Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

65. zk., 2021eko martxoaren 31, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
1894

AGINDUA, 2021eko martxoaren 17koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2021. urtean literatura-argitalpenetarako dirulaguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eskumenekoak dira arte eta kultura-jarduerei dagozkien zereginak eta jardun-arloak. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duenak.

Euskal Autonomia Erkidegoan literatura-lanak argitaratzeko ahalegina sustatzeko xedez, material horiek editatzeko laguntza-bideak ezartzea beharrezkotzat jotzen du sail honek.

Kultura arloko estatu-laguntzei buruzko EB Europar Batasunaren araudian aldaketak egin ziren, 2014ko uztailaren 1etik aurrera honako hau jarri baitzen indarrean: 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz (2014.06.26ko AO, L 187). Erregelamendu horren nobedade nagusietariko bat izan zen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren (EBFI) 108. artikuluaren 3. atalean agertzen diren eta notifikazio beharrik ez daukaten estatu dirulaguntzen kategoriak zabaltzea. Kategoria berrien artean daude ondare eta kulturako dirulaguntzak, eta, zehazki, musika eta literaturaren edizioa.

Beraz, literatura-argitalpenetarako dirulaguntzen kasuan, Itunaren 108. artikuluaren 3. atalean ezarritako jakinarazpenak egin beharrik ez dago.

Horregatik, agindu honen bidez literatura-argitalpenetarako dirulaguntzak 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendura (53. artikulua eta I. kapitulua) egokituko dira. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz (2014.06.26ko AO, L 187).

Deialdi hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2021-2024 urteetako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan eta 2021eko Dirulaguntzen Urteko Plan Estrategikoan dago jasota.

Horiek horrela, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honek euskarazko eta gaztelaniazko literatura-argitalpenetarako dirulaguntzetarako dei egiten du, eta horiek jasotzeko araubidea ezartzen du 2021. urterako.

Dirulaguntzen helburua literatura-edizioa sustatzea da, eta, horretarako, 2021. urtean argitalpengintzan diharduten enpresek garatu beharreko euskarazko eta gaztelaniazko literatura-lanen urteko edizio-planaren argitalpen-kostuen parte bat ordainduko da.

2. artikulua.– Modalitateak eta baliabide ekonomikoak.

1.– Agindu honetan jasotzen diren dirulaguntzak finantzatzeko, 640.000 euro gordeko dira, diruz lagun daitezkeen honako jarduera-eremu edo modalitate hauen arabera banatuta:

a) Euskarazko literatura-argitalpenak, 515.000 euroko zuzkidura izango duena.

b) Gaztelaniazko literatura-argitalpenak, 125.000 euroko zuzkidura izango duena.

2.– Modalitate bakoitzean zehaztutako diru-kopuruak direnak direla, eskaerarik ez dagoelako edo baldintzak betetzen ez dituztelako, edo aurkeztutako eskaerek behar adina kalitate-maila ez dutelako, modalitateren batean erabakitako diru-kopuru guztia baliatzen ez bada, Kalifikazio Batzordeak honako proposamen arrazoitua egingo dio Kulturako sailburuordeari: sortutako soberakina beste modalitatearen diru-kopuruari gehitzea. Operazio hori egiteko, soberakina izan duen eremuaren edo modalitatearen prozedurak aldez aurretik ebatzita egon beharko du, eta soberakina jasoko duen modalitatearen prozedurak, aldiz, ebatzi gabe.

3. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunak.

1.– Deialdi honetan finkatutako betebeharrak betetzen dituzten argitaletxeek eskatu ahal izango dituzte dirulaguntzak. Argitaletxetzat hartuko dira soilik 2019. urtetik 2020. urtera bitartean gutxienez hiru egileren bost liburu argitaratu dituzten merkataritza-erakunde pribatuak edo pertsona fisikoak. Erakunde pribatuen kasuetan, bere gizarte xedearen barruan argitalpengintza izatea, eta pertsona fisikoentzat jarduera ekonomikoen zergako edizio-jardueretarako epigrafean alta izan beharko dute. Ez zaie dirulaguntzarik emango elkarteek eta fundazioek aurkeztutako eskaerei.

2.– Euskarazko literatura-argitalpenen modalitatean, pertsona eta entitate eskatzaileek Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu kideren batean izan beharko dute egoitza; eta eskaera aurkezten duten momentuan hitzeman beharko dute, behin dirulaguntza emanez gero, establezimendu egonkor bat izango dutela euskararen eremu geografikoan. Ondokoa joko da euskararen eremu geografikotzat: Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Komunitatea, eta Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoa.

Gaztelaniazko literatura-argitalpenen modalitatean, pertsona eta entitate eskatzaileek Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu kideren batean izan beharko dute egoitza; eta eskaera aurkezten duten momentuan hitzeman beharko dute, behin dirulaguntza emanez gero, establezimendu egonkor bat izango dutela Euskal Autonomia Erkidegoan.

Pertsona juridiko batek establezimendu egonkor baten bidez diharduela zehazteko, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Kontzertu Ekonomikoa onartzen duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen 21.2 artikuluan ezarritakoa hartuko da aintzat.

3.– Pertsona fisiko eta juridikoek, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eskuratu ahal izateko, zergak eta Gizarte Segurantzako kuotak egunean ordainduta izan beharko dituzte.

4.– Ezingo dute deialdi honetako dirulaguntzarik jaso laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik duten pertsona edo erakundeek, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere. Halaber, ezingo dute dirulaguntzarik eskatu sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren indarrez.

5.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eskuratzeko, pertsona fisiko eta juridiko onuradunek egunean izan beharko dituzte dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

6.– Ezingo dute deialdi honetako dirulaguntzarik jaso krisi egoeran dauden enpresek, betiere krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Erkidegoaren Zuzentarauetan jasotako definizioaren arabera (DO,C 249, 31.07.2014).

7.– Ezingo dute deialdi honetako dirulaguntzarik jaso berreskuratzeko agindu baten pean dauden enpresek, Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz.

8.– Halaber, pertsona edo entitate onuradunek bete egin beharko dituzte Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako beste baldintzak.

4. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen materialak eta oinarrizko betebeharrak.

1.– Argitaletxeek edizio-plan bereiziak aurkeztuko ahal izango dituzte, batean 2021. urtean argitaratuko diren euskarazko liburu literarioak sartuz, eta beste batean 2021. urtean argitaratuko diren gaztelaniazko liburu literarioak sartuz. Modalitate bakoitzari dagozkion baldintzak bete beharko dira. Edizio-planetan sartutako liburuak aurreko urteetako dirulaguntza hauen edizioetan parte hartu gabekoak izango dira. Aurkeztutako liburuak ondorengo generotakoak izango dira: eleberria, ipuinak, poesia, antzerkia, haur eta gazte literatura, komikiak eta saiakera literarioa.

Modalitate bakar batean eskatu ahal izango da dirulaguntza –euskarazko literatura-argitalpenak edo gaztelaniazko literatura-argitalpenak–, edo bietan. «Liburu» kontzeptua zer den ulertzeko, Irakurketa, liburu eta liburutegien ekainaren 22ko 10/2007 Legearen definizioa hartuko da gidari. Liburua era inprimatuan edo irakurgarria den beste edozein euskarritan argitaratu daiteke.

2.– Aurkezten diren edizio-planeko liburuek honako ezaugarriak bete beharko dituzte:

a) Jabego intelektualari dagokionez, indarrean dagoen arautegia bete beharko dute, bai eta ISBN eta Legezko Gordailua eskuratzeko egin beharreko lege-izapide guztiak ere.

b) Paperean inprimatutako lana denean, euskarazko lanen kasuan gutxienez 800 aleko tirada izatea, salbu eta itzulitako lanak, poesia, saiakera, antzerki-lanak, eta irakurketa errazeko lanetan, horietan 300 alekoa nahikoa izango baita. Eta gaztelaniazko lanen kasuan gutxienez 1.000 aleko tirada izatea, salbu eta poesia, saiakera, antzerki-lanak eta irakurketa errazeko lanetan, horietan 750 alekoa nahikoa izango baita.

Irakurketa errazeko formatuko obratzat hartzen dira IFLAren (International Federation of Library Associations an Institutions) eta Inclusion Europe-ren nazioarteko jarraibideekin bat egiten duten edizioak, hizkuntzari, edukiari eta formari dagokienez.

c) Testuak 50 orrialde izango ditu gutxienez, salbu eta komikiak, haurrentzako liburuak, poesia, antzerki-lanak eta irakurketa errazekoak.

d) Paperean inprimatutako lana denean, liburu-dendetan 500 ale gutxienez merkaturatzea, salbu eta euskarara itzulitako lanak, euskarazko poesia, euskarazko saiakera, euskarazko antzerki-lanak eta irakurketa errazeko beste edozein euskarazko lanetan, horietan 200 ale nahikoa izango baitira. Eta euskarri digitalean argitaratutako lana denean, plataforma digital batean salgai egotea.

e) Liburuen lehen argitaraldiak izan behar dute. Berrargitalpenak ere izan daitezke, baina aurreko argitaraldia 6 urte baino lehenagokoa bada. Berrargitalpentzat hartzeko, ISBN berria eta laguntzen deialdiari dagokion urteko lege-gordailua izan beharko dituzte.

5. artikulua.– Bazterketak.

Ez dira diruz lagunduko ondoko sailetariko batean sarturik dauden liburuak:

a) Testu-liburuak, zientzia-liburuak, dibulgaziozko liburuak, bidaia edo beste gaietako gidak, sukaldaritza-errezeten liburuak, entziklopediak, hiztegiak eta hezkuntzara zuzendutako argitalpenak.

b) Bibliofilo-liburuak eta argitalpen mugatua eta numeratua dutenak.

c) Eguneratu daitezkeen lanak, atalka argitaratuak eta koadernatu gabeko orrietan argitaratutakoak, lan osoari kalterik egin gabe kendu edo alda daitezkeen zatiak dituztenak.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra eta bere Erakundeen Administrazioaren ediziorako dirulaguntzak jaso dituzten lanak.

e) Agindu honen dirulaguntzak eskuratzerik ez duten entitateen aginduz (erakunde publikoak, argitaletxe ez diren enpresak, irabazi asmorik gabeko erakundeak...), onuradun izan daitezkeen entitateek egindako argitalpen-lanak.

f) Liburugileak berak argitaratutako lanak, salgarri ez direnak eta argitaratzaileak berak egindako antologiak.

g) Epeka saltzeko argitalpen-lanak, eta liburu-klubek edo antzekoek bazkideentzat eta atxikientzat bakarrik argitaraturikoak.

h) Albumak, ebakigarriak, pintatzeko liburuak, eranskailudunak, denbora-pasakoak eta kaligrafia koadernoak.

i) Urtekariak, aldizkako argitalpenak eta eranskinak edo horien zenbaki monografikoak, dietarioak eta antzekoak.

j) Ale berean hizkuntza bi edo gehiagoko testuak dituztenak, poesia liburuetan jatorrizko testua agertzen den kasuetan izan ezik.

6. artikulua.– Eskabideak.

1.– Agindu honetako dirulaguntzak jasotzeko eskabideak Kulturako sailburuordeari zuzenduko zaizkio. Eskaera bereiziak aurkeztuko dira euskarazko eta gaztelaniazko argitalpenetarako.

2.– Pertsona fisikoek aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte eskabideak:

– Aurrez aurre: eskabideak, Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan (aldez aurretik hitzordua eskatuta https://euskadi.eus/hitzordua-zuzenean), EAEko erregistro osagarrietan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean aurkeztu ahal izango dira.

– Bitarteko elektronikoz: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bitartez, artikulu honetako 6. zenbakian adierazten den helbidearen bidez.

3.– Pertsona juridikoek bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte eskabideak, artikulu honen 6. apartatuan adierazitako helbide elektronikoan.

4.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

5.– Datuak ematerakoan gezurretan ibili edo irregulartasunak eginez gero, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak akats hori egin duen argitaratzailearen liburuei dirulaguntzarik ez ematea edo dirulaguntzaren zati bat kentzea erabaki dezake.

6.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak, bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus guneko honako helbide elektroniko honetan daude ikusgai:

– Euskarazko produkzioa: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0094411

– Gaztelaniazko produkzioa: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0094412

7.– Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiliz gero –presentziala edo elektronikoa–, horrek ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan; alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea.

8.– Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

8. artikulua.– Erakunde eskatzaileen betebeharren akreditazioa eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko ditu, automatikoki, dirulaguntza eskatu duten pertsonen edo entitateen identitateari buruzko datuak, eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, eta horretarako ez du pertsona edo entitate horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluak. Hala ere, pertsona fisikoen kasuan, eskatzaileak baimen hori berariaz ukatu dezake, baina, kasu horretan, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

2.– Aurkezten den proiektuari buruzko dokumentazioa:

a) Edizio Plan bereiziak, batean 2021. urtean argitaratuko diren euskarazko literatura-liburuak adieraziz, eta beste batean 2021. urtean argitaratuko diren gaztelaniazko literatura-liburuak adieraziz. Argitaletxeak justifikatu beharko du dirulaguntza beharrezkoa zaiola, Plana adierazitako ezaugarrien arabera gauzatzeko. Era berean, adierazi beharko dira Planean sartutako liburu bakoitzaren edukia eta ikuspegia, egilearen ibilbidea eta edizio-epeak (dokumentu bakarra formatu digitalean).

b) Argitaletxearen ibilbidea azaltzen duen memoria, azken hamar urteetan argitaratutako lanak eta azken hamar urteetan egindako berredizioak aipatuz (dokumentu bakarra formatu digitalean).

c) Argitaletxearen katalogoa (dokumentu bakarra formatu digitalean).

d) Marketin-plana, segmentazio-estrategiak eta hartzaileak, komunikazio-estrategia, banaketa-kanalak eta nazioartekotze-estrategia adierazita, euskadi.eus egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen ereduaren arabera.

e) Edizio Planean sartutako liburu bakoitzeko:

– Datu orokorrak, argitalpenaren ezaugarri teknikoak eta edizioaren kostua, euskadi.eus gunean eskuragai dagoen eredua (xls formatua) erabiliz.

3.– Aurkeztuko diren dokumentu elektronikoek, erabilitako bidea (presentziala edo elektronikoa) edonolakoa dela ere, ondorengo ezaugarriak izan beharko dituzte:

a) Deskargatzeko ereduak erabiliko dira holakoak daudenean, eta ahal bada ereduaren formatuan aurkeztuko dira.

b) Bestelako dokumentazioa, ahal bada, PDF formatuan aurkeztuko da.

c) Dokumentazio elektroniko guztiaren gehieneko tamaina 30 Mb-koa izango da.

d) Katalogoak web helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira.

9. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsen zuzenketa.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartaraziko zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. 68.4 artikuluaren arabera, eskaera telematikoa egitera behartuta dagoen subjekturen batek aurrez aurre aurkezten badu eskaera, aurkezpen elektronikoaren bitartez zuzen dezala eskatuko zaio. Ondorio horietarako, zuzenketa hori egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen-datatzat.

10. artikulua.– Dirulaguntzen kudeaketa.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak betetzea, eta Kultura Sustatzeko Zuzendaria izango da laguntza horien arduraduna.

11. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Agindu honen 2.1 artikuluaren prozedura bakoitzean, Balorazio Batzordeari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertzea, agindu honen 4. artikuluan ezarritako baldintzak aintzat hartuta. Era berean, batzorde horrek aurkeztutako Edizio Planak baloratuko ditu, landuko du ebazpen-proposamena eta, ondoren, Kulturako sailburuordeari igorriko. Bertan azalduko dira, hala badagokio, entitate onuradun bakoitzari egokitutako diru-kopurua eta emandako dirulaguntzak modu egokian erabiliko direla ziurtatzeko ongi iritzitako baldintza guztiak, bai eta ukatutako eta onartu gabeko eskaeren zerrenda eta horretarako emandako arrazoiak ere.

2.– Balorazio Batzordea osatzerakoan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluak xedatutakoa errespetatuko da.

3.– Batzordekideak.

– Kultura Sustatzeko zuzendaria. Batzordeburua izango da eta kalitate-botoa izango du, boto-berdinketa gertatuz gero azken erabakia emateko. Bera ez badago, batzordekiderik zaharrena izango da batzordeburua.

– Edizio gaian adituak direnen artean Kulturako sailburuordeak izendatutako 3-5 kide.

– Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat, Balorazio Batzordeko kidea izango ez dena eta idazkari gisa jardungo duena. Iritzia eman ahal izango du, baina botorik ez.

4.– Balorazio Batzordearen osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bitartez, lehenengo bilera egin aurretik.

12. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Balorazio Batzordeek egiaztatuko dute edizio-planetan agertzen diren liburuek 4. artikuluko baldintzak betetzen dituztela. Horren ondotik, liburu bakoitzaren argitalpen-kostuak finkatuko ditu, honako bi hauen artean baxuena aukeratuz: enpresa eskatzaileak aurkeztutako informazio ekonomikoa, eta deialdi hau argitaratzen den unean Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzuko argitalpenetarako indarrean dauden prezioetan oinarritutakoa. Argitalpen-kostu hori kalkulatzeko, argitalpengintzaren alorreko adituen iritzia bil dezakete Batzordeek.

2.– Liburu bakoitzaren argitalpen-kostuaren kontzeptuan sartzen dira: maketazio-kostu mekanikoak, 1.000 ale –edo hortik beherakoak badira– horiei dagozkien inprimatze- eta koadernatze-kostuak, lanaren digitalizazioa, jatorrizkoak prestatzeko kostuak eta beharrezko argitalpen-diseinuaren kostuak. Gainera, diruz lagundu daitezkeen kostuak 2021ean egiletza-eskubideengatik (1.000 ale edo hortik beherakoak badira) egindako ordainketak izango dira.

3.– Balorazio Batzordeek zehaztuko dituzte argitaletxe bakoitzak aurkezturiko edizio-planen kostuak, hau da, 4. artikuluko baldintzak betetzen dituzten liburu guztien kostuen batuketa, kontuan hartuta lan bakoitzak ezin duela 7.500 euroko kostua gainditu.

4.– Aurkeztutako edizio-planaren kostu lagungarriaren % 70 har dezake dirulaguntzak, gehienez ere.

5.– Eman beharreko dirulaguntzak zehazteko, irizpide hauek hartuko dira kontuan aurkeztutako edizio-planak baloratzerakoan:

a) Urteko Edizio Planean sartutako lanen interes kulturala, gehienez % 50. Ondorengo aspektuak hartuko dira kontuan, plana bere osotasunean begiratuta:

– lanen kalitatea (% 10).

– lanen edukia (% 10).

– egileen ibilbidea (% 10).

– Euskadik edota bertako biztanleek bizi duten errealitate kultural, sozial eta linguistikorekiko lotura (% 10).

– emakume egileen proportzioa ( % 10). 10 puntu lortuko dira, idazleen % 60 edo gehiago emakumeak badira; eta 5 puntu, emakumeen ehunekoa % 40ra iristen bada.

b) Eskaera egin duen argitaletxearen katalogoa eta ibilbidea, gehienez % 30. Ondorengoak hartuko dira kontuan:

– azken hamar urteetan argitaratutako lanak (% 10).

– azken hamar urteetan berrargitaratu diren lanak (% 5).

– argitalpen-marketineko plana (% 15): segmentazio-estrategia 3 puntura arte, komunikazio-estrategia 4 puntura arte, banaketa-kanalak 5 puntura arte, eta nazioartekotze-estrategia 3 puntura arte.

c) Proposatzen den Edizio Planaren ezaugarri teknikoak eta aurrekontuaren egokitasuna, gehienez % 20. Ondorengoak hartuko dira kontuan:

– euskarri digitalaren erabilera (% 5). 5 puntu lortuko dira, urteko Argitalpen Planean jasotako obren % 90 gutxienez modu digitalean argitaratzen bada; 2,5 puntu, % 50 digitala bada; eta puntu 1, % 20ra iristen bada.

– paperezko liburuaren formatua, azalaren mota, paperaren gramajea eta inpresio mota (% 10).

– aurrekontuaren egokitasuna (% 5).

6.– Balorazio-baremotik gutxienez % 60ko puntuazioa lortzen ez duten proiektuak baztertuta geratuko dira eta ezin izango dira hautatutako proiektuetan sartu.

7.– Dirulaguntzen kopurua zehazteko, irizpide proportzionala erabiliko da. Modalitate bakoitzaren baliabide ekonomikoak banatuko dira aurreko atalean ezarritako puntuazio minimoa lortzen duten proiektuen artean, betiere Edizio Planaren kostuaren arabera. Edizio Plan bakoitzari dagokion dirulaguntzaren kopurua kalkulatzeko, ezarritako irizpideen arabera balorazio fasean lortutako puntuazioari dagokion zuzenketa-koefizientea aplikatuko da (1 =>60 eta <70 puntu artean, 1,5 => 70 eta < 80 puntu artean, eta 2 => 80 puntu), eta Edizio Planen kostu osoari aplikatuko zaio.

8.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzak bateragarriak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra eta bere Erakundeen Administrazioak ez diren beste erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu berarekin emandako beste edozein dirulaguntzarekin, nahiz eta inolaz ere ezingo den eman Balorazio Batzordeak ezarritako edizio-kostuaren % 70 gainditzen duen dirulaguntzarik. Hori gertatuz gero, deialdi honen babesean emandako dirulaguntzari soberakina kenduko zaio.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– 2.1 artikuluaren prozedura bakoitzean, Kulturako sailburuordeari dagokio aurkeztutako eskabideak ebaztea, 11. artikuluan aurreikusitako Balorazio Batzordeak proposatutakoa ikusi eta gero. Hartzen den ebazpenean (sei hilabeteko epean jakinaraziko zaio interesdun bakoitzari, deialdiaren aginduak ondorioak sortzen dituen egunetik aurrera), laguntza eman den edo ez zehaztuko da, eta, eman denean, zein pertsonak edo erakundek jaso duten eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko dira. Ukatutako eskabideen kasuan, eskatzaileen izena eta ukatu izanaren zergatiak ere adierazi beharko dira.

2.– Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

3.– Ebazpena emateko epea igarota, interesdunak ulertuko du bere eskabidea ezetsita geratu dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan jasotako ondorioetarako.

4.– Eskatutako dirulaguntzen gaineko ebazpenak emateko eta horiek jakinarazteko epeak direla eta, baldin eta aplikagarria bada agindu honetako 9. artikuluan aurreikusitakoa, ebazpena emateko epea eten egingo da izapide horrek behar duen beste denboraz, aintzat hartuta jakinarazpena noiz jasotzen den eta erantzuna emateko zein epe dagoen.

5.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere dirulaguntzaren xedea bete bada– edo beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik beste dirulaguntzarik jaso bada, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da.

6.– Deialdi honen kontura emandako dirulaguntzen zerrenda osoa, onuradunak, kopuruak eta laguntzen xedea zehaztuta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

7.– Interesdunari bide batetik baino gehiagotatik egiten bazaio jakinarazpena, lehenik egindako jakinarazpena hartuko da jakinarazpen-datatzat.

14. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzak jasotzen dituzten entitate onuradunek, betiere, honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Horrela, dirulaguntza ematen zaiela jakinarazteko gutuna jaso eta hamabost eguneko epean ez badiote dirulaguntzari espresuki eta idatziz uko egiten, onartu dutela ulertuko da.

b) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzei buruzko informazioa ematea, eskatuz gero.

c) Dirulaguntza zertarako eman zaien, helburu horretarako erabiltzea. Diruz lagundutako egitasmoaren helburua edo izaera nabarmen aldatzen duen edozein gorabehera gertatuz gero (egileen aldaketa, lanen izenburua, ezaugarri teknikoak, kostuak...), horren berri eman beharko da, idatziz.

d) Dirulaguntza jaso duten liburuetan Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntza espresuki adieraztea.

e) Dirulaguntza eskatzen duen pertsona edo erakundea erregistratu gabe badago Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edota Erregistroan dauden bere bankuko datuak aldatu nahi baditu, eskabidearekin batera Eusko Jaurlaritzako hirugarrenaren altari buruzko agiria aurkeztu beharko du. Agiria www.euskadi.eus gunean dago eskuragarri.

Halaber, onuradunek bete egin behar dituzte azaroaren 17ko Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betebeharrak.

15. artikulua.– Dirulaguntzen ordainketa.

Dirulaguntzak bi zatitan ordainduko dira:

a) Lehenengo ordainketa, dirulaguntza osoaren % 50, ebazpena jakinarazi ondoren eta 14. a) artikuluan ezarritako epea ukorik gabe igaro eta gero.

b) Dirulaguntzaren beste % 50a, agindu honetan ezarritako baldintzak bete direla justifikatu ondoren, eta betiere 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Dirulaguntzak ez dira ordainduko onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta ez baditu, edo dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean ez baditu.

16. artikulua.– Justifikazioa aurkezteko tokia eta modua.

1.– Dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa 2022ko martxoaren 10era arte aurkez daiteke.

2.– Justifikazioak modu presentzialean eginez gero, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Ordezkaritzetan eta Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan edo 30/1992 Legean ezarritako edozein bidetatik (Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea) aurkeztuko dira. Zuzenean zerbitzuan justifikazioak aurkeztu ahal izateko, aldez aurretik zita eskatu beharko da: https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean

3.– Justifikazioak bide elektronikoz ere aurkeztu ahalko dira, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta gunean.

17. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa egiteko aurkeztu behar den dokumentazioa.

a) Diruz lagundutako edizio-planaren exekuzio gisa argitaratutako liburuen zerrenda, honako hauek adierazita: izenburua, egilea, ISBN, Lege-gordailua eta argitalpen-data, euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen ereduaren arabera.

b) Diruz lagundutako lan guztiek sorrarazitako gastuen ordainagiri guztiak jasotzen dituen zerrenda zehatza, euskadi.eus gune elektronikoan agertzen den ereduaren arabera.

Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokion zenbateko kengarria ezingo da egindako gastutzat hartu.

c) Diruz lagundutako edizio-planeko lan bakoitza argitaratzeko egindako gastuen egiaztagiriak, inprimaketa-fakturetan zenbat ale ekoitzi diren adieraziz.

d) Paperean argitaratutako lanen ale bat, eta edizio digitalen fitxategia.

e) Paperean argitaratutakoen kasuetan, banatzaileak liburu-dendetan zabaltzeko jaso duen liburu kopurua ziurtatzen duen egiaztagiria.

f) Argitalpen-kontratua, testuaren, ilustrazioen eta itzulpenaren egile-eskubideen titularrekin, edo obra jabari publikoko araubidean egotearen justifikazioa.

18. artikulua.– Azpikontratazioa.

1.– Onuradunak hirugarren batzuekin azpikontratatzen duen jarduera diruz lagundutako jardueraren % 75era iritsi ahal izango da, azpikontratu guztien prezioak batuta.

2.– Kontzeptu honetatik kanpo geratzen dira editoreak egin behar izan dituen gastuen kontratazioa, dirulaguntza jaso duen jarduera bere kabuz egiterakoan.

19. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.

Dirulaguntza ematea eragin zuen edozein baldintza edo betebehar betetzen ez dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere, honakoetan ezarritakoaren arabera: batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartua), eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten Entitate Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

Halaber, azaroaren 17ko Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotakoak bete beharko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datu pertsonalen babesaren arloko informazio-klausula.

Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Sustatzeko Zuzendaritza.

Helburua: Literatura-liburuak editatzeko laguntzen eta dirulaguntzen eskabideak kudeatzea.

Lege-oinarria: interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezkoa suertatzen den tratamendua da: 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

Jasotzaileak: Gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: zeure datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea duzu; baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko eskubidea ere, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

Informazio gehigarria: web helbide hauetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago:

– Euskarazko produkzioa: https://www.euskadi.eus/dbao/0094411

– Gaztelaniazko produkzioa: https://www.euskadi.eus/dbao/0094412

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa jar diezaioke Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezake Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 17a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana