Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

74. zk., 2021eko apirilaren 16a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2199

AGINDUA, 2021eko martxoaren 31koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita azaroaren 15eko 233/2011 Dekretuan ezarritako esparruaren barruan Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreetako elkarte eta federazio profesional eta enpresarialentzako 2021eko ekitaldiko laguntzak emateko deialdia («Elkarteak» Programa).

2011ko abenduaren 12ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (233. zk.), azaroaren 15eko 233/2011 Dekretua argitaratu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreetako elkarte eta federazio profesional eta enpresarialei zuzendutako laguntzei buruzkoa («Elkarteak» programa).

Dekretu horren 8.6 artikuluan ezarritakoaren arabera, sailburuaren agindu baten bidez erabakiko da urtero zer eperen barruan aurkeztu behar diren laguntza-eskaerak, zer irizpide aukeratuko diren 7.1 artikuluan ezarritakoen artetik, zein den sektore bakoitzerako (nekazaritza, arrantza, elikadura) aurrekontu-esleipena, eta zer dirulaguntza eman daitezkeen gehienez ere diruz lagundu daitezkeen 5. artikuluko gastu hauetarako: a) ordezkaritza-zereginak betetzeari dagozkionak, b) funtzionamenduaren gastu arruntak, c) izaera esperimentala duten jarduerak eta azterlanak egiteari dagozkionak eta d) nekazaritza, arrantza edo elikadurari buruzko azokak eta lehiaketak antolatzeko egindakoak.

Laguntza-deialdi hau Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko Aurrekontu Orokorrak onartu dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legeak aurreikusita dituen aurrekontu-kredituen kontura doa.

Hori dela bide, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Azaroaren 15eko 233/2011 Dekretuan ezarritako esparruaren barruan araututako dirulaguntzetarako deialdia argitara ematea, 2021eko ekitaldirako. Izan ere, dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreetako elkarte eta federazio profesional eta enpresarialei zuzendutako laguntzak arautu dira («Elkarteak» programa).

Xede horretarako, laurehun eta hemeretzi mila, hirurehun eta laurogeita hamaika euro (419.391,00 euro) bideratuko dira guztira 2021. urterako. Hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorretan horretarako ezarri den kredituaren arabera. Diru-kopuru hori honela banatuko da:

– Elikadura-sektorerako: ehun mila euro (100.000,00 euro).

– Nekazaritza-sektorerako: ehun eta hogeita hamar mila euro (130.000,00 euro).

– Arrantza-sektorerako: ehun eta laurogeita bederatzi mila hirurehun eta laurogeita hamaika euro (189.391,00 euro).

Bigarrena.– 1.– Onuradun bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, jarraian sektoreka adieraziko diren balorazio-ehuneko metagarriak aplikatuko zaizkio onartutako gastuaren zenbatekoari, aurrez aipatutako dekretuaren 5. artikuluan finkatutako mugen barruan betiere:

Elikadura-sektorea:

a) Lurralde historikoetako zenbait elkarte batuta sortu berri den elkartea edo federazioa (gehienez ere % 10).

b) Erakunde eskatzaileak defendatzen dituen interes ekonomiko eta sozialen garrantzia (gehienez ere % 10).

c) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore zehatz bakoitzaren barruan egiaztatzen duen ezarpen-maila (gehienez ere % 20).

d) Elkarteak jarduteko hartzen duen lurraldearen eremua (gehienez ere % 20).

e) Lanbideko azoketan izan duen parte-hartzea (gehienez ere % 10).

f) Zuzendaritza-organoetan emakumeen presentzia orekatua; presentzia orekatutzat hartuko da Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legearen 7.5 artikuluan ezarritakoa (% 15).

g) Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera, bai elkartearen edo federazioaren barneko nahiz kanpoko komunikazioetan (gehienez ere % 15).

Nekazaritza-sektorea:

a) Erakunde eskatzaileak defendatzen dituen ekonomia eta gizarte interesen garrantzia (gehienez ere % 25).

b) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore zehatz bakoitzaren barruan egiaztatzen duen ezarpen-maila (gehienez ere % 20).

c) Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sustaturiko jarduera eta ekimenetan erakundeak azaltzen duen lankidetza-maila, betiere sektore hori modernizatu eta hobetzeari dagokionez (gehienez ere % 10).

d) Elkarteak jarduteko hartzen duen lurraldearen eremua (gehienez ere % 10).

e) Aurkeztutako proiektuen interes teknikoa eta zientifikoa, bai eta emaitzek sektorea hobetu, garatu eta modernizatzeari begira ekar ditzaketen abantailak ere (gehienez ere % 15).

f) Zuzendaritza-organoetan emakumeen presentzia orekatua; presentzia orekatutzat hartuko da Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legearen 7.5 artikuluan ezarritakoa (% 15).

g) Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera, bai elkartearen edo federazioaren barneko nahiz kanpoko komunikazioetan (gehienez ere % 5).

Arrantza-sektorea:

a) Lurralde historikoetako zenbait elkarte batuta sortu berri den elkartea edo federazioa (gehienez ere % 20).

b) Erakunde eskatzaileak defendatzen dituen interes ekonomiko eta sozialen garrantzia (gehienez ere % 15).

c) Erakundeak sektore bakoitzean garatu edota sustatzen dituen jardueren garrantzia (gehienez ere % 15).

d) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore zehatz bakoitzaren barruan egiaztatzen duen ezarpen-maila (gehienez ere % 15).

e) Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sustaturiko jarduera eta ekimenetan erakundeak azaltzen duen lankidetza-maila, betiere sektore hori modernizatu eta hobetzeari dagokionez (gehienez ere % 15).

f) Ekoizpenaren garrantzia, lehen sektoreari dagokionez (gehienez ere % 10).

g) Erakundeai osatzen duten ekoizle eta egileen kopurua (gehienez ere % 10).

2.– Lehenengo ebazpen-zatian ezarritako gehieneko diru-kopurua ez bada nahikoa aurkeztutako eskaera guztiei erantzuteko, dirulaguntza proportzionalki banatuko da sektore bakoitzeko onuradunen artean, harik eta funtsak erabat agortu arte. Sektore bakoitzaren barruan dirua sobera badago, soberakin hori gainerako sektoreei esleituko zaie, harik eta soberakina erabat agortu arte. Ehunekotan neurtuta aurrekontu-beharrik handienak dituenari emango zaio lehentasuna.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreetako elkarte eta federazio profesional eta enpresarialei zuzendutako laguntzei buruzko azaroaren 15eko 233/2011 Dekretuan («Elkarteak» programa) ezarritako dirulaguntzak jaso ahal izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako betekizunak bete beharko dira. Betekizun horiek erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira.

Halaber, baldintza hauek bete beharko dira:

1.– Onuradun izatea, erreferentziako dekretuko 3. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

2.– Dekretu horretako 4. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

3.– Nekazaritza arloan jarduten duten elkarte eta federazio profesional eta enpresarialen kasuan, zuzendaritza-organoetan emakumeak izatea, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legearen 19.3 artikuluan eta bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoarn arabera. Hori guztia 19. artikuluko 4. apartatuan aurreikusitako salbuespenei kalterik egin gabe.

Laugarrena.– 1.– Dagokion zuzendaritzako titularrari zuzenduko zaizkio laguntza-eskabideak:

a) Elikaduraren sektoreak, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzara.

b) Nekazaritza-sektoreak, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzara.

c) Arrantza-sektoreak, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzara.

2.– Eskabideak bide elektronikoaren bidez aurkeztuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta, web-helbidean eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren bidez:

Elikadura-sektorea https://www.euskadi.eus/zerbitzuak /1083403

Nekazaritza-sektorea https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0113508

Arrantza-sektorea https://www.euskadi.eus/zerbitzuak /1083303

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki; horretarako, ordezkaritza inskribatu ahal izango da Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistroan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

3.– Eskaeraren osteko izapideak, bide elektronikoa erabiliz helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

4.– Erakunde eskatzaileek Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta egon beharko dute. Alta elektronikoki izapidetu daiteke egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak.

5.– Aurkeztutako eskabideak akatsen bat badu edo behar bezalako zehaztasunak ematen ez baditu, edota baldintza guztiak betetzen ez baditu, errekerimendu bat egingo zaio interesdunari, akatsa zuzentzeko edo erantsi beharreko agiriak eransteko hamar eguneko epearen barruan. Adieraziko zaio ezen, horrela egin ezean, atzera egin duela ulertuko dela, ebazpena eman ostean, Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluak ezarritakoari jarraituz.

Bosgarrena.– Azaroaren 15eko 233/2011 Dekretuan ezarritako laguntzak («Elkarteak» programa) jasotzeko eskaerak aurkezteko, hilabeteko epea egongo da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Seigarrena.– Dagokion zuzendaritzak, eskaera jaso duenak, izapidetu, ebatzi eta ordainduko ditu laguntza-eskabideak, azaroaren 15eko 233/2011 Dekretuaren 9. eta 11. artikuluetan ezarritakoari jarraituz. Baldin eta, laguntza eman zaiola jakinarazten zaion egunetik hamabost egun igarota, onuradunak dirulaguntzari beren beregi eta idatziz uko egiten ez badio, dirulaguntza onartu egin duela ulertuko da.

Zazpigarrena.– Aurrez aipatutako dekretuaren 5. artikuluan adierazitako gastuak lagundu ahal izango dira diruz 2021ean, zenbateko hauen arabera:

a) Ordezkaritza-zereginak betetzeari dagozkion gastuak, % 90.

b) Funtzionamenduaren gastu arruntak, % 50. Dena den, zenbait funtzionamendu-gastutan (bulegoko langileen gastuak, bulegoen alokairuak, aseguru-primak, garbiketaren eta komunitatearen gastu orokorrak, bulegoko materiala, argitalpenen kuotak, eta zainketa- eta konponketa-gastuak), 50 eurotik gorako fakturak (BEZa barne) soilik lagundu ahal izango dira diruz.

c) Izaera esperimentala duten jarduerak eta azterlanak egiteari dagozkion gastuak, % 100.

d) Azokak eta lehiaketak antolatzearen gastuak, % 100.

Zortzigarrena.– Hona hemen dirulaguntzen gehieneko zenbatekoak, kontzeptu jakin batzuetarako:

a) 75.000 euro, autonomia-erkidegoaren, estatuaren eta Europako Erkidegoaren eremuetan bazkideen interesak defendatzeko eman eta aitortu zaizkien ordezkaritza-zereginak betetzeari dagozkion gastuetarako.

b) 100.000 euro, elkarteen funtzionamendurako gastu arruntak ordaintzeko, gastu horiek elkarteen helburu sozialak behar bezala bete daitezen sustatzeko badira betiere.

c) 120.000 euro, izaera esperimentala duten jarduerak eta azterlanak egiteko gastuetarako, baldin eta jarduera eta azterlan horien helburua bada sektoreetako jardueren baldintzak eta baldintza sozioekonomikoak sustatu eta hobetzea.

Bederatzigarrena.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko otsailaren 9ko Aginduko dirulaguntzak jasotzen dituzten erakundeek ezin izango dituzte agindu honetako ditulaguntzak jaso. Agindu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzain-elkarteei dirulaguntzak emateko 2021eko deialdia egiten du (2021eko otsailaren 16ko EHAA, 34. zk.).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 31.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala