produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzuak eskaintzeko zentro bat dutela, zeinetan proiektuak eragina izango duen.

– Euskadiko Ekonomia Jardueren Gaineko Zergaren epigrafe industrialean alta emanda daudela.

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituztela.

Dena den, eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimena emateari. Hala bada, kasu bakoitzean eskumena duen organoaren administrazio-ziurtagiriak eman beharko ditu.

b) Gainerako eskakizunak eskaera egiteko inprimaki elektronikoan txertatuta dagoen erantzunkizunpeko aitorpenaren bidez egiaztatuko dira, oinarri hauen 11.6 artikuluan eskatutako agirien bidez.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Diruz lagun daitezkeen jardueratzat hartuko dira honako ildo hauetakoren batekin bat datozen berrikuntza-proiektuak, bai bakarka, bai talde-lanean eginak:

a) Innobideak Lehiabide ildoan:

I.– Honako hauen proiektuak egitea:

– Produktuenak (ondasunak edo zerbitzuak): enpresak lehendik dituenak ez bezalakoak izango diren ondasun edo zerbitzu berri edo hobetuak –merkaturatzeko asmoarekin– eskuratzeko aukera ematen dutenak.

– Negozio-prozesuenak: negozio-funtzio baterako edo batzuetarako enpresak lehendik dituenak ez bezalakoak izango diren negozio-prozesu berriak edo hobetuak –enpresan ezartzeko asmoarekin– eskuratzeko aukera ematen dutenak.

II.– Enpresa-dimentsio handiagoa dakarten proiektuak gauzatzea.

III.– Trakzio-enpresen lankidetza-proiektuak gauzatzea haien bezero eta hornitzaileen kateekin.

IV.– Enpresaren Negozio Ereduari eraldaketa nabarmena dakarkien proiektuak gauzatzea.

V.– Europako Batzordeak sustatzen dituen Ikerketa eta Berrikuntzari buruzko deialdien esparruan, proiektuen proposamenetan parte hartzea sustatzen duten proiektuak gauzatzea.

b) Innobideak Kudeabide ildoan:

Kudeaketa Aurreratuko Hasierako Kontraste Txostenari, Kudeaketa Diagnostikoari, Plan Estrategikoari edo Kudeaketa Planari erantzuten dioten enpresa-kudeaketa hobetzeko proiektuak, enpresari aurrera egiteko eta honako kudeaketa-arlo hauetan hobekuntzak egiteko aukera emango dioten metodologiak eta tresnak aplikatzera eta ezartzera bideratutakoak:

I.– Estrategia: beharrezko informazio estrategikoa lortzera eta parte-hartzezko hausnarketa-prozesuak egitera bideratutako proiektuak, ondoren, horiekin, estrategia bat ezarri eta hori, gero, behar bezala hedatu eta komunikatzeko, estrategia horren mesedetan kudeatuz ekonomia- eta finantza-baliabideak, teknologia eta informazioa.

II.– Bezeroak: bezeroekiko harremanak eta balio-kateko elementu guztien (produktu eta zerbitzuen garapena, merkaturatzea, ekoizpena, banaketa eta mantentze-lanak) eraginkortasuna sustatuko dituzten proiektuak, enpresa-estrategian zeregin garrantzitsua bete dezaketen entitate hornitzaileetan eta azpikontratistetan babesa bilatuta.

III.– Pertsonak: hautaketa- eta ordainsari-prozesuak, eta ezagutza, gaitasuna eta lidergo-gaitasuna garatzeko prozesuak enpresa-estrategiarekin bat eginda hobetzera bideratutako proiektuak, «pertsonak kudeatzeko» ereduetan gardentasun, konfiantza, egonkortasun, barneko elkarlan eta/edo moldagarritasun handiagoa lortzeko bidean aurrera egiteko aukera eskaintzen dutenak.

IV.– Gizartea: enpresaren lan soziala haren gaitasunekin bat etorrita gauzatzera bideratutako proiektuak, eta era berean, ingurumen-jasangarritasunari ekarpena egiten dioten neurriak sustatzen dituztenak.

V.– Berrikuntza: berritzeko helburuak eta estrategia zehaztera bideratutako proiektuak, pertsonek arriskuak hartzea, ekintzailetzan aritzea eta berrikuntzak egitea sustatuko duen barneko testuingurua sortzera zuzendutako proiektuak; baita ingurunearen gaitasun berritzailea aprobetxatuko dutenak ere, berrikuntzaren ideiak eta proiektuak eraginkortasunez kudeatuz.

VI.– Emaitzak: bezeroetan, pertsonetan, gizartean eta berrikuntzan emaitza estrategikoak neurtzeko, ebaluatzeko eta kontrolatzeko mekanismoak sortzeko aukera ematen duten proiektuak.

Prozesu osoa www.kudeabide.comwebgunean dago deskribatuta.

c) Innobideak Pertsonak ildoan:

I.– Erakundeko pertsonek kudeaketan, emaitzetan eta/edo enpresaren jabetzan parte-hartze handiagoa izatea sustatzen duten jarduerak.

II.– Enpresei kudeaketan eta/edo jabetzan ondorengotza ordenatua planifikatzeko aukera ematen dieten hausnarketa-proiektuak, langileek parte-hartze garrantzitsua izanik.

III.– Enpresetako taldeek Industria 4.0 delakoan teknologia berriak eta gaitzaile digitalak txertatzeko beharrezko dituzten trebeziak identifikatzeko eta lehenesteko aukera ematen duten proiektuak.

6. artikulua.– Gastu hautagarriak eta gastu hautagarriei aplikatzeko baldintzak.

1.– Honako hauek Innobideak programaren hiru ildoetarako gastu hautagarritzat hartuko dira:

a) Kanpoko aditu-enpresek enpresa eskatzaileari ematen dizkioten zerbitzuak kontratatzeko gastuak: aurkeztutako proiektuaren esparruan aholkularitza eta laguntza eskuratzeko zerbitzuak; hain zuzen, proiektua gauzatzearekin lotuta daudenak.

b) Kudeaketa-gastuak eta erregistroko tasak, honako hauetarako kanpoko aditu-enpresak kontratatzeari lotutakoak: Europako, nazioarteko patente-eskaerak aurkeztea eta izapidetzea, patente-eskaerak edo erabilera nazionaleko eredua atzerrian; Europako, nazioarteko edo bertako marka-eskaerak atzerrian; edo erkidegoko, nazioarteko edo bertako diseinua atzerrian; betiere, programaren deialdi honen esparruko finantzaketari lotuta dauden proiektuak gauzatzeari lotutakoak, Programak diruz laguntzen dituen ekintza motaren arabera.

c) Era berean, lankidetzako proiektuetan, Tarteko agenteak kontratatzeko gastuak, proiektua konfiguratzeko, dinamizatzeko eta koordinatzeko zereginei lotutakoak bakarrik.

d) Europako Batzordeak sustatzen dituen Ikerketa eta Berrikuntzari buruzko deialdien esparruan, proiektu-proposamenak prestatzeko kanpoko aditu-enpresak kontratatzeko gastuak.

2.– Laguntza-eskaera bide elektronikotik aurkeztu ondoren hasi beharko da diruz lagundu daitezkeen jarduerak egiten, deialdiaren urte naturalean, eta gehienez hamabi hilabeteko epean ezarri beharko da laguntzaren hasierako eskaeran adierazitako proiektu-hasiera datatik zenbatzen hasita, eta betiere, 2022ko urriaren 14a baino lehen.

Era berean, tramitaziora onartuko dira 2021eko urtarrilaren 1az geroztik hasi eta Eskaera aurkezten den unean abian diren proiektuen laguntza-eskaerak, baldin eta eskaera horiek araudi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabeteko epean aurkeztu badira.

3.– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritakoaren arabera, onuradun batek azpikontratatu egiten duela ulertuko da hirugarren batekin adosten duenean dirulaguntzaren xede den jarduera osorik edo zati batean gauzatzea. Kontzeptu horretatik kanpo da onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin beharreko gastuen kontratazioa. Hori horrela, azpikontratazioa edo hirugarrenen kontratazioa diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100era iritsi ahal izango da, eta diruz lagundutako jardueren azpikontrataziorako edo hirugarren kontrataziorako aplikagarri izango dira Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikulu horretan jasotako gainerako aurreikuspenak.

Dirulaguntzen Lege Orokorreko 31.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagun daitekeen zenbatekoak gainditu egiten baditu kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako kopuruak, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak izateagatik, merkatuan ez badago lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko behar beste erakunde edo gastua dirulaguntza eman baino lehen egin bada (azken kasu horretan, 651/2014 Araudiaren eraginpeko enpresentzako salbu).

Aurkeztutako eskaintzen arteko hautaketa egiteko, eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideak hartuko dira aintzat, eta berariaz justifikatu beharko da hautaketa, baldin eta ez bada ekonomikoki onuragarriena dena hautatzen.

4.– Gastu hautagarriak baloratzeko, irizpide hauek izango dira kontuan:

a) Gastu hautagarriek zuzenean egon behar dute lotuta diruz lagundu daitezkeen jarduerekin.

b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero (fakturan sartuta edo gabe), gastua gutxitu egingo da.

c) Gastu hautagarriek arrazoizkoak izan behar dute, eta mugatu egin ahal izango da SPRIk hala iritziz gero.

d) Ez dira gastu hautagarritzat hartuko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta/edo haren edo beste administrazio publiko batzuen mendeko sozietateen beste Programa batzuen bidez laguntza jaso duten diruz lagun daitezkeen kontzeptu eta/edo gastuak.

e) Fakturan aplikatutako Balio Erantsiaren gaineko Zerga ez da, inola ere, gastu hautagarria izango.

f) Ez dira, inola ere, gastu hautagarritzat hartuko honako hauek: I+Gko jardueratzat har daitezkeenak, kanpoko aditu-enpresako langileen lekualdatze-gastuak, prestakuntzako gastuak, ikuskaritza-zerbitzuetatik etorritako gastuak, due diligence, gastu juridikoak, notaritzakoak, erregistrokoak eta antzekoak, nazioartekotze-planak, kanpoan ezartzekoak edo esportaziorako partzuergoak sortzekoak, komunikazio eta marketineko ekintzak eta kanpainak, publizitateko materialak eta euskarriak, aretoen alokairua, dietak eta antzekoak, lizentziak, software-garapena eta ezarpena, ekipamenduak, materialak, osagaiak, altzariak eta/edo beste edozein aktibo ukigarri eskuratzekoak.

g) Zerbitzuek ez dute jarduera jarraitu edo aldizkako izan behar, ez eta enpresaren ohiko kostu operatiboekin lotuta egon ere, nahiz eta horiek kanpora aterata egon.

h) Programa honen barruan emandako dirulaguntzek ezingo dute baldintzatu inportatutako produktuen ordez bertako produktuak erabiltzea.

7. artikulua.– Laguntzen modalitatea eta zenbatekoa.

Deialdi honen xede diren laguntzak dirulaguntza gisa emango dira, honako ehuneko hauetan gastu hautagarriak aintzat hartuta:

1.– Innobideak Lehiabide: gastu hautagarrien % 60, proiektu bakoitzeko 25.000 euroko mugarekin enpresari eta/edo merkatuari berrikuntza bat dakarkien proiektuetan. Proiektuek berrikuntza nabarmenak badituzte eta berrikuntza horiek enpresari inpaktu handia badakarkie, proiektu bakoitzerako muga 35.000 eurokoa izango da. Horretarako, proiektuak berrikuntza nabarmena eta inpaktu handikoa dakarrela ulertuko da 12. artikuluko 4.c atalean deskribatutako «Emaitzetatik espero den berrikuntza eta inpaktu maila» irizpidean gehieneko puntuazioa (10 puntu) eskuratzen duenean.

2.– Innobideak Kudeabide: gastu hautagarrien % 60, proiektu bakoitzeko 25.000 euroko mugarekin.

3.– Innobideak Pertsonak: gastu hautagarrien % 60, proiektu bakoitzeko 25.000 euroko mugarekin.

8. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.

1.– Deialdi honetan onartutako proiektuek ezingo dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren eta/edo haren mendeko sozietateen beste programa batzuetako laguntzarik jaso, ez eta beste administrazio publiko batzuen finantzaketarik jasota izan ere.

2.– Programa hau aplikatuz emandako laguntzek minimis izaera dute.

3.– Enpresa onuradun batek jaso dezakeen minimis guztizko laguntzak ezingo du 200.000 euro baino handiagoa izan, abian den ekitaldi ekonomikoak eta aurreko bi ekitaldiek osatzen duten aldi osoaren arabera zenbatuta. Onuraduna errepidez merkantzien garraioko lanak besteen kontura egiten dituen enpresa bat bada, gehieneko zenbateko hori 100.000 eurora gutxituko da (gainera, laguntza ezingo da erabili errepide bidezko merkantziak garraiatzeko ibilgailuak erosteko). Hori dela eta, ez da Programan aurrez ikusitako laguntzarik emango emandako laguntzak, entitate onuradunak jaso izan ditzakeen beste minimis laguntza batzuei gehituta, muga hori gainditzen duenean, laguntza horiek emandako administrazioa edo administrazioak edozein izanda ere.

4.– Minimis laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo dirulaguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez, metatze horrek laguntzaren intentsitatea edo dagokion gehieneko laguntzaren kopurua gainditzen duenean. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.

5.– Aurrez aipatutako muga horiek edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako kantitatea murriztu egingo da programaren arabera emandako zenbatekotik.

6.– Minimis laguntzak emandakotzat hartuko dira enpresari laguntza jasotzeko eskubide legala aitortzen zaion unetik hasita.

7.– Epeka ordaintzeko laguntzak ematen diren unean eguneratuko dira haien baliora.

9. artikulua.– Kanpoko aditu-enpresen eta Tarteko agenteen baldintzak.

1.– Kontratatuko diren kanpoko aditu-enpresek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ez izatea berezko nortasun juridikodun entitate, administrazio publikoen mendeko entitate edo haiei lotutako entitate.

b) Ez izatea zuzeneko edo zeharkako parte-hartzerik laguntzaren eskatzailearekin % 25ean edo gehiagoan, ez eta haren gobernu-organoetan erabakitzeko gaitasunik ere.

c) Ez izatea Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide, ez eta ikerketa espezializatuko eta/edo bikaineko jarduerak egiten dituzten ikerketa, garapen eta berrikuntzaren arloko entitate; ez eta Tarteko agente ere.

d) Erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea, eta adierazpen horren bidez hitzematea leial, ohorez eta borondate onez arituko direla SPRIren eta Programaren entitate onuradunen aurrean, eta ez dutela Legearen edo Programaren arauen aurkako jarduerarik egingo, ez eta sustatuko ere, eta hitzematea entitate onuradunekin elkartasunez erantzungo dutela, baldin eta kontratatutako enpresaren zuzeneko edo zeharkako lankidetza edo parte-hartzearekin eginiko irregulartasunak direla-eta, haien aurka itzulketa-ebazpena ematen bada. Programak eskaintzen duen eredua erabili behar da. Webgune honetan dago eskuragarri: www.spri.eus/innobideak

2.– Kontratatuko diren Tarteko agenteek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan izatea eta jarduera esparru horretan garatzea.

b) Xedea eta jarduera interes orokorrera eta sustapen ekonomiko orokorrera eta/edo dagokion eremu geografikoko enpresen lehiakortasuna hobetzera bideratuta izatea, eta helburuen artean izatea euskal enpresa-ehunaren kapilaritatea indartzea eta euskal Administrazio Publikoaren lehiakortasuna eta berrikuntza hobetzeko programetara ahalik eta enpresa gehienei iristen laguntzea.

Programa honetarako, honako hauek hartuk dira Tarteko agentetzat:

– Euskadiko Kluster Elkarteak.

– Enpresen eta Sektorekako Elkarteak.

– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) Agenteen Erregistroan Eskaintza-Eskaria Bitartekaritzarako agente gisa azaltzen direnak, eskaintza teknologikoaren eta enpresen eskari teknologikoaren arteko bitartekaritza-lanak egiten dituztenak I+Garen balio-kate osoan.

– Tokiko, eskualdeko edo probintziako garapen-agentzia, betiere irabazi-asmorik gabeko entitateak badira eta kapitalaren gehiengoa publikoa badute.

– Enpresen lehiakortasuna sustatzeko eta hobetzeko gaietan funtzioak garatzen dituzten tokiko korporazioak.

10. artikulua.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea.

Oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da laguntza-eskaerak aurkezteko epea, eta 2021eko irailaren 23an bukatuko da. Dena den, eskatzaileei zuzendutako arreta teknikoa 2021eko irailaren 23ko 15:00etan amaituko da (Espainiako penintsulako ordua).

11. artikulua.– Laguntza-eskaera.

1.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta oinarri hauen ondoriozko gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dira Programaren webguneaz baliaturik.

2.– Aurrez ikusitako laguntzetarako sarbidea izateko baldintzak betetzen dituzten erakundeek SPRIren webgunearen bidez bete beharko dute Laguntza Eskaera: www.spri.eus/innobideak.

3.– Eskaera hori sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek.

4.– Laguntza-eskaerak erakunde eskatzailea eta haren legezko ordezkaria eta erakundean harremanak izateko pertsona identifikatzeko datuak eta dirulaguntza jasotzeko bankuko kontuaren datuak jaso beharko ditu. Era berean, proiektuari buruzko datu espezifikoak ere izango ditu: izenburua, hasteko eta amaitzeko data, helburua, hornitzaileak, proiektuari lotutako kostuak. Lankidetzarako eta/edo trakzio-proiektuetarako, eskaera bakoitzean adierazi beharko da zein diren enpresa parte-hartzaileak, eta hala badagokio, proiektua dinamizatzeko tarteko agentea.

5.– Eskaerarekin, espresuki baimena ematen zaio SPRIri eska dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak dituela egiaztatzen duen ziurtagiria eta, era berean, kontsulta dezan enpresa EJZen (jarduera ekonomikoen gaineko zergan) alta emanda dagoen epigrafea. Dokumentu horiek kontsultatzeko baimena ukatzen bada, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu, laguntza-eskaerarekin batera.

6.– Laguntza-eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Erakundearen lege-ordezkariak egindako erantzukizunpeko aitorpena, eskaerari atxikitako ereduaren arabera egina, hauek egiaztatzen dituena:

– Erakundeko lege-ordezkariaren izen-abizenak eta Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia (NAN) edo Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia (AIZ).

– Erakundearen izena, Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ), helbide soziala eta eratze-data.

– Laguntza-eskaeran deskribatutako diruz lagundu daitekeen jarduera egingo duen eta Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen jarduera ekonomikoko zentro bateko helbidea (gutxienez).

– Euskadiko Jarduera Ekonomikoen Zergaren kasuan kasuko epigrafean alta emanda egotea.

– Egunean egotea Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko edota haren kolaboratzaileekiko zerga betebeharretan, eta baita Eusko Jaurlaritzarekin dauzkan betebeharretan ere, eta ez izatea iraungitako, erreklamatutako edo ordaindu gabeko zorrik SPRI Taldeko ezein enpresarekin.

– Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta laguntza eskatzen den ekitaldi fiskalean jasotako minimis laguntzen zerrenda, bertan adierazi beharko da laguntza hori noiz eman zen, zer erakundek eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

– Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

– Ez egotea araudi honen 4.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean.

– Konpromisoa hartzea araudi honen 6.3 artikuluan adierazitakoa betetzeko.

– Konpromisoa hartzea jasotako laguntzaren aurrerakina enpresaren kontabilitatean pasibo gisa azaltzeko, eta zenbateko hori SPRIri itzultzeko konpromisoa, baldin eta ebazpen batek hori itzuli egin behar dela ezartzen badu.

– Ez izatea zuzeneko edo zeharkako parte-hartzerik laguntzaren eskatzailearekin % 25ean edo gehiagoan, ez eta haren gobernu-organoetan erabakitzeko gaitasunik ere.

b) Laguntza-eskaera aurkeztu aurreko hamabi hilabeteetan alta emanda zeuden batez besteko langileen kopurua (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiria) Kooperatiba-entitateen kasuan, Gizarte Segurantzarekin kolaboratzaile den entitatearen ziurtagiria, entitate eskatzaileko bazkideei dagokien batez besteko enplegu kopurua ziurtatzeko.

c) Ordezkariaren notario-ahalorde nahikoaren kopia, indarrean dagoena.

d) Finantza-erakundearen egiaztagiriaren fotokopia, kontu korrontearen titulartasuna enpresa onuradunaren izenean dagoela frogatzeko eta zenbakia zein den zehazteko.

e) Proiektuaren memoria teknikoa eta ekonomikoa. (Programak emandako formatuaren arabera).

f) Proiektuko lanak egiteko kontratatutako enpresa hornitzaileek igorritako eskaintzen kopia. Eskaintzak osorik aurkeztu behar dira, lankidetzaren norainokoa zehatz adierazita eta proiekturako aholkulari-taldeko kide bakoitzaren identifikazioarekin, eta enpresa eskatzailearen berariazko onarpenarekin. Lankidetzazko eta/edo trakzio-proiektuen kasuan, eskaintzak proiektuaren zenbateko eta irismen osoa izan behar du; baita enpresa parte-hartzaile bakoitzak bere gain hartzen duen proiektuaren aurrekontu-zatia ere.

g) Hala badagokio, entitate eskatzailearen Hizkuntzaren Kudeaketarako Bikain Kalitate Ziurtagiriaren kopia eta/edo Berdintasun Plana.

12. artikulua.– Ebaluazio- eta ebazpen-prozedura.

1.– Likidazio-eskaera ez badago puntu guztietan behar bezala beteta, edo ez badira, eskaerarekin batera, aurkeztu beharreko gainerako agiriak aurkezten, SPRIren Teknologia eta Berrikuntza arloak eskatuko du, gehienez 10 egun balioduneko epean, zuzen dadila akatsa, edo aurkez daitezela nahitaezko dokumentuak, ohartaraziz, hala egin ezean, atzera egin duela ulertuko dela, eta horren berri emango zaio entitate eskatzaileari. Epe horretan akatsa zuzendu ez bada, laguntza ukatuko da, SPRIren Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez.

Proiektuaren memoria eta proiektuko lanak egiteko kontratatutako enpresa hornitzaileek igorritako eskaintzak ezingo dira aldatu eskaera aurkeztu ondoren. Hala ere, SPRIk eskaerari buruzko informazio gehigarria eskatu ahal izango du ebaluazio-prozesuan, hala egin behar dela erabakitzen badu.

2.– Entitate eskatzaileak baliozkotzat joko ditu laguntza-eskaeran harremanetarako identifikatutako pertsonaren posta elektronikoko kontura SPRIk igorritako jakinarazpen guztiak. Enpresa eskatzaileari dagokiona bakarrik onartuko da harremanetarako posta elektronikoko kontu moduan.

3.– SPRIk banan-banan aztertuko ditu epe barruan aurkeztutako eskaerak, eta Programa honetan ezarritako eskakizunak betetzen ote diren aztertuko du.

Programan parte hartzeko ezarritako eskakizunak betetzen ez dituzten eskaerak SPRIren Zuzendaritza Nagusiak banan-banan emandako ebazpen bidez ezetsiko dira, eta enpresa eskatzaileei ezespen horren berri emango zaie.

4.– Innobideak-en hiru ildoetarako, proiektuak honako irizpide eta puntuazio hauek aplikatuta ebaluatuko dira:

a) Programaren helburuekin bat etortzea: gehienez, 35 puntu. Gutxienez 20 puntu lortu behar dira.

b) Proiektuko zereginak egokiak izatea proiektuaren helburuak lortzeko: gehienez, 35 puntu. Gutxienez 20 puntu lortu behar dira.

c) Berrikuntza maila eta emaitzetatik espero den inpaktua: gehienez, 10 puntu.

d) Talde sustatzailea eta kanpoko taldea bat etortzea (kanpoko taldearen erreferentziak antzeko proiektuetan, esperientzia profesionala, taldekideen kopurua eta trebakuntza): gehienez, 10 puntu.

e) Proiektua kudeatzeko eredua eta metodologia, eta esleitutako baliabideak egokiak izatea: gehienez, 10 puntu.

Irizpide bakoitzak gehienezko puntuazioa du. Zehaztutako irizpideak zenbateraino betetzen diren aztertuko da puntuazioa emateko.

Enpresan egiten den euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa ziurtatzeko Hizkuntzaren Kudeaketarako Bikain Kalitate Ziurtagiria dutela egiaztatzen duen enpresek aurkeztutako proiektuei, eta/edo legez betebeharrik izan gabe Berdintasun Plan bat ezarri dutela ziurtatzen duten enpresek aurkeztutako proiektuei 5 puntu gehituko zaizkie ebaluazio teknikoaren emaitza globalean.

Atzera botako dira gutxieneko puntuazio hauek gainditzen ez dituzten jarduerei dagozkien laguntza-eskaerak: gutxienez 20 puntu a) irizpidean (Programaren helburuekin bat etortzea); eta gutxienez 20 puntu b) irizpidean (Proiektuko zereginak egokiak izatea proiektuaren helburuak lortzeko).

Era berean, ebaluazioan 50 puntu lortzera iristen ez diren jarduerak biltzen dituzten laguntza-eskaerak atzera botako dira.

5.– Dirulaguntzen eskaera-espedienteak ordena bati jarraiki ebatziko dira, arau honetan eskaturiko dokumentazio guztiarekin osatuta geratzen diren unearen arabera.

6.– Ebazteko epea. Sei hilabeteko gehienezko epea ezartzen da ebazpena emateko, eskaerak arau honetan eskatutako dokumentazio guztiarekin aurkezten diren unetik zenbatzen hasita. Aipatutako epean ebazpenik ematen ez bada, ezetsi egin dela ulertuko da.

7.– Ebazpena SPRIren Zuzendaritza Nagusiak emango du segidako egilespenaren araubidean, eta entitate eskatzaileari jakinaraziko zaio, ebazpena eman eta handik, gehienez 10 egun balioduneko epean. Ebazpenaren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan.

8.– Ebazpena SPRIren webgunean eta EHAAn argitaratuko da, denek izan dezaten emandako laguntzen berri.

13. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Oinarri hauen testuinguruan esleituko diren dirulaguntzen erakunde onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrei daude lotuta, eta, zehazki honako hauei:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Horrekin lotuta, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso den dataren ondoren hamabost egun naturaleko epean, erakunde onuradunak ez badio SPRIren aurrean laguntzari espresuki uko egiten, onartuta geratu dela ulertuko da.

2.– Dirulaguntza erabiltzea proiekturako.

3.– SPRIk beharrezkotzat jotako dokumentazio osagarria eska dezakeela eta SPRIk izendatutako langileek, bere edozein instalaziotan, beharrezkotzat eta egokitzat jotako egiaztapen guztiak egin ditzaketela onartzea. Horien guztien helburua izango da emandako laguntzaren xede den proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzea.

4.– Faktura osoak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez, gastu hautagarriak gauzatzen direnetik aurrera.

5.– Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari laguntzen helburuaren fiskalizazio-funtzioak betetzeko garaian eska dezaketen edozein informazio ematea.

6.– SPRIri berehala jakinaraztea laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide eskatu edo jaso dutela xede berbererako beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik.

7.– SPRIri berehala jakinaraztea laguntza emateko garaian kontuan hartutako edozein egoera aldatu dela.

8.– SPRIk hala eskatuta, eta konfidentziazltasunari dagozkion mugak errespetatuta, dirulaguntzaren xede den proiektuaren emaitzak hedatzea edo hedatzeko aukera ematea komunikaziorako, sentsibilizaziorako eta prestakuntzarako dituen mekanismoak erabilita.

9.– Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea, diruz lagundutako proiektua gauzatu bitartean sortzen diren dokumentu eta euskarri guztietan.

10.– Jasotako dirulaguntzaren jatorriari publikotasuna ematea, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 18. artikuluan ezarritakoan oinarrituta.

14. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko baldintzetan edozein aldaketa gertatzen bada eta, edozein kasutan, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso badira xede berbererako, laguntza esleitzeko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere Programa honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen jarraitzen badira.

2.– Era berean, SPRIk luzapen bat onar dezake jarduerak burutzeko, betiere, enpresa onuradunek hala eskatzen badute eta behar bezala justifikatzen badute. Horrek atzerapen proportzional bat ekarriko du jasotzeko dagoen laguntza-zatiaren ordainketan. Luzapen hori laguntzaren hasierako eskaeran proiektu-amaierako data gisa ezarritako eguna baino lehen eskatu beharko zaio SPRIri. Eskatutako luzapenak ezingo du ekarri proiektuaren gauzatzea oinarri hauen 6.2 artikuluan ezarritako gehieneko 12 hilabeteko epea baino gehiago luzatzea, ezta azken eguna, 2022ko urriaren 14a, baino gehiago luzatzea ere.

3.– Gauzatutako ekintzak laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotakoak izango dira, nahiz eta SPRIk aukera duen aldaketak baimentzeko, baldin eta entitate onuradunak aldaketa horiek SPRIri eskatu badizkio eta aurrez behar bezala justifikatu baditu, eta ahal bada, proiektuan aplikatu aurretik, eta betiere, jardueren izaera eta Programa honen hasierako helburuak hutsaltzen ez badira.

15. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Diruz lagundu daitekeen jarduera amaitu eta gero, erakunde onuradunek jarduera burutu izana justifikatu beharko dute, SPRIren www.spri.eus/innobideak web-orriko likidazio-eskaeretarako inprimaki informatizatuak erabiliz. Likidazio-eskaera aurkezteko epea hilabetekoa izango da laguntza-eskaeran proiektua burutzeko ezarritako egunetik zenbatzen hasita. Proiektua dagokion onarpen-ebazpena eman baino lehen amaitzen bada, likidazio-eskaera aurkezteko epea hilabetekoa izango da ebazpen hori jakinarazten den egunetik zenbatzen hasita.

2.– Eskaera hori sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. SPRIri egindako bidalketa telematikoa eguna izango da aurkezpen-eguna.

3.– Likidazio-eskaerak erakunde eskatzailea eta haren legezko ordezkaria eta erakundean harremanak izateko pertsona identifikatzeko datuak eta dirulaguntza jasotzeko bankuko kontuaren datuak jaso beharko ditu.

4.– Likidazio-eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira.

a) Fakturen fotokopia. Fakturak hilabeteko epean egin behar dira eskaeran proiektua burutzeko adierazitako datatik zenbatzen hasita, eta likidazio-eskaera telematikoaren fakturen koadroan zehaztutakoekin bat etorri behar dute. Ez dira onartuko proiektu hasi baino lehenagoko data duten fakturak, ez eta SPRIk aurrez onartu gabeko gastuei dagozkienak ere. Era berean, fakturen kontzeptuan bereizi egin beharko dira proiektuari dagozkion aholkularitza-orduen zenbatekoak eta bestelako gastuak, adibidez, tasak, bidaiak, dietak, lekualdatzeak, hornitzeak eta abar. Fakturek proiektuaren likidazio-eskaera aurkeztu aurretik ordainduta egon behar dute. Ez dira aintzat hartuko ordainketa-data zehatza likidazio-eskaeraz harago luzatua duten fakturak.

b) Finantza-erakundearen ordainagiriak. Bankuko egiaztagiriek faktura igorri ostekoak izan behar dute. Hala ez bada, prozesuaren trazabilitatea azaldu beharko da. Ez da onartuko proiektuaren hasiera-data baino lehenagoko ordainketa-egiaztagiririk. Era berean, egiaztagiriek argi adierazi behar dute agindua eman duen erakundearen izena, erakunde onuradunaren izena, ordainketa-eguna, ordaindu den zenbatekoa eta ordaindutako fakturaren edo fakturen zenbakia(k).

c) Likidazio-eskaera aurkeztu aurreko hamabi hilabeteetan alta emanda zeuden batez besteko langileen kopurua (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiria). Horrez gain, kooperatiba-sozietateen kasuan, kooperatibako bazkideen kotizazio-ziurtagiria erantsi behar da, dagokion Gizarte Segurantzako erakunde laguntzaileak emana.

d) Likidazioaren memoria teknikoa eta ekonomikoa: hor egongo dira jasota, besteak beste, eginiko lanen azalpena, lortu diren helburuak, proiektua gauzatzeko gastuak eta proiektuak enpresaren lehiakortasunean izandako eragina (Programak emandako formatuaren arabera).

e) Egindako lanen irismena balioztatzeko, proiektua gauzatzean sortutakoak eta entregatzekoak diren agiri eta txosten guztiak aurkeztu behar dira.

5.– Likidazio-eskaerarekin, espresuki baimena ematen zaio SPRIri egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak izatea egiaztatzen duen ziurtagiria eta, era berean, kontsulta dezan enpresa EJZen (jarduera ekonomikoen gaineko zergan) alta emanda dagoen epigrafea.

6.– Entitate eskatzaileak baliozkotzat joko ditu laguntza-eskaeran entitateak adierazitako harremanetarako pertsonaren posta elektronikoko kontura SPRIk igorritako jakinarazpen guztiak. Proiektuaren eskatzaile gisa azaltzen den enpresari dagokiona bakarrik onartuko da harremanetarako posta elektronikoko kontu moduan.

7.– Likidazio-eskaera ez badago puntu guztietan behar bezala beteta, edo ez badira, eskaerarekin batera, aurkeztu beharreko gainerako agiriak aurkezten, SPRIk eskatuko du, gehienez 10 egun balioduneko epean, zuzen dadila akatsa, edo aurkez daitezela nahitaezko dokumentuak, ohartaraziz, hala egin ezean, atzera egin duela ulertuko dela, eta horren berri emango zaio entitate eskatzaileari. Epe horretan akatsa zuzendu ez bada, laguntza ukatuko da, SPRIren Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez.

8.– Ebazpena Zuzendaritza Nagusiak emango du eta haren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan.

16. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Emandako laguntzaren % 60 laguntza-eskaera onartzen den unean bertan ordainduko da aplikatzekoa den berme-erregimenarekin, eta gainerakoa ordainketa bakarrean egingo da proiektua amaitutakoan eta behar bezala justifikatu ostean.

2.– SPRIk dirulaguntzaren gainerako zatiaren ordainketa egingo du, aurreko artikuluan ezarritako likidazio-eskaera eta frogagiriak aurkeztu ostean, eta SPRIko Teknologia eta Berrikuntza Arloak ebaluatu eta oniritzia eman ostean.

3.– Baldin eta gastu hautagarria dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuan adierazitakoa baino txikiagoa bada, dirulaguntza proportzionalki egokituko zaio gastuari.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ikusiko balitz erakunde onuradunak ez duela bete araudi honetan, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta laguntzen ebazpenean ezarritako baldintzaren bat, emandako laguntza eskuratzeko eskubidea galduko luke, eta SPRIri itzuli beharko lizkioke ordura arte kobratutako laguntzen diru-kopuruak gehi dagozkien legezko interesak, eta behar balitz, legezko jarduketak abiaraziko lirateke diru-kopuru horiek itzul ditzan.

2.– Edonola ere, artikulu honetan aurrez ikusitako eraginetarako ez-betetzea izango da honako hau:

a) Laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotako ekintzak aldatzea SPRIren baimenik gabe. Halaber, ez betetzea izango da SPRIri ez jakinaraztea proiektuaren exekuzioan gertatutako aldaketak, baldin eta aldatu egiten badituzte laguntza emateko aztertu ziren baldintzak. Posible da aldaketak baimentzea, betiere erakunde onuradunak baimena eskatu badio SPRIri, eta justifikatu baditu aldaketa horiek, ahal dela, proiektuan aplikatu baino lehen, eta betiere, Programa honek lagundutako jardueren eta lortu nahi dituen helburuen izaera aldatzen ez badute.

b) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo Programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.

c) Diruz lagundutako proiektua betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.

d) Laguntza eskuratzea Programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.

e) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.

f) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

g) Dirulaguntzen Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako arrazoiak.

3.– SPRIri dagokio ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hasi, izapidetu eta ebaztea.

4.– Ez badira betetzen deialdi honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan jasotako betekizunak edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen direnak, dirulaguntza ezeztatuko da ez-betetze espedientea ireki ondoren eta, dirulaguntza edo berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari, 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta 1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko II. tituluan (horren bidez arautzen dira EAEko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen araubide orokorra, bermeak eta itzulerak eta horren bidez ezartzen dira dirulaguntza horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak) ezarritakoari jarrikiz, nahiz eta horrek ez duen eragotziko kasuan kasuko ekintza legalak abiaraztea eta dagozkion zigorrak ezartzea. SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Zuzendaritza Nagusiari dagokio dirulaguntza ezeztatzeko –eta, hala badagokio, partzialki edo guztiz itzularazteko– espedienteak abiarazi eta ebaztea.

5.– Halaber, gainfinantzazioa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia itzuli beharko da, 8. artikuluan araututakoari jarraiki. Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulera erabakitzeko emango den ebazpenean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatzekoa den araudia.

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Lege hori garatzen duen Araudia (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.

2.– 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzkoa.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra, eta zeinetan finkatzen diren berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.

4.– Europako Batzordearen EB 1407/2013 Araudia, abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa. (EBAO 2013 L 352/1).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta izaera pertsonaleko datuen esparruan aplika daitezkeen gainontzeko araudietan ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak dirulaguntzaren espedientea kudeatzeko tratatuko direla. Hala, datu pertsonalen tratamenduaren oinarri juridikoa SPRIren funtzio publikoa da, haren eraketa-estatutuetan ezarritakoari jarraikiz, Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia gisa.

Informazio hori enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei (ikus http://www.spri.eus/es/quienes-somos/sociedades-del-grupo-spri) transmititu ahal izango zaie.

Interesa duen pertsona orok erabil ditzake bere datu pertsonalak babesten dituen araudiak ezarritako eskubideak SPRIren aurrean. Horretarako, idatzi bat bidali beharko da lopd@spri.eus helbidera.

SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo www.spri.eus/privacidad web-orrialdeko Pribatutasun-politikara.

Jakinarazten da datuak zaindu behar badira, Datuen Babeserako Espainiako Agentzia izango dela horren arduraduna.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.


Azterketa dokumentala