Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

70. zk., 2021eko apirilaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2077

EBAZPENA, 2021eko martxoaren 30ekoa, Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren zuzendariarena, zeinaren bidez elkarbizitzaren eta giza eskubideen arloan proiektuak burutzen dituzten irabazteko asmorik gabeko erakunde pribatuentzako dirulaguntzen deialdia egiten baita.

Elkarbizitzaren eta giza eskubideen arloan proiektuak bultzatzeko laguntzak arautzen dituen apirilaren 24ko 57/2018 Dekretuak, 5. artikuluan, hau adierazten du: Biktimen eta Giza Eskubideen arloko titularraren urteko ebazpenaren bidez, laguntza horien deialdia egingo da. Deialdi hori bi ebazpenen bidez egingo da: bata, erakunde pribatuen proiektuei zuzendua, eta, bestea, udalen eta gainerako toki-entitateen proiektuei zuzendua.

Deialdiaren urteroko ebazpenak hau guztia ezarriko du: deialdiaren helburua, dirulaguntzen diru-hornidura, Balorazio Batzordeko kideen izendapena, eskabideak aurkezteko era eta, hala badagokio, diruz lagundu daitezkeen programa edo jarduera bakoitzaren gehieneko zenbatekoa.

Deialdi hau Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren 2021erako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dago aurreikusita. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2020ko abenduaren 23ko Aginduaren bidez onartu zen plan hori, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko da.

Horrenbestez, eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuak ematen dizkidan eskumenekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen helburua da irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuen proiektuak finantzatzeko dirulaguntzen deialdia egitea. Proiektu horiek gure gizartean bizikidetzaren kultura, giza eskubideen errespetua, eta enpatia eta elkartasuna bultzatu behar dituzte. Proiektuak 2021eko urtarrilaren 1etik 2022ko irailaren 1era egin beharko dira.

Laguntzok ondoren azaltzen diren jarduera-eremuetan sartzen den programaren bat eta jardueraren bat egitera zuzendu beharko dira:

a) Bizikidetza eta giza eskubideak:

1.– Partaidetzako, zabalkundeko edo heziketa sozialeko jarduerak, giza duintasunaren, giza eskubideen eta bizikidetza adiskidetuaren aldeko konpromisoa sustatzera zuzenduak.

2.– Edozein biolentzia-mota, terrorismoa edo giza eskubideen urraketarekiko kritiko agertzen den eta horiek guztiak deslegitimizatzen dituen kontzientzia kritikoa sustatzera zuzendutako ekimenak.

3.– Iraganean izandako edozein biolentzia-formaren aurrean gogoeta kritiko egiteko prozesuak babesten dituzten programak, bai eta gizarteratzeari buruzkoak ere, Europan dagoen justizia errestauratiboaren aldeko korrontearen ildoan.

4.– Partaidetza sozialeko eta desberdinen arteko dialogoa sustatzeko esperientziak, pluralismoa eta topaketa soziala sustatzen duen bizikidetza normalizatuak dakartzan erronkei erantzunez.

b) Biktimak eta gizartea:

1.– Terrorismoaren biktimei laguntzeko ekintzak.

2.– Giza eskubideen urraketen biktimei laguntzeko jarduerak, motibazio politikoko biolentziaren testuinguruan.

3.– Biktimen eta gizartearen arteko batasuna sustatzen duten programak, bai eta biktimek bizikidetzaren aldeko ekarpena laguntzen ere, haien aurrerapenen partaide bezala.

c) Dibertsitatea eta elkartasuna:

1.– Dibertsitatearen, arrazakeriaren prebentzioa, xenofobiaren edo gorroto-delituen kudeaketa positiboaren balioak sustatzen dituzten proiektuak.

2.– Desberdintasunaren, diskriminazioaren, injustiziaren edo bazterketaren forma kritikoen aurrean elkartasunaren eta inplikazio sozialaren balioak sustatzen dituzten esperientziak.

3.– Biolentziaren adierazpen berrien, gerraren eta nazioarteko terrorismoaren aurrean, elkartasun, inplikazio eta mobilizazio sozialeko ekintzak.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Dirulaguntzak entitate hauek eskatu ahalko dituzte:

a) Pertsona juridiko pribatuak, irabazteko asmorik gabeak, legez eratuak, betiere haien helburuak badira, haien estatutu sozialetan aurreikusitakoaren arabera, bizikidetza eta giza eskubideak, eta beren programak edo jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan egiten badituzte.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan helbideratutako biktimen elkarteak edo Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo helbideratuta daudenak, baldin eta beren elkartekideen artean Euskal Autonomia Erkidegoan izandako ekintza terroristen biktimak badituzte.

3. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Prozedura honen izapide guztiak kontsultatzeko, eskatzeko eta egiteko, bide elektronikoak erabili beharko dituzte erakunde interesdunek.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0093708

3.– Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira: http://www.euskadi.eus.nirekarpeta

4. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasita.

2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan sartuta.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak

4.– Era berean, elektronikoki izapidetu ahal izango da ordezkari baten bidez, eta, horretarako, ordezkaritzak Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistroan eman ahal izango du izena, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa

5. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabidea, erantzukizunpeko adierazpenak barnean dituela, inprimaki arautuan egin beharko da, zeina euskadi.eus egoitza elektronikoan baitago eskuragarri.

2.– Eskabide horrekin batera, proiektuaren memoria ere aurkeztuko da, honako informazio honekin:

a) Proiektuaren edo programaren datuak, non hauek zehaztuko baitira: xedea, metodologia, lan-plana, hartzaile potentzialak (sexuaren arabera bereiziak), lurralde-eremua, egingo diren jardueren egutegia eta genero-ikuspegiari nola helduko zaion. Helburuak lortuko direla eta gastua eraginkorra izango dela bermatzeko ezarriko diren kontrol-bideak ere aipatuko dira.

b) Erakunde eskatzaileak programa edo proiektua gauzatzeko dituen baliabide materialen eta giza baliabideen adierazpena. Horretaz gain, honakoak ere adierazi beharko dira: alde batetik, erakundeak ba ote duen berdintasunaren alorrean trebatuta dagoen eta ibilbidea duen pertsonarik, eta, bestetik, boluntario gisa jarduten duten pertsonen kopurua. Programan edo proiektuan inolako ordainsaririk gabe parte hartzen dutenak joko dira boluntariotzat.

c) Programa edo proiektua gauzatzeak eragingo duen kostuaren aurrekontua, partiden arabera banakatua. Bertan, proiektua finantzatzeko gainerako bideak zehaztuko dira, egotekotan.

d) Dirulaguntzaren helburu den programa edo proiekturako eskatutako gainerako laguntzen zerrenda; bertan, zehaztu beharko da zein administrazio publikori edo erakunde publiko edo pribaturi eskatu zaion laguntza, bai eta laguntza horiek ukatu edo eman diren edota oraindik ebatzi gabe dauden eta horien zenbatekoak ere. Horrelakorik ez badago, dirulaguntza jasotzeko aurkeztutako programa edo proiektuetarako ez dela beste inongo laguntzarik eskatu adierazten duen zinpeko deklarazioa aurkeztu beharko da.

e) Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko biktima-elkarteen kasuan, egiaztatu behar dute beren elkartekideen artean Euskal Autonomia Erkidegoan izandako ekintza terroristen biktimak dituztela.

3.– Nolanahi ere, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak erakunde eskatzaileari eskatu ahal izango dio nahi beste dokumentazio eta informazio, eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko.

6. artikulua.– Diru-zuzkidura.

1.– Dirulaguntzen programa honetara bederatziehun mila euro bideratu dira (900.000 euro), Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan 2020. urterako aurreikusitako partidaren kargura.

2.– Laguntzek bete beharko dute Batzordeak 2013ko abenduaren 18an onartutako 1407/2013 (EE) Erregelamendua, minimis laguntzei Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa (EBEO, L 352. zk., 2013-12-24koa). Laguntza hauek minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko berrehun mila (200.000) euroko kopurua, aurreko bi ekitaldi fiskaletakoa eta aurtengoa batuta. Muga horretatik beherako dirulaguntzek ez diotela eragiten merkataritzari edo ez dutela lehiakortasuna faltsutzen ulertzen da, eta, horren ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

3.– Entitate onuradun bakoitzak, gehienez, hogeita bost mila euro (25.000) jaso ahal izango ditu, eta deialdi honetan jaso ditzakeen laguntzen gehienezko zenbateko osoa ezingo da inolaz ere izan berrogeita hamar mila euro (50.000) baino handiagoa.

7. artikulua.– Balorazio Batzordea.

Aurkeztutako eskaerak eta dokumentazioa aztertzeko eta ebaluatzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da. Kide hauek izango ditu:

Batzordeburua:

Laura Sagastizabal Errazu andrea, eta Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzako arduraduna.

Kideak:

Josu Amenabar Sancho jauna, Lehendakaritzako Araubide Juridikoaren Zuzendaritzako teknikaria.

Alaitz Vives Urbieta andrea, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko (Gogora) teknikaria.

Marian Sánchez Amado andrea, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzako teknikaria, aldi berean Batzordearen idazkari-lanak egingo dituena.

8. artikulua.– Ordaintzeko modua.

Deialdi honen babesean ematen den dirulaguntza honela ordainduko da:

a) Lehenengo ordainketan, emandako dirulaguntzaren % 75 ordainduko da, dirulaguntza espresuki onartu eta gero, edo ematen dela jakinarazten denetik hamabost eguneko epean, uko-egite espresurik ez bada aurkezten.

b) Bigarren ordainketa 2022an egingo da. Bertan, emandako dirulaguntzaren erabilera (hurrengo artikuluan zehazten den bezala) Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzari justifikatu eta gero egindako likidazioaren ondoriozko zenbatekoa ordainduko da.

9. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Dirulaguntzen justifikazioa gehienez hilabeteko epean aurkeztu beharko da, jarduera egindako datatik kontatzen hasita, dirulaguntzen justifikazioa 2022ko urriaren 1a baino lehenago, eta, justifikazio-memoriarekin batera, datu eta agiri hauek jaso beharko ditu:

a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzean egindako gastuak justifikatzeko jatorrizko fakturak eta ordainagiriak. Bai fakturak (indarrean dagoen araudian ezarritako baldintza formalak bete behar dituzte) bai ordainagiriak diruz lagundutako proiektu bakoitzaren arabera bereizita aurkeztu behar dira, eta behar bezala ordenatuta eta zenbakituta, eta, horrez gain, ordainagirien eta fakturen izen-zerrenda bidali behar da, aipatutako gastua zertarako erabili den azalduta.

b) Eredu ofizialaren araberako soldata-ordainagirien originalak eta Gizarte Segurantzako kotizazio-agiri ofizialak, kontratatutako lan-kontratuko langileei dagozkien gastuak justifikatzeko.

c) Aldi baterako kolaborazio-gastuen ordainagiri originalak. Besteak beste, datu hauek adierazi behar dituzte: jasotzailearen datuak, Nortasun Agiri Nazionala, ordainketaren kontzeptua eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagokion atxikipena.

d) Sarreren eta gastuen balantzea.

e) Proiektuaren onuradunak zeintzuk izan diren eta proiektua egiten zeintzuek parte hartu duten adierazteko datuak, sexuaren arabera bereizita.

f) Programen, iragarki-kartelen, argazkien eta argitaratutako gainerako material grafiko, idatzi edo soinuzkoen aleak.

2.– Justifikazioak nola izapidetu jakiteko xehetasunak hemen daude eskura: http://www.euskadi.eus.nirekarpeta

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ematen diren datu pertsonalak bizikidetzaren eta giza eskubideen arloko laguntzak eta dirulaguntzak izeneko tratamendu-jarduerari erantsiko zaizkio.

– Arduraduna: Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritza.

– Helburua: bizikidetzaren eta giza eskubideen arloko laguntzak kudeatzea.

– Legitimazioa: beharrezko tratamendua interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean (Dirulaguntzen Lege Orokorra eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea) egindako misio bat betetzeko.

– Hartzaileak: datu pertsonalak arlo horretan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie.

– Eskubideak: datuak atzitu, zuzendu eta ezabatzeko eskubideak, bai eta informazio gehigarrian jasotzen diren eskubideak ere.

– Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza gure webgunean kontsulta daiteke: htpps// www.euskadi.eus/rgpd/0102408.pdaf

Honako hauek betetzeko:

– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra https://www.boe.es/doues/2016/119/I00001-00088.pdaf

– 3/2018 Lege Organikoa, datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honetan berariaz arautzen ez den guztirako, prozedura-arloan, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, zeinaren bidez onartzen baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 30a.

Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren zuzendaria,

MÓNICA HERNANDO PORRES.

ERANSKINA
I.– ESKABIDEAN SARTU BEHARREKO DATUAK; DAGOKION FORMULARIO ELEKTRONIKOAREN BIDEZ EGIN BEHARKO DA.

1.– Identifikatzea.

Organo instruktoreari zuzendua: Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritza.

Eskatzailea:

Honela jarduten du: espedientearen pertsona/erakunde interesduna edo.

Identifikazio-agiria:

Zenbakia:

Erakundearen izena:

Jakinarazpenak eta komunikazioak helbide honetara bidaliko dira:

Espediente hau izapidetzean administrazioak bidaltzen dituen jakinarazpenen hartzaileak hauek izango dira: (elkartea/IFK).

Jakinarazpen- eta komunikazio-kanala.

Elektronikoa: nire karpetaren jakinarazpen- eta komunikazio-erretilura bidaltzen dira. Sartzeko, identifikazio elektronikorako bitarteko bat behar da.

Bide elektronikoari buruzko oharra: jakinarazpen elektronikora sartzen ez bazara, jakinarazitzat joko da Nire karpetan eskuragarri jarri eta 10 egun naturaleko epean. Epe hori betetakoan, ulertuko da uko egiten diozula jakinarazpenari, eta hala jasoko da espedientean. Izapidea egintzat joko da, eta administrazioak aurrera jarraituko du prozedurarekin.

Abisuak jasotzeko datuak:

Ohar bat bidaliko dizugu posta elektronikora eta telefono mugikorrera, Nire karpetan jakinarazpenen bat edo komunikazioren bat duzunean.

Posta elektronikoa:

Posta elektronikoaren berrespena:

Telefono mugikorra:

Komunikazio-hizkuntza:

Mezu elektronikoen eta abisu-mezuen bidez bidaliko zaizkizun jakinarazpenak eta komunikazioak zuk adierazitako hizkuntzan egongo dira.

Gaztelania/Euskara:

Datuak erabiltzeko baimena:

– Nire komunikazio- eta abisu-datuak, oro har, Eusko Jaurlaritzako sailekin eta erakundeekin ditudan harremanetan erabiltzea nahi dut.

– Nire komunikazio- eta abisu-datuak espediente hau kudeatzeko soilik erabiltzea nahi dut.

2.– Datuak betetzea.

Erakunde eskatzailearen datu fiskalak agertzen diren lurraldea/probintzia.

Lurraldea/Probintzia:

Proiektuaren izena:

Eskatutako kopurua:

Harremanetarako datuak:

Harremanetarako pertsona:

Harremanetarako telefonoa:

Beste finantzaketa-iturri batzuk: finantzaketa-iturria/kopurua.

Eskatutako laguntzak: adierazi beste erakunde batzuei eskatutako laguntzak.

Minimis laguntzak

Batzordearen 1407/2013 Erregelamendua, 2013ko abenduaren 13koa, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 352, 2013-12-24koa).

Entitate publikoek edo aurrekontu publikoen kontura finantzatutako erakunde pribatuek aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta aurreko ekitaldi fiskalean jasotako minimis laguntza guztiak honako hauek dira: erakundea/Kopurua.

Aurrekontuak: kontzeptua/Gastuak/Diru-sarrerak.

Erantzukizunpeko adierazpenak:

Bateragarritasun-adierazpenak:

Adierazten dut eskatzaileak:

– Ez duela administrazio publikoek edo erakunde pribatuek helburu bererako emandako laguntzarik edo dirulaguntzarik jasotzen.

– Helburu bererako laguntza edo dirulaguntzaren bat jasotzen ari dela administrazio publikoetatik edo erakunde pribatuetatik (puntu honetako datuak zehaztu behar dira dagokion dokumentuan).

– Helburu bererako laguntzaren bat edo dirulaguntzaren bat eskatu diola administrazio publikoren bati edo erakunde pribaturen bati, eta ebazpenaren zain dagoela (dagokion dokumentuan zehaztu behar ditu puntu honetako datuak).

– Ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penal edo administratiborik jaso.

– Ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko legez ezarritako debekurik, sexu-bereizkeriagatiko debekuak berariaz aipatuta.

– Erakunde eskatzailea ez dagoela sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozeduretan.

Minimis

– Ez du «minimis» araubideari lotutako dirulaguntzarik jaso aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta uneko ekitaldi fiskalean.

– «Minimis» erregimenari lotutako laguntza edo dirulaguntza eskatu dio administrazio publiko edo erakunde pribaturen bati, eta eman egin zaio (dagokion dokumentuan zehaztu behar dira puntu honetako datuak).

– «Minimis» erregimenari lotutako laguntza edo dirulaguntza eskatu dio administrazio publiko edo erakunde pribatu bati, eta ebazteko zain dago (puntu honetako datuak zehaztu behar ditu dagokion dokumentuan).

– 57/2018 Dekretuan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritako baldintzak betetzen ditu.

– Eskabide honetako datu guztiak egiazkoak eta osoak dira, baita aurkezten dudan dokumentazio guztia ere, eta nire gain hartzen dut dagokion erantzukizuna (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikulua).

Erantzukizunpeko adierazpen bati edo komunikazio bati gehitutako datu edo informazioa funtsean zehatza ez bada, faltsua bada edo falta bada, edo administrazio eskudunari erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ez bazaio, edo deklaratutakoa betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, edo jakinarazpena egiten bada, ezinezkoa izango da ukitutako eskubidea edo jarduera gauzatzen jarraitzea, 2015. urtetik aurrera (9.4 artikulua, erantzukizun penalen edo erantzukizun zibilen kalterik gabe).

3.– Dokumentuak erantsi.

Ofizioz egiaztatzea.

Aplikatzekoa den araudiaren arabera, prozedura honen instrukzio-organoak ofizioz egiaztatuko ditu administrazio eskudunean honako datu hauek:

Gizarte Segurantzaren ordainketan egunean egotea (Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusia-Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusia).

Zerga-betebeharrak egunean izatea (euskal foru-aldundiak edo Zerga Administrazioko Estatu Agentzia).

Arrazoitutako pertsona horren aurka ez badago, arrazoituta. Aurka egiteko eskubidea erabiltzea.

Eskatutako dokumentu motak:

Espedienteari eransten zaizkion dokumentu guztiak erantsiko dira.

4.– Sinatzea eta bidaltzea.

Egindako eskabidearen laburpena egiaztatu eta «sinatu eta bidali».

II.– PROIEKTUAREN MEMORIA.

1.– Programaren datuak.

Programaren/proiektuaren izena.

Programaren hartzaile potentzialak.

Programaren balizko hartzaile kopurua (sexuaren arabera bereizita): gizonak/Emakumeak.

Lurralde-eremua.

Programaren xedea.

2.– Metodologia: adierazi lan-zerrenda, erreferentzia egin helburuak bermatzeko kontrol-metodoei.

Garatu beharreko jardueren egutegia: jarduera/data/modua.

Giza baliabideak:

Parte-hartzailea:

Prestaketa.

Esperientzia:

Parte-hartze maila:

Berdintasunari buruzko prestakuntza:

Boluntarioak/Elkartea:

Erakundearen izena:

Baliabide materialak:

Erakunde eskatzaileak proiektua gauzatzeko dituen baliabide materialak:

Data:

Titularraren edo ordezkariaren sinadura:

III.– JUSTIFIKAZIO-TXOSTENA.

Programaren datuak:

Programaren izena:

Programa honen onuradunen kolektiboa:

Programa honen emakume onuradunen kopuru zenbatetsia:

Programa honen onuradun izango diren gizonen kopuru zenbatetsia:

Egindako jardueren laburpena:

Proiektua gauzatzen parte hartu duten langileak:

Parte-hartzailea:

Prestaketa:

Esperientzia:

Parte-hartze maila:

Berdintasunari buruzko prestakuntza:

Boluntarioa/Elkartea:

Zure erakundearen izena (erakunde eskatzaileaz kanpoko elkarteren bateko kide bazara bakarrik bete behar da).

Fakturak. Nominak. Proiektuari egotzitako aldi baterako lankidetzak:

Aldi baterako lankidetza egotzia: NAN/Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari/PFEZri dagokion atxikipenari dagokion kontzeptua.

Fakturak eta nominak: dokumentu mota/data/zenbatekoa/zenbakia/helmuga.

Gauzatzean erabilitako baliabide materialak:

Genero-ikuspegia nola txertatu den:

Proiektua gauzatzean egindako materiala:

Programak:

Kartel iragarleak:

Argazkiak:

Beste batzuk:

Fakturazio-betebeharrak arautzen dituen eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamendua aldatzen duen azaroaren 28ko 1496/2003 Errege Dekretuaren 6. artikuluko baldintza formalak bete beharko dituzte fakturek; bai fakturak, bai ordainagiriak diruz lagundutako proiektuen arabera bereizita aurkeztuko dira, behar bezala ordenatuta eta zenbakituta, eta proiektu horien izenen zerrenda ere aurkeztu beharko da, aplikatu den gastuaren berri emanez.

Titularraren edo ordezkariaren sinadura.


Azterketa dokumentala